|     57 zenbakia, 1983ko martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


III EKITALDIA

 

 

I KOADROA

 

(Ostatuko aretoa, zenbait aulkirekin)

 

TRUFALDINO: (Bakarrean) Sorbaldak astindu eta haizea hartzera bidali ditut bizkarreko guztiak. Ondo bazkaldu dut eta hobeto afalduko dut. Ahal dudan bitartean, bi nagusiren morroi izango naiz: bi soldata bakarra baino gehiago da! ...Zer egin orain? Nagusi bat kanpoan da; bestea, lotan dago... Egoki datorkidanez gero, arropak aireztatu eta txukunduko dizkiet. Giltzak ere aldean dauzkat. Gela hau aproposa da horretarako. Noan kutxan bila... Laguntza eskatuko dut (Deika) Kamarariok!

MORROIA: (Morroi gazteago batekin sartzen da) Zer nahi duzu?

TRUFALDINO: Esku bat luzatu behar didazue gela haietatik kutxa batzuk ateratzeko. Arropak aireztatu behar ditut.

MORROIA: Ea, lagun ezaiok!

TRUFALDINO: Tira. Gogo onez emango dizuet nagusiengandik hartuko dudanaren zati bat. (Gela batera sartzen da mutikoarekin).

MORROIA: Zerbitzari ona dela dirudi. Argia, azkarra, baina akatsen bat ere izango du, nik ere zerbitzatu dut eta badakit gauza horiek nola diren. Maitasunagatik ez da ezertxo ere egiten. Nagusiari lapurtzeko edo haren konfidantza lortzeko egiten da dena.

TRUFALDINO: (Mutikoarekin dator, bien artean kutxa dakartela) Poliki... hementxe jarriko diagu. (Eskenategiaren erdian uzten dute) Goazemak bestearen bila. Baina zaratarik egin gabe, nagusia lo zegok-eta (Florindoren gelan sartzen da mutikoarekin).

MORROIA: Gizon hau edo oso iaioa da edo azpijokoan dabil. Ez dut behin ere ikusi bi nagusiri modu honetan zerbitzen, argi ibili beharko dugu. Ia bi nagusiei zerbitzeko aitzakiarekin egunen batean dena lapurtzen dien.

TRUFALDINO: (Berriro mutikoarekin dator, beste kutxa dakartela). Eta hau hementxe jarriko diagu (Bestearen ondo samarrean) Joan zintezkete; orain ez dut zuen beharrik.

MORROIA: Ea, ospa sukaldera! Besterik behar al duzu? (Trufaldinori)

TRUFALDINO: Ez, eskerrikasko. Orain bakarrik moldatuko naiz.

MORROIA: Hi bai haizela behar bezalako gizona! Horrela jarraitzen baduk, bejondeikala!

TRUFALDINO: Gauzak banan-banan, patxadaz eta inoren trabarik gabe egingo ditut. (Sakeletik giltza ateratzen du). Zein kutxa irekiko ote du honek? (Kutxa bat irekitzen du). Aurki asmatu dut. Garbi dago, munduko gizonik argiena naiz! (Sakeletik beste giltza atera eta beste kutxa irekitzen du). Horratx! Biak zabalik. Dena aterako dugu. (Bi kutxetako arropak atera eta mahai gainean ipintzen du, bakoitzean miesa beltzezko jantzi bat, liburuak, idatziak etab. daudela gogoan harturik). Ea patriketan zerbait dagoen; batzutan karameluak edo konpitak agertzen dira (Beatrizen jantzi beltza miatu eta erretrato bat aurkitzen du) O! Sekulakoa da! Hauxe erretrato polita! Mutil bikaina benetan! ...Nor ote da? Ezaguna zait, baina ez zait bururatzen nondik. Badu nire nagusiaren antz pixka bat... baina ez, hark ez du honelako jantzirik eta pelukarik.

FLORINDO: (Bere gelatik, deika) Trufaldino!

TRUFALDINO: Arraioa! Esnatu da. Ea oraingoan ere deabruak isatsa sartzen duen! Ez nuke gelatik irten eta beste kutxa ikusterik. Zera jakin nahiko luke... (Presaka gauzak kutxetan sartzeari ekiten dio) Bizkor! Bizkor! ltxiko dut eta galdetzen badit ez dakidala norena den erantzungo diot.

FLORINDO: (Lehen bezala) Trufaldino!

TRUFALDINO: (Erantzunez) Banoa (Isilago, bere golkorako) Erraz esaten da gauzak gordetzea, bat ere ez dakit non jarri behar den bakoitza! ...Eta paperok? non zeuden?

FLORINDO: (Lehen bezala) Hator ixtanpatean edo bestela zigorrarekin joango nauk bila!

TRUFALDINO: (Erantzunez) Aidean noa! (Isilago, bere golkorako) Bizkor, bera etorri baino lehen. (Gauzak zoro-moro sartu eta kutxak ixten ditu) Horrek aldegindakoan txukundu beharko.

FLORINDO: (Bere logelatik ateratzen da, lotako jantzitan) Zer arraiotan habil hor?

TRUFALDINO: Jaun maitea, ez al didazu esan zeure arropak txukuntzeko? Horretantxe ari nintzen.

FLORINDO: Eta kutxa hori, norena duk?

TRUFALDINO: Ez dakit jauna..Beste arrotzarena da, nonbait.

FLORINDO: Emaidak jantzi beltza.

TRUFALDINO: Berehala, jauna (Florindoren kutxa ireki eta eman egiten dio. Lotako jantzia eranzten eta bestea janzten laguntzen dio. Florindok, eskua patrikara sartzean, erretratoa aurkitzen du).

FLORINDO: (Harriturik) Zer da hau?

TRUFALDINO: (Aparte) Arrania, huts egin dut! Bestearen jantzian ipini beharrean, honenean jarri dut. Izan ere... biak bait dira beltzak!

FLORINDO: (Aparte) Jainko maitea! Nire erretratoa da hau, ez dago huts eginik! Neure Beatriz kuttunari eman niona bera! (Trufaldinori) Esaidak, nolatan iritsi duk erretrato hau nire jantziaren patrikara?

TRUFALDINO: (Aparte) Eta zer esan orain...?

FLORINDO: Tira, hitz egin ezak. Erantzuidak! ...Nola iritsi duk erretrato hau nire patrikara?

TRUFALDINO: Nagusi jaun maitea... barka zaidazu hartu dudan konfidantza... Erretrato hori nirea da; hor barruan gorderik neukan galtzeko beldurrez.

FLORINDO: Hirea? Non aurkitu duk?

TRUFALDINO: Nire nagusiangandik ondarez hartua da.

FLORINDO: Ondarez hartua?

TRUFALDINO: Bai, jauna: zoritxarrez hil zen nagusi baten zerbitzari izan nintzen huskeria batzuk utzi zizkidan eta saldu egin nituen, denak, erretrato hau izan ezik.

FLORINDO: Zenbat duk hire nagusi hori hil zela?

TRUFALDINO: Aste bete, hortxe-hortxe.

FLORINDO: Nola zian izena?

TRUFALDINO: Ez dakit, jauna. Ezkutu gogorrean bizi zen.

FLORINDO: Ezkutuan? ...Zenbat denboraz zerbitzatu hion?

TRUFALDINO: Labur, hamar-hamabi egunez.

FLORINDO: (Aparte) Jesus! Beatriz izan zitekeela pentsatze hutsak dardar eragiten dit. Gizonezko jantzitan ihes egin zuen... eta ezkutuan bizi zen. O! hau zoribeltza egia balitz!

TRUFALDINO: (Aparte) Dena sinestu duenez gero, asmatzen jarraitu beharko.

FLORINDO: (Asaldaturik) Esaidak, gaztea al huen hire nagusi hori?

TRUFALDINO: Bai, jauna, gazte-gaztea.

FLORINDO: Bizarrik gabea?

TRUFALDINO: Bizarrik gabea.

FLORINDO: (Hasperenka, aparte) Bera zen, zalantzarik gabe!

TRUFALDINO: (Aparte) Nahikoa izan beharko luke honez gero!

FLORINDO: Ba al dakik, gutxienez, nongoa zen hire nagusia?

TRUFALDINO: Esan zidan baina ez dut gogoan.

FLORINDO: Torinotarra, agian?

TRUFALDINO: Bai, jauna, torinotarra.

FLORINDO: Esaidak ordea, egia al duk torinotar gazte hori hil zela?

TRUFALDINO: Egia, jauna.

FLORINDO: Zertaz hil huen?

TRUFALDINO: Ezbeharra izan eta hil egin zen. (Aparte) Ez ahal dit gehiagorik galdetuko!

FLORINDO: Non eman ziotean lurra?

TRUFALDINO: (Aparte) Eta ekin...! (Ozenki) Ez zioten lurrik eman jauna, zeren beste zerbitzari batek, herrikoa zuenak, jaioterrira itzulerazteko beharrezko baimenak lortu bait zituen.

FLORINDO: Eta zerbitzari hori, gaur goizean postetxetik gutun hura jasotzeko esan diana al huen behar bada?

TRUFALDINO: Bai, jauna, Paskual hain zuzen.

FLORINDO: (Aparte) Ez dago itxaropenik! Beatriz hila da... O! Beatriz gaixoa! Bidaiaren nekeak eta bihotzeko nahigabeak hil dute nonbait! Nireak egin du, ez naiz honenbesteko saminak eramateko gauza!

 

(Bere gelara sartuz).

 

TRUFALDINO: Eta orain zer gertatzen da? Samindurik dago, etsita negar bizian. Ez nion minik egin nahi ezinbestean asmatu behar izan dudan istorio horrekin. Bizkarrekoei ihes egiteko eta kutxen nahaste-borraste hau estaltzeko egin dut. Dirudienez, erretrato horrek zirikatu du liztorzuloa eta ezaguna zuen, nonbait. Hobe izango dut kutxa hauek berean lekura eramatea eta Jainkoak goarda honelako istiluetatik! (Beatriz eta Pantalon nola datozen ikusten du) Batarengandik libratu naiz! Bestea falta zait orain!

BEATRIZ: (Pantaloni) Sinetsidazu, Pantalon jauna, azkeneko ispilu bidalketa bi aldiz handiagoa izan zela.

PANTALON: Baliteke enplegatuak huts egin izana. Paperak berriro aztertuko ditugu kontulariarekin eta honela argituko dugu arazoa.

BEATRIZ: Nik ere ekarri dut bidalketen zerrenda, gure liburutik jasoa. Parekatu egingo ditugu. Zure aldetik edo niretik, auziak garbi geratu behar du. (Trufaldinori) Trufaldino...

TRUFALDINO: Jauna?

BEATRIZ: Nire kutxaren giltza hemen al duk?

TRUFALDINO: Bai, jauna. Hemen duk.

BEATRIZ: Zergatik ekarri duk hona?

TRUFALDINO: Erropak aireztatzeko.

BEATRIZ: Egin al duk?

TRUFALDINO: Bai, egin dut.

BEATRIZ: Ireki eta emaidak... (Etenez) Norena duk beste kutxa hori?

TRUFALDINO: Beste kanpotarrena... da.

BEATRIZ: Nire erropa artean dagoen kontu-liburua ekarridak.

TRUFALDINO: Bai, jauna (Aparte) Berriz ere deabrua isatsa sartzen...! (Kutxa ireki eta liburuaren bila).

PANTALON: Nik diodana baietz izan: huts egin dutela; holakoetan ez dago ordaindu beharrik.

BEATRIZ: Horrela izan dadila; ikusiko dugu.

TRUFALDINO: (Beatrizi liburua ematen dio) Hau al da?

BEATRIZ: (Automatikoki hartu eta irekiz) Ez, hau ez duk... Norena duk liburu hau?

TRUFALDINO: (Aparte) To! Ederra egin dut!

BEATRIZ: (Aparte) Florindo idatzi zizkidan gutunak dira hauek, ai ene! Eta hau haren kontu-liburua da! ...Ikaratan nago! Honez gero ez dakit zein mundutan bizi naizen ere!

PANTALON: Zer gertatzen zaizu, Federiko jauna? Gaizki al zaude?

BEATRIZ: Ez... ez da ezer (Trufaldinori, isilka) Trufaldino, nolatan zegok nire kutxan nirea ez den liburu hau?

TRUFALDINO: Ez dakit ba... (Geldituz)

BEATRIZ: Bizkor! Ziririk ez sartu eta esan egia!

TRUFALDINO: Barkatzeko eskatzen dizut liburu hau zure kutxan ipini dudalako. Nirea da eta galtzeko beldurra nuen. (Aparte) Bestearekin balio izan du. Baliteke honekin ere gauza bera gertatzea.

BEATRIZ: Hirea dela, ezta? Eta ez duk ezagutzen eta nirearen ordez eman didak!

TRUFALDINO: (Aparte) Ene! Sekula ez al du bukatu behar honek? (Beatrizi) Esango dizut: denbora laburra da neure eskuetan dudala, eta lehen begiratuan, ez dut ezagutu.

BEATRIZ: Non aurkitu duk hau?

TRUFALDINO: Beste nagusi baten zerbitzari izana naiz, hemen Venezian, eta bera hiltzean ondarez hartu nuen.

BEATRIZ: Zenbat denbora dela?

TRUFALDINO: Nik al dakit ba! Hamar-hamabi bat egun.

BEATRIZ: Nola liteke hori; nik Veronan aurkitu hindudan-eta?

TRUFALDINO: Halaxe da: nagusiaren heriotzagatik Veneziatik bidenabar nindoala.

BEATRIZ: (Aparte) Ene galdua! (Trufaldinori) Hire nagusi horrek... Florindo al zian izena?

TRUFALDINO: Bai, jauna... Florindo.

BEATRIZ: Aretusi?

TRUFALDINO: Horixe bera: Aretusi.

BEATRIZ: Eta ziur al hago hilik dagoela?

TRUFALDINO: Ziur baino ziurrago.

BEATRIZ: Zertaz hil huen? Non hilobiratu ziten?

TRUFALDINO: Kanale batera erori zen. Ito zen eta inork ez du aurkitu barrez gero.

BEATRIZ: Ai, ene galdua! Hil da Florindo, hil da nire maitea, hil da nire itxaropen bakarra! Zertarako behar dut bizitza zentzugabe hau, nire arrazoi bakarra hil baldin bada? Sorterria utzi, senideangandik urrundu, gizonezko-erropak jantzi, arriskuak gainditu, bizia bera ere galzorian jarri, dena Florindorengatik egin eta Florindo nirea hilik dago! ...

        Beatriz axolakabe hau! Aurrena, nire anaiaren heriotza eta orain nire maitalearena! Baina nire arruz hil baldin badira biok, ni baldin banaiz errudun, zergatik ez du zeruak nire lepotik mendeku hartzen? Alferrik dira negarrak, alferrik zotinak: Florindo hila da! Errukarria ni, saminak zanpaturik eta itsuturik nauka! Ene laztana, ene kuttun hori... berehala elkartuko naiz zurekin! (Burua galdurik irteten da, eta bere gelara sartzen da).

PANTALON: (Sor ta lor entzun du Beatrizen bakarrizketa etsia). Trufaldino!

TRUFALDINO: Pantalon jauna!

PANTALON: Emakumea!

TRUFALDINO: Emea!

PANTALON: Sekula holakorik!

TRUFALDINO: Zurturik nago!

PANTALON: Nahasturik nago!

TRUFALDINO: Eztitan nago!

PANTALON: Neure alabari esatera noa (Badoa).

TRUFALDINO: Orain ez naiz bi jaunen zerbitzari, baizik eta jaun batena eta andere batena.

 

 

II KOADROA

 

(Ostatuaren kalea)

 

DOKTOREA: (Pantalon ostatutik irtetzen ari dela ikusiz) Leku guztietan topo egin behar al dut Pantalon agure zahar honekin ala? Zenbat eta gehiago pentsatu, gero eta gehiago irakiten dit behazunak!

PANTALON: (Pozez) Doktore jauna... agur zuri!

DOKTOREA: Harritzen nau oraindik agur egiteko kemena baduzula ikusteak.

PANTALON: Albiste baten berri eman behar dizut! Ba dakizu...?

DOKTOREA: (Etenez) Ezkontza betetzera zoazela esan nahi al didazu? ...Bost axola niri!

PANTALON: Ezta hurrik eman ere! Zeure nahigabea irentsi eta hitzegiten utzidazu.

DOKTOREA: Hitzegizu eta tximistak jo zaitzala!

PANTALON: (Aparte) Muturrekoka doktorea zanpatzeko gogoa ematen dit. (Ozenki) Nire alaba, nahi baduzu, zure semearekin ezkonduko da.

DOKTOREA: Eskertzen dizut, baina ez arduratu. Nire semeak ez du jaten bigarren mahaialdiko otordurik. Ezkon ezazu, lasai, torinotar horrekin.

PANTALON: Ez zenuke holakorik esango torinotarra nor den bazeneki.

DOKTOREA: Nornahi dela ere, zure alaba berarekin ikusi dute, et hoc sufficit.

PANTALON: Baina ez da egia bera...

DOKTOREA: (Etenez) Ez dizut hitzik entzun nahi.

PANTALON: Hainbat okerrago zuretzat ezkondu nahi ez baduzu.

DOKTOREA: Ikusiko dugu norentzat den okerrago!

PANTALON: Nire alaba neskatxa ohoragarria da eta hura...!

DOKTOREA: (Etenez) Deabruak eramango ahal zaitu!

PANTALON: Horixe bera diot neuk ere!

DOKTOREA: Hitzik eta ohorerik gabeko agurea! (Badoa).

PANTALON: Kaiku madarikatu hori! ...Astakirten bat da giza itxuratan! Uste al duzue emakumea zela esateko aukerarik eman zidanik? Ez. Ez, jauna. Ez zidan utzi hitzik ere ateratzen. (Silbio datorrela ikusten du) Hor dator bere seme txilibitu hori. Edozer harropuzkeria jaregingo dit!

SILBIO: (Pantalonez ohartzen da; aparte) Hor dago Pantalon jauna! Eskuak ezpatara ihes egiten dit! Zulatuko dut!

PANTALON: Silbio jauna... uzten badidazu, albiste on baten berri eman nahi nizuke... baina hitz egiteko aukera eman behar didazu eta ez zure aitak egin duena egin!

SILBIO: Zer duzu esateko? Hitzegizu.

PANTALON: Nire alaba eta Federiko jaunaren arteko ezkontza pikotara joan dela.

SILBIO: Benetan? Ez al didazu iruzur egiten?

PANTALON: Egia diotsut. Eta nire alaba iritziz aldatu ez bada, haren eskua zuri emateko prest nauzu.

SILBIO: Jainko maitea! Bizia itzuli didazu lehen kendu zenidan bezalaxe!

PANTALON: (Aparte) Tira, tira... ez da aita bezain kaikua behintzat.

SILBIO: Bana... nola har nezake neure besoetan beste batek bereetan estutu duenik?

PANTALON: Ez dago holakorik: inork espero ez zuela Federiko Rasponi hori bere arreba Beatriz bihurtu da.

SILBIO: Nola? Ez dizut ulertzen.

PANTALON: Kaskagogor samarra zara! ...Federikotzat geneukan hura, azkenean Beatriz gertatu da.

SILBIO: Gizonezko-jantzi eta guzti?

PANTALON: Gizonezko-jantzi eta guzti!

SILBIO: Oraintxe ulertzen dut.

PANTALON: Bazen garaia!

SILBIO: Nola gertatu da hori! Kontaidazu!

PANTALON: Goazen etxera. Nire alabak ezer ez daki oraindik. Kontaldi bakarrarekin bioi aseko dizuet jakinmina.

SILBIO: Apal-apal barkamena eskatzen dizut suminak itsutu ninduelako.

PANTALON: Joanak joan! Ulertzen dizut. Badakit maitasuna zer den. Goazen, seme, lagun nazazu (Badoa).

SILBIO: Nor ni baino zoriontsuago? Non dago nirea baino bihotz alaiagorik? (Pantalonen atzetik).

 

 

III KOADROA

 

(Ostatuko aretoa, zenbait aterekin)

 

Beatriz eta Florindo, nor bere gelatik ateratzen dira, eskuetan labana bana dutela, bere buruaz beste egiteko asmoarekin. Brigela Beatrizi eutsi ezinik, eta kamarari bat Florindori gauza bera eginez. Elkar ez dute ikusten.

 

BRIGELA: (Beatrizen eskuari helduz) Geldi!

BEATRIZ: (Brigelagandik askatu nahirik) Utz nazazu, arren!

KAMARARIA: (Florindori, eutsiz) Hau ezina da, jauna!

FLORINDO: (Kamarariaren eskuetatik libratu nahirik) Hoa infernura!

BEATRIZ: Ez nauzue geldi eraziko!

 

(Biak atzeraka, beren buruak hiltzeko asmoari uko egin gabe. Bapatean elkar ikusi, ezagutu eta harriturik geratzen dira).

 

FLORINDO: Zer da hau!

BEATRIZ: Florindo!

FLORINDO: Beatriz!

BEATRIZ: Bizirik zaude!

FLORINDO: Bizi zara, beraz!

BEATRIZ: Hau zoriona!

FLORINDO: O! Bihotzeko kutuna!

 

(Armei jaregin eta elkar besarkatzen dute).

 

BRIGELA: (Kamarariari, txantxetan) Garbi ezak bizkor odol hori. Inork ez dezala ikus! (Badoa).

KAMARARIA: Gutxienez, labanak eskuratu behar ditut. Ez dituzte gehiago ikusiko. (Labanak hartu eta badoa).

FLORINDO: Nola jo zaitu hainbesteko etsipenak?

BEATRIZ: Zu hilik zeundelakoan.

FLORINDO: Nork sinetserazi dizu holakorik?

BEATRIZ: Nire zerbitzariak.

FLORINDO: Nireak ere berdin egin dit zure heriotzaz eta saminez gehiago ezinean, neure burua hil nahi nuen.

BEATRIZ: Liburu honek bultzatu nau haren hitzak sinestera.

FLORINDO: Nire kutxan zegoen. Nola iritsi da zure eskuetara? ...Badakit: gauza bera gertatu da, nonbait, Torinon eman nizun neure erretratoarekin ere, gero neure jantziaren patrikan aurkitu bainuen.

BEATRIZ: Jainkoak daki zer katramila sortu duten gure zerbitzariek! Berauek dira gure samin eta etsipenaren errudunak!

FLORINDO: Mila ipuin esan dizkit zutaz nireak!

BEATRIZ: Eta beste hainbeste entzun behar izan dizkiot nik neureari!

FLORINDO: Non sartu ote dira orain?

BEATRIZ: Alde egin dute.

FLORINDO: Goazen beraien bila egia argitzeko. (Txaloak joz, dei egiten du). Eh! Ez al da inor etxe honetan?

BRIGELA: (Etorriz) Zer nahi duzu, jauna?

FLORINDO: Non dira gure zerbitzariak?

BRIGELA: Ez dakit, jauna, baina bilaraziko ditut.

FLORINDO: Ea aurkitzen dituzun eta esaiezu etortzeko.

BRIGELA: Bakarra ezagutzen dut. Morroiei esango diet: hauek biak ezagutzen dituzte, seguraski. Pozten naiz horren gozoki hil izanaz eta lurra ematea nahi baduzu, beste lekuren bat aukeratuko ahal duzu eta ez hau. Zure esanetara nago (Badoa).

FLORINDO: Zu ere hemen zeuden ostatuz orduan?

BEATRIZ: Gaur goizean iritsi naiz.

FLORINDO: Ni ere bai. Handia da elkar ez ikustea!

BEATRIZ: Estuasunetan jarri nahi izan gaitu patuak!

FLORINDO: Esaidazu: zure anaia Federiko, hil egin al zen?

BEATRIZ: Ziur egon, bapatean hil zen.

FLORINDO: Hala ere, bizirik eta Venezian zegoela sinetserazi zidaten.

BEATRIZ: Zurrumurru hori, gaur arte Federikotzat hartu nautenek zabaldua da. Jantzi hauekin eta izen honekin Torinotik abiatu banaiz, zuri jarraitzearren bakarrik izan da...

FLORINDO: Badakit, maitea, badakit: niri jarraitzearren. Torinoko zure zerbitzariak idatzitako gutun batek jarri nau jakinaren gainean.

BEATRIZ: Nola iritsi da zure eskuetara?

FLORINDO: Zerbitzari batek, zureak dirudienez, erregutu omen dio nireari joateko postetxera gutun batzuren bila. Zuretzako gutuna ikustean, ezin izan nuen ireki gabe egon.

BEATRIZ: Ez da harritzekoa jakinmin hori maiteminduarengan!

FLORINDO: Zer ote dio jendeak Torinon alde egin duzulako?

BEATRIZ: Zure emazte gisa itzultzen banaiz, eztabaida guztiak mozturik geratuko dira.

FLORINDO: Nola poztuko naiz horren bizkor, ordea, zure anaiaren heriotza leporatzen didatelarik?

BEATRIZ: Hemendik eramango dudan dirutzari esker, aisa lortuko dut zure zigorra ezeztatzea.

FLORINDO: Gure zerbitzariok ez dira ageri, zer gertatzen ote zaie?

BEATRIZ: Zerk bultzatu ote ditu honenbesteko mina guri egitera?

FLORINDO: Egia jakiteko, ez da komeni gogor jartzerik. Hobe izango da onez-onez ateraraztea...

BEATRIZ: Ahaleginduko naiz itxurak gordetzen...

FLORINDO: (Trufaldino ikusiz) Horra non datorren lehena.

BEATRIZ: (Begira) Ez dauka alproja itxura makala beronek!

FLORINDO: Ez dut uste oker zabiltzanik.

 

(Trufaldino sartzen da, Brigelak eta bi morroik indarrez dakartela).

 

FLORINDO: Hator, hator, ez hadi ikaratu!.

BEATRIZ: Ez diagu inolako gaitzik egin nahi.

TRUFALDINO: (Aparte) Hori esan! Oraindik ondo gogoan ditut bizkarrekoak!

BRIGELA: Hau aurkitu dugu. Bestea ere topatzen badugu, ekarriko dizuegu.

FLORINDO: Bai, beharrezkoa da biak batera egon daitezen.

BRIGELA: (Kamarariari, isilka) Bestea ezagutzen al duk?

KAMARARIA: (Brigelari, isilka) Nik ez, jauna.

BRIGELA: (Lehen bezala) Sukaldean galdetuko diagu. Norbaitek jakingo dik. (Badoa).

KAMARARIA: Ikusiko banu, neuk ere ezagutuko nuke (Badoa).

FLORINDO: (Trufaldinori) Tira...! Esaiguk pixka bat nola izan den erretratoa eta liburuaren aldaketa-kontu hori, eta zergatik hik eta beste alproja horrek elkar hartu duzuen guri burua galduerazteko.

TRUFALDINO: (Bizi keinu egiten die isiltzeko eskatuz) Ixo...! (Florindori, Beatrizengandik aldenduz) Indazu hitz bat bakarrean esateko aukera. (Beatrizi, Florindorekin hitzegiteko aldegitera doan unean) Berehalaxe emango dizut guztiaren berri. (Florindori, Beatrizengandik aldendurik) Jakin ezazu, jauna, ni ez naizela istilu guzti honen errudun, zeren egiazko erruduna Paskual izan baita, anderearen zerbitzaria (Kontu handiz Beatriz seindatuz) Berak nahaspildu ditu gauzak, kutxa batekoak bestekoekin lardabiatuz ni konturatu orduko. Gizajoak ez agirian jartzeko erregutu dit arren, ugazabak lanetik bidal ez dezan, eta nik, ogi puska baino hobea izaki, eta neure lagunengatik lepoa ere galduko nukeen honek, hau guzti hau asmatu behar izan dut arazo hau nolabait konpontzeko asmoz. Sekula ez zait burutik pasa ere egin erretrato hura zurea izan zitekeenik eta beraren jabea hilik zegoela sinesteak horrenbesteraino zoraraziko zintuenik. Gauzak gertatu bezala azaldu dizkizut, gizon zintzoa eta zerbitzari leiala naizenez.

BEATRIZ: (Aparte) Hizketaldi hori luzatzen ari da. Jakinminez erretzen nago misterio honetaz zerbait jakiteko.

FLORINDO: (Trufaldinori, isilka) Orduan, postetxera joateko eskatu diana, Beatriz anderearen zerbitzaria izan duk?

TRUFALDINO: (Florindori, isilka) Bai, jauna. Paskual izan da.

FLORINDO: (Lehen bezala) Zergatik ezkutatu didak hainbeste interesatzen zitzaidala aitortu eta gero?

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Ez esateko erregutu didalako.

FLORINDO: (Lehen bezala) Nork?

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Paskualek.

FLORINDO: (Lehen bezala) Zergatik ez diok obeditu heure nagusiari?

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Paskual adiskide dudalako.

FLORINDO: (Lehen bezala) Ez huke gauza txarra hiri eta Paskual horri batera jipoia berotzea.

TRUFALDINO: (Aparte) Hori ez behintzat. Orduan bi jipoi berotuko lizkidakete, neurea eta Paskualena.

BEATRIZ: Oraindik ez al da bukatu azterketa luze hori?

FLORINDO: Zera esan dit...

TRUFALDINO: (Florindori, isilka) Jainkoarren, jauna, ez zazu Paskual agirian jar! Zigor nazazu, nahi baduzu, baina Paskuali ez egin gaitzik.

FLORINDO: (Trufaldinori, isilka) Oso haintzakotzat daukak heure Paskual hori...

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Neure anaia balitz bezalaxe estimatzen dut. Oraintxe esango diot andereari neu izan naizela guztiori egin duena, Paskual salbatu nahi dut. (Florindogandik aldenduz).

FLORINDO: (Aparte) Ondo bihotz-biguneko mutila da...!

TRUFALDINO: (Beatrizengana hurbilduz) Zeure esanera naukazu, anderea!

BEATRIZ: (Trufaldinori, isilka) Zertaz hitz egin duk horren luze Florindo jaunarekin?

TRUFALDINO: (Beatrizi, isilka) Jakin ezazu jaun horrek Paskual deritzan zerbitzari bat duela. Munduan lelorik bada huraxe bat! Berak egin du lardaskeria guzti hori eta gizajoa beldurrez aidean zegoenez gero ugazabak bidaliko zuelakoan, liburuaren aitzakia hori, itotako nagusiarena eta abar asmatu behar izan ditut. Florindo jaunari esan berria diot neu izan naizela guztiaren kulpantea.

BEATRIZ: (Lehen bezala) Zergatik botatzen diok heure buruari egingabeko zerbaiten errua?

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Paskuali diodan onginahiagatik.

FLORINDO: (Aparte) Arazo horrek luze jotzen du...

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Andere maitea, ez dezazula agirian jar, eskatzen dizut, arren!

BEATRIZ: (Lehen bezala) Nor?

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Paskual.

BEATRIZ: (Lehen bezala) Alproja ederrak zaudete zuek, Paskual eta biok!

TRUFALDINO: (Aparte) Izatekotan ere, neu bakarrik!

FLORINDO: Alferrik gabiltza, Beatriz anderea. Gure zerbitzariok ez dute txarrez egin eta zigorra merezi dutenarren, barka diezaiegun geure zorionaren izenean.

BEATRIZ: Ongi da, baina zure zerbitzari hori...

TRUFALDINO: (Beatrizi, isilka, eutsika) Jainko maitearren! Ez zazu Paskualik aipa.

BEATRIZ: (Florindo) Zer egingo diogu ba! (Aldaketa) Pantalon Bisognosiren etxera joan beharrean nago. Lagunduko al nindukezu?

FLORINDO: Pozik baino pozikago lagunduko zintuzket, baina bankujabe baten zain nago. Geroago elkartuko naiz zurekin.

BEATRIZ: Bertan itxarongo dizut, orduan. Ez dut aldegingo zu etorri arte.

FLORINDO: Ez dakit zer aldetan dagoen etxe hori.

TRUFALDINO: Nik badakit eta gidatuko zaitut...

BEATRIZ: Janztera noa.

TRUFALDINO: (Beatrizi, isilka) Zoaz, berehala naiz atzetik.

BEATRIZ: Ai! Florindo laztana, hamaika pena ezagutu dut zuregatik! (Haren gelara sartuz).

FLORINDO: Nireak ez dira gutxiago izan.

TRUFALDINO: Entzun, jauna: Paskual ez dagoenez gero, Beatriz andereak ez du nork lagundu. Egoki al derizkiozu beraren zerbitzariaren ordez neronek laguntzeari?

FLORINDO: Bai noski. Hoa eta kontuz baino kontuzago zaindu.

TRUFALDINO: Bizkorrean, zorrotzean eta arduran ez dago niri eramango didanik, ezta Erregeren gortean bertan ere! (Beatrizen gelara sartzen da).

FLORINDO: Hainbeste gauza gertatu da gaur! Negarra, etsipena eta azkenean poza. Negarretik barrera igarotzea atsegina da eta arazo guztiak ahaztu erazten ditu, baina atseginetik saminera igarotzean askozaz nabarmenagoa da aldaketa.

BEATRIZ: Prest nago!

FLORINDO: Noiz aldatuko dituzu jantzi horiek?

BEATRIZ: Ez al nago ongi jantzita honela?

FLORINDO: Ez zenuke estali behar horrenbeste zure edertasuna.

BEATRIZ: Tira! Pantalon jaunaren etxean itxarongo dizut; Trufaldinok lagun zaitzala!

FLORINDO: Oraindik itxarongo dut pixka bat; eta bankujabea ez badator beste egunen batez itzuliko da.

BEATRIZ: Erakutsidazu zure maitasuna, atsegina izanez (Alde eginez).

TRUFALDINO: Jaun honi zerbitzatzen geratzeko agintzen al didazu? (Beatrizi ahapean Florindo seinalatuz).

BEATRIZ: Bai, Pantalon jaunaren etxera lagunduko duk. (Trufaldinori).

TRUFALDINO: Neuk zerbitzatuko dut, ez bait dago Paskual hemen (lehen bezala).

BEATRIZ: Bai zerbitza ezak, mesede egingo didak. (Bere buruari) Neure burua baino gehiago maite diat (Badoa).

TRUFALDINO: Hau ez duk oraindik agertzen! Nagusia jantzi duk, etxetik alde egin dik eta hau oraindik ez duk ageri.

FLORINDO: Nori buruz ari haiz hizketan?

TRUFALDINO: Paskuali buruz, maite dut, adiskidea dut, baina alferra da. Nik bi zerbitzariren balioa dut.

FLORINDO: Hator jazten laguntzera. Bitartean bankujabea etorriko duk.

TRUFALDINO: Jauna, Pantalon jaunaren etxera joan behar duzu eta... (Geldituz),

FLORINDO: Zer esan behar didak?

TRUFALDINO: Mesedea eskatu nahi nizuke...

FLORINDO: Hire portaera onagatik ez duk izango!

TRUFALDINO: Eragozpena sortu baldin bada, Paskualen erruz izan da.

FLORINDO: Non arraio sartu ote duk madari hori, aurpegirik ez erakusteko?

TRUFALDINO: Agertuko da bai barraban hori. (Aldaketa). Eta, jauna... nik zera nahi nuke...

FLORINDO: Zer?

TRUFALDINO: Tira... ni ere, honako gizajo hau ere, maitemindurik nago.

FLORINDO: A, bai?

TRUFALDINO: Bai, jauna, eta begiz jo dudana Pantalon jaunaren mirabea da. Horregatik... zera nahi nuke... zuk...

FLORINDO: Nik ez diat zerikusirik horretan!

TRUFALDINO: O! ez diot zerikusirik duzunik...!

Baina eskertuko nizuke Pantalon jaunaren aurrean onez aipatu eta famatuko baninduzu, ni zure zerbitzari hau!

FLORINDO: Neskatilak maite hauen ikusi beharko!

TRUFALDINO: Hori ikusita dago! Hitz erdi bat esatea bakarrik falta da Pantalon jaunaren aurrean. Esango al diozu?

FLORINDO: Esango zioat. Eta nola mantenduko duk emaztea?

TRUFALDINO: Ahal dudan bezala... eta Paskualek ere lagunduko dit.

FLORINDO: Hobe izango huke hori baino zentzudunagoren batek laguntzea! (Bere gelara sartuz).

TRUFALDINO: Aurrerantzean ez banaiz zentzudunago bihurtzen, nireak egin du! (Florindoren atzetik).

 

 

IV KOADROA

 

(Pantalonen etxeko aretoan)

 

PANTALON: Tira, Klarisa, ez zaitez kaskagorra izan! Silbio jauna damuturik datorkizu eta berriro eskua eskatzen dizu.

SILBIO: Nire nahigabea zeureaz neurtu, Klarisa anderea, eta onar ezazu nire egiazko maitasuna.

DOKTOREA: Neure erreguak semearenari gaineratzen dizkiot. Klarisa anderea, nire errain maite hori, erruki zakizkio gizaixoari: burua galtzeko zorian ibili da-eta!

ESMERALDINA: Batekin zein besterekin ezkondu behar duzunez gero, gaixoei esaten zaiena esango dizut: sendagaia hartu beharrean zaudenez gero, har ezazu eta kito!

PANTALON: Entzun al diozu? Esmeraldinak sendagai deitu dio ezkontzari. Eta hartu behar denean hartu beharra dago, batzutan pozoi-zaporea badu ere. (Doktoreari, isilka) Bere setatik atera behar dugu.

DOKTOREA: Ezkontza ez da pozoia, ez sendagaia, goxokia baizik.

SILBIO: Klarisa maitea, ez al duzu hitzik ere esango? (Belauniko) Hona hemen zure oinetan. Erruki zakizkit.

KLARISA: (Silbiori, hasperenka) Bihozkabea halakoa!

PANTALON: (Doktoreari, isilka) Entzun al duzu hasperen hori? ...Seinale ona!

DOKTOREA: (Silbiori, isilka) Ekin!

ESMERALDINA: (Aparte) Hasperenak, oinazkarrak bezala, euria ekartzen du.

SILBIO: Nire ustezko bihozgogorkeriaren ordainetan odola eskatuko bazenit, gogoz emango nizuke. Baina neure zainetako odolaren ordez, dagoeneko nire begiei dariena eskaintzen dizut. (Negarrez).

PANTALON: (Aparte) Bapo, mutil!

KLARISA: (Lehen bezala, baina samurrago) Bihozkabe hori!

DOKTOREA: (Pantaloni, isilka) Amore eman du!

PANTALON: (Silbiori, altxatuz) Aupa! Zutik, mutil! (Eskua hartuz) Zatoz hona (Klarisaren eskua hartuz) Zatoz zu ere hona. Bapo! Berriro emazkiozue eskuak elkarri. Joanak-joan. Negarrik ez gehiago. Poztu zaitezte! Nahikoa da eta Jainkoak bedeinka zaitzatela! (Bien eskuak elkartzen ditu).

DOKTOREA: Oso ongi! Egina dago!

ESMERALDINA: Egina dago, egina dago!

SILBIO: Klarisa anderea... begiraidazu, egina dago!

KLARISA: Esker beltzekoa!

SILBIO: Maitea!

KLARISA: Basapiztia!

SILBIO: Bihotza!

KLARISA: Gaizto alena!

SILBIO: Pospolin hori!

KLARISA: (Hasperena) Ah!

PANTALON: (Aparte) Hau badoa!

SILBIO: Barkatu, Jainko maitearren!

KLARISA: (Hasperenka) Barkatu dizut!

PANTALON: (Aparte) Joan da!

DOKTOREA: Tira, Silbio... barkatu dizu!

ESMERALDINA: Gaixoa prest dago: emaiozu sendagaia!

BRIGELA: (Iritsiz) Zure baimenarekin... Sar al daiteke?

PANTALON: Sar zaitez, Brigela jauna. Zu zara ipuin polit guzti horiek eta nire etxera etorri zena Federiko jauna zela nik sinestu izanaren erruduna, eh!

BRIGELA: Nork ez zuen ba ale hori irentsiko, jaun maite hori? Intxaurraren bi atalak bezain berdinak ziren antzean bi anai-arrebak. Soinean zekartzan jantziekin, ziurtatu nuena besterik ezin ziurtatu.

PANTALON: Tira, nola nahi ere, dena pasa da. Zer berri dakarzu?

BRIGELA: Beatriz anderea nirekin etorri da eta zuk har dezazun nahi du.

PANTALON: Sar dadila! Atsegin handia dut...! (Badoa Brigela).

KLARISA: Beatriz gaixoa! Eskerrak dena ongi bukatu denari!

SILBIO: Erruki al diozu, ala?

KLARISA: Bai, bene-benetan!

SILBIO: Eta niri?

KLARISA: Bihozkabe hori!

PANTALON: (Doktoreari) Entzuten al dituzu elkarri trukatzen dizkioten maite-hitzak?

DOKTOREA: (Pantaloni) Nire semeak era onak ditu.

PANTALON: (Doktoreari) Nire alaba gaixoak bihotz ona du.

ESMERALDINA: (Beretzako) Eta biak ondo baino hobeto uztartuko dira.

BEATRIZ: (Brigelarekin batera) Jaun-andreok! Hona hemen non natorren neure desenkusak eskaintzera eta nigatik nozitu behar izan duzuen guztiarengatik barkeske.

KLARISA: Baita zera ere, adiskide nirea, hutsa! Zatoz hona! (Besarkatuz).

SILBIO: (Besarkadarengatik mindurik) Nolatan, gero?

BEATRIZ: (Silbiori) Zer, bada? ...Emakume bati ere ez?

SILBIO: (Aparte) Janzkera horrek oraindik ikaratan jartzen nau.

PANTALON: (Beatrizi) Ba al dakizu emakumea izateko, eta horren gaztea bestalde, gainezka darizula kemena?

DOKTOREA: Oldar handiegia dakarzu, ene anderea! (Beatrizi).

BEATRIZ: Maitasunak egundokoak egin arazten ditu.

PANTALON: Aurkitu duzu zeure maitalea, ezta? Hala esan didate.

BEATRIZ: Bai, gozamen galanta eman dit zeruak!

DOKTOREA: Hori da ohorea gordetzeko modua!

BEATRIZ: Jauna, zuk ez duzu zer ikusirik nire arazoetan!

SILBIO: Aita jaun maitea, nork bere arazoak konpon ditzala. Ez hartu horrenbeste neke, orain pozik nagoenez gero, mundu guztia atseginetan ikusi nahi nuke. Ba al dago beste ezkontzaren bat oraindik ospatzeko?

ESMERALDINA: Aizu, jauna! ...Nirea behar bada (Silbiori).

SILBIO: Norekin?

ESMERALDINA: Lehenengo datorrenarekin.

SILBIO: Bila ezazu, ni hemen nago-eta!

KLARISA: Zu zertarako? (Silbiori).

SILBIO: Dote pixka bat emateko.

KLARISA: Ez dugu zure beharrik.

ESMERALDINA: (Beretzat) Jango ote duen beldur da. Gustoa hartu dio.

TRUFALDINO: (Burua agertuz) Errespetoz agurtzen zaituztet, jaun-andreok!

BEATRIZ: Eta Florindo?

TRUFALDINO: Itxaroten dago. Onar dezaten nahi du.

BEATRIZ: (Pantaloni, kontsulta-gisa) Pantalon jauna...

PANTALON: Adiskide al duzu?

BEATRIZ: Senargaia.

PANTALON: Besterik ez genuen behar!

BEATRIZ: (Trufaldinori) Joan eta ekar ezak.

TRUFALDINO: (Esmeraldinari, isilka) Agur zuri, neskato.

ESMERALDINA: (Trufaldinori, isilka) Baita zuri ere, jauna.

TRUFALDINO: (Lehen bezala) Hitz egingo dugu.

ESMERALDINA: (Lehen bezala) Zertaz?

TRUFALDINO: (Eraztuna sartzearen keinua egiten du) Onartuko bazenu...

ESMERALDINA: (Lehen bezala) Eskatuko bazenu...

TRUFALDINO: Hitzegingo dugu (Badoa).

ESMERALDINA: (Klarisari) Anderea... aurrean zaudetenon baimenarekin... mesede bat eskatu nahi nizuke.

KLARISA: (Esmeraldinarekin aldenduz) Zer nahi dun?

ESMERALDINA: Ni ere ezkontzeko asmotan dabilen neskatxa naiz. Beatriz anderearen zerbitzariak emaztetzat nahi nau. Haren aurrean bitartekotza egingo bazenit... Neure zoriona zuri zor izango nizuke!

KLARISA: Bai, Esmeraldina maitea, atsegin handiz egingo dut. Lehendabiziko aukeraz baliatuko naiz Beatrizekin hitz egiteko. (Bere lekura doa).

PANTALON: (Klarisari) Isilpekoak al ditugu?

KLARISA: Hutsa da, jauna.

SILBIO: (Klarisari, isilka) Nik ere ezin al nezake jakin?

KLARISA: Hori jakinahia! Eta gero gutzaz, emakumeotaz, hitzegiten duzue! ... (Florindo eta Trufaldino iristen dira).

FLORINDO: Zuen zerbitzari txit umilak agur, jaun-andreok (Diosal orokorra, Pantaloni) Zu al zaitut etxeko jauna?

PANTALON: Zure zerbitzuko.

FLORINDO: Esanera jartzen natzaizu. Honez gero, Beatriz andereak emana dizu gertatutako guztiaren berri.

PANTALON: Pozten naiz ezagutu eta agurtzeaz, eta gainera, bihotz-bihotzez pozten naiz zure benturagatik.

FLORINDO: Beatriz anderea izango dut emazte eta ohore egiten badiguzu, gure hitz ematean zu aitabitxi izatea nahi nuke.

PANTALON: Egin behar dena, lehenbailehen egin bedi.

FLORINDO: Prest nauzu, Beatriz.

BEATRIZ: Hona hemen nire eskua, Florindo.

ESMERALDINA: (Aparte) Kontxo! Ez dabiltza muzinkeriatan, ez!

PANTALON: Gero garbituko ditugu kontuak. Orain zeureari ekin, gurea etorriko da-eta.

KLARISA: (Beatrizi) Hau pozaren poza!

BEATRIZ: (Klarisari) Ni ere pozik nago zugatik!

SILBIO: Jauna, ezagutzen al nauzu? (Florindori).

FLORINDO: Bai, ezagutzen zaitut. Duelua egin nahi zenuen hura zara.

SILBIO: Eta zoritxarrez egin ere egin nuen, eta zuk harma kendu eta ia ia hil ninduzun (Beatriz seinalatuz).

BEATRIZ: Hobe zenuke bizia eman dizudala esatea. (Silbiori).

SILBIO: Bai, egia da.

KLARISA: Bai, baina nire bitartez izan da (Silbiori).

SILBIO: Egia da.

PANTALON: Dena konpondu da, dena burutu da.

TRUFALDINO: Oraindik falta da zerbait, jauna...

PANTALON: Zer gero?

TRUFALDINO: (Florindori, aparte eramanez) Hitzerdi bat nahi nuke zurekin.

FLORINDO: Zer nahi duk?

TRUFALDINO: Badakizu nola agindu didazun... (Geldituz).

FLORINDO: Zer? Ez nauk gogoratzen.

TRUFALDINO: Pantalon jaunari galdetzea ia Esmeraldina emaztetzat ematen didan.

FLORINDO: A, bai! Oraintxe egingo diat.

TRUFALDINO: (Aparte) Nik ere, mundu guztiak bezalaxe, badut neure bihoztxoa!

FLORINDO: Pantalon jauna, hauxe bada ere zurekin tratatzeko izan dudan lehen aukera, ohore dut mesede bat egiteko eskatzea.

PANTALON: Eska ezazu, arren. Nire esku badago zerbitzatuko zaitut.

FLORINDO: Nire zerbitzari honek zure mirabea nahi du emaztetzat. Ba al duzu eragozpenik baimena emateko?

ESMERALDINA: (Aparte) Ene bada! Hau da ona! Beste batek ere nirekin ezkondu nahi duela? ...Nor demontre ote da? Ezagutuko banu behintzat!

PANTALON: Niri dagokidanez, emana dago baimena. (Esmeraldinari) Eta hik, zer dion?

ESMERALDINA: Zer eskaintzen didan ikusi behar, jauna...

PANTALON: (Florindori) Gizon prestua al da zure zerbitzaria?

FLORINDO: Oraintsu ezagutu badut ere, fidatzekoa dela uste dut eta gizon trebea.

KLARISA: Florindo jauna... nik neure aldetik mirabea Beatriz anderearen zerbitzariarentzat proposatu behar nuela gogorarazi didazu. Baina zuk zeurearentzat eskatu duzunez gero, bego horretan.

FLORINDO: Ez, ez! Aldez aurretik hitza emana zenuenez gero, bertan behera uzten dut neure eskaria eta zeure eskuko zara.

KLARISA: Inoiz ez dut onartuko nire nahiak zureari hobesterik! Gainera, egia esateko, ez dut hitzik eman. Eutsi zeure eskariari.

FLORINDO: Ezin dut onartu! Pantalon jauna: baztertzen dut esana. Ez dut neure zerbitzariaren alde bitartekotzarik egin nahi! Gehiago oraindik: ezkontza horren aurka jartzen naiz buruz-buru.

KLARISA: Zurearekin ez bada, bestearekin ere ez da ezkonduko! Ez nago zure aurrean neure burua gutxiesteko.

TRUFALDINO: (Aparte) Hau duk ona! Hauek elkarri zuriketan eta ni emazte gabe geratuko nauk!

ESMERALDINA: (Aparte) Ikusten nago; aukeraren maukera azkenean okerra!

PANTALON: Tira, ea konpontzen dugun hau! Neskatila honek ezkontzeko gogoa du. Emaiogun batari zein besteari.

FLORINDO: Nireari, ez! Klarisa anderearen aurrean ez dut gizalegerik hautsi nahi.

KLARISA: Nik ere ez nuke onartuko inondik ere Florindo jaunaren aurrean nabarmen geratzerik.

TRUFALDINO: Jaun-andreok... nik konponduko dut auzi hau. Florindo jauna, ez al duzu eskatu Esmeraldina zeure zerbitzariarentzat?

FLORINDO: Noski, herorrek entzun duk.

TRUFALDINO: Eta zuk, Klarisa anderea, ez al zeneukan Esmeraldina Beatriz anderearen zerbitzariarentzat hautaturik?

KLARISA: Hori zen nire asmoa.

TRUFALDINO: Beraz, horrela bada... emaidazu eskua, Esmeraldina!

PANTALON: (Trufaldinori) Orain heuretzat nahi al duk?

TRUFALDINO: Neu... neu naiz Florindo jaunaren... eta Beatriz anderearen zerbitzaria!

FLORINDO: Nola?

BEATRIZ: Zer diok?

TRUFALDINO: Bare zaitezte. Florindo jauna, nork erregutu dizu Pantalon jaunari Esmeraldina eskatzeko?

FLORINDO: Hik.

TRUFALDINO: Eta zuk, Klarisa anderea, norentzat izan behar zuela Esmeraldina uste zenuen?

KLARISA: Hiretzat.

TRUFALDINO: Ergo, Esmeraldina nirea da!

FLORINDO: Beatriz anderea, non da zure zerbitzaria?

BEATRIZ: Hona hemen. Trufaldino da.

FLORINDO: Trufaldino. Nire zerbitzaria da bera!

BEATRIZ: Paskual ez al deritza zureari?

FLORINDO: Paskual? Hori da zurea!

BEATRIZ: (Trufaldinori) Zer nahaste-borraste duk hau? (Trufaldino keinuz barkeske hasten da).

FLORINDO: Ah! alproja halakoa!

BEATRIZ: Ah! zirtzil alena.

FLORINDO: Bion zerbitzari izan haiz aldi berean!

TRUFALDINO: Bai, jauna, halaxe izan naiz. Ohartu gabe sartu naiz honetan: frogatu egin nahi nuen. Laburra izan da, egia da, baina orain arte inork agirian jarri ez izanaren aintza inork ez dit ukatuko. Esmeraldinaganako maitasunak menperatu nau. Hamaika buruhauste izan dut, hamaika istilu sortu dut... baina komeriante ona naizenez gero behintzat, barkatuko didazuela espero dut!

 

AZKEN OIHALA

aurrekoa