|     40 zenbakia, 1935eko apirila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


GAI DAGONAREN INDARRA

 

JOSTIRUDIA EKITALDI BATEAN

 

BARRIOLA ta AIZPURUA'tar Abelin'ek

1915'garren urtean idatzia.

 

 

ANTZEZ-LAGUNAK:

        ANDRE EULALI (50 urtekoa)

        KARMENTXO (20 urtekoa)

        LUISA (neskamea)

        KLETO (52 urtekoa)

        SERAPIO (27 urteko sendagillea)

        PATXI (27 urtekoa)

 

        Ezker-eskubiak irudigilleenak.

 

 

        Iruditegian ikusiko degu etxe on bateko etxekoandrearen lan-gela.

        Ezker-eskubitan ate bana.

        Atzean, eskubitara, leio aundi bat, ta ezkerretara ate irikia.

        Udararen erdi-erdian gera, arratsaldeko iruretan. Eguraldi ederra ta eguzki betea; bero da. Leiotik sartzen da eguzkia, bañan ez nai aña, kortina bat bai dago botea.

        Josteko mai txiki bat leio ondoan ta aundiagoko bat ezkerretan.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Andre Eulali ta Kleto.

 

(Andre Eulali josteko mai txiki aurrean dago, eskuan lana dula. Kleto, ate ondoan, norbaiteri ojuka. Maukutsean dago, izerdi plei, ta asarre).

 

KLETO: Orratx azkenean!... orain zoaz pakean!

EULALI: Bañan gizona, atoz onera!

KLETO: Zaude ixilik zu ere.

EULALI: Bai, danok ixilduko gera zure aurrean. Zu gizon aundia izan nunbait!

KLETO: Ta zu berritsu aundiagoa.

EULALI: Andre gaxoa biali duen itxuran!

KLETO: Emakumea, nolabait ere biali bear nuen, iñola etzuen joan nai ta.

EULALI: Saiatu gabe badakizu eztala ezer irixten, ta orrengatik gaxoak orrenbeste bider eskatzen zizun.

KLETO: Bañan esaten ez nion ba baietz, esker ori egingo niola? Zazpireun aldiz gutxienaz esan diot, eta, sorgin arrek! beti berea... (andre aotsakin) «Etzait neri iñor inkomodatzia gustatzen, bañan alargun gaxoak zerbait egin bear degu...» ta inkomodatu gora, ta inkomodatu bera, alargun gaxoa gora ta alargun gaxoa bera, azpertu, mariatu ta erneatu arte.... alargun gaxoa?... ez, senar gaxoa!... zerbaitengatik il zan.

EULALI: Zaude ixilik gizona, zeorri ere alarguna zera-ta.

KLETO: Gaurko nere bazkalondoko lo kuluxka galdu azi dit... Arranoen andrea!

EULALI: Berriz?

KLETO: Nola ez! Gaurko beroa eramatea naikoa eztala etorriko zait ba, enplasto ori! bazkaria oraindik ortzetan daukatela? Begira nola nagon, ikutu, ikutu nere garrondoa... plei plei!

EULALI: Nai dezulako.

KLETO: A, bai! txit gustora nago! galeperra saltzan bezelaxen... txit gustora!

EULALI: Gu emen gaude ba orrenbeste erneazio gabe.

KLETO: Zazpi pañuelo busti nituen atzo. Gaur badaramazkit (galtzen patrikatik atereaz) bat... bi... iru... ta gañera arkakusoak, eltxoak, andre alargunak... a!... txit gustora! txit gustora!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Karmentxo

 

KARMEN: Aita, beorren gela illunpean iduki degu, ta prexko-prexko dago; bijoa, bijoa ikustera.

KLETO: Ta paretetan ez al daude eltxoak prexko-prexko ni joan zai?

KARMEN: Ezta bat ere. Luisa ta ni ibilli gera danean begira, ta eztegu bat ere arkitu.

KLETO: Bart bazan ba. Kontziertua nere kontura an jo du.

KARMEN: Ez daka ba granorik. Egin lezake lo patxaran.

KLETO: Beldur naiz ba, ta gañera gaur.

EULALI: Gizona, egun batekoa botako aldezu lo egin gabe. Gabean egingo dezu naikoa.

KLETO: Nik? Bart bezela. Eztet ordu beteko lorik egin. Beroarekin ito bearrean ez naiz bueltaka gelditu ordubiak arte, ta orduan, len esandako eltxoa asi da bueltaka ta ez da gelditu... goizeko zazpiak arte... uuu... uuu... uuu! egintzazu lo!

KARMEN: Nik uste det orrenbeste aitatuaz dei egiten diola eltxoari.

KLETO: Bai, bakarrik negon eta konpañia izate arren... ta emen dakaten arkakoso oni ere bai (gerria joaz) a zikiña! a zikiña! (Joaten da ezkerretako gelara.)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Andre Eulali, Karmentxo,
(barrenen Kleto) gero, Luisa.

 

EULALI: Ez dauka zure aitak, udara botarik, oraindik Uztan gera ta.

KARMEN: Beste urteetan etzan orrenbeste gogoratzen. Egia, aurten bero aundia da.

EULALI: Igaro bearko du ba nolabait ere. Erneatu ta asarre ibilliaz ez da ezer aurreratzen. Gizon danena ori da; oju egin, bulla atera ta agindu, besteak egin dezaioten, bañan guk zeruko giltzik eztegu ta ezingo degu eguzkia ezkutatu, ezta beroa kendu ere.

KARMEN: Aurreneko beroak beti geiago galerazten dute.

EULALI: Aurrenekoak ta azkenekoak berdin dira zure aitarentzat. Ez da egongo ori baño gaxogorik eguzki betean soroan lanean, ta baita errian bertan ere.

KARMEN: Bat baño geiago.

EULALI: Zure ama gaxoa (G.B.) bizi zala etzan orren zakarra; geroztik jarri da onela. Neri etorri zait nai ez nuena. Ezkondu gabe gelditu senarraren pazientziak ez eramateagatik, ta orain anaiarenak osoosorik eraman bear. Gaur beñepein goxoa dago.

KLETO: (barrendik ojuka) Ixo, ixo!...

KARMEN: Aita ojuka... ta ixilik egoteko dio...

EULALI: Nik esan eztet!... eztakit nik gaur zer duen... Ixilduko gera. (Ixillaldi bat. Biok josten jarrai).

KARMEN: Eztegu ba besteetan baño bulla andiagorik egin.

EULALI: (Ezetz buruaz, ta gero aoa asko irikiaz bañan ixilik) Guraiziak.

KARMEN: (Karmenek eman. Len izebak bezela) Ari zuria.

EULALI: Tori.

KLETO: (Barrendik len bezela) Ixo!... ixo!...

EULALI: (Lana mai gañean boteaz). E!... Zure aita erotu egin da, edo erotu egin nai gaitu.

KARMEN: Ametsetan ote dabil andre alargun arrekin? Ikustera noa.

EULALI: Zoaz nai badezu. Ni aurreko aldera noa lanera, an pakea izango det. (Karmen aitaren gelara ta Andre Eulali ate onditik deituaz) Luisa... Luisa.

LUISA: (atean agertuaz) Zer bear du?

EULALI: Eraman zaidazu laneko maia nere logelara. Ixilik e!... (maia artu ta joaterakoan agertu Karmen).

KARMEN: A, Luisa! Emen al zera?

LUISA: Bai, andrea.

EULALI: Zer du?

KARMEN: Gurekin ezer ez. Itz egin genezake. Goiko aurren bullak ez omen diote lo egiten uzten. (Luisa'ri) Gora zoaz, ta ixilik egoteko esan, ta aurre aldera bota ditzala aurrak. (maia artuaz) Eramango al det?

EULALI: Bai, goazen. Nere logelara noa.

KARMEN: Ez bedi joan, izeba; an bero dago.

EULALI: Ta zure aitak?

KARMEN: Etzuen gurekin. Geldi gaitezen. Zoaz Luisa gora, ta bereala ixiltzeko. (Luisa irten. Biak len bezela lanean) Goxoa zegon! Bai al daki zer esan didan? Goiko maizter ori bereala kalean jartzeko. Arren etxea eztala Plaza de Toros ta ezta Pelota plaza ere, ta juiziorik eztutelako etxea bete badute aurrez, kulpik eztuela berak ta aidean joateko.

EULALI: Zure aitaren ateraldiak. Juiziorik ez?... Orretaz berak ogei aur bear zituen izan ta ez bat.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA.

 

Lengoak eta Serapio

 

SERAPIO: (Dotorea, ongi jantzia, tentea, guanteak jantziak dakarzki. Iñori eztio eskurik ematen). Barkatu ots egin gabe sartu banaiz. Atea irikia zegon ta...

EULALI: Atea irikia?

KARMEN: Gora joan danean Luisak utziko zuen.

EULALI: A! egia! Ondo egin dezu; osabaren etxea zurea dala badakizu.

SERAPIO: Eskarrikasko izeba. Karmentxo, bart ezkero nola?

KARMEN: Ongi, ta zu?

SERAPIO: (eseriaz) Ez zu bezin ongi. Berandu oieratu ta goiz jaiki, lan asko ta lo gutxi, ez da batere alai egoteko modua.

EULALI: Gaxo asko aldakaizkitzu?

SERAPIO: Bolara onetan bai, bañan bat badaukat, atso zar bat, beti bere ondoan egotea naiko lukena. Gaur ordubitan eztit ba ots egin! Biotzak noizean bein tak, tak egiten ziola, ta geio gabe deitu dit. Zoaz oia utzi ta atso arren txorakeriak entzutera.

KARMEN: Ta, zer agindu diozu?

SERAPIO: Ezer ez, ni ikusi utsarekin sendatu da ta.

EULALI: Aberatsa al da?

SERAPIO: Txit.

EULALI: Lastima, gaztea eztala, bestela zer-edo-zer egiteko gaian ziñateke.

SERAPIO: Ni arrekin? Ez, arrena gauza bat bakarra artuko nuke... dirua. Sinista bezait izeba, gaur ordubitako deia pagatu bear dit.

EULALI: Dabaneko diru gosean zera?

SERAPIO: Dabaneko? Zer egin det ba ogeitazazpi urtean gastatu besterik? Garaia da irabazteko, ta irabaziko det. Batean edo bestean saiatuko naiz nere izena ezaguna izan dedin, eta lana sortu dezaidan. Aberastu nai det.

EULALI: Lan asko egiñaz, gaxo asko sendatuaz, ez da bide txarra.

SERAPIO: Bañan gaitza. Lantegi onetan asko gera dirua erruz irabazteko. Eztet atzena gelditu nai, danen aurrean jarri nai det.

EULALI: Gauza bazera aurreratuko dezu.

SERAPIO: Gauza diraden asko atzean gelditzen dira. Ez da aski jakitea, dakiela ere erakutsi egin bear da, ta oraindik geio, itzegin azi.

EULALI: Ta zuk?

SERAPIO: Egin aziko det. Bigarren idaztitxoa argitaldu det. (Patrikatik atereaz).

KARMEN: Lengo gai berean?

SERAPIO: Berean. Nere ustez ori da gairik onena, beldur geiena ematen duena, orain geiena aitatzen dana, tuberkulosis! tisis! gaitz epela! biriketako gaitza! zuk, zuk aberastu bear nazu! Gaitz orren izaerak, asierak ta gora-berak ondo ikasi ditut. Koch [Esan Koj, alemanezko itza da-ta.] mikrobio'aren almena; gure gorputzean sartu, ernetu ta azitzeko; ta zer egin bear degun ez kutsutzeko, ori da nere bigarren lana.

EULALI: Karmen, lengusu bizia sortu zaizu au.

KARMEN: Ala diruri.

SERAPIO: Patxi'k aña diru banu ez nintzake orrenbeste saiatuko.

EULALI: Nola? jakintasuna ta doai guztiak uste al dezu eman dizkizula Jaungoikoak dirua bakarrik egiteko?

SERAPIO: Ez, lana bide on ta zuzenez al dan geiena egiteko; bañan sinista bezait izeba, azkar aspertzen gera akullu zorrotz orrek zulatzen ezpagaitu.

EULALI: Ez du beti diruak ekartzen ontasuna.

SERAPIO: Bañan ontasunerako laguntzalle andia da.

KARMEN: Ezta jakintasuna ere. Ez litzake, bestela, Patxi orren kirtena. Bart antzokian erneatu ninduen.

EULALI: Borondate aundikoa da ba.

KARMEN: Bai, baña, traketz utsa. Automobillak, zaldiak, zakurrak, oiek dira beti bere itz gaiak. Zoro-zoro par egin, nolanai bulla atera ta kito.

EULALI: Diru asko du ordea.

KARMEN: Ta, zer? Ni ere ez naiz esku utsik jaioa, bañan ez dit galerazi bear dana ikasteko, ta izketan jakiteko.

SERAPIO: Karmentxo, zu bezelakoak gutxi dira.

KARMEN: Ez naiz bakarra.

SERAPIO: Zure aitari gustatzen zaio ba Patxi.

KARMEN: Bere antzekoa dalako.

EULALI: Eztakit orrengatik edo bere lagun aundiaren semea dalako, bañan...

SERAPIO: A, dirua! dirua! Ori da, bai etxe ta bai biotz askotako ateak irikitzen dituen giltza.

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Kleto

 

(Sartuko da maukutsik, galtza utsak jantziarekin; esku batean zapatilla ta aidean dabillen zerbait arrapatu naian. Atzenez makurtu ta joko du Serapio bizkarrean)

 

KLETO: A! a!... arrapatuko at!... arrapatuko at!... a!... a!... to!!

SERAPIO: (ondorengo itzak ta egite guziak oso bizi) Ai!

EULALI: Zer zabiltz?

KARMEN: Aita!...

KLETO: Zikin au zan, au zan.

SERAPIO: Ni?

EULALI: Ori ta ni ta danak. Orrenbesteko bulla egiten al gendun?

KLETO: Bulla... iuuu... belarri batean... jo ta uts! iuuu... bestean zapla! (arpegia joaz) ta uts, iuuu... berriz, azkenean erneatuta jeiki oetik ta atxitu arte ez naiz gelditu.

SERAPIO: Bañan zein zan?

KLETO: Bart lo egiten utzi etzirana; prexko-prexko ni joan zai gelan zegoana zanpa-zanpa eginda zure bizkarrean il detan eltxo madarikatua.

EULALI: Au gizon eroa!

SERAPIO: Ja, ja, ja!... eman didan ikara.

KARMEN: Nere aitaren gauzak.

EULALI: Eltxo batengatik ibilliko zera orrela?

KLETO: Bat, bai, bañan nolakoa. Ziur nago ta emea zala.

EULALI: Zergatik diozu?

KLETO: Berritsua ta mingain luzea zalako.

EULALI: Eskarrikasko loreakgatik.

KLETO: Eztet zuregatik esan.

EULALI: Ba nik zuregatik diot lasai aundia zerala. Itxura orretan iñoren aurrean etorri.

KLETO: Nere illoba aurrean dagolako?

SERAPIO: Ez, ez, neregatik...

KARMEN: Ondo daki nere aita nor dan.

KLETO: Lasaiagoa da or aurreko atsoa. Eztakizutela zer egin duen?

EULALI: (galerazi naian) Ez ta jakin nai ere.

SERAPIO: Zer egin du? (Jakin naian)

KARMEN: Zer egin du, aita?

EULALI: Ba, ba, ba...

KLETO: Arrapatu arkakosoak ta bizi-bizirik kalera bota. A, zikiña! Kalean dijoan gizaxoak jaso ditzala arrek guri-guri asitzen dituen zezenak.

KARMEN: Serapio, ez al dezu ikasi nola galtzen diran pizti oiek?

SERAPIO: Ez, nik agertzen eztiranak galtzen dakit.

KLETO: Neri etzaizkit ba ajola agertzen eztiranak, agertzen diranak bai. Ara! (gerrira eskuak eramanaz) emen dabillen au azkazal tartean baneuka! Zenbatekoa ote da! Bi egun bada nere jaun ta jabe dala, ara!... orain bulebarrian dabil...

SERAPIO: Nun?

KLETO: Bizkarrean.

EULALI: Emea ote da ori ere?

KLETO: Emea ta alarguna, lengo andre ura bezela. Serapio jo zak emen, jo zak emen...

SERAPIO: (guantea jantziaz) Bereala.

KLETO: Guante ta guzti? zertako jazten dek ori, eskua ez zikintzeko?

SERAPIO: Min geiegi ez emateko (bizkarreko txiki batzuek emanaz)

KLETO: Mutil, jotzen ala arkakosoari azkure ematen ari aiz? Jo zak sendo, ez nak puskatuko. (Serapiok gogor jo)

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Luisa ta Patxi

 

LUISA: Nagusi jauna?

KLETO: Zer?

LUISA: Señorito Pako'k beorrekin egon nai du.

KLETO: Patxi? Datorrela.

SERAPIO: Patxi orain onera!

EULALI: Ez datorrela. Guk joan egin bear degu, ta zuk...

KLETO: Zoazte ba, ni geldituko naiz.

EULALI: Bañan itxura orretan zaudela ekarriko al dezu iñor aurrera?

KLETO: Itxura! Eztet zuek aña kolko ta beso ageri. Datorrela.

KARMEN: Ni banoa.

EULALI: Ni ere bai, dagola bera bakarrik.

SERAPIO: Itzegin nai nuen ba nik zurekin.

KARMEN: Atoz ba nerekin.

PATXI: (sartu ordurako bi eskuak danari emanaz, Serapiori ez) Arratsaldeon.

KLETO: Bai zuri ere.

PATXI: Kaxo, andre Eulali, nola dago?

EULALI: Ongi, ta zu?

PATXI: Txit ongi.

EULALI: (berez, alde batera, ta beatzai elduaz) Astoa! zapaldu dit eskua.

PATXI: Ta zu Karmentxo?

KARMEN: Oi, gizona! indarrean zatoz.

PATXI: Barka zaidazu Karmentxo.

KLETO: Gaur txit minberak daude andreak, beroak beratu ditu nunbait.

PATXI: Baliteke.

KLETO: Aita irten al da?

PATXI: Oraintxe zijoan kalera. Gero elkar ikusiko dutela esan dit.

EULALI: Barka zaidazu, Patxi. Bagoaz gu.

PATXI: Karmentxo ere bai?

KARMEN: Baita, lagunak bereala ditut eta...

PATXI: Itzegin nai nizun ba...

KARMEN: Orain eztakat betarik... gero...

PATXI: Zoaz, aitari esango diot.

KLETO: Zoazte, nerekin geldituko da.

EULALI: Agur, gero arte.

PATXI: (Bi andreai esku emanaz)

                Agur, andre Eulali.

                Agur, Karmentxo.

                Agur, Serapio.

        (Joango dira eskuitako gelatik)

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Kleto ta Patxi

 

(Itzaldi onetan sartuko da noizean bein Kleto bere gelan ta ekarriko ditu bear dituen jantziak)

 

KLETO: Exeri ta itzegin. Ni bitartean jantzi egingo naiz.

PATXI: Esan bear gutxi det. Bart antzokian nintzan, ta an ikusi nuen Karmentxo bere izebarekin.

KLETO: Bai, astean egun batean usten diotet.

PATXI: Ori da ba... bañan konpañi oso ona da, ta ederki antzerkiak agertzen dituztelako, gaur gabean berriro joateko gogoa agertu zuen.

KLETO: Ta, zer, baimena eskatzera al zatoz?

PATXI: Bai, ta...

KLETO: Eztet ba nai izaten sarritan antzokira joatea. Oitura artzen da, ta gero gaitzago izaten da joan gabe gelditzea.

PATXI: Gau batekoagatik.

KLETO: Bat ez, bi; bartkoa, ta gaurkoa.

PATXI: Gaurkoarekin bi, bai. Orduan baimena ematen al dio?

KLETO: Eztet nik oraindik ezer esan.

PATXI: Ez, egia da... Ba nik... beorrek galeraziko etziolakoan sarrerak artu ditut. Gelatxo bat.

KLETO: Ai, ai, ai! Ori ere egin badezu baietz esan bearko. Etzerate gaizki moldatu zu ta nere arreba, ta alaba, ta denak, nai dezutena egiteko.

PATXI: Eskarrikasko.

KLETO: Belarriko tinka bat eman bear diot Karmentxo'ri.

PATXI: Ez, arri ez. Eztit arrek agindu. Gogoa agertu zuen ta neretzat arren gogoa agintze bat da. Ar beza sarbidea.

KLETO: Zeorrek emango diozu.

PATXI: Naiago det berorrek ematea.

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Andre Eulali, Karmen ta Serapio.

 

SERAPIO: Agur izeba. Agur Karmentxo.

PATXI: (esku emanaz, oso pozik) Agur Karmentxo, gau arte.

SERAPIO: (ate ondotik) (Gau arte?)... agur osaba.

EULALI: Bai al zoaz Patxi?

PATXI: (esku emanaz) Bai, banoa, agur. Arratsaldeon Karmentxo. Agur ba, Kleto.

EULALI: Lagunduko dizutet (atetik barrena ots egiñaz) Luisa, Luisa...

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Kleto ta Karmen

 

KLETO: Atoz onera, sorgintxo; beraz gabean teatrora, e?

KARMEN: Nork esan dio?

KLETO: Bart zurekin zanak.

KARMEN: Begira, aita, ez nion nik agindu.

KLETO: Agindu ez, bañan eskatu bai.

KARMEN: Ezta eskatu ere. Nik esan nuen pozik joango nintzala gaur.

KLETO: Zuk gogoa erakutsi, ta mutillak, pozik, gañerakoa egin.

KARMEN: Ta gañerakoa, zer da?

KLETO: Utsa; sarbidea artu aita obeto beartzeko, ta gero baimenaren billa etortzea.

KARMEN: (parrez) Eztitu artu, orain joan da billa.

KLETO: Bai zera, ara non dakaten. Ostirala, zortzigarren gela.

KARMEN: (arriturik) Nork eman dio ori?

KLETO: Patxi'k.

KARMEN: Patxi'k! Ez noa ni Patxirekin.

KLETO: E! Zertara biali dezu ba nigana?

KARMEN: (asarretuaz) Nik eztiot ezer esan.

KLETO: Gaur ez, ta bart?

KARMEN: Ez gaur, ta ez bart.

KLETO: Nola esaten zenduan ba joan nai zendukela?

KARMEN: Patxi'rekin ez.

KLETO: Zeñekin ba?

KARMEN: Nere lengusuarekin. Serapio'rekin.

KLETO: A! ori ere badegu?... Beraz ori ere etorri da zuri teatroko sarrerak ekartzera?

KARMEN: Ez, etorri da egin duen idazti bat ekartzera, ta bidez eskañi dizkit...

KLETO: (gogor aginduaz) Ba, gaur joango zera izebarekin Patxi'ren gelara.

KARMEN: (gogor ezeztuaz) Ez, ta ez. Ni joatekotaz Serapio'rekin, bestela ez.

KLETO: Nik agintzen dizut, eta kito.

KARMEN: Neri eztit gogoak ematen ta basta.

KLETO: Ikusiko degu!

KARMEN: Ez Karmen teatroan.

KLETO: Ez, e? obe! Apaldu ta oera.

KARMEN: (negarrez) Obe, obe ta obe... (irten eskuiko atetik)

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Kleto ta Andre Eulali

 

EULALI: (atzetik sartuaz) Zer da? Zer da?

KLETO: Utsa! Lumatu baño lenago egatu. Zure illobak gogoak ematen diona egin nai dula bañan nerekin ez dula egingo.

EULALI: Gizona! zer eskatu dizu? Bart bezela gaur ere uzteko...

KLETO: Bai, bañan, berak nai duenarekin.

EULALI: Bere lengusuarekin. Eta arritzeko gauza, ta ezta aurrenekoa ere.

KLETO: Izan zan agian azkenekoa. Eulali, entzun zaidazu ondo: Eztet nai geiago Serapio nere alabarekin ibiltzea. Arranoen eskallua! Sendagille egin dala ta orren arrokeriak! Zerbait idatzi dula ta orren lotsagabekeriak!

EULALI: Illoba batentzako itz politak asi zera esaten.

KLETO: Osaba batentzako gauza politak egiten dizkit neri onek.

EULALI: Zuri?

KLETO: Neri. Ez al dezu ikusi egundaño eskurik eztidala ematen? Etxeko zer nai gauza ikutzeko beldurrez dagola? Jateko ere tximuen antzera ibiltzen dala? Txorakeriak besterik esan ta idazten ez ditula.

EULALI: Gogor artu dezu gaur.

KLETO: Bear bezela. Agian garaiz. (artuko du Serapiok mai gañean utzi duen idaztia, ta asiko da berez irakurtzen)

EULALI: (une batean irakurtzen utzi ondoren). Orrenbesteko txorakeriak idazten ote ditu ba? Zuk daukazu zentzun gabekotzat, ta nik mutil azkartzat.

KLETO: Emakumea! Esango dezu azkarra dala gauz abek jartzen dituena (irakurriaz): «Eskua alkarri ematea oitura txit txarra da. Besteen mikrobioak artzen dituzu zeorren eskuan, ta emendik erraz eramaten dira ezpañetara ta aora!...» «Oitura zikiña, ta guztiz kaltegarria da aurrai musu ematea. Ezin litezke esan zenbat gaitz sortzen zaizten aingerutxo oiei oitura zikin orretatik...» «Gizaseme... bizardunak... musu ematean uzten dute, gaxoa, mikrobioz betea...» Gezur-zulo!

EULALI: Askorentzat ez dator gaizki ori.

KLETO: Orrek esaten dituen txorakeri guztiak egin bear bagenituzke, gaxoak gu!

EULALI: Nik badakit ba, zure illoba, eztala ez asko ta ez gutxi txoroa.

KLETO: Gauza batzuetarako ez. Nere alabaren ondoan dagoanean eztute arren mikrobioak ikaratzen. Banoa, banoa. Etorriko naiz laister txokolatea artzera.

EULALI: Orduan gaur eztago teatrora joaterik.

KLETO: Serapio'rekin ez. Patxi'rekin nai badu bai.

EULALI: Patxi'rekin bai?

KLETO: Patxi'rekin bai. Orrek aurrena baimena eskatu dit. Ori beste mutillik da! Obe luke Serapiok orren patxara baleka. Ara non dan ekarri dedan sarrera (emanaz) nai badezute artu. (joan)

EULALI: Tontoa dala bañan azkar ibilli da.

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Eulali ta Karmen; bukaeran Luisa

 

KARMEN: (irtengo da sartu bezela erdi negarrez ta asarrea ezin gorderik) Entzun det guztia, aditu det dana, bañan eztet aitak nai duenik egingo.

EULALI: (patxaran) Orduan badakizu; oera.

KARMEN: Gaur, bigar, ta beti. Ez naiz geigo teatrora joango.

EULALI: Zaputzak al ditugu?

KARMEN: Serapio'rekin itz egiten detalako, beok aritu diran bezela senargaia dala-ta... esaten.

EULALI: Nik?

KARMEN: Bai, biak, biak...

EULALI: (oso patxaran. Patxara onek geigo erneatzen du illoba). Ta... egia alda?

KARMEN: Ez, ez, ta ez.

EULALI: Nik uste det ba...?

KARMEN: Ezta ba egia, ezta ba egia...

EULALI: Ez, ez, ez.

KARMEN: Gezur ori esan! gezur ori esan!

EULALI: Uun!...

KARMEN: Ixilik bego.

EULALI: Itzik esaten al det ba nik?

KARMEN: Bai, beok naiko lutekena da ni gaur Patxi'rekin joatea.

EULALI: Nik ez.

KARMEN: Bai, bai, bai...

EULALI: Ez, ez, ez. Erlojua dirudizu.

KARMEN: Bañan ez naiz joango. Nik eztet ezer ez batekin, ta ez bestearekin.

EULALI: Ezta ezer ere.

KARMEN: Ez ba, ez ba...

EULALI: Ez ba... Agian oraindik monja joango zera.

KARMEN: (arren ziriari petral erantzunaz) Edo neska zar geldituko naiz... berorri bezela.

EULALI: (sumindu bañan jarrai patxaran) Bide txarra daramazu.

KARMEN: (negarrari ekiñaz) Orratx! Nik esaten dedana... Beorrek uste dula nik oekin zerbait detala...

EULALI: Nik uste det zu orain ondo etzaudela. Zoaz... ta etzan zaite oean...

KARMEN: Bai, ta ez naiz jaikiko bigar goiz arte (gelaruntz joanaz.)

EULALI: Amets gutxi egin.

LUISA: (atetik) Etxekoandrea!

KARMEN: Zer da?

LUISA: Señorito Serapio'k berorrekin egon nai dula.

EULALI: (Karmen'i) Zer egingo degu?

KARMEN: Berorrek nai duna.

EULALI: Ez, ez, zuk nai dezuna.

KARMEN: (apalkiro, ta ukatzen dionerako sarrera, negarrari ekin ta joan) Orduan bialdu.

EULALI: (Illobatzaz kupituta) Orduan... sartu. Datorrela.

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Andre Eulali ta Serapio

 

SERAPIO: Arratsaldeon izeba! Ta Karmentxo?

EULALI: Oeratu egin da. Buruko min pixka bat etorri zaio.

SERAPIO: Bañan gaberako sendatuko al da? Antzokiko txartelak artu ditut.

EULALI: Alperrik dituzu; gaur ez goaz.

SERAPIO: Nola? Osabak galerazi al dio?

EULALI: Bai, alaxen da Ba. Ta ez gaur joatea bakarrik, baizik aurrera ere zurekin ibiltzea.

SERAPIO: Izeba, zergatik?

EULALI: Eztakit. Bañan zeon arteko zer-edo-zer sumatu ote duen uste det.

SERAPIO: (susmuak minduta) Izeba, ulertzen det. Uste dute ni emen nabillela Karmentxo'rengatik, bañan gaizki pentzatzen dute.

EULALI: Nik ez.

SERAPIO: Bai, bai, danak, danak.

EULALI: (berez) Bestea bezela repetizioarekin.

SERAPIO: Ezta ba egia, ez, ta ez.

EULALI: Begira, Serapio...

SERAPIO: Osaba non da? Arri ere esan bear diot.

EULALI: Etxean ez da; bañan entzun zaidazu. Zuk Karmentxo'k bezela dirua ez izan arren, eztet nik ain gaizki arkitzen zuen alkarganako maitasuna.

SERAPIO: Bañan ezer ezpadegu!

EULALI: Ondo da. Ezer bada edo ezpada or konpon zuek; bañan Serapio, aita zure alde jartzeko, zentzun gabeko gauza batzuek utzi bear dituzu. Konturatu da eskurik beñere ezdiozula ematen, eztezula ezer ikutu nai, badirudila, etxe onetan beldurrez zaudela.

SERAPIO: Ta ori zer?

EULALI: Bere alaba eztiola arrek emango, txorakeri ta zentzun gabeko gauzaz beteko duenari, ta arrazoi du! Naikoa da mundu onetan gaiztoen ta gaitzen beldurrez bizitzea, geronen buruari lan geiago sortu gabe.

SERAPIO: Bañan izeba, nik ori guztiai egiten diotet. Gaitz txar orri nola alde egin erakusteagatik.

EULALI: Ba, ba, ba.

SERAPIO: Gañeraz... nik nai dedana egingo det, osabari baimenik eskatu gabe. Nere buruaren jabe naiz. Osabari itz egin nai diot.

EULALI: Ezer eztezula esateko e?

SERAPIO: Bai ba... bai ba...

EULALI: Bai ba.

SERAPIO: Bai ba.

EULALI: (Une batean itxo egin ta) Atoz ba bostetan. Txokolatea artzen arkituko dezu.

SERAPIO: Laister arte.

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Andre Eulali, Luisa, Patxi

 

EULALI: Etzaio aztuko etortzea ez. Kontxo, kontxo! laister ezkontzak ditugu. Ez dute ezer, ez dute ezer, bañan ez gogorik eztakatelako.

LUISA: (atetik) Etxekoandrea!

EULALI: Zer da?

LUISA: Señorito Pako.

EULALI: Orain ori? Arratsalde ederra daramat. Datorrela (Luisa joan) Kleto'k bere alabarentzat nai lukena. Neskak eztu nai... nik ere ez... Andarikoteko soñekoa eman bear nik.

PATXI: Emen naiz berriz, Andre Eulali (eskuak luzatuaz).

EULALI: Poliki e?

PATXI: Ta, Karmen?

EULALI: Oeratu egin da.

PATXI: A, bai! Bart lo gutxi egingo zuen ta gaur gabean loak artu ez dezan.

EULALI: Ez, gabean ere ondo egingo du. Ez dijoa teatrora.

PATXI: Nolatan ez?

EULALI: Alatan.

PATXI: Gabean beon billa automobillarekin etorriko nintzala esatera bai netorren.

EULALI: Alperrik, gaur ez goaz. Karmen gaxo dago.

PATXI: Karmen? Zer du ba?

EULALI: Buruko miña.

PATXI: Orduan bigar.

EULALI: Ezta. Ez gaur joatea bakarrik, baizik aurrera ere zurekin ibiltzea galerazi egin dio aitak.

PATXI: Zergatik?

EULALI: Eztakit, bañan...

PATXI: Andre Eulali, ezin diteke ori egia izan.

EULALI: A, ez?...

PATXI: On Kleto'k ori esan dionik ezin sinistu det.

EULALI: Etxean eztago; irten da.

PATXI: Ez al da beti bostetan etortzen zerbait artzera?

EULALI: Bai.

PATXI: Etorriko naiz, lenago kalean ikusten ezpadet.

EULALI: (alde batera) Kontxo, kontxo! Bestea baño beroago dago au... ta nere anaiak baiezkoa emango dio.

PATXI: Gero arte.

EULALI: Begira Patxi; atoz nai badezu aitarekin egotera, bañan jakin bear dezu alabak nai duena bakarrik egingo dula. Badakizu asiera onak eman dizkagula emen ta erbesteko ikastetxe onenetan, ta ikasi ta ikusitakoaz, oitura egokiak artu ditulako, bere lagunetan ere ori bera arki nai du. Aberatsa zera, mutil ona, bañan ori ez da ezer nere illobarentzat. Nere iritzi batez, ta au esanaz ez uste ematen dizutanik aurrerapenik, ta ez baietzik ta ez ezetzik, nere illobak naiko luke senargaitzako mutil jakintsu bat, ta zu etzera; tankera egokikoa, ta zu, barka zaidazu, trakets xamarra zera. Serapio, Karmelo, Antonio... olakoak.

PATXI: Serapio?

EULALI: Bai, Serapio. Dirurik ez izan arren nun nai agertzeko gauza da, zer nai gaietan ongi itzegiten du; idazten ere ederki daki. Ara! gaur bertan ekarri digu berak egindako lan bat.

PATXI: Tuberkulosis edo gai orretan egin duena?

EULALI: Bai.

PATXI: Neri ere eman dit. Emen dakat.

EULALI: Irakurri zazu ba. Gauz asko ikasi zenezake orri oietan.

PATXI: Irakurriko det. Bañan Karmentxorekin nai nuke egon.

EULALI: Ezin zenezake gaur.

PATXI: Aitarekin orduan.

EULALI: Atoz bostetan.

PATXI: Etorriko naiz (joanaz) Sendagille, ez, osasuna dutenen iltzalle ori nere aurrean jarri?... ez...

 

 

AMALAUGARREN AGERRALDIA

 

Andre Eulali, Luisa ta Karmen

 

EULALI: Ia bostak (tinbrea jo ta Luisa etortzen danean galdetuko dio) Etxekoandre gaztea bere gelan al da?

LUISA: Ez, andrea. Aiztin irten da, ta loreari ura botatzen ari da.

EULALI: Datorrela. (Luisa joan) Joango zitzaion asarre aundiena. A, gaxoa! Igaro zaizkitzu neskatillen jolas-garaiak, ta datozkitzu andieen buru austeak.

KARMEN: (Oso bare, eskuan lore bat) Zer bear du?

EULALI: Bostak dira. Aita laister emen da ta maia jarri zagun. (Loreari usai egin ta utziko du josteko mai gañean. Jaso lanean erabilli dituzten gauza guztiak ta maia bera ere baztartu. Gero erdiratu beste maia izketan ari diran bitartean). Atera ontzi onak.

KARMEN: Gaur?

EULALI: Bai, ta iru txokolateen ordez egin ditzala Luisa'k bost. Ta pastel batzuek ekarri ditzala.

KARMEN: Norentzat? Zein dator gaur?

EULALI: Eztakit, bada ezpada ere jartzera nijoa.

KARMEN: Bañan izeba, ez nago ni gaur iñoren aurrean egoteko. Eztet neretzat egingo.

EULALI: Gurekin artu bear dezu. Beingoagatik, naiz gogorik ez, egin zazu nik agintzen dizudana. Zure onbearrez da.

KARMEN: Egingo det. Nor dira bi oiek?

EULALI: Serapio ta Patxi.

KARMEN: Izeba, zer eskatzen dit? Oien aurrean ni gaur jartzea?

EULALI: Orixen bera. Aitak ikusi dezan oiekin zuk ezer eztezula.

KARMEN: (Ezpetan une batean egon) Egongo naiz...

EULALI: Eztakit ez ote dan aita etxean sartu.

KARMEN: Orduan sukaldera noa (atzetik irten)

EULALI: On utsa da nere illoba, on utsa.

 

 

AMABOSGARREN AGERRALDIA

 

Andre Eulali ta Kleto

 

KLETO: (sartu baño lenago entzungo dira parrak) A, ja, ja.. a, ja, ja, ja,...!

EULALI: Gizona, arritzekoa da zu gaur parrez ikustea.

KLETO: Nola eztet ba par egingo. Naiago nuke Serapio emen balego. aja... ajaja!...

EULALI: Zer arki dezu orren parragarri?

KLETO: Nik ikusi detana ikusi bazuen!

EULALI: Zer ikusi dezu ba?

KLETO: Bi mutil koxkor...

EULALI: (ixildu arazi naian) E!...

KLETO: Bueno;... beren... aldameneko iturritik ura bota autsetara, ta beatzaz nastuaz morteroa egiten ari ziran...

EULALI: Ta zu, zikin tzar ori! begira egon.

KLETO: Gogoratuaz mikrobioen beldur gabe guk egiten genituenak.

EULALI: Ba!, atera dira mikrobioak.

KLETO: Batek arpegian liberdi bat lokatz bazeukan.

 

 

AMASEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Serapio

 

SERAPIO: (biai esku emanaz) Arratsalde on.

EULALI: (berez) Bat.

SERAPIO: Izeba?

EULALI: Kaxo, Serapio.

SERAPIO: Osaba nola dago?

KLETO: (pixka bat arritu ta eskua luzatu). Parrez mutil, ja, ja!... Ez al dituk or bi mutil koskor ikusi?

SERAPIO: Nun, kalean?

EULALI: Ba, ba, ba, gizon oien ateraldiak.

KLETO: Bai, kalean. Ilko dituk laister... eztitek gabarik arrapatuko...

SERAPIO: Zer da ba? okerren bat? atsekaberen bat?

KLETO: Mutil, kaleko autsetan biok orrea egin, beatzaz nastu, ta gero gixonak pintatxen ari itukan.

SERAPIO: Ta orrengatik il?

KLETO: Ik esaten ez dek ba mikrobioak autsetan ta zikiñetan egoten dirala, ta kutsutu ezkero...

SERAPIO: Nik ori esaten det al dan geiena garbitasuna egitearren.

KLETO: Bai, ta ez kutsutzeko batek dakan xuxtar goxoa ezingo ziok besteari eman. Ua ori mutillai erakustera.

SERAPIO: Urte orretan ez du gaitz orrek kalte geiena egiten.

KLETO: Ez ba aurrak gu baño gogorragoak diralako, bañan bai xurrutak ta griña txarrak barrena errea eztakatelako. Orretan, orretan gogor egin bear zenuteke.

SERAPIO: Danetan egiten degu. (bitarte onetan Luisak ekarriko du txokolatea) Osaba, bi itz egin nai nituzke berorrekin.

KLETO: Txokolatea artuaz egingo dek. Izango dek iretzat ere.

EULALI: Bai, bai, exeri.

 

 

AMAZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Karmen ta Luisa

 

(Luisa ibilliko da sartu-aterean)

 

KARMEN: Arratsalde on.

SERAPIO: Bai zuri ere, Karmentxo.

EULALI: Luisa, ekarri beste bat (Serapi'ori) artuko al dezu?

KLETO: Artuko ez du ba. Gure mikrobioak jateko beldur ez baldin bada beintzat.

SERAPIO: Ez naute orrenbeste ikaratzen.

KLETO: Batzuek jateko premian ago ba, ea gizentzen aizen.

EULALI: Exeri ba, exeri. Zu emen, ta zu emen (Karmen ta Serapio alkarren ondoan)

LUISA: Pako jauna dator. Berorrekin egon bear dula.

EULALI: (bigarrena) Datorrela.

KLETO: Orain, emakumea?

EULALI: Len maukutsik zeundela sartu dezu, ta orain kezkak.

KLETO: Len ez nion txaketa eskañiko, bañan orain txokolatea eman bearko diot.

EULALI: Jan zazu zuk zurea. Orrentzako izango da beste bat.

SERAPIO: Barkatu, bañan ni banoa.

EULALI: Zu ez, ondo zaude. Karmen, eman zaiozu beste pastel bat.

KARMEN: (beatzakin artuaz) Ai!... Beatzakin artu det...

SERAPIO: Ta zer dio orrek... ekatzu.

 

 

EMEZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Patxi

 

(Nabarmen agertuko da guanteak jantzita, txapela bi eskuetan darabilkila ta bera ere ibilliko da batera ta bestera eseri gabe).

 

PATXI: Arratsalde on.

EULALI: Ongi etorri.

PATXI: Nator.. nator...

KLETO: Oi! Txoratu egin al da ori?

PATXI: Nator...

KLETO: Eseri zaitea. (zutik jarrai)

EULALI: Artuko dezu gurekin txokolatea, atoz.

PATXI: Ez, eskarrikasko. Ez det nik iñon ezer artzen... etxean bakarrik... Ez bai dakit ontziak ongi garbituak dauden ere-ta.

KLETO: E?

PATXI: Bai ba, gure etxean dana sublimado'rekin garbitzen dute.

SERAPIO: Jos! Ori astakeria!

KLETO: Zer dio orrek?

EULALI: Zure liburuan irakurri du.

SERAPIO: Nik eztet ori esan.

EULALI: Pastel bat jango al dezu?

PATXI: Tira ba. Estimatziagatik.

KARMEN: Tori (luzatuko dio platera pastelakin; beatz muturraz eltzen dio Patxik, eta lurrera erortzen zaio).

PATXI: Ai! (Karmen jasotzera)

SERAPIO: Utzi, jasoko det.

KARMEN: (jaso ta eskañiaz) Tori.

PATXI: Nik ori jan? nik ori jan? ez orixen! lurrean ibillitako pastela... zikin ta mikrobioz betea. (Karmentxo lotsatu ta biurtuko da maiera pastela uztera).

SERAPIO: (altxa ta bat batean) Karmentxo ekatzu.

KARMEN: Au... lurrean zikindua?

SERAPIO: (eskutik ateriaz) Ori.

KLETO: Egietan erotu al da ori?

EULALI: Guk artu arte zaude ba or. Nai badezu zutik ta bestela eserita.

PATXI: Eskarrikasko. (Patrikaratik aterako du pañuelo bat ta astinduko du silla. Eseriko da. Gero asiko da eztulka). Ejun! ejun!...

KARMEN: Aita, pastel bat.

PATXI: Ejun! ejun!...

KLETO: Ara bestea berriz!

PATXI: Juu! juu!....

KLETO: Katarro txarren bat arrapatu al dezu?

PATXI: Ez, bañan garbitasun gauzetan gaurko jakintsuak erakusten dute eztarria maiz garbitu bear dala.

KLETO: Ba, aspertu nazu ainbeste txorakerirekin. Ospa emendik!

EULALI: Bañan gizona, utzi zaiozu.

KLETO: Alde emendik!

PATXI: Berorrek neri ori egin?

KLETO: Emakumea, eztarriko zulotik pasa ezin bai det txokolatea... dijoala.

PATXI: Joango naiz... bañan etorriko naiz oraindik Karmentxo'rekin egotera... ta orrek ez nau onela bialiko... agur... (joaten danean guziak parrez).

 

 

EMERETZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak Patxi gabe.

 

KLETO: Ori da iñozoa! Ollaskoa zirudin!... kukurruka! (guziak parrez)

EULALI: Arrek ez bañan zuk kanta zenezake kukurruku!

SERAPIO: Nik?

KLETO: Bañan ori nork txoratu du?

EULALI: Zure alabak.

KARMEN: Nik, izeba? (altxa guziak)

EULALI: Zuk. Emen agertu da ongi «gai dagonaren indarra». Ezer agindu gabe, begira zer egin duten zuregatik bi gizonek.

KLETO: Bat zoratu, ta bestea... zintzotu.

SERAPIO: Osaba, nik berorrekin itz egin nai nuke.

KLETO: Gabean egingo diagu. Antzokira labak joango gaituk. (Bi eskuak emanaz) Osaba, eskarrikasko.

EULALI: Ta zuk? zer diozu Karmen?

KARMEN: Izeba... eskarrikasko (poz aundiarekin izeba laztandu).

 

AMAIA

 

aurrekoa