|     69 zenbakia, 1984ko iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

PIARRES LARZABAL
ANTZERKIGILE

 

        Gazte gazterik hasi zen Piarres Larzabal euskaraz idazten: 15 urte zituen doi-doia, Gure Herria-k argitaratu zuelarik haren lehen lana, «Larrungo Betizoak» (Gure Herria, 1930, 83-84. orr.). Artikulu laburra bainan adierazkorra, erakusten bait digu zer mutil erne ta ohartua den haren egilea. Larrungo mendiaren inguruan ez delarik euskal idazle eskasik izan —oroit Axular, Etxeberri, Hiribarren, Elizanburu, Zerbitzari eta beste guziez— ez dirudi, 15 urteko mutil gazte hori agertu arte, «behi basa arraro» horiek bazirenik ere, bihi bat konturatu denik. Bainan hori dugu hain zuzen, idazle gai egiazkoaren marka: ohartua izaitea. Eta goizik ohartua baitzen inguruko bere izadiari eta bere gizarteari gure azkaindar gaztea, lehen idazlanaren ondotik, eta hari beretik, eman beharrak zizkigun beste hameka, oro zein umoretsuago eta biziago, nahiz historiazalearen sailari lotzen zaion batzutan («Sorginak Lapurdin», Gure Herria, 1936-37, 398-407, 114-126. orr.) etnografoarenari («Eskualduna miriku», Gure Herria, 1934, 404-413. orr.) eta berdin ipuilariaren ildoari («Allande eta hiru astronomuak», Gure Herria, 1938, 209-215. orr., Euskalzaleen Biltzarraren lehen saria). Guziak bil balite, bagenuke liburu gotor baten gaia, ez bait lioke beste edozein idazlearenari zorrik [1].

        Beste sail bati lotu behar zitzaion geroxago, hots apeztuko zenean, Piarres Larzabal, hau da predikuari edo sermoiari. Prediku horietarik zenbait argitaratu dira, bai Gure Herria-n, bai «Nere Mendixkatik» izeneko liburuan [2]. Dezagun erran berehala, ez prediku horiek, ez argitaratu gabe gelditu diren Zokoako apezaren predikuak, ez direla egundaino izan, ez funtsez, ez moldez, prediku klasikoak edo berak erran lezaken bezala (Ikus «Senperen gertatua» edo «Urriki Latza») Hazparneko misionesten predikuak iduriak: Ez da horien teologia, «jesuisten kondu» eman ohi den, ez eta bai-en arteko oreka lerrakor hartan jostatzen, bainan «zuen baia, bai izan bedi; ta zuen eza, ez» dion Ebangeliotik ari da. Eta bere erakaspena zerutik lurrerat ekartzen duelarik, ez da perpaus luze ta bihurri batzuen bitartez, lehengo edo nonbaiteko eremuetan gaindi ibiltzen. Nahiz badakien ontsa horrelako hitzaldien eskarnioa egiten (Ikus «Etxahun», «Jaun ertoraren igandeko predikua»). Berak ordea egun guzietako bizian hartzen ditu bere adibideak eta erakaspenak emaiten ditu perpaus bakun eta laburrenetan, arotza itze sartzen ari den bezala, jo eta jo!

        Hazparneko eliza nagusian horrela mintzo zelarik «bikario ttipia» emaztek burua apaltzen zuten beren mantalinapean, gizonek aldiz beren selauruetan burua ongi finkaturik bi ukabiloen gainean, Xinatarren irkaitz maltzurra ezpain begiak luzatuz itxuratzen. Biharamunean bazuela aipamen bezperako predikuak lantegietako «elhe kofoinetan»! [3] Ez zuen ordea aipu horrek hanbat kezkatzen gure apeza. Ez bederen gibelatzen. Izaitekotz bere hartan gogortzen ta aintzina eremaiten, hainbestetaraino non prediku ots zenbait hautemaiten bait ditugu batzutan bai «Herria» bai «Enbata» kazetek argitaratu artikuluetan [4] eta berdin gure antzerkigilearen pasartetan.

        «Antzerkigile» zaigu bilakatu alabaina, oroz gainetik, Piarres Larzabal azkaindar idazlea.

        Hogoi urterik ez zuen, bere lehen antzerki lana argitaratu zuelarik Gure Herria-n, 1934an, «Irri eta Nigar» izenekoa (Gure Herria, 1934, 483-487. orr.). Apez gai zen oraino, «Merkatutik» bere lanarentzat lehen saria eman ziolarik Euskalzaleen Biltzarrak (Gure Herria, 1937, 290-302. orr.).

        Lehen bi lan horiek ez dute funts handirik, bainan erakusten digute horien egileak bazuela, alde batetik demendren frantseskeria kutsurik gabeko euskara aberats eta zaporetsua, eta bestetik presuna edo ekintza ezberdinen ikusteko eta marraztatzeko dohaina, hots «komedia» eder batzuen —orduan erraiten zen bezala— ontzeko beharrena.

        Handik laster hain zuzen, Larzabal apez gaztea Justin Mirande apez xaharraren laguntzaile igorri zutela Hazparnerat, badakigu. Eta ordurarte bere irakasle Piarres Lafitte-n aholkuez baliatu bazen bere lehen idazlanetarako, oraikoan bere erretoraren etsenpluari eta kontseiluei jarraikitzea askiko du Hazparneko gaztek aspaldian urtero aurkezten dituzten «komedia» berrien muntatzeko.

        «Komedia» horiek maiz badutela halako, laxoan eta presaka egin, orraztatu gabe aire bat, aitor dezagun. Bizkitartean, diren bezala ainitz gustatzen zaizkie bai arizalei, bai ikuslei. Oihala altxatzen den unetik ohartzen zara alabainan, zer den antzerkia erakusten digu egileak: adibidez, Okilomendi Jaun Mera agertzen zaigularik, eri pototsa baso bat uretan trenpan, eta bere emazteari deika ari; edo Etxahun, bere buruarekin bakarrizketan artzeko, ungidearen aintzinean, lurrean jarririk, mailua eskuan, sega mehatzeari lotzen zaigularik.

        «Etxahun» antzerki horrek, agertu orduko, izan zuen arrakastak, hain zuzen, erakutsi zuen, Hazparneko bikarioa joan zitekeela aintzineko «komedia» irri-egiteko arin eta goxo haiek baino urrun eta sakonago: kontzientzia arazo pisuenak taula gainera eremaiteraino. Horra zergatik 1953. urteak Etxahun-en argitaratze urteak bihurgune bat markatzen duen gure euskal teatroaren historian. Handik bi urtetara, euskarazko teatroaz, euskaldun ikaslei Larzabalek berak eman mintzaldia argitaratuko duelarik Gure Herria-k, ikusiko dugu Zokoako erretor berriak badituela jadanik hogoi-ta-sei antzerki lan ontuak, «obra larrienak» bakarrik aipatuz (Gure Herria, 1955, 375. orr.).

        Zerrenda luze horretan aurkitzen ditugun hogoi-ta-sei izenei eratxikitzen badizkiegu, ondotik bildu ditugun hogoi-ta-bi tituluak, berrogoi-ta-zortzi-ko kopururat heltzen gara, ez bait da guti [5].

        Berrogoi-ta-zortzi obra horietan, zenbait badira —hameka, orain arte— argitaratuak, «Gure Herria» aldizkarian, «Egan» aldizkarian, «Auspoa» argitaldarian eta «Goiztiri» argitaldarian: badira beste asko «Egan»-ek eta «Antzerti» honek argitaratu beharrak dituztenak; bainan zorigaitzez beste zenbait ez dira sekulan agertuko eta, nik uste, sekulakotz galduak ditugu, zeren —hau ere erran behar da— «autore urgulu» izpirik gabeko gizona dugu Larzabal eta bere lana egin ondoan nornahiren eskuetan uzten zuen, berak kopiarik begiratu gabe. Hala nola Donostia-ko sariketa batetara bidali zuen «Urtxilotar horiek» eta Hazparneko «kabalkada» batentzat idatzi zuen «Lehen-eta-Orai», galdutzat eman daitezken.

        Dena den, eskutan ditugun Larzabal-en antzerkiak eta ikusgarriak sailkatu nahiko direlarik, honelaxe egiten ahalko dira:

        1.— Komedia edo ikusgarri irri-egiteko eta jostatzekoak, adibidez, «Merkatutik», «Okilomendi Jaun Mera», «Xirrixti-Mirrixti», «Portu-xoko», «Herriko bozak» edo «Lau donadoak» eta «Amerikanoaren ilobak».

        2.— Tragedia edo antzerki hunkigarri eta gogoetagarriak, hauen gaia izan dadiela kontzientzia arazoa: «Etxahun», «Sarako lorea», «Urriki latza» —gizarte problema: «Bordaxuri», «Hiru ziren», «Paper mende» —edo abertzaletasuna: «Mugari tiro», «Matalas», «Orreaga».

        Obra horiek, orohar, aski forma klasikoa dute, hots frantses literatura klasikoaren bidetik doaz: gertaldi bakar bat —laburrenak— edo hiruzpalau gertalditan zatituak agertzen dira. Bere jitez ordea, edo zinemaren eraginaz —zinemaren eragina nabari bait dugu, gure iduriko teatro honetan— Larzabal-ek laket du irria ta nigarra, frantses klasikoek baino gehiago, elgarri hurbildik jarraikaraztea: Ikus «Etxahun»-en azken gertaldian, Erretoraren ta Martxelin-en elkarrizketa. Bestalde behin edo beste gure idazleari gogoratu balin bazaio Xiberoko pastoralen bidetik abiatzea: ikus «Orreaga, pastorala» edo bere antzez-taula plaza gainean jartzea: ikus «Lehen eta Orai, kabalkada», aitortu behar da, ez dela saio horietan biziki urrun joan. Larzabal-en teatroa beraz, barneko teatroa dugu.

        Obra orok bezala badauzka, han edo hemen, bere itzalak: sermoi kutsua nabari zaiola ahopaldi batzutan ja erran dugu. Ekintzak berak badu ere ezin bururatu airea, azken gertaldietan, eta lehen gertaldiak dira maiz hoberenak. Gramatikarik aipatzea zilegi bazaigu teatro lan batetan, erranen dugu azkenekotz aditz forma eta perpaus eredu zenbait badabiltzala jauzi ta punpeka, autorea bezala, Larrun eta Urtsu mendien artean, Azkainetik Hazparnera eta Hazparnetik Azkainera, berrikuste eta nonbait finkatze baten eskasez.

        Horiek oro hola bizkitartean, ez dut uste baden gure literaturan beste idazle ainitzik bere herritarren sentimendu, kezka ta gogoetak, hots herriaren bizi guzia hain barnatik sumatu duenik eta bere bereak dituen solasen bitartez taulen gainean, bizi bizia, argitaratu.

        Horra zertako Euskal Herriak zor dion Piarres Larzabal-i bere antzerki lan osoa, ahalaz, argitaratzea.

        Hona behin «Antzerti»ri esker «Matalas» [6].

 

Piarres Xarritton

 

 

        [1] Hona idazlan horien zerrenda: «Larrungo betizoak», 1930, 83-84; «Eskualduna miriku», 1934,404-413; «Sorginak Lapurdin», 1936, 398-407, 1937, 114-126; «Allande ta hiru astronomuak», 1938, 209-215; «Huntzaren faltaz», 1955, 156-160; «Xirrita pertsularia», 1958, 65-75; «Larrun ene mendia», 1958, 257-268; «Aldaira», 1959, 81-96; «Paris-en izan gira», 1959, 306-312; «Pierre Loti eta gu», 1960, 225-241; «Urdea hil dugu», 1964, 86-94; «Euskal errankizun batzu», 1973, 65-76; «Eskuina eta ezkerra», 1974, 365-370; «Eskualduna eta aroa», 1975, 54-61; «Eskualduna harri-gizon», 1975, 77-82; «Eskualduna eta landarea», 1975, 169-172; «Eskualduna eta koloreak», 1975, 401-405.

 

        [2] Hona prediku horien zerrenda: «Pertsulariei», 1958, 91-94; «Arbotin, Euskalzaleak», 1960, 275-280; «Nere Mendixkatik: ETA-ko gudariez apez bat mintzo», Dizkola argitaldaria, 1978.

 

        [3] Hazparne-ko bikarioak berak zion, herriko lantegiak «elhe kofoinak» zirela, «erle kofoinak» iduriak.

 

        [4] «Enbata»-ko artikulu gehienak editoriak moduan agertzen ziren. «Herria»-koek aldiz, askok bederen, «Goratik» izenordea zerakarten. Hauetarik baten gatik ziren auzitegietara deituak izan bai artikulu egilea, bai kazetaren buruzagia, Piarres Lafitte kalonjea, Argeliako gerla denboran.

 

        [5] Hona 1955 arteko lanen zerrenda —gaur arte inprimituak azpimarraturik—: «Irri eta Nigar», 1934, G.H. — «Bazkari hauta» — «Kontabandixtak» — «Merkatutik», 1937, G.H. — «Lau donadoak» — «Amerikanoaren ilobak» — «Jaun Kaputxin» — «Eiherazainaren astoa» — «Onddoketariak» — «Manez ohoretan» — «Okilomendi Jaun Mera», 1955, G. H. — «Gerla urte» — «Ferrando» — «Xirrixti-Mirrixti» — «Dendarietan» — «Itaitzurak familian» — «Nork hil du Oihanalde?» — «Etxahun», 1953, G.H. — «Bordaxuri», 1962, Auspoa — «Basabeltz» — «Hiru ziren», 1962, Auspoa — «Portu-xoko» — «Hila espos», 1965, Auspoa.

        Hona ere geroztik ontu lanen zerrenda: «Mutil berri», 1960, G.H. — «Herriko bozak», 1962, Auspoa — «Urriki Latza, edo Senperen gertatua», 1964, Auspoa — «Orreaga, pastorala», 1964, Goiztiri — «Urtxilo-tar horiek», Donostia-ko Agora sariketan irabazle — «Basabeltz» — «Berterretxe» — «Mugari tiro» — «Paper mende» — «Sara-ko lorea» — «Bihotz bero» — «Tuta jotze» — «Kontrabandixtaren alaba» — «Jauregiko alaba» — «Lartaun», Oiarzun-en emana, 1972 — «Lana eri» — «Infernuko dirua» — «Ihauteriak» — «Sueda-ko neskatxa» — «Otsoak artaldean» — «Oilateian» — eta «Matalas».

 

        [6] «Matalas» antzerkia lehen aldikotz eman zelarik, 1968an, Baiona-ko Teatro Nagusian, Telesforo Monzon eta Roger Idiart ziren arduratu apailu guziez. Aritzaleak berriz hauek ziren: Matalas, Xanpun, pertsulari Urrunarra; Goienetxe, Daniel Landart, antzerkilari Dohoztiritarra; Olhaibi, J. Iratzoki Urrunarra; Arkaitza, D. Esponde, pertsulari Jatsuarra; Hegobürü, Pettan Elizalde Irisartarra; Irigarai, D. Saint-Jean Ainhoarra; Etxamendi, J. B. Larretche Urrunarra; Burusoil, Ramuntxo Mugica Ziburutarra; Apezpiku, Angel Arregi, D. Lohizundarra; Zaindari, Jean Fourcade Hazpandarra; Benat, Gilbert Sallaberry Mugertarra; Ponpida, Diana, Kristiana Etxaluz Domintxindarra; Gaxuxa, M. J. Zedarri Bidarraitarra; Pantxa, Martxelina Arbelbide Heletarra; Madalen, Angela Etcheverry Lekuindarra; Calvo, Ugutz Robles Arangiz Beskoiztarra; Gobernadore, Michel Brust Arrosatarra.

 

aurrekoa | hurrengoa