|     73 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


I EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

(Erroma. Kale bat)

 

Flavio, Marullo eta plebeio batzu sartzen dira, eszenategian barrena.

 

FLAVIO: Kanpora! Zoazte etxera, alferrontziak, zoazte etxera: jaieguna al da gaur? Zer! Ez al dakizue artisauak zaretenez, ez duzuela ibili behar lanegunean zeuen ogibideari dagokion seinalerik gabe? Esan, hik zer ogibide duk?

ZURGINA: Ea, ni, jauna, zurgina naiz.

MARULLO: Non dituk heure larruzko mantala eta erregela? Zertan habil heure arroparik hoberenak aldean dituala? Eta hi, gizon, zer lanbidetakoa haiz?

ZAPATARIA: Egia esateko, jauna, artisau fin baten ondoan, zapata konpontzaile deituko zenukeena besterik ez naiz ni.

MARULLO: Baina, zer ogibidetakoa haiz? Erantzuidak itzulingururik gabe.

ZAPATARIA: Neure kontsolamendurako eskertuko didatela espero dudan ogibide batekoa: zolak ezartzen lan egiten dut, jauna.

MARULLO: Zer duk hire ogibidea, alproja hori? Doilorkume halakoa, zer duk hire ogibidea?

ZAPATARIA: Arren, jauna, erregu egiten dizut; ez galdu nirekin zeure pausoa, zeure zapataren hormarekin aurki zintezke-ta.

MARULLO: Lotsagabea, zer esan nahi duk horrekin?

ZAPATARIA: Ba, jauna, badakidala zer oinetako erabiltzen duzun.

FLAVIO: Ah, zapataria haiz orduan?

ZAPATARIA: Egia esan, jauna, larruaren poderioz eusten diot azalari: ez naiz sartzen dendari eta emakume-auzitan, baina larru-kontuan, zapata-zaharren mediku naiz: hiltzeko zorian daudenean zola-erdiak eransten dizkiet. Larrutxatan bere oinak sartu dituen guztia azkenerako nire obraren gainean jarri da.

FLAVIO: Baina zergatik ez hago gaur heure dendan? Zergatik daramatzak gizon horiek kalean barrena?

ZAPATARIA: Egia esan, jauna zapatak gastarazteko eta lan gehiago lortzeko. Baina benetan, jauna, gaur jai egiten dugu Zesar ikusteko eta beraren garaitzapenaz pozteko.

MARULLO: Zergatik poztu? Zer konkista dakar bere aberrira? Zer zergapeko dakar atzetik Erromarako bidean, bere gurdiaren gurpilak apaintzeko gatibu-kateez? Zuek, egurzatiok, harrizko gauza sorgorrak baino ere okerragook, bihotz gogorrok, Erromako gizatxarrok, ez al duzue ezagutzen Pompeio? Sarritan igo izan zarete horma eta harresien gainera, dorre eta leihoetara, bai, tximinien gainetara, haurtxoak besoetan zenituztela, eta bertan eman izan duzue egun santu osoa egonarriz itxaroten Pompeio Haundia Erromako kaleetan zehar igarotzen ikusteko: eta beraren gurdia ikusi bezain laster ez al zenuten denok oihu bat jaregiten. Tiber ibai ertzak dardarka jartzen zituena zuen heiagoren oihartzunak bere hegi sakonetan entzunik? Eta orain zeuon erroparik hoberenak jantzi, eta jai egiten duzue, eta Pompeioren odolaren gainetik garaile datorrenaren bidean loreak barreiatzen al dituzue? Zoazte, zoazte lasterka etxeetan jar zaitezte balauniko jainkoeei erreguka atzeraraz dezatela eskerbelzkeria honengatik derrigor isuri behar duten izurritea.

FLAVIO: Zoazte hara, aberkide zintzook, eta erru honengatik, bil itzazue zeuen klaseko gizon errukarri guztiak, eraman itzazue Tiberren hegietara, eta isuri negarrez zeuen malkoak haren uherkan, arik eta beheko korronteak guztiaren ertzik goituenez musu eman diezaien arte. (Badoaz plebeio denak). Ikus ea ez den hunkitu haien metal ziztrina. Beren erruduntasunean mututurik desagertzen dira. Jaitsi hortik Kapitoliorantz: ni hemendik joango naiz. Biluztu imajinak koroaz estalirik aurkitzen badituzue.

MARULLO: Egin al dezakegu? Badakizue Luperkalen jaia dela.

FLAVIO: Berdin dio; Zesarren trofeoz estalitako imajinarik ez egotea: jendaila hori kaleetatik bidaltzera joango naiz ni: zuek ere egizue gauza bera, metatzen ari dela ikusten duzuen lekuetan. Zesarren hegaletatik hazten ari diren luma hauek kentzean, garaiera normalean hegaz eragingo diot bestela gizonen bistaren gainetik goratuko litzatekeenari, denok menpetasunezko beldurretan jarririk. (Badoaz).

 

 

II ESZENA

 

(Erroma. Plaza bat).

 

(Prozesioan sartzen dira Zesar, Antonio —lasterketarako prestatua— Kalupurnia, Porzia, Dezio, Zizeron, Bruto, Kasio, Kaska, azti bat, jendetza handi bat eta gero, Marullo eta Flavio).

 

ZESAR: Kalpurnia.

KASKA: Isilik. Zesar hitzegitera doa-ta!

ZESAR: Kalpurnia.

KALPURNIA: Hemen nauzu, jauna.

ZESAR: Jarri Antonioren aurrean, beraren bidetik, lasterketa hastean. Antonio!

ANTONIO: Zesar? Jauna?

ZESAR: Antonio, ez ahaztu zeure lasterketan Kalpurnia ukitzeaz: ze gure arbasoek diote lasterketa sakratu honetan agorrak ukituz gero antzutasunaren madarikaziotik libratzen direla.

ANTONIO: Gogoan izango dut. Zesarrek dioenean: «Egizu hau», egina dago.

ZESAR: Has zaitez: eta ez utzi zerimonietako bakar bat ere.

AZTIA: Zesar!

ZESAR: Eh? Nor ari da deika?

KASKA: Zarata guztiak isil daitezela agindu, isilik beste behin!

ZESAR: Nor ari zait deika jende-estura honetan? Soinu guztiak baino ahots sarkorragoa entzuten dut «Zesar» deika. Hitzegin: Zesar itzuli egin zaizu entzuteko.

AZTIA: Kontuz martxoko idusekin!

ZESAR: Nor da gizon hori?

BRUTO: Azti bat, martxoko idusekin kontuz ibiltzeko esaten ari zaizuna.

ZESAR: Ekar ezazue aurrera; aurpegia ikusi nahi diot.

KASIO: Irten jende artetik, gizona, begiratu Zesarri.

ZESAR: Zer diozu orain? Esan berriro.

AZTIA: Kontuz martxoko idusekin!

ZESAR: Irudipenak ikusten ditu: uztagun. Aurrera!

 

(Tronpeta-hotsa. Badoaz denak, BRUTO eta KASIO izan ezik).

 

KASIO: Lasterketa nola dabilen ikustera al zoaz?

BRUTO: Ni, ez.

KASIO: Zoaz, mesedez.

BRUTO: Ez nago jolaserako aldartearekin. Antoniok daukan bizitasun hori falta zait. Ez diet traba egin nahi zure gurariei, Kasio: utziko zaitut.

KASIO: Bruto, aspaldian erreparatu naiz zutaz: ez dut aurkitzen zure begietan lehen aurkitu ohi nuen atsegintasun eta maitakortasun —itxura hura, esku gogorregi eta urrunegiaz tratatzen duzu maite zaituen zeure adiskide hau.

BRUTO: Kasio, ez iruzur egin zeure buruari. Neure begiradak estali baditut, neure aurpegiaren goibeltasuna neure buruaren aurka bakarrik zuzentzen dut. Aspaldi honetan, gatazkan dabilzkidan grinek kezkatzen naute, neure baitakoak diren gertaerek, eta agian oinarriren bat jartzen diotenek nire portaerari: baina ez daitezela nahigabetu horregatik nire adiskide onak (eta zu beraien artekoa zara, Kasio), eta ez dezatela aurrerantzean gaizki hartu nire zabarkeria, baizik eta pentsatuz Bruto errukarria, bere buruarekin guduan, besteen onginahiezko agerpenei ez diela jaramonik egiten.

KASIO: Orduan, Bruto, oso gaizki ulertu dut zure goibeltasuna, eta horregatik nire bularrak balio handiko pentsamentuak eta dintasunezko gogoetak ehortzi ditu. Esaidazu, Bruto, gauza al zara zeure aurpegia ikusteko?

BRUTO: Ez, Kasio, zeren begiak ez bait du ikusten bere burua, errainuz ez bada, beste zerbaiten bitartez.

KASIO: Egia da: eta benetan tamalgarria da, Bruto, zeure aurrean ispilurik ez izatea zeure kemen ezkutukoa agerian begien aurrean jartzeko, zeure imajina ikus dezazun. Entzun dut Erromako printzipalenetariko askok (Zesar hilezkorra izan ezik), Brutoz hitzegitean, garai honen uztarripean intzirika Bruto prestuak beren begiez ikusi ahal izatea desiratu dutela.

BRUTO: Zein arriskutara eraman nahi nauzu, Kasio, ze nire barruan ez dagoena nire baitan bilatzera behartu nahi bait nauzu.

KASIO: Honela ba, Bruto, prest jarri entzuteko: eta jakin dakizunez gero zeure burua ez dezakezula errainuz baino hobeki beste ezertaz ikus, neurritasunez erakutsiko dizut zeure buruaz oraindik ez dakizun hori. Eta ez ibili susmotan nirekin, Bruto zintzoa: arriskutsutzat hartu beharko nindukezu ni txantxazale arrunta banintz edota neure eraspena zinitz arruntez alferrik galtzeko ohitura banu adiskide berri bakoitzaren aurrean, edo gizonak lausengatzen ditudala bazeneki, edo estu besarkatzen ditudala gero beraien atzetik gaizkiesaka ibiltzeko, edo jendaila guztiari orritsak ematen aritzen naizela.

 

(Tronpeta hotsak eta oihuak).

 

BRUTO: Zer esan nahi dute oihu hauek? Beldur naiz herriak Zesar hautatu ez ote duen erregetzat.

KASIO: Ah, beldur al zara? Orduan pentsa ezazu ez duzula nahi horrelakorik gertatzerik.

BRUTO: Ez nuke nahi, Kasio, asko maite badut ere. Baina zergatik naukazu hemen hain luzaro? Zen jakinerazi nahi didazu? Denon onerako zerbait baldin bada, ezar iezadazu begi baten aurrean Ohorea eta Heriotza bestearenean, eta nik axolakabe begiratuko diet biei: beraz jainkoek gorde nazatela, Heriotzari beldurra diodan baino gehiago Ohorearen izena malte dudan bezala.

KASIO: Badakit bertute hori zugan dagoela, Bruto, zure kanpokaldeko itxura ezagutzen dudan modura. Tira, Ohorea da nire istorioaren gaia: ezin nezake esan zer pentsatuko duzuen bizitza honetaz zuk eta beste gizon batzuk, baina nire aldetik, nahiago nuke ez izatea neu bezalako beste baten beldurrez bizi behar izatekotan. Zesar bezain libre jaioa naiz ni, eta zu ere bai: biok berdin janarituak gara, eta biok gara hura bezain gai neguko hotza jasateko. Izan ere, behinola egun zakar eta haizetsu batean, Tiber asaldatua bere hegiak joka zebilela, Zesarrek esan zidan: «Ausartzen al zara orain, Kasio, korronte haserretu honetara salto egin eta haraino igerian egitera?». Hitz hauen aurrean, murgildu egin nintzen, arropa eta guzti eta atzetik jarraitzeko esan nion, eta egin ere halaxe egin zuen. Erreka orroaka eta guk giharre sendoez menpean hartzen genuen, alde batera eraginez eta bihotz burrukalariz aurre eginez. Baina izendaturiko gunera iritsi baino lehen, Zesarrek oihu egin zuen «Lagundu, Kasio, hondora noa.!». Nik Eneasen modura gure arbaso ospetsu hark ere bere sorbalda gainean atera bait zuen Ankises agurea Troiako sugarretatik, hala atera nuen Zesar nekatua Tiberreko uhin artetik: eta gizon hori orain Jainko bihurtu da, eta Kasio gizajo bat besterik ez da eta gorputza makurtu beharra dauka Zesarrek oharkabean burukada bat egiten diolako. Espainian izan zenean, eta atakeak eman zionean, nola dardar egiten zuen ohartu nintzaion: egia da, jainko hori dardarka ari zen, ezpain koldarrek ihes egin zioten koloreetatik, eta mundu osoa izutzen duten begiratuzko begi horiek galdu egin zuten beren distira: intziri egiten entzun nion nik: bai, eta erromatarrak berarengan begiak ezartzera behartu zituen mihi hori eta liburuetan haren hitzaldiak idaztera, oihuka hasi zen: «Ai, emaidazu zerbait edateko Titinio», neskatila gaisoaren pare. Ene jainkoak, harritzen nau nola hain izakera ahuleko gizon batek izan lezakeen lehentasuna mundu maiestatetsuan eta berak bakarrik palmadarra eraman lezakeen ikusteak.

 

(Oihuak. Tronpeta-hotsak).

 

BRUTO: Beste oihu bat egin al dute denek? Txalo horiek, esango nuke, Zesarren gain metatzen ari diren ohore berriak direla.

KASIO: Tira, gizon: urrats luzeka dabil mundu estuan erraldoi baten modura, eta gu, gizon ziztrinok, haren zango handien azpian gabiltza, eta hilobi desohoreturen batzu aurkitzen ote ditugun begira gabiltza. Gizonak beren etorkizunaren jabe dira une batzutan. Errua, Bruto maitea, ez dago gure izarretan, gugan baizik, esklabuak baino ez garenongan. Bruto eta Zesar: zer egon behar ote luke «Zesar» honengan? Zergatik izan behar izen horrek zureak baino bots handiagoa? Batera idatz itzazu: zurea horrena bezain ona da: entzuneraz itzazu, ahoari berdinak gertatzen zaizkio: pisa itzazu, eta pisu berekoak dira: araoak egin itzazu beraiekin, eta Brutok Zesarrek bezain laster erakarriko du espiritua. Orain, jainko guztien izenean, zer janariz elikatu da gure Zesar hau hain handi bihurtzeko? Oi gure garaia, lotsaturik zaude. Erroma, galdua duzu odol leinargien gizabidea. Noiz izan da garairik, Uholde handiaz geroztik, gizon bakarrarengatik ospea izan duenik? Noiz (orain arte) esan ahal izan dute Erromaz ari zirenek gizon bakarra zegoela harresi zabal horien barruan? Oraintxe bai ez duela Erromak erramurik merezi, gizon bakar bat besterik ez badauka bere barruan. Ah, guk biok entzuna dugu geure gurasoengandik behinola izan zela Bruto bat lehenago jasango zukeena betiko Deabruak Erroman bere gortea izatea Errege batek baino.

BRUTO: Ez dut errezelurik ongi nahi bait didazu: baina zertara eragiten nauzun, horrek ematen dit susmorik: gero kontatuko dut nola pentsatu dudan horretan eta garaiotan. Oraingoz, ez dut nahi inork gehiago estutzerik, baldin erregu egin baniezazu onginahiz: gogoan hartuko dut esan didazuna: egonarriz entzungo dizut esan nahi didazuna, eta gauza hain larriei dagokienez entzuteko eta erantzuteko abagadunea aurkituko dut. Ordura arte, ene adiskide prestua, hausnartu hau: Brutok nahiago luke baserritar izan Erromaren semetzat bere burua eduki baino, garai honek itxuraz ezarri nahi dizkigun baldintza gogorren azpian bizi baino.

KASIO: Pozten naiz nire hitz ahulek gutxienez su-itxura hau sorterazi izana Brutorengan.

 

(ZESAR sartzen da bere segizioarekin).

 

BRUTO: Jokoak amaitu dira eta Zesar badator berriz ere.

KASIO: Albotik igarotzean, tira egin mahukatik Kaskari, eta berak, bere era garratzekin, esango dizu zer gertatu den gaur aipagarririk.

BRUTO: Hala egingo dut, baina begira, Kasio: haserrearen arrasto distirakorra nabarmentzen da Zesarren aurpegian, eta gainerak guztiek agirika egindako jende multzo bat ematen dute: Kalpurniak masaila zurbilak ditu, eta Zizeronek Kapitolioan ikusi duguneko udo-begi uzuez begiratzen du, senadoreren batzuk eztabaidan kontra egitea zituen bezalakoez.

KASIO: Kaskak esango digu zer gertatzen den.

ZESAR: Antonio!

ANTONIO: Zesar!

ZESAR: Gizaseme gizenak nahi ditut neure inguruan, aurpegi gurikoak, gauez ongi lo egiten dutenak. Kasio horrek itxura erkin eta gosetia du: gehiegi pentsatzen du. Horrelako gizonak arriskutsuak dira.

ANTONIO: Ez izan beldurrik, Zesar, ez da arriskutsua: noble erromatarra da, familia onekoa.

ZESAR: Gizenagoa izatea nahi nuke. Baina ez diot beldurrik. Hala ere, nire izena beldurtzera beharturik balego, ez dut ezagutzen beste inor Kasio argal hori baino gehiago itzuriko nukeen beste gizonik. Asko irakurtzen du, behatzaile handia da, eta ongi barrentzen ditu giza portaerak. Ez ditu atsegin jokoak, zuk bezala, Antonio: ez du entzuten musikarik: nekez egiten du irribarre, eta bere buruaz barre egingo balu bezala egiten du irribarre eta bere espiritua mesprexatuko balu bezala zerbaitegatik irribarre egin ahal izateko. Bera bezalako gizonek sekula ez dute izaten barrena bakean norbait handiagoari begira dauden bitartean, eta horregatik, oso arriskutsuak izaten dira. Zeri izan behar zaion beldurra areago esaten dizut, nik neuk zeri diodan baino, baina Zesar. Zatoz nire eskuinaldera, gorturik bait daukat belarri hau, eta esaidazu benetan zer pentsaten duzun beratzaz.

 

(Tronpeta hotsa. ZESARREK eta segizioak alde egiten dute, KASKAK izan ezik)

 

KASKA: Mantutik tira egin didazu: nirekin hitzegin nahi al duzu?

BRUTO: Bai, Kaska, esaiguzu zer gertatu den gaur, Zesarrek hain itxura goibela izateko.

KASKA: Baina berarekin zeundeten, ezta?

BRUTO: Orduan ez nioke galdetuko nik Kaskari zer gertatu den.

KASKA: Ba koroa bat eskaini diote, eta eskaintzen ari zitzaizkiola, honela baztertu du, esku-gainaz eta orduan jendea oihuka hasi zaio.

BRUTO: Zergatik izan da azkeneko heiagora!

KASKA: Horregatik hain zuzen.

BRUTO: Hiru aldiz eskaini al diote koroa?

KASKA: Bai, arrania, eta hiru aldiz baztertu du, gero eta emekiago eta baztertzen zuen bakoitzeko, nire auzo nobleek oihuka egiten zioten.

KASIO: Nork eskaini dio koroa?

KASKA: Ba, Antoniok.

BRUTO: Esaiguzu zer eratara, Kaska atsegina.

KASKA: Urka nazatela esaten baldin badakit zer eratara: Antoniok koroa bat eskaintzen zion baina koroa ere ez zen, baizik eta girlanda horietako bat zen: eta esan bezala, behin baztertu zuen, baina guztiarekin ere, hartzea atsegin zuelakoan nago. Gero berak beste behin eskaini zion eta orduan berriro baztertu zuen, baina uste dut asko kosta zitzaiola hartatik hatzamarrak baztertzea. Eta gero hirugarren aldiz eskaini zion, eta baztertzen zuen bakoitzean, jendailla hura zaunkaka eta esku mailatu haiekin txaloka hasten zen, eta gora botatzen zituen lotako txano izerdituak, eta hainbesterainoko arnasa kiratsa botatzen zuen, Zesarrek koroa baztertzen zuelako, ezen Zesarria ito zen, zeren konortea galdu eta lurrera erori zen usnatzean. Ni neure aldetik, ez nintzateke ausartuko barre egitera, ezpainak zabaldu eta aire txarra hartzeko beldurrez.

KASIO: Baina zaude isilik, mesedez: Zer, konortea galdu al du Zesarrek?

KASKA: Erori da merkatu-plazan, ahotik bitsa dariola eta hitzik gabe geratu da.

BRUTO: Oso litekeena da. Eror-min hori nozitzen du.

KASIO: Ez, Zesarrek ez du nozitzen, zuk eta nik baizik, eta Kaska jatorrak: guk bai daukagula erortzeko moduko gaitza.

KASKA: Ez dakit zer esan nahi duzun horrekin, baina ziur nago Zesar erori dela. Txalo jo ez bazioten edo ziizka aritu ez bazitzaizkion arlote haiek, teatroan komerianteei bezala, gezurti hutsa naiz orduan.

BRUTO: Zer esan du senera etorri denean?

KASKA: Arrania, erori baino lehen, ohartu denean jendailaren artalde hura poztu egiten zela koroa baztertzeaz, jupoia eskatu eta eztarria eskaini die ebaki diezaioten, eta edozein ogibidetako artisau izan banintz ni, gaiztaginen artean infernura joango nintzatekeen hitza hartzeari utzi baino lehen. Eta hala erori da; eta senera etorri denean galdetu du ea esan edo egin duen ezer desegokirik, nahi izan du jaun agurgarriek bere gaisotasuntzat hartzea. Ni nengoen lekuan, hiruzpalau neskatxek oihu egin dute: «Ai, bai gizon ona!» eta bihotz-bihotzez barkatu diote: baina ez zaie jaramon handiegirik egin behar: baina ez zuketen egingo gutxiagorik Zesarrek beraien amak puinaleztatu izan balitu ere.

BRUTO: Eta horren ondoren, hain triste etorri al da honantza?

KASKA: Bai.

KASIO: Ezer esan al du Zizeronek?

KASKA: Bai, grekoz mintzatu da.

KASIO: Eta zer esan du funtsean?

KASKA: Ez, esango banizue, gehiago ez nizueke begiratuko aurpegira. Baina entzun diotenek, elkarri irribarre egin diote, eta buruari eragin, nahiz eta niretzat greko ulerkaitza izan. Beste albisterik ere esan niezazueke: Marullo eta Flavio isilerazi egin dituzte Zesarren irudiei infulak kentzearren. Agur. Beste pailasokeria batzu ere izan dira, baina ez ditut gogoratzen.

KASIO: Nirekin afaldu nahi al duzu gaur gauean, Kaska?

KASKA: Ez, beste leku batean hitza emanda nago.

KASIO: Bihar nirekin bazkaldu nahi al duzu?

KASKA: Bai, baldin eta bizirik banago, eta asmoz aldatu ez bazara, eta zure janaria jateko modukoa bada.

KASIO: Tira, zain egongo natzaizu.

KASKA: Hori da: agur biori. (Badoa)

BRUTO: Bai zakarra bihurtu dela honako hau! Oso bizkorra zen, eskolara zebilen garaian.

KASIO: Eta orain ere bada zerbait ausarta eta prestua egin behar denean, nahiz eta nagi-itxura horiek hartzen dituen: zakarkeria hori bere buru argiak prestaturiko saltsa bat da, bere hitzak hobeto liseritzeko jendeari urdaila presta dakien.

BRUTO: Hala da. Oraingoz, uzten zaitut: bihar, nirekin hitzegiteari ongi baderizkiozu, zure etxera joango naiz: edo bestela zatoz nirera eta itxarongo dizut.

KASIO: Joango naiz, ordura arte pentsa ezazu munduan. (BRUTO badoa). Tira, Bruto, prestua zara baina zure metal prestu hori landu litekeela ikusten dut berezko gaitasunetik aldenduz beraz beharrezkoa da pertsona prestuak beti beren kidekoekin ibil daitezen: zeren, nor da aski irmoa inork seduzi ez dezan? Zesarrek gaizki jartzen nau baina maite du Bruto. Ni orain Bruto banintz eta bera Kasio, ez nioke men egingo haren umoreari. Gaur gauean idazkera desberdineko eskribuak bota dizkiot leihotik barrena, hiritar desberdinenak balira bezala, haren izenagatik Erroma zeinen izen handia hartzen ari den diotenak denak eta beraietan ezkutuan Zesaren handinahikeria aipatzen delarik. Eta horren ondoren, Zesar seguru eser dadila, bestela astindu egingo bait dugu, edo egun txarragoak nozituko. (Ba doa)

 

 

III ESZENA

 

(Erroma. Kale bat)

 

(Trumoiak eta tximistak. KASKA eta ZIZERON sartzen dira).

 

ZIZERON: Arratsaldeon, Kaska. Eraman al duzu Zesar etxera? Zergatik zabiltza arnas-estuka eta zergatik zaude txunditurik horrela?

KASKA: Ez al zara hunkitzen lurraren ordena bera zera dardarti baten modura kordokatzen denean? Ah Zizeron, ikusiak ditut haize amorratuek haritz urtetsuak erauzi dituzteneko ekaitzak, eta ikusia dut itsaso harroa hanpatzen eta sumintzen eta aparra jaurtikitzen, hodei mehatxatzaileetaraino jaikitzen: baina sekula ez gaur gauera arte, inoiz ez dut zeharkatu orain arte sua darion ekaitzik. Edo gerra zibila dabil zeruan, edo munduak, zeruei lotsa guztia galdurik, txikizioa bidal dezaten xaxa egiten die.

ZIZERON: Ikusi al duzu gauza miragarriagorik?

KASKA: Esklabu arrunt batek, zuk bistaz ongi ezagutzen duzun batek, altxa du ezkerreko eskua, eta sugarra dariola jarri da, eta hogei zuzirekin batera sutan egon da, halere eskua batere erasanik gabe geratu da, sua sentitu gabe. Gainera, oraindik ez dut berriro ezpata maginaratu lehoi bat Kapitolio ondoan aurkitu dudanetik eta hau ere begiratu eta parean igaro zait, muker minik egin gabe. Eta bertan zeuden pilaturik ehun emakumezko, izuturik, beldurrez aztoraturik, eta zin egiten zuten gizon batzu ikusi zituztela, denak suzkoak, kaleetan barrena alde batetik bestera zebiltzala. Eta atzo gau txoria eguerdian kokatu zen merkatu-plazan, aiurika eta garraisika. Mirari hauek honela elkartzen direnean, ez bezate esan gizonek: «Berauen arrazoiak hauek dira: berezkoak dira», izan ere uste bait dut presagioz beteriko gauzak direla zuzentzen zaizkion herrialdearentzat.

ZIZERON: Egia esan, gauza estrainioen garaia da: baina gizonak beren erara gauzak interpretatzeko gai dira, gauzek berek duten zentzua zeharo bestetara. Zesar joango al da bihar Kapitoliora?

KASKA: Joango da, ze Antoniori adierazi bait dio bihar bertara joango den mandatua bidaliko dizula.

ZIZERON: Gabon, orduan, Kaska: zeru asaldatu hau ez da paseatzen ibiltzeko modukoa.

KASKA: Agur, Zizeron. (Badoa Zizeron)

 

(Kasio sartzen da.)

 

KASIO: Nor dago hor?

KASKA: Erromatar bat.

KASIO: Kaska, ahotsez.

KASKA: Belarri ona duzu, Kasio, zer gau dugu hau?

KASIO: Gau atsegina gizon prestuentzat.

KASKA: Nork ikusi ditu inoiz zeruak honela mehatxu egiten?

KASIO: Lurra honen bekatuz betea ikusi duenak. Ni neu behintzat kaleetan barrena ibili naiz, gau periltsuan arriskatuz; eta gerrikorik gabe ikusten nauzunez, Kaska, neure bularra biluzik erakutsi diot tximistari; eta oinaztar narrazti urdinska zeruaren bularra irekitzear zegoela zirudienean, haren dirdaiaren erdi-erdian jartzen nuen neure burua.

KASKA: Baina zergatik tentatu dituzu horretara zeruak? Gizonoi ikaratan eta dardarka egotea dagokigu jainko txit ahaltsuek halako mezulariak bidaltzen dituztenean harritu gaitezen.

KASIO: Motela zara, Kaska: erromatar batek behar lituzkeen bizi-txingar horiek, falta dituzu edota ez dituzu erabiltzen. Zurbil zaude, eta txunditzen zara, eta izumenez jazten zara eta mirariaren menpe geratzen zara zeruen kolera estrainioa ikustean, baina egiazko kausa atzemango bazenu, su guzti horien zergatikoa, mamu iheskor horiena, beren espezietik eta naturatik saihesten diren hegazti eta piztia horiena, agure horiek zergatik zoroarena egiten duten eta zergatik igarletzan ari diren haur horiek, beren ordenatik aldentzen diren gauza guzti horiena, aurrez ezarritako funtsa eta ahalmenak gaitasun munstrotsu bilakatuz, orduan, azkenik, aurkituko zenuke zeruak espiritu horiek isuri dizkiela beldurraren eta abisuaren bitarteko izan daitezen, gauzen egoera munstrotsuren baten aurrean. Orain, Kaska, aipatuko nizuke gizon bat gau beldurgarri honen antz-antzekoa, trumoia jo, tximistak egin, hilobiak zabaldu eta Kapitolioko lehoiak bezela orroa egiten duena: zuk eta nik baino indar gehiago ez duen gizona bere egintza pertsonalean, baina mirarizko eta beldurgarri bihurtu dena, gertaera estrainio hauek bezala.

KASKA: Zesarrez ari zara, ez al da egia, Kasio?

KASIO: Dena dela: izan ere oraingo eromatarrek badituzte giharreak eta gorputz-adarrak arbasoek bezala baina, errukarria ni, baina gure aiten adorea hil da eta geure amen espirituak gobernatzen gaitu: geure uztarriak eta saminak emakumeen pareko erakusten gaituzte.

KASKA: Nolanahi ere, senadoreak bihar Zesar errege izendatzekotan omen dira, eta itsasoz eta lehorrez bere koroa eramateko eskubidea izango omen du, toki guztietan hemen Italian izan ezik.

KASIO: Orduan, badakit non erabiliko dudan nik puinal hau: Kasiok morrontzapetik jaregingo du Kasio. Honetan, ene jainkook, txit indartsu egiten dituzue ahulak: honetan, ene jainkook menperatu egiten dituzue tiranoak. Ez harrizko dorrek, ez brontze landuzko hesik, ez burdinazko katemaila sendok ezin dio eutsi espirituaren indarrari: baizik eta biziari, lurreko presondegi hauetaz nekaturik, inoiz ez zaio falta izaten indarrik azken agurra esateko. Hau baldin badakit, jakin dezala gainera mundu osoak jasaten ari naizen tirani partea, neure gogara haizatu dezakedala. (Trumoi-hotsak jarraitzen du)

KASKA: Nik ere bai: honela esklabu orok bere eskuan darama bere gatibutza ezeztatzeko ahalmena.

KASIO: Eta zergatik, orduan, izan behar du tirano Zesarrek? Gizon gizajoa, badakit ez litzatekeela otso izango baldin eta ikusiko ez balu erromatarrek ardi direla: ez litzateke izango lehoi, erromatarrak orein ez balira. Sute handi bat presaka egin nahi dutenek, lasto ahulez hasten dute. Zer deuseza da Erroma, zer zaborra, zer hondakin, gai ziztrin bezala erabilia izateko Zesar bezain gauza ziztrin bat argitzeko? Baina, oi samin, nora eraman nauzu? Agian gogo onez esklabu den baten aurrean esaten ari naiz hau: orduan badakit horretaz erantzun beharra daukadala. Baina armaturik nago, eta axolakabe naiz arriskuekiko.

KASKA: Kaskarekin ari zara hizketan, salati mozorrotu bat ez den gizonarekin. Tori: hemen duzu nire eskua: egizu bando bat irain guzti hauek kitatzeko, eta nik aurreratuko dut oina urrunen doanak adina.

KASIO: Ituna egina dago. Orain jakin ezazu, Kaska, dagoeneko eragin diedala nortasun prestueneko erromatar batzuri nirekin batera egintza ohoretsu, garrantzizko eta arriskutsu bat burutu dezaten, eta badakit ordu hauetan itxaroten dauzkadala Pompeioneko atarian, zeren, orain, ordu ikaragarri honetan ez bait dago astrapala eta mugimendurik kaleetan eta esku artean daukagun lanaren antza du zeruak ere: odoltsua, ankerra eta izugarria.

 

(Zinna sartzen da)

 

KASKA: Ezkuta zaitez une batez, norbait presaka bait dator hor.

KASIO: Zinna da, ibileratik ezagutzen dut, adiskidea da. Zinna, nora zoaz hain bizkor?

ZINNA: Zure bila. Nor da hau, Metelo Zimbrio?

KASIO: Ez Kaska da, gure ahaleginean elkartu egingo zaigu. Ez al didate itxaroten Zinna?

ZINNA: Pozten naiz. Zer gau ikaragarria da hau? Gutako bizpahiruk ikuskari estrainioak izan dituzte.

KASIO: Ez al didate itxaroten? Esaidazu.

ZINNA: Bai, itxaroten dauzkazu. Ah Kasio, gure alderdirako Bruto prestua irabaziko bazenu...

KASIO: Zaude lasai. Zinna, hartu paper hau eta Pretorearen aulkian uzten saia zaitez, Brutok bertan aurki dezan: eta beste hau leihotik bota iezaiozu; honako hau ezkoz itsatsi ezazu Bruto zaharraren imajinan; hau dena egin ondoren, zoaz Pompeioneko atarira, bertantxe aurkituko gaituzu-ta. Han al daude Dezio Bruto eta Trebonio?

ZINNA: Denak, Metelo Zimbrio izan ezik, etxera joan bait zaizu bila. Tira, banoa presaka,agindu dizkidazun paper hauek banatzera.

KASIO: Hori eginik, zoaz Pompeioren teatrora. (Zinna badoa). Tira, Kaska, guk biok, eguna argitu baino lehen, Brutorekin egongo gara haren etxean: hiru laurdenetan geurea dugu, eta hurrengo topaketan gizabetean jarriko zaigu eskuetan.

KASKA: Ah, oso goi eserita dago herriaren bihotzetan: eta gugan krimena lirudikeena, beraren presentziak, alkimiarik hoberenak bezala, bertute eta dintasun bihurtuko du.

KASIO: Oso ongi epaitu duzu bera eta berorren balioa, eta guk hartaz dugun premia handia. Goazen, gauerdia pasatua da, eta eguna argitu baino lehen itzartu egin behar dugu segurtatzeko (Badoaz).

 

aurrekoa | hurrengoa