|     14-15 zenbakiak, 1933ko otsaila-martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


IRUGARREN EKITALDIA

 

        1919'gnko. Uztaillaren bostean gera. Arratsaldea da.

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

Domingo ta Yosepe.

 

DOMINGO: (gudari-jantzian, makil bat zankoen lagun, alki baten exeria) Sinistu zenuen beraz egiña zuela Piarres'enak?

YOSEPE: Ez, betean ez. Baña gau-egun kiratsak eman dizkiat argi garbiaren irrikan... Ez jakin bizi zan ala zer! Il bazuten ere, ez jakin bere karta bildurgarriaz damutu zanik edo eriotzarako aurretik konfesatu...

DOMINGO: Ondo errukitzekoa zengoen!

YOSEPE: Azkenean apaizarengana joan nauk. Esan dik bear bada?

DOMINGO: Ez ditu gero besteen egitekoak ola salatzen, ez bear ere.

YOSEPE: Apaizgaia aizelakotz...

DOMINGO: O, ez du orrek ezer esan nai!

YOSEPE: Dana dala, izan nitzaiok meza ixil bat eskatzen gure Piarres'entzat Yainko maiteak zerbait bazekiala iñork jakitekoz. Andik zortzi egunera idazki bat eldu zaitak Italia'tik. Letra ere ezezaguna-ta, ikara gorrian nengokan Piarres'en ilberria nuenez ba. Ori nere atsegiña, Yose'k irakurri zikanean bizi giñuala bizi gure mutikoa, begietako min bat edo... zuala bakarrik.

DOMINGO: Piarres gizajoa!

YOSEPE: Orain zertan ote-dizkik begiok?

DOMINGO: Ez ba yakin; ona nik dakidan guzia. Eritegian, gaxoetxean negoan egun batez emen dakarte soldado bat etsaien ke gaizto oiek joa. «Nor da? Nungotarra? Zer du?» Guziak zerbait jakin nai ba. Lagun bat bereala eldu zait: «Dis donc Hiriart» esaten dit prantsesez ''Hiriart deitzen duk, eta euskaldunen bat zirudik, Baiona'ko euskalduna«. Ai ta ni ain xuxen, oean josia anka biak zaurituak, beso au ere gaizkitxo! Nere erritar dalakoa bear nuala alare ikusi, alnuen eran, makuluen puntan, errestatu nintzaion. Nor nuen or? Piarres, Patarburu'ko Piarres! Nere poza! Baña laister illundu zitzaidan biotza, Gaxuxa zanaren eriotza-ta yakin nuanean eta nere lagun maitea Bulgaroak begiak itsuski keztatuta ikusi nuanean...

YOSEPE: Ta gero?

DOMINGO: Lenbizi artan, gaitzak senda-errexa zirudian. Gero berriz, Salonika'ko aroa ez zitzaigula on ez batari ez besteari, ta Piarres ta biok Napoles, Italia'ko uri aundira bialdu giñituzten. Ni alare poliki atera naiz. Arek ordea oberik ez: bixta izatekotan ere gutxitxoago....

YOSEPE: Ez al zaiguk nunbait itsutuko?

DOMINGO: Ez, ez al nunbait....

YOSEPE: Egiñalak egingo dizkiagu beti. Baiona'ko Tessier begi-sendagilleak sendatuko ziguk bearbada poliki-poliki.

DOMINGO: Emen balitz, ba, Piarres gizajoa!

YOSEPE: Emen balitz? Gaur diagu etortzeko-ta...

DOMINGO: (Arritua) Gaur?...

YOSEPE: Zer? Baakikela uste nian.

DOMINGO: Ez ta ezertxore.

YOSEPE: Atzo izan ginian karta, lagun batek egiña alabaña berak ezin-ta.

DOMINGO: Ez nekian olakorik.

YOSEPE: Ba ura ikustera etorri intzalakoan nengokan ni.

DOMINGO: Ez, joan-etorrian agur egitera etorri natzaizu, biar zortzi egunerako Baiona'ra abiatzeko naiz-ta.

YOSEPE: Zer egiteko duk Baiona'n?

DOMINGO: Biar goizean, gudari-jantzi auek Marraken utzi, gero Seminario andian sartu, eta an, aste guzia gogoetan eta otoitzean eman ondoren, urrengo larunbatean apaiz egin bear nau Gotzai Jaunak.

YOSEPE: Orretan, lenengo jaunartzerako apaiz egiñik ago?

DOMINGO: Bai eiki.. Neronek eman bear diot-eta zure Yosetxo txikiari lenengoz Gure Jauna.

YOSEPE: Apaiz egiteko egunetan eta oraindik i'ka itz egiten diat ba nik? Neu lotsatzen nauk.

DOMINGO: Lotsatu? Ez duzu zergatik lotsaturik. Txiki-txikitandik ez al-nabil ba etxe ontan, zure semeen aurride?... Orain banoa, Yosepe, agur. Etxerako garaia dut.

YOSEPE: Ago instante bat, mutikoa...

DOMINGO: Nere puskak ez ditut ordea bilduak oraindik!

YOSEPE: Puskak? Bertan egiten duk, to.

DOMINGO: Ez, ez, bada beti zerbait...

YOSEPE: Amak antolatuko dizkik bai guziak. Ago Piarres etorri arte badere. Atsegiñez alkar-ikusiko duzue...

DOMINGO: Ori bai; baña joan bear dut.

YOSEPE: (Bekoz-beko begiratzen diola) Ez al zerate lagun Piarres ta biok?...

DOMINGO: Ez dizut orrelakorik esaten nik...

YOSEPE: Ezta ukatzen ere ez duk...

DOMINGO: Ba!

YOSEPE: Apaiz egiteko bezperan esak egia!

DOMINGO: Bai, Yosepe, Napoles delako uritik alde egiteko eguna urreratzean izan genuen gure asarre txiki ura. Nik esaten nion, alik eztien, nola eraman bear zuan bere gaitza kristau onaren eran: Yainkoagatik, otoitzaren bidez, eta arkituko zuala indar, biotz eta osagarri. Arek berriz: gizonari bere eginbide obligazioak jartzen dizkion erlijio bat izan ezbalitz, ark ez zuala alako miñik bilduko; apaizak engañatu zutela egundaño ikusi ez duten Yainko baten izenean. Orduan krik eta krak! zenbait itz bixi batetik eta bestetik nork bere alde egin genituen.... Obe dut beraz gaur badere ez ikusi.

YOSEPE: Zerk ito-erazi ziok fedea, ire ustez.

DOMINGO: Gaxuxa zanaren zorigaitzak nasturik, begietako eriak kordokaturik lagun gaiztoak beroturik biurtu da ortara. Etxeratzean joango zaio. Kristau etxean biziaz, euskaldun onekin ibilliaren ibilliaz, oitura zarrak poliki-poliki berriz ere artuz, nai-ta-ez piztuko zaio berriz ere siñistea. Siñiste ori ez du ez galdua; zañetan du beti ta odolean. Biotz-txoko maite batean lo dago geldi-geldi, ta egunen batean esnatuko da lenago bezin eder.

YOSEPE: Ala balitz, Domingo.

DOMINGO: Bai ziñez, Yosepe, oneratuko degu. Bakarrik, —arren, ez gogor egin!... indarka ez degu ezer egingo... Yainkoari otoitz lenbizi. Gero, lausenguz ta palaguz bilduko dugu Yainkoaren sare santuetara... Orain banoa. Begien aurrean ikusi banindeza, berotu diteke eta nork daki nola bukatu diteken aren asarraldia. Izugarria minbera ta sumendua da arrezkero zure Piarres; gogoeta beltzak, asmo goibelak geiegi nagusitu zaizko, Kontuz beraz, ez gertatzeko negargarriren bat gerta ez dedin.

YOSEPE: Bildur ematen didak, Domingo...

DOMINGO: Banoa, Yosepe, Otoitz egingo dut gartsuki zuentzat guzientzat. Ikusi arte...

YOSEPE: (Eskuez tinkatzen diolarik) Bai, urren arte, Domingo.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Yosepe ta Yosetxo.

 

YOSETXO: (arnas-estuka eldu, Domingo urruntzean) Aitaita, aitaita.... Aditzen? Aita emen da. Aditzen?... (Zaldien txilintxak entzuten dira) Kaiet'en Korreoa da. Uzten al-didazu biderdi, aitaita?

YOSEPE: Bai, aurra. Ez urrutiegi ordea.

YOSETXO: (abian) Ez. Baratzeko atesareraño.

YOSEPE: Bai, maitea, bai.

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Yosepe bakarrik.

 

YOSEPE: Ea, ea gauzak itxuran arkitzen dituan gure sukalde bazterrean. (Aulkiak beren tokietan ezartzen ditu, maia piltzar batez garbitzen ta ola.— Bitartean, zalgurdia urreratuz, zaldi-txilintxak ozenago. Gero geldi.— Yosepe leiora badoa) Or dut-eta Piarres, zalgurditik jaisten!, Ea, yoan nakion laguntzera. (Ate andirakoan azken-begiratu bat sukaldeari) Oi, oi, ama! Ia aztu nintzan... Yainkoagatik, ez genuke olakorik bear... (Aulki baten gañetik tximiniko bizkar-iltze batean zintzilik dagon zizpa eraxten du ta zoko batean arretaz gordetzen) Ola. Ontatik beintzat ez dut okerrik, etsimendu-aldi bat etorri balakio ere. (Berriz begiratu bat. Ateratzera doa. Onenbestez urrats-otsa entzuten du) Etxean dut-eta...

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Yosepe, Piarres ta Yosetxo.

 

YOSEPE: Piarres, ene Piarres!

PIARRES: Oi aita, aita! (Bi gizonek alkar besarkatzen dute).

YOSEPE: Begiak obeki dauzkak?

PIARRES: Oraindik ez dut batere ikusten; baña, esan didatenez, ongi yarriko zazkit bai denborarekin.

YOSEPE: (gartsu) gaixoa!... To, yarri adi or. Nekatua ago...

PIARRES: Ni nekatua?

YOSEPE: Yango duk orratik pittin bat...

PIARRES: Zuekin izatea besterik ez dut ezer bear.

YOSEPE: (semea laguntzen dualarik yartzerat) Ola! ... Eta ire ibilaldi ori nola egin duk? (Supazterraren antolatzerat doa).

PIARRES: (burua nunbait) Ederki. Endaia'ko adiskide bati eskerrak. Bordal'etik Doniane'ra lagundu dit arek. Geio, Kaiet gizajoari iñon diran arreta ta lagundubear guziak gutxi irizten zitzaizkion neretzat. Zalgurditik onara berriz, nere Yosetxo txikia izan dut biderakusle...

YOSETXO: O aita! Ez zenuen batere nere bearrik-eta: bidea bereala ezagutu duzu.

PIARRES: Bear luke, ainbeste ta ainbeste aldiz igaro nauk ortik lenago! (Aitari) Etxea zer dan, aita! nola zertzen nau gure etxe zar ontan sartzeak! Iruditzen zait egiazki egundaño ez naizela emendik atera, amets gaixto bat egin dudala bakarrik. (Yoseri) Yose, ideki zaidak leioa, aize geiago ar dezadan... Zein gozoa dan gure mendietako aizea! Zein maitagarria ikusten ez dudan argi ori! Oi, nola arintzen didan biotza! (Zutik leioruntz) Au usai ederra! Egingo nuke ta gure aspaldiko muxika-ondoa dagoala or muxikaz makurturik.

YOSETXO: Bete-bete dago, aita... ta an arutzago, sasiaren gañetik ikusten duzu?

PIARRES: Ez, ez diat ikusten, maitea...

YOSETXO: Zer! aita, ez duzula ikusten, an, kurutze xuri bat, amatxoren obiko kurutzea? (Zankoen puntan, leioruntz, aita besotik tiraka arturik, esaten ditu itz oiek) Igande guziez joaten naiz loreak eraman eta otoitz egitera.

PIARRES: (Eskuaz bekokiari elduaz, aieneka) A!

YOSEPE: (Egurrak utzirik badoakio) Tira, Piarres, jarri adi. Ondo ago, ola... Orain esan bear diguk laburzki zertan ari izan aizen ortik zear?...

PIARRES: Ezer onik oz. (Ortan ixil)

YOSEPE: Ezagun duk nekatua aizela. Bereala piztuko diat sua ta bi arrautza erreko.

PIARRES: Ba! ez naiz gose..

YOSEPE: Eta... Zenbat egunez egon intzan ba Bordel'en?

PIARRES: Amar bat...

YOSEPE: (Joxetxo'ri) I, Joxe, nun dituk su-piztekoak?

YOSETXO: (Supazterrera urbildurik, tximiñi-gaña aztatu-ondoan) Emen ziran ba goizean. (Urrundik obeki ikustekotan, atzera egiten du apur bat) Oi, nun da arma, aitaita?

YOSEPE: (Ixiltzeko keña Joxetxo'ri, ta sakalean bear direnak arkiturik) Emen dizkiat-eta su-piztekoak...

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Beñat sartzen da.

 

BEÑAT: Nausia, eskaratzean gizon bat duzu; aurrera ez du nai; zurekin biok bakarrik itz egin bearra duala dio.

YOSEPE: Zer du berriz orrek? Kontrabando-ixtilluren bat?... Bereala naiz, Piarres.

 

(Josepe ta Beñat ateratzen dira.)

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Josetxo ta Piarres.

 

YOSEPE: (Aitari eskuak arturik ezti-eztia). Orduan, aita, emendik aurrera gurekin egongo zera beti, beti!

PIARRES: Bai, aurra, beti.

YOSEPE: Ez zera berriz joango beraz?

PIARRES: Ez, aurra, ez.

YOSEPE: Oi, aita, au poza!

PIARRES: Orrenbeste atsegin ematen dik orrek?

YOSEPE: Eiki, bai, aita! Igandean zortzi degu gero lenengo jaunartzea. Banakien nik egun ortarako etorriko ziñala.

PIARRES: Bai?

YOSEPE: Otoitzetan ez al diot gutxitan eskatu Yainko maiteari!

PIARRES: (irri beltz batez) Yainkoari eskatu?

YOSEPE: Bai ta biotzez, aita; egunero-egunero; Ola esaten diot: (Eskuak baturik) »Ene Yaun eta Yainkoa, nere aita maite-maitea zaitu zazu arren animako eta gorputzeko gaitz guzietatik, lenbailen eta al-bezin ondo itzuli dakigun etxera. Amen« Amak erakutsi zidan otoitxo ori....

PIARRES: Ama gaxoaz, oroitzen aiz. Yosetxo?

YOSEPE: Nola ez? Iduri zait ortxe dugula, andik, baratzeko esiaren gañetik guri begira.

PIARRES: (Malko bat xukatuz) Esak. Yoxe, geroxeago aren illobira lagunduko diak?

YOSEPE: Nai dezunean, aita; Aren obia lenbizikoa da, eskuira illerriko bidexkatik sartuta. Alkarrekin otoitz-egingo degu amarentzat. (Piarres'ek buruari alako eragin bildurgarri batzu) Zer dezu, aita?

PIARRES: (Asmo erabaki bat artu balu bezela, bat-batez xutitzen da) Utsa, utsa... ez diat ezer. Nekatua bakarrik. A! Yosetxo txikia, Yosetxo maitea! (besarkatzen du) Utzi nazak orain, atseden nadin. Oa Txuriko'kin jostatzera.

YOSEPE: Bai, baña zartua dago xakurra. Gutxi asko du unatzeko.

PIARRES: Alare oa arekin, maitea! eta, bide batez, esaiok Beñat'i nere puskak ekartzezo bereala... (Aurra ateratzen da illun aitari begi-begira).

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

PIARRES: Neretzat ez da geiago bizitzerik etxe ontan: Arrotz bezela naiz ni emen. Aitari gorde badiot ere, betiko galdua dut ikustea. Negar egiteko baizik ez ditut nere begiak! Ai, ezin eramanezko gaua! Alare, Gaxuxa emen banu! Alare, aren irudia semearen arpegian ezagutu albaneza! Ondikoz, semea somatu egiten dut, baña ez ikusten; eta somatze ori bera zein yasangaitza dudan! Beti itz berdiñak ateratzen dizkit aur orrek, ni emen sinismendunen artean sinismengabe bat naizela oroitarazten dit, langillien artean itsu alper izatea aski ez balitz bezala! Ez, ezin ninteke ola Patarburu'n arrotz bizi... Baiona'ko zine batean ikusia egin dezagun guk ere: »Illerriko bidezkatik sartuta lenbiziko obia eskuira esan dit Yoxetxo'k. Ongi da. Antxe Gaxuxa'ren ondo-ondoan bear dut nere burua il... (Kejaz) Eta Beñat'ek nere puskak ez ekartzen! (Aterontz) Beñat!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

BEÑAT: (lasterka eldu) Emen Piarres. Zalgurdian azturik utzita, auen billa pan bear izan diat.

PIARRES: (Otz-otz) Millesker. Zoaz lanera orain... (Beñat arriturik ateratzen da)

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

PIARRES: (Bidezorroatzaz) Ea, emen dut noski tresna ura! Ederki! (Ateratzen du browing bat) Aleman jeneral gizagaxoak, jostallu au kendu niokanean, ez zian asko uste frantses bat erre bear zuanik oraiño bere armatxo onek! Seguruago diat au, ez lentxeago aitatu diaten zizpa zarra... Diruz beartuta saldu egingo zian aita gaixoak... Ea, goazen! Naikoa dituk etxean ni gabe, aisa bizitzeko....

        (Yosetxo yostatzen aditzen du) Ea, Txuriko, ona... An ziak! Buxka. Ekarzak ba... (ta olakoak esaten) Barkatuko diak, Yosetxo maitea. Negar-eginaraziko diat; baña obe duk ola gaixoa. Geroxeago eorrek ezagutuko duk ongi egin dudala. Aitaitak bion orde, iruon orde maitatuko au, maitea.... Zuk ere, aita, barka zure semeari... Goazen betiko atsedetera!

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

YOSETXO: (Onenbestez oiuka ta yauzika eldu zaio) Aita, aita! (Piarres'ek bereala bere arma gordetzen du) A! Or zera! Zure billa bialdu nau aitaitak; zure zai dauzkazu ezkaratzean. Osaba Iñazio'ren idazkia, Naparroa'tik. Atoz, atoz nerekin, min ar ez dezazun! (Eta geldi-geldi eskuitik eramaten du).

 

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa