|     5-6 zenbakiak, 1932ko maiatza-ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        LENGO TOKIA BERA. ILLABETE GEROAGO.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Iñaki ta Xabier.

 

(Iñaki ta Xabier, batak erratza ta besteak zarpil bat eskuan ditueta, elkarren arrapazka dabiltza, gela betean, parre ta karraxi ta zalaparta.)

 

IÑAKI: Eeee! Ikutu aut! (Geldituz).

XABIER: Ez, jauna! Zapiarekin! Orrek ez dik balio.

IÑAKI: (Berriro erasoaz) Ez du balio? Ta onek?...

XABIER: (Itzul-egiñik, isekaz) Eeee! Eeee! Arrapatu ezetz! Arrapatu ezetz!.

IÑAKI: Ezetz? Orain esango diat!

XABIER: (Alki baten gañera igo bedi) Koxka!

IÑAKI: Buru-aundi arraioa!

XABIER: Arrapatu al-nauk?

IÑAKI: Jetxi, gauza ba-aiz...

XABIER: Je, je!... Ori..., nai ba-det!

 

(Iñaki'k zakarki eraso bekio. Xabier'ek lurrera jauzi egin beza. Bereala, berebiziko zalapartaz, leen baño areago, ekin bekie elkar atzi-bearka. Alkiak ankaz gora, maia iraulita, ontzi, ogi-otar ta abar lurrera-bidean....

Bat-batean, aizeko ate-zuloan, Manttoni agerta bedi. Ikaratuta geldituko da.

Iñaki'k ordun, bere zarpilla jaso, ta mai iraulia sendoro igurtzi beza. Xabier'ek, asnas-estuka, erratza berriro eskuratuz, bazterrak garbitu biiza.)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Manttoni.

 

MANTTONI: (Ia, itz-egiteko ere gauza ez dala.) Nere Jaungoiko maitea!!... Baña..., baña..., baña... !!!... (Itzik ezin, ta ixil-ixilik asi bedi, alkiak, ontziak, maia ta abar jaso ta bere tokiratzen. Guzia oso zuzendu artean, etzaio arnasa bere onera itzuliko.) Auek etsaiak, Jauna!... Baña, egunero-egunero, deabruarena egiten arkitu bear ote zaituztet?... Non da Pantxike?...

IÑAKI: (Manttoni'ren abotsa parregarriro berdinkatuz) Nongo Pantxike gero, andrea?...

MANTTONI: Ara... zera...! Pailaso motela, ez besterena!... (Xabier'eri) Non da Pantxike?...

XABIER: (Besteak bezelatsu) Andre Pantxike, beraz?

IÑAKI: (Burua nastu-bearreko karraxiez) Olloetara joan da! Olloetara joan da! Olloetara joan da!

 

(Mutil biok, elkarri eskutik eldu, ta karraxika ekin bekiote neskazar gaxoaren inguruka.)

 

BIAK: Olloetara joan dala! Olloetara joan dala!

MANTTONI: Baña..., Jesus, ene! Ixilduko al-zerate, gogaikarri alenok? Bein esanda ere: «olloetara joan da»; ez al-da naikoa?

IÑAKI: Jee, je, je! Olloetara..?; bai zera!... Ez, ez, ez! Txanbra berria jantzita aldegin du...

XABIER: Sedazko txanbra! Paparra agirian dula!...

MANTTONI: Ago ixilik, lotsagabea...

IÑAKI: Ezta, ezta, ezta!... Gezurra ori ere! ja, ja, ja!

XABIER: Egia, egia! Donosti'ko Alkatea omen-datorkigu etxera...

IÑAKI: Iaufiii!... Au dek—urnorea!

MANTTONI: Donosti'ko Alkatea? Nork esan dizute ori?

IÑAKI: Petratxo'k esan digu, Petratxo'k.

XABIER: Petra begi-okerrak, andretxo!

MANTTONI: Donosti'ko Alkatea gurera! Ederki eman ere...! Petratxo'ren asmabearrak... Guretzako dago Donosti'ko Alkate jauna! Obe bai, egia ba'litz!... Baña, oiek orrela dirala, ba'al-dakizute zer egingo dezuten orain, txintxo-txintxo? Patata mordoska bat baratzatik ekarri... Aguro, ordea!

 

(Iñaki ta Xabier laisterka bijoaz, atzeko atetik.)

 

IÑAKI: (Burua berriro azalduaz) Ara, ara!... Azaldu da, azaldu da!

MANTTONI: Nor azaldu, gero?

IÑAKI: (Karraxi bizika) Pantxike azaldu da: gure Pantxike!

 

(Iñaki berriro izkutatu bedi. Geroxeago Pantxike dator.)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Manttoni ta Pantxike.

 

MANTTONI: Nondik ator, enetxoa?

PANTXIKE: Olloetatik. Nondik etortzea nai den?

MANTTONI: Olloetan intzanan, beraz...

PANTXIKE: Yontxu etorri al-da?

MANTTONI: Non den, ba?

PANTXIKE: Erosketan. Baña, ark ez din beñere presarik. Ain toki txikian olako gibel aundia ezkutatu litekenik ere! Buruak ematen diona beste-besterik ez din egiten...

MANTTONI: Ark, ori? Ta besteok, zer egiten diñe, ba?... Emengo iskanbilla ta iraulketa ikusi izan ba-itunan, aistian!

PANTXIKE: Zorarazi bear gatxione.

MANTTONI: Guzia lurrean, ankaz gora: maia, alkiak, ontziak... Deguntxoa purrukatu bear zigune azkenerako!

PANTXIKE: (Alki bat aztertuz) Izan ere, iraun bear din onek, olako txerrenekin?

MANTTONI: Gaiztakeriak bakarrik poz-ematen zione. Ta, ateraldi batzuk badizkiñe gero! Alakoak nondik datozkien ere!

PANTXIKE: Donoxtiarren malizia, den ori...

MANTTONI: Donostiar-kaxkarinkeria!...

PANTXIKE: Guk ez bezela, zenbaitek onezkero burua galdu ziñen.

 

(Berriro, ataritik, mutillen jolas-otsa. Len bezela.)

 

ATARITIK: (E, eee! Arrapatu aut. Ez, jauna —Buruandia, ez besterena!— Ator, ator, Pinto!...)

 

(Gero, ots ori ostendu bedi; urrutiratuz.)

 

MANTTONI: (Neka-neka eginda) Ai aizpa... Burua nik baño sendoxeago bear din, bizimodu ontarako...

PANTXIKE: Bai nik baño ere. Onela jarraitzez-gero, aurki naun Santa Ageda'n.

MANTTONI: Ta noiz aldegin bear duenik ere?... Ez al-din iñork ezer adirazi?...

PANTXIKE: Atzo, alkateak... Aurki etorriko al-zazkiela billa, baña noizik ez jakin.

MANTTONI: Illabete biar diñe.

PANTXIKE: Ezin esango diñagu ezer, egunekoa ordaintzen duten bitartean...

MANTTONI: Egunekoa ordaindu! A, gaixoa!: berriro egin-bearreko tratua ba'gendu!...

PANTXIKE: Utzion orreri, osasuna ta pakea galtzen ez ba-dizkigute betirako!...

MANTTONI: Odol gaiztorik ordaintzen al-diñe ba, duro zikin orrekin?

PANTXIKE: Bai: eraman ditzatela lenbait-leen. Onela etzeon gauza onik?

MANTTONI: (Ormei ikarez begiratzen diela) Etxeak eliken zutik iraungo beste illabetean.

PANTXIKE: (Buruari eragiñaz, mai-aldera bijoa, arkatzaren eta paper-punta baten eske. Betor berriro eseritzera, ta bere baitan ari ba'litz bezela:) ...Iru bosteko, amabost... (Aizpari) Zer gastatu unan atzo?

MANTTONI: Nikolaxa'nean, iru laurleko...

PANTXIKE: Ai, Jaungoiko maltea!... Iru bosteko, amabost... Amabosti iru kendu ta... Amabosti iru...

MANTTONI: Ogitan, bi laurleko... Jarri al-den?.... Amabiri bi kendu ta... A, ta... Atzo, igande, aragia ere bageniñan: lan laurleko... Olioa, bi... Zenbat gelditzen zain?

PANTXIKE: Amarri sei kenduta... (Ixillunea) Ta azukrea?... Ta kafea?... (Zenbaketak buruz egiñik) Zera...!, gerenetik jarri-bearra, gañean...

MANTTONI: (Bertaratuaz) Benetan, gerenetik ari gaitun?...

PANTXIKE: Ea..., erorrek ikus: amasei laurleko ta lau txakur aundi...

MANTTONI: Amasei ta... Ene, ene!... Elorrioa zeukanagu, alajañena!...

PANTXIKE: Ta, adi zan... Ori olloen eta txerriaren jana sartu gabe... Kontu garbia egiñenean, oiek ere barruan bear lieken!

MANTTONI: Nik ala uste, aizpatxo: nik ala uste!... Auxen da lana, enetxoak!

 

(Ingiari begira geldi bitez, buru makurka. Bitartean, atzeko atetik betor Yontxu, zorroz eta pardelez besoak eten-bearrean.)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Yontxu.

 

PANTXIKE: (Ingia ezkutatuz) Or gure gizona!

MANTTONI: Ala're! Ba'tor? Txoritan ibili al-aiz, ala zertan?

 

(Yontxu'k begiratu bat begio, erantzun gabe.)

 

PANTXIKE: Lasaia, ez bestelakoa! Ordu bete bear al-dek kaletik etxera? Alderdi ederreko langillea ago, ire eskuz bizi izaterako!

MANTTONI: Lotsatu ere ez aiz egiten, lotsatu.., arlote aundi ori?

 

(Yontxu'k, txintik ez: ekarri guziak utzi bitza mai-gañean, ta bi atsoei erakutsi bezakie atze-aldea.)

 

PANTXIKE: (Berriro arpegiz itzularazten dula) A, baña, txotxo..., ori guzia orrela uzteko asmoa al-dek? Alajaña...! Atera neri bereala bildu oietako puskak, eta zein-bere tokian ipiñi... Bizkor, gero!... (Aizpari) Ikusten al-den!...

 

(Yontxu, bilduak ustu ta guzia txukun jaso-ala, ajolagabekeriz asi bedi txistu-joka.)

 

        Eeee? Txistu-otsak, gañera? (Besteak ez entzuna) Aditzen al-dek, bai ala ez?... Donostiar koxkeroen kanta jator bat da au: «Joxe Migell'en batela»!

 

(Aizpak, elkarri begira, zer esan ez dakitela)

 

MANTTONI: (Ixillune baten ondotik) Oea egin al-dek, txepetx?

YONTXU: Ez.

MANTTONI: Oea ba, aguro!... Aidean, esan diat!...

 

(Yontxu'k buka beza leengo lana, ta astiro abia bedi eskuiruntz.)

 

        Zer egin bear den ik, Pantxike?

PANTXIKE: Auntza ateratzera natxian.

MANTTONI: (Yontxu'ri) Iñor etorriko ba'litz, Pantxike auntza larrarazten dala, ta ni berriz, kalean: aditzen?

 

(Bijoa Yontxu) (Ixillunea.)

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Manttoni ta Pantxike.

 

MANTTONI: Doloretako Ama! Noizpait ere eramango al-zizkigune! Jakin dezagun baiezkoa ala ezezkoa...

PANTXIKE: Pakea ar dezagun, zer den gero au!

MANTTONI: Ta kakalardo orren ateraldiak entzun al-ditun?

PANTXIKE: Entzun!... ¡llarra añakoa ez den-eta, orren gizondu-bearra!..

MANTTONI: Umekondo zelebrea! Besterik olako ez diñat egundo ikusi.

PANTXIKE: Ez-ta «Potxolo»'nekoa ere...

MANTTONI: Ez-ta «Potxolo»'nekoa ere...

 

(Bijoaz, atzeko atetik, Antzeztokia puxkatean utsik) (Urrutiratuz, aien oski-otsa. Gero, atzeko atetik, Iñaki'k eta Xabier'ek muturra erakutsi bezate.)

 

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Iñaki, Xabier ta Yontxu.

 

IÑAKI: (Ots itoaz) Ieeup! Yontxu!...

 

(Iñaki ta Xabier sar bitez geldiro ta ixilka.)

 

YONTXU: (Bere aldetik muturra azalduaz) A!, zuek al-zerate?

 

(Sar bedi bereala antzeztokian.)

 

IÑAKI: Usai egiok, arren, sagar oni, kakalardotxo...

YONTXU: (Begiak aundi-aundi) Uiii!... Non atxitu dezute?

XABIER: Sortutako tokian, gizona: zuaitzeanl Andre Manttoni'k goizero begietan zun uraxe dek...

IÑAKI: Ar zak, gixonerdi: iretzako zekarkiagu. Gu, aurretik ordañak jasota gatxeok.

 

(Yontxu'k sagarra ar beza.)

 

XABIER: Manttoni'k artu bear dun biotzondokoa!

IÑAKI: A, zer nolako arpegi-luzatzea, arena!

YONTXU: Jontxo! Ederra zeok!

IÑAKI: Arraio tripazaia! Andre Manttoni gajoari baño proetxu obea egingo al-dik...

XABIER: Gogoratzen al-zaik, pastela jan genionean?...

IÑAKI: Emonio, tuntuna i berriz! Katuak jan zian-ta!

 

(Guziek parre-algara.)

 

YONTXU: Ori katu biurria, etxe ontakoa!, eee?...

XABIER: Arraio berritsua! Gure atsoen aurrean ez dek izaten olako etorria...

IÑAKI: Je, je, je! Izan ere, ori arpegia ekarri du gizajo onek, aistian! Bazirudiken pralle sartu bear zula... Ea, esaiguk, esan: zer egin diotek etxeko-andreei?

YONTXU: Utsa... Berandutxo etorri kaletik.

IÑAKI: Ta nora aldegin ditek bi sorgin oiek?

YONTXU: Pantxike'k, auntza ateratzera; Manttoni'k, kalera.

IÑAKI: I, Xabier: ez al-zaik iruditzen guk len asmatutako ipuiak darabilkiela andre Manttoni?

YONTXU: Zer ipui, zer ipui?

IÑAKI: Ara, esango diat.

 

(Elkarren urbil bitez.)

 

XABIER: Gogoan al-dek ik, noiz-ezkero gauden etxe ontan?

IÑAKI: Utzi orain, oneri esan arte... (Bat-batean atzera begiratu beza, urduri) E! Ixo! Bazetoztek.

 

(Itza baño ariñago ostendu bitez: Xabier, atzeko atetik, orma-ormari itsatsita; Iñaki'k leiotik jauzka egin beza; Yontxu, eskuitik. Bereala, atarian, aizpa bien aotsa, ta, tarteka, bi gizonezkoena.

Sartu bitez, erriko ta Donosti'ko alkateak, Pantxike ta Manttoni.)

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Erriko ta Donosti'ko Alkateak, Manttoni ta Pantxike.

 

PANTXIKE: Lotsa-lotsa eginda gatoz, Alkate jauna (Donostikoari) Gure etxe apal ontara beok bezelako aundikiak etortzerik...

MANTTONI: Etortzea asmatzerik ere.... egundo!

DONOSTI'KO ALKATEA: Beraz, iru umezurtz ibilli dituzte andre agurgarri auek?

ERRIKO ALKATEA: Iru, jauna, iru: Mendiburu'tar Iñakitxo, Alkorta'tar Xabier, ta bestea, zera...

DONOSTI'KO ALKATEA: (Entzuten ez diolarik) Eta, agi danez, etxeko-andre begikook, lanbide orrek ez dizute eman poz aundirik...

MANTTONI: (Indar aundirik gabe) Oi!, gu oso pozik giñan, Alkate jauna, oso pozik...

PANTXIKE: Bai; egia esan, gu txoratzen egon gera. Lenbait-leen aldegin dezaten eskatzea, gure adiñaren nekearengatik izan da.

MANTTONI: Nekearengatik, jauna: ezpaitegu oiturarik...

PANTXIKE: Ori, ori: ezpaitegu oiturarik... Izan ere, emengo iskanbillak, emengo iraulbearra!...

MANTTONI: Ta esango ba-genduke, alegia, osasunak aldi luzexeago eskatzen ziela... Ordun ez legoke zer-esanik. Baña, ikusiko dituzute, ikusiko!

PANTXIKE: Oso daude onik: borobildu dira poliki!

DONOSTI'KO ALKATEA: Ez, ta, bidezkoa da, gañera: obeto ibilli diranak leenago aldegitea. Gure diruak ere urritzen dijoaz, gero!!... Baña, zuek, ainbeste nekeen ordañez, aur oien alde egindakoa, benetan aipagarria da. Ez al-da ala, Alkate jauna?

ERRIKO ALKATEA: Bai, noski. Amaika bider entzun didate.

DONOSTI'KO ALKATEA: Nik ere, iñor biali baño, neronek etorri naiago izan det, aurrok jasoaz bat, zuei, nere ta Donosti'ko Udalaren izenean, eskarrik beroenak erakustera...

 

(Alkatea ta aizpa biak erne-erne dagozkio, aren itz guziei agurka ta baiezka).

 

        Erriko Alkate jaun agurgarriari leentxeago eman diot zuentzat idazkitxo bat. Bigarren amabostekoaren ordaña.

ERRIKO ALKATEA: (Pantxike'ri idazki txiki bat luzetuaz) Ortxe dago dana, txuxen-txuxen, ustez: ikustazu. Amabost egunekoa ezezik, amaseikoa ere badago. Dagonillak ogei-ta-amaika oi-ditunik, aaztu neri, alajaña! Ogeitamaika eskutik eta jokoa galdu? (Kar-kar-kar parre-egiñaz) Zer derizkiozu, adiskide ona?

 

(Atzeko atetik, Iñaki'k eta Xabier'ek, lotsa-antxean, sudurra azaldu bezate).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Iñaki ta Xabier. Bereala Yontxu.

 

MANTTONI: Ara, ortxe dituzute gure pixpolin gaxoak... Sartu zaitezte, sartu maiteok!

PANTXIKE: Etorri, beldurrik gabe, gure bildotxok... Ikusi emen Donosti'ko Alkate jauna, zuek jasotzera etorria.

 

(Iñaki ta Xabier sartu bitez.)

 

DONOSTI'KO ALKATEA: (Begiratu ere gabe) Bai, benetan, guri-guri egin dituzute. Gertu ditzateke bereala beren pardeltxoak. (Mutikoei begiratuz) Baña, iru etzenituten bada?

MANTTONI: Bai jauna, bai. Txikiena or barruan dabil. (Eskuiko atea zabalduz) Eup, Yontxu, ator, biotza, ator!... (Berriro erdira etorriaz) Gixaxoa! Amarik ez du. Ezagun ere bazun, etorri zanean, dana zikiñak jana...

IÑAKI: (Aopeka Yontxu'ri) Bagatxiak emendik ospa, i...!

DONOSTI'KO ALKATEA: Ator onuntza, txiki. Ta irurok txintxo-txintxo entzun zadazute. Negarrik ez egin, gero? Andre on auekin oporraldi ederra botea dezute. Orain, zuen etxeetara itzuli-garaia etorri da. A-zer nolako gertaldi politak izango dituzuten, etxekoei ta laguntxoei esateko! Ez al-da ala? (Besteei) Ikusten dituzute? Geldi-geldirik; erne-erne?... Iru gizontxo diruditela? Auek dira benetan mutiko txintxoak! Guziak olakoak izan ba'genitu, ez al-da egia, Alkate jauna? (Mutikoei berriro) Ea, bada: zoazte orain gertutzera. Luzaroko lana izan-ezkero, gu joan gaitezke, ta zuek (aizpei) Udal-etxera ekarriko dituzute...

IÑAKI: (Bixi-bixi) Ez, ez, bereala bilduko degu guzia. (Beste biei) Goazemak axkar, motellek!

 

(Zalaparta bizian bijoaz eskui-aldetik. Zurubian gorako iskanbilla entzun bedi puskatean, urrengo itzen tarteka).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Mutikoak ez gañerakoak.

 

DONOSTI'KO ALKATEA: Txerren oiek naiko lan emango zizuten, bai, sinisten det...

MANTTONI: Naiko lan... Ara, jauna, egia esango ba-det, bai: naiko lan, eskua bete lan, eman digute. Baña, ez al-gendun orrenbeste eraman bear gixagaxoengatik?... Ez irabaziarengatik, sinistu beza: kontu garbia egitezkero, gerenetik aritu gera...

PANTXIKE: Egi uts-utsa: ikusi beza bestela. (Ingi bat luza bekio: leentxeago kontuk ateratzen ari izan diranekoa).

DONOSTI'KO ALKATEA: (Begiratu gabe papera itzuliz.) Andre gaxoak, andre gaxoak! Nola, bear bezela, eskerrak eman zuei, ainbesteko onginai ta nekeen ordañez?

PANTXIKE: (Lengoari jarraituz) Esan bezela: ogia, esnea, ikatza, babarruna, olioa..., oiek guziak ordaindu ezkero, zenbat gelditzen da? Ta, ez dago!; noizean bein, okela ere eman bear zitzaien. Iturriko ur garbiez ez dira, gero, morrosko oiek azitzen! Eta, sinistu beza, jauna: erri ontan, mardultxoenetakoak gureak aterako dira, ta ori gu baño aberatsagorik ainbeste dagola...

MANTTONI: Aurrik artu nai izan ez dutenak gogoratu bakoitzean!... Erretzen jartzen naiz gero!... Arbide'nekoak eta..., Begierre'nekoak, eta...; zer derizkio, Alkate jauna?... Ta... zuk eta nik dakigun beste ura, iru etxeren ta nik al dakit zenbat soroen jabe dan ura!...

 

(Erriko Alkatea urduritzen asi da. Burua astintzen du, ta begiak onuntz-aruzka darabiltzi)

 

DONOSTI'KO ALKATEA: (Manttoni'ren etorria ebakiz.) Tira, ba! Zer egingo zaio? (Eskuak igurtziz) Guretzako poz aundia da, beintzat, zuek bezelako kristau errukiorrak ezagutu al-izatea. Ez al-da ala, Alkate jauna?...

ERRIKO ALKATEA: Bai, ene adiskide, bai: jende zintzorik ere badegu errian!

 

(Mandio-aldean gero ta zarata aundiagoa. Beekoak noizik bein burua abera jaso bezate, urduri.)

 

DONOSTI'KO ALKATEA: (Aobeteka) Nere adiskidea, donostiar-kume oiek erri txiki ontan oporraldi egitea, gizartearekiko garrantzi aundikoa da. Ez bakarrik osasunari buruz. Ori ere ez da, noski, bazterrean uztekoa. Baña, beti ere, badakizu: uri buruaren ta gañontzeko errien artean, alako elkar-gabea, alako ezin-ikusi sorra izaten da. Urtero, guk aurten bezela, elkar-bidea eman zaiezu: aste bete batzuk elkarrekin igaro ditzatela, alegia; ta ordun, elkar-ezaguera badator, badator, polliki-poliki... Ordun, guzien berdintasuna! guzien anaitasuna, askoz ere bertago ikusten dira... Zer gauza ederragorik, nekazari zintzo auen besoetan gure ola-langilleen semeak ikustea baño?... Gizartearen berdintasuna, gizartearen anaitasuna! A, etxekoandre agurgarriak! Asmo aundi oien aide, iñork uste baño lan bikañagoa egin dezute illabete ontan!...

MANTTONI: (Zer esan ez dakiela.) Bai, jauna, bai... Ala uste degu, beintzat...

 

(Iru mutikoak eskui-aldetik sar bitez, beren bilduak eskuan dituztela.)

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, eta iru mutikoak berriro.

 

PANTXIKE: Gauza guziak jaso al-dituzute?

IÑAKI: Bai, andrea, bai.

MANTTONI: Ez al-da obe izango, nik, gora joan-etorri bat egitea?

XABIER: E-tzaigu ezertxo-ere aaztu!

MANTTONI: (Goruntz dijoala) Ezetz?... Arrigarria litzake orratik!

PANTXIKE: (Mutikoei) Naspil ederrik izango da or goian...

IÑAKI: Bai, zera, poliki-poliki ibili gera ta!... Dana txukun..., (Xabier'i zalantzez begiratuz) txukun samar... utzi degu.

DONOSTI'KO ALKATEA: Nai ba-dezute, gero, mutikoak ordu-erdi baterako emen uztea...

PANTXIKE: Zertarako, jauna?... Ori gora-bera! Moldatuko gera Manttoni ta ni...

MANTTONI: (Sartuz) Ara, ara! Banekin nik! Norena dezute alkandora zikin au?

IÑAKI: Ez da nerea.

XABIER: Ez nerea ere.

MANTTONI: Irea dek, beraz, Yontxu? (Lotua askatzen diola) Gaxoa! Nola lotu dek pardel au ain estu?

DONOSTI'KO ALKATEA: Tira maiteok. Etxekoandre maitagarri auei agur esaiezute, ta eskarrik-asko.

IÑAKI ta XABIER: (Atso bien lepora jauzi-egiñez, alaiki ta maitez) Agur, andre Pantxike... Ikusi arte, andre Manttoni... (Yontxu ere, besteon leian, zarataka asten da: irurok batera itz egin bezate) Asko gogoratuko gera zuetaz! Idatziko dizutegu noizean bein....Donosti'ra etorriko, gu ikustera?... Olloen berri guri bialiko?... Eskarrik-asko, andre Pantxike... Milla esker, andre Mantoni... Agur, agur, agur... Ikusi arte.... Datorren urtean, berriz... Idatzi, gero!... Agur... Agur!...

PANTXIKE: Baña, gizontxoak, ixilduko zerate?... Ara, Donosti'ko Alkate jauna itxoiten dagotzute.

MANTTONI: Trenean txintxo joan, gero!...

PANTXIKE: Burua leiotik atera gabe!...

MANTTONI: Esanak txuxen egiñez...

PANTXIKE: Zerbait aaztu ba-zaizute, bialiko dizutegu.

MANTTONI: Bai: berealaxe bialiko...

DONOSTI'KO ALKATEA: Agur, bada, andre begiragarriak: ikusi arte.

PANTXIKE: Lagunduko diegu bideraño.

ERRIKO ALKATEA: Atozte axkar, mutikook!...

IRUROK: (Karraxika, pardelak bizkarrean ditutela) Iaufaaa, bagoaz...! Iauffaaa, bagoaz!, iauffaaa, bagoaz!... Donosti'ra!... Donosti ederrera!... Kaletan ikulluak eta beiak ikustera!!

IÑAKI'REN OTSA: Ara! Ikusten al dek Yontxu, negarrez?...

MANTTONI: (Irtenaz) Negarrez!... Zeri negar, nere Yontxu?

PANTXIKE: (Donosti'ko Alkateari, irteterakoan) Jauna, gaurko eguna bezelakorik, sinistu beza, ogeitamar urte biok bakarrik bizi gerala, ta...

 

(Esaldi orren azkena gal bedi. Erriko Alkateak irten beza azkena. Abots-zarata naasia: mutikoena nagusi. Urrutixeago, kantari asi dira. Guzia mailka-mailka ixiltzen.)

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Pantxike ta Manttoni.

 

(Aizpa biak itzuli datoz. Aretoan, batetik-bestera, noragabeki, bebiltza, zerbait laneri eskua ezarri-naika bezela. Pantxike'k azkenik, ez-arian bezela, Alkateak emandako idazkia urratu beza.)

 

MANTTONI: (Zerbait esan bear ta...) Donosti'ko Alkateak izena nola duan ere?...

PANTXIKE: Manterola, uste diñat...

MANTTONI: Zuria den, ala beltza?...

PANTXIKE: Erretore jaunak dionez, zuri-samarra...

 

(Ixillunea)

 

MANTTONI: Oraingoan pakea diñagu, Pantxike...

PANTXIKE: Bai... Noiz-edo-noiz, orratik... Pakea!

MANTTONI: Au etxearen ixiltasuna! Aaztu ere egin zitzaidanan, leen ala zanik...

PANTXIKE: Oraintxe atseden pixkabat artu dezakenagu.

MANTTONI: Egia, Pantxike, egia...

 

(Ixillunea. Gero, Pantxike ateruntz bijoa)

 

MANTTONI: Nora oa?

PANTXIKE: Atea ixtera, Manttoni.

 

(Manttoni atzetik dljoakio, ta biak pixkatean gelditu bitez, atarira begira.)

 

MANTTONI: Goialde ori ere txukundu bearko diñagu, bada...

PANTXIKE: Bai: ikusgarria egongo den.

MANTTONI: Guzia azpikoz gora..., oeak egin gabe...

PANTXIKE: Jesus, milla bider!

 

(Ixillunea.)

 

MANTTONI: -(Ikaraldi) Pantxike!

PANTXIKE: Zer den?

MANTTONI: Ez al-den ezer entzun?

PANTXIKE: Ik bai, Manttoni?

MANTTONI: (Bijoa leiora) Ez... Aizea unan, noski...

 

(Ixillune luzea. Belarriak zuti, daude: ezer ez da entzuten. Manttoni itzuli dator berriro.)

 

PANTXIKE: (Sorbaldak uzkurtuz.) Irudipenak.

MANTTONI: Oraintxe, eulia ere suma liteken egaka...

PANTXIKE: (Alabearrez bezela, zerbait antolatzera dijoa, baña bat-batean itzuli bedi.) Zergatik dion ori?

MANTTONI: (Ametsetan bezela) Ezer esan al-diñat?

 

(Ixillunea berriro. Bat-batean, atea zabaltzen da. Aizpa biak batera itzuli dira, otsak ikaraturik. Andre Madalen sartzen da.)

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Leengoak eta Andre Madalen.

 

PANTXIKE: (Gogait-antxean) Aaa!... Madalen den...

ANDRE MADALEN: (Arrituta) Oiii...! Zer dezute?

MANTTONI: Ezer ez. Zer izatea nai dezu?

ANDRE MADALEN: Ikaratu egin zeratela esango nuke...

PANTXIKE: Nola ez ba?... Atea orrela zabaldu-ezkero, ildakoa ere zutituko litzake!

MANTTONI: Garai ontan e-tzera etorri oi, ta... orretxek egin digu.

ANDRE MADALEN: Etxeberri'ra ninjoan, bada, ta zuen aurretik igarotzerakoan: «sartu-atera bat egin dezadan»: egin diot nere buruari. Agi danez, mutikoak eraman dizkizuete...?

PANTXIKE: Badakizu dagoneko?

ANDRE MADALEN: Ikusi egin baititut, onuntza nentorrela. E-tzeramaten negar-gura aundirik. Karraxi bizian, txoro batzuk bezela, kantari zijoazen...

MANTTONI: Benetan? (Ixillunea) Txikia ere-bai?

ANDRE MADALEN: Bai: txikia ere, besteak bezelaxe.

PANTXIKE: Txikia ere bai!

ANDRE MADALEN: (Inguru-begika) A-ze nolako utsunea, emendik aurrera!...

PANTXIKE: (Bere burua indarbeartuz) Pakea, pakea galanta, Madalen...

MANTTONI: Orixe bai!

PANTXIKE: Leen, izerdi bizitan goizetik gauera, mutil kozkor oiek zirala-ta.

MANTTONI: Ta otorduak bostentzako, biontzako orde!...

PANTXIKE: Ta etxe guzia azpikoz gora...

MANTTONI: Lokatza la zikiña non-nai...

PANTXIKE: Bazeneki..., zer kalte egin diguten!

MANTTONI: Alkiak purrukatu...

PANTXIKE: Katilluak autsi...

MANTTONI: Ta, lotarakoan, berebiziko iskanbilla... Bederatziak bitarteraño ere, iñoiz!

PANTXIKE: Bederatzi-amarrak arteraño...

MANTTONI: Ta, lanean, ez gero uste asko laguntzen zutenik...

PANTXIKE: Patata-ateratzea ta babarrun-zuritzea, ozta-ozta...

MANTTONI: Gero, burruka gorrian ari zenitun beti...

PANTXIKE: Burruka gorrian beti, bi zaarrenak batez-ere...

MANTTONI: Aien zarataz, alkarri ezin entzunez egoten giñan askotan.

PANTXIKE: Iskanbilla bizia, goizetik gauera!

MANTTONI: Gelditu gabe, ordea!

PANTXIKE: Belarriak gortu bearrekoa!

MANTTONI: Iskanbilla..., iskanbilla..., nolakoa gero?

PANTXIKE: (Zoratu balitzaio bezela) Iskanbilla..., iskanbilla...,

 

(Bat-batean, ixildu bitez. Ixillune astuna)

 

ANDRE MADALEN: (Aien etorria eten eziñik aritu-ondoren) Tira bada! Guziak du munduan azkena. Oraingoan, pake ederra irabazirik zaudete. Ala obe. Poztutzen naiz... Agur gaurkoz, enetxoak: banoa.

MANTTONI: Etorri, gero, urrena ere, Madalen?...

ANDRE MADALEN: Gaur, onezkero, ezin. Senarra gero ta makalago daukat. Baña, biar, eguerdi-artean...

PANTXIKE: Etorri, bada, biar eguerdi-aldera...

MANTTONI: Eta, bestela, gu joango gatzaizu, ikustera.

PANTXIKE: Bai-ta, bai-ta: gu joango gatzaizu...

ANDRE MADALEN: Ederki; zai egongo nazute. Ta esango didazute, gaur, apaitarako, maia ez al-dezuten utsegi arkitu...

MANTTONI: Utsegi? Oi! Zergatik?

PANTXIKE: Utsegi? Oiek ateraldiak, Madalen!

ANDRE MADALEN: (Irteterakoan) Nik bai-baitakit gauza oien berri. Etxean sei aur izan ditugu. Iru, il egin ziran. Beste irurak, ezkondu. Ta, orain, orain... Baña, utzi zagun... Obe da. Biar arte, beraz. (Bijoa).

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Pantxike ta Manttoni.

 

(Aizpak lelotuta gelditu dira ate-aurrean. Bat-batean, aizealdi zakar batek mai-gañeko paperak sakabanatuko ditu.)

 

MANTTONI: (Burua itzuliaz) Zer zeraman aizeak?

PANTXIKE: Aizeak zer daraman?

MANTTONI: A!... Dirua den, noski.

PANTXIKE: Izan ere: dirua. (Begira bezakio. eskurik luzatu gabe) jaso ezan, Mani:oni...

MANTTONI: Jaso ezan eorrek.

 

(Leiora joan, ta itxi beza. Pantxike'k dirua jaso, ta utzi beza leen bezela, mai-gañean. Manttoni'k itzuli datorrela, itzalgaizka, begiak legortzera egin du.)

 

        Zenbatu ere egin bearko diñagu, bada, diru ori...

PANTXIKE: (Urrutitik bezela) Zenbatu dezagun, bai...

 

(Bata bestearen aldamenka, antzerki-asieran bezela, jarri dira; baña, dirua eskukatzen diardute, zenbatu bearrean. Alako batean, Pantxike'k ere begiak legortzen ditu.)

 

MANTTONI: (Aizpari zorrotz begiratuaz) Zer den, Pantxike?

PANTXIKE: (Bere onera itzuliz.) Zer..., zer..., Zer dion?...

MANTTONI: Zera..., utsa... Iruditu... egin zaidan...

 

(Otsa, eztarrian, ito, egiten zaio. Dirua zenbatu-naiean asten da.)

 

PANTXIKE: (Leen Manttoni'k bezela begiratuz) Zer darabilkin gogoan, Manttoni?

MANTTONI: (Lotsakor) Nik?... Utsa, utsa... Ezer ez... (Ixillunea) Ta ik, Pantxike?

PANTXIKE: (Berdin) Utsa... Utsa, Manttoni!...

 

(Ekin bekie orain, bero-bero, diru-zenbatzeari.)

 

(OIALA BEERA. ASTIRO)

 

        OARRA.— Emakumezko utsentzat errez tajutu liteke. Erriko ta Donosti'ko Alkateak biur litezke, esate baterako, E-A-B'ko Lendakari; eta ari orretara ikutu, aldatu-bearrak liraken esaldiak.

 

aurrekoa