|     34-35-36 zenbakiak, 1934ko urria-azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EKITALDIA

 

        Uri txiki bateko «Bar-restaurant» izeneko jatetxe-edaritegi txukun bat. Eskuitik lenen, etxe barrurako atea; ondoren salmai edo «mostrador» egokia; onen urrengo sukalderako atea.

        Ezkerretik tokiak amairik ez du, barruan ayenatzen da; baña au alde bitan bananduaz, antzeztokiaren erdi ingururaño datorren leiarrezko itxitura bat. Lenengo erdiak jantokia iduri; goikoak edaritegia; ta eskuiko salmaitik biak ageri. Itxituraren leiarrak-zear eta onen gañetik ere goiko aldea ikusi egiten da.

        Goitik erdi-erdian kanporako ate zabal leiarduna. Ezkerretik lenengo aldean, kanporako beste ate bat barruan ustez izango da. Alde bietan: maitxo, alki ta abar onelako tokietan oi bezela; guztiak txukun eta egoki jarriak. Bear-bearreko da maitxo abetako bat ezkerretik lenengo aldean itxitura ondoan jartzea.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Karmele, Tximutx, Soloeta jauna,
bezeroak eta jero Txomin.

 

(Oiala jasotzean Karmele salmaian dago langille antzeko bezero bat baxo erdi edaten aurrean duala. Soloeta jauna, ezkerretik lenengo aldean dagoen maitxoan jarrita, zerbait artu ondoren izparringi bat irakurtzen geldituta. Goiko aldean baita, leiarrezko itxitura-zear ageri dirala beste iru bezero baserritar antzekoak maitxo baten jokoan. Tximutx goiko ate zabalean, kanpoan dijoazen norbaitzuei begira bezela.

Oiala jaso ta bereala, edaten zegon bezeroak Karmele'ri «Tori» esanda berea ordaintzen dio ta eskua burura jasoaz agur egin ondoren goitik irteten du, Tximutx'en ondotik igaroaz. Au barrura sartzen da.)

 

TXIMUTX: (salmai ondora dijoala, Karmele'ri) Eztaitarren batzuk edo igaro dira ortik oraintxe. Olde-on eta jolas gogodun neska-mutil gazte taldea... Bazkari ona egiteko itxaropen nik baño obea izango dute-ta!

KARMELE: (ixekaz) Berengana inguratu zaite. Bazkaldar bat gora-bera ez da gaur oien maian ezer asko ezagutuko.

TXIMUTX: (lendik aterea zeukan baxo ardoa artuaz) Ez ditut nere ezagunak, geiagoko gabe berengana orrela inguratu nadin. Ez naiz orren lotsagabekoa. Gañera, ni bezelako beartsu arloterik ez du iñork aldamenean nai izaten, Karmele.

KARMELE: Egia. Baña zeran bezelakoa izan nai dezunez, ez dezu noski gauz orretaz zer esanik izango?

TXIMUTX: Bai orixe! Zeren errua det nik Jaungoikoak onelakoa egin ba-nau?

KARMELE: Jaungoikoak ez du bear ez bezelako gauzarik egiten. Zuk orrelakoa izan nai dezulako zera zu beartsu arlote, Tximutx.

TXIMUTX: (indarrez) Neuk onelakoa izan nai detalako... ez! Ludi ontan gauzen banaketa gaizki egiña dagolako... bai!

KARMELE: (astiro) Betiko leloa ori zure gisakoen artean.

TXIMUTX: Noski. Begi aurrean daukagun egia da-ta. Ludi ontan ez gera guziok berdin bizi! (ixil-unea) Batzuk, (esku biak kanporontz erakutsiaz) orrela: bapo jan ta edanaz. Besteok, (esku biaz baita bere burua erakutsiaz) onela: beartsu, arlote, goseti...

KARMELE: (ixeka geiagoz) Egia diozu. Ludi ontan ez dago gauzen banaketa ondo egiña ez. Batzuk, beti lan-pean, beti neke-pean asko ta asko ikusten ditugun bezela. Besteak, beti atseden ederrez, bañare lan eta neke gabe, zu beti arkitzen zeran bezela...

TXIMUTX: Betiko leloa ori ere, zure gisakoen artean.

KARMELE: Noski. Begi aurrean daukagun egia da-ta. Lanaren banaketan berea jaso nai izan ez duanak, sariarenean ez du ezer eskatzeko eskubiderik.

TXIMUTX: (lotsagabez) Ez naiz eskubide orren gura. Lanaren saria ttattar argala oi da-ta. Egundo lanik egin gabe nai guzia dutenak, asko dira ludian.

KARMELE: Baita beste asko, zu bezelako alper pardelak elikatzeko lan egin bear dutenak.

TXIMUTX: Tira, Karmele, sermoerik ez det nai.

KARMELE: Ez naiz ni ere alperrik jardun gura.

TXIMUTX: (edan ondoren) (ez-aditu egiñaz) Ain alperrik!, duan jardun bearrez ziñake. (praka-zakeletik dirua atera ta salmai gañean utziaz) Tori: Baxo-erdi au ordaintzeko lain besterik ez det. (sakel zorroa ateriaz) Etzait txintik ere gelditzen!... ai!... ai!... ai!... bazkari ona egin al izateko itxaropen ederra!

KARMELE: Zor dizkidazun baxo-erdiena artu al izateko itxaropen ederra!

TXIMUTX: (lotsagabe) oi!... nik zorrak ordaindu?... ori ere esan!

KARMELE: Jakiña: ori ere esan! Nork ikusi du egundo Tximutx bear dan gauz bat egiten?

TXIMUTX: (bereala) Ezta bear ez danik ere.

KARMELE: Ez ba; ezer ez egitearren; alperren alperrez.

TXIMUTX: (jarduera aldatuaz) Entzun Karmele; zuretzat onura da, zor dizudanik ez ordaintzea.

KARMELE: Geiegi aberastu ez nadin izango da.

TXIMUTX: Ez. Beste gauz batengatik zaizu on dizudan zorrik ez ordaintzea. Ara: bereala aituko dezu. Iñori artzekorik izan ezta, salmai ontan ez zenduke nagusitasunik. Guztien otsein, guztien menpeko izan bearko zenduke.

KARMELE: Ez dakit zer esan nai dezun.

TXIMUTX: Argi dago ba, (ixil-unetxua) (bitarte guzian Soloeta jauna noizik bein besteai begitu, abek diardutena entzunaz berriz ere irakurten gelditzen da). Bear bezela berea ordaintzen dizunari nai-ta-ez beti ondo egin bearrez arkitzen zera; naiz eta atsegin ez zaizun notiña izan. Arpegi ona jarri bear, ondo egin bear, ematera etortzen zaizu-ta; bere bear zera-ta. Entzun nai ez dezun gauzaren bat esan dizula; aserre gabe entzun egin bear. Nai ez dezun edo bear ez dan gauzaren bat emen egiten duala; zuk apal-apal jasan egin bear. Zu beti, onera ematen datorkizun guztiaren otsein.

        Gauz neketsu ta gogorra ostera, beti burua makurtu bearra. Baña, neke ta jasan-bear orren aringarri gaituzu ni ta ni bezelako zor ordaintzalle txarrak. Beñere emen azalduko ez ba'gintzazke obe zenduke-ta, gure gain nagusi izateko azkatasuna ematen dizugu.

KARMELE: Ez dago gauz orren antz aundirik; beintzat, etxetik jaurti ezin zaitut.

TXIMUTX: Etxetik jaurti ezin baña, nai guzia esan bai. Ni bezelako zor-ordaintzalle nolabaitekoari, purruxtadatxua errex...

KARMELE: (beti ixekaz) Gizajo errukarria!

TXIMUTX: Naikoa errukarri. Zorrik ez ba'nizuke, nola ausartuko ziñake jarduten didazun bezela jarduten, eta agintzen didazun bezela agintzen? (antzartuaz) «Kendu zaite ortik Tximutx, traban zaude-ta». «Jeiki zaite ortik, Tximutx, beste batek exeri bear du-ta». «Joan zaite»... «Ixildu zaite» «Alde egin zazu»... Ta orla beti, menpekoai bezela agintzen.

        Guzia, baxo-erdi batzuk zor dizkitzudalako. Dizutan zorrak nere gain ematen dizun nagusitasunak, ez al du txindi apur orrek baño geiago balio?... (ixil-unea) Bai ondotxo!

        Zordun ez ba'nitzaitzuke, zikin arlote bat naizen oni ere, zuk ondo egin bear. Zarpallu onen ere, menpeko izan bear... Orra zergatik on ez zaizun, nik nere zorra ordaintzea, Guztien menpeko izan bearraren nekea agintzen dizut onela.

KARMELE: Izketan jakintsu bat dirudizu, Tximutx.

TXIMUTX: Izketan, eta... egiteetan dirudit orixe: Naizena.

KARMELE: (ixeka aundiagoz) Soñeko jantzian ere bai.

TXIMUTX: (ben) Laister, orretan ere bai.

KARMELE: Bai? Ardo ordez jaboya erosteko asmotan ote zera?

TXIMUTX: Nitzaz arduratuko dan emazte on bat artzeko asmotan.

KARMELE: Zu ezkondu, Tximutx?... ja! ja! ja!

TXIMUTX: Zergatik algara ori Karmele?

KARMELE: (parrez) Ez da gogo makala bear, zurekin, alper pardel orrekin ezkontzeko!

TXIMUTX: Aaaaa...ra! Zuri entzunda, edozeñek esango luke oraindaño ez dala alper pardel bat ezkondu, (une ontan, Txomin eskuiko atetik sartu, ta aurreratu gabe, entzuten atean gelditzen da).

KARMELE: Nik ez det beintzat zu bestekorik ezagutzen ezkonduta.

TXIMUTX: Bai orixe; besterik uste ba'dezu ere. Gertatzen dana da, zenbaitek garaiz ezkontzen jakin izan duala. Amaren magaletik, emaztearen besoetara jarraituan; bere gain iñoiz bizi izan gabe; ta iñork ez daki orrelakoak emazte gabe zer izango ziran.

KARMELE: Zu bezelakoak, ezkonduta ere, zer diran ezagun izaten dute.

TXIMUTX: Ez guztiak. Garaiz zu bezelako emazte langille zintzoa artzen jakin duanari, nork igarri ezkondu gabe, bere gain, zer izango zan?

TXOMIN: (aurreratuaz) Zera izango uke! Eure buruaz berdin nai ote gaituk?

TXIMUTX: (Txomin'gana bira emanda) Orretan ezer txarrik egiten al det, Txomin? Ez da iñor ludi ontan, deunen bat izan ezik, bere burua besterena baño txarragotzat duanik.

KARMELE: (Txomin'i) Arrapa zazu ori!

TXOMIN: Ez errex, izketan beintzat.

TXIMUTX: (goiko aterontz dijoala) Ez beste ezertan ere ik.

TXOMIN: (Tximutx'i) Zer esan dek ori?

TXIMUTX: (atetik) (tolez aundiz) Ire bazkaria emazteak irabazi dikala onezkero; baña nik nerea nola edo ala irabaztera joan egin bear detala. (bijoa).

TXOMIN: Lanean edo? (bitarte ontan zutintzen da Soloeta jauna, izparringia tolestu ta sakelian gordeaz).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Karmele, Txomin ta Soloeta.

 

SOLOETA: Tximutx ori baño notin lotsagabeagorik! Zurekin euki duan izketaldia jasan eziñik egon naiz, Karmele.

KARMELE: (salmaitik kanpora irtenaz) Zer egingo zaio ba Soloeta jauna! Ori orrelakoa da. Eta okerrena da, ezin degula etxetik jaurti.

SOLOETA: Bai, bai!... Beti emen dezute.

KARMELE: Eta orain aldian beñere baño geiago.

TXOMIN: Zure erruz, Karmele.

KARMELE: (ben) Nere erruz? (Soloeta'ri) Ara nere senarraren ateraldia, Soloeta jauna!...

TXOMIN: Zertan ez dezu etxetik jaurtitzen?

KARMELE: Nik? Eta noizko zaitut? Euli bat uxatzeko ainbat kemen ez dezu, ta nik, emakume batek, erriko pardel lotsagabeai ere gogor egiteko aña izan bear ote det?

TXOMIN: (beretzat lasai-Jasai) Nai dezunean ba'dezu bai, kemena (Karmele'ri) Zu zera agitz salmaian zaudena-ta.

KARMELE: (aserre-xamar) Bearko egon; zu egoten zeran baño zintzoago.

SOLOETA: (jostari) (Karmele'ri) Badaki etxea zaintzeko zu bakarrik naikoa zerala-ta.

TXOMIN: (len baño lasaiago) Ori esan beza Soloeta jauna. (zirikatzalle) Baña alaz guziz, Tximutx narrax orrek nai beste baxo-erdi edaten dizkio ordaindu gabe.

KARMELE: (aserre) Ez nakizu geiegi berotu, Txomin! (salmaia erakutsiaz) Egon zaite zu emen zintzo-zintzo, egotea dagokizun bezela, bear diran eraz gauzak egiteko.

SOLOETA: (parrez) Txomin beti or ba'legoke, Karmele, iñoiz ere ordaindu gabe edango lioke nai beste Tximutx'ek.

KARMELE: A zer egia! Zor dizkigun baxo-erdi guziak, berau salmaian dagola edanak ditu. Zer nai du geiago Soloeta jauna: ez dira lau egun somatu nuala berak eskatu gabe «tori» ta ematen.

TXOMIN: (bereala) Esan zazu baña, nola gertatu zen. Etxean ostatuz daukagun Lizarbe'tar Andoni jauna zegon or garagardoa artzen (ezkerretik lenengo aldean dagon maitxoa erakutsiaz), eta Tximutx gogaikarri ori emen zebilkion gañetik kendu ezinda...

SOLOETA: (itza-etenaz) Beste askori bezela: zerbait kendu naiez.

TXOMIN: Bai. Ezin jasanik nengon zarpallu ori alako jaun bati itz ematen ikustea; ta emendik alde egiñaz Lizarbe jaunari pake-ematearren, baxo-erdia neretik emen nion. Orren billa zebillen ba.

SOLOETA: Orrelakoan gogaikarri jartzen da, bai.

KARMELE: Eta noizko dituzu prakok, gogor eginda ez bidaltzeko?

TXOMIN: Alperrik da! Orrek ez du lotsik.

KARMELE: (piper) Zu zera lotsik ez dezuna, Txomin, ori jakinda gauz orren errua neri jaurtitzeko, len egin dezuna bezela!

TXOMIN: (lasai-lasai) Emakumea! Olgeta pizka bat gabe ezin izaten zaitut ezpain-zorrotz ipiñi; ta nik politen onela arkitzen zaitut.

SOLOETA: Ja, ja, ja! Au Txomin!...

KARMELE: (alaituta) Au senar kaikua daukat, Soloeta jauna! (Txomin'i) Ez dakit zer esango nizuken!... Zoaz kaiara, ia Anton-Xiku itxasotik etorri ote dan; eta kraba edo zerbait orrela arrai piñik ekarri ba'du, artu zaizkiotzu; badakizu Lizarbe jaunak ezer danik naien arrai prexkua duala-ta.

TXOMIN: Ikusten?... Nere emazteaz ezin nindeke adizkideegi egon, neskame lanak arazteko eskubidea artzen dit bereala.

KARMELE: (atsegiñez) Tira... tira... begia baño naiago dezu or ziar ibili-ta!...

SOLOETA: Nik Ikusten detana da, Lizarbe jaun ori guztiz aintzat dezutela. Senarra, baxo-erdiak duan ematen orren eskean dijoakionak gogaitu ez dezan...

TXOMIN: (itza-etenaz) Berak ere geiegitan eman dizkio, orrengatik du beti gañean.

SOLOETA: (berean) Emaztea... kaiako arrairik prexkuenak etxeratzen, berari atsegin zaiola-ta...

KARMELE: Datorkigunari atsegin ematetik gure irabaz-bidea...

TXOMIN: Eta Lizarbe jaunari atsegin eman al izatea norbere pozkarri baita.

KARMELE: A, bai! Iñori ezer kendu gabe, jaun gazte au bezin on eta atsegiñik, gutxi.

SOLOETA: Ondo ezagutzeko oraindik aldi laburtxoa dezute... nere iritziz.

TXOMIN: Iru illabete etortzen asi zala; astean iru egun emen igarotzen ditu. Zuk ondo dakizu-ta, gure etxe ontan, ostatuz asko euki izan ditugu, ta notin onak; baña Lizarbe jaun au, berriz diot, gutxi bezelakoa da.

SOLOETA: Ala ere Jauregi'n ez omen dute ba begiko beren illobatxoaren senartzat.

KARMELE: Badakizu; Antxeta'tarrak aundiki utsak dira, ta ageri danez, Lizarbe jaunak ez dakar markes-etxe-jauntzarik.

SOLOETA: Ez ori bakarrik; ezta jator-izen garbirik ere. (ezkutu aundiz) Ez omen du guraso ezagunik. Sa... sikoa.

TXOMIN: Orretaz. Zer erru du berak?

SOLOETA: Berak ez. Nai-ta-ez, bere sendiaren orban izatea besterik ez.

KARMELE: Guztiz sendi onak azia omen da ba. Guraso-orde onak...

SOLOETA: Antxeta'tar Endika jaunak besteri nai baña, alabatzat azi duan emaztearen illobatxo zurtzarentzat...

TXOMIN: Zer geiago eskatu leike ba, Lizarbe jaun au dan baño, bere jatorria alde bat utzita?... Gizonaren izakera on guztia du. Onberea, ondo ezia, kistar zintzoa, azkarra, izakeraz atsegiña, aberats edo beintzat irabazi aundiak dituna... Zer geiago eskatu lezake gizon bategan?

SOLOETA: Aizu: anderetxoa bera ere ez da edozein. Emakume gutxi Elixabete ainbateko. Ona, ederra, aundikia, aberatsa... Ez nola-nai ere aberatsa. Txiki-txikitan guraso gabe umezurtz bakarra gelditu zan, eta aita-amaen aberastasun aundiak osorik ditu. Gañera ezpai gabe, izeba-osabarenak ere beretzat; eta... ez makalak.

KARMELE: Antxeta jaunak ez du bere aldeko illoba baña...

TXOMIN: Berdin da; bererik ez du; ta au umetzat azi du.

SOLOETA: Ta guztiz maite. (bitarte ontan eskuiko bigarren atetik neskame bat sartzen da, eta Soloeta egon dan maiko ontzi utsak jasota, sartu dan tokitik ateratzen da) Orrengatik ba, Lizarbe ere... goitik dabil...! (ixil-unetxoa) Nun ezagutu ote du Elixabetek Lizarbe au?

KARMELE: Donosti'n, igaz, udaldia igarotzera joanda; mutilla an bizi da-ta.

SOLOETA: Ez alperrik!... Ez du bereala osabaren baimenik izango. Ona, baña... aundiki arroa da bere osaba.

TXOMIN: Maitasun sutsua ba'diote elkarri, eragozpen guziak gutxi.

SOLOETA: Agitz orrela oi da, bai.

KARMELE: Esaerak diona baña: arrosarik ez arantza gale; maitasunik ere ez, nekerik gabe. Ta oiek ere nai guztia dutela, zorionbidean arantza mingarri.

TXOMIN: A! Ezkontza geienak oi dute zerbaiten eragozpena, maitasunaren sendogarri; ta gerora, nork daki! Antxeta jaunak baietza emango ba'du ere.

SOLOETA: Ori askotxo izango da... (une ontan Ana Joxepa Xalxape agertzen da goiko atean).

KARMELE: Bada beintzat ezkontza ori dala ta ez dala, oraingoan zer esana ugari Ibargain'en.

SOLOETA: (Ana Joxepa ikustean) Emen datorren onek ere, izango du ba ezkontza orretzaz zer esana. Baña... banoa.

TXOMIN: (Ana Joxepa ikusita) oi! Ana Joxepa Xalxape!

KARMELE: (ixilik, Txomin'i) Itz egin zazu ixillago, gizona!

SOLOETA: (parrez) Gero arte. (joaten da ezkerretik lenengo aldetik barruan aienatzen dala).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Karmele, Txomin eta Ana Joxepa.

 

ANA JOXEPA: (sartuaz, Txomin'i) Xalxape, bai; Xalxape; baña, nor da xalxetan naztu detan notin ori?

KARMELE: (paliatzalle) Iñor ez, Ana Joxepa; ez da iñoiz entzun nasketa zale zeranik. Ez zaiozu jaramonik egin nere senar ganora-gabe oni.

TXOMIN: (lasai-lasai) O!...! Edozeñek esango luke, goitizen ori nik jarria dezula, emakumea! Ez dizu ba erri guziak orrela deitzen?

KARMELE: (bereala ta asarre) Zaude ixilik gizona!... Ori da itzek erasateko gogoa eukitzen dezuna!

ANA JOXEPA: (Txomin'i bare-bare) Baita zu... «Alperrondo» deitzen dizute.

TXOMIN: Ondo deitua. Ez det ukatzen alper-xamarra naizenik.

KARMELE: Ajolagabea bai beintzat.

TXOMIN: Ez naiz ni uskeri origatik aserretuko, Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Ez ni ere. Aserretuta ikusi nai nazu baña.

KARMELE: Ortantxe atsegin artzen du onek. Ez det nik au bezelakorik ikusi.

ANA JOXEPA: Ezagutzen det bai. (mantalpean dakarren bonbiltxo bat atereaz) (Karmele'ri) Jarri zaidazu emen txiki bat ardo-aundi goxoa.

TXOMIN: Txiki bat? Zu beti pittinga.

KARMELE: Ta zuri zer? Joan zaite emendik, gizona, umien gisa beti jardun gabe.

ANA JOXEPA: (Karmele'ri) «Egurrondo» gizajoari eraman nai diot zerbaiten bizigarria artu dezan. Neu txiroa, ta neu baño txiroagoak ere arkitu egiten ditut nabillen tokietan.

TXOMIN: (adar-jotzalle) Bai, eskupeko onak ematen dizkitzuten aberatsak ere arkitzen dituzu zuk zabiltzan tokietan.

ANA JOXEPA: Guztirakoak aintzat naukaten agiria...

TXOMIN: Bai orixe!...

ANA JOXEPA: Guztiai on-egiten, ez du edozeñek jakiten, Txomin.

TXOMIN: Nik jakin nai nituzkenak dira, zure on-egite oietako batzuen sariak; eta... zenbait sariren edestiak. (Karmele salmaira joan eta Ana Joxepak eskatua jartzen du).

ANA JOXEPA: Bai, eee? Ez nago ba iñoren jakinmiñik sendatzeko!

TXOMIN: Badakit bai, ixilpekoak ondo gordetzen berdiñik ez dezuna. (ixil-unea) (Ana Joxepa'k gañeko gona jaso, ta onen barrutik daraman sakeletik txindia ateratzen du) Nik ez dakit zer dala-ta, jarri zizuten zuri Xalxape izengoitia.

KARMELE: (Ana Joxepa'ri bonbil ardoa emanaz) (Txomin'i, asarre) Orixe da jarduteko gogoa daukazuna, gizona! Ez ote dezu or beste zeregiñik, emen alperrikako berriketan jardun gabe?

ANA JOXEPA: Ara gauzak kezkatzen zaituna, Karmele! (Karmele'ri txindia emanaz) Utzi zaiozu! Berau aspertuko da jarduten.

KARMELE: Nere senarra jardutzez aspertu?... Bai berritxua ez ba'litz...!

TXOMIN: (berean) (Ana Joxepa mantal-pean bonbilla gordetzen ikusita) Baña, Ana Joxepa!... Atso mozkorrak bakarrik erabilli oi dute mantal-pe ezkutuan bonbil ardoa.

ANA JOXEPA: Bai mozkor ez diranak ere! Ez det egundo ardo tanta bat edan, baña gaur bonbil ardo au mantal-pean daramat. (une ontan ondo jantzitako gizon bi sartzen dira goiko atetik, ta Txomin'i «Eup Txomin!» oju egin ondoren, goiko aldean ezkerretik barrena joaten dira).

TXOMIN: (sartu diranai erantzuten) Eup, adiskideak! (abiatzen da aiengana).

KARMELE: (ojuka) Txomin! Ez aztu Anton-Xiku etorri dan ikustera joateaz, e?...

TXOMIN: (geldituta) Uste det, aztu egin zaitala, Karmele; ta obe dezu neskameetako bat bidaltzea. (joaten da goiko alde ezkerretik barrura).

ANA JOXEPA: Ja, ja, ja!

KARMELE: Ikusten dezu ori? neskameak beste lanik ez ba-luteke bezela!... ai! abek gizonak Ana Joxepa! Emakumeak lan eta ardurapean ler egiten gabiltzala ikusi arren, ajola gutxi; beren buruak ondo erabilli ezkero, or konpon! beste guzia. (lenengo aldean aurrera etortzen dira).

ANA JOXEPA: Zure senarrarena bakarrik ez da ori. Beste geiagorena ere bai.

KARMELE: Nerea berdintzekorik ez da ludian!

ANA JOXEPA: Ez zuk uste!... Garai batean nik ere beste orrenbeste esaten nuan.

KARMELE: Senarra bizi zendunean... Orain baña, nai bezela bizi zera. Zure semea, onez gutxi bezelakoa da.

ANA JOXEPA: Bai orixe! Beste seme-alabak umetan zerura eraman, eta Ander au bizitz ontako pozkarri utzi zidan.

KARMELE: Bera ona, ta ondo irabazi..., a! Antxeta jaunen jauregiko lorezai izatea, amaikak artuko luke gaur Ibargain'en. Irabazi ona, etxe ederra bizitzeko jauregi barrutian, ta beste laguntasun asko...

ANA JOXEPA: Lan galanki egin bearra ere bai baña, nere seme gizajoak. Ba al dakizu ze sallak ditun jauregi orrek?

KARMELE: Alaz guziz; Ander zure semea, sendo ta langillea da.

ANA JOXEPA: Guztiaren bear izaten da.

KARMELE: Eta nor ez? Gauz guzietan oi gera agitz, al degun guztiaren bear... Zuk beti izan dezu jaun oien laguntasun aundia.

ANA JOXEPA: Orri eskerrak ba! Bestela...! Lan ugari bai batean eta bestean, eta askotan sari ontxoak ere; baña... beste askotan!... lan eta naigabeen ordain-sari, neretik zerbait eman bearra.

KARMELE: Eskar-gaiztoz ordaintzen ez bazaituzte ala ere.

ANA JOXEPA: A...! Guztira oi da. Baña neretik ipiñi bearra sarri. Orain bezela: Emen nabil egun abetan Egurrondo'nean gizajo oni txirak sendatzen, eta, nola kendu nezaioke nik ezer sendi oni nere lansari? Iñola ere ez. Irabazi bear duana gaxorik dagon txiroaren etxean, ezer ematekorik ba'da, eman egin bear lan egiñaz gañera, (bonbilla erakutsiaz) Au bezela: neretik ordainduta eraman bear, beretik erosteko ez daukan errukarriari.

KARMELE: Bada zure bearra Ibargain'en, bai. Amaikari on egin diozu zeu beartsu izanarren. Baña Jaungoikoak orrela ordaintzen dizu. Zartzaro ona seme zintzoaren ondoan ematen dizu Antxeta'tarren bidez.

 

(Bitarte ontan, Txomin salmaira ta ostera dabil, bonbil eta edontziak eraman eta ekarri barrukuak morroitzen bezela).

 

ANA JOXEPA: (Txomin nola dabillen ikustean) Zuk kontuk esango dituzu Karmele, baña zure senarra zintzo dabil bezeroak morroitzen.

KARMELE: Apetak ematen diona egiten.

ANA JOXEPA: Egin beintzat... Guri ere berriketan dijoakigu aldarte ontan astia-ta, banoa nere au eramatera (abiatzera egiten du).

KARMELE: Ni ere bai neskameetako bat kaiara arrai bila bidaltzera, Anton-Xiku'k ezer ekarri ba'du edo... Zuen anderetxoaren senar-gaia daukagu ostatuz, emen izaten dan egunetan, eta guztiz arrai prexku zalea da.

ANA JOXEPA: Badet jaun orretxengana etorri bearra. Beti etortzekotan naiz, baña badakizu guretarikoai gertatzen zaiguna: aundiagoak diranetara aurkezten lotsa edo...

KARMELE: Ene! Ez zazu bildurrik izan, edozein atsegiñez artzen dakiena da-ta. Batez ere zu, zatozen etxetik etorrita...

ANA JOXEPA: Oker zoaz, Karmele ez dakarret uste dezunik.

KARMELE: Ez litzake arritzekoa izango. Lizarbe'tar Andoni jauna zure nagusi etxeko anderetxoaren senar-gaia izanik, eta itxura danez, zure ander etxeko orrek ixil edo eskutuka ibilli bearra du bere orrekin.

ANA JOXEPA: Ez da ezer orrelakorik. Ez dizut ba esan beti etortzekotan eta ausartu ezinda nagola. Zuk uste dezuna ba'litz, beste era bat litzake.

KARMELE: Uste nuan ez igartzearren esango zendula.

ANA JOXEPA: Ez emakumea. Ander nere semeak gudaritzan ezagutu zuan jaun au, eta bere lagun-mutil izan zan. «Asistente» erderaz esaten dan bezela.

KARMELE: Ander Lizarbe jaunaren asistente?

ANA JOXEPA: Bai, emakumea. Zerk arritzen zaitu?

KARMELE: Ez nekian jaun au gudaria zanik.

ANA JOXEPA: Izandua. Orain ez da.

KARMELE: A!...

ANA JOXEPA: Nere semeak asko zor dio; guztiz ona izan zan beretzat, eta Jaungoikoak ala naita, orain gure artean degunez, ez nuke gelditu nai ama onek biotz barrenean beretzat gordetzen duan esker-on eta onginaia azaldu gabe.

KARMELE: Ba... Ana Joxepa, igo zaite oraintxe berarengana, etxean dago, ta ondo artuko zaitu. (eskuitik lenengo atea erakutsiaz) Goazen; neronek lagunduko dizut.

ANA JOXEPA: Ez bainaiz asmo orrezaz etorri!

KARMELE: Ta zer? Ez zaizu bestela noiz-nai egokituko etxean arkitzea. Beti or dabil ba, bere maitearen ondoren...

ANA JOXEPA: (bere buruari begiratu ondoren) Ez nago ba txukun-txukuna ere orrela, batengana onela aurkezteko baña...

KARMELE: Ondo zaude emakumea. Goazen.

ANA JOXEPA: (bere buruari berriz begiratu ondoren) Zaude ba; Lenengo Egurrondo gizajoari eraman egingo diot au; ta bereala etorriko naiz. (une ontan Txomin berriz salmai'ra etorri, ta bertan gelditzen da).

KARMELE: Baita. Orrela obeto da.

ANA JOXEPA: Bai. Gero arte ba.

KARMELE: Gero arte. Ni ere sukaldera noa neskamea kaiara bidaltzera. (Joaten dira biak salmai-aurretik igaroaz, Karmele eskuiko bigarren atetik eta Ana Joxepa goitik).

TXOMIN: (besteak dijoazela) Ai ai ai!... Karmele!... Karmele!... Txomin'i esan, baña ara Txomin orain bere tokian zintzo...

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Txomin, Lizarbe'tar Andoni, ta tero Karmele.

 

TXOMIN: (ezkerretik barruan dauden norbaitzuei) E! Tomax! begiak argi, eramango dik bestela (norbaitek barrutik) «Ez diat bildurrik, neretzat dek!» (sartzen da Lizarbe'tar Andoni eskuiko lenengo atetik).

LIZARBE: (salmaira gabe, lenengo aldean geldituta) Karmele barruan al da, Txomin?

TXOMIN: Bai, jauna. Deitzea nai al dezu?

LIZARBE: Zeuk esatea berdin izango da. Adiskide bat datorkit oraingo bultzian, eguna emen igarotzera, ta nerekin bazkalduko du. Au da esan nai niona; bazkaria birentzat jarri dezan.

TXOMIN: Ongi da; nere kontu. Esango diot Karmele'ri. (sartzen da Karmele, joan dan atetik).

LIZARBE: (Karmele ikustean) Ara nun datorren bera.

TXOMIN: Entzun Karmele? Lizarbe jaunak dio, adiskide bat datorkiola gaur, beronekin bazkaltzera...

KARMELE: Ondo da jauna; zer jana izango dute.

LIZARBE: Orrela uste det; ondo ematen zale zera-ta.

KARMELE: Poztutzen nau orrezaz.

LIZARBE: Bakoitzari berea, Karmele.

TXOMIN: Eta nere emazteari ostalari onaren ospea.

LIZARBE: (parrez) Bai, bai, zuzentzaz dagokion ospea du.

TXOMIN: (Lizarbe'gana urbilduaz) Eskerrikasko... Adiskideren bat datorkio beraz?

LIZARBE: Adiskide aundi ta on bat, bai. Zeregin batek dakar onera, ta biok emen egokitzen geranez, elkarrekin bazkalduko degu.

TXOMIN: (salmaian dagoan tokitik) Jakinmiñez nabaitzen dezunari, ez zaiozu ezer esan, Lizarbe jauna.

LIZARBE: Ez det zure emaztea iñoiz ere orrela nabaitu izan, Txomin.

KARMELE: (lotsatuta) Gizon berritxuagorik!

TXOMIN: (berean, Lizarbe'ri) Emakumea, jakinmiña ez ba'da, ez da emakume.

KARMELE: (aserre) Eta gizona, berritxua ba'da, ez da gizon-erdi ere.

LIZARBE: (parrez) Ez zaite orregatik minberatu Karmele; zure senarra jostari ari da-ta.

TXOMIN: Ez, jauna, ez: benetan ari naiz.

KARMELE: Jardun zazu ba, nai dezun eraz; orretarako obea zera-ta. (Lizarbe'ri) Galde ori egin dizut ba, lentxeago emen izan det zu ikertu nai zaitun andre bat, eta laister etortzekoan gelditu danez, adiskide ori badatorkizu, bere ikerpena urrengorako utzi dezala esango diot andre orri.

LIZARBE: Nor da bera?

KARMELE: Ana Joxepa Xalxape deitzen diogun bat.

TXOMIN: (Burutik egindako deiari barruak baietz bezela erantzun ondoren) Ana Joxepa Xalxape'k Lizarbe jaunaz itz egin nai duala?... Ea xalxaren bat dakarkizun.

LIZARBE: Zer ba, naspil-zaleren bat al datorkit?... Nor da bera?...

KARMELE: Ez bezaio nene senarrari jaramonik egin. Andre on bat da. Xalxape goitizena du, baña ez iñor naspiltzen ibilli-zalea dalako.

LIZARBE: Ez dakit nor izan diteken... (berriz ere buruaz baietz bezela erantzunda, Txomin ezkerrean goikoaldetik barruta joaten da.)

KARMELE: Jauregi'ko lorezaiñaren ama.

LIZARBE: Ander'en ama?

KARMELE: Semea gudaritzan zure asistente izana dala edo esan dit...

LIZARBE: Egia. Ta ondo mutil zintzoa... Baña ez nekian bere amak orrelako goitizena zuanik. Naspil-zalea ez ba'da, zergatik goitizen ori?

KARMELE: Lan mota guzitakoak egiten dakien oietakoa dalako edo... ez dakit. Edozertan daki: jostun..., sukaldari... osalari.

LIZARBE: Besterik ez?

KARMELE: Guzitara berezia da. Aurgintzetan laguntzalle: Ana Joxepa. Iñun txerri-ilketarik ba'da, lukainka-odolkiak egin eta urdaiak gazitzeko: Ana Joxepa. Ezur atereak beren tokitan jartzeko: Ana Joxepa... Iñor il ba'da, illotzak jantzitzeko: Ana Joxepa... Ludi ontara oker-bidez etorri dan errukarria ixilpeko tokira eramateko: Ana Joxepa. Ipoteka ta diru artu-eman kontuan bitartekotzat: Ana Joxepa. Egokien jositako alkandorak, Ana Joxepak egiñak. Isterikoa sendatzeko ta aundituak sornatzeko enplasturik onenak: Ana Joxepak. Ebaki ta...

LIZARBE: Ja ja ja!... Ez da makala Ander'en ama ori! (Txomin ezkerretik ta goiko aldean leiarrar-zear, jokoan ari diranai mai-ondoan gelditzen da abei begira).

KARMELE: Berdiñik ez du.

LIZARBE: Ez da errex orrelako bat berdintzen. Andre arrigarria!... Pozik ezagutuko det ba Ana Joxepa diozun ori-ta, datorrenean aurkeztu zaidazu, berekin izketaldi bat euki dezadan.

KARMELE: Bakarrik ba'zaude, ezta?... (une ontan goitik Ander ta Pikutegi sartzen dira. Ordukariari begitzen du Lizarbe'k).

LIZARBE: Ene, bultziaren ordua det! Banua laisterka. (abiatzean Ander ikusita) Agur, Ander! (joaten da, ezkerreko lenengo aldetik barrura) (Ander'ek burura eskua jasoaz agurtzen du) (jokolariak zutintzen dira ta Txomin'i zerbait ordaindu ondoren, goitik joaten dira. Txomin salmaira igotzen da; ta Karmele, sartu diranak buruaz agurtuta, eskuiko bigarren atetik joaten da).

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Txomin, Ander ta Pikutegi.

 

PIKUTEGI: (salmai ondora datozela) Ori dek agur maitekorra egiten dikana jaun orrek, Ander.

TXOMIN: Ez al dakik Pikutegi, maitearen etxean, ormetako arri zazterretarañokoak maitagarri oi dirala?... Ander, Antxeta'eneko jauregi barrutian bizi dek mutil.

ANDER: (entzun-gor egiñaz) Atera bi baxo-erdi Txomin.

PIKUTEGI: Bi baxo-erdi ta... beste zerbait geiago ere bai, Ander.

ANDER: Zer nai dek?

PIKUTEGI: Mokarutxo bat; zerbait.

ANDER: (Txomin'i) Zer dezute?

TXOMIN: Okela edo arraitik?

PIKUTEGI: Lukainka mutur bat aski da, gizona!

ANDER: Mutur luzea baña. Atera, Txomin. (Txomin'ek ematen dio eskatua).

TXOMIN: (zirikatzalle) Orduan... agur argia Lizarbe jaunak Ander'i. E, Pikutegi?

PIKUTEGI: Uuu!... Orrelako jaun batek, guretarikoai egin oi ez dion bezelakoa.

TXOMIN: Ai danez, anderetxoak bere senar-gaiaz itz egiteko ixilpe-xamarrez bear du, ta... baleike Ander'gan berak bear duan geznari zurra izatea.

ANDER: (janaz) Ez dute nere bearrik. Bestetik, Lizarbe jaunak, Jauregi'ko anderetxoa baño lenagoko ezaguna nau; ta ezagun aundia.

PIKUTEGI: I...? Ago ixilik mutil!... nungo ezaguna? Ik ez ba-dek egundo Ibargain'dik iñora irten! (jaten du).

TXOMIN: Gudari izan zan beintzat.

ANDER: Eta gudaritzan, Lizarbe jaunaren asistente.

PIKUTEGI: Ez dek egia!

ANDER: Egi-egia.

TXOMIN: Nola baña, jaun ori gudari ez bada?

ANDER: Lenago ala zan.

PIKUTEGI: Orrela ba'da... ez dek arritzekoa egiten dikan agurra.

TXOMIN: Gudarietakoa izan da beaz?... Ez zendun nagusi txarra izango! Gizon obeagorik...!

ANDER: Ondo ezagutzen det bai. Berari zor diot Euzkadi'ko lur maitea edertzen duan eguzki argia ikustea, ta nere amaren abots eztia entzunaz onen ondoan bizi al izatea.

PIKUTEGI: (bereala) Zer ba, mutil?

TXOMIN: Ara! (ixil-unea, jan eta edaten dutela).

PIKUTEGI: Edestu zak, mutil, gertatu ori. Zer izan uan?

ANDER: Euzkotar askori gertatu oi zaiona. (ixil-unea) Joan nintzan ba gudaritzara, euzkotarroi atzerrian egin-arazten diguten morroitza ori egitera, nere amaren magalean ikasitako euskera beste izkuntzik ez nekiela.

PIKUTEGI: Ez agoan besterik jakitera beartua ere-ta.

TXOMIN: Bakoitzak berea.

ANDER: Ez dute gudaritzan ori orrela aitzen... Ba zan gure buru, sarjento begi gorri, ttattar bat; basakarana baño beltzago. Itxazertzean gelditzen dan apakiña legortutakoan oi dan baño igarrago, ta piper miña baño erreagoa. Utx bat. Ara Zegama'ko maldetan ipiñi ezkero, aizeak eramango. Ain zan ezereza!

PIKUTEGI: Nungoa ote zan bera!

TXOMIN: Zera...! Ez beintzat Aizkorrin jaioa.

PIKUTEGI: Zitalen bat izango zan.

ANDER: Esango diat. Istruzioa edo dalakoa ikasten ba, ta... itzik ez nioan ulertzen! Ura zan lana!... Aren marmarketa! aren gaizki esatea!... Aren biraoa, oker egiten nuan bakoitzean. Ezin jasan izaten nuan!

PIKUTEGI: Koldarren bat...

ANDER: Koldarra baño ere geiago. Bein, an zebillen bestetan baño ere kordar eta piperrago: ta bira erdi bat oker eman nualako, jeiki zan oin puntetan, eta birao zikin bat esan ondoren, plast! eta belarrondoko bat eman zidan.

TXOMIN: Ara!

PIKUTEGI: Bat baño geiago artutakoa nauk neu ere.

TXOMIN: Eta?...

ANDER: Eman zidan belarrondokoak baño geiago minberatu nindun, naskagarri aren mingain loia Jaungoikoaren aurka ausartzeak. Ez dakit egundo ezerk ainbeste sutu naben! Eldu nion lepazamarretik, eta... lurrera jaurti nuan!... Antxe oinpean zapal-zapal egingo nuan, beste lagunak kendu ez ba'ninduten.

TXOMIN: Mutil...!

PIKUTEGI: Ez eban txarra egin!

ANDER: A!... laister nintzan itzalpean lotuta. Ez toki ederrean, ene Jaungoikoa! noiz-baño-noiz gudalburu epaikarien aurrera eramango ninduten zai.

PIKUTEGI: Eta?...

TXOMIN: Zure buruaz etsiko zendun?

ANDER: Banuan ziorik asko ere. Igartzen nuan nere erruarentzat gudari legeak zigor gogorra zutela,... Ta koldar aren gaiztakeria epaikariai esaten jakin ez!... Ura zan larria!,.. Leotz illun artan igaro nitun orduen larria ez zait iñoiz aztuko!

PIKUTEGI: Guzia eurea ez dan izkuntz bat jakiñezagatik!

TXOMIN: Ori dek. Beren izkuntza guretzat bearreko; gurea berentzat ez.

ANDER: Ontan, nere kapitan Lizarbe'tar Andoni au, espetxeko zaindari bat lagun zuala, nengon tokira etorri zitzaidan. Guziz tamal, euskeraz galde egin zidan; «Baña, zer egin dek, mutil?» Ez dakit nola esan, nere barruan igaro zana euskera gozoz kapitana ala mintza zitzaidanean; ez nekian ba euskelduna zanik... Poza, bildurra, itxaropena, atsekabe samiña...; erabat biozkada berdiñeza sortu ziran nigan; eta guzien indarrak jaurtita bezela, bere oñetan erori nintzan... Baita egia aitortuko dizutet: negarrari eman nion!

PIKUTEGI: Ez zen gutxiagotako! (Goitik, baserritar antzeko gizon bat sartzen da, ta goiko aldean ezkerreko maitxo baten jartzen da leiarrari-ziar agerian).

ANDER: (edesten jarraituaz) Eldu nindun, jeikitzen luguntzeko, baita gerta zitzaidana edestu arazi ere. Nerea entzunda esan zidan: «Zuk egin dezunarentzat, gudari-legeak zigor gogorra dute; baña ez estutu: emen daukazu euzkotar anai bat, eta nere al guzia zu gaizkatzen jarriko det. Ez det iñola laketuko arrotzaren izkuntza ez dakizula-bide, koldar batengatik, zugan erru-nekerik erori dedin.» (ixil-unea).

PIKUTEGI: Eta...?

ANDER: Esan bezela egin ere: ordu bete baño len nintzan azke. Ta ez au bakarrik. Une berean bere asistentetzat deitu nindun; eta berekin ezin esan bezin ondo gudaritza-aldia igaro nuan.

TXOMIN: Orra!

PIKUTEGI: (arrituta) Ez diok gutxi zor jaun orri, Ander!

ANDER: Asko.

TXOMIN: Ta... ala bearra; berriz ere eure nagusi izango dan itxurak daude.

ANDER: (irriparrez) Ez dakit ba...! Ez nuke besterik nai!... Nik artu nuan poza, orain neure anderetxoaren maitale emen azaldu zanean! (ixil-unea) Baña... ez dakit nere poza ames-uts biurtuko ez ote dan.

PIKUTEGI: Baietz uste diat. Nik entzun detanez, Antxeta'tar Endika jaunak, etxe-jauntza aundiki bat edo geiago besapean ez dakarrenik ez du nai illobaren senartzat.

TXOMIN: A!... ezkontzarik geienak eragozpen bidetik joan oi dituk apaizarengana.

ANDER: Orrelako bat ba'litz!... (Karmele ateratzen da eskuiko bigarren atetik, ta unetxo batean goiko maitxoan zerbait nork eman zai dagon baserritatari begira gelditzen da).

KARMELE: (salmai ondora urbilduaz) Baña Txomin: Ez al dezu ikusten gizon ori zai daukazula?..: Au ganora!... Kontu-kontari jartzen zeranean, ez dezu jakiten noiz amaitu. Au lana!... Norberak danean egon bear; bestela...! Ikusten ba, beti emen ezin egon nindekela, sukaldean, sukalde ta abar zeri begitu bear aundiak ditudala, ta ala ere, ezin emen zintzo begitu. Au lana!

TXOMIN: Emakume berritxu abek ere ba...! Utserako istillua besterik ez. (Karmele'ri) Zer dezu? gizon ori zai?... Ba, bear duana emateko ez dezu senarrari oju egin bearrik. Ixil-ixil, ta apal-apal bear duena eman ta bira ostera ere sukaldean begitzera. Orrela zera bear bezelako etxekoandrea.

KARMELE: (aserre) Bearko zuregatik! (joaten da goiko aldean maian zai dagon baserritarragana, ta onek eskatua emateko bezela, gero salmaira, emendik zerbait eramanaz.)

TXOMIN: (Karmele'ri zirikatzalle) Andrak maitagarrien dira, langille diranean.

TXOMIN eta PIKUTEGI: Ja, ja, ja! (joaten da Karmele bigarrenetik).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Txomin, Ander, Pikutegi ta Azpeiti.

 

AZPEITI: (goineko atetik, besoa jasota, ojuka) Pikutegi'ren billa iñor ba'da, betor Txomin'enera!

TXOMIN: Ara Azpeiti zalaparta!

PIKUTEGI: (Azpeiti'ri) Aundia dek xapuen leloa! Nun dabiltzan adierazi egin bear. Beti ere: Klin!... Klon!

ANDER: Ja, ja, ja!

AZPEITI: Aizak, Pikutegi: xapuak, Azpeiti'n; baña... santuak ere bai.

PIKUTEGI: Emen dek Aita Saniñixio katillura!

AZPEITI: Aizak: Xapua dek xomorro bat, Azpeiti'n bezela beste errietan ere sortzen dana: baña Aita Saniñixio bezelako semerik, Azpeiti'ko urian bakarrik.

ANDER: (Pikutegi'ri) Eldu eiok orri!

PIKUTEGI: Baña, xapuak beti xapu; santuak jaio ziran errietan ere.

AZPEITI: Artuko zendukete besteetan alako Seme Aundi baten aintza. Baña... zuenik ez dezute-ta iñorenaz arrotu bear. Euzkotarra zala-ta, a zer pozik esaten dezuten «Gure Iñaki Aundia»...!

PIKUTEGI: Esango ez diagu ba? Euzkotar bezela.

ANDER: Abendari elduta...

AZPEITI: Bai, eeeeee?... Ba.., Aita Saniñixio guztiona ba'da, xapuak ere banatu egin bear dizkiagu, ta ez zuen solo ta baratzetan sortzen diranak ere azpitiarrai egotzi.

TXOMIN: Egia; Azpeiti.

ANDER: Ez adi baña origaitik aserretu.

AZPEITI: (Ander'i sorbaldan joaz) Ez nago gaur euaz aserretzeko. (Txomin'i) Atera bi baxo-erdi, txuritik. (Ander'i) Joku bat egin diat, Ander.

ANDER: Zer joku?

AZPEITI: Nai bezela, jostaketan, irabazi besterik ez dekan jokua.

ANDER: Nik...?

AZPEITI: Bai. Urmeneta'kin partiru bat eskuz-esku, amasei tantora, sakea azke.

ANDER: Nik jokatzeko?...

AZPEITI: Bai; datorren igandean, ik Urmeneta'ren kontra jokatzeko.

PIKUTEGI: Beronen berri gabe jokua egin?

ANDER: Jokatuko dek euk nai ba'dek!

AZPEITI: Ez eik orrelakorik esan jokua nola dan jakin gabe.

ANDER: Dan bezela dala ez diat jokatu nai.

AZPEITI: Entzun zak baña!... Amar ogerleko egin dizkiat. Galtzen ba'dek nere bizkar; eta irabazten ba'dek, biok erdi bana. Gaizki al da?

PIKUTEGI: Ez da gaizki, ez; iretzat joku ona, Ander.

TXOMIN: Polita jokua!

ANDER: Joku ona naiz txarra; zer dala-te nere berri gabe egin bear dek ik Azpeiti?

AZPEITI: Mutil... gaizki etorriko al zaizkik bost ogerleko oiek?

ANDER: Gaizki naiz ondo: ik agintzen al dek nere buruaz?

PIKUTEGI: Ez diok gauzeari alde ortatik begitu bear, Ànder.

AZPEITI: Nik beintzat uste onez egin diat.

TXOMIN: Jakiña. Ta nai bezela bost ogerleko irabazteko bidea.

ANDER: Ez dago gaizki nai bezela! (Azpeiti'ri) Ik bai, nere bizkar nai bezela irabaziko itukek, batere neke gabe.

AZPEITI: Ta galtzen ba'dek?... Nere bizkar dijoazen amarrak berriz irabazteko, ik baño neke aundiagoak artu bear.

ANDER: Euk nai-ta.

PIKUTEGI: Ik Ander, Urmeneta'ri partiru ori... lo agola ere irabaziko diok!

AZPEITI: Bai, gizona!

ANDER: Ez dakigu!... Urmeneta, ondo jan, eta nai bezela ibilli, ezertan nekatu gabe...; ni baña aspaldiko egunetan lepaka loretegirako altxirri jasotzen. Esan zak Pikutegi, zer lan dan ori, gaur ortan abil nere lagun-ta.

PIKUTEGI: Bai...! neke aundiko lana da; baña gau-ta-egun atseden gabe, ari baintzake, ere, ik ez dek Urmeneta'ren bildurrik.

ANDER: Nola izango dek ba au, pelotan, eskallu aren bildur?

TXOMIN: Ez dakit nola ausartzen dan ere, onekin jokatzen. (neskamea eskuiko bigarren atetik sartu, ta goiko aldean-zear, ezkerrean barrura igarotzen da).

AZPEITI: (neskameari) Eeee... up!... zer?... begitu ere egin gabe?... Pikutegi emen dagoalako edo?... Ario panpoxa! (Pikutegi'ri) Ire andregaia mututu egin dek...

PIKUTEGI: Bai, emakume ez ba'litz.

ANDER: (Txomin'i) Zenbat da Pikutegi'rena ta nerea?

TXOMIN: Laurleko bat.

AZPEITI: (Ander'i) Ta...? Zertan gera, adiskide?

ANDER: (Txomin'i berea ordainduaz) Ez diat jokatu nai.

AZPEITI: Mutil...! Siñalia galdu araziko diak!

ANDER: Or konpon, ontzurrea bota ba'dek ere.

AZPEITI: Ez diek orrelakorik egingo!

ANDER: Bai, bai!

PIKUTEGI: Nik, jokatu egingo nikek, Ander.

TXOMIN: Bai nik ere!

ANDER: (legor) Nik ez! (abiatzen da goitik kanporontz)

AZPEITI: (Ander'i besotik eldu ta geldituaz) Ez adi joan, mutil, itz egin bear diagu-ta.

ANDER: Bai..., nere nagusiak ori esaten ba'du!

AZPEITI: Ire nagusia, onera natorrela ikusi diat, bere andrearekin egurasten Añorbe'rontz dijoala; eta... anderetxoa berriz... zubi ondoan senargaiaz izketan, i non aizen ardura aundigabe, an egongo dek.

TXOMIN: Ez; aren senargaia, emen etxetik da.

ANDER: Berdin da; nagusiak etxean egon edo ez, nik nere bearkuna bete bear det, artu bear genduna artu degu ta, goazen Pikutegi (abiatzen dira).

AZPEITI: Baña Ander...!

ANDER: Ez diat nai. Lanera goaz.

AZPEITI: Irabazi besterik ez dekan jokua orrela utzi!

ANDER: Urrengorako orrela joango zaik, iñoren buruaz agintzeko ausardia!

AZPEITI: Origatik dek? (joaten dira Ander ta Pikutegi goiti.)

TXOMIN: Ez dek beretik aterako gaurkoan ori, Azpeiti.

AZPEITI: (berea edan, eta ordainduaz) Atera ez? Bai, bai!... Paliatuko det nik ori.

TXOMIN: Ez dakit ba...!

AZPEITI: Bai, gizona, bai. Ikusiko dezu oraindik... Baña, orain ba'noa. Gero arte, Txomin. (joaten da goitik).

TXOMIN: Gero arte, Azpeiti.

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Txomin eta Karmele.

 

TXOMIN: (salmaia txukunduaz) (beretzat) Nere atxoak gaur, zeregin aundiak ditu barru ortan. Sukaldean sartu da, ta... nork atera bertan zeregin aundiak ditula buruan sartzen ba'zaio!... Ta nik ordu ontan Bizkai'gana joan bear, arri jasotzeko joku-aupadea iñork jaso ote digun jakitera. (ixil-unetxoa, salmaia garbitzen ari dala) (zaztarra jaurti ta bat-baten) E!.. Deitu egingo diot. (eskuiko bigarren atera joan eta barrura deika) Karmele! (ixil-unetxo baten ondoren) Karmele! (salmaira biurtu ta berriro au txukuntzen jarraitzen du).

KARMELE: (eskuiko bigarren atean sartuaz) Deika al ziñan, Txomin?

TXOMIN: Deika nintzan bai, Karmele... Onara etorri bear zerala esan nai nizun, Bizkai'gana joan bearra daukat-eta.

KARMELE: Orain?

TXOMIN: Bai; oraintxe.

KARMELE: Zertara baña?

TXOMIN: Zertara?... Esan gabe ere, igerri bear zenduke...

KARMELE: Uste dezu, ez detala igertzen?

TXOMIN: Zertan galdetu orduan?

KARMELE: Izango dezute joku-traturen bat orain ere.

TXOMIN: Bai, ta zer?... Ez beintzat etxerako kaltean. Nik jokuak antolatu; ta zuk joku-egunean emen nai aña saldu... Egia ezta?

KARMELE: Bai... baña... orain ezin joan zindezke. Badakizu Lizarbe jaunak beste bere lagun bat dakarrela bazkaitara, ta Koxme'kin jatera baita maixua dator; oiek goian. Emen bean baita zortzi baserritar ditut, arrobiko argiñak, batzar bat dutela-ta. Ezin zindezke joan Txomin, ezin zindezke. Nik sukaldekoari lagun egin bear diot.

TXOMIN: (astiro) Orduan... neskame bat bidal zazu onara ta zaituko du berak.

KARMELE: Neskameak aruntz eta onuntz, beste zeregiñetan ari dira.

TXOMIN: Ba jarri zazu emen nai dezuna, nik orain joan egin bear det.

KARMELE: Ederki eman ere! etxean onenbeste lan dagola!

TXOMIN: Zer lan gero! Emen garai ontan ez ba-dabil iñor; ta sukaldean ere egunoro baño geiagorik ez. Lan ugariagorik izaten degu beste egun batzutan! Ni banoa. (abiatzen da goirontz).

KARMELE: Baña gizona! Dagoana dagon eraz utzita: Nora zoaz garai ontan?

TXOMIN: (lasai-lasai) Esan dizut... Ez da gaur gure etxean astirik ezik.

KARMELE: (aserre) Ondo da! Ez da gaur gure etxean astirik ezik, baña, zu al zera bati azke or-ziar ibilli bear dezuna? Besteok noiz?

TXOMIN: A!... nai dezunean!... Zoaz oraintxe... zoaz.

KARMELE: Orain?... onek esango ditunak!

TXOMIN: Nik esango ditudanak, ez; ni geldituko naiz emen, eta joan, joan... Ez neri esan beti azke or-ziar nabillenik. Joan zaite, joan, bereala.

KARMELE: Baña gizona; nora ta zertara ni joan?

TXOMIN: Orduan... zer esaten ari zera?... Nik ba-det nora ta zertara joan; zuk ez; geldi zaite etxean. (abiatzen da goiruntz).

KARMELE: Gizona!... Txomin!... (Lenengo ezkerralde barrura erakutsiaz) Ara nun datorren Lizarbe jauna bere adiskideaz! geldi zaite gizona!

TXOMIN: (atetik, lenengo buruaz ezetz, gero eskuaz agur egiñaz) Gero arte. (bijoa)

KARMELE: Jaungoiko maitea! au senar kaikua eman zenidan... Zuk eman, edo... nik artu... A! txarragoak ere oi dira-ta!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Karmele, Lizarbe ta Anduaga

 

LIZARBE: (Anduaga'kin ezkerreko lenengo aldetik izketan sartuaz) Oraindik amabietara, garagardoa artzeko lain asti ba-degu. Exeri zaite, (Ezkerrean lenengo aldetik leiarrezko itxitura ondoan dagon maitxoan exertzen dira).

ANDUAGA: Ordu orretan, jaun orren etxean egon bear naiz.

LIZARBE: Esan dizut: elkarrekin bazkalduko degu.

ANDUAGA: Atsegin izango det orretan. Etorriko natzaizu, ikerpen ori eginda.

LIZARBE: Eskerrikasko.

ANDUAGA: Eskerrak, zuri. (Karmele salmaitik jetxi te abekgana etortzen da).

LIZARBE: (Karmele ikustean) Ara emengo nere etxekoandrea, Anduaga. (Karmeleri) Jaun au, gaur nerekin izango dan bazkaldarra, Karmele.

ANDUAGA: Poztutzen naiz ezagutzeaz.

KARMELE: Berdin, ni ere.

LIZARBE: Etxekoandre adikor, opatsu ta on-ona nere au.

ANDUAGA: Badirudi.

KARMELE: Eskerrikasko. Baño Lizarbe jaunarentzat ona izaten ez da zail. Berez da ezer txarrik ez duana.

ANDUAGA: Baita; aintzat daukat berau ere.

LIZARBE: Arrotu egingo nazute.

ANDUAGA: Jakingo ote zenduke arrotzen?

KARMELE: Ori! (aldatuta) Zerbait artu nai al dute?

LIZARBE: Bai; garagardoa.

KARMELE: Bereala. (joaten da eskuiko bigarren atetik, eta bereela berriz irteten du) (salmaian gelditzen da).

LIZARBE: Beraz, beste egiteko gabe, bezero ori ikustera etorri al zera?

ANDUAGA: Beste egiteko gabe. Bezero ona det; eta onelakoai, urtean bein ikustaldi bat neuk egiteko oitura det... Ez det nai izaten saltzalle-morroien gain bakarrik utzi, erostun-kikoa eukitzea.

LIZARBE: Zu beti azkarra. Orrela saltzen dezu: nai guzia, ta onaroan zaude.

ANDUAGA: Esaten ari zeran ori ere ba...! Bost urte besterik ez dira gudaritza utzi ta daukazun ola ori jarri zendula. Asieran, ogei langille zenduzen, orain eundik gora. Ez dakit geiago eskatu leiken. (eskuiko bigarren atetik neskame bat sartu, ta salmaian Karmele'k eman dion bonbil garagardoa ta ontziak ipintzen dizkie) (ixil-unea bitarte ontan).

LIZARBE: Bai; lan asko ta irabazi onak ditut nik ere Jaunari eskerrak, zerbaitetan adu ona bear det.

ANDUAGA: Zertan ez dezu zuk adu ona oraindañokoan? Guzia ondo irteten zaizu, (olgetan) eta... gauz guzietan bikain izatearren, biotzak maitatu nai izan dizunean,... zuzen-zuzen... inguru abetako anderetxo aundikiengana jo dizu.

LIZARBE: Aundikiengana ez; Elixabete on, atsegin, eder zoragarriagana.

ANDUAGA: Berdin da. Aur zoragarri ori aundikia ba'da, orretan zure adu ona.

LIZARBE: Edo nere zoritxarra.

ANDUAGA: Ez al zaitu berak maite?

LIZARBE: Maitasun sutsuz.

ANDUAGA: Orduan...

LIZARBE: Zuk esan dezu, Anduaga: Elixabete aundikia da. Baña ni...

ANDUAGA: (uste-osoz) Zu, Andoni, emakume aundiki baten laingo gizon zintzo, jakintsu ta aberatsa.

LIZARBE: Guzi orren gain izen aundiki bat bearreko ba'zait bere lain izateko?

ANDUAGA: Maite dezunaz ezkondu al izateko eragozpen al zaizu izen aundikidun ez izatea?

LIZARBE: Eragozpen aundi.

ANDUAGA: Bere izen aundi ta guzti, ez da zure lain.

LIZARBE: (tamal) Jaungoikoa arren!... ez orrelakorik esan, Anduaga! Elixabete, onoitu ta Jaungoikozalea da. Badaki zenbateraño aintzat artu bear diran ludiko aunditasunak; eta ez dio nigan akatzik arki-arazten nere jatorri ezkutu illunak: gurasoak nortzuk ditun ez dakian sasiko onen izen txiroak...

ANDUAGA: Orrela izanik...

LIZARBE: Guraso-orde ditun bere osaba-izebak dira orretan beste iritzi bat dutenak. Berentariko batez izan ezik, ez diote ezkontzen utziko. Gutxiago nerekin.

ANDUAGA: (ixil-une baten ondoren) Ta zer?... Berealatik lortu nai dezun zoriona iritxi al izateko luzagarri bat besterik ez da ori, zure maitea bere buru-jabe izatera eldu arte itxaron bearra.

LIZARBE: Eragozpen orrek konturatu arazi nau baña maitasunik garbi ta ederrenaz bere jatorri aundikiaren izen garbia ematen didan emakumearentzat, jatorri ezkutu baten izen kutsutua besterik ez detala, ta...

ANDUAGA: (bereala) Jatorri ezkutua dezulako ez du kutsurik zure izenak; ez onik ez txarrik. Dezun izena zeure-zeurea da; iñorgandik artu gabe zeuri ezarria, ta zeure izakera zindoaz aundikitua.

LIZARBE: (tamal aundiz) Adiskide on bezela, neretzat itz pozkarriak dituzu, Anduaga. Eskerrikasko... Baña, ez dakizu ezkutuaren itzalpean ludira jaio giñanon gogo-oñazearen berri!... Ez dakizu zer dan, guraso nolabaitekoen susmoa biotz barruan nabaitzea!... Ez dakizu zer dan, gurasoak ditugunik aipatzeaz lotsatu bear izatea... Ez dakizu zer dan, emakume zoragarri baten maitasunean biotza gozatuaz, ixilleko oñaze ori arintzeko itxaropenak poztu gaitunean, zio beragatik maitearen neke-bide izatea!...

ANDUAGA: Kezka oiei leku ematekotan, Andoni, maitasun ori ezintzat uztea onena.

LIZARBE: Biotzaz ezin leike nai danik egin; beregan sortu bear duan indar bat da naia.

ANDUAGA: Adimen zuzen-bidetik ibiltzen ere, ondo daki.

LIZARBE: Arren!... Aipatu ere ez orrelakorik!... Nere lei ta ardura guztien zergatia, Elixabete da; bizia baño naiago det bere maitasuna.

ANDUAGA: (edatez amaitu ta jeikitzen da) (irriparrez) Ez da errez zure gaitzari osagaia arkitzea! Aundiki bat maitatzetik zoritxardun zerala, egiz esan dezakezu bai.

LIZARBE: Nor zanik nekien baño len maite nuan.

ANDUAGA: Sinisten det. Gauzak datozen eraz artzen jakiteak, naigabeak arintzen ditu, ta ez zaite orren kezkati izan.

LIZARBE: (zutinduaz baita) Jakite ori, Jaungoikoaren naia ontzat artzen ez danean, gereikokeria oi da.

ANDUAGA: Artu ba ontzat onbide dan eraz, eta lasaitu zaite.

LIZARBE: Ze gauz errexa dan onu ematea!

ANDUAGA: Zure lekuan, eginkizun errexa litzaket.

LIZARBE: Bai ote?

ANDUAGA: (ordukaria begituta) Baietz uste det. Baña... orduak badijoaz, eta nere egitekora noa. Gero itz egingo degu.

LIZARBE: Bazkaldu bitartean. Zai gelditzen nakizu.

ANDUAGA: Pozik izango naiz gaur zure bazkaldar.

LIZARBE: Ezingo dizut eskañi sendi arteko gozamenik zure etxean zuk bezela; badakizu sendi gabeko gizajo onek, an bezela emen ere, ostatu-etxeko gela uts, otzean, bizi-toki ituna detala-ta...

ANDUAGA: (alaitsu) Maitasun kabi berora, nai dezun txoria ekartzeko, utzi kezkok arren, bestela... beti ostaturik-ostatu orma otz artean bizi bearko dezu. Entzun?

LIZARBE: Ez naiz asmo orretan. (abiatzen dira ezkerreko lenengo aldetik barrura) Lagunduko dizut.

ANDUAGA: Zertako, emen bertan txaidea bitarte bizi da-ta? (sartzen da Ana Joxepa goitik).

LIZARBE: Ateraño bederik... (joaten dira).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Karmele, Ana Joxepa, gero Lizarbe.

 

ANA JOXEPA: (Karmele'gana salmai ondora joanda) Emen nazu ba, Karmele. Etxean izango da noski, edo atera da Lizarbe jauna?

KARMELE: Ementxe zan arestian, kanpotik etorri zaion adiskide batekin, baña ara non dijoazen (ezkerrera lenengo aldeko barruko aldera erakutsiaz) Etortzeko esan dizut, eta ala bearra, jaun orrekin irtetzera dijoa... Edo... ez! badiruri bera emen gelditzen dala. Itxoin zazu pizka bat.

ANA JOXEPA: Zertako?... Urrengoan etorriko naiz.

KARMELE: Ez: zaude. Lizarbe jauna bera, zurekin izketa aldi bat izan naiez da.

ANA JOXEPA: Orrela izanik...

KARMELE: Bai. Exeri zaite, Ana Joxepa; ea etortzen dan. (lenengo alde eskuian alki bat eskeintzen dio)

ANA JOXEPA: Eskerrikasko (exertzen da) (Goitik, bezero bat sartu ta salmai ondoan gelditzen da).

KARMELE: Bereala natorkizu, orain sartu dan orri bear duana emanda. (joaten da salmaira ta bezeroak eskatua ematen gelditu da).

ANA JOXEPA: (beretzat) (adi-adi ezkerraldera begira) Nere begiak lausotzen asi dira, baña... Lizarbe'tar Andoni deritzan jaun gazte onen begi-tartea ezagutzeko lain, emendik ikusten det... Arpeikera ori, Errotatxokoen da... Ezpairik ez det: au Katalin gaxoaren semea da iñola ere, (oldoztun) bai! ez nabil oker nere buruauste onezaz. Ez!... Aren izen-abizenak ditu,... Adiña ere... or nunbait! Eta sasikoa dala...! nor izango da ba, bera ezta?... (biotz-ikaraz) Ene Jaungoikoa! Arrigarriak dira zure erabakiak! Nork esan umetxo ura gerora nere semearen gaizkale izango zanik?... Eta... Jauregiko anderetxoaren senar...? (ikara aundiagoz) Josu! Ene Josu maitea! abek gauzak!... Ba-dator... Bera da! Au Errotatxo'tarra da! Bai, bai... Ez daki asko norekin itzegitera datorren! Ez daki... ez... ez... onek ezin lezake ezer jakin... ezin... ezin...! (sartzen du ezkerretik Lizarbe ta Karmele salmaitik jetxi ta urbiltzen da baita ere. Joaten da ere goitik bezero sartu berria).

KARMELE: (Lizarbe'ri) Ara emen Ana Joxepa... Ander'en ama; Lizarbe jauna.

ANA JOXEPA: (artetsu) Esan zazu «Xalxape», emakumea; ez bildur izan.

KARMELE: (bare) Esan detana esan nai nuan ere. Au Ana Joxepa!

LIZARBE: Badakit goitizen ori dezula; baita gaizki jarria dala ere.

ANA JOXEPA: Gaizki edo ondo, orrela deitzen didate Jauna. Ez da uste ona araztekoa baña...

KARMELE: Ibargain guztiak maite zaitu.

LIZARBE: Ezaungarri ona.

ANA JOXEPA: Ustez ez diot iñori gaitzik egin iñoiz ere, al guzia on; baña beste batzuk ere badira on egin zale. Esker-onak nakar gaur zu ikertzera, jauna, ta onek adierazten du zu ere orrela zerala.

LIZARBE: Ander'en ama zerala esan du Karmele'k; augatik igartzen det nai dezuna. Zure seme zintzoak baña, bere erabeonaz ordaindu nindun lagun-mutil izan nuan aldian.

ANA JOXEPA: Bere amak baña, ez zaitu ordaindu; ezagutu gabe, arrezkero zure izena biotz-erdian daraman arren.

KARMELE: (eskuiko lenengo atea erakutsiaz) Igo zaitezte goiko gela nagusira. Au baño toki egokiagoa dezute itzegiteko.

ANA JOXEPA: (bereala) Nigatik ez; ez daukat ixilpekorik esateko; ta ez det nai luzatu, gogaikarri izan ez nadin.

LIZARBE: Gogaikarri iñolaz ez; zu ezagutzeaz poz aundia det. Bai nuan zurekin izketaldi bat egiteko gogoa.

ANA JOXEPA: Eskerrikasko.

KARMELE: Baña Lizarbe jaunak...

LIZARBE: Ez; nigatik ere ez.

KARMELE: Onenbeste sartu irten dabil emen eze...

LIZARBE: Berdin da. Garai ontan alde ontatik, ez dabil iñor.

KARMELE: Ez beste ontatik ere asko. Nai dezutena ba.

ANA JOXEPA: Zenbat eta malladi gutxiago igo bear, pozago ni.

LIZARBE: Asko nekatzen edo?

ANA JOXEPA: Gaxo nago.

KARMELE: Zu gaxo? Ez dirudizu!

LIZARBE: Zer dezu ba?

ANA JOXEPA: Biotza... biotza nolabait...

KARMELE: (arrituta) Zuk, Ana Joxepa? Beste guziak sendatzen ain gogor ikusten ba'zaitut!

ANA JOXEPA: Ni gogor? a, gaxoa!

LIZARBE: (eskutatu nairik) Ez da gauz aundia izango, Ana Joxepa! Onik zaude.

ANA JOXEPA: (itun-xamar) Osalariak ardura aundiak ematen dizkate.

LIZARBE: Mingarri zait.

KARMELE: Ezer ez nekian. Noiztik zaude orrela?

ANA JOXEPA: Aspaldi. Estutasun aundiak ematen dizkit. (artetsu) Onelako gaitzak, jakiña dago: gutxien uste danean... klas! eta Jaungoikoaren aurrera eraman oi dute.

KARMELE: (arrituta) Au Ana Joxepa!

LIZARBE: Ez dezu baña benetan ori usteko?

ANA JOXEPA: Zergatik ez, orrela ba'da?

LIZARBE: Ain artetsu esaten dezu!

ANA JOXEPA: Zer egingo det ba?.. Jaungoikoak nai duana ontzat artu, ta Beregana aurkezteko, albaitik ondoen gertuta egon. Izan bedi Berak nai duanean eta nai duan eraz.

KARMELE: (arrituta) Au andrea!

LIZARBE: (beretzat) Andre atsegiña! (Ana Joxepa'ri) Ondo egiten dezu Jaungoikoagan ustea jarrita, datorkizunaren bildur ez izatea. Egin bedi gugan Bere naia... Baña, exeri zaite; zutik neketan egon gabe; ta gauz itunak utzita, alaiagoatzaz itz egingo degu. (Karmele ta Lizarbe'k, lenengo aldean ezkerretik leiar ondoan dagon maitxo inguruko alkiak ipintzen dituzte bertan exertzeko)

ANA JOXEPA: (beretzat; oldoztun) Bai!... bai!... Au Katalin Errotatxo'koaren semea da!... Ez det ezpairik... (biotz-ikaraz) Ene Jaungoikoa!!!...

LIZARBE: (maitekor, alki bat eskañiez) Exeri zaite, Ana Joxepa. (exertzen da, au).

KARMELE: Ni, banoa nere egitekoetara. Gero arte.

ANA JOXEPA: Bai, zoaz Karmele; gero arte.

LIZARBE: Agur. (joaten da Karmele salmai aldera).

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa ta Lizarbe.

 

LIZARBE: (Ana Joxepa'ren ondoan exeriaz) Biotzez eskartzen dizut ikerpen au, Ana Joxepa. Zu ezagutzeaz atsegin aundia det. (maitekor) Ander'ek ainbeste aipatzen zuan amatxo kutuna!

ANA JOXEPA: (pozik) Orrenbeste aipatzen nindun?

LIZARBE: Beti zutzaz ari zan. Bere ardurak, zuretzat; bere kezkak, zugatik. Espetxetik azkatu nuanean, bere burua azke ikusteaz baño, zuri naigaberik eman gabe igaro al izateak poz aundiagoa eman zion.

ANA JOXEPA: Gizajoa! Beti da ona neretzat. Ez nuan gertatu zitzaionik jakin, Gudaritza aldia bete, ta etxeratu zan arte. Orduan edestu ziran guzia... A, jauna! zenbat zor dizugun! Zugatik daukat gaur semea etxean, zuri eskerrak.

LIZARBE: Zure seme aldez egindakoaz, kistar eta euzkotar bezela bearkun bat betetzea besterik ez nuan egin. Ander'ek, erdera ez jakitea beste errurik ez zuan. Gudari-legeak zigor gogorra dute bere gaindikoaren aurka asaldatzen dan gudariarentzat, eta zure seme gizajoa zigorpe orretan erori zan... Baña ez erru gaiztoz; sarjento birao-zale gaiztoak bere kistartasun eta euzko-izatea mindu zitulako. Kistar eta euzkotar bezela zegokidan ba egin nuana egitea.

ANA JOXEPA: Ama gaxo onen biotza irabazi zendun beintzat. Orduan gudari ziñanez, orain ere orrela ziñalakotz beti arrisko edo gaitzurrean uste zinduztan; nere otoitzak augatik sutsuago izan dira, ezer txarrik gerta ez dakizun...

LIZARBE: (bereala) Utzi nitun nere gudari-galartzuak!...

ANA JOXEPA: Ala jakin det, bai.

LIZARBE: Orain burdiñola baten jabe naiz, eta beste arazo batzuk ditut.

ANA JOXEPA: Gudari izatez gogaitu edo...

LIZARBE: Ez zan nere ustea. Ezta arrotz-gudalostean aritzea ere, nere euzkotar izakeraz ondo artzen dan bizpidea ere... Aitatzakoa nuan gudaria, ta jakiña, umetan bere zaletasunak ezarri zizkidan; orrela gudari egin nintzan. Baña... ez nuan nere onik... (ixil-unea).

ANA JOXEPA: (beretzat) Aitatzakoa gudaria zuala... guzia bat! (ixil-unea).

LIZARBE: Oldozti nabaitzen zaitut, Ana Joxepa...

ANA JOXEPA: Bai... zutzaz eta zure aitatzakoatzaz oldozten nengoan... Donosti'n ezagutu nuan ba Anoeta'tar Imanol zeritzan gudalburu jaun bat, eta zure izeneko semetzako bat zuan... (Ana Joxepa'ri entzunaz, Lizarbe gelduta, arrituta, agertzen da).

LIZARBE: Noiz?

ANA JOXEPA: (oroituaz) Noiz... noiz... orain ogeita bost urte inguru...

LIZARBE: (urduri) Eta... zenbat urte zitun orduan semetzako orrek?

ANA JOXEPA: (oroituaz baita) Bost...? Bai, bai: bost zitun mutil koxkorrak...

LIZARBE: (arrituta) Ana Joxepa!... Au ala bearra!... Umetan ezagutu ninduzun!

ANA JOXEPA: (makal) Bai;... bai:... ezagutzen zinduztan... (Ana Joxepa ondo-ezak makalduta bezela gelditzen da).

LIZARBE: (larrituta) Zer dezu?... Makal nabaitzen zaitut... ondo-eza al dezu?...

ANA JOXEPA: Ez da ezer... Ustekabeko zarrasta onek, gaxotu nau. Ain det biotz makala!

LIZARBE: (bildurti) Gaxoa!... Zer artu nai dezu, Ana Joxepa, bizkortu zaitzan?... Esan... zer ekarriko dizut?... Karrnele'ri deituko diot.

ANA JOXEPA: Ez, Jauna; ez zaite estutu. Bereala joango zait...

LIZARBE: Karmele'ri deituko diot, zerbait ekarri daizun.

ANA JOXEPA: Zertako?... Ez; ez, deitu. Ondo nago... (Lizarbe eskuiko bigarren atetik joaten da).

ANA JOXEPA: (ixil-une baten ondoren) (bakarrik) Jauna!... Jauna!... Ene Jaungoikoa!... arrigarriak dira zure erabakiak!... Katalin gaxoaren semea niganatu dezu!... Berau nere semearen gaizkalea!... (biotz-ikara aundiz) Eta... Elixabete'ren senar?... Ene Jaun aundia! Zuk dagizu!... (eskuaz biotza estutuaz).

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, Lizarbe ta Karmele.

 

(Eskuiko bigarren atetik sartzen dira Lizarbe ta Karmele).

 

KARMELE: (maiteki) Zer dezu, Ana Joxepa?

ANA JOXEPA: Ezer ez, Karmele; Txakal-alditxo bat. Ain nabil nolabait!... Baña igaro zait... Ondo nago... Lizarbe jauna bildurtu egin da...

KARMELE: Ezta gutxigotarako!...

LIZARBE: (kezkatsu) Benetan ondo al zaude?

ANA JOXEPA: (zutinduta) Bai; bai jauna.

LIZARBE: (Ana Joxepa geldiaraziaz) Baña... nora zoaz?

KARMELE: Ori! Exeri zaite!... Zerbait artu bear dezu. Salda bero pixka bat edo...

LIZARBE: Bai: zerbait bizigarri...

ANA JOXEPA: (bizkortuta) Ez; ez. Orain ondo nago. Ezer artzeak, kalte egingo lidake... Etxera noa.

LIZARBE: Ez arren! Joaterako, atseden artu zazu...

ANA JOXEPA: Ondo nago. Onelakoxe aldiak izaten ditut; eta... au ez da ezer! txarragoak agitz!

KARMELE: Orra Ana Joxepa!... Erri guziaren osalari izanik, berau gaxo dagola!

ANA JOXEPA: Ez ba...! ... Azitarako gelditzeko nintzala uste al zendun?

LIZARBE: Ja, ja, ja!

KARMELE: Azitarako edo beintzat...

ANA JOXEPA: Beintzat... ni ere banoala beste guzien bidean.

KARMELE: (oarkabe) Bai... bai...

LIZARBE: (jostari) Oraingoz baña... bide ori exerita eman zazu, berdin joango zera-ta. Exeri zaite, exeri. (lenengo alkia eskeintzen dio, ta Ana Joxepa exeritzen da).

KARMELE: Ez dezu ezer artu nai beraz?

ANA JOXEPA: Ezta ezertxo ere. Eskerrikasko.

KARMELE: (Lizarberi) Orduan... besterik agintzen ez ba'dezu...

LIZARBE: Ez. Joan zindezke. (Exertzen da len bezela Ana Joxepa'ren ondoan).

KARMELE: Ondo da. (goruntz joan eta salmai ondoan geldituta, beretzat) (Ana Joxepa ta Lizarbe'ri begira) Lizarbe jaunak, Ana Joxepa'z egoteko gogoa du... Izan ere, Jauregi'ko anderetxoarentzat mandatari obeagorik ez!... Orratx! orain ere «xalxapean»!... Eta kutsu oneko xalxa!... Eskupeko onenbat lortuko du orain ere! (joaten da eskuiko bigarren atetik).

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa ta Lizarbe.

 

ANA JOXEPA: Zerbait urduri netorren zu ezagutzera, lendik zure izenak, eta aldi ontan nigana eltzen ziran zure berriak, Anoeta jaunaren semetzakoa ote ziñan buruausteaz jarri nindulako; eta berbera zerala ikustean nere biotzak artu duan astindua, jasan al izateko baño aundiagoa izan du, ta makaldu egin zait... Ai jauna! Ezer gutxitarako nago... Ezerez batek arazten dit...

LIZARBE: Biotzeko gaitzak agitz, orrela oi dira... Zaindu egin bear zera; zaindu.

ANA JOXEPA: Nola baña zarrazta abetatik gure burua zaindu, ez-gertarazitzea, bizian ezin bai ba'da?

LIZARBE: Artez diozu... Orain bezela... (ixil-unea) Izan ere alabear aundienetako bat da, gertatzen zaiguna... Nork esan bear zidan, gudaritzan izan nuan morroi zintzo Ander, umetan ezagutu nindun baten semea zanik?

ANA JOXEPA: Eta ume ziñan garaian, nere magalean atsegiñez eukitzen zinduztan garaian, neretzat ain maitagarri ta maite ziñan garai artan: nork esan bear zidan, gizon izatera eltzen ziñan garaian, seme baten gaizkale on izango zinduztanik?

LIZARBE: (jostari) Ori jakin izan ba'zendu, geiago ta geiago maiteko ninduzun... ezta?

ANA JOXEPA: (ixil-une baten ondoren) Maite zinduztan baño geigo... ez dakit... ez dakit... Guraso geranon biotzetan, zutzaganako maitasun berezia sortu oi du errukiak...

LIZARBE: (oldozkor) Bai...! Zurtza edo...

ANA JOXEPA: (ausartu eziñik bezela) Bai... bai... (ixil-unea).

LIZARBE: Zerbait artu-emana al zendun nere gurasotzako aietzaz?

ANA JOXEPA: Bai...; Donostia'n ziran aldi artan sarri oi nintzan beren etxean... Gerora, Burgos'a joan ziñaten...

LIZARBE: Bai... bai...

ANA JOXEPA: An bereala emaztea il zan... eta ez nuan geiago zuen berririk izan. Anoeta jaunak neretariko bati bere berriak bidaltzea baño aurretiagoko arazorik bai nuan eta. Emaztea bizi izan ba' litz, besterik izango zan...

LIZARBE: Bai, jakiña... emakumea emakumeaz... Gaxoa! Gazterik il zan. Doi-doi beretzaz oroitzen naiz.

ANA JOXEPA: Gaztetxo ziñan bai; eta ezin ondo oroituko zera... Seme izanda bezin maite zindun, maitasun xamur-xamurraz. Orrela agertu zan bere azkenaian ere, ama bezela; zitun ondasunak zuretzat utziaz.

LIZARBE: (arrituta bezela) Egia! Ikusten det nere berri ondo dakizula...

ANA JOXEPA: Jakin ez? Bai, bai... Anoeta jauna, berez legor-xamarra zan, baña on-ona zuretzat.

LIZARBE: Ain ona...! Aitarik onenak bezela, irakatsi ta mendu nindun. Gizajoa! Galdu nuan ura ere!

ANA JOXEPA: Il zan?

LIZARBE: Aspaldi!

ANA JOXEPA: Ez nekian...! (ixil-unea) Gelditu ziñan ludian bakar, bakar...

LIZARBE: Bai, Ana Joxepa: bakar, bakar... Ageri danez zuk nere berri ondo dakizu, baita... guraso ezagunik gabea naiz-eta ere, ezta?

ANA JOXEPA: (makal) Bai, jauna, bai...

LIZARBE: (jakinmiñez) Ez zuten nere gurasotzakoak nere jaiotzaren berririk ezer?... Zuk ezer ez al dakizu?

ANA JOXEPA: (biotz-ikaraz) Ez, jauna; ez zekiten ezertxo. Aurrik ez zutelako, emaztearen naiez Aur-etxetik atera zinduten, eta guraso ezagunik ez zendulako artu ere, iñoiz jaberik izango ez zendun itxaropenaz, maitatu ta gero zu gabe geldi ez zitezen.

LIZARBE: Aitatzakoak orrela esan oi ziran bai... Ez zan ez, jaberik azalduko zitzaidan bildur aundirik.

ANA JOXEPA: Ez dezu beren bearrik ere. Gurasorik ez zendun, ezagunik beintzat, eta orren sari, gurasotzako on-onak eman zizkitzun Jaungoikoak...

LIZARBE: Bai; guraso ditudanak baño obeak beintzat...

ANA JOXEPA: Ori... ezin esan diteken gauza da, Lizarbe jauna.

LIZARBE: Nola ez, agerian dago-ta?

ANA JOXEPA: Agerian ez... (ixil-unea)

LIZARBE: Alabearrak, edo obeto esateko Jaungoikoak, umetan ezagutu ta maitatu ninduzun orrengana batu nau. Zutzaz gogo-idekia izan nai det Ana Joxepa.

        Nai al dezu, bere semea erriko Aur-etxe batera jaurtitzen duan ama baño biotz gabeagorik?... Eta bere izena semeari ukatzen dion aita baño dongeagorik?...

ANA JOXEPA: Ez jakin... ez jakin... Gerta liteke ez bizi izatea ere...

LIZARBE: (ezpaiez) Alabear aundia litzake jaio nintzanetik iñor gabe izatea...

ANA JOXEPA: Bai baña, gerta litekena, ta, zertako orretzaz oldoztu?

LIZARBE: Nik oldozten det, eta asko.

ANA JOXEPA: Benetan?...

LIZARBE: Burutik kendu ezin detan gauza danez...

ANA JOXEPA: Alegindu zaite ba kentzera, oldozte ori zure biziaren mingarri izango zaizu bestela.

LIZARBE: Orrela zait...

ANA JOXEPA: Ba... ez zenduke bear. Oroitu zaite maitasun eta eskerronez beste gurasorik izan ez ba'zendun bezela, gurasotzako on aietzaz, eta oroipen ori, zure izatearen pozkarri izango zaigu.

LIZARBE: (itun) Gaxoa! Zuk ez dakizu zer dan sorkun illun baten oben-kutsua nor beregan eramatea!... Zuk ez dakizu, bere jatorria gizartean lotsaz ixildu bear duanaren gogo-oñazea!... Jatorri ori bizibidean lotsagarritzat artetutzen zaionaren gogo-oñaze larria!...

ANA JOXEPA: (biotz-ikaraz) Egia, egia... ez dakit... ez dakit... Baña... Jaungoikoarren! ez dagizula oñaze orrek sortu zindutenentzat gorrotorik biotzean sortu! (une ontan neskamea eskuiko bigarren atetik sartu, ta goiko atera joaten da, bertan kalera begira geldituaz).

LIZARBE: (minbera) Zer ezarriko dit gorrotoa ezta?...

ANA JOXEPA: Errukia...

LIZARBE: Aien obenak, ni egin nindun errukigarri esan dizudan zioagatik. Ezin oroitu ditut gorroto gabe...

ANA JOXEPA: Lizarbe jauna! Ain ona zeran orrek, barkatzen ez al dakizu?

LIZARBE: Biotz bera naizen onek, nere gurasoai barkatzen ez dakit.

ANA JOXEPA: Jaungoikoa iraintzen dezu.

LIZARBE: Zuk badakizu nere berri; baita Jauregi'n gertatzen danaren berri ere. Nere jatorriagatik ez ba'litz, ez litzake bertako jauna Elixabete ta nere ezkontza aurka.

ANA JOXEPA: Jauregi'ko jaunak, arrokeria du arazo ontan itungarri. Ezin ba zuzen ibilli bere usteetan...

LIZARBE: Ez naiz Antxeta jaunaren aurka.

ANA JOXEPA: Ez dakit nola ez...

LIZARBE: Ain maite duan bere illobatxoarentzaz, berari dagokion besteko senarra nai izatean, zuzen dago. (Goiko atean Pikutegi agertzen da, neskameaz maite-maite izketan geldituaz).

ANA JOXEPA: Orduan zure buruaren aurka zera.

LIZARBE: Arteza dana aintzat artzen dakit; eta nere zoritxar guzien errudun, aben-zioa nigan ezarri zutenak egiten ditut. Entzun ba, nere gurasoentzat gorrotoa besterik ezin nezakela.

ANA JOXEPA: Mingarri zait ba, berentzat dezun gorroto ori. Zure amerentzat dezuna batez ere.

LIZARBE: (susmadun) Badirudi onura diozula...

ANA JOXEPA: (ezpaiez) Ez dizut ezetzik esaten... (ixil-unea)

LIZARBE: Nola lezaioke ezagutzen ez dan bateri onura artu?

ANA JOXEPA: (bildurti) Zergatik ez bere zoria ezagun zaigunean? (ixil-unea)

LIZARBE: Iduritzen zait, Ana Joxepa, bere zoria baño zerbait geiago ere ezaguna zaizula nere amagan... (ixil-une luzea) Ez da orrela?... (ixil-unea) Ez didazula erantzun nai?...

ANA JOXEPA: Esan dizut zure gorrotoa mingarri zaidala. Orren aurka, bear guzia egingo det: Ez zazu ezetsi zure ama gaxoa, on-ona zan!

LIZARBE: Ana Joxepa! (biotz-ikaraz) Zer entzuten det?... (yoranez) Zuk ezagutzen zendun?

ANA JOXEPA: (biotz-ikaraz baita) Bai!

LIZARBE: Nere ama ezagutzen zendun?

ANA JOXEPA: Ezagutzen nuan, bai. Nere besoetan jaioa zera! (Pikutegi ta neskamea, geroago ta lilluratuago ixilka izketan ari dira beste iñoren kontu gabe, goiko atean).

LIZARBE: (arrituta) (urduri) Nola?... Nor zan?... Nun jaio nintzan?... Esan!... Arren esan!

ANA JOXEPA: (ikaraz) Gutxi baño ez nezakezu esan. Baña zure gogo-oñaze ori arintzeko lain esatea dagokit. Baita zure ama errukarria aldeztea ere... Ez arren ba, gorrotoz bere izena iraindu!... Gogo ta soñez aingeru bat bezin eder aratza zana, indarrez galdua izan zan!

LIZARBE: (bat-batean) Josu!

ANA JOXEPA: Umezurtza zan... Bera zan baño zurtzago jaio ziñan egunean utzi zindun... Jaiotzean artu zinduten nere besoak, beste nork jasorik ez zendula...

        Txiroa naiz; orduan txiroago, eta errudunak zure jaiotza txindiz eztaldu ba'zuan ere ez zan, ezin zitekean zure jabe azaldu, ez zindun nai ere, ta erkiko Aur-etxera eraman bear izan zinduztan, naigabe aundiz. Ara eramanaren erruki iñork ba'du, nik det. Azketsi!

LIZARBE: (ikara aundiz) Zer entzuten det?... Ez zera ezeren errudun. Maitasuna zor dizut!... Jauna, Jauna!...

ANA JOXEPA: Zuganako maitasunak nere biotzean beti bizirik iraun du. Augatik joaten nitzaizun Anoeta jaunarengana, ikustaldiak egitera... Augatik nere biotz makalak artu duan zarrazta nor zeran jakitean...

LIZARBE: (urduri) Baña Ana Joxepa: nor nun ama? Nor nun aita? nun jaio nintzan?... nun? zer?

ANA JOXEPA: Esan dezakezudan guzia esan dizut... baita esan nai ez nuana ere, baña zure amaren izena gorrotatu ez dagizun, egin det... Ludi ontan laidotik ta bizi bearraren samiñetik, argitara eman zindunean Bere'gana deituaz Jaungoikoak azkatu zuan. Ez arren ezetsi ba, Jaungoikoak maitez bereganatu zuan zure ama...

LIZARBE: (makal-ta biotz-beraz) Ez Ana Joxepa, ez!... Eta nere aita?

ANA JOXEPA: Bere gaztaroan ordikeri ordu zatar baten egindako gaiztakeriaz lotsa ta garbai dan jaun zar, zindoaren gogo-oñazea, arren, itzal-izan zazu... Ez orrentzat ere gorrotorik...

LIZARBE: (makal) Ezta... ezta...

        Azketsi... azketsi...

        Baita... baita... (gora begira) (xamur) Ama!... amatxo!... Ludiko loi artean gorrotagarri billakatzen zinduztan... Zeruan Jaunaren altso zoriontsuan maitagarri arkitu zaitut... Azketsi amatxo!... azketsi...!... Maite... maite zaitut!... maite... maite...!...

 

ZAPIA

 

aurrekoa | hurrengoa