|     52 zenbakia, 1936ko apirila [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

 

EGUN BATEZ XUBERO'n

 

        Aspaldiko urtetan Xubero'ko pastoral eta maskadak deritzaien jostaketak ikusteko gogotan giñan. Azken urte oietan ez genuen ikusterik izan, ez bai zituzten iñon ematen.

        Aurten berriz, egun berean, Jorraillak emeretzi, bi jaialdi eratu dizkigute: Atarratze'n eta Garindein'en.

        Xubero'n ere, euzkaldunak izaki-ta alkarren arteko burrukak maixko...

        Atarratze'ko irian «beltzak» nagusi diralarik nai izan dute:

 

                «Txarlemagne'n bizitza

                Itz laburrez explikatu»

 

        Ta Garindein'go «Txuriak» gutxiago ez izateagatik:

 

                «Erroland eta doce parien

                Ixtoria dute errepresentatu»

 

        Erri arteko gora-beeretan txuri-beltzak aurkalari ba dira, pastoraletan gorri-urdiñak, oi dute leia. Teatroa bizitzaren antz-irudia bait-da.

        Eskerrak, oraingoan burruka gure antziñako oitura ta jolas ederrak jasotzeko izan dala. Xuberotar idazle gazte bati ikasi diot: «Uskal-Errian goxo zaigula leheneko zaarren gixa egite, ain urratsai jarraikitzea».

 

* * *

 

        1936'garren urteko jorraillaren emeretzia, Igandea. Pastoralak Atarratze'n eta Garindein'en. Biak bada ezin ikusi-ta Garindein'en geldi giñan Erroland'en trajeriari «so egiterat».

        Errixka ontara eldu orduko —goizerdi— antzezlariak zaldizko egiñik batzuek, eta karrozan eserita nagusienak, karrikatik barrena datoz. ELDU DA (ARRIBADA) Gero Maule'ko iri nágusira (2 km) itzul-ingurua eginen dute beren buruak agertzera. Nolako dotore! Bein au egin ondoren Pastoralari asiera ematen diote. Teatro lekua, antzeztokia, barruti batean egindako oltza da.

        Aurretik gora igotzeko malladitxo bat du; atzealdean, eskubi-ezkerrera ate bi: bata zintzoentzat, urdiña; bestea gaizto ta deabruentzat, gorria. Gañean orkestako soñu jotzalleak, txirula, atabal, arratz eta abar. Porru-azak eta naste! Prantzes suku usaia! Txint eta txon!...

        Alako batean urdiñetako bat, Oliberos deritzana oltza gañean aurreraturik eta ertz batetik bestera dabillela, erdi abestuaz esaten digu lehen prediku ta agurra:

 

                «Jinkuak egun on deizuela

                konpaña onoratia

                Eta zuen satisfatzeko

                Guri ere grazia.»

 

        Ta graziarik ba-dutela aitor bear.

        An zer gertatzen dan jakitea da gutxiena. Azpikoz gorako gertari, asko nolanai; «xelebrekeriak» ugari: nasi-maxiko jantziak; mordollo ta moldakaitz esaerak...

        Bañan ain xalo ta pozkarioz betea guzia, naita nai ez atsegiñez artzen da.

        Gaurko gure gustorako antzezkizuna itxura gabeko irudi arren, azala urratuezkero, euskal mami gozo, zar kutsu ta xehetasun ertitsuak ditu. Ikuskizunak jarraitzen du etentzeko arratsalde erdirarte. Agerraldi geienetan gudu ta batallak ba-dira. Turko ta satandarrak alde batetik, kristauak bestetik. Eta batzuetan irabazi ta bestetan galdu, onela doaz urdin ta gorri arteko burrukak.

        Ezkontza ta bataioa badira tartean Jerusalen'go patriarka ta Erroma'ko Aita Santu bera ateratzen diralarik. Parragarria benetan! Turko ta deabruak berriz dantzatzen xarmanki: «jautzi unat, jauzi arat» Azkenik, orratiokan, Turko guziak menperatzen dituzte. Ori bai, eriotz biguña ematen die burupeko edo lastai baten gañean etzan araziaz.

        Une artantxe su-izkilluz ernai dauden bi gizonek polbora utsezko dunbadak! aidera jaurtitzen dituzte. Kea ta otsa!

        Erroland'en trajeri onek ez du zer ikusirik Garay de Monglave'k prantzesez idatzi ta Ezpeletako Luis Duhalde'k euskeratutako, Chanson de Roland'ekin.

        Egi guzia esateko, Roland eta Doce Parien ixtori au luzeegi dala derizkiogu. Bost ordu ba-dirau ta. Luzeegia berriz beti da aspergarri. Bostetatik bi ikus, bazkaltzera joan, itzuli ta oraindik Errolando, Txarlemagno, Turko ta matxingorriak an zebiltzan dantzari...

        Ondo gosaldurik aterako ziran noski. Dana dala txalo sutsuak merezi ditu Garindein'go laborari ta artzainek egin duten lanak. Milla ta seireun bertso esan; saiaketak, dantzak, joku ta eresiak ikasi. Arras untsa! Eutsi, xibero'tar maiteak «Zuetarik du ohore gure erriak». Ezin geiago eskatu.

        «Egin duzue egin ala»

        Abots zoli ta estitsuak dituzue, zangoak arin; irudimena ariñago. Alabaiñan, urrena, Trajeriko Errege, Aita Saindu ta yaun aundien ordez, erri xearen jantzian ikus nai zaitugu: Kukulleruak, txorrotx, bizargille, buhame (ijito), kautera (pertz-gille), kerestu (txikiatzalle) maskadak agertzen.

        Ea bada, otoi mutillak, neskanegun (larunbata) batez ardo iñar bat edan ondoan, erabaki zazue onelako maskada noiz zutitu. Orduan lotuko gatzaio bide luzeari zuen jolasa ikustera.

        Illunpean ere asmatzen al degu nun dan Xubero ta nun Basaburu ta nun...

 

                Atarratzeko iria, iri ordoki,

                ur aundi bat ba-dizu alde bateti

                Errege bidea erdi erditi

                Maria Madalena besteti...

L. A.

 

 

III'gan. Euskal Antzerti eguna

 

        Aurtengo Teatro-eguna Orillaren 17'n, au da Maiatzeko irugarren igandean ospatuko da.

        Jai auxe, beti gerora uzten, atzeratzen joan gera; bañan, azkenean, beñere baño aundirogo egingo dan susmoak ditugu.

        Goizetik, San Telmo areto bikañean Donostia'ko Euzko Abesbatzak erestaldia; gero itzaldia P. Laffite idazle argiaren gain. Pastoraletzaz jardungo da.

        Arratsaldean «Victoria Eugenia» antzoki ederrean antzezkizun ederra. Euzko-Etxeko taldeak antzezturik.

 

 

GARO-USAIA

 

        Txomin Agirre'ren irakurgaitik artuta Karraskedo Olarra J.'k antolatutako antzerki jatorra.

        Egun aundia antzerkizale ta euskaldun guzientzat.

        Gure antzertia urtetik urtera aurrera dijoala erakutsi bear degu.

 

 

Eskerremale ta... Eskale

 

        Besteen irakurgaitan sarritan arkitzen ditugu gugatik esaten dituzten gorapenak! Lotsatzeko ere! Antzerti'k guzioi eskerronez ordaindu nai die, onela Belaustegi'tar P. jaunari bere liburu mamitsuan: «Hacia una lucha verdad pro Euskera» Antzerti'tzaz egiten duan aipamen egokia dala-ta eskerrik sutsuenak bidaltzen dizkio.

        Gure adiskideai irakur dezatela eskatzen diegu, gai ontan egin dan idaztirik onuragarrienetakoa deritzaigulako. Belauste jaunaren iritzikoak gera oso-osoan. Ori da bidea! Ta zorionak ain bearreko zaizkigun zuzenbideak liburu ortan argitaratu dituzulako.

 

* * *

 

        Orobat, pozik ikusten degu, «Euzkadi» egunkariak gure berri ematen duala, gure sailleko jakingarriak bere euskel atalean aldaturik. Eskerrikasko. «Antzerti» ezagueraztea euskal teatroarenganako zaletasuna sortzea da.

        Orain, ez Lopez Mendizabal jaun agurgarria, ez gu, ez gera omenaldi zale; ez degu gorasarrerik nai. Obeki esana: omenaldi ta gorasarrerik bidezkoena arpidedunen laguntza zaigu.

        Betoz bada arpide berriak: eskatu, erosi ta zabaldu gure ingitxoak eta ez degu besterik bear, iraun eta gero ta oparoago agertzeko.

 

hurrengoa