|     47-48 zenbakiak, 1935eko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

 

III'gn. ANTZERKI-SARIKETA'ren
EPAI-ERABAKIA

 

        Aurtengo batzaldirako amasei antzerti-lan bidali dizkigute. Guztiak aztertu ondoren ona emen gure erabakia:

 

        BAKARRIZKETA, AUR-JOLAS EDO ANTZEKO LANTXOAK:

        LENENGO SARIA: 75 Peseta.

        «ANTZERTI JAIAN IZAN NAIZ» Bakarrizketarentzat. Gaiez atsegiña. Poliki josia. Ba-dizu bere bizitasun igurtzia. Egundokoa ez izan arren, inguratu zaizkanen artean nagusi aitor bear.

        Egille: URKIAGA'tar EUSEBI jauna.

        BIGARREN SARIA: 25 Peseta.

        «XANKO TA PAXKO», elkarrizketa. «Clown» edo paiasoen ezpañetara darama euskera. Antzerti barrutiko mota goienetakoa ez da noski; bañan bizi eta ziriz ornitua azaldu digu.

        Egille: AROZENA'tar ANDONI jauna.

 

        ANTZERKIAK:

        LENENGO SARIA: 250 Peseta.

        «GARO USAIA» iru ekitalditan. Agirre'tar Txomin'en «Garoa'' nobelako gai ber-bera. Ez da beraz jatorriz egillearena. Bañan baserritako biziera eta euskal sendiaren ekandu griñak bikañago azaltzen ditun euskal-irakurgairik ezin autu.

        Gañera, gertaera ta notin aukeratzeak, joskerak eta antzerkiratzeak eman dizkio noski bere lanak. Eta ain egoki egin ditu! Ain bizia betea, eta begi-asegarria somatzen degu etengabean antzeztokia! Saria ongi merezitzat opa diogu.

        Egille: KARRASKEDO-OLARRA'tar IAKINDA jauna.

        BIGARREN SARIA: 150 Peseta.

        «SEME ONDATZALLEA» lau ataletan. Ebangelioko «seme ondatzailleari» buruz idatzia. Lan txukun eta egoki au oso atsegin izan zaigula ezin uka. Lauki edo kuadro tankeran eratua dago. Gañera itzneurtutan. Mota berria gure elean. Antzerti arauak zearo beteak daude. Orobat itz neurketari dagozkionak. Trebe eta goxoro, euskera garbi, errikoia darabilki.

        Egile: MARKIEGI'tar PELI jauna.

 

        Sarituak izan ez diran lanak, beren egille edo jabe azaltzen diranei eskatu ala itzuliko zaizkie.

EPAI-MAIEKOAK.

1935'ko Lotazila.

 

 

Bilbao'ko Euzko Gaztediak eratutako

«ANTZERKI-BATZALDIA»

 

        Batzaldi ontara antzerkiak bidaltzeko epea urtearen azken egunean itxi zan.

        Antzerkigileak —ugariaren ederrez beintzat— oso ondo erantzun dute.

        Guzira irurogeiren bat antzerki lan aurkeztu dira; ta oietatik euzkeraz idatziak ogeitabi. Sail polita!

        Orain mardul, giartsu ta tajuz burutuak izan ditezela bear degu. Epaimaiak sarituak zeintzuek diran erabaki dezanean antzerki ta egilleen izen eta gañerako zernolak azalduko ditugu.

        Bitartean itxoin dezagun lasa.

 

 

III'garren Euskal-Antzerti-Eguna

«EUSKALTZALEAK» eratua

 

        Antzezlari-Taldeen Gudua.— Urteoro bezela aurten ere «Euskaltzaleak» bazkunak dei egin die Euzkadi'ko antzezlari taldei beren arteko gudu berezi batera agertu ditezen.

        Zortzi antzezlari talde azaldu zaizkigu. Baita ere gudu onetan gudulari ez izan arren, Tolosa'ko «Lizardi» taldeak «Euskaltzaleen» ideiari amor emanaz, batzalditik kanpora bada ere, badatorkigu. Ara emen gudaldiko antzezlarien egutegia:

        I. Ilbeltza'ren 5an: Alegi'ko antzezlariak.

        II. Ilbeltza'ren 6'an: Ondarro'ko antzezlariak.

        III. Ilbeltza'ren 12'an: Irura'ko antzezlariak.

        IV. llbeltza'ren 19'an: Tolosa'ko antzezlariak.

        V. Ilbeltza'ren 25'an: Oiartzun'go antzezlariak.

        VI. Otsailla'ren 2'an: Andoaingo antzezlariak.

        VII. Otsailla'ren 9'an: Donosti'ko antzezlariak.

        VIII. Otsailla'ren 16'an: Zumaya'ko antzezlariak.

        IX. Epailla'ren 2'an: Ernani'ko antzezlariak.

        III'garren Euskal antzerti eguna Epailla'ren 10'an ospatuko degu.

        Donosti'an 1935'ngo., XII'gn. 10'an.

EUSKELTZALEAK

 

 

III'garren euskal antzerti eguna

 

        Aurreraxeago adierazten degun arabera, antzezlari-taldeen gudua Donostia'ko Poxpoliñetan asia da. Egitarau ortan agertzen diran egunetan eta abar aldakuntzaren batzuek izengo dira. Guzia, ordea, garaiz amaitua izango dala uste degu III'garren «Antzerti-eguna» aundi ospatzearren. Susmurra dabillenez Donostia'ko «Euzko-Etxeko» taldeak antzeztuko ote duan sarituriko antzerkia: «Garo Usaia». Urrena berri zeatzagoak eman al izango ditugu.

 

 

BATAZ-BESTE

 

        Oiartzun'go «Mendiburu» taldeak txango politak daramazki Lekuona anaien «Eun dukat» menditarra antzezturik. Donibane Lohitzun'en ere izan dira ango «Gure-Etxea» deritzan antzokian txalo ugariaz jasoaz.

        Olaizola'tar J'ren «Gora antziñako legeak» zenbait erritan antzezten ari dira. Donostian arrera oso ona izan zuan. Onek poztutzen gaitu, iñork antzeztu gabe azturik zegon antzerkia bait da.

        Teatro-aroa bizitu da Eguberri-jaien inguruan. Errenderi'ko batzokian: Iparragirre ta Oleskari zarra eman dituzte: Lezo Pasai, Alegi, Irura, Mutriku, Ondarro, Eibar, Urnieta, Zarautz, Zumarraga, ta abar antzerki-jai ederrak egiten ari dira.

        Tolosa'n Abenduaren 29'an Abesbatzaren lenengo aldiz agertzea zuala-ta «Artatxuriketa» Lizardi zanaren antzerkizun lilluragarria jarri zuten.

        Beste erri askotan batere iragarri gabe antzerki jaiak eratu dituztela ba-dakigu. Olakoai, berriz ere, arren dagiten lana alik eta egunkari, geienetan adieraztea eskatuko genieke.

 

 

ARTETA'ri omenaldia

 

        Azaroaren 30'ean omenaldi ta gorasarre ondo merezia egin zioten Ondarru'n Zubikarai'tar Agustin, izen ordez «ARTETA» idazleari.

        Gazte azkar au beste gauzaz gañera antzerkigille degu. Emen, bere antzerki-lanak aitatu izan ditugu: «Aberriagaz bizi» «Illobaren indarra» ta abar.

        Ondarru bere jaioterriko adiskideak omenaldi ori eskeñi nai izan diote, aren antzerkiak antzezturik, eta opariz jai eder bat eratuaz.

        Au dala-ta «ANTZERTI'k», idazle ta antzerkigilleai nundik lagunduko dabillen aldizkingi onek zorion-agurrik sutsuena Zubikarai jaunari, «ARTETA» idazle gazteari bidaltzen dio, gero ere, euskal Teatroaren alde ekiten jarrai dezan.

 

 

Georges Herelle jauna

(G. B.)

 

        Oraintsu il berria degu 88 urtetan, Mr. Herelle aspaldidanik Baionan bizitzen zan jakintsu euskaltzalea.

        Prantsesa izanagatik, bein ola, Atarratzera «pastoral» bat ikustea joan zalarik, gure gauzatzaz zaletu zan. Xubero'ko pastoralak geienbat aztertu ta ezagutzen zituan gizona izatera iritxi zan. Gai ontaz lan eta liburu asko idatziak utzi dizkigu. Auen artean:

        «La représentation des Pastorales a sujets tragiques».

        «Les pastorales à sujets tragiques considerées litterairement».

        «Le repertoire du Théâtre tragique».

        «Le theâtre comique».

        «Canico ta Beltxitine» (prantsesez eta euzkeraz).

        «Grand catalogue des pastorales».

        «Les téâtres ruraux depuis le moyen âge jus qu'a nos jours».

        Izen oiek ipiñi ditugu gure irakurleetatik norbaitek ezagutu nai ba'lituzke edo. Gure teatroaren aztarrenak ateratzeko eta onelako irakurketak onuragarri dira. Zer ikasi aundia dago.

        Mundu ontan ain langille zintzoa izan zan Herelle jaunari zeruan Jaungoikoak betiko atsedena eman bekio.

 

hurrengoa