|     23-24 zenbakiak, 1933ko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

URTEURRENA

(Emakumezkoentzat bakarrizketa)

 

AROZENA'tar A.

 

1933'ko Antzerti'ren batzaldian

Lenengo saria

irabazitako Bakarrizketa.

        ANTZEZTOKIA: ate ta leyo ditun edozein erako gela.

        ANTZESLARIAK: etxekoandre gaztea, etxe-barruko jantzia.

 

        (Atetik bero itxuran sartuaz). Ito bear da sukalde

ortan. Izan ere gaurko egunaren sargoia...! A...! Bost minutun bederik ementxe egon nadin. (Arpegia aizetuaz). Igualeko prexkura dago emen...

        Andaluziko batek zionez ango bero kixkalgarriarekin arraultzak prejituak ateratzen omen dira; gaur emen prejituak ezezik kizkalduak aterako zaizkitela iduritzen zait. Eta... enetxua! merkiak daude ba oraintxe arraultzak nolanai alperrik galtzeko, lau peseta t'erdi dozena! lau peseta t'erdi... ezin diteke bizi! guziya goitik dabil, oso goitik... ia ba: dozena arraultz lau peseta t'erdi, libra xerra amabi errial, esnia lau txakur aundi litrua, porru-perrejil txorta txiki bat lau txakur aundi, aza-burua erriala, olioa iru peseta litrua, ogia ogei xentimo opilla, legatza iru peseta libra, bixigua, atuna, baratxuri, tipula, azanayo, azukre, piper, irin, babarrun, urdai, ardo, cafe... o...! guzi-guziya: goitik dabil, oso goitik, etxe-errenta berriz zer esanik ez... gurea seigarren bizitza baita...!

        (Alai ta asetasunez betea). Gaur zorioneko eguna det, gaur urtea ezkondu nintzala... gaur urtebete, ai...! gaur urtea Tomax senartzat artu nuala, ta gañera gaur ogei ta bi urte betetzen ditut. (Bat batean zaputz antzean). Eta Tomax gogoratu ez, gaur urtea ezkondu giñala, nik ogei ta bi urte gaur eta Tomax gogoratu ez. (Aldatuaz). Izan ere nere Tomax, To-ma-xi-to gajua... zoratu bearrean dabil bere lanakin, gizajoa oso lanpetua beti; etxeratzen danean ordea bere lan latzen ordaña jasotzen du. Ni, neronek esatea arroputzkeria badirudi ere, senarra zoriontsu egiten dakien emaztea bainaiz... To-ma-xi-to'k... xa-la-me-ra naizela esaten dit... azkotan erneazten etorri arren eta kaletik ni leyoan ikusi utzez alaitzen omen da, berak ametsetan ibilli oi zuan bezelakoxe emaztea omen naiz... etxekola, txukuna, alaia... gaztea, polita... ta batez ere... ai...! xurikatzalle! bai, ta ala biar ere, batzuetan senarra asarre dagonean goxatzeko ta bestetan... nik nai detana lortzeko; bañan xurikeri ta guzti ere askotan ez da errez izaten. Tomax beintzat ez da xamurra poltza askatzen, nik asmatu bear izaten ditudanak xox batzuek ateratzeko! Lengo egun batean Donostia'n oñetako polit batzuek ikusi ta erosteko ziltzaldi biziya sartu zitzaidan.

        —O Tomax, begira, begira, oñetako oyek bai politak...! eta bere erantzuna:

        —Bai, ez dira itxusiak, bañan soñean dauzkazunak politagoak deritzazkit.

        —Orpoan min egiten didate ordea, —nik, eta berak:

        —Berriak biatz muturretan egingo dizute ba, esanaz, beso ondotik artu ta ikustegi edo eskaparatetik atera nindun. Tomax beratzearren zaputz antzean jarri nintzan, buruko miñez negoen itxura egin ere bai baña Tomax'ek nere aitzeki maitzekiak igarriaz onela dio:

        —Zapatak oñetan min egiteak enau arritzen baño buruko miñik egin lezakenik ezin sinistu det.

        Nere Tomax'i ziririk sartuko dion emakumerik ezta. Ni luzia banaiz bera ez da motela!

        Baña utskeri oyek alde batera utziaz nere Tomax oso ona da; zakar xamarra, batzutan, ori bai, baña ona... O! gatzik gabeko ogiya baño obia. San Antonioyori eskerrak nik nai bezelakoxe senarra egokitu zait.

        Tomax baño len zenbat izan nituen atzetik! Neronek ezagutzen ditudan amaika nexkatx badaude sukalde bazterretik atera gabe mutillak begiratzen ez diotelako; nik beintzat ez nuen orrelako estuasunik izan, egunero bat edo beste banuen! mutillak... puf! nai aña, ostikoka... (Beatzakin zenbatuaz) Josetxo, Juanito, Pako, Iñaki, Pello, Benjamin... Moexto, Anastasio, «Goiko-errota»'ko Patxi, Joxe, Sabin, Mikel... «Zubiaurreko» Joxe Mari, Mendizabal'eneko Anton... Urbaneta'ko Federiko... Jon indianua (Bat batean) o! au zarra zan, nere aitona izan zitekiena, izketan ere etzekien, Arjentina'ko gariyak gora, Arjentina'ko beyak bera, besterik etzuan asmatzen. (Alai oroituaz) besteak... Iñaki, mutil bikaña... baño... arroxko xamarra, Josetxo dantzari ariñetan ariñena baño... parranderua, Moexto argiya ta pizkorra baño nexkatxen aurrean itz totel, Goiko Errota'ko Patxi... zenbat nexkatx ikusi ainbeste nai zituana, Benjamin... illundu ta gero bakarrik etortzen zan nere billa, Anton Amerika'ra jun zan, Joxe Mari... au bai zala mutilla, baño... ai...! jesuita sartu etzan ba? Azkenean Tomax azaldu zan... o...! Tomaxito... auxe izan zan nere biotza dar-dar jarri zuana, Tomax, Tomaxito... auxe izan zan gaur urtebete aldare aurrera eraman ninduna... gaur urtebete... (Zaputz antzean) gaur urtebete bai, ta Tomax gogoratu ez! gizonak orrelakoxeak dira, bein ezkondu ezkero ez dira ezertzaz gogoratzen, (Asarre) noiz ezkondu ziran ere ez! xurikeriak beretzat bakarrik nai izaten dituzte gizonak, ezkontzako urteurrena bezela Tomax'ek egin bear zizkidan ba gaur neri, ezta? Ba, ez, ezerrez... Zakurrak bezela atera ta kito! A, gizonak berekoyak dira, (oldozkor) Berekoyak...? ala ote dira ba? (Aldatuaz) ez, ez... tira... ezagutu bear da gizonak bere «negoziyo» ta eginbearrakin oso lanpetuak ibiltzen dirala, e?... Tomax'i ere ori bera gertatuko zitzayon gaur; egun abetan zoratu bearrean bai dabil.

        Baña laxter bazkaltzera etorriko da ta eskalletan sartu orduko sukaldetik zabaltzen dan usai goxoak xudurrak kilimakatuko dizkio ta zerbait gogoratu arazi ere bai. Izan ere, ori bazkaria jarri det. Gaur nere xurikeri bearrik ez du izango Tomax'ek, bazkaria bera da naiko xurikerigarri; izan ere au bazkaria!: Bitartekotatik, «entremesak», mota guziak; sopa, izarrez josiya; perretxiku-tortilla; otarraia bere adar, atzapar gorri ta guzi aldamenean mayonesa ori-ori duala; bost illabeteko ollaxko guri-guria tontorka bat letxuz ornitua; xaltxa goxo-goxotan eperrak; postriak ere guziak neronek egiñak: baratzako marrubi gorri-mardulak eta krema... se¡ arraultzakin egiña! ta Mendaro'ko bizkotxoz inguratua. Tomax-i krema gustatzen zayonarekin a zer platerka jango duen! (Oroituaz) A, ta gañera Mendaro'ko gertaera gogoratuko zayo ta ja, ja...! a zer algarak egingo ditun! Neroni ere gogoratu utsez lertzeko zoriyan jartzen naiz... Gertaera ori benetan parregarri da gero... Tomax bultzian edo trenean Bilbao'ra zijoan batean bere aldamenean andaluz bat omen zuan. Mendaro'ra eldu ziranean, oi bezela mutiko ta nexka koxkorrak bere saskitxoak eskuetan zituztela ojuka asi ziran «Bizcochos de Mendaro... Bizco... chos de Mendaro»...! ta andaluzak arrituta onela omen dio: Qué dicen...? Bicocho remendao...? ja, ja...!

        Ba krema ondoren akeita, kafia, tranpik gabekoa, puru-purua; txola orain ogei urtekua ta txokorra... (Besoa erakutziaz) onenbestekua bai, a zer keak aterako dizkion Tomax'ek!

        Aurrerantzean etzayo aztuko ez gaurko egunez bere emaztetxoaren urte-betetzeaz gañera ezkontza-urteurrena dala... (Pozez zoratu bearrean) Laxter, laxter... eskalletan sartu ta oi ez bezelako usai gozoa nabaitzean.., o...! arrituta etorriko da... a zer poza ekarriko duen! (Une onetantxe asieran antzeslaria atera dan gela aldean zalaparta-aundika gizaseme abots zakarrez itz abek entzun bitez:) Zer da au...? Uf...!! Zer ke ta zer usai arraye dira abek... (Estulka ta zalapartaka jarraitu).

        (Oso larritua) E...? Ene... Tomax da... bañan zer gertatu ote da sukaldean...? (Gogoratuaz) A...! Krema erreko zan!! Ederra egin diat!!

 

ZAPIA

 

aurrekoa | hurrengoa