|     47-48 zenbakiak, 1935eko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


IRUGARREN EKITALDIA

 

        (Lenengo ekitaldiko agertokia bera)

        (Ana Joxepa ta Mari Batista sukaldean)

 

ANA JOXEPA: Bai, Mari Batista,.. Egia da, bai... Joan zaigu!

MARI BAUTISTA: Ez nuan ba siñistuko... Ez orixe!... Baña zeuk diozu-ta, sinistu egin bear. Malentxo moja!... Orrelako neskatx polita moja!

ANA JOXEPA: Itsusiak bakarrik joan bear al dute ba?

MARI BAUTISTA: Ez baña... Orra ba, ez nuan olakorik usteko. Nola pentsa.

ANA JOXEPA: Joan zaigu ba: bazkalondoan... Gaxoa!, neuk ere lagundu nai nion baña... Eztet ortarako biotzik izan!... Katalin ta Paula jetxi dira laguntzera... Neuk biotzik ez!... Pentsatu utsaz malkoa datorkit begietara... (Begiak legortu bitza mantalaz)

MARI BAUTISTA: Ezta gutxigorako, Ana Joxepa. Baña eztezu naigabez artu bear. Zer egingo dezu ba!... Neskatxak mojetarako gogoa bazuan... Joera txarragorik eztezatela gureak!

ANA JOXEPA: Ala da... Baña ez nuan neuk ori uste... Naigabe aundia izan det, Mari Batista. Besterik zan neure asmoa! Jesus maitea!... Zer egingo degu ba!... (Manuel sartzen da atadiko atetik) Aizak, Manuel: oa sorora, belarra ebakitzera. Ekar-itzak saskikada batzuek. Ganaduak marruz ari dituk.

MANUEL: Orixe esan dit aitonak ere. (Barrura abitzen da)

ANA JOXEPA: Nora oa ba?... Abil azkar!

MANUEL: Beta dago!!. (Ukullura bijoa)

ANA JOXEPA: Olaxen dira gauzak, Mari Batista. Eroapenez artu bear.

MARI BAUTISTA: Bai, asmoak oker ateratzen diranean... Ara, Ana Joxepa: neuk ere naigabe aundia artu nun, gure ezkontza-kontuak oker erten bearra...

ANA JOXEPA: Bai neuk ere... Ongi dakizu.

MARI BAUTISTA: Ta itxaropen guztiak galdutzat eman bear al-ditugu? Ezin al leike oraindik...?

ANA JOXEPA: Begira, Mari Batista: ez naiz neu nere burutasunak errez usten ditudan emakumea. Buruan jartzen zaidana lortu arteko geldirik eztizut artzen. Batez ere nere semeen onari dagokionean.

MARI BAUTISTA: Ongi ezagutzen zaitut bai.

ANA JOXEPA: Baña oraintxen itxaropen guztiak galdu ditut ia. Gure Patxi neuk uste baño kaska-gogorragoa erten zait. Nork ori eraman ezkontzera?... Patxi aldarera eramango duan emakumerik ezta oraindik sortu. Ezta sortuko ere, zuen Mikela'k biotza ukitu eztionean.

MARI BAUTISTA: Gozotasun ori besterik etzaigu gelditzen beraz?... (Berekiko bezela) Tokitara joan dituk txakur gosetiaren neure ametsak!

ANA JOXEPA: Kontxo! Etzera ba zeu ezur utsez errez asetzekoa! Ezurra ezik mamia eskatzen ere ederki ikasia zaude gero.

MARI BAUTISTA: Bañan alperrik gure ezkontzari seta guztiak... Ainbesta eziñeike ta badezakezu; eztaukagula ta badezutelaz, ia-konpondu giñan biok. Guztia alper txarrean!... Senargaiak uts eman digu.

ANA JOXEPA: Baña len bezin adiskide... Ezta ala, Mari Batista?

MARI BAUTISTA: Bai orixe! Edo len baño adiskideago... Geuk egin ditugu alegiñak.

ANA JOXEPA: Bai bai...

MARI BAUTISTA: Eta... barkatu galdera, Ana Joxepa: Malen'ek Bidaurreta'ra asko eramango zuan, ezta?

ANA JOXEPA: Bai, pixkat eraman du: sei-milla errealeko moja-saria.

MARI BAUTISTA: Askotxo!... Ori ere ba da ba... Mojetarako ere dirua bear!

ANA JOXEPA: Guztiak eztizue eramaten, baña gureak eraman ditu beintzat. Mojatxoak ere bizi ditezela.

MARI BAUTISTA: Bai, izango dute gaxoak ere bearra. Ezin bizi erregu utsez.

ANA JOXEPA: Ala da, ala da...

MARI BAUTISTA: Eta... bai-aldezute Joxe'ren betirik? Gizarajoak adur-txarra izan zun. Ondo jarri al-zan?

ANA JOXEPA: Bai, ondo omen dijoa. Paula'k ekartzen dizkigu Joxe'ren berriak.

MARI BAUTISTA: Ara beraz...

ANA JOXEPA: Arrobin min artu zuala jakin orduko, Malen ta biak jetxi ziran ikustera. Ordutik maiz izaten da Paula zauritua ikusten.

MARI BAUTISTA: Bai, lagun aundiak izan dira beti-ta... Ta zer dio? Osatu al da?

ANA JOXEPA: Alatsu. Erren pixka bat gelditu omen zaio: utsa.

MARI BAUTISTA: Orrela obe. Zuenera etorriko zaizute?

ANA JOXEPA: Al dakigu! Bere gogoz aldegin zuan-da...

MARI BAUTISTA: Oraiu ordea, Malen moja... (Manuel sartzen da) (Izketa batpatean aldatuaz) Tira ba, Ana Joxepa: eztezute goibel egon bear. Etzaizute Malen toki txarrera joan. (Manuel sega pikatzen jartzen da ate-inguruan)

ANA JOXEPA: (Manuel'i) Ire patxadak geigo balio dik, mutil.

MANUEL: Zer ba?

ANA JOXEPA: Sega orrek eztik pikatu bearrik. Oa lenbaitlen.

MANUEL: Galazi egiten al-det?

ANA JOXEPA: Galazi?... Zergatik diok?

MANUEL: Eztakit ba, mallu otsak ez ote dun beorri pikatu-edo...

ANA JOXEPA: Mutil mutil, ajola ziguk iregatik. (Manuel sega pikatzen ta abopean bertsoen batzuk abesten)

MARI BAUTISTA: Umore ona, Manuel...

MANUEL: Bai. (Jarrai beza pikatzen ta bertsotan)

MARI BAUTISTA: (Ana Joxepa) Eztirudi Manuel'ek naigabe aundirik duanik.

ANA JOXEPA: Zer ba?

MARI BAUTISTA: Gaur eztala bertsotako ain egun egokia're.

MANUEL: Zergatik ba?

MARI BAUTISTA: Malen'engatik...

MANUEL: Eztiozu ba toki txarrera etzaigula joan? Gañera nik bertsotan agertzen ditut nere pozak eta oñazeak ere.

MARI BAUTISTA: Ondo da ba, Ana Joxepa; banoan...

MANUEL: Ez bedi nigatik joan, Mari Batista. Ixilduko naiz.

ANA JOXEPA: Jarrai zak, moteil.

MARI BAUTISTA: Agur ba, Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Agur, Mari Batista.

MARI BAUTISTA: (Onen ingurutik igarotzean) Agur, Manuel.

MANUEL: Bijoa ondo, Mari Batista. (Mari Batista joaten da)

ANA JOXEPA: (Manuel'i, nola pikatzen duan begiratutakoz) Eztaukak sega ondatzeko gogo txarra. Sega berria pikatu...

MANUEL: Amuts amutsa dago-ta...

ANA JOXEPA: Oa, oa azkar belarra ebakitzera. (Barrura joaten da) (Moxolo agertzen da ate-aurrean: urduri ta izerditsu)

MOXOLO: Ke ai, Manuel.

MANUEL: Ze abil, Moxolo? Euk esango dek.

MOXOLO: Lanean?

MANUEL: Emen ari-gaituk sega pikatzen gogo aundirik gabe.

MOXOLO: Ezbearren bat al-dezute?

MANUEL: Zer ba?... Etzekiat zertzaz ari aizen.

MOXOLO: Neuk zerbait entzun diat-eta... Benetakoa al da Malentxo'ren asmoa?

MANUEL: Bai, txantxetako gauzik eztik orrek.

MOXOLO: Bada... (erabakiz) debekatu egin bear ziogu!

MANUEL: Nola... «Ziogu?»

MOXOLO: Debekatu egin bear zaiola. Amonari ta Malen'i itzegitera natxatork.

MANUEL: (Burua igituz) Jum!... Iñoren gauzetan sartze ori... Ni ez nauk joaten errira zaragiak nun erosi bear ditukan erakustera.

MOXOLO: Ire amonak ba-zekik nik zer darabiltan.

MANUEL: Amonak ba-dakila? (Ana Joxepa agertzen da barru aldean) Orra ba or bera. Esaiok, jakingo dik zer erantzun. Baña nere arrebarik eztek geigo ikusiko. (Ana Joxepa urbiltzen zaie)

MOXOLO: Zergatik ez?

MANUEL: Euk ikusteko tokian etziok-eta.

ANA JOXEPA: Ara bestea! Zer degu, Moxolo?

MOXOLO: Ia zertan geran edo...

ANA JOXEPA: Zertan geran? Galduan: galduan i, galduan i baño lenagokoak, galduan etxeko guztiak... Oraintxen aukera ederra Urrejola'ko tontorretik eure burua botatzeko.

MOXOLO: Ala Jainkoa! Ori al da gizonari emateko erantzuna?

ANA JOXEPA: Txarragoak ere ba dizkiat.

MOXOLO: Arraiopola! Neure diru guztiak Malen'i emateko ustean etorri-ta...

ANA JOXEPA: Gorde ditzak: geuk ere ba-dizkiagu ik aña, ainbeste arrokeri gabe.

MOXOLO: Bera ikusi bear det orratik!

ANA JOXEPA: Zein da «bera»?

MOXOLO: Malentxo.

ANA JOXEPA: Gaitz dek.

MOXOLO: Zer ba?

ANA JOXEPA: Etziok ortarako.

MOXOLO: (Setatsu) Buruan sartu zait!

MANUEL: (Batpatean zutiturik) Baita neri ere kaskarra berotzea, ixillik ez ba-ago.

MOXOLO: (Arro) Ik neri?

MANUEL: (Sutsu) Azkar gero, emendik moxolotegira ez-paoa.

MOXOLO: (Onean) Tira, tira, ago ixilik... Eztiat aserrerik nai... Nik Malentxo'rekin itz egin nai diat. Nun da?

MANUEL: Ez al-dakik moja joan dala?

MOXOLO: (Arri ta geldu) E?... Moja?... Noiz baña?

MANUEL: Gaur; bazkalondoan.

MOXOLO: Nora?

ANA JOXEPA: Bidaurre'tara.

MOXOLO: Gezurra diozute.

MANUEL: Obe bai gezurra balitz.

MOXOLO: Gezurra bai... Ziria sartu nai diazute, baña ez nauk ain motza.

ANA JOXEPA: Motz edo zipotz, egia da.

MOXOLO: (Setatsu) Ikusi bear det ba!

ANA JOXEPA: Ez al dezu entzun Bidaurreta'n dala?

MOXOLO: Baita Bidaurreta'n ba da ere. (Asarre) Kiskaliko ditut!... Nik egingo det egitekoa!

ANA JOXEPA: (Txuliatuz) Ez al dek egin?... Atzekaldea garbi al-daukak? Ja, jai!...

MOXOLO: (Zearo nastuta) Ago ixilik atso lirdinga ez-besterena!...

MANUEL: (Sutsu) Oa emendik azkar!... Oa!... (Deadarka) Txuri! Txuri!...

 

(Moxolo'k laisterka aldegiten du)

 

ANA JOXEPA: Ja, jai!... Orrek zemakik anka-jokua!

MANUEL: Obe du Txuri aitarekin joana dala. Bestela.., atze-alde ori...

ANA JOXEPA: Bear bai lotsagabe orrek...

 

(Joanes oartzen de barruko aldetik)

 

JOANES: Zer dezute?

ANA JOXEPA: Utsa.

JOANES: (Manuel'i) Oraindik emen al aiz, moteil?

MANUEL: Sega pikatzeko neukan-da...

JOANES: Lasai ibiltzeko beti aitzakiren bat. Abil ba, Manuel...

 

(Katalin ta Paula sartzen dira atadiko atetik.
Jai egunetako jantziak.
Bidaurreta'n Malen utzi dutelako, itun, goibel...)

 

ANA JOXEPA: (Joanes'i) Emen ditugu... (Sartu berriai) Pozik gelditu al-da?

KATALIN: (Itun) Bai, pozik esan bearko...

ANA JOXEPA: Gure Malentxo gaxoa!... Negarrez geldituko zitzaigun!... Ba-nekin!... Ta negarrik ez egiteko guri, pozik dijoala-ta... Ai! gaxoa! gaxoa! (Malkoak legortzen ditu)

JOANES: Gaxoa zergatik?... Gu gera errukarri, gu...

ANA JOXEPA: Negarrez gaxoa! Jesus maitea!... Negarrez!...

JOANES: Parrez gelditzea nai al-zendun? Arrizkoa bearko zukean.

PAULA: Pozik gelditu da, pozik!... Jakiña, bildur pixka bat ere bai... Ta igarri diotala antz eman didanean, begira zer esan didan: «Nere beldur-negarrak etxekoangatik ditun, ez nigatik».

ANA JOXEPA: Ori esan din?

PAULA: Geigo oraindik: «Nere maiteak oñazez daudelako, nere biotza oñazetan zeukanat, eta ala ere poz pozik nion».

ANA JOXEPA: Malentxo maitea!... (Negar malkoak guztien begietan)

PAULA: Ta an utzi degu, bera poz pozik; baña gu...

JOANES: (Eztarriko larria kar-kar eginda itoaz) Tira, naikoa degu... Negar egin bear badezute zoazte barrura. (Emakumeok bijoaz barrura) Tira, Manuel, oa eu ere ire egitekora. (Manuel otarra ta sega artuta joaten da ataditik) Emakumeok... (Begiak legortu bitza esku gibelaz. Unetxo bat geldirik; atadira begiratu, ukullu aldera gero ta azkenik barrura abitzen da. Ontan Joxerramun sartzen da ataditik) Nun itzan?...

JOXERRAMUN: Saastin. Bart arratseko erauntsi zakarrak sagar asko lurreratu dizkigu. Gurdikada bat ortxen nunbait.

JOANES: Pillatuko ituan?

JOXERRAMUN: Baita mendira ekarri ere. (Barrura abitzen da)

JOANES: Ago, Joxerramun. Irekin itzegin bear diat.

JOXERRAMUN: Tira ba... (Gelditu bedi) Zer degu?

JOANES: Gauz onik ez.

JOXERRAMUN: Baneon ba... Nerekin itzegin nai dun guztian ba degu zerbait izan ere.

JOANES: Inazio Mari'tzaz itzegin nai diat.

JOXERRAMUN: (Burua beazkatuz) Orra ba... Nik gutxiena uste nuanatzaz.

JOANES: Zer uste ukan ba?...

JOXERRAMUN: Eztakit-pa... Malentxo'tzaz edo...

JOANES: Malentxo toki onera joan dek. Inazio Mari dek ain ondo eztabilena.

JOXERRAMUN: Ta bere semea?

JOANES: Sinisgabetzaz eztiat ezertxorik jakin nai ere.

JOXERRAMUN: Ongi egingo du. Lengo asarreak naikoa ditugu. Izlari omen dabil mitiñetan.

JOANES: Zein?

JOXERRAMUN: Zein izango da ba: Martin.

JOANES: Be-alde ortan alprojakerian dabillela entzun diat bai.

JOXERRAMUN: Erlijioa, apaiz ta mojengatik izugarrizkoa esaten omen ditu.

JOANES: Bai, esango dik ark astakeria pranko. Baña utziogun semeari. Orrenak egin dik; zearo erotu zitzaigukan. Eta aita're etzekait, etzekiat... Santageda ingurua joana izan bear dik.

JOXERRAMUN: Zerbait esan didate bai...

JOANES: Aizkenengo apustu madarikatuak, badakik... (Joxerramun'ek burua beazkatzen du) izugarrizko zoritxarrak ekarri zizkiguk Azkarraga'ra. Zorpean zeudek, bear gorrian... Pentsa zak: Patxiku arakiñari bakarrik amar milla erreal baño geigo!

JOXERRAMUN: Orrenbeste?

JOANES: Bai, seme... Orrenbeste!

JOXERRAMUN: Diruak dira! Esan nion nik geiegi ez jokatzeko.

JOANES: Eta Patxiku arakiñak atzo bi bei kendu zizkiok, zorrak janda zaudelako.

JOXERRAMUN: Arranoa! Gogorra da ori orratik!

JOANES: Onekin, lengoak gutxi ezta, asarreak eta burrukak sortu itukan Azkarraga'n. Eta Inazio Mari'k alde egin zian etxetik. Oiek dituk jokuaren errentak!... Ikaspide ederra guziontzat!

JOXERRAMUN: Ala da... (Buruari eragiten dio)

JOANES: Ik ere utzi zak zalekeri ori, Joxerramun... (Joxerramun'ek zeozer esan nai luke) Etzaidak ezer esan. Bazekiat: eu ez aiz Inazio Mari'ren antzekoa. Etxekoia aiz ta langillea... Baña eu ere geitxo joate aiz apustu tokietara. (Ixillunea) Ez nauk sermoizalea. Bazekiat gañera, euk etxea zaiduko dekala. Zabaleta'k iraungo dik. (Galdera ituna) Baña Azkarraga'k, Azkarraga'k..? Etzirudik!... An etzeok gizonik... Eta ez nikek ikusi nai dagon ondamendian, lur jota... (Kementsu) Zorpetik atera nai nikek!... (Kementsuago) Goratu! jaso! sendotu! (Naigabez) Nere ondorengoak bizi dituk an ere... (Kemen ondorengo erorialdia)

JOXERRAMUN: Ez bedi orrela jarri, aita!... Zuzpertu bedi!

JOANES: (Buru jasorik) Egia diok. Izan ere, Aloña'tik jetxi nindukanetik naigabe asko izan dizkiat. Auleriak artuta, eriotza bertan nuala uste izan diat... Baña eztiat oraindik il nai! Auleria menperatzeko indarrak eskatzen zizkioat Goiko Jaun onari. Eta emango zizkidak! Eta Azkarraga jaso bear diagu... Nere semeak ondatu dun baserria goratu...

JOXERRAMUN: Ongi, ongi... Egingo ditugu alegiñak.

JOANES: Bear duten laguntza guztia ematea ondo al deritzok orduan?

JOXERRAMUN: Bai, aita, bai! Beorrek nai duan guztia; beorren esku.

JOANES: Pentsatuko diagu. Inazio Mari etxera itzuliko dala uste diat. Baña garbi ikusi diagu eztala Azkarraga'k bear duan gizonezkoa. Pentsatuko diagu... Gaur eguardian egon nauk Paula'rekin: Malen'erekin Bidaurreta'ra jetxi baño len. Ber berak esan zizkidak beren etxeko naigabe guztiak. Pentsatuko diagu beraz.

JOXERRAMUN: Etorri al dira?

JOANES: Bai, barruan dituk. Oa orain nai badek.

JOXERRAMUN: Beorri ez al dator? Ez bedi bakarrik gelditu.

JOANES: Ondo niok. Oa, oa.., (Joxerramun abitzen da)

JOXERRAMUN: (Paula'rekin atean arkitzen da) Sartu zaite, Paula. (Sartzen da) Aitona bakarrik dago.

JOANES: Ator, Paula, ator!... (Paula aitonarengana ta Joxerramun barrura)

PAULA: Bakarrik al zegon, aitona?

JOANES: Joxerramun'ekin egon naun. Atorkidan. Artzan alki bat eta jarri adi nere ondoan. (Paula exeri bedi aitonaren inguruan) Itzegin diñagu. Ta nik uste bezela, laguntzeko gertu zegon.

PAULA: Bearra al degu! Zorpean ta lan egiteko neu bakarrik ia esateko.

JOANES: Bai, laguntzeko norbait bear den. Morroien bat-edo...

PAULA: Baña, aitona? Morroi bat? Guretzat ez-padegu, nola sortu besterentzat?

JOANES: Ez al den entzun laguntzeko gertu gaudela? Guk ba diñagu, Jainkoa'ri eskerrak... Azkarraga jasotzeko bear dan guztia euk ere izango den. Diruakikoa egingo diñagu. Baña ori ezten guztia. Euk bakarrik eztitun egingo bertako lan guztiak. Norbait bear den.

PAULA: Bai, ori ala da...

JOANES: Eta norbait ori senar balitz obe.

PAULA: Ez, aitona; ezkontzarik ez bezait aitatu. Morroia obe da.

JOANES: Tira ba, morroien bat orduan. (Oldozki) Euk ez alden iñor ezagutzen?

PAULA: Nik ez; eztakit nor etorri leikean gurera morroi.

JOANES: Iñortxo ere ez?

PAULA: Ez, morroitzako iñortxo ere ez.

JOANES: (Itzari elduaz) Morroitzako ez? Senartzako bai agian?... Zerbait bazekiñat gero!...

PAULA: Nik maite detanak eztu nerekin ezer nai.

JOANES: Zerbait pentsatu bear diñagu ba... Errian aitaren berri jakin al den?

PAULA: Atzo Moxolo ta Odolki'rekin-da ibilli zala, baña besterik ez.

JOANES: Odolki ezik mondongo ederrak egin zizkigun olako lagunakin! (Ixillunea) Ta Joxe'ren berririk?... Ikusi al den?

PAULA: Ez, gaur ez. Baña zerbait jakin det. Malen moja gaur zijoala jakin zunean naigabe aundia artu zula.

JOANES: Gizarajoa!... Igaroko al zaion!... (Biak oldozki) Tira, Paula; etxera joan bearko den. Unuzkero larri zauden.

PAULA: Gure beiak perrategin ikusi ditut.

JOANES: Bai?

PAULA: Saltzeko asmoa omen du Patxiku arakiñak. Eta al balitz, aitona...

JOANES: Bai, bai; ez adi estutu: etxeratuko dizkiñagu.

PAULA: (Maiteki) Eskarrik asko, aitona, eskarrik asko!... Bai ona dala!...

JOANES: Eu ere bai, Malen! Euk guzia rnerezi den!... Baña morroiatzaz-edo pentsa zen...

PAULA: Nik eztakit-ba... Eta beorrek?...

JOANES: Neuk ere ez morroitzako... Pentsatuko diñat.

 

(Joxe sartzen da ataditik: urduri ta beldurti.
Erren pixkat egiten du)

 

PAULA: (Joxe sartzen ikustean: pozik, arriturik) Zu!... Joxe, aitona...

JOANES: (Atez gibel dagolako, eztu Joxe ikusi bear) Joxe?... (Altxa bedi)

JOXE: Barkatu, aitona!... (Geldi ate-aurrean)

JOANES: (Joxe'runtz egiñaz) Barkatu?... Barkatu bearrik eztiat, Joxe. Atorkidak, mutil... Beso zabalik niok. (Joxe aitonaren besoetara ta onek laztandu beza maiteki) Poz artzen diat!... Bildu aiz artaldera orratik!...

JOXE: Barkatu; aitona!... barkatu!...

JOANES: Eztakik, Joxe, eure aldegiteaz nola naigabetu nindukan; baña poz aundia damaidak gaur, poz aundia!...

JOXE: Ba dakit, aitona... Neu ere naigabez, miñez! aldendu nintzan. Etxe ontan ziran nere maitasun guztiak, eta alaz ere, aldendu egin bear... (Oldozki) Badaki, aitona... Gure biotzean ernetzen diran asmoak, gogoak.., ezin errausi biotza zauritu gabe... Eta neri kendu zizkidanak... zearo mindu nindun!

PAULA: Besteak ere mindun gera, Joxe...

JOANES: Jakingo dek Malen joan zaigula?

JOXE: Bai... Orregatik etorri naiz. Emen «orain» bizi naikela, uste det.

JOANES: Ongi ator: baña ez gurean izateko.

JOXE: Zer?... Ez al nau morroitzat artzen?

JOANES: (Minki) Ago ixilik, Joxe!... Ez nazak itz oiez mindu! Eu ez aiz etxe ontako morroia; nere semea aiz... Eta guraso zar onen esana egiteko gertu al-ago?

JOXE: Aitona, beorrek nai duan guztia, beorri zor diot naizan guztia-ta.

JOANES: Ongi, ongi... Baña eztiat ire oin ori nola dijoan oraindik galdatu.

JOXE: Oso ederki, erren pixka bat gelditu zait baño.

PAULA: Ori utsa da: etzaizu ezagun ere.

JOANES: Ori utsa dek bai... Tira ba, Joxe; emendik aurrera Azkarraga'n biziko aiz.

JOXE: (Arrituta) Azkarraga'n?... (Begiratu beio Paula'ri. Au buru makur) Ori ezin diteke, aitona.

PAULA: Zergatik ez, Joxe?

JOANES: Baña zer dek ezin diteken «ori»?

JOXE: Ori?... Orra ba... Zera...

JOANES: Begira, Joxe: Azkarraga lur jota zeok. Inazio Mari'k dana ondatu dunean, etxetik aldegin dik.

JOXE: (Arriturik) Bai zera!...

PAULA: Bai Joxe...

JOANES: Eta nik —entzun zak ondo, Joxe—, eta nik, Azkarraga jaso nai diat. Ori iritxi bitarteko pakerik eztiat izango... Baserri bat ondamendian ikustea mingarri izan zaidak beti. Eta Azkarraga'n nere ondorengoak bizi dituk, nere odola daramatenak... Negargarri ezik mingarri zaidak eta min artzen diat.., biotzean min, badakik!...

JOXE: Banekin nik gaur miñez egongo zana. Bañan uste ez nuan miñak agertzen dizkit beorrek.

JOANES: Euk esan nai diakan min orren berri ere izan diat. Bañan ortatik poza sortu zaidak. Malen toki onera joan dek; zoriontsu izango dan tokira... Eta onek poztu egin bear gatxik guztiok. Eu ere bai, Joxe...

JOXE: Poztu al banedi bai!... Beintzat besterekin ikusi baño...

JOANES: Bai, bai... Malen'en «zera» ori aztutzea zaik obena. Eta Azkarraga'ra joango aiz, ezta?... Nik eskatzen diat, Joxe!

JOXE: (Kezkaz) Joan bai, baña...

JOANES: Begira, Joxe: nik eu nausi bezela joatea nai nikek. Baña ba zekiat ire biotzak ortarako lenen sendatu egin bear duela. Eztiat ori eskatu nai beraz. Baña oa morroi bezela beintzat. Azkarraga jasotzeko bear dan laguntza gugandik izango dezute. Eta alegindu zaitezte biok!... Zer esaten diak?...

JOXE: Eztakit-pa...

PAULA: Bai, Joxe!... Biok jasoko degu Azkarraga!

JOANES: Be zekiat, joango aiz... Ezingo diok ukatu aiton zar oni. Oa ba orain morroi bezela.

JOXE: Morroi bezela... tira ba; joango naiz.

PAULA: Pozten nazu, Joxe!

JOANES: Paula'k asko maite au, Joxe. Eorrek ere ba dakik. Eta baserria jasotzen jarriko dituzuten zuen lan eta nekeak, gogoak eta itxadopenak, sortuko al ditek ire biotzean ere maitasun berri bat, seme!... Eta orain, goazemazute barrura: gure poza etxekoai adieraztera... (Abitu bitez: Joanes lenen eta gero Joxe ta Paula. Baña barrurako ate-aurrera iristean gelditu bedi Joanes esanaz:) Aurrera, aurrera... Eu lenen Joxe, ta gero Paula ta artzai zarra aizkena. Entzun al dezute?... Aurrera ba! (Sarrarazi bitza esku-makilla igituz) Artzaia aizkena... Eta iñoiz eztik artzai zar onek onen pozik bildotxik artalderatu... Aurrera, aurrera... (Sar bitez. Eta bereala, Manuel sartzen da ataditik: saskikada bat belar dakarki. Beiak itxeska ondoan usmatzen duten bezin azkar burua ateratzen dute ganbela zulotik ta marruz asten dira. Belarra itxeskara egozten duan bitartean, oguz dagi) Usmatu al nazute?... Gose al aiz, beltxa? Itzat bear al dek dena, gorri?... Arraioa gero!... Geldi, gorri!... Ire bai, beltxa!... Gorri!... Geldi, gorri!... (Ta oguzka ari dala oiala bera geldiro)

 

AMAIA

 

aurrekoa