|     32-33 zenbakiak, 1934ko abuztua-iraila [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

 

SARERA-LEGEA

 

        Negu-atadian gaude. Au izaten da teatro-aro berriari asiera emateko sasoia.

        Aurtengo teatro-aldia gero ta biziagoa igarotzea nai genuke. Biziaz gañera antzezkizun on eta ugariak eskeintzea opa diogu gure antzezlari taldeai. Gerora urratsak utziko dituzten antzezkizunak. Auek ez dute izan bear ikusle-entzuleak jolastu ta parregin arazten ditunekoak bakarrik; jendea alaitu ainbat, ezi, erakutsi ta onbidetuko dutenak baizik. Antzertia'k, asmo goitarrez betea ba'dago, biotza ikutzen du, gizakumeak une batzuetan, bederik, lurreko itxuskeri ta txarkeritik aterata On eta Eder'en magalera urreratuaz.

        Teatro-sasoi onek beste gauz on bat ba-du: Antzezlari-talde ta Elkarteai txanponak ematen diela. Ea bada aurtengo aroan peseta onak jasotzen dituzuten. Au da gure gutizia, zuek diruz ondo ba'zabiltzate guretzako ere zerbait elduko bai-da!

 

* * *

 

        Lekeitio'ko antzezlari taldea degu Euskal-Erri guzian langille ta gallenetakoa.

        Udara joan urduko Irailla'ren 30'gn. antzerki jai bat antolatu dute «Buruzagiak» eta Errotazuri'ko Urretxindorra antzezturik. Zorionak zuei, lekeitiarrok. Jarrai bide ortatik.

        Donosti'ko Euzko-Etxea'ko talde ospatsu ta guzien artean zaarrena bere lanari Urria'ren lenengo igandean asiera ematekoa da Poxpolin-antzokian. Beste asko: Errenderi, Lezo, Alegi, Beasain eta abar gertutzen ari diran berriak ditugu.

        Orain guzioi eskaritxo bat egitera goazkitzue: alegia, egitarau-programa orri berezietan argitaratzen ba'dezute, arren, eta arren, korreoz (bi xentimoko selloz) Antzerti'ri ale bana edo bi bidali zaiozutela. Gure artxiborako balioko agiriak izango bai-dira. Esker aunitz aldez aurretik. Emen gaude gu ere zuen agindura.

        Aurtengo aroa izan dedilla guziontzat emankorra!

 

 

«Mendi-Mendian»

 

        Joan dan Agorra'ren 26, 27 ta 30'gn. Donostia'ko Victoria Eugenia antzokian, «euskal astea» amaitzeko «Mendi-Mendian» Usandizaga'ren opera ederra abestu dute. Antzezkizunak gain-gañekoak izan dira. Aski da esatea «Orfeon Donostiarra» zala eratzalle.

        Agirregabiria ta Campiña abeslariak garaipen osoa lortu zuten. Orobat beste guziak: abeslari-talde, dantzari, orkesta ta abar. Onen buru Usandizaga Erramon, Joxe Mari'ren anaia izan zan. Txalo-jotzen otsak amaigabeak. Jendea berriz ere «Mendi-Mendian» entzuteko gogotan gelditua da. Izan ere musiko aundia degu Usandizaga'tar Joxe Mari!

 

 

«Lizardi-Antzokia»

 

        Ona emen gure irakurleai atsegin izango zaien berri bat: Zarautz'en «Aberri-aldez» bazkunak jasotzen ari dan antzoki berriari «Lizardi-Antzokia» izena emango zaio.

        Antzoki-berriaren lanak Laskibar arkitektoaren zuzendaritza-pean oso aurreratuak dijoaz. Eguberritarako zabalkundea egiteko asmotan dira. Asmo eder onek txaloak merezi ditu. Lizardi'tar Xabier zanaren (G.B.) oroipena omentzeko zarauztarrok ezin suma zutekean gauza oberik.

 

 

XIRGU-BORRAS

CALDERON

 

        Nork ez du entzun izen orietaz mintzatzen? Xirgu-Borras antzezlari aipatuak. Katalandarrak izanagatik eta ango izkeran eziak, gaztelaraz ere España guzian onenetakoak dira. Batez ere, gaur dan egunean, teatro Klasikoa antzezten txapeldunak.

        Xirgu-Borras antzezlari taldeak aurten Merida'n antziñako erromatarren antzoki agirian, era zarrera, antzezkizun batzuek eman dituzte. «Elektra» ta «Medea» grezitarren teatro'tik aldatuak izan dira antzeztutakoak.

        Jende asko joan omen da ikustera. Ikusleen artean Republika'ko lendakari jauna ta beste zenbait.

        Xirgu-Borras lagundia Donostia'n izan degu Agorraren azkenean. «Teatro Principe» deritzan antzokian lan egin dute.

        Agertu dizkiguten antzerkien artean onena, ene iritzian, «El Alcalde de Zalamea» izan da: Calderon de la Barca'ren antzerki ospatsua. Orregatik Calderon'en izena, Xirgu ta Borras'enarekin batera ipiñi ditugu goian burutzat. «Zalamea'ko aikatea» oso ikusia izan arren gero ta ederrago zaigu. Asnas luze, iraupen eta benetako indarra bai ditu antzerki orrek. Antziñan bezenbat, gaur, oraintxe. Errien eskubide ta agintari geiegikerien arteko burruka betikoa bai-da.

        Erria, kristautasunaren bidetik dabillenean arrazoi du bere alde, naiz errege ala izkilludunen almenaren aurka.

        Ontan «Alcalde de Zalamea», Calderon de la Barca apaiz jakintsu ta goitarrak idatzia eredutzat artu diteke. Lurbira guzian aitortua dago: Rusi'tik Ameriketaraño. Calderon itz neurtuetan On eta Eder'en goi malletara irixten da. Entzuteko bertso atsegiñak ba'dira, ikasteko arego: oldozpen sakonez josiak.

        Alkate ori azaltzen Borras añakorik ez da errez arkitzea. Ezin da obeto dago paper ortan: itxuraz, abotsez, ximikoz. Ez da nolanai onelako antzezlari bikoa «Xirgu-Borras» eta «kompañia» ikusten. «Antzerti»n aitatzea bidezkoa zan.

        Ez da lenengo aldi Calderon'¡ euskeldunen artean omen egiten zaiona.

        Manterola'tar Jose argidotarra Euskal-Erria aldizkingiaren zuzendari izan zanak 1881 urtean, au da Calderon il zaneko bigarren eunkiaren mugan, bertso eder batzuek opa zizkion. Apaldi bi bederik emen aldatzera noa gure irakurleak ezagutu ditzaten:

 

                «Amets bat zala bizitz au zion

                Errañu utsa gure usteak

                Irudipen eta zorabioa

                Munduaren gora berak;

                Engañio ta utsirudia

                Lurreko gauza guztiak

                Iruditzean gure on ta atsegiña

                Ala nola gure penak

                Amets bat oso gure bizia

                Ta amets utsak gure ametsak.

 

                Bai batiteke izan liteke

                Ametsa dala bizia

                Izan liteke mundua ametsa

                Ametsa ere guztia;

                Bañan zerutik zauden tokitik

                Baldin bada ikusia

                Zure omenean gaur egiten dan

                Otsandi zoragarria

                Ez dezu esango ametsa dala

                Iritxi dezun gloria».

 

        Ontaz gañera Calderon'en zerbait euskeratua ba-dago bazterren batean. Oker ez ba'naiz Eusko-Ikaskuntza'ren sariketa batera Alcalde de Zalamea'ren itzulpen oso bat aurkeztu zan. Gaur, erbestean, Calderon'en lanak antzezten ari dira. Gure gorasarre onena euskeraz Calderon'en lanen bat argitaratzea litzake. «Yakintza» aldizkingiak ta «Euskaltzaleak» dute itza.

M.

 

 

«Katalin»

 

        Izen polita, ez da ala? Bada onela deritza Bilbao'n Urriaren azken aldera antzeztu duten eres-antzerki berri batek: «Katalin».

        Eresiaren egille Etxebarrieta'tar Joxe mutil gaztea da. Izkia Garai jaunarena. «Katalin» ikusi ta entzutera joan diranak arrituta geldituak dira, batez ere, «Katalin»en musika ogei urte ez dituan gazte batek sortua dalako.

        Etxebarrieta Lekeitiar musikalari gaztearen izena bat batean edatu da. Ereslari aundi bat izango dan itxaropen osoan daude ezagutzen dutenak.

        Paris'era joana da ikaskizunak jarraitzera.

        Arriaga, Usandizaga, Guridi, Azkue, Donosti Aba ta beste ereslari euskeldun askoren mallara irixtea opa diogu.

 

 

Senda Zaharrak

 

        Euskel-prantzez aldizkingi batean auxe irakurri degu:

        «SENDA ZAHARRAK» de Alos, c'est un groupement ayant pour but particulier de promouvoir le théàtre basque». Ori ondo alostarrak!

        Ekin euskel teatroa suspertzearren. Ea «Senda Zaharrekoen» berri noiz degun.

 

hurrengoa