|     57 zenbakia, 1983ko martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


II EKITALDIA

 

 

I KOADROA

 

(Pantalon de Bisognosiren etxeko patioan)

 

SILBIO: Aita, uzteko erregutzen dizut.

DOKTOREA: Zaude eta erantzuidazu.

SILBIO: Neure senetik irtenda nago!

DOKTOREA: Zertan ari zara Pantalon jaunaren atarian?

SILBIO: Bere hitzari eustea eta egin didan irain larriarengatik kontuak errendatzea nahi dut.

DOKTOREA: Ez da komenigarri haren etxean egitea. Suminari kasu egiten badiozu zoroa zara.

SILBIO: Gaizki tratatzen gaituenak ez du errespetorik merezi.

DOKTOREA: Egia da, baina ez dugu bururik galdu behar. Utz ezazu nire kontu. Utzidazu hitz egiten, Silbio maitea; baliteke argi egin eta bere eginbeharraz jabetzea. Oraingoz alde egin eta itxaroidazu. Zoaz hemendik! Ez dugu iskanbilarik sortu behar! Neuk itxarongo diot Pantalon jaunari!

SILBIO: Baina nik, aita...

DOKTOREA: (Etenez) Baina nik seme, obeditzea nahi dut...

SILBIO: Ongi da: obedituko dizut. Alde egingo dut. Hitzegiozu. Botikarioaren etxean itxarongo dizut. Baina Pantalon jaunak ez badu amore ematen, nirekin konponduko beharko du (Badoa)

DOKTOREA: Seme gaixoa! Erruki diot! Pantalon jaunak ez zion haizerik eman behar torinotarraren heriotzaz aurretik ziur egon gabe. Ea baretzen den... ez nuke nahi suminarengatik burua galtzerik.

PANTALON: (Iritsiz, aparte) Zer dabil Doktorea nire etxean?

DOKTOREA: (Ikustean) O! Pantalon jauna! Agur zuri!

PANTALON: Zure esanetara, Doktore jauna. Oraintxe nentorren, hain zuzen, zure eta zure semearen bila.

DOKTOREA: Bai? Pozten naiz... Klarisa eta Silbioren arteko ezkontza berrestera zentozen nonbait gure bila.

PANTALON: (Nekez hitzeginez) Ez, zera esatera nentorren...

DOKTOREA: (Gordez) Ez, ez duzu zeure burua zuritu beharrik. Ulertzen dut zer egoeratan aurkitu zinen. Dena barkaturik dago adiskidantza onaren izenean.

PANTALON: (Beti hitztotelka) Jakina... Federiko Jaunari... emandako hitza... kontuan hartuz... (Geldituz)

DOKTOREA: (Esaldiari jarraituz) ... eta besteak ustekabean harrapatu zaituelarik, ez duzu astirik izan ausnartzeko eta gure izenari egin diozun irainaz jabetzeko.

PANTALON: Tira... ez dago iraina izan dela esaterik beste kontratu bat...

DOKTOREA: (Etenez) Ba dakit zer esan nahi duzun. Badirudi, lehen begiratuan, torinotarrari egindako promesa hautsiezina zela, batez ere tratu baten bitartez erabaki zelako. Baina komenio hura zure eta haren artekoa zen, eta gurea, berriz, neskatilak berak berretsi du.

PANTALON: Egia da, baina...

DOKTOREA: Eta jakin ezazu ezkontza gaietaz: «consensus et non concubitus facit virum».

PANTALON: Nik ez dut latina ulertzen, nik esan nahi dizut...

DOKTOREA: (Etenez) Neskatilei ez zaie hegalik moztu behar.

PANTALON: (Haserre samar) Zerbait gehiago esatekorik ba al duzu?

DOKTOREA: Nire ustez, dena esanik dago.

PANTALON: Bukatu al duzu?

DOKTOREA: Bukatu dut.

PANTALON: Hitz egin dezaket?

DOKTOREA: Hitzegin ezazu.

PANTALON: Doktore maitea, zure dotrina...

DOKTOREA: (Berriz etenez) Dote kontuan, iritsiko gara akordio batera: txanpon batzuk gorabehera ez gara eztabaidan hasiko.

PANTALON: Goazen berriro abiapuntura! Hitzegiten utzi nahi al didazu ala ez?

DOKTOREA: Hitzegizu! (aparte) Beti berak hitzegiten du!

PANTALON: Zure teoria ona eta bikaina dela esaten dizut, baino kasu honetan ez duela ezertarako balio.

DOKTOREA: Eta zuk ontzat emango al zenuke gisa horretako ezkontza bat?

PANTALON: Konpromisu honetatik ihes egiterik ez dut!... Nire alaba ados dago. Zer eragozpen dago orduan? ... Eta zure bila edo Silbio jaunaren bila nindoan, hori esateko. Nahigabe handia da niretzat, baina ez diot irtenbiderik ikusten.

DOKTOREA: Zure alabak ez nau harritzen. Zuk harritzen nauzu, horren gaizki nirekin portatzen zaren horrek. Federiko jaunaren heriotzaz ziur ez bazeunden, ez zenion nire semeari ezkonitzik eman behar, eta berarekin hitzemanik bazaude, hitz horri eutsi egin beharko zenioke kosta ahala kosta.

        Klarisa anderearen eta nire semearen artean, gaur goizean coram testibus ospatu den hitz ematea ezin daiteke hauts zuk beste bati emandako hitz soil batez. Pantalon jauna, gogoan izan niri egin didazula hau... Lombarditarren familiari! Iritsiko da ordua seguraski honen ordaina itzuli beharko didazuna! Bai, helduko da ordua! ...

        Omnia tempus habent (Badoa)

PANTALON: (Bakarrean) Zergatik ez ote zoaz... antzarrak perratzera? Bost axola niri eta ez naiz zure beldur! Rasponitarren familia estimagarriago zait ehun Lombarditar familia baino. Nekez aurki daiteke modu honetako seme bakar eta aberatsik! (Silbio ikusiz, aparte) Orain bigarren saioa!

SILBIO: (Zakar) Zure zerbitzari, jauna.

PANTALON: Agur zuri (Aparte) Su ta gar dator!

SILBIO: Aitak esan dit zerbait. Egiatzat hartu behar al dut?

PANTALON: Aitak esan badizu, egia izango da.

SILBIO: Orduan, Klarisa anderea eta Federiko jaunaren arteko ezkontza burutu egingo al da?

PANTALON: Bai jauna, gauza egina da eta kitto.

SILBIO: Ausardia horrekin esateak harritzen nau. Hitzik... eta ohorerik gabeko gizona zara!

PANTALON: Zer diozu, jauna? Honela tratatzen al duzu nire adineko gizon bat?

SILBIO: Ez dakit zerk eusten didan zu alderen-alde ezpataz zulatzetik!

PANTALON: Ez naiz oilo bat, jauna! ...Nolatan zatoz nire etxera kukurruku jotzera?

SILBIO: Zatoz nirekin kanpora!

PANTALON: Txunditurik uzten nauzu, jauna.

SILBIO: Zatoz nirekin, ohoreko gizona baldin bazara!

PANTALON: Nire mailako gizonari errespetoa zor zaio!

SILBIO: Bilaua, doilorra, zirtzila halakoa!

PANTALON: Ausartegia zara!

SILBIO: (Eskua ezpataratuz) A, alajainkoa!

PANTALON: (Pistola hartuz) Lagundu!

BEATRIZ: (Ezpata eskuan duela dator, Silbiori aurpegi emanez; Pantaloni) Hemen nauzu, defendatzera etorria!

PANTALON: (Beatrizi) Lagunidazu, suhi maitea.

SILBIO: (Beatrizi) Zurekin burrukatu nahi nuen hain zuzen!

BEATRIZ: (Aparte) Sortu da espero nuen iskanbila!

SILBIO: (Beatrizi) Goardian!

PANTALON: (Beldurrez) A! suhi maitea...!

BEATRIZ: (Bere ezpata Silbiori erakutsiz) Ez da erronka egiten didaten lehen aldia. Prest nago! Ez naiz zure beldur!

PANTALON: Lagundu! Ez al dago inor ala?

        (Kalerantz lasterka) Beatriz eta Silbio burrukan. Silbiok, erori eta ezpatari jaregin. Beatrizek berearen punta jartzen dio bularrean. Klarisa dator.

KLARISA: (Beatrizi) Ene galdua! Geldi zaitezte!

BEATRIZ: Klarisa eder hori, zure ohorez barkatuko diot bizia Silbiori, eta zuk, esker onetan, gogoan izan zin egina. (Badoa)

KLARISA: (Silbiori) Ongi al zaude, laztan hori?

SILBIO: A, azpisuge malapartatua!

KLARISA: Ez, Silbio, ez dut merezi zure akarrik! Maite zaitut, adoratzen zaitut, leiala nauzu!

SILBIO: Gezurti alena! Beste bati ezkonitza ematea al da leialtasuna?

KLARISA: Zu utzi baino lehenago hil egingo naiz!

SILBIO: Oker ez baldin banago, zinez loturik zaude Federikori.

KLARISA: Zin horrek ez nau behartzen ezkontzera.

SILBIO: Zer zinpetu duzu, orduan?

KLARISA: Uler ezazu, Silbio maitea: ezin diezazuket esan.

SILBIO: Nori zin egin diozu isilitza?

KLARISA: Federikori.

SILBIO: Eta ez duzula maite diozu?

KLARISA: Maite ez bazintut, ez nintzatekeen etorriko lasterka zuri laguntzera. Bihotz-bihotzez maite zaitut!

SILBIO: Bihotz-arimaz gorroto zaitut!

KLARISA: Hilko naiz baretzen ez bazara!

SILBIO: Nahiago zintuzket hilik ikusi hitza jaten baino.

KLARISA: Honenbesteko gaitza opa al diozu zeure Klarisari?

SILBIO: Zerorrek behartu nauzu errukigabea izatera!

KLARISA: Beraz, heriotza opa didazu? Emango dizut gusto hori! (Ezpata-muturra bularrera zuzenduz)

ESMERALDINA: (Lasterka etorri eta arma kentzen dio) Geldi! Zertara zindoazen? (Silbiori) Eta zuk, eskerbeltzeko horrek, hiltzen utziko al zenuen? Zer tigre, lehoi edo deabru-bihotzen jabe zara? Begiratu ongi dohakabe gizajo honi, beronengatik emakumezkoak hiltzeko prest daude-ta.

        (Klarisari) Zu bai zarela ona! Ez al zaitu maite honez gero? Maite ez zaituenak, ez zaitu merezi. Daramala deabruak doilorkume hau eta zatoz zu nirekin, gizonezkorik ez baita falta. Ilunabarrerako baietz aurkitu dozena bat!

 

(Ezpatari erortzen uzten dio eta Silbiok hartzen du)

 

KLARISA: (Negarrez) Eskerbeltz hori! Litekeena ote da gero nire heriotzak hasperen bat ere ez ateraraztea? ...Ai, minaren minez hilko naiz! Hilko naiz! Emango dizut poz hori! ... Baina egunen baten egiztatuko duzu nire errugabetasuna eta orduan berandu izango da. Ez sinestu izanaz damuturik, nire zorigaitza eta zeure basatikeria bihozkabeagatik negar egingo duzu! (Badoa)

ESMERALDINA: Hauxe bai ez dudala ulertzen: bere burua hil nahi duen neskatila bat ikusi eta bertan geratzea, teatrosaio bati begira balego bezala.

SILBIO: Zoraturik zaude! Benetan egin nahi zuela uste al duzu ala?

ESMERALDINA: Nik dakidana hauxe da: ni garaiz heldu izan ez banintz, gaixo hori hil egingo zela.

SILBIO: Puntu-puntuan heldu zara... baina ezpata oraindik bularretik urrun zegoen.

ESMERALDINA: Nolatan urrun? Milimetro bat gehiago eta odoletan zegoen.

SILBIO: Zuek, emakumeok, itxurak egiten besterik ez dakizue.

ESMERALDINA: Bai, zu bezalakoak bagina! Esaera zaharrak dioena: zozoak beleari ipurbeltz. Emakumeok dugu leialtasuna gordetzen ez dakigun fama baina gizonezkoek gehiago ezinean hausten duzue. Emakumeei buruz esamesak eta zeuen buruez tutik ez. Guretzat mormorrak eta zuentzat barkazioa. Ba al dakizu zergatik? Gizonezkoak direlako legegileak; emakumeek egin izan balituzte, beste oilar batek joko luke kukurruku! Nik agindu behar banu, gizonezko desdeial guztiei zuhaitz-adar bat eramaneraziko nieke eskuan, eta orduan bai bihurtuko liratekeela herri guztiak baso. (Badoa)

SILBIO: Bai, Klarisa hitzgabekoa da eta zin baten aitzakiarekin egia itxuraz gorde nahi du, azpisuge bat da, eta min honen azalpena ni engainatzeko bakarrik izan da berataz errukitu nendin baina nire ordainketa behin ere ez dut ahaztuko; egunen batean neure etsaia aurkitzen badut, giza-etsai hori hilko dut, eta horrela odol hartan Klarisak bere amodiozko fruitua ikusiko du.

 

 

II KOADROA

 

(Ostatuan, atzekaldean bi ate dituen aretoa eta alboetan beste bi)

 

TRUFALDINO: (Bakarrean) Hau zorigaitza nirea! Bi nagusietatik bat ere ez da etorri oraindik bazkaltzera... Badira bi ordu eguerdiaz gero eta inor ez da agertu. Gero biak zerbitzatu behar aldi berean eta han azalduko da morokila (zelatan) Ixo, ixo, hor dator bat. Gaitzerdi!

FLORINDO: Eta, Paskual aurkitu al duk?

TRUFALDINO: Ez al dugu esan, jauna, bazkalondoan bilatuko nuela?

FLORINDO: Urduri nago.

TRUFALDINO: Lehentxoago etorri behar zenuen bazkaltzera.

FLORINDO: (Aparte) Beatriz hemen dagoela jakiteko modurik ez dut aurkitzen.

TRUFALDINO: Bazkaria aginduerazi eta berriro aldegin duzu. Horrela ez dago burutzerik!

FLORINDO: Oraingoz ez dut jateko gogorik (aparte) Postetxera joan beharko dut. Neu joango naiz. Aurkituko dut agian zerbait.

TRUFALDINO: Jakin ezazu, jauna, herri honetan beharrezkoa dela jatea, eta jaten ez duena, gaixotu egiten dela.

FLORINDO: Presazko arazo batengatik irten behar diat. Garaiz itzultzen banauk, bazkalduko diat; bestela, berriz, gauean jango diat. Hik, nahi baduk, eska ezak bazkaria.

TRUFALDINO: Ene, jauna, besterik ez genuen behar! Jakina ba... agintzen baduzu... holaxe egingo da, horretarako bait zara nagusia!

FLORINDO: Diru honek traba egiten zidak. To, uztak kutxan! (Diru-poltsa eta giltza ematen dizkio) Hemen duk giltza.

TRUFALDINO: Ederki, jauna: berehalaxe ekarriko dizut giltza.

FLORINDO: Ez, ez. Gero emango didak.

TRUFALDINO: Gaitzerdi jateko esan didanean! Hauek bestelako kontuak dituk! ... Berak jan nahi ez badu, hor konpon! Barauak eta biok bihurri hartzen dugu elkar. Poltsa hau gordetzera joan eta gero...

 

(Irtetera doa).

 

BEATRIZ: (Heldu eta deiaz geldierazten du) Aizak, Trufaldino!

TRUFALDINO: (Aparte) Mila deabru!

BEATRIZ: Pantalon Bisognosik ez al dik eman niretzat poltsarik ehun dukatekin?

TRUFALDINO: Bai, jauna.

BEATRIZ: Zergatik ez didak eman orduan?

TRUFALDINO: Zuretzat al zen ba?

BEATRIZ: Nola gero niretzat al zen? Zer esan zian poltsa ematerakoan?

TRUFALDINO: Neure nagusiari emateko.

BEATRIZ: Ongi, eta nor duk hire nagusia?

TRUFALDINO: Zu, jauna.

BEATRIZ: Eta zergatik galdetzen duk poltsa nirea al den?

TRUFALDINO: Orduan, zurea izan beharko.

BEATRIZ: Non duk?

TRUFALDINO: (Emanez) Hara, jauna.

BEATRIZ: Ezer falta al dik?

TRUFALDINO: Nik ez diot ukiturik egin, jauna.

BEATRIZ: (Aparte) Gero zenbatuko dut.

TRUFALDINO: (Aparte) Neuk hondatu dut ia neure burua! Eskerrak konpondu dudanari! Baina, zer esango ote du besteak? Ba! berea ez bazen, ez dik ezertxo ere esango!

BEATRIZ: Ostatu-jabea hemen al duk?

TRUFALDINO: Bai, jauna.

BEATRIZ: Esaiok adiskide batekin bazkalduko dudala. Presta dezala lehenbailehen mahaia.

TRUFALDINO: Zer jan nahi duzu? Zenbat jaki eskatuko ditut?

BEATRIZ: Pantalon Bisognosi jauna ez duk mizkea. Bospasei jaki presta ditzala, baina gozoak, gero.

TRUFALDINO: Dena nire esku uzten al duzu?

BEATRIZ: Bai, herorrek hautatu, ea nola moldatzen haizen! Adiskidearen bila nioak, hurbil bizi duk. Ea dena prest dagoen gu itzuli orduko (Jatetxera doa)

TRUFALDINO: Orain ikusiko duzu zer den ongi zerbitzatzea!

BEATRIZ: (Gelditu eta paper bat luzatuz) Uztak paper hau nire kutxan. Kontuz gero, ganbio-letra bat duk, lau mila ezkutu balio duena.

TRUFALDINO: Ez ikaratu; bapatean gordeko dut.

BEATRIZ: Bazkariaren gain-gain egon (Aparte)

TRUFALDINO: Lehengo aldiz agindu dit nagusiak bazkaria, eta sor ta lor utzi behar dut. Paper hau gordeko dut eta gero... tira, gero eramango dut: ez dut denborarik galdu nahi (Teloi arteetara) Eupa! Etxekook! ... Ez al dago inor? Deitu Micer Brigelari! Hitz egin nahi diodala! ... Otordu ona ez da jakia bakarrik; itxura ona behar du eta jakiak berak baino ere garrantzi handiago du honek.

BRIGELA: (Sartuz) Zer duzu, Trufaldino jauna? Zer nahi duzu?

TRUFALDINO: Nire nagusiak adiskide batekin bazkaldu behar du. Birentzat mahaia presta dezazun nahi dut. Behar duzunik ba al duzu?

BRIGELA: Nire etxean denetarik dago. Edozer otordu presta dezaket orduerdian.

TRUFALDINO: Primeran! Esaidazu zer egingo duzun!

BRIGELA: Bi lagunentzat... launa jakitako bi zerrenda prestatuko ditugu. Nahikoa derizkiot.

TRUFALDINO: Bospasei jaki nahi dituela esan du, beraz zazpi-zortzi ez dago batere gaizki... Zer jaki izango dira?

BRIGELA: Lehen zerrenda zopa, pasta, frijituak eta frikando bat sartuko ditugu.

TRUFALDINO: Azken hori ez dakit zer den.

BRIGELA: Jaki frantsesa: gixatu bat. Janari zoragarria!

TRUFALDINO: Oso ongi! Lehen zerrenda primeran dago. Eta bigarrena?

BRIGELA: Zera... arraina, okela labean egina, entsalada eta budin krematsua.

TRUFALDINO: Hemen ere bada ezagutzen ez dudan zerbait. Zer da «botin» hori?

BRIGELA: «Budina» esan dut... jaki ingelesa. Ezpainak miaztekoa!

TRUFALDINO: Tira, honi ere ongi derizkiot. Eta nola jarriko ditugu jakiak mahaian?

BRIGELA: Erraza da. Kamarariak egingo du dena.

TRUFALDINO: Ez, adiskidea, puntu honek kezkaturik nauka. Mahiaren itxurak asko esan nahi du.

BRIGELA: (Jakiak ordenatzeko egintza minatuz) Zera jarriko dugu, esatebaterako... hemen zopa... eta hemen frijituak... eta hemen pasta eta hemen frikandoa!

TRUFALDINO: Ez, ez nau betetzen. Ez al duzu ezer jarriko erdian?

BRIGELA: Bost jaki beharko genituzke horretarako.

TRUFALDINO: Ba... bost jaki prestatu!

BRIGELA: Badakit! Pastarentzako saltsa jarriko dugu erdian.

TRUFALDINO: Barkatu baina honetaz ez duzu piperrik ulertzen. Nola jarriko duzu ba, saltsa erdian...! Zopa doa erdian.

BRIGELA: Orduan... alde honetan pasta jarriko dugu eta bestean saltsa...

TRUFALDINO: Tira, tira! Zuek, ostalariok, sukalketan badakizue, baina zerbitzatzen arrastorik ez! Nik erakutsiko dizut! (Belaunikatu eta zorua seinalatzen du). Kontu egizu hau dela mahaia... (Ganbio-letrari zati bat kendu eta erdian platera ipiniko balu bezala egiten du) Ongi begiratu nola banatu behar diren bost jakiok. (Gauza bera egiten du, beste paper zati bat puskatu eta alboan jarriz) hemen pasta... (Gauza bera egiten du aurrekaldean beste zati bat ipiniz). Alde honetan frijituak... (Beste bi paper-zatitxoz, bost sakien irudia osatzen du) Hemen saltsa, eta hemen ezagutzen ez dudan jaki hori, (Brigelari) Zer derizkiozu? Ongi dago honela, ezta?

BRIGELA: Ongi dago, bai, baina saltsa hori pastatik urrunegi dago.

TRUFALDINO: Ikusiko dugu zer egin zerbait hurbiltzeko...

BEATRIZ: (Itzuliz) Zertan hago belauniko, Trufaldino?

TRUFALDINO: (Zutituz) Mahaiaren aurkezpena pentsatzen ari nintzen.

BEATRIZ: Zer paper duk hau?

TRUFALDINO: (Aparte) Arranoa! Ganbio-letra da!

BEATRIZ: Nire ganbio-letra duk!

TRUFALDINO: Barkatu. Berriro itsatsiko ditugu.

BEATRIZ: Alproja hori! Horrela zaintzen al dituk nire gauzak... hainbeste balio duten gauzak? Jota txikituko haut! Zer derizkiozu, Pantalon jauna? Txatxukeria handiagorik egin litekeenik ere!

PANTALON: (Beatrizekin heldurik) Egia esateko, barre egitekoa da. Erremediorik izan ez balu, gogorra izango zen, baina beste bat emango dizut eta kito!

BEATRIZ: Eta berdin egingo zuen ganbio-letra urrunetik etorria izan balitz ere! Kaiku hori!

TRUFALDINO: Brigelak mahia apaintzen ez dakielako gertatu da dena.

BRIGELA: Gauza guztiei ikusten die akatsa honek...

TRUFALDINO: Nik badakit gauzen berri eta...

BEATRIZ: (Etenez) Alde hemendik!

TRUFALDINO: Dekorazioa ezer baino...

BEATRIZ: (Lehen bezala) Aldegiteko esan diat!

TRUFALDINO: Dekorazio-gaietan ez dago niri eramango didanik! (Badoa)

BRIGELA: Ez dut ulertzen gizon hau. Batzutan maltzurra da eta beste batzutan zozo hutsa.

BEATRIZ: Zozoarena egiten du alproja horrek (Brigelari) Tira, zer emango diguzu bazkaritan?

BRIGELA: Bakoitzak bost jaki desberdin nahi izanez gero, asti piska bat beharko dut...

PANTALON: Zer da bakoitzarentzat bost jakiren kontu hori? Hau ia senide-arteko bazkaria da. Bi mokadurekin nahikoa da. Ni ez naiz aseezin horietakoa.

BEATRIZ: (Brigelari) Entzun duzu? Egizu esan duena.

BRIGELA: Ederki, baina zerbait berezirik nahi izanez gero, esatea gustatuko litzaidake.

PANTALON: Niretzat almandogilarik balego, hortzak koloka baititut... Gogoz jango nituzke.

BEATRIZ: (Brigela) Entzun al duzu? Almandogilak.

BRIGELA: Nahia beteko zaizu. Areto hartan eser zaitezte, neronek zerbitzatuko dizuet.

BEATRIZ: Esaiozu Trufaldinori kontu egitera etortzeko.

BRIGELA: Esango diot, jauna (Badoa)

BEATRIZ: Emango digutentxoaz nahikotu beharko duzu.

PANTALON: Harritzen nauzu, jauna. Nigatik hartu dituzun nekeak gehiegizkoak dira. Nik zugatik egin behar nuena ari zara egiten nigatik. Baina badakizu: nire alabarengatik da. Dena konpondu bitartean, hobe duzue elkarrekin ez egotea. Burua piskatxo bat arintzearren onartu dut zure gonbidapena. Oraindik beldurrez ikaran nago. Zu izan ez bazina, lotsagaldu horrek garbituko nindukeen.

BEATRIZ: Pozten nau garaiz iritsi izanak.

 

(Morroiek mahai prestatzeko beharrezko guztia daramate aretora, Brigelaren aginduz: kopak, ardoa, ogia etab.)

 

PANTALON: Ongi bizkorra da gero ostatu honetako jendea!

BEATRIZ: Brigela oso gizaseme prestua da. Torinon handiki baten zerbitzari izana da eta oraindik soinean darama morroijantzia.

TRUFALDINO: (Zopa-ontzia eskuan dakarrela) Sar zaitezkete. Berehalaxe zerbitzatuko dizuet.

BEATRIZ: Aurreratu eta zopa zerbitzaiguk.

TRUFALDINO: (Zerimoniati) Zuk esan bezala, jauna.

PANTALON: (Beatrizi, gelara doazen bitartean) Bitxia da zure zerbitzari hori... goazen.

BEATRIZ: Nahiago nuke haize gutxiago eta arreta gehiago balu. (Pantalonekin doa).

TRUFALDINO: Hauek dira moduak, jauna! Nolanahiko jaki bat edonola zerbitzaturik! Hori da dirua xahutzea! ...Zopa ona dagoen jakin nahiko nuke. Dastatu egingo dut. (Sakeletik ateratako goilare batez dastatzen du zopa) Nik beti prest izaten ditut armak... Kontxo! Ez dago gaizki! Okerragorik jan izan dut... (Gelara doa)

MORROIA: (Agertuz) Noiz hator jakien bila?

TRUFALDINO: (Beste gelatik) Hemen nauk, adiskidea. (Agertuz) Zer ematen didak orain?

MORROIA: Okela. Hurrengoaren bila nioak. (Badoa)

TRUFALDINO: Idikia ala txahalkia ote da? Idikia esango nuke... Ea zer moduzkoa dagoen (Dastatuz) Ez idiki eta ez txahalki. Ahuntxumeki samur-samurra da!

 

(Beatrizen gela aldera doala, Florindorekin topo egiten du).

 

FLORINDO: Nora hoa?

TRUFALDINO: (Aparte) Ai ene! Galdua nauk!

FLORINDO: Nora hoa plater horrekin?

TRUFALDINO: Mahaia jartzen ari naiz, jauna.

FLORINDO: Norentzat?

TRUFALDINO: Zuretzat, jauna.

FLORINDO: Eta zer dela-ta ni heldu baino lehen?

TRUFALDINO: Leihotik ikusi zaitut.

FLORINDO: Zoparen aurretik serbitzatu nahi al didak okela, ala?

TRUFALDINO: Hara, jauna: Venezian, azkena jaten da zopa.

FLORINDO: Nik ez ordea. Lehendabizi zopa nahi diat. Itzul ezak plater hori sukaldera.

TRUFALDINO: Bai, jauna. Halaxe egingo dut.

FLORINDO: Eta bizkor ibili, gero lokuluska egin nahi diat-eta.

TRUFALDINO: Berehalaxe, jauna (sukaldera doalakoa egiten du)

FLORINDO: (Aparte) Baina behin ere ez al dut ba Beatriz aurkituko? (Beste gela batetan sartzen da).

MORROIA: (Beste jaki batekin agertuz) Eta beti zain egon behar dela! (Deika) Trufaldino!

TRUFALDINO: (Beatrizen gelatik irtenez) Hemen nauk! ...Aide, hoa beste gelako mahaia prestatzera, beste kanpotarra ere heldu duk-eta. Lehenbailehen eraman zopa!

MORROIA: Korrika nioak! (Badoa)

TRUFALDINO: Eta hau, zer ote da? ...Zera fri... frika... nola zen ba? Frikandoa? (Dastatuz) Hum... primerakoa, jaun baten dinakoa. (Beatrizen gelara darama. Morroiak pasa eta Florindoren gelan mahaia prestatzeko beharrezko guztia daramate).

TRUFALDINO: (Berriz agertu eta morroiei) Bapo! Ez zegok zuek bezalakorik! Erbia baino bizkorragoak zarete... (Aparte) Ikusgarria litzateke biei aldi berean zerbitzatu ahal izatea! (Morroiak Florindoren gelatik irten eta sukaldera doaz) Bizkor, mutilak... zopa!

MORROIA: Kontu egiozu zeure mahaiari, gu honetaz arduratuko bait gara (Badoa)

TRUFALDINO: Ahal banu, biei kontu egin nahi nieke. (Florindorentzako zoparekin datoz morroiak eta Trufaldinok eskuetatik kentzen die)

        Utz ezazue neuk eramango dut-eta. Zoazte beste gelan behar dena prestatzera.

 

(Florindoren gelara darama)

 

MORROIA: Hau duk izatekoa hau! Han eta hemen zerbitzatu nahi dik. Egin dezala! Niri berdin ordaintzen zidatek! (Trufaldino Florindoren gelatik irten da)

BEATRIZ: (Bere gelatik, deika) Trufaldino!

MORROIA: Aizak! kontu egiok heure nagusiari!

TRUFALDINO: Banoa! (Beatrizen gelara sartuz. Morroiek Florindorentzako okela dakarte)

TRUFALDINO: (Doi-doi agertzen da) Emaidak hori! (Hartu, morroiak badoaz, bera Florindoren gelara sartu eta plater zikinekin ateratzen da. Morroia jaki berriarekin dator)

FLORINDO: (Bere gelatik, deika) Trufaldino!

TRUFALDINO: (Morroiari, hark dakarren jakiaz) Emaidak!

MORROIA: Hau neuk eramango diat.

TRUFALDINO: (Florindori buruz) Ez al duk entzuten niri ari zaidala deika? (Eskuetatik jakia kendu eta Florindori daramakio)

MORROIA: Hau duk hau! Dena berak egin nahi!

 

(Beste morroi bat sartzen da almandogila-platerkadarekin, eman eta alde egiten du)

 

        Neronek eramango nuke, baina ez dut mokokaldirik nahi horrekin...

TRUFALDINO: (Florindoren gelatik dator piater zlkinekin) Hemen nauk!

MORROIA: To, «eltze guztietako burruntzalia». Eramaizkiok almandogilok heure nagusiari.

TRUFALDINO: (Platera hartuz) Almandogilak?

MORROIA: Bai, berak eskatutako almandogilak (Badoa)

TRUFALDINO: (Bakarrean) Kontxo, kontxo! Nori eraman behar ote dizkiot? Bietarik nork arraio eskatu ote ditu? Sukaldekoei galdetzen ba diet, zerbait susmatuko dute... eta asmatu ez eta eskatu ez dituenari eramaten badizkiot, besteak galdetuko du eta matasa guztia askatuko da. (Pentsakor) Asmatu dut! Ez dago ni bezalakorik! Banatu eta bakoitzari piska bat emango diet... eta honela, eskatu dituenak ere, hartuko ditu. (Aretoan dauden plateretariko bat hartu eta erditik ebakitzen ditu almandogilak. Bat sobratzen zaio) Lau eta lau. Eta honekin zer egin? Nori eman behar ote diot? ...Inori ez nioke eman nahi dagokion baino bat gutxiago. (Pentsakor) Tira, neuk jan eta kito! (Jan egiten du) Orain zuzen dago. Lehendabiziko honi eramango dizkiogu almandogilak (Zoruan beste platera utzi eta bat Beatrizen gelara darama)

MORROIA: (Budin ingelesarekin agertzen da; deika) Trufaldino!

TRUFALDINO: (Beatrizen gelatik irtenez) Zer...?

MORROIA: Eraman ezak budin hau...

TRUFALDINO: Hago piska bat, berehalaxe netorrek (Beste almandogila-platera hartu eta Florindoren gelara doa)

MORROIA: Ez, oker habil: almandogilak bestearentzat dituk.

TRUFALDINO: Bazekiat. Hara eraman dizkiat eta nagusiak beste kanpotar horri lauok eskaintzeko agindu zidak.

MORROIA: Orduan ezagunak dituk... adiskideak. Elkarrekin bazkal zezaketean.

TRUFALDINO: (Florindoren gelara sartu eta berehalaxe agertzen da) Eta hau zer duk?

MORROIA: Budin ingelesa.

TRUFALDINO: Norentzat?

MORROIA: Ingelesarentzat, ...hire nagusiarentzat. (Badoa).

TRUFALDINO: Zer demontre ote da budin hau? Benetan usain gozoa dario eta artoa ematen du. A! Artoa balitz! ...Ikusagun. (Sakeletik tenedorea atera eta janez) Ez, ez da artoa, baina badu antza (Berriro jaten du) Artoa baino hobea da!

BEATRIZ: (Bere gelatik) Trufaldino!

TRUFALDINO: (Ahoa beterik duela) Banoa!

FLORINDO: (Bere gelatik) Trufaldino!

TRUFALDINO: (Oraindik ahoa beterik duela) Banoa! (Janez) Ño! ...bai gozoa! Beste mokadutxo bat eta banoa!

BEATRIZ: (Gelatik irten eta Trufaldino jaten ikusten du; zartada bat eman eta esaten dio) Hator zerbitzatzera! (Bere gelara itzultzen da. Trufaldinok budina lurrean utzi eta atzetik jarraitzen dio).

FLORINDO: (Gelatik ateratzen da, deika) Trufaldino! ... (Ez ikustean) Non arraio sartu ote da?

TRUFALDINO: (Beatrizen gelatik irtenez) Hemen nauzu, jauna.

FLORINDO: Non hengoen? Zergatik galtzen haiz?

TRUFALDINO: Jakien bila joan naiz, jauna.

FLORINDO: Ba al duk beste jatekorik?

TRUFALDINO: Banoa ikustera.

FLORINDO: Bizkor ibili. Atseden piska bat hartu behar dudala esan diat. (Bere gelara doa).

TRUFALDINO: Berehalaxe, jauna (deika) Kamarariok! ...Besterik ba al da? (Budina ezkutatuz) Budin hau neuretzat gordeko dut.

MORROIA: (Labean erretako okela dakar platerean) Hara labean erretako okela.

TRUFALDINO: (Hartuz) Bizkor, fruituak!

MORROIA: Hau duk ipurterrea! ...Berehala netorrek (Badoa).

TRUFALDINO: Honi eramango diot okela. (Florindoren gelara sartzen da).

MORROIA: (Fruituakin dator) Hemen dituk fruituak. (Ez ikustean) Non habil, ordea?

TRUFALDINO: (Florindoren gelatik irtenez) Hemen.

MORROIA: (Fruituak ematen dizkio) Har ezak. Besterik nahi al duk?

TRUFALDINO: Hago! (Beatrizi daramazkio fruituak).

MORROIA: Deabrukume bat da: hemendik salto eta handik salto!

TRUFALDINO: (Budina hartuz) Bi nagusiren mahaiaz arduratu naiz eta inork ez daki elkarren berri. Baina biren zerbitzari izan banaiz, orain lauren pare bazkalduko dut. (Badoa).

 

 

III KOADROA

 

(Kalea, bertatik ostatua ikusten dela)

 

ESMERALDINA: (Bakarrean) Hori zentzua nire anderearena! Nora eta ostatu batera bidali mezuarekin! Ni bezalako neska gaztea! ...Emakume maitemindu baten mirabe izatea ez da berriketa: hamaika bitxikeria egiten du! Baina ulertu ezin dudana zera da: Silbio jaunaz maitemindurik baldin badago, honen destainarengatik bere burua hiltzeko zoriraino, zer dela-ta bidaltzen dizkio mezuak besteari? Bata udarako eta bestea negurako nahi izan ezik behintzat!... Dena dela! Ni ez naiz sartuko ostatu horretara. Dei egingo dut. Aterako da norbait. (Ozenki) Eup, etxekook! Eup, ostatukook! (Morroia agertzen da).

MORROIA: Zer nahi du neskatilak?

ESMERALDINA: (Aparte) Hau lotsa! hau lotsa! ...

        (Morroiari) Esaidazu, hemen al dago ostatuz Federiko Rasponi jauna?

MORROIA: Hala da. Oraintxe puntuan bukatu du bazkaria.

ESMERALDINA: Zerbait esan nahi nioke...

MORROIA: Mezuren bat bada, sar zaitez.

ESMERALDINA: Aizu! Zer naizelakoan zaude? ...Haren emaztegaiaren mirabea naiz.

MORROIA: Ongi da, sartu.

ESMERALDINA: O! Ni ez noa horra barrura!

MORROIA: Kalera ateraraztea nahi al duzu? Ez derizkiot bidezkoa, are gutxiago Pantalon Bisognosi jaunarekin dagoelarik.

ESMERALDINA: (Aparte) Nire etxekojauna? Okerrago! (Morroiari) Ezta pentsatu ere!

MORROIA: Zerbitzaria bidaliko dizut, nahi baduzu.

ESMERALDINA: Beltxarana?

MORROIA: Berbera.

ESMERALDINA: Tira, bidal ezazu.

MORROIA: Ulertzen dut, beltxarana atsegin zaio. Sartzeko lotsa du, ziur ez dela lotsatuko kalerdian besarkadak hartzeaz (Aparte).

ESMERALDINA: Zer esango diot nagusiari ikusten banau? ...Badakit: beraren bila etorri naizela. Erantzun egokia da, noski. Ene! Ondo buru argiaren jabe naiz!

TRUFALDINO: (Botila eskuan, kopa bestean eta serbileta tinkaturik agertzen da). Nor da nire bila?

ESMERALDINA: Ni, jauna. Sentitzen dut nekaraztea.

TRUFALDINO: Bai zer! Prest naukazu zeure zerbitzurako!

ESMERALDINA: Bazkaltzen ari zara, dirudienez.

TRUFALDINO: Zaude lasai, jarraituko dut.

ESMERALDINA: Bene-benetan sentitzen dut.

TRUFALDINO: Atsegin handia dut... Egia esan behar badizut, dagoeneko nahikoa jan dut eta begitxo polit horiek behar ditut hain zuzen dijestioa egiteko.

ESMERALDINA: (Aparte) Hau da mutil panpoxa!

TRUFALDINO: Botila hau utzi eta berehalaxe nator zuregana, maitea. (Sartu eta berehala irtetzen da).

ESMERALDINA: (Aparte) «Maite» esan dit! ... (Trufaldinori) Nire andereak mezua bidaltzen dio Federiko Rasponi jaunari. Nik ez dut ostatura sartu nahi eta horregatik bururatu zait zutaz baliatzea, haren zerbitzaria bait zara.

TRUFALDINO: Atsegin handiz eramango diot. Baina aurrena... zuretzat ere badut nik mezua.

ESMERALDINA: Norena?

TRUFALDINO: Jaun batena. Esaidazu, ezagutzen al duzu Trufaldino Batochio izeneko bat?

ESMERALDINA: Noiz edo noiz aipatu didatelakoan nago, baina ez dut gogoan. (Aparte) Baietz izan bera!

TRUFALDINO: Gizaseme aparta da... bizia... iaioa... izan onekoa... hizketa samurrekoa... jendearekikoa...

ESMERALDINA: Ez dut inondik ere ezagutzen.

TRUFALDINO: Eta berak, ordea... ezagutzen zaitu eta zutaz maitemindurik dago.

ESMERALDINA: Ene! Irrika ari zara!

TRUFALDINO: Eta erantzun txiki bat izango balu... agertuko lizuke bere burua.

ESMERALDINA: Hara, jauna: ikusi eta gustatuko balitzait, ez nuke erantzuten nekerik.

TRUFALDINO: Nahi al duzu ezaguteraztea?

ESMERALDINA: Atsegin handiz...

TRUFALDINO: Berehalaxe, orduan (Ostatura sartzen da).

ESMERALDINA: O! Ez da bera! ... (Trufaldino ostatutik irtetzen da, gur egiten dio Esmeraldinari pasatzen da albotik, hasperen egin eta atzera barrura sartzen da).

        Ez dut ulertzen.

TRUFALDINO: (Berragertuz) Ikusi al duzu?

ESMERALDINA: Nor?

TRUFALDINO: Zure ederraz maitemindurik dagoena.

ESMERALDINA: Inor ez dut ikusi zu izan ezik.

TRUFALDINO: (Hasperenka) Eta...?

ESMERALDINA: Zeu al zara, agian, ongi nahi didala diozun hori?

TRUFALDINO: Nerau.

ESMERALDINA: Eta zergatik ez didazu esan lehenago?

TRUFALDINO: Ba... zera... lotsati samarra... naizelako.

ESMERALDINA: (Aparte) Harriak ere maiteminetan jarriko lituzke honek!

TRUFALDINO: Eta, zer erantzuten didazu?

ESMERALDINA: Zera... ba...

TRUFALDINO: Tira, hitzegizu.

ESMERALDINA: O! Neu ere... izan... lotsati samarra naiz.

TRUFALDINO: Elkartuko bagina, lotsati pare bat izango ginateke.

ESMERALDINA: Egia esan behar badizut, izugarri gustatzen zatzaizkit.

TRUFALDINO: Dontzeila al zara?

ESMERALDINA: Tira! Holakorik galdetu ere ez!

TRUFALDINO: Egia dela esan nahi duzu.

ESMERALDINA: Egia huts-hutsa dela esan nahi dut.

TRUFALDINO: Ni ere dontzeila naiz, baina arra.

ESMERALDINA: Hamaika aldiz izan dut ezkontzeko aukera, baina inor ez dut aurkitu gustokorik.

TRUFALDINO: Begikotasun hori zugan sortzerik espero al nezake?

ESMERALDINA: Egia esan, baduzu halako zera bat...

TRUFALDINO: Tira, nahikoa da! Hitzik ere ez gehiago! Zer egin beharko luke emaztetzat nahi zaituenak?

ESMERALDINA: Ez dut aita-amarik. Nire etxeko jaunarekin edo andrearekin hitz egin beharko litzateke.

TRUFALDINO: Ederki! Eta horrela eginez gero, zer esango ote lukete haiek?

ESMERALDINA: Baldin eta ni pozik egonez gero...

TRUFALDINO: Eta zuk zer esango zenuke?

ESMERALDINA: Baldin eta haiek pozik egonez gero...

TRUFALDINO: Ez dugu besterik behar! Denok pozik izango gara! ...Emaidazu gutuna eta, erantzuna ekartzean, jarraituko dugu hizketan.

ESMERALDINA: Hona hemen gutuna.

TRUFALDINO: Ba al dakizu zer dioen?

ESMERALDINA: Ez! Baina irrika bizitan nago jakiteko!

TRUFALDINO: Ez nuke nahi berri txarrik ekartzerik eta horregatik sudurra zanpatzerik.

ESMERALDINA: Auskalo! Maitasunezkoa ez dela esango nuke!

TRUFALDINO: Ez dut buruhausterik nahi. Zer dioen ez badakit, ez diot eramango.

ESMERALDINA: Ireki dezakegu... baina ixterakoan izango dira lanak!

TRUFALDINO: Zaude lasai! Aparta naiz gutunak ixten: inortxo ere ez da konturatuko.

ESMERALDINA: Ireki dezagun, beraz!

TRUFALDINO: Irakurtzen ba al dakizu?

ESMERALDINA: Zertxobait, baina zuk adina ez, seguraski.

TRUFALDINO: Tira...! Nik ere badakit pitintxo bat.

ESMERALDINA: Orduan, dantzatu eskuak!

TRUFALDINO: Kontuz ireki behar dugu (Mutur bat askatzen dio).

ESMERALDINA: Ene! Zer egin duzu?

TRUFALDINO: Ezer ez. Badakit nola konpondu. Ikusten? Irekita dago.

ESMERALDINA: Tira, irakur ezazu!

TRUFALDINO: Irakur zeuk. Hobeki ulertuko duzu zeure etxeko anderearen letra.

ESMERALDINA: (Gutuna aztertuz) Egia esateko, ez dut zipitzik ulertzen.

TRUFALDINO: (Gauza bera eginez) Nik gutxiago.

ESMERALDINA: Zertarako balio izan digu irekitzeak orduan?

TRUFALDINO: Zaude, asmatuko dugu (Gutuna hartuz) Ulertzen dut zerbait.

ESMERALDINA: Nik ere ulertzen dut zerbait.

TRUFALDINO: Bakoitzak ahalegintxo bat egingo dugu. Hau ez al da eme bat?

ESMERALDINA: A, bai! Eta hau, erre ote da?

TRUFALDINO: Erre eta emeren artean ez dago alde handirik.

ESMERALDINA: Ra, ra, ra. Ez, ez, itxaron: eme bat dela uste dut. M, a, ma.

TRUFALDINO: Ezina da; mo, mo da hori.

ESMERALDINA: Bai zera! Buztantxoa du.

TRUFALDINO: Tira! Hemen ez dago buztantxorik, nirea ez bada! (Beatriz eta Pantalon ostatutik irtetzen).

PANTALON: Zertan habil hemen?

ESMERALDINA: (Ikaraturik) Ezertan ez, jauna: zure bila etorri naiz.

PANTALON: (Esmeraldinari) Zer nahi dun?

ESMERALDINA: (Lehen bezala) Nire andereak behar zaitu.

BEATRIZ: (Trufaldinori) Zer gutun duk hori?

TRUFALDINO: (Izuturik) Hutsa, zera... gutun bat.

BEATRIZ: Erakutsidak!

TRUFALDINO: (Dardaraz ematen dio gutuna) Bai, jauna.

BEATRIZ: Zer gero? Gutun hau niretzat duk! Alproja hori! Sekula ez al didak gutunik ireki gabe eskuratuko?

TRUFALDINO: Ez dakit ezer, jauna.

BEATRIZ: (Pantalon) Begira, Pantalon jauna, Klarisa anderearen mezua da. Silbioren amorrazio zelatiaren berri ematen dit eta lotsagabe honek ireki egin du.

PANTALON: (Esmeraldinari) Eta hi ere tarteko izan haiz!

ESMERALDINA: Nik ez dakit ezer, jauna.

BEATRIZ: Nork ireki du gutuna?

TRUFALDINO: Nik ez.

ESMERALDINA: Nik ere ez.

PANTALON: Baina nork ekarri du?

ESMERALDINA: Trufaldinok bere nagusiari zeramakion.

TRUFALDINO: Eta Esmeraldinak Trufaldinori ekarri dio.

ESMERALDINA: (Aparte) Berritsu halakoa! Ez zaitut gehiago maite!

PANTALON: Hi haiz orduan, lotsagabe hori, hau egin duena? Ez zekinat nola ez dizkinadan hotzak kentzen! (Esmeraldinari).

ESMERALDINA: Sekula inork ez dit eskurik ezarri eta harritzen naiz zuk egiteaz!

PANTALON: (Hurbilduz) Hori al dun erantzuna?

ESMERALDINA: Jotzeko asmotan...? Aurrena harrapatu egin beharko nauzu (Ihesi lasterka).

PANTALON: Lotsagaldu alena! Ikusiko dun harrapatzen bahaut. Harrapatuko haut, bai! (Esmeraldinaren atzetik lasterka).

TRUFALDINO: (Aparte) Oraingo honetatik ez naiz ongi aterako!

BEATRIZ: (Gutuna berrirakurriz, aparte) Klarisa gaixoa! Silbioren espek erreta daukate. Neure burua agerian jarri eta adorea eman beharko diot.

TRUFALDINO: (Aparte) Hanka egin behar dut. Baliteke ez ikustea. (Pixkanaka urrunduz doa).

BEATRIZ: Nora hoa?

TRUFALDINO: (Geldituz) Inora ez. Hemen nago.

BEATRIZ: Zergatik ireki duk gutuna?

TRUFALDINO: Esmeraldina izan da, jauna, nik ez dakit ezer.

BEATRIZ: Esmeraldina! Hi izan haiz, kaskailu hori! Dagoeneko bi... bi gutun ireki dizkidak egun berean! ...Hator hona!

TRUFALDINO: (Beldurrez hurbilduz) Arren, jauna!

BEATRIZ: Hona etortzeko esan diat!

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Erruki nitaz!

 

(Beatrizek ustekabean gerritik zintzilik daraman zigorra kendu eta jo egiten du, ostatuari bizkarra emanik).

 

FLORINDO: (Ostatuko leihora agertu) Nola? Nire zerbitzaria jotzen? (Desagertuz).

TRUFALDINO: Nahikoa da, Jainkoarren!

BEATRIZ: (Zigorra botatzen du) Ongi merezia hartzea besterik ez duk izan, alproja hori! Orain ikasiko duk inoren gutunik ez irekitzen! (Badoa).

TRUFALDINO: (Bakarrean) Odol maite... gorpuzño nirea! Hau al da nire modukoak tratatzeko era? Zerbitzaria, balio ez duenean, bidali egiten da, jo ez ordea.

FLORINDO: (Ostatutik irten da, baina oraindik ez du ikusi Trufadinok) Zer diok?

TRUFALDINO: (Ohartzean, aparte) O! ... (Beatriz irten deneko alidera begira) Ez dago honela jotzerik inoren morroirik. Nire nagusiari irain egitea da hau!

FLORINDO: Ongi diok, Trufaldino. Nork egurtu hau?

TRUFALDINO: Ez dakit, jauna; ez dut ezagutzen.

FLORINDO: Zergatik egurtu hau?

TRUFALDINO: Berarekin tupust egin dudalako.

FLORINDO: Eta horrela uzten al diok jotzen, zirkinik egin gabe, heure burua defenditu ere egin gabe, eta heure nagusiari hainbesteko desohorea bizkarreratuz? ... Astakume kirtena halakoa! (Lurretik zigorra jasotzen du) Horren gogokoa baduk bizkarrekoak hartzea, nik ere emango diat atsegin hori! (Egurtu eta ostatura sartzen da).

TRUFALDINO: (Bakarrean) Oraintxe bai esan nezakeela bi nagusiren zerbitzaria naizela: biengandik kobratu dut soldata (Ostatura sartzen da).

 

aurrekoa | hurrengoa