|     55 zenbakia, 1982 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EGINTZA

 

        (Jangela ondo apaindutako bat. Atzean, ezkerraldera ate aundi bat etxeko atze-aurreak ikusten dirala. Ezkerretan, aurre aldean gelarako ate bat. Atzerago, alderdi berian, idatz mai bat. Exeri-aulki apañak ta beste edergarri asko.)

 

 

LENENGO IRUDIA

 

Antonio, Enrike ta Julian

(irurak lasai eserita)

 

ANTONIO: Ta bart?

JULIAN: Jator. Ango aparia, ango jolasak ango algarak ta ango... emakumeak.

ANTONIO: Emakumeak ere bai?

JULIAN: Asko ta ez nolanaikoak. Apal ondoren zoratu ginduzten beren algara, dantza, abesti ta jolasakin. Etzuen zure semeak asti askorik galdu.

ENRIKE: Nik zer egin nikan ba?

JULIAN: Ezer ez. Danak gutxi itukan iretzat. Bati eldu, besteari bultza, onekin dantzatu, arrekin txu-txuan baztertu, ezer ez.

ENRIKE: Ageri askoan ta nabarmen asko ibilliak badituk ba. Emakume andaluzitar bat, Jazband jotzen zuen beltzarekin dantzatu etzan ba ta nola eltzen zion!

ANTONIO: Odolak tink egiten. Odol beltzak.

ENRIKE: Ez dakit nik asabaren odolak, baño jan edanaren berotasunak bai. Nazkatzen nindun.

JULIAN: Ikusi al ukan injeniero aleman'aren emaztea?

ENRIKE: Nola ez? Arek guregana etortzeko zeukan, gogoa!, bañan etziokan senarrak altxatzen uzten.

JULIAN: Ura emakumea! Begi urdin; masail zuri gorriak; ezpain irrigarri politak. Aingeru arpegi bat emakume soin eder batean ipiñita. Aren lepo... beso... bular...

ENRIKE: Mutil, mutil!

JULIAN: Oraindik begi aurrean zekat ta ez dek arritzekoa, gau erdia berari begira igaro nikan ta.

ANTONIO: Ta senarra?

JULIAN: Zenbat eta geiago begiratzen nion emazteari, orduan ta itxusi ta zakarragoa arkitzen nuen bere senarra. Ura aberia!... Ta kirten arrek alako emakumea eskuratu!

ANTONIO: Zein dira?

JULIAN: Ez dakit. Bañan jakin arte, ta emakume ori, al badet beñepin nereganatu arte, ez naiz geldituko. Shutz dubela izena badakit eta Hotel Kontinentalian daudela ere bai... gañerakoa jakingo det...

ANTONIO: Beti berdin.

JULIAN: Bai al da gai au bañan atsegiñagorik? Emakumetzat itz egin, beren asmo ta naiak somatu, berakin jolastu, berakin zoratu... zer pozgarriagorik?

ANTONIO: Gañeaz, besterenak izan ezkero.

JULIAN: Neretzako, danak dira besterenak. Nererik ez bai det.

ENRIKE: Ezta izango ere oraingo eran.

JULIAN: Ez mutil, apaingarri garestia dek emakumea. Ez diat nik ortarako.

ANTONIO: Ez dek beaz ik neskarik aberastuko.

JULIAN: Ez detalako ik bezelako aitarik (Antonio parrez) ta ori apaizatarako yayua aizelarik (Antonio'ri). Ikusi bazendu zein ederki eman zuen onek meza!

ANTONIO: Apaldu ondoren.

JULIAN: Bai. Au apaiz, Dionisio monagillo, Lukas organista, eta beste batzuek abeslari. Ango zorokeria! Onek «Dominus vobiskun» aita santuak baño dotoriago esan ta...

ENRIKE: Ik zer dakik aita santuak nola esaten duen.

JULIAN: Ik baño dotoriago ez. «Dominus vobiskun»... ta danak «ekun espiritu»... ta, zas! kopa bat koñak... barrena. (Parrez danak) Gero Kirie. Asten dira Kirie, kirie kantatzen, Dionisio zintzarriakin tilin, tilin jotzen, danak orpuakin lurra juaz ta eskuakin txalo egiñaz dantzatzen, ta ango zalaparta!... Gero organistak bakarrik, berak jo, ta berak abestu, nik Kartajenan entzun nuena (piano jotzeko antzera egiñaz). A los pies de usted, Conchita cómo sigue, cómo sigue su mamá?

ANTONIO: Elizan ori jotzen al dute?

ENRIKE: Onen gezurrak.

JULIAN: Ez jauna, egiak. Nik neronek entzun nikan.

ENRIKE: Balitekek.

JULIAN: Ta Sevilla'ko Eliz nagusian nik entzun nuena?

ANTONIO: Zer ote da?

JULIAN: Aldare inguruan niokan ikusmiran, ta sermoi edo berriketaori bukatu zuenian esan zikan... «la gloria eterna como a todos os deseo»... ta kanonigo batek erantzun ziokan «Gracias compare» (danok par) Zer uste dezute ba emen bezelako ilumpekuak dirala ango Eliz gizonak? Emen dituk onelako labe zomorruak. (Agertzen da atzean Faustino patrikatik zerbait ateriaz ta neskameari emanaz).

FAUSTINO: Tori, eman zaiozu ori ere. (Neskamea ezkutatzen da)

JULIAN: Orain emen datorren au bezelakoak.

 

 

BIGARREN IRUDIA

 

Lengoak eta Faustino

 

FAUSTINO: Egun on jaunak.

DANOK: Egun on.

ANTONIO: Zer ari itzan ematen?

FAUSTINO: Ni sartzearekin batean bi lekaimetxo etorri dituk eskera, ta aientzako eman zioat.

ANTONIO: Mutil oraindik zorokeri oiekin abil?

FAUSTINO: Zorokeria? Gaxuentzako biltzen dabiltzan emakume gaxo oieri ematea zorokeria?

ANTONIO: Eman nai badek emanzak, bañan alper oien bitartez ez.

JULIAN: Alperrak eta nabarrak. Bai dira, bai dira oietan ederrak. Kosme'ri entzungo bazenio!

FAUSTINO: Kosme ta zu berdintsuak zerate ta gai orretan gezurrak sortzen yayuak.

ANTONIO: Lotsagarrizkoa dek orrela zomorroz jantzi ta etxerik etxe ibiltzea.

FAUSTINO: Ez ukek ori esango ire alaba balitz.

ANTONIO: Nere alaba? Lenago il, orrela ikusi baño.

FAUSTINO: Ago ixilik, burua galtzen dek eta, gauz abezaz itz egitean.

JULIAN: Praile ta monjaren granorik ez balitz geiago jardunik ez.

FAUSTINO: Ez dituzute ba orren erraz galduko. Jaungoikoaren gogokoak bai dira.

JULIAN: Zer Jaungoiko, ta zer sudur! Erri jakintsu ta aurrera juan nai duten guzietatik, bota dituzte ta.

FAUSTINO: Banaka batzuetatik, ta ez jakintsu ta aurreratutakoenetatik. Abek pozik ateak irikitzen dizkate gizon ta emakume adoretsu oieri.

JULIAN: Orain dala amar gizaldi agian ondo egongo ziran bañan orain...

FAUSTINO: Orduan ere orain bezela, ta gero izango diran bezela, Eleizgizon oien aurka, ta gorroto bizian, agertzen ziranak asko izango ziran; ez oietan dagolako errua, baizik beren bizikera garbi ta apalak gure nabarmenkeriak agertzen dizkigutelako. Sinistuko genduke, ta ukatuagatik sinisten degu, siniste auekin batean, galeraziko ez balizkiguteke gure aragizko zaletasunak, dolorezko kutiziak ta arrokerizko aundizkeriak.

JULIAN: Bai, gu gera oso... gaiztoak ta zuek oso... onak. (Iseka).

FAUSTINO: Gu ere ez onak, bañan gure okerrak eta bearrak ezagutzen dakigunak.

JULIAN: Zuek ezagutu? Egundaño ez. Esaidazu nik atzo ikusia ta zuk ere bai, an ziñan ta, ondo dagon.

FAUSTINO: Zer?

JULIAN: Lanik gabe, geldirik dauden langille talde baten aurretik zijuan praile gazte bat, bizkarretik zintzilik atze ta aurre janariz betetako pardel aundi bat zeramala. Ikusi zutenian, langille aietako batek esan zuen. «Begira zaiozute, itxura orretan gizona, gizon dana ibilli». Ta beste batek sutsu. «Guk aurrai aora eramateko ogi koskor bat ez, ta au dijua janariz beteta, bera ta beste asko, lanarik egin gabe, alperkerian dauden urdallak asetzera».

ANTONIO: Ederki esana.

FAUSTINO: Gaizki esana.

JULIAN: Gaizki e? Zer esan bear zion ba?

FAUSTINO: Ezer ez. Utzi gizonari bere bidean jarraitzen. Ura etzan iñortxorekin sartu, bere egipen neketsuetan zebillen.

JULIAN: Langille lanik gabe daudenen aurrean orrela juatea, zirikatzea da.

FAUSTINO: Tamalgarria da lan egin nai ta ez izatea, jateko lain ez otsazea, bañan geldirik dauden danak langilleak al dira? Len ere baziran lanik gabe bizitzen ziranak, ta esaten zitzaien alperrak. Orain oieri, lanik egin gabe jarraitzen duten oieri berari, esaten zaie lanik gabeak, ta kupitzen ditugu, lengo alperrak berak izanagatik.

JULIAN: Nik ez nituen langille aiek ezagutu.

FAUSTINO: Nik ere ez, erdaldunak baiziran, atzerrikoak. Emengoak ez dira oraindik onela nabarmentzen.

ANTONIO: Nik Juliani ematen ziot arrazoia. Gaurko egunetan duenak eztik nola nai agertu bear ezduenen aurrean. Gorrotoa sortzen dik.

FAUSTINO: Zer diok? Ire iritzi ori aurrera eraman da, begira akiok zer gertatuko litzaken. Osasun gabeko matrail zurbil baten aurrean ezingo ukek jarri osasuntsu musu gorri bat, argal baten aurrean sendo ta bikain bat, motel baten aurrean pizkorra, trakets baten aurrean liraña, beartsu baten aurrean aberatsa, gorroto biziz begiratu gabe.

ENRIKE: Urrutitxo zuaz, Faustino.

ANTONIO: Ta ain urruti.

JULIAN: Arrazoia ezin arkiturik. Ori beste gai bat da.

FAUSTINO: Zer nai dezu? Gose dagonaren aurrean ezingo dala jarri asetzeko daukana esatea?

JULIAN: Bai, praile ura bezela.

FAUSTINO: Bañan esaidazute. Nork geigo gosea ireki aziko du: ta nork zuen iritzietan, gorrotua sortu aziko du: praile gizarajo arrek ezkutuan zeramanakin, ala ostatu ta janetxeak erakusten dizkiguten janari ederrakin; ta salerosle guziak soma litzateken kutiziak gure begi aurrean jarriakin?

ANTONIO: Erakutsi gabe nola salduko dizkitek?

FAUSTINO: Erakutsi, ori dek, erakutsi ta ortan etziok gaitzik. Ez duenak alduenian jabetzeko asmo onak artu bear dizkik, ta bitartean iñor gorrotatu gabe, utzi dijoala bakoitza bere bidean, praile ura zijuan, ta juan zan bezela, agian langille arrotz aiek kutipuaz ta berazaz Jaunari arren egiñaz.

ANTONIO: Obe zikan arren baño pardela iriki ta zeramana eman bazien.

FAUSTINO: Etzikan berea ori egiteko. Bañan ik egin ezakek. Nork galeraziko dik? Eman zak, arkituko dek nork artua, lanik ez duten edo egin nai ez duten oietan.

ANTONIO: Ez diat nik, ordia, beti ezpañetan Jaungoikoa erabiltzen ta alkarganako maitasuna oiek bezela erakusten.

JULIAN: Zer edo zerkin estali bear dutelako, beren alpertasuna.

FAUSTINO: Nork nori! Zuk aieri alperra esan. Aste betean egiten duten lana zuk urte guzian egingo ez dezuta.

JULIAN: Ezta egin nai ere, aien lana.

FAUSTINO: Gauza izan bear.

JULIAN: Zure berriketak entzuteko ez; aspertu nazu.

FAUSTINO: Aspertu ez, mindu. Egia samiña izan...

JULIAN: Samiñak zure kirtenkeriak? ba, ba, ba... Banua; ez det onen aurrian egon nai.

ANTONIO: Asarre ez e!

JULIAN: Ez al ator?

ENRIKE: Oraindik ez. Eguerdi aldian agertuko nak zuen artean.

 

 

IRUGARREN IRUDIA

 

Antonio, Enrike ta Faustino

 

FAUSTINO: Ezertarako ez diran txotxolo abek nere onetik ateratzen naute. Zer egiten du mutil onek?

ANTONIO: Ondo mutil alaia da.

FAUSTINO: Jolaserako bakarrik etorriak bagiña ludi onetara bai, bañan geiagotarako gaude. Zertatik bizi da?

ENRIKE: Ez dakit. Alde guzietan agertzen da, jai guzietan aurrena da, nik dakidala txindi askorik ez du, bañan beti sortzen du.

FAUSTINO: Zeok emango diozute ta.

ENRIKE: Ez ez, gizonezkoak ez beñepin.

FAUSTINO: Orduan okerrago. Ta onelakoak... gizon zintzo... ta bear bezelakoentzak erabiltzen dituzten jardunak.

ENRIKE: Al baluke ba orrek, Eliza ta Elizako gauzak, azkar ondatuko lituke.

FAUSTINO: Ta i orrekin. Zergatik ibiltzen aiz? Ta barka nazazute galdeera. Edozeñek esango luke ni naizela etxe jabea.

ANTONIO: Baitzake bezela. Aspaldian nere lagunik aundiena aiz ta... Bakarriz al aiz?

FAUSTINO: Ez, emaztea ta illobarekin.

ENRIKE: Maritxu ere bai? (posturik).

FAUSTINO: Bai, barrenen dituk.

ENRIKE: Banua, barkatu.

ANTONIO: Ez uala onera zetoztik. (Datozela somatuaz).

 

 

LAUGARREN IRUDIA

 

Lengoak, Josefina, Matilde ta Maritxu

 

(Matilde ta Maritxu aurreratuko dira esku emanaz.
Gero Maritxu Enrike'rekin juango da eskui aldera
ta gañerakoak jarriko dira ezkerretan)
.

 

MATILDEeta MARITXU: Egun on.

ANTONIO: Egun on Matilde... Egun on, zerutxo.

MATILDE: Arratsaldian Baionara dijoazela ta laguntzeko esatera etorri dira.

ANTONIO: Ongi egingo dezu.

MARITXU: Atzo ezkero ondo?

ENRIKE: Txit gaizki orain arte. (Txit gaizki, oso nabarmen).

MARITXU: Ta orain?

ENRIKE: Txit ondo. (Txit ondo ere nabarmen).

MARITXU: Erraz sendatzeko gaitza zenduen nun bait.

ENRIKE: Zu ikusi utsak sendatzen duena. (Eseri biak).

MATILDE: Berrogeitamar urte omen ditu zure emazteak.

ANTONIO: Ez dakit. Ez dizkit neri beñere esaten.

JOSEFINA: Galdetzen al diazu?

ANTONIO: Emakumeari urteak galdetzea itsusia da.

JOSEFINA: Galdetu gabe ere badakizkitzu zenbat ditudan. Nun zeorrek ezkutatu nai ez dituzun.

ANTONIO: Bai, diruak bezela. Bankoan korrituan jartzeko.

FAUSTINO: Urteak ez, bañan urtearen buruan dirua bai, erruz jarri dek korrituan. Gogoratzen al aiz aroztegi txiki ura jarri ukanian, bi txanponekin?

ANTONIO: Bai, eorrek emanak. Ta amaika lan egiña nak, ta amaika burruka geroztik ere bai langilleakin.

FAUSTINO: Aspertu arte.

ANTONIO: Aspertu arte, arrazoi dek. Orregatik ez nikan nai nere semea ni bezela langilleakin ta lanakin burrukan ibiltzea, ta sendagille egin diat, iñortzaz beartu gabe ta bere lan utsarekin bizi dedin.

FAUSTINO: Bai, orren sedagilletza ta batez, berdiñak dituk. Bearrik ez.

JOSEFINA: Bearrak? Gaizki oitua! Aitak lañezez dana betea dauka. Ara alaba: ondo oitua izan arren, eusten dio lanari. Bere senarrak illian ekartzen dion diru apurtxuarekin moldatu bear du ta.

MATILDE: Ta iru aurrekin. Naiko lan badu.

ANTONIO: Ez ezkontzia zuen. Gustoko aldapan, nekerik ez.

FAUSTINO: Ondo senar ona dik da.

ANTONIO: Bai, bai... (Iseka abestuaz) Jaungoikoa... lege zarra... gora... ardo zarra...

ENRIKE: Nere aita asi da bere suiaren kaltez itz egiten.

MARITXU: Ezin ikusi du. Ta gizon zintzoa ta bear bezelakoa dalarik. (Altxatzen da Josefina, gero bezteak)

JOSEFINA: Ez dizutet erakutsi Andonitxok biali didan eskutitza.

ANTONIO: Antontxok...

JOSEFINA: Bai gizona bai... Antontxok. Atozte. (Danok juanaz).

MATILDE: Berdin ez da ba?

ANTONIO: Nere etxean ez da izen txororik. Anton edo Antontxo; ez Andoni.

 

 

BOSTGARREN IRUDIA

 

Enrike ta Maritxu

 

ENRIKE: Poz aundi bat artzen det zure ondoan egon utsarekin.

MARITXU: Beste geiago gabe?

ENRIKE: Ikusi utsarekin.

MARITXU: Ez dakit nola etorri naizen. Ez nuen asmorik, bañan entzun diodanian izebari zure amarengana zetorrela, utzi esku artean neukan lana, jantzi bereala, ta emen naukazu orain, Jaungoikoari eskerrak.

ENRIKE: Jaungoikoari ez, zure izebari.

MARITXU: Zu beti berdin. Jaungoikoarik ez balitz bezela, ta gure asmo, egite ta izate guziak beragandik sortuak ez balira bezela.

ENRIKE: Esan det, izebari eskerrak, gertaera bat gogoratuaz.

MARITXU: Izango da...

ENRIKE: Entzun. Mendi aldats batean zijuan gizon bat, ta alako batean oñak irrist egin ta jausi da mendian bera. Etzeukan zeri eutsirik, non gelditurik, galdua zan! amilka zijuan. Bañan larri artan somatu zuen urratzen ziola soin guzia sasi batek. Miñ artu arren eutsi dio sendo ta an gelditu da. Laguntzera etorri zaion batek dio: Jaungoikoari eskerrak gaur bizi zera! ta gizaxo arek esku odolduari begiratuaz dio: Jaungoikoari ez... sasi ari.

MARITXU: Jaungoikoak argitu, Jaungoikoak asmoa ekarri ta Jaungoikoak indarrak eman ez bazizkan etzan sasiari elduta geldituko. Asiera, izaera ta bukaera dana beregandik bai datorkigu.

ENRIKE: Gaur eskertu bearrean nago orduan. Zuri ere onera etortzeko asmoa berak sortuko zizulako.

MARITXU: Egia.

ENRIKE: Ez ordea nik ikusten ez dan Jaungoikoaren bearrik izan... Nere Jaungoiko, zeru, erregin ta jabea zu zeralako (limurki)

MARITXU: Etzazula ni bezelako emakume batengatik orrelako zorokerikik esan.

ENRIKE: Berriro entzun nai dituzu? (txit limurki).

MARITXU: Maitasunak itxutu egiten duela diote ta ala da.

ENRIKE: Itxu banego ez nituke edertasun oiek nere inguruan ikusiko.

MARITXU: Ez dituzu ikusten.

ENRIKE: Bañan bai somatzen.

MARITXU: Itxu-itxuan; ametsetan.

ENRIKE: Atsegiñak amets gozo abek, ene maitea!

MARITXU: Maitea!... Maite al nazu?

ENRIKE: Nola ez?

MARITXU: Maite al nazu maitasun egizkorraz?

ENRIKE: Baietz uste det.

MARITXU: Maitasuna zer da?

ENRIKE: Gaitza itzez agertzen, bañan erreza barrenen nabaitzen... Batzuek gizakunde zaletasun bat besterik ez dala diote.

MARITXU: Gizon ta emakumen alkarganako zaletasuna besterik ez? Orduan aberetxoen antzekoak gera.

ENRIKE: Bai, ta ez. Zaletasun orren gain gizonak asmo altxiagoak, ta iraunkorragoak jartzen ditulako.

MARITXU: Beti?

ENRIKE: Geienetan. Maitasun ori sendotzeko bai dira gañera ondasun geiago.

MARITXU: Ez beti agertzen diranak.

ENRIKE: Zeronek zenion bezela itxu xamar garai oietan ibiltzen geralako.

MARITXU: Ta elkar ezagutzen saiatzen ez geralako. Pozgiro ibiltzeagatik ez degu atsegin ez dan gauzarik ikusi nai.

ENRIKE: Egia. Ala ere ontasun asko erraz ikusten dira, ta zoriontsu izaten laguntzen dute; bat da, osasuna.

MARITXU: Ez da iraunkorra.

ENRIKE: Edertasuna.

MARITXU: Gutxiago.

ENRIKE: Aberastasuna.

MARITXU: Askotan kaltegarria. Bear ez diran maitasunak ta griña txarrak erraztutzen ditulako.

ENRIKE: Nola sortu orduan egizko maitasuna?

MARITXU: Begira. Nik bein irakurri nuen maitatzea zer zan, ta osoosorik bete ninduen. Maitatzea da opatzea bateri nai ditun ontasun guziak, ta alegiñak egitea ontasun oiek iritxi ditzan.

ENRIKE: Nola, nola? eztet ongi ulertu.

MARITXU: Erraza da. Ni zoriontsu izateko nai ditudan ontasun guziak, zuk neri opatzia... ta...

ENRIKE: Opatzen dizkitzudan bezela.

MARITXU: ... itxoin... ta zuk lan ta alegiñ guziak egin bear dituzu, nik oso osorik ontasun oiek izan artean.

ENRIKE: Bigarren zati orrek lanak baditu.

MARITXU: Agian aundiak, bañan bigarren au gabe aurrenekoa ezer ez da. Zer ez besteri opa, eragozpenak, lanak eta kalteak ekartzen ezpadizkigu? Bañan lan abek gabe, maitasunarik ez da agertzen. Askotan garratza izango dala, ziñesten det; bañan maitasunak ez al ditu ba garraztasun oiek gozatuko? Erderazko esaera batek, ongi agertzen du ori «Obras son amores y no buenas razones». Ez ezpain ertzeko agindu errazak, baizik lanak eta nekeak.

ENRIKE: Onela maite banazu zoriontsu ni!

MARITXU: Etzaitut oraindik onela maite, bañan onela naiko nuke nik maite... ta ni maitatzea... Ta zuk?

ENRIKE: Entzunaz, zoratuta naukazu, ta eztakit zer esan, bañan geitxo ez ote da eskatzen dezuna?

MARITXU: Al dana baño geigo ez.

ENRIKE: Bañan egin leiken guzia bai, naiz bere gogoko lana izan ez.

MARITXU: Maite badu, bestearen gogoa beria izango da.

ENRIKE: Ta bere kalterako balitz?

MARITXU: Ez litzake orduan ontasuna izango. Ontasuna irixteko alegindu bear da, ez kalterako dana.

ENRIKE: Nork daki, askotan, ontasuna ta kaltea non dauden?

MARITXU: Ondo alkartzen diraden bik obeko asma lezateke.

ENRIKE: Nik beñepin, laguntza bearko det, ez banaiz gauza bakarrik ezer egiteko.

MARITXU: Ta orrenbeste urteekin ori diozu! Mutil gazteari begiratzea, etzait beiñere egokia iruditu. Gizon egiñakin asitzia, beldurtzen nintzan, ta zu mall erdian zaudena itz egingo dezu mutiko baten antzera, ta zerorren buruaren jabe ez baziña bezela?

ENRIKE: Ez naiz ezertarako gauza. Neria, ala gurasoena, ez dakit norena dan errua, bañan ala da.

MARITXU: Ez dezazula ori esan. Gizon baten ezpañetan gaizki daude itz oiek. Danok gera gauza, gogoa jarri bear, bañan gogo sendoa.

ENRIKE: Maitasun sutsuren batek berotzen ez banua.

MARITXU: Garaiz zaude ba.

 

 

SEIGARREN IRUDIA

 

Lenguak eta Isabel

 

ISABEL: (Sartuko da bizi) Asketsi, galeraztera natorrela badakit, bañan presa det, etxeratu bearra naiz ta bereala, aurtxoak jaztera.

MARITXU: Aurrera Isabel, ez dizugu zer barkaturik. Txorakeri batzuek esaten ari giñan.

ISABEL: Biyak gai egon!

ENRIKE: Agian onek jakingo du. Galde egiozu maitasuna zer dan.

ISABEL: Maitasuna? Ez nuke jakingo esaten, bañan nik dakidana da, nere senar ta aurtxoen onagatik, arrastaka ibilliko nintzakela.

MARITXU: Nekeak ikaratu gabe?

ISABEL: Nekeak eta lanak bizkar gañean artuta.

MARITXU: (Enrikeri) Egizko maitasuna!

ISABEL: Enrike, zure gana nator, zure laguntza bear det aita gure alde jartzeko. (Maritxu altxa ta juanaz) nere gatik geldi zaitez, zure aurrean berdin esango diot.

MARITXU: Ez, sendiko berririk ez det nik zer jakiñik, barrura nua, an nabaitzen det zure mutiltxoa.

ISABEL: Bai Andoni'rekin naiz.

ENRIKE: Anton, badakizu aita asarretzen dala Andoni esanta.

ISABEL: Andoni ta Kepa orrentzako sugarriak dira.

ENRIKE: Zer dakartzu?

ISABEL: Nere senarrak irabazpide on bat iristeko egokiera dauka. Badakizu gizon ona ta langillea dala, ta alakotzat daukate dagon etxean, bañan illeroko alogera laburra da, ta nik dakit zer zintzo ibilli bear degun, zorrik gabe aurrera ateratzeko.

ENRIKE: Zergatik ez diozu aitari dirua eskatzen?

ISABEL: Badakizu nereganako borondaterik ez duela ta gañera ez luke nere senarrak txindik artuko. Aurrak jazteko amak ematen dizkidan txanpon batzuek artzen ditudalako ere, asarretzen da. Aberatsen umeak bezela jazten omen ditugu ta ez berak, lanetik irabazten duen langilleen antzera.

ENRIKE: Ez det zure senarra ulertzen. Nik eskatzen diot ba, ta eman bearko zer egingo nuke bestela?

ISABEL: Bai, kutizi guztiak zuretzako dira ta zuk nai dezuna bakarrik egiten du aitak; orregatik zuregana, gaur nator. Laister da emen nere senarra, ta etorri baño lenago aitari itz egin bear diozu ta gure alde jarri. Badakizu Jauregi'ren etxea, burni tratuan ibiltzen dana?

ENRIKE: Bai. Ta uste det irabazi ederrak egiten ditula.

ISABEL: Aundiak. Urte gutxitan aberastu da, ta ain aberats egon bear du nun dana utzitzeko asmoa artu duen. Bertako arazo duen batek nere senarrari esan dio, ta nola eskatzen dituen berrogei milla duro.

ENRIKE: Ta ez al dute bertan daudenak artu nai?

ISABEL: Pozik, bañan diru guzia erabat eskatzen du ta gizajoak ez daukate; orregatik nere senarrari itz egin diote ta nere senarrak orain diru ori bear. Txit irabazbide ona da, ta guretzat gañera zerutik balertorke bezela. Nere senarrak egingo du lana, gau ta egun, bear bada, ta bereala biurtuko dizka aitari orain aurreratuko dizkigun diru oiek. Zer diozu?

ENRIKE: Neretzako artuko nukela nik zure senarrak daukan lanerako gogoa.

ISABEL: Zergatik etzera saiatzen?

ENRIKE: Gauza izango ote nintzake?

ISABEL: Enrike, jarri zaitez nere senarrarekin, artzazute biok Jauregi'ren etxea.

ENRIKE: Ez da gaizki esana, bañan lana egin bear orrek ikara sartzen dit.

ISABEL: Nereak egingo du.

ENRIKE: Eztet nai. Zure senarrarentzat eskatuko diot.

ISABEL: Iritxiko dezu?

ENRIKE: Baietz uste det.

ISABEL: (Bi eskuekin elduaz) Eskarrik asko. Senarrarengana nua au poza eman bear diot!

ENRIKE: (Irteten ikuziaz) Anai arrebak. Guraso beren semeak! ta nork esan? Ori dan bizia ta saiatua ta ni naizen epela ta ezer eza.

 

 

ZAZPIGARREN IRUDIA

 

Enrike, Isabel, Antotxu ta Antonio

 

ISABEL: (Atzetik aurrera bialduaz) Antotxu, emaiok osabari muxu bat.

ENRIKE: Ator, Antotxu.

ANTONTXU: Egun on osaba.

ENRIKE: (Musutzen du, ta gero patrikatik pesta bat atera ta emanaz) To, gorde zak ixilik.

ISABEL: Ez gero ezer eman. Gaizki oitzen ari zerata.

ENRIKE: Ezer eman al diot ba nik? Ez dek egia nik ez diatela ezer eman? (Antontxuk eskuiko beatsetan agerian pesta daukala ezetz esaten du ezkerreko eskuarekin) ... gorde zak ba mutil...

ISABEL: Berriz ere esango du orrek osaba ona dala.

ENRIKE: Dan bezela...

ANTONIO: Bai, eman akiok, eztik nererik artuko, gaur ere erneatu niok. Jarri ezak ba Jesuiten martxa alu ori kantatzen Iñaxio... gure...

ISABEL: Orain ere onela al gera?

ANTONIO: Bai, ba, sartu etxean ta amonak esan diolako asiko den ba Iñaxio... gure...

ISABEL: Zer nai dezu ba aur batek abestutzea?

ANTONIO: Toreruen martxa nai baden, ori ez.

ISABEL: (Aurrari esku eman ta ateriaz) Guazen, guazen. Enrike, bakarrik zaudete, esan orain. Agur aita.

 

 

ZORTZIGARREN IRUDIA

 

Enrike ta Antonio

 

ENRIKE: Aita, presarik ez badezu eseri zaitea. Itz egin nai dizut.

ANTONIO: Emakume gaiaz?

ENRIKE: Ez lan gaiaz.

ANTONIO: Lan kontu ta ik, arritzekoa dek; entzun zagun.

ENRIKE: Ezagutzen al dezu Jauregi'ren etxea, burni tratuan aritzen danarena?

ANTONIO: Etxea ta bera. Ori Elorriokua dek berez. Faustino'ren oso laguna.

ENRIKE: Ba, utzi egin nai du. Aberastu da nonbait.

ANTONIO: Nor artua izango dek. Aberatsa ziok bai, seme alabarik ez dik, emaztea gaxo xamarra, ta alde egin naiko dik.

ENRIKE: Baliteke. Berrogei milla duroan saldu nai du.

ANTONIO: (Parrez). Ta ik artu nai al dek?

ENRIKE: Nik ez, Pedro'k.

ANTONIO: (Altxiaz) Arentzako badek alperrik ari aiz.

ENRIKE: Zergatik?

ANTONIO: Arentzako ardipat emango ez detalako. Alaba eramatea naikoa ez duela orain nere diruak nai al dizkik?

ENRIKE: Nola artuko du ba bestela?

ANTONIO: Nai duen bezela, nere diruakin ez.

ENRIKE: Begira, aita, utzi zagun orain alde batera dirua, ta ikusi zagun egoki dan ala ez artzia.

ANTONIO: Ik gauza oietan itzik ez dakik.

ENRIKE: Askorik ez egia, bañan...

ANTONIO: Alperrik ari aiz, nik etziyuat nere suiari ezer emango.

ENRIKE: Betikua... ta neri bai... dana... ta nere arrebaren senarrari ezer ez.

ANTONIO: I aiz nere izena daramana, nere ondorengoa.

ENRIKE: Arrek ere nere izena bera darama.

ANTONIO: Ago ixillik, alperrik ari aiz.

 

 

BEDERATZIGARREN IRUDIA

 

Lengoak, Faustino, Matilde, Josefina ta bukaeran Maritxu

 

FAUSTINO: Antonio, agur, bagiatzik.

ANTONIO: Ni ere baniak, itxoin zak (Ezkerretan dagon atetik juanaz)

ENRIKE: Aita entzun bear didazu. (bere atzetik sartuaz)

JOSEFINA: Bitartean eseri.

FAUSTINO: Berriz? Gaur ez gera etxeratuko.

MATILDE: Etxeratzian maia gertu egongo da, ez larritu.

FAUSTINO: Badakizu ez naizela egundaño otorduz larritzen.

JOSEFINA: Nere senarrari mai ona gustatzen zaio ba.

FAUSTINO: Nori ez. Josefina zoriontsuak zerate. Zure senarrak Elizanburu Sarako Koblakari ospetsuarekin esan lezake:

                «Badut andrea, badut semea,

                alaba ere badut nik,

                osasun ona batetik,

                ontasun aski bestetik,

                zer naiago det besterik.»

JOSEFINA: Bai... bai... ala da... (oso oldozkor)

MATILDE: Badiruri ezpetan esaten dezula.

JOSEFINA: Bai al da, ludi onetan, zoriontsu oso-osorik danik? Nork kezkaren bat ez du?

MATILDE: Bañan zuk?... (ixil aldi bat) Osasuna agian?

JOSEFINA: Ez, Jauna'ri eskerrak osasuntsua naiz.

MATILDE: Zer ba?

JOSEFINA: Nere semearen izaera.

FAUSTINO: Lan ez egite orrek badu bere kaltea.

JOSEFINA: Aundia bañan ez da ori geiena larritzen nauena. Asiko al da orain!

MATILDE: Zer du? Ixilpeko okerren bat?

JOSEFINA: Ez, ez, ondo agerikoa du. Ni samintzen nauena da bere Elizarako gogo txarrak.

FAUSTINO: Aitaren semea!

MATILDE: Ta bestea amaren alaba!

JOSEFINA: Egia, alabak nere alde jo duen bezela, semeak aitarenera ta ori ez gertatzeko nik alegiñak egin ditudalarik. Txiki-txiki tandik ikastola onenetan sartuaz, elizara neronek eramanaz, ta dana alperrik.

FAUSTINO: Etxean ordea beste gauzarik ikusten, ta badakizu «zer ikusi, ura ikasi». Aitak berera dana jarria dauka ta bere semetzaz txoratua dago. Ez du bere begietatik ez bada ikusten.

MATILDE: Gure illobak ez du lan erraza izango bere oitura ta Kristau sinismen onetan jartzen,

JOSEFINA: Asmo oiek al ditu? Poztutzen naiz.

MATILDE: Uste dezu bestela orrenbeste aurreratuko zanik.

JOSEFINA: Asieran, ezkongaietan, danok artzen ditugu asmo on oiek, agian gure adimenak ekartzen dizkigun eztabai garratzak aldentzeagatik; bañan gero, alkarren zaletasuna aunditzean, asmo oiek oztutzen dira, ta ikusi arren, garbi asko, senarra ez degula gure oituretara ekarriko ez degu utzitzen. Arkitzen ditugu ortarako arrazoi onak, edo onaren antzekoak, gure ezpa guziak uxiatzeko; gizon ona, agian ederra, asko maite gaituna, zer nai... ta atzenez lasaitzen gera oldoztuaz, ezpada ere zuzentzen, ez degula guk errurik izango, ez degulako guk okertu.

MATILDE: Bai, ala da. (Sartzen da Maritxu. Entzuten dio Josefina'ri aurrena arriturik ta ondoren barren-samiña agertuaz, ta ixil-ixilik eskui aldera juango da).

JOSEFINA: Bañan nik orduan somatzen ez nuena, ta gazteak geranean ikusten ez deguna da, gu, alkartzearekin, ezkontzearekin, sendia izateko gaian jartzen gerala, ta emen dago nere samintasunaren iturria. Semea nerea da, nik sortua, nere senarraren gandik, ta nik, Jaunaren aurrean, aski izango al det senarra zuzentzeko asmoa ba nuela esanakin arren bitartez sortutako semea Elizako lege pean eramaten jakin ez badet? Gure soin asmo guziak betetzeagatik bai al degu emakumeak aurrak sortzeko eskubidea?

MATILDE: (Ixil aldi labur ta neketsu bat) Zuk alegiñak egin dituzu. Ez det uste Jaunak geigo eska lezakenik.

 

 

AMARGARREN IRUDIA

 

Lengoak Antonio, Enrike ta Pedro

 

ANTONIO: (Gelatik Enrike'rekin ateriaz) Guazen Faustino. (Enrike Maritxu gana)

PEDRO: Egun on danori.

DANOK: Egun on.

PEDRO: Egun on ama.

JOSEFINA: Egun on Pedro.

ANTONIO: (Juan naian) Guazen, guazen.

PEDRO: Esan al diok?

ENRIKE: Bai.

PEDRO: Ta.

ENRIKE: Alperrik.

PEDRO: (Antonio geldituaz) Aita itz egin nai nizuke.

ANTONIO: Orain ez, baniak.

PEDRO: Juango zera, nik ere bereala juan bear det. Elkarrekin juango gera.

ANTONIO: Orduan bidean itz egingo diagu.

PEDRO: Bidean ez. (Legor)

MARITXU: (Osaba'ri) Guazen gu, itz egin bearra dute ta.

FAUSTINO: Guazen bada. Antonio, geldi ari, gu bagiatzik.

ANTONIO: Ez, ez.

FAUSTINO: Geldi ari mutil. (Danok irten)

 

 

AMAIKAGARREN IRUDIA

 

Antonio ta Pedro

 

PEDRO: Enrike'k esan dizula badakit.

ANTONIO: Bai.

PEDRO: Enrike'k ez dakiena da azkenengo urteetan etxe orrek izan ditun irabaziak. Amar milla duro urteko. Berrogei milla duro eskatzen ditu; lau urtean osatuak dakaizkit. Ez det ardipat neretzako artuko. Len bezela jarraituko du nere sendiak ta urteroko irabaziak oso-osorik emango dizkitzut orain aurreratuko didazunaren alde.

ANTONIO: Bañan zer uste dek ik. Berrogei milla duro onela, nola nai ematen dirala?

PEDRO: Nola nai? Or baño obeto nun jarri dirua?

ANTONIO: Ondo, ire eskuetan?

PEDRO: (Ezpañak estutuaz) Nere eskuetan bai, ta baietz diot esan nezakelako. Nere izaerak, lanak ta gizontasunak ori esateko eskubidea ematen didatelako.

ANTONIO: Orrenbestean ire izena badaukak topatuko dek dirua.

PEDRO: Etxean izan ta besteari eske asi bear det? Zer esango dute guregatik?

ANTONIO: Neri bestearen esanak etziatek ajolarik ematen.

PEDRO: Neri bai. Aita, neregatik ez bada zeronen alaba ta billobagatik egin zazu. Etzaizu damutuko. Aien onarengatik nabil. Oitua nago lanian, aunditasunerako ametsik ez det, etzait ba neri gogorra arkitzen orain daramadan bizikera; gogoratuaz, ordea, nere emazte, ta nere aurtxoaz, illuntzen zait adimen guzia ta sortzen zaizkit beste oldozpen txar asko... Ez dizkidazu diru oiek ukatuko, zerorren alaba ta illobarentzat dira ta.

ANTONIO: Bai, bañan i bitarteko agola, ta ori eztiat nai.

PEDRO: Arzazu bada zeorrek, ta nik lana egingo det.

ANTONIO: Nere lan guziak utzi ditudanian, azkenengo urteak pakean bizitzeagatik uste al dek orain berriro sartuko naizela lanetan?

PEDRO: Lana nik egingo det.

ANTONIO: (Juan naian) Alperrik abil. Eztiat nai.

PEDRO: Ta Enrike'k nai balu?

ANTONIO: Ura gauza ez dek.

PEDRO: Ezkontzeko asmoetan da, ta zer edo zertan asi bearko du.

ANTONIO: Etzakela buru austerik ibilli arrek egin bear dunarekin.

PEDRO: Biyok.

ANTONIO: Ez biyok ta ez bakarrik, batere ez; utzi idazute neri pakean, buru auste ta lan berririk ekarri gabe, ta... naikoa itz egin diagu... Baniak.

PEDRO: Aita.

ANTONIO: (Juanaz) Zer aita, ta aita ondo...

PEDRO: Isabel gajua! Zer egin zenduen nerekin ezkontzearekin!

OIALA.

 

aurrekoa | hurrengoa