|     31 zenbakia, 1934ko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

 

BIGARREN BATZALDI TA SARIKETA

 

        Euskel-Antzertiari aurrerapen bultzada ematearren Antzerki-batzaldi au zabaltzen da «Euskaltzaleak» saritzen dutena ta «ANTZERTI»'ren bidez eratua.

 

BALDINTZAK:

        1'go.: Edozein motako ta zer nai gaiz ta mamiz idatzitako antzerki-lanak artzen dira. Ekitaldi bat ala geiagotan, epaikarien iritzian egoki ta antzezgarri izan ezkero.

        2'g.: Batzaldi onetara sartu nai duten egilleak bidali litzate lanak, luzeena Urria'ren 31'gn. arte zuzenbide au ipiñiaz «Antzerti» (Editorial I. Lopez Mendizabal — Tolosa) edo ta «Euskaltzaleak» (En la Diputación de Guipúzcoa — San Sebastian).

        3'g.: Antzerki-lanok jatorrak (originales) bitez, norberak sortutakoak eta ez beste izkeratik itzuliaz.

        4'g.: Epai-iritzia toki ontan bertan azalduko da ta aren aurka ez dago iñora jotzerik.

        5'g: Saritutako antzerkiak «Antzerti»'n argitaratuak izango dira ta oni dagozkio jabetza ta eskubide guziak.

        6'g.: Saritu gabekoak egilleak jaso litzazteke ta eskatu ala biurtuko zaizkie.

 

SARIAK:

        Auek dira eskeñitako sariak:

        250 pesetako saria, Antzerki-lan onenari ekitaldi bat ala geiagotan idatzia.

        150 pesetako saria, bigarrenari.

 

        75 pesetako saria: bakarrizketa, aur-jolas edo antzeko lantxo onenari.

        25 pesetako saria, bigarrenari.

 

Oarrak:

        Egille ta idazleak ez bezate aztu antzerkiok irakurgai ez ezik antzezgarri izan bear dutela; Teatro-kutsua zaiela bearren. Au ez ba'dute ez dute ezer. Teatroa jolasa dala ta ikusleen barruraño irixteko, noiz par, izkirimirien bidez, eta noiz negar, zoritxarren otsikaren indarrez, nolanai ere, ez dedilla beñere luze ta aspergarri izan. Antzertiak bere lege ta arauak ditu ta ez diteke tajuzko antzerkirik idatzi aiek ondo ikasi gabe.

        Azkenik, gure antzez-leku geienak txikiak izanik ta antzezlariak berriz duarik lan egiten dutenak, ez bai dira ortatik bizi, idazleai eskatzen zaie antzerkiak egin ditzatela alik eta ikas-errez eta antzez-errezenak.

 

 

Antzezlariak opor...

 

        Urte sasoi au atseden artzeko obea izaten da. Orregatik gure antzezlari-talde geienak geldirik daude: «Dolce farniente'n» edo. Geienak bai; ez ordea guziak.

        Arrasate'n bertako «Euzko Gaztedi'koak» Uzta'ren 14'n «Zanpantzar» Alzaga'ren iñauteri, irri-antzerkia antzestu dute.

        Arrasatearrok datorren negurako talde bikaña osatzeko bidean dijoaz. Sariketara baldin ba'datoz, uste degun bezela, lanak emango dituzte.

        Uzta'ren 22'n Lazkano'ko antzezlari taldeak Ataun'go areto berrian «Neskazar», au ere Alzaga'ren antzerkia agertuak dira.

        Goierri'n ere euskel-antzertia zabaltzen ikustea pozgarri zaigu.

 

 

«Teatro Vasco»

 

        Izen onen pean Verdes Atxirika etxeak laister idazti bat argitaratuko du Nikolas Biar antzerkigillearen lanak bildurik.

        Erderaz idatziak dira bañan euzko gaiz eta mamiz tajutuak.

        Giar asko ezba'du ere leun eta atsegiña da Biar'en tankera. Bere antzerkiak oso maiz antzeztu dira, euskeraz egiten ez dan abertzale antzokietan.

        Antzerki oriei arrera ona berriro egingo zaiela deritzaigu, aspaldi ez bai zeuden iñon salgai.

        «Teatro Vasco» azaldu ala zeatzago azterketa egingo diogu gure iritzia azalduaz.

 

 

Radioz...

 

        Ez da lenengo aldia radioz euskel-antzerkitxoak entzunak gerana. Donostia'ko irrasaiotatik zetozen. «Antzerti»'k garaiz, lerro auetan, berri eman zigun. Udara ontan ere Uztaren 18'n lasartearrok irrasaioz ekin dute: «Mox, Miss, Xapi!» antzerkitxo arin eta polita zutela gai. Lasarte-oriatarrak aitatu ezkero ez dago esan bearrik Arozena'tar Andoni zutela buruzagi. Gure adiskide maitearen lana da ori. Zorionak. «A-bi»!

        Ernaniarrok gutxiago ez izatearren azken irasaioan antzerkitxo bat esan dute. Alzaga'ren «Asentxi ta Kontxesi» elkarrizketa. Egiguren eta Toledo andereñoak mintzalari.

        Radiorako antzerki-lan bereziak idazten leia diranak ba-dira. Ez bai-da berdin jendeak entzun eta ikustea batera; edo ta entzutea bakarrik, ikusi gabe. «Tele» ikuskizuna atzera dago oraindik.

        Tristand Bernard parantzetar antzerkigille ezagunak L'Ilustration'en argitaratuak ditu, radioz bidaltzeko zenbait antzerki. Beste batzuek ere izango dira bazterretan.

        Azteazkenoroko euskel irrasaioetan, noizik bein onelako bat sartu bear lukete.

Entzule

 

 

Aolkuak

 

        Idea edo gogai «ba ezpakoa» dago gure artean antzerki aberkoia danari buruz. Askok usten dute antzerkian ez ba'da aitatzen politika arakoa; ez bada esaten, aria etorri ala ez, euzkotarrak gerala eta ez beste ezer. Gure aberria Euzkadi dala edo beste onelako aitorpenak; azkatasuna gora ta bera; ta bear ba'da ez ba'dira bizpairu antzez-lagun erailtzen, usten dute, ura ez dala antzerki aberkoia. Oker au zuzentzearren zerbait esan nai nuke.

        Abertzaletasuna zabaltzeko egia da, egin ditezkela antzerki lan ederrak. Orretarrako Teatroa biderik onenetakoa da. Bañan ez da aztu hear lenen-lenengo baldintza Teatroa'n zur eta neurriz jokatzea dala.

        Antzertia adierazle (medio de expresión) indartsua da; au gauza batengatik: jolas arazi, samur arazi, biotzondoa ikutzen dualako. Sentzun guzien bidez sartzen da antzerti-gaia giza soñean, gogoraño elduaz. Ikuslea berriz, geienetan antzoki batera joaten da, oarkabe, aldi atsegin bat igarotzera. Aldarte ortan dagolarik guzia ontzat artuko du: asperraldia, gogaikeria ez ezik. Beraz, antzerki batean sartzen ba'ditugu itzaldia, sermoi ondoren, bakarrizketa luzea emendik, ikasgai aztunak bestetik, sentzun edergoseai ezer eman gabe, ikusle ura asper-asper eginda, ez da geiago antzokira joango.

        Gogai bat, abertzaletasuna, kristautasuna, esate baterako, sartu nai ba'da, antzerkitik ixuri bear du iturritik ura bezela. Gañera zuzenean baño zearka obe; iturria ikusten ez dala.

        Gure gauzak; izkuntza, oitura, izate osoa maite arazten dun antzerkia, aberkoia da besterik gabe. Lana ondo egiña bedi ta gañerako elburuak iritxiko ditu. Zenbat eta obeto tajutua izan, orduan eta barrenago gogaiak sartuko ditu. Antzerki batek, ostera, abertzale purrukatua izanagatik, lurra joko du ez ba'dago, teatro arauz ezagueraz, graziz egiña. Abertzale berri gutxi egingo ditu.

        Euskel Antzertia jaso zagun eta batera jasoko degu Aberria.

        Azkenik, ez aztu beñere, antzerkia ondo antzeztua izan bear dula, ondo ta txukun azaldua. Zer balio du bestela?

        Onetzaz aurreko zenbaki batean jardun giñan eta orduan esandakoari eusten gatzaio.

Mantxingorri

 

 

«Buruzagiak»

 

        «Euzkerea» aldizkingi ederrak asi zan lanari jarraiturik, Pearse irlandatarraren «The Singer» antzerkia euskeratu digu. Gure azken zenbakian adierazi gendun Sota Aburto jaunak erderaz itzulia zala, izentzat; «Caudillos» emanik. Orain itzulpen ontatik, Altuna jaunak euskeraz jarri du «Buruzagiak» deritzala. Gure batzoki ta euzko-etxeetan gogoz antzeztua izango dalakoan gaude.

        Mendigoizaleak bai'ditu antzez-lagun...

 

 

«Biotz-Ameskorra»

 

        Oraintsu-orain jaso degu beste antzerki bat, erderaz idatzia bañan euskel kutsuduna; eresi ta guzti gañera. Oso ederki argitaratua dago Bermeo'ko Gaubeka etxean. Antzerki onen egille Luis Villalonga jauna da. Bermeo'ko Antzoki-Berri'n lenengoz antzeztu zuten aurten Ilbeltzaren 13'garrenean.

        Biotz-ameskorra edo «El corazón de Victor Irueta» onentzako edergarri ta apainketak Uzelai margolariak egin zitun.

        Akatz aundi bat du guretzat antzerki onek; erdera mordolluan idatzia izatea; ez euskera ta ez erdera; ez aragi ta ez arrai; euskalduna lotsagarri azaltzea. Gauza itxusi ta entzungaitza gañera. Onela ezin egin diteke lan ertitsurik... ta gutxiago erri altxagatirik...

 

 

S. Prantzizko'ren bizitza

 

        Donostia'ko Euzko-Abesbatza'koak ikasten asiak dira: «La Vie profonde de St. François», eresi-antzerkia. Izkia Gheon idazle parantzetarrena da, Sabiaga euskaltzale jakintsuak euskeraz itzulia. Eresi ta musika zati guziak berriz gure A. Donosti ospatsuak sortu ta landuak.

        Lan eder eta sakon au datorren udazkenean abestu nai dute Donostia'ko Victoria-Eugenia antzokian.

        Zer-nola geiago urrena adieraziko ditugu.

 

hurrengoa