|     59 zenbakia, 1983ko ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EKITALDIA

 

        Antzeztokia: jangela txukuna.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

MIREN eta ARANTXA.

 

(Biak josten; alabatxoa alki txiki batean).

 

MIREN: Ez al den jolasera joan bear?... Ire aizpek aspaldi utzi ziotenan lanari...

ARANTXA: Ertz au bukatu artean ez beintzat... Auxe biarko ez uztea ipiñi zait emen. (Beatza bekokian jarririk).

MIREN: (Parrez eta alaba maitero laztanduaz). Ai nolako etxekoandre egokia daukadan nik etxean!... (Bat-batez bendu, ta, arpegi itzalez, gora begira gelditzen da).

ARANTXA: (Urduri). Amatxo... negar? (Miren'ek laisterka malko bi legortuta, josten darrai, ez erantzuteko tankeraz. Arantxa jeiki, ta besoak aman lepoan ezarriaz). Zer dezu, ama? Neri esango ez?...

MIREN: (Ixillunea; gero bere arteko bezela). Nere aur guziek ik bezela laztanduko ba'nindite!... Iri beste ajola ba'litzazkiote nere malkoak!... (Berriro negarra legortuz).

ARANTXA: Zer diozu, amatxo?... Ez al zaitugu ba guziok maite?

MIREN: Ez zekiñat!...

ARANTXA: Nork laztantzen ez zaitu?

MIREN: Nork... nork! (Pixka batean isillik egonda). Yon'ek, maite!

ARANTXA: Ara berriz!... Ori da ba!... Amatxo: gizon aundia baitda! Ja, ja, ja! Polita litzake! (Benduz) Baiño... maite gaitu, ama. Berak ere ba-daki laztantzen.

MIREN: (Garratz xamar). Bai. Norbait laztantzen din, noski... !

ARANTXA: Orra ba... Zu ez... lotsatu egiten dalado edo. Baiño... norbait... norbait... (Irriparrez ta begi-kiñuka) Bai al-dakizu nor, ama?...

MIREN: (Kezkaz, alabari begi-begietan begiratuz). Nor?

ARANTXA: (Arro-arro) Ni!

MIREN: (Arrituta) I?

ARANTXA: Esango dizut, ama. (Alkia aurreratuz) Baiña! (Beatza ezpaiñetan ipiñirik).

MIREN: Bai, emakumea.

ARANTXA: Ba, lengo batean, amona ikustetik etorrita...

MIREN: (Garratz) Bai; amona ikustetik!...

ARANTXA: Zer?...

MIREN: Ezer ez. Jarrai zan, maite...

ARANTXA: Ez, ez, ez! Zergatik esan dezu: «Bai, amona ikustetik» asarre bezela?... (Miren'ek ez dio erantzuten) Eee?... Esan nai ez neri?... Nik ere ez ba zuri, orratx! (Alkia aldenduz).

MIREN: (Parrez) Tira, tira, pertxanta!...

ARANTXA: Yon amonarena joatea ez al dezu nai?...

MIREN: Bai, ume, bai... Naiko ez diñat ba?... Tira, esan; nere maitea aiz-ta...

ARANTXA: (Alkia berriro urreratuz) Ba... Olaxe... amona ikustetik etorri zan batean, ementxe nere aldamenean exeri, ta... oso illun zegon... Nik begi zearka begiratzen nion noizean bein, baiño bera ez zan oartu ere egiten, geldi-geldirik leiotik sartzen zan eguzkiari begira... Nere artean egiten nuan: «Zer ote du?» Ta, alako batean, non ikusten dizkiot begietan bi malko lodi-lodi!... Ua parregurea eman zidan Yon negarrez ikusteak!... Esan nion: «Eeee, Eeee! negarrez, negarrez!» —Orduan berak xamur xamur begiratu zidan, parre egin naiez bezela malkoak legortu zitun, eta esan zidan: «Ator nigana, Arantxa». Joan nintzaion... Esku biekin burua bigun-bigunki artu, ta astiro begiratu izan ninduanean, ementxe (bekokian) musu luze-luze bat eman zidan... Burua utzi zidanean beste bi malko zeuzkan begietan, lengoak baiño lodiagoak... Baiñan orra; aiek ez zidaten parregurarik eman. Zergatik ez nekiala ere, erruki izan nion, eta, arrezkero... Yon asko asko maite det! —Berriro exeri nintzan, eta geroxeago, itzik atera gabe, alde egin zuan. Nik ez nion ezer galdetu, ezer esango ez zidala igerri bainuan... (Ixilunea) Ama, zergatik egiten ote zuan negar Yon'ek?...

MIREN: Ez zekiñat, maite. (Berekiko) Biotzik ba ote du ba, Jauna?...

ARANTXA: Zer? berriz negarrez?... Auxen da lana! Etxe ontako guziak negarrez, ta ni bakarrik parrez beti! Ez ba!... Oraingoan (Eskua begien aurrean jarririk) neronek ere egin bear det. —Ezin!— (Begiak beatzaz txistuz igurtzi ondoren) Jas! Ezin, onela ere!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, MARTIÑE ta ANDRE XERAPI.

 

(Sartzerakoan, ama-alabak begiak legortzen arkitzen dituzte)

 

MARTIÑE eta XERAPI: Arratsalde on Jainkoak dizutela...

MIREN: Bai zuei ere.

MARTIÑE: Zer da etxe ontan? Biok negarrez?...

MIREN: Txantxetan ari giñunan.

ARANTXA: Ni txantxetan; ama, benetan...

MARTIÑE: (Miren'i) Zen den?... Betikoa?...

ARANTXA: Yon'ek maite ez duala dio!... Zer deriskiozu, izeba?... Laztantzen ez dualako! Ja, aja, aja... Gaiñera, amona ikustera joaten dalako asarretu egin da...

MARTIÑE: Amona ikustera! Ez din azal-gaizto orrek amona txarra!

ANDRE XERAPI: Ori esan, ori! Je, je... Erri osoak ba-daki Yon'en amona-ikusteak zer diran!...

ARANTXA: (Oso illundurik) Zer? Zuek ere bai?...

MIREN: Tira, maite; nexka txikiak andreen aurrean isildu egiten ditun. Baratzara joango ba'intzana...

ARANTXA: (Asarre-xamar) Ez det txintik aterako; baiño ertz auxe bukatu bear det. (Bere alki txikia artu, ta bekoki illunez gelako txoko batean exertzen da).

MIREN: Exeri zaitezte, exeri. (Exertzen dira).

ANDRE XERAPI: Bai, enetxoa, bai.... Aurrak azi itzazu orretarako.

MARTIÑE: Egia! Beren bearrik aundiena danean, neska motz baten atzetik txoro-txoro asi ditezen!...

ANDRE XERAPI: Etxekoetaz aztuta!...

MARTIÑE: Beren bearkunari astun iritzita! Ero, biotz-gabe alenak!

MIREN: Arren, ago isilik... Nere semeaz orrela jarduten entzuteak min egiten zidan... ama bait-naun. Gaiñera... orain arte ez den gaiztoa izan.

MARTIÑE: Bai, atera adi beti bezela bere alde.

ANDRE XERAPI: Ez, ire aizpa izpidean zegon. Yon seme on bat izan den beti. Langillea, zuzena, txintxoa, neskatxik onenaren gai. (Mirenengana biurtuaz) Baiño orretxengatik da negargarria, iñoren baimenik gabe, etxekoen iritzia eskatzeke, nolanaiko neska andregaitzat artzea... Ez zenioke utzi bear...

MIREN: Ogei ta bost urte ditu: ez natzaio ni aurrean jarriko. Gaiñera, neskatxa opa dala entzun izan det... Ori bai; arditik ez dula...

ANDRE XERAPI: Ona... ona... Oso buru-ariña... Jai ta mutil-zale purrukatua, ta... Tira; iñortzat gaizki jardutea ez dago ondo ta isildu egingo naiz; baiño... ez dira oso politak nik entzun ditudan gauzak... Nere alaba batetzaz olakoak esango ba'lira, kalera erteten ere lots nintzake. Bai; ez du olako akatsik nere Garbiñe'k, eta diruz ere eman genezaioke zerbait. Baiño, alaz ere, bestelako oiek maitagarriagoak bet. Bai! Mutil itsuak!...

MIREN: Ezin ditezke siñistu jendearen esan guziak...

MARTIÑE: E? Andregaiaren alde ere bai?...

MIREN: Iñoiz nere erraiña izan diteken, eta ez diñat bere izena beztutzen iñoren lagun izan nai. Gaiñera, ondo dakin eorrek nondik ikasi izan dedan nik neskatx orren berri.

MARTIÑE: Bai, egia den; nik ere ez diñat iñoiz orren kaltezko esanik entzun; baiño Xerapi'k diona ere aintzakotzat artu bear diñagu.

MIREN: Ona siñistu naiago diñat, marra baiño.

ANDRE XERAPI: Damutu lezaizuke...

MIREN: Ez dakit. Baiño ni atsekabetzen nauena ez da mutillak nere iritziaren gibel andregaia artzea. Oso polita da etxeko guztien atsegiñez norbere aurren ezkontzak egitea. Baiño, askotan, olako uztarria ez da uztartuen atsegiñekoa izaten. Biotza zer dan badakit; nik ere maite izan bait-det. (Aizpari) Ik ez den maite izan eta gauza auek ezin uler ditzazken ondo...

ANDRE XERAPI: Zer zaitzu ba samiñ?...

MIREN: Ara: etxeari Yon'ek eusten dio. Ba-dakizu, Yon'en lanetik janbearrean gera ni ta bere arrebatxoak. Beraz, Yon'i, eskuak utsik dakarzkian neskatxa batekin ezkontzeko, gu gatzaio galazpenik aundiena; bakarrik izan ezkero, noiz-nai ezkontze al baitlitzake. Noski, guri jaten eman-bearrari astun iritzita da... Beti isil, beti itzal, bere kezkak amari aitortu nai ez dizkiola... Ori zait samin: ama bat geiagotzat ezin artua. Andregairik duanik ere ez dit esan. Larunbata etorri, ta amona ikustea ala beste edozein maratilla dala, alde egin. Gero, etortzen danean, nere igesi dabil, andregaia nai baiño lenago utxi-bearrak niganako asarrea eragingo ba'lio bezela. Gaur, oraindik ez dakit etorria dan. Amari agur egiteko ez du ito bear aundirik izango, ez! (Isilunea) Bai; ez du aita bizi... (Isilunea) Niganako maitetasunik eza! Orixe! Besterik ez zait samin.

MARTIÑE: Ai txoroa alena! Ori guziori guk esan ba'geniñan, aterako intzanan su ta gar semearen alde!...

MIREN: Utzi nazan... (Isilunea; gero, lenagoko esaldiari jarraituz bezela). Baiño... gu galazpen ba'gatzaio, ez du luzaroko galazpenik. Eskera erte naiago, iñorganako zor-antzean egon baiño. Nere zamari astun ba'deritzo, ez nau bizkarretik bota bear izango: neroni kenduko natzaio gaiñetik. Aske da. Ezkon bedi nai ba'du!

MARTIÑE: (Andre Xerapi'ri) Jas! Ikusi al den olako emakumerik? Ez zekiñat zer egingo nioken! (Miren'i) Orixe den ba zorakeriak esateko gogoa! Emen ez zion nik beti esan izan diñadana baizik: (urrengo itzok geldi, sendo ta nagusiro) Yon ezin leiken ezkondu, ta ez den ezkonduko; alperrik zebillen. Ezkondu baiño aurretioko eginbearrik ba-zeukan. Astia galdu ta neskari galduarazten zion, asmo on burutan erabilli utsaz!... (Jeikiz) (Xerapi'ri) Ta goazenan; bederatziurrenerako kanpaia jo ziñen-ta.

ANDRE XERAPI: (Jeikiz) Goazen, bai. Berandu da.

MARTIÑE: (Miren'i) Ez al ator i?...

MIREN: Ez, lanez losita natxegon-ta; baiño ateraiño lagunduko dizutet. (Joan).

ARANTXA: (Erteterakoan guziai begi-zearka begiratuaz) Agur, agur... Txoko ontan bi belarri zeudela aztu zaiote oso.

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

ARANTXA ta YON

 

YON: (Arantxa ikusi gabe) Tira ba... Etxean nauk orratik! (Geldiune laburra) Bildur naiz ama ikusteko... Zer esan bear diot?... —Jas! Gezurretan ibilli bear, gezurrari gorroto bizia diodalarik!— Iru egun auek non igaro ditudan galdetzen ba'dit? Oraintxe zer asmatu ez dakit... Onela ezin jarraitu gentzake, adiskidea... Ta... egia esateko, berriz, ausardirik ez! Andregaia dedala: orra nere gaiztakeri guzia... Baiño on agertuko ba'nio —nere ama ezagutzen det—, gutxien gutxienez bera ta bere alabatxoak etxetik bota nai ditudala uste izango luke, biar goizerako... nere biarkunaren zama astun au lepo-gaiñetik kendu-naian nabillela... Jauna, sail onen erabaki-bidea Zugan utzia daukat: zuzendu itzazu gauzak onenetik: (Arantxa ikusiaz) Ara! Or al intzan i?... Ez den lanerako gogo makala!

ARANTXA: Aurki azkena!

YON: Ator onontz, ator... —Exeri nere aldamenean— Arantxa, galdera txiki batzuek egin bear dizkiñat; esango al didan egia?

ARANTXA: Bai. Ea...

YON: Amak esan al du nitzaz zerbait egun auetan?...

ARANTXA: Amak, eta izebak, eta Andre Xerapi'k ere bai...

YON: Orrenak ez esan. Amak eta izebak zer esan dute?

ARANTXA: Andregaia dezula ta ezkondu-naian zabiltzala.

YON: (Arranoa! Ba-dakite!)

ARANTXA: Zure amona-ikusteak zer diran ondo dakitela...

YON: (Guzia... —Obe!)

ARANTXA: Ezin ezkondu ziñezkela, ta ez zerala ezkonduko. Ta asmo orretan ba'zabiltza, astia galdu ta neskatxari galdu-arazi egiten diozula.

YON: (Oso sututa) Nork esan du on?...

ARANTXA: Izebak. —Eta esan ere egin det nere artean: —«Orren zailla ote da ezkontzea, Yon'ek ez al izateko?» —Zer da ba? Tira: emaztegaiak soiñeko zuri apain bat bear duala... Orixe... —Baa!... Neronek ere egingo nioke! —Gero, berriz, biok elizara joan, puska batean alkarren ondoan belauniko egon, eta kito... Olako gauza zailla al-da ba ori, Yon?...

YON: (Irripar samiñez) Batzutan bai, Arantxa... Ta orain, oa baratzara; utzi nazan bakarrik.

ARANTXA: Bai, oraintxe ninjoan, ertz au bukatu bait-det. Baiño (zurikari) lengoan bezela musu bat emango ba'zenidake...

YON: (Parrez) Bai, eder orri. Ator... (laztantzen du) Agur, Arantxa.

ARANTXA: Agur. (Atetik, beatza ezpainetan duala) Isilik gero! (Bijoa).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

YON bakarrik

 

        (Batetik bestera asarre aundiz dabillela) Ezkondu ezin!... Ezkondu ez!... Astia galdu!... Astia galdu-arazi!... Oria emen ezkondu ezin diteken mutilla! Beste edozer gauzetarako Jaungoikoa bada; ezkontzeko, ez! Esan akiok amari praille joan nai dekala; ta amak eta izebak eta erriko atso guztiak esango ditek: «Oa, oa... Jainkoa goian zegok bai, ta txoriai begiratzen dion Aitak ez ziguk guri bere laguntza ukatuko». Baiño... ezkondu? Ez dezula gutxi uste! Ni, nere biotzak aukeratutako neskatxarekin, ezkondu?... Bai zera! Ez gaur ta ez biar! Ederki eman ere! Bein ere ez! aitzen?... Ezin niteke ezkondu, ta ez naiz ezkonduko!

 

 

BOSKARREN AGERRALDIA

 

YON eta XABIER

 

XABIER: Bejondeikala!... Ori dek itz egitea, mutil! Ni bezala betiko mutil-zar gelditzeko asmotan beraz? (Yon lotsa lotsa eginda) —Ta? (Oso irrikari) Etorri al aiz ba? Zer dio «amonak»?

YON: Ondo... ondo-xamar... ainbestean... Oso zarra egotea, orixe...

XABIER: Je, je, je...

YON: (Berekiko) Onek ere ba-zekik zerbait!

XABIER: Zarra beraz e? Je, je, je...

YON: (Legor) Jolaserako gogo gutxi dakarkit. Agur.

XABIER: Tira, tira, ez asarretu! Ator, ator, basatia i berriz! Orain egun gutxi ezagutu ba'nauk ere, gertatzen zaikan guzia esan zaidakek. Zerbait ikasia nauk eta nere laguntzak, bear ba'da ez likek gaitzik egingo. —Tira, exeri gaitean alkarren ondoan, eta zigarro bana erre dezagun... (eman dio) Ea ba... Asi adi ire biotz bigun ori ustutzen. Nor ta nolakoa dek ire andregai ori; non daukak bera, noiztik; zeintzuk asmo dituk, noizko, alkar asko-asko maite al dezute?... eta abar... eta abar... (Guzia erdiparrez. Isilunea. Yon'ek osaban bildurti begiratzen dio, aren itzak benetan artu bear dituan ez dakiala) Arrano beltza! Mutil maitati auen gibel-bildurra! Esan-miñak irrikitzen agota!... (Beste itxoinaldi labur bat. Gero, jeikitzera bezela eginda) Tira ba,* zer egingo zaio!

YON: (Berriro exeriarazten duala) Ez, osaba. Barkatu. Benetan biotza norbaiti zabaltzeko bearrean nagokizu!...

XABIER: Ala ere, ala ere!... Itza biurtu zaionean!...

YON: Askotxo galdetu didazu; baiño ajolik ez ba'dizu, lenbizikotik asi gaitean...

XABIER: Olaxe oi dek burudunen artean.

YON: Orra ba... —Orain zazpi urte...

XABIER: Zakurra alena! Ez dek atzoko gauza!

YON: Uda Ondaurtz'en igarotzen nun. Nere biziera ederra zan, eguzki-urre ta amets urdiñez jantzia...

XABIER: Emezortzi urte ituala laburrago esan eikean; baiño tira, ez zegok ain gaizki...

YON: Ordun eta antxe ezagutu nun gaur nere emaztegai dana. Ni baiño urte betez gazteago zan: polit-polita, apala ta burutsua. Alkarrenganako zaletasuna parrez ta jolaska aurki jaio zan. Bion lagunak guk gerok baiño lenago nabaitu zuten, noski, gure gaiñean maitasunaren egada biguña...

XABIER: (Irrikari, arpegiz ben-ben baiño) Egada biguña!

YON: Osaba! Asarretu egingo naiz!

XABIER: Txist! Maitasunaren egada biguña igarri ziaten... eta?...

YON: Eta... bakarrik uzten ginduzen. Gu ez giñan ezertaz oartzen. Aur bi giñan, esateko, eta gauza bat bakarrik genekin: alkarrekin egotea oso atsegin zitzaigula... .

XABIER: Alkar maite-izatea dik ezbear orrek izena.

YON: Alkarri agur egiteko garaia etorri zanean, begi aundi eder aietan bi malko ikusi nitun. Joan zan... Orra guztia: besterik ez zan izan bion artean. Ezkon-agintza zer zan ere ez bait-genekin artean, esateko...

XABIER: (Oraingoan parrerik gabe, ta zotin bat ito eziñik) Ipui eztia!

YON: Negu osoan urrezko oroipen ura biotzean euki nun. Etorri zan berriro uda, ta alkar billatu gendun. Baiña nik ez dakit zer gertatu zitzaidan... Lenbiziko egunetan berarekin ezin itz egin izan nun, artean lagunik etorri ez ta etxekoekin ibiltzen bait-zan. Eta itz egin eziñak buruari lan eragin zion. Iruditu zitzaidan urne eder ark ezin igaro izan zuala negu osoa, erri aundi batean, beste norbaiten maite-itzak entzun gaberik...

XABIER: Zerk uste eragin zikan ori?

YON: Ezerk ere ez; irudipen gaizto bat besterik ez zan; baiña eguna joan ta eguna etorri barrendu zitzaidan oso, ta egitzat jo izan nun iñungo biderik gabe irudimenak emandako uste ura... Gaiñera, gerokoak, ibilketa aren ondorenak, aurreko urtean gogora etorri ez zitzaizkidanak, bildurtu ninduten... Laiñopetik bezela erteten, nere galdera guztien erantzuna bezela, buruak beti itz bat zerakusdan: ezkondu... Ezkondu, ezkondu! Nere urteai eta nere euki-ezari begiratuta itz on bildurgarria zitzaidan... Zenbat urte bear izango nitun ezkondu al izateko...? Orduntxe igarri nun asko maite nula: utzi-bearra erabaki nunean: baiña orratik ere aztu al izango nula uste izan nun, bestela...! gau illun batez Jainkoari otoi auxe egin nion: maite ez ba'nindun, itzali zezala oiñazerik gabe nere garra; maite ba'nindun ordea, bere Laguntzaren bide ezkutuen bitartez alkarganatu ta bizibidea eman zezaigula. Arrezkero ez nion geiago jaramonik egin; iñoiz ezagutu ez ba'nu, edo beragandik irain aundi bat artu izan ba'nu bezela. Arpegiak ez zun nere barrena salatzen, noski... baiña, a!, nolako garraztasuna biotzean...?

XABIER: Siñisten diat.

YON: Bost irte igaro ziran. Bitartean nere biotzak ezin maite izan zun beste iñor, alegiñak eginda ere... Oraintxe urte bete berriro arkitu nun neskatx ura. Agur egin zidan buruaz eta agurtzeko asmotan gelditu nintzan berarekin, lagunak utzita. Asi giñan izketan eta uste gabe antziñako oroipenetara jo gendun. Alako batean berak galdera au egin zidan: «Eta zure asarre ura, Yon, gogoratzen al zera?» Itz auexek idiki zuten gure adiskidetasun berriaren atea... Zaletuta negon ni berari aretzaz zerbait esateko; baiño etsita negon ez nuala beinere artarako garairik izango. Luzaro itz egin genduan eta ordun igerri nun zein txoroki ta burugabe utzi izan nun bost urte lenago. Maitetasuna ez zan itzali gure biotzetan, zer egitea zegokidan? Igerri nun garai artan biotza agertzen ez ba'nio, bizi guzian izango zitzaidala damu. Beste aldetik, ukatu egiten ba'zidan ere, ez al zan obe zerbait ziur jakin, alako zalantzan jarraitzea baiño?

XABIER: Noski.

YON: Nere maitetasuna aitortu ta eskeiñi nion. Poz-pozik eman zidan baietza. Orduan esan nion; onegia izan zera; ta nere biotz osoa gutxi dezu eskertzat. Gaztetasunaren erdian bizi nai ez zuan gizona sendatu dezu; baiño zure itz on atzeratu dezakezu orain esan bear dizudana entzun ondoren: Ni, ezkondua ez naizelarik, guraso bezela naiz, guraso-orde. Nere ama alargunari ta nere arrebatxoari begiratu bearrean nago; gainera ez det ezer, nere lana besterik; beraz itxoin bearrean gera, Jainkoak nai izan arte. Irriparre egin zun, eta gorriturik esan zidan: nik ere eskuak utsik dakartzizut. Zure berri badakit, baiño itxoiteak ez dit ajola. Zuk beti maite izatea, auxe det aski.

XABIER: Neskatxa maitagarria...

YON: Orra esan jakin zenduna... Baiño, zer da ori, osaba? Begiak bustita dituzu...

XABIER: Je, je... Ez dek ezer... ez dek ezer... Nik ere nere biotza izan diat, ba al dakit? Eta bat-batean, samin-eztiak zaizkidan oroipenak astindu dizkidak barrenean... Nik ere ba-diat nere ipuia... Irea bezin pozgarria ba'litz! ... (Isilunea. Illun-illun, burua makurtuta gelditzen da).

YON: Esan, osaba... Oso alai ta ajolagabetzat zindudan ezagutu zaitudan egun gutxi auetan... Baiño zure bizitzan ere malkoak izan dirala igertzen det orain. Esan: nik ere ikasi nai det zure berri.

XABIER: Esango diat itz gutxitan. Neskatxa bat maite izan nian nik ere: ona uan baiño ez zian dirurik. —Nik ere ez, eta —auxe aitortu berrean nauk—, lanerako zaletasun aundirik ere ez. Dana dala, nere gurasoak aurka izan nizkikan. Nik ez nian biotzik izan. Bizitza illun ikusten nian, eta ez nian ik bezela Jainkoagan ipiñi nere itxaropena. Gurasoen asarre biziak zapuztuta, urrutira joatea sumatu nian, guzia aztutzeko. Ameriketara joan ninduan. Neskatxa ura ezkondu uan nik bera aztu baiño lenago. —Eta maitasun ona ukatua izan zitzaidan ezkero, maitasun gaiztora jo nian itsu-itsu.— Ta oso galdu niñuan. Bizierarik nastuena eraman izan diat. Aspertu naizenean, nere bizitza autsita arkitu diat betiko. Eta gaur —ai gauzak nola diran!— gaur ezkondu nintekek aberatsa nauk-eta; baiño biotza legor diat, eta gaiñera ez zioat iñola emakume on bati, nere ibilketa txarren errurik izan ez duan bati, gizon baten ondakiñik eman nai. Ni ez nauk ezkonduko. Baiño nik egin nuana egiteko zorian norbait arkitzen ba'diat, eskua luzatuko zioat, ta izango dik nere laguntza. Ik, Yon, artu nai ba'dek oso osoa izango dek; eta zorionekoa izango nauk, nere zoriona autsita ikusi arren, beste batena zuzendu al izan ba'diat...

YON: Osaba! Biotz aundia dezu...

XABIER: Esandakoa... Garaia deritzaikenean, nigan lagun on bat arkituko dek...

YON: Eskerrik asko, osaba...

XABIER: Baiño oroipen negargarriok utzi ditzagun. —Ez diak esan andregaia non dekan, nondik etorri aizen gaur...

YON: Loiola ta Azkoiti bitarteko etxe batean. Ur sendagarri batzuek daude an; ta aiek artzen aren aide batzuek. Aurten ezin joan izan da nere amonaren errira ta gure alkar-ikusteak erraztearren or gelditu da.

XABIER: Ta amak ez al dik ezer esan?

YON: Ez, baiño oraintxe gauza batzuek jakin ditut.

XABIER: Ea nolakoak.

YON: Izebak esan duanez «ni ezin ninteke ezkondu ta ez naiz ezkonduko»?

XABIER: Ni ere ezin ezkondu niñuan... Obe bai astakeri ori siñistu ez ba'nian!

YON: Ta bai al dakizu zer bururatu zaidan? Gaur bertan amari esan bear diot praille noala...

XABIER: Zertarako?

YON: Ikusiko dituzu guziak oniritzia ematen... «Zer egingo degu? Jainkoak ez gaitu goseak iltzen utziko»... Ta nik esango diet: —Zer? Ezkondu, amari ta etxekoei begiratu bearra dedala-ta, ezin ninteke ezkondu... Ezin ninteke ezkondu ez gaur ta ez biar... Baño praille joan? Oraintxe bertan, etxekoak marru gorrian utzita bada ere... Ori bai! Ta ezkontzarako deia ez al da prailletzarako deia bezin entzungarria, ain donea ez ba'da ere?

XABIER: Ederki sumatua zegok. Ik egin zak ori, ta ikusiko diagu zer esaten duten... Gero, utzi zaidak neri gaiñerontzekoa, izlari ona nauk-eta... Goxoak ipiñiko dizkiat emakume oiek...

YON: Ai zazu... Ama datorrela uste det... Utzi nazazu bakarrik...

XABIER: Bai, ama dek... Agur eta ez bildur izan. (Joan).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

YON eta MIREN

 

MIREN: Emen al aiz? Arkitu nai induan. Biziera onexek aspertu eragin zidak, eta etz egin bear diagu... Ba-zekiat andregaia dekana ta ezkondu-naian abillena.

YON: Ama...

MIREN: Ba-zekiat gaiñera, ori egiteko ni ta ire arrebak gaitukala galazpen.

YON: Baiño, ama...

MIREN: Ez, alperrik dek; ire arrebak eta ire ama ez dituk gaurtik aurrera galazpen izango... Erruki-etxera joan naiago diat orrela bizitzen jarraitu baiño...

YON: Ama, ixo!

MIREN: Ixo, ixo... (Negarrari emanda) Geiegi isildu nauk... Ezkondu egin nai aldek? Ezkondu adi! Joango nauk ni nere umeekin...

YON: Erotu egin al zaizu, ama?

MIREN: Erotu, erotu!... Seme eskergabea!... Non izan aiz egun auetan?... Joan dan igandea eta aurrekoetan nora joan intzan? Ezer ez dakitela uste al dek? Ez baiña ik esanda, noski! Gauzak ikasi ba'dizkiat atez aruztik irakatsi bear izan zizkidatek... Baiño au bukatu dek, seme; gu gora-bera, aske aiz...

YON: (Laztantzen du) Ama, orrela itz egitera etorri ba'zera, ez dizut entzun nai... Andregaia dedala... Bekatu al da? Ezkondu egin nai dedala? Andregaia ezkontzeko asmoz izaten da... Baiño, nork esan dizu ezkontzearren nere bearkunaz azteko gertu nagola? Isilik egon naizela? Ba al dakizu zegatik? Zuk orixe ez uste izatearren... Bildur nintzan zuri andregaia dedala esan utsaz, zu kaleko atean ipintzeko asmoa nula uste izango ote zendun... Ta orra! Isiltzea ez da obe izan. Orixe bera uste izan dezu... Baiño jakin zazu nik ez zaitudala orren gauza gutxitzat artu... Ezkondu nai izan ba'det, ez det bereala ezkondu nai izan; baizik Jainkoak —maitetasun garbia onesten dun Jainkoak— nai izatean baizik. Jakin zazu, nere ama izan arren, ez dezula neri esan dizkidazun gauzak esateko eskubiderik, ezta nere egiñak orrelakotzat artzeko ere. Ez bait-naiz ni zuretzat seme gaizto izan! (Exeritzen da, burua eskuetan arturik).

MIREN: (Oso baretuta urreratzen zaio) Ez, egia da; ez diat ori esaten. Baiño zergatik aiz ba orren isilla neretzat?

YON: Orrelakoa izan arren, azala latz xamarra izan arren, biotza ba-det. (Isilunea).

MIREN: Bai, nik ez diat esaten gaizki egiten dekanik andregaia izatea... baiño, etxeari begiratuta, obe uan pixka bat geiago pentsatu izan ba'uan... Etxea jaso ezakean ik ezkontza on baten bitartez... Ire andregaiak arditik ez dik...

YON: Ona da.

MIREN: Ona, ona! Oso buru-ariña... jai ta mutill-zale purrukatua... ta, ez dakit zer geiago...

YON: (Jaikita) Nork esan du ori?

MIREN: Doña Xerapi'k lentxeago...

YON: Arren! Ez zaidazu autu-batzalleen esanik aitatu! Bere alaba atsegin ez ba'zait, ez det nik errua... Ez diot ezer kentzen! Ni baño mutil oberik izango algu! Baiño, aotik neskatxa bat sartu nai ba'didazute, ori bai dala astia galtzea! (Isilunea)

MIREN: Tira, tira; ez asarretu, seme. (Isilune luzeagoa).

YON: (Orain artekoa egia; emendik aurrerakoa gezurra) Ama!

MIREN: Esan...

YON: Arritu egingo zera baiño. Esateko bildur naiz!

MIREN: Zer dek, zer dek? (Urduri) Esan guzia. Ama nauk.

YON: (Begiak lurrera dituala) Jainkoak beste bide batetik deitzen nau...

MIREN: Zer esan nai dek?...

YON: Praille noa.

MIREN: Eeee?...

YON: Bai, ama. Jainkoaren deia entzun det. Egun batetik bestera aldatu naiz, baiño bene-benetan aldatu gero... Auxe esateko asmoz itxoin dizut emen, baiño asi zera izketan zerori ta erantzun gabe ezin egon izan naiz —Barkatu itz zakarregiak esan ba'dizkizut; Jainkoaren mirabeai dagokien apaltasuna ikasi bearrean nago oraindik...

MIREN: (Zapia begietara). Jaungoiko aundia!... Praille! Nork uste zezakean! Egin bedi zure borondatea!... Goian zaude ta ikusten gaituzu; ez diguzu zure laguntza ukatuko!...

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, MARTIÑE ta ANDRE XERAPI

 

MARTIÑE: (Begi-zearka bere illobari begiratu ondoren) Zer degu?

MIREN: Berri aundiak (Zotinka) Yon, zerurako degu!

MARTIÑE: Zer, zer, zer?

ANDRE XERAPI: Ea, ea, ea?

MIREN: Praille dijoa...

MARTIÑE: Ezin liteke! Ai ori egia ba'litz! Ai zer zoriona beretzat eta orrelako semeak izan lezazken amarentzat! Yon, egia al da?

YON: Bai, izeba; Jainkoaren deiari ezin entzungor egin.

MARTIÑE: Bedeinkatua izan bedi zure izena, Jauna (Zapia begietara).

ANDRE XERAPI: (Auxe bai ez nuala nik uste!)

MARTIÑE: Miren, ez larritu! Etxeko euskarria dijoakizula! Zer ajola zaizu! Goian dago guzion Aita. Berak, orain arte bezela, orain arte baño geiago lagunduko dizu.

MIREN: Bai; ba-zekiñat.

ANDRE XERAPI: (Ederrak eman dizkit mutillak!) Baiño... olako bat-batean, Yon!

MARTIÑE: Utzi! Jainkoak usterik gutxienean jotzen du biotzeko atea. Askotan, munduko ametsetan eta bekatu-biderik larrienetan sartuenak gaudenean...

YON: Alaxe da!

MARTIÑE: Orain egin bear dezuna biar bertan Loiola'ra joan gogojardunak egitera... Gogoa oroipen eta amets txarrez garbitu ta zure deia sendotu.

YON: (Arranoa! (Oso pozik) Auxe ez nun uste! Zortzi eguneko oporra!)...

MIREN: Bai, Loiola'ra oa... Zer dek? Pozik al ago?

MARTIÑE: Egon ez?

YON: Bai, etxeko laztan oiek. Pozak zoratzen nago! (Andregaiarekin gogo jardunak egitera! A zer nolako egun ederrak bota bear ditudan!)

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, XABIER ta ARANTXA

 

XABIER: Arratsalde on guzioi! Emen nator, Aratxa'kin naikoa jolas egin ondoren...

MARTIÑE: Atoz, ea, atoz ea, Xabier! Ez dakik Yon! Poztu adi!

XABIER: Zer? Ezkondu egiten dala?

MARTIÑE: Ixo! Zer ezkondu ta zer...

XABIER: Ezkondu ezin ditekela... ta ezkonduko ez dala...

MARTIÑE: Praille dijoala...

XABIER: Ara!

ARANTXA: Eeee?

MARTIÑE: Biar bertan dijoa Loiola'ra, zortzi eguneko gogo-jardunak egitera.

XABIER: Ee? Loiola'ra?... (Ai! ez ago i azal txarra!) (Arantxa negarrez asten da.)

MARTIÑE: Zer den, Arantxa? (Lasterka Arantxa Yon'engana dijoa; onek esku batez burua artzen dio).

ARANTXA: Ez dedala nai Yon praille joatea... Ez praille joan, Yon. Nik ez det nai, Yon. Ezkondu zaite!

XABIER: Besoak gurutzeturik eta parrez. (Berekiko) Ori dek mutillaren alderdia! Andregaiarekin gogo-jardunak egitera!

 

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa