|     75 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BOSTGARREN KOADROA

 

Dekoratua: «Georges Veko apartamentu bat. Egongela. Kontraleihoak itxita daude. Gortinak ere bai. Hiru ate: logelara ematen duen bat, bainugelara ematen duen beste bat atzekaldean, eta hirugarrena eskuinetara, errezibidore batera ematen duela. Lore sorta ikaragarriak hormaren kontra pilaturik. Batez ere larrosak.

 

 

I. AGERRALDIA

 

(Hotel mutil bat sartzen da, larrosa sorta bat eskuetan, bi zaintzaile jarraitzen zaizkio eta hauek pistolak gerrian jartzen dizkiote. Loreak utzi eta eskuineko atetik irteten du, besoak gora dituela. Ezkerreko atea ireki eta batin bat jantzirik GEORGES agertzen da. Ahozabalka).

 

 

II. AGERRALDIA

 

GEORGES, BI ZAINTZAILEAK

 

GEORGES: Zer da hori?

1. ZAINTZAILEA: Loreak.

GEORGES: (Ahozabalka, loreetara hurbilduz) Lore gehiago! Leihoak ireki itzazue!

1. ZAINTZAILEA: Ez!

GEORGES: Ezetz?

1. ZAINTZAILEA: Arrisku handia.

GEORGES: Ez al duzu lore horien kiratsa nabari?

1. ZAINTZAILEA: Ez.

GEORGES: Zuretzat hobe (Sobrea hartu eta ireki egiten du). «Frantziar emakume talde baten mirespen sutsuaz». Miresten naute, beraz?

1. ZAINTZAILEA: Bai.

GEORGES: Maite naute?

1. ZAINTZAILEA: Bai.

GEORGES: Pixka bat, asko, edo grinaz?

1. ZAINTZAILEA: Grinaz.

GEORGES: Horrelako grinaz maitatzeko biziki gorrotatu behar da.

1. ZAINTZAILEA: Gorrotatu? Nor?

GEORGES: Besteak (Loreetara makurtuz). Gorrotoaren usain gozoa har dezagun (Hats hartuz. Bortitz, nahasi eta ustela da (Loreak aurkeztuz). Hona hemen arriskua (Zaintzaileek pistolak atera eta loreei apuntatzen diete). Ez tira! Mila burudun hidra da eta. Amorruak altxarazitako mila buru kozkor garrasika eztarria eteten zaizkien eta hil baino lehen beren kiratsa oihu bat bezala botatzen dutenak. Larrosa hauei pozoina darie.

2. ZAINTZAILEA: Pozoina?

1. ZAINTZAILEA: (2. ZAINTZAILEAri) Toxikologi Laborategia, Gutenberg 66-21 (Bestea telefonorantz joaten da).

GEORGES: Beranduegi: hemen dena pozoindurik dago, nik gorrotogintzan egiten baitut lan.

1. ZAINTZAILEA: Gorrotogintzan?

GEORGES: A! Gorrotoa kiratsa darion grina da! Baina montajea dantzarazi nahi baduzu, hariak dauden lekuan heldu behar kakatzetan badaude ere. Nik hari guztiak eskuan dauzkat, nere eguna da eta gora gorrotoa, nere boterea hari zor diodanez. Ez jarri begi horiek: poeta naiz; zein da zuen zeregina, ni ulertzea ala ni zaintzea?

1. ZAINTZAILEA: Zu zaintzea.

GEORGES: Ba, zain nazazue, zaindu. Zer ordu da?

1. ZAINTZAILEA: (Eskumuturreko erlojuari begiratuz) Eguraldi ona eta egonkorra.

GEORGES: Zer tenperatura?

1. ZAINTZAILEA: (Horman dagoen termometro bat begiratzera joaten da) Hogei gradu Reamur.

GEORGES: Hau udaberriko arratsaldearen ederra! Zerue oskarbi, eguzkia kristalei su eman beharrean: jendetza lasaia, jantzi argiak soinean dituela Champs Elysées-etan gora eta behera, ilunabarreko argiak aurpegiak leunagotzen ditu. Ondo da, pozten naiz. (Ahozabalka). Egitekoen zerrenda?

1. ZAINTZAILEA: (Zerrenda bat kontsultatuz) 17:40etan, Sibilot, zure Oroitzapenetarako.

GEORGES: Eta gero?

1. ZAINTZAILEA: 18:30etan Figaroko kazetari bat.

GEORGES: Arretaz mia ezazue. Batek ez daki zer gerta daitekeen. Eta ondoren.

1. ZAINTZAILEA: Gaujai eta dantzaldia.

GEORGES: Noren etxean.

1. ZAINTZAILEA: Bounoumi andrearenean.

GEORGES: Berak ematen al du gaujai hori?

1. ZAINTZAILEA: Haren lehiakide zen Perdrière jauna erretiratu dela ospatzeko.

GEORGES: Nik ospatuko dut; hori nik egina da. Alde hemendik! (Irten egiten dute. GOERGESek atea itxi eta ahoa zabaltzen du).

 

 

III. AGERRALDIA

 

GEORGES, bere gisa

 

GEORGES: (Ispilura hurbildu, bere buruari begiratu eta mingaina ateraz) Lo urduria, mingain zuria, jateko gogorik ez: bankete ofizial gehiegi, eta gero, ia bat ere ez dut irteten. Aspertzen hasi ote naizeneko susmoa: boterearen gailurrera iristen dena, beti bakarrik. Gizontto transparenteak, nik zuen bihotzak ikusten ditut eta zuek nerea ez (Telefono hotsa). Ald? Ni naiz. Alu bat? A! Zu zara, jaun maite hori, ni alutzat naukazuna. Hogeita hamazazpigarrenez jakinarazi didazu hori, bihotz onez. Hemendik aurrera zure sentipenez ongi informaturik nago, lasai egon zintezke, ez ezazu, beraz, berriz deitzeko nekerik har.. zintzilikatu egin du (Ibiliz). Alu bat, Alderdiari traizio egin dion bat, esaten erraza da hori: Nor da alua? Ni Georges de Valera, ez behintzat, ez bainaiz sekula komunista izan eta inori traiziorik ere ez baitiot egin. Nekrassov ere ez, asmo txarrik gabe Krimean sendatzen baita. Nere solaskide izengabeak ezer ez esateko hitz egiten du (Ispilura hurbiltzen da). Goazen nere haurtzaroarekin! O! Zur margotuzko lera polit hura! Nere aitak bertan eserrarazten ninduen: aurrera! Txintxarriak, zigorraren zartadak, elurra... (SIBILOT barruan da lehentxeagotik)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

SIBILOT, GEORGES

 

SIBILOT: Zertan ari zara hor?

GEORGES: Nere saioekin.

SIBILOT: Zein saio?

GEORGES: Nere buruari gezurretan ari naiz.

SIBILOT: Zure buruari ere bai?

GEORGES: Nere buruari batez ere. Zinismorako joera handiegia dut: nere buruari lehendabizi ziria sartzea behar beharrezkoa dut: Sibilot, hilzorian nago. Hilzori bete-betean harrapatzen nauzu.

SIBILOT: Zer?

GEORGES: Georges de Valera hiltzera doa, Nekrassov birjaio dadin.

SIBILOT: Zu ez zara Nekrassov.

GEORGES: Bai, horixe! Burutik hasi eta oinpuntetaraino, haurtzarotik heldutasunera arte.

SIBILOT: Burutik hasi eta oinpuntetaraino hondamendirantz doan, eta gauzak bere lekuan jartzen ez baditut berarekin naraman estafagile gaixo bat besterik ez zara.

GEORGES: O! O! (SIBILOTi begiratuz) Zintzotasun inozo batek eraginik, biok galduko gaituen ateraldiren bat hausnartzen ari zara. Tira, mintza zaitez! Zer egin nahi duzu?

SIBILOT: Gure buruak salatu!

GEORGES: Inuxentea! Dena ondo baino hobeto doa eta!

SIBILOT: Lehentxeago hartu dut erabakia eta jakinaren gainean jartzera etorri natzaizu bihar goizean, hamaiketan, Julesen oinetan belaunikatu eta dena esango diot: zure ihesa prestatzeko hamazazpi ordu dituzu.

GEORGES: Erotu al zara? Perdrière erretiratzera doa, Soir à Paris-ek tirada doblatu du, zuk hilean berrehun eta hamar mila libera irabazten dituzu. Eta zure burua salatzera zoaz?

SIBILOT: Bai!

GEORGES: Gogoan izan nazazu, gizagaixo horrek! Botererik haundiena daukat, Atlantikoko Paktoaren ezkutuko buruargia naiz, gerra eta pakea nere eskuetan dauzkat, historia neuk idazten dut, Sibilot, aditzen? Eta une hauxe aukeratuko duzu neri platano azalak hankapean jartzeko? Ba al dakizu bizitza osoan hau izan dudala nere ametsa? Nere botereaz balia zaitez: zu izango zara nere Fausto. Dirua, edertasuna, gaztetasuna nahi dituzu?

SIBILOT: (Sorbaldak goratuz) Gaztetasuna...

SIBILOT: Zergatik ez? Diru kontua da (SIBILOT alde egiteko asmotan abiatzen da). Nora zoaz?

SIBILOT: Nere burua salatzera.

GEORGES: Salatuko duzu, zaude lasai, salatuko duzu, bai. Baina ez dago presarik: solaserako denbora dago (SIBILOT eskenatoki erdira erakartzen du). Bildurrak akabatzen zaude, adiskidea. Zer dugu?

SIBILOT: Moutonek zure burua nahi duela eta beraz, nerea ere bai, horixe. Demidov izeneko bat kontratatu du, benetako Kravtxenko bat, hau Tass-ek baieztatua, eta atzetik dabilkizu. Aurkitzen bazaituzte —eta nahitaez harrapatuko zaituzte— Demidovek zure inpostura salatuko du, eta galduak gara.

GEORGES: Eta hori al da dena? Zure Demidov hori ekar dezatela, nere kontu utzi. Nik denei sartzen diet ziria: industri gizonei, bankujabeei, magistratu eta ministroei, amerikar kolonizatzaile eta errusiar errefuxiatuei, eta dantzan jarrarazten ditut. Hori al zen dena?

SIBILOT: Ez. Bada okerragorik.

GEORGES: Hobe; horrela dibertituko naiz.

SIBILOT: Nekrassovek deklarazio bat egin du arestian.

GEORGES: Nik? Ez dut bat ere egin; benetan diotsut.

SIBILOT: Ez, zuk ez. Nekrassovek, esan dut.

GEORGES: Nekrassov ni naiz.

SIBILOT: Ni Krimeakoaz ari natzaizu.

GEORGES: Zertarako sartzen zara besteren galtzetan? Zu frantsesa zara, Sibilot: atez barrukoak konpon itzazu eta Krimean gertatzen dena pakean utzi.

SIBILOT: Sendatu dela eta asteburu aldera Moskura itzuliko dela esan du.

GEORGES: Eta zer?

SIBILOT: Nola, eta zer? Ba, izorratuak garela!

GEORGES: Izorratuak? Bolxevike bat tontakeriak aldarrikatzen hasi dela eta, gu galduak? Nor? Zu Sibilot? Zuk, antikomunisten kapitain zaren horrek, jende horrek dioena sinesten duzu? Hara, dezepzionatu egiten nauzu.

SIBILOT: Ikusiko duzu datorren ostiralean, Moskuko Operara gonbidatutako atzerritar enbaxadore eta kazetari guztiek egiazko Nekrassov Gobernuaren Palkoan ikusten dutenean. Zeren ostiralean...

GEORGES: Iragarria al dago?

SIBILOT: Bai.

GEORGES: Ba, nere doblea ikusiko dute. Nik han bai baitut doblea, gainontzeko ministroek bakoitzak berea duen bezala. Hain bildur gara atentatuen, non zeremonia ofizialetan horrelakoek ordezkatzen baikaituzte. Entzun, apunta ezazu hau: bihar argitaratzeko ondo dago. Itxaron: umore punttazko zertzeladatxo bat eman behar zaio horri, asmatzen ez den pasadizoa asmatu. Hemen dut: nere doblea eta ni hamar pausotara bereiz ezinak gara, hain antzekoak izaki. Tamalez, aukeztu zidatenean kristalezko begi bat zuela ohartu nintzen. Hura estuasuna! Pentsa! Gaitz sendaezin batek begia zurruntzen zidalako zurrumurrua zabaldu beharrean aurkitu nintzen: horra partxe honen jatorria. Eta titulu gisa hau jar ezazu: «Doblea begibakarra zuelako, darama Nekrassovek eskuineko begian partxea». Apuntatu al duzu?

SIBILOT: Zertarako?

GEORGES: (Aginduz) Apunta ezazu! (SIBILOTek bizkarrak uzkurtuz, lapitza atera eta zenbait ohar hartzen du). Desafio honekin bukatuko duzu: agi deneko Nekrassov hori Gobernuaren palkoan sar dadinean, ausartzen bada, ken dezala partxea. Nik nerea ordu berean kenduko dut, okulista eta medikuen aurrean. Hauek, bi begiak sano ditudala ikusi ahal izango dute. Besteak berriz, begi bakarra badu, hor dugu bueltarik gabe gizon hori Nekrassov ez dela frogaturik. Idatzi al duzu?

SIBILOT: Idatzi dut, baina alferrik izango da.

GEORGES: Zer dela eta?

SIBILOT: Nere burua salatu nahi dudalako. Ni gizon prestua naiz, ulertzen? Zintzoa! Zintzoa! Zintzoa!

GEORGES: Nork dio ezetz?

SIBILOT: Neuk! Neuk! Neuk!

GEORGES: Zuk?

SIBILOT: Neuk, gizatxar bat naizela neure buruari egunean ehun aldiz esaten diodan honek! Gezurretan ari naiz, Georges; arnasa hartu ahala, gezurra botatzen ari naiz. Bai irakurleei, bai nere alabari, eta bai nagusiari!

GEORGES: Eta ni ezagutu baino lehen ez al zinen gezurrak zabaltzen aritzen?

SIBILOT: Gezurrak zabaltzen banituen ere, goikoen onespenez zabaltzen nituen. Gezur kontrolatuak, zigilatuak, zabalkunde handiko gezurrak, ororen onetarako gezurrak ziren.

GEORGES: Eta zure oraingo gezurrak ez al dira ororen onetarakoak? Tira, gizona, lehengoxeak berberak dira eta!

SIBILOT: Berberak bai; baina Gobernuaren babesik gabe botatzen ditut. Nik bakarrik dakit munduan zu nor zaren; horrek itotzen nau; nere gaiztakeria ez da gezurrak botatzea, horretan lagunik gabe aritzea baizik.

GEORGES: Segi ba, zeren zain zaude? Segi, zure burua salatzera! (SIBILOTek pauso bat ematen du) Galdera bat bakarrik, bat besterik ez eta askatasuna bihurtuko dizut. Zer esan behar diozu Julesi?

SIBILOT: Dena!

GEORGES: Zer da dena?

SIBILOT: Ondotxo dakizu!

GEORGES: Zinez ezetz!

SIBILOT: Ba, hara, gezurra esan dudala eta zu benetan ez zarela Nekrassov esango diot.

GEORGES: Ez dut ulertzen.

SIBILOT: Ba, argi aski dago.

GEORGES: Zer esan nahi du benetan hitzak? (SIBILOTek bizkarrak uzkurtuz) Zu benetan Sibilot al zara?

SIBILOT: Bai, Sibilot naiz, bai; zuk, zital horrek galdu duzun eta bere ile zuriak desohoratzen ari den etxeko jaun gizarajoa.

GEORGES: Froga ezazu.

SIBILOT: Nere paperak dauzkat.

GEORGES: Nik ere bai.

SIBILOT: Nereak egiazkoak dira.

GEORGES: Nereak ere bai. Polizi Prefetgoak eman didan egoitz baimena ikusi nahi duzu?

SIBILOT: Ez du bat ere balio.

GEORGES: Zergatik esango al didazu?

SIBILOT: Zu ez zarelako Nekrassov.

GEORGES: Eta zure paperak baliozkoak al dira?

SIBILOT: Bai.

SIBILOT: Zergatik?

SIBILOT: Ni Sibilot naizelako.

GEORGES: Ikusten? Ez dira paperak nortasuna frogatzen dutenak.

SIBILOT: Ez, egia, ez dira paperak.

GEORGES: Beraz? Froga iezadazu Sibilot zarela.

SIBILOT: Mundu guztiak esango dizu.

GEORGES: Eta zenbat lagunek osatzen dute, mundu guztia?

SIBILOT: Ez dakit, ehunek, berrehunek, milak...

GEORGES: Mila lagunek Sibilotzat hartzen zaituzte eta hitzaren truke sinets diezaiedala nahi duzu, eta bitartean, Nekrassovtzat naukaten bi milioi irakurleren testigantza arbuiatzen duzu...

SIBILOT: Ez da berdina...

GEORGES: Ni askatasunaren heroitzat, Mendebalaren eredutzat hartzen nauen aldarri isilezina mutuarazi nahi duzu? Zure bakarkako ustea hiritar prestuak sendotzen dituen fede kolektiboari kontrajartzen diozu? Zure identitatea bera ere erabakirik gabe dago eta bi milioi gizakume buru arinkeriaz etsipenera bultzako ote dituzu? Eutsi horri: nagusia honda ezazu! Hobeagorik egizu: Ministerioa suntsiarazi! Nik badakit nortzuek egingo duten barre gogotik.

SIBILOT: Nortzuek?

GEORGES: Komunistek, arranopola! Beraientzat lan egingo ote duzu?

SIBILOT: (Kezkaturik) Ez hori esan, Georges!

GEORGES: A! Ez zinateke jendarteko iritzia desmoralizatzeko erosi duten aurrenekoa izango.

SIBILOT: Zinez diotsut...

GEORGES: Nola nahi duzu sinestea, zure gaiztakeria nabarmena arestian aitortu didazu eta?

SIBILOT: (Deskontrolaturik) Sinetsi behar didazu: ni gizon prestu gaiztoa nauzu, baina ez naiz gizon gaiztoa.

GEORGES: Ameti dezagun. Baina orduan... Baina orduan... Zer gertatzen zaizu? Gizarajo hori, larrialditik at era al zaitzaket?

SIBILOT: Zer dugu orain?

GEORGES: Nola ulertarazi? Hara: alde batean gure garaiko 40 milioi frantses jar itzazu, XX. mendearen erdialdean bizi direla seguru dakitenak, eta bestean, morroi bat, bat bakarra, Karlos V.a Enperadorea dela deklaratzen duen kaskagogor bat. Nola deituko zenioke gizon horri?

SIBILOT: Zoroa.

GEORGES: Horra hor zer zaren argi eta garbi azaldurik, orok onartzen duenean finkatutako egiak ukatu nahi dituzunez gero.

SIBILOT: Georges!

GEORGES: Ba al dakizu etxeko langilerik zaharrena, egunkaria bere eskuez lurperatzeko eskatuz bere oinetan belaunikaturik ikusten duenean, Julesek zer egingo duen?

SIBILOT: Kalera botako nau!

GEORGES: Horrek? Inola ere ez! Horrek itzalera bidaliko zaitu!

SIBILOT: (Izuturik) O!

GEORGES: Tori: irakur ezazu telegrama hau. MacCarthyrena da, eta salatzaile iraunkorretarako kontrato bat eskaintzen dit. Horra hor, Franco, United Fruit Companykoen zorionak, Adenauerren agurra, Borgeaud senadorearen karta autografo bat. New Yorken, Boltsa kotizazioak igoarazi dituzte nere azalpenek; bazter guztietan gerra industrietan boom izugarria gertatzen ari da. Interes haundiak daude tartean; Nekrassov ez da gehiago zuri mintzatzen zaizun hau; armagintza labriketako akzionistek altxatzen dituzten dibidendoetarako izen arrunt bat da. Hona hernen egia, adiskidea, hori da errealitatea! Horren kontra zer egin dezakezu? Zuk makina martxan jarri duzu, egia. Baina gelditu nahian bazabiltza, zirtzilatu egingo zaitu. Laster arte, adiskidea. Maite zintudan (SIBILOT ez da mugitzen). Zeren zain zaude?

SIBILOT: (Itomenezko ahotsez) Sendatzerik ba ote daukat?

GEORGES: Zure erokeria?

SIBILOT: Bai.

GEORGES: Beranduegi ote den bildur naiz.

SIBILOT: Baina zuk zainduko baninduzu, Georges? Zuk zaindu nahi izango baninduzu?

GEORGES: A! Ni ez naiz psikiatra (Isilunea). Egia esateko nolabaiteko berrezketa bat dela esango nuke. Hori nahi al duzu?

SIBILOT: Bai, arren.

GEORGES: Has gaitezen. Prestutasun jarrera har ezazu.

SIBILOT: Ez dakit.

GEORGES: Besaulki horretan lasai eser zaitez. Oinak taburetearen gainean jar itzazu. Larrosa hori botoizuloan jarri. Zigarro hau har ezazu. (SIBILOTi espilu bat ekartzen dio).

SIBILOT: (Begiratuz) E?

GEORGES: Prestuago sentitzen al zara?

SIBILOT: Bai, zerbait bai, beharbada.

GEORGES: Ondo dago. Zure segurtasun pertsonalak alde batera utz itzazu, eta faltsoak direla etsita egon zaitez, inor ez baituzu zure iritziko. Horiek arrozten zintuzten. Artaldera itzul zaitez, gogoan izan ezazu frantses prestua zarela. Egunkaria irakurtzen duten konta ezin ahala frantsesen begiez begira iezadazu. Nor ikusten duzu?

SIBILOT: Nekrassov!

GEORGES: Orain irten eta atzera sartu egingo naiz. Jar zaitez jarrera egizalean. Egizaletasun kolektibozko jarreran, noski. Atea irekitzen dudanean, «Arratsalde on, Nikita...» esango didazu (Irteten du. SIBILOT jarri, eta erre eta edaten hasten da. GEORGES itzultzen da).

SIBILOT: Arratsalde on, Nikita!

GEORGES: Arratsalde on, Sibilot.

SIBILOT: Ondo esan al dut?

GEORGES: Ez dago gaizki. (SIBILOTen besaulkia inguratzen du. Bapatean haren gainera makurtu eta eskuak begietan jartzen dizkio). Ku-Ku!

SIBILOT: Utz nazazu pakean..., Nikita!

GEORGES: Gero eta hobeto ateratzen zaizu. Altxa zaitez (SIBILOT GEORGESi atzea emanez jaikitzen da. GEORGESek kilimatu egiten du).

SIBILOT: (Bihurrituz eta gogoz kontra barrez) Tira, aski da! Nikita!

GEORGES: Sendatuko zara (Isilunea). Aski da gaurkoz: lanera! VIII Atala: «Stalinekin izandako elkarrikuste tragikoa».

SIBILOT: (Oharrak hartuz) Stalinekin izandako elkarrikuste tragikoa (Telefonoak jotzen du).

GEORGES: (Hartuz) Allò! Bai? Castagnie Anderea? Zaude pixka batean (SIBILOTi). Izen hori ezaguna egiten zait.

SIBILOT: Soir à Paris-eko mekanografoa da.

GEORGES: A! Kalera bota nahi zuten eta jornala altxarazi nienetako bat. Zer nahi ote du?

SIBILOT: Julesek bidaliko zigun!

GEORGES: (Mintzagailuari) Igo dadila! (SIBILOTengana bihurtuz, zintzilikatu eta gero). Stalinekin izandako elkarrikuste tragikoa. Azpititulu gisa (Kremlinetik esku kadira batean ihes egin nuenekoa».

SIBILOT: Nikita! Posible al da?

GEORGES: Gauzarik xinpleena. Segika datozkit. Museoko karrozaz beteriko areto batean gordetzen naiz. Kantoi batean esku kadira bat...

ZAINTZAILE BAT: Castagnie andrea.

GEORGES: Sar dadila. Eta batez ere pistola horiekin ez ezazue ikaratu.

 

 

V. AGERRALDIA

 

SIBILOT: (Andrearengana hurbilduz) Arratsalde on, anderea.

CASTAGNIE ANDREA: Arratsalde on, Sibilot jauna. Ez nuen zu hemen aurkitzerik uste (GEORGES seinalatuz). Hau al da Nekrassov?

SIBILOT: Bera da. Gure Nikita.

GEORGES: Nere begirune guztia duzu, anderea.

CASTAGNIE ANDREA: Zergatik kalera bidalarazi nauzun jakin nahi nuke.

GEORGES: Zer?

SIBILOT: Kaleratu egin al zaituzte?

CASTAGNIE ANDREA: (GEORGESi) Ederki samar dakizu, jauna! Ez ezjakinarena egin.

GEORGES: Zinez diotsut...

CASTAGNIE ANDREA: Palotin jaunak lehentxeago deitu nau, Kontseiluko jaun horiek han ziren, eta hura muturra zeukatena!

GEORGES: Eta?

CASTAGNIE ANDREA: Eta? Ba..., bota egin nautela.

GEORGES: Baina, zergatik? Zer dela eta?

CASTAGNIE ANDREA: Jakin nahian galdezka hasi naizenean hozka egingo zidatela ematen zuen. «Galde iezaiozu Nekrassovi, Nekrassovek esango dizu». Aurpegira botatzen hasi zitzaizkidan denak oihuka.

GEORGES: Zerri alenak!

CASTAGNIE ANDREA: Ez zintuzket mindu nahi, baina nitaz informe txarrak eman badituzu, zu haiek baino zerriagoa zara oraindik.

GEORGES: Ez dut ezer esan, ordea! Ez dut ezer ere egin! Zu, ezagutu ere ez zaitut egiten.

CASTAGNIE ANDREA: Zuregana bidali naute, beraz, zerbait jakingo duzu.

GEORGES: Baina, anderea, behin ere ikusi al ninduzun gaur arte?

CASTAGNIE ANDREA: Behin ere ez.

GEORGES: Ikusten?

CASTAGNIE ANDREA: Eta horrek zer frogatzen du? Zuk nere lanpostua nahi izatea, litekeena da.

GEORGES: Eta zer egingo nuke zure lanpostuan? Hori broma bat da, anderea, eta ez oso itxura ederrekoa.

CASTAGNIE ANDREA: Alarguna naiz, eta alaba bat gaixorik daukat: nere lanpostua galtzen badut kalean aurkituko gara, ez dago txantxetan aritzeko motiborik.

GEORGES: Arrazoi duzu (SIBILOTi). Zerri alenak!

CASTAGNIE ANDREA: Zer duzu nere kontra?

GEORGES: Ezer ez. Alderantziz, zuri soldata altxarazi nahi izan dizudala, Sibilot lekuko.

CASTAGNIE ANDREA: Neri soldata altxa?

GEORGES: Bai.

CASTAGNIE ANDREA: Gezurti alena! Arestian ez ninduzula ezagutzen esan duzu.

GEORGES: Pixka bat ezagutzen zaitut. Nik azkeneko hogei urteotan zuk egindako zerbitzu leialen berri banuen...

CASTAGNIE ANDREA: Bost urte besterik ez da lantegian hasi nintzela.

GEORGES: Dena aitortuko dizut. Politika arrazoi sendoak...

CASTAGNIE ANDREA: Ni ez naiz politikan sekula santan sartu. Eta nere senar gaixoak ez zuen politika konturik entzun ere egin nahi. Nik estudiorik ez dut, jauna, baina inuxentea ere ez naiz eta zure hitzontzi erretolikarekin alferrik zabiltza.

GEORGES: (Telefonoa hartuz) Soir à Paris-ekin jar iezadazu! (CASTAGNIE ANDREAri). Hankasartze bat da. Elkar ongi ez ulertze hutsa! (Mintzagailuari) Allò: Soir à Paris? Zuzendariarekin hitz egin nahi nuke. Bai Nekrassoven partetik (CASTAGNIEANDREAri). Zure lanpostuan berriro hartuko zaituzte. Ziur egon zaitezke. Eta barkatzeko eskatuko dizute, gainera.

CASTAGNIE ANDREA: Nik ez dut barkazio eskeren beharrik. Nere lanpostua berriro ematea besterik ez dut behar.

GEORGES: Allò! Ez al dago bere bulegoan? Baina hor inguruan al da? Itzuli bezain laster zuzenean deitzeko esan iezaiozu (Zintzilikatuz). Dena konponduko da. Arte horretan, zure baimenarekin... (Eskua patrikara eramaten du).

CASTAGNIE ANDREA: Nik ez dut limosna beharrik.

GEORGES: Zer uste duzu? Ez da limosna, ez horixe, adiskidetasunezko eskupekoa baizik...

CASTAGNIE ANDREA: Zu ez zaitut adiskidea.

GEORGES: Gaur ez. Baina zure lanpostua berreskuratzen duzunean, bai. Ikusiko duzu (Bapatean asaldaturik) O! (Isilunea). Eta besteak?

CASTAGNIE ANDREA: Zer beste?

GEORGES: Ba al dakizu besterik kaleratu duten?

CASTAGNIE ANDREA: Hori zabaldu da.

GEORGES: Nortzuk? Zenbat?

CASTAGNIE ANDREA: Ez dakit. Ni bota egin naute, nere trasteak hartu eta alde egin dut.

GEORGES: (SIBILOTi) Ikusiko duzu nola bota dituzten! Putreak! Xakalak! Kakalardoak! Nik bildurturik neuzkala uste nuen eta! Ongi ikasi, Sibilot maitea: bildurra, gorrotoa baino ahulagoa da (Kapela hartzen du). Komedia hau bukatu behar da. Zatoz gurekin, anderea. Ni pobreen kaltetan? Nere bizitzan aurrenekoz beharko luke! Jules horri lepazamarretik heltzen badiot... (Atea irekitzen du. Zaintzaile bat azaltzen da).

ZAINTZAILEA: Ez.

GEORGES: Nola ezetz? Irten egin nahi dut.

ZAINTZAILEA: Ezin da. Arriskutsua.

GEORGES: Eta hala ere irten egin nahi badut?

ZAINTZAILEA: (Ironiazko keinu laburra) Ja!

GEORGES: Zoaz! Ez dut irtengo (SIBILOTi). Zoaz Julesen bila anderearekin eta esan ni ez naizela berriketan ibiltzen: hogeita lau ordu barru kaleratuak ez badira berriro beren lanpostuetara itzuliak, nere Oroitzapenen jarraipena Figarori emango diodala esan. Zoaz. Beharbada kalteren bat egin dizut, anderea, baina gogoz kontra izan da, eta zinez diotsut kalteak ordainduko zaizkizula (SIBILOT eta CASTAGNIE ANDREA irteten dira). Ez al didazu agurrik esaten, Sibilot?

SIBILOT: Gero arte.

GEORGES: Gero arte, zer?

SIBILOT: Gero arte, Nikita.

GEORGES: Jules ikusi bezain laster telefonoz dei egin iezadazu.

GEORGES: (Bere gisa) Kaleratuak!... (Pentsatzen jartzen da). A! Ez dut errurik! Gorrotoa, sentitzen ez dudan grina da; oso ondo ezagutzen ez ditudan indar ikaragarriak erabili beharrean aurkitzen naiz. Moldatuko naiz... Kaleratuak!... Beren soldata besterik ez zeukaten bizitzeko —hogei mila libera aurreratuak, beharbada—... Urrez estaliko ditut eta Administrazio Kontsei lua sarrerako atean arrosak harturik beren zain izango dute, besada larrosa harturik...

 

 

VI. AGERRALDIA

 

ZAINTZAILEA: (Sartuz) Figaro-ko kazetaria.

GEORGES: Sar dadila. Itxaron: polita al da?

ZAINTZAILEA: Pxe! Pasatzeko modukoa (GEORGES ispilurantz joaten da, begi gaineko partxe beltza kendu, bere buruari begira ego ten da une batez, kendu eta poltsikoan sartzen du).

GEORGES: Esan sartzeko (VERONIQUE sartzen da).

 

 

VII. AGERRALDIA

 

GEORGES: (VERONIQUE dela ohartzean) A! (Besoak gora dituela jartzen da).

VERONIQUE: Ezagutzen nauzula uste dut.

GEORGES: Bai. Orain Figaro-n al zaude?

VERONIQUE: Bai.

GEORGES: Ni komunista tartekoa zinelakoan nengoen.

VERONIQUE: Bat aldatu egin ohi da. Non dago Nekrassov?

GEORGES: Ba ...irten egin du.

VERONIQUE: Haren zain geldituko naiz (Eseri egiten da). Zu ere haren zain al zaude?

GEORGES: Ni? Ez.

VERONIQUE: Zer ari zara hemen?

GEORGES: O! Badakizu, nik ez dut inoiz gauza handirik egiten (Isilunea). Jaiki egiten da. Gaur arratsaldean ez dut uste Nekrassov etorriko denik. Bihar etortzea hobe zenuke.

VERONIQUE: Ondo da (GEORGES lasaitu dela dirudi. VERONIQUEk poltsatik oharretarako blok txiki bat ateratzen du). Baina, hemen zaitudanez gero, berari buruz zer dakizun esango didazu.

GEORGES: Nik ez dakit ezertxo ere.

VERONIQUE: Tira, tira! Haren zaintzaileek bera egoten den gelan sartzen uzten dizutenerako, haren lagun mina izan behar duzu!

GEORGES: (Nahasturik) Lagun mina? Ez da harritzekoa, hori... hori logikoa da (Geldiunea). Nere lehengusua da.

VERONIQUE: A! A!

GEORGES: Nere amaren ahizpa Errusian gelditu zen: Nekrassov haren semea da. Lehengo egun batean banku baten gainean egunkari bat aurkitu nuen, hartu eta nere lehengusuak orduantxe heltzea egin zuela jakin nuen...

VERONIQUE: Eta bere ikustea lortzen duzu, famili kontuak esaten dizkiozu; berak besoak zabaltzen dizkizu...

GEORGES: Eta idazkari gisa hartzen nau...

VERONIQUE: Idazkari? Puaf!

GEORGES: Itxaron! Haren idazkaria naiz, baina txantxetan: hamabost egun pasa baino lehen diru gordea hartu eta ospa egingo dut.

VERONIQUE: Eta bitartean lan nazkagarri horretan laguntzen diozu.

GEORGES: Lan nazkagarria! Aizu, neskatoa, zu ez al zaude Figaro-n?

VERONIQUE: Ni? Ez horixe.

GEORGES: Berriro gezurra esan duzu.

VERONIQUE: Bai.

GEORGES: Zure egunkari progresistak bidaltzen al zaitu?

VERONIQUE: Ez. Nere kabuz etorri naiz (Isilunea). Orduan? Hari buruz hitz egin iezadazu. Elkarrekin zaudetenean zertan aritzen da?

GEORGES: Edan egiten du.

VERONIQUE: Zer esaten du?

GEORGES: Isilik egoten da.

VERONIQUE: Besterik ez?

GEORGES: Besterik ez.

VERONIQUE: Ez al du bere andreaz hitz egiten? Edo han utzi dituen seme-alabez??

GEORGES: Bakean utz nazazu (Geldiunea). Bere konfiantza nigan ezarri du, eta ez noa hari traizio egitera.

VERONIQUE: Ez diozu traiziorik egin nahi eta hari estafa egitera zoaz.

GEORGES: Estafa egitera noakio, baina honek sentipenak izatea ez dit eragozten. Nere biktimak begiko izan ohi ditut; ofizioak hala eskatzen du; inoren gogozko izan gabe, nola estafarik egin? Eta nola izango gustatzen ez zaidanaren gogoko? Nere negozioak elkarrenganako bihotzikutu batez hasten dira.

VERONIQUE: Nekrassovekin bihotz-ikutua izan zenuen orduan?

GEORGES: O! Bihotz-ikutu txiki txiki bat. Txinparta bat.

VERONIQUE: Zaborreria horrekin?

GEORGES: Erne ibili...

VERONIQUE: Haren alde aterako al zara?

GEORGES: Ez naiz haren alde ateratzen. Hitz horiek zuri entzuteak harrituta uzten nau.

VERONIQUE: Ez al da, ba, zaborreria hutsa?

GEORGES: Litekeena da. Baina ezagutu ere egiten ez duzun gizona gaitzesteko eskubiderik ez duzu.

VERONIQUE: Ondotxo ezagutzen dut.

GEORGES: Ezagutzen duzula?

VERONIQUE: (Leunkiro) Noski, motel, hi haiz eta.

GEORGES: (Ulertu gabe errepikatuz) A! Bai, noski, ni naiz eta (Salto eginez). Ez ez naiz ni. Ez! Ez naiz ni (VERONIQUEk irribarrez begiratzen dio). Nondik atera dun hori?

VERONIQUE: Nere aitarengandik.

GEORGES: Esan egin al din?

VERONIQUE: Ez.

GEORGES: Beraz?

VERONIQUE: Nere aita, gezur publikoan espezialista diren guztiak bezala, atez barrutik gezurti kaxkarra duk.

GEORGES: Hire aita txotxatzen ari dun! (Gelan hara eta hona ibiltzen da). Tira! Hiri gustoa egiteagatik, eman dezagun une batez Nekrassov naizela.

VERONIQUE: Eskerrik asko.

GEORGES: Zer egingo huke hala banintz? Poliziaren eskutan jarriko al ninduken?

VERONIQUE: Lehengo gau hartan entregatu al hindudan?

GEORGES: Nere egiazko izena argitara emango al huke?

VERONIQUE: Oraingoz baldarkeria hutsa izango huke: frogak falta zaizkiguk eta ez ligukeate sinetsiko.

GEORGES: (Lasaiturik) Hitz batean, nere etsaiak ahalmenik gabe utzi ditudala.

VERONIQUE: Oraingoz bai; ezin diagu ezer egin.

GEORGES: (Barrez) Ezkerra, eskuina, erdia; denok nere esku zauzkatet. Amorruz lehertu beharrean egongo haiz, pollit hori! Sekretua, sekretuaren truke: Nekrassov ni naun. Hire gelan sartzen utzi huen arlote gizarajo hura gogoan al dun? Lekutan utzi dinat! Hori jauzi zorabiagarria egin dudana! (Gelditu eta bere buruari begiratzen dio). Benetan, zertara etorri haiz?

VERONIQUE: Zaborreria hutsa haizela esatera.

GEORGES: Durundi haundiko hitz horiek alde batera utzi; blindaturik negon. L'Humanité-k goi-zero arratoi lirdinga deitzen nain.

VERONIQUE: Gaizki egina.

GEORGES: Pozten naun hiri hori entzutea.

VERONIQUE: Hi ez haiz arratoi lirdinga, zaborreria hutsa haiz.

GEORGES: A! Amorrarazten naun (Pauso batzuk eman eta VERONIQUErengana itzultzen da). Goimailako Sobietar Funtzionario bat, bere herriaren eta alderdiaren etsaiei propio armak ematera etorria, zaborreria hutsa izango huke —areago oraindik, simaur pila bat dela esango ninake. Baina ni ez naun sekula ministro izan, ezta PCko partaide ere. URSSetik atera nintzenean sei hilabete nizkinan, eta nire aita errusiar zuria huen; ez zionat inori ezer zor Hik ezagutu nindunanean, estafagile aparta eta bakartia nindunan, nere obren zordun. Horra ba, lehengo lepotik zeukanat burua: atzo titulu faltsuak eta etxauntza faltsuak saltzen nizkinan, gaur Errusiari buruzko informe faltsuak. Non dago diferentzia? (Ez dio erantzuten). Gainera, hiri aberatsak ez zaizkin gehiegi gustatzen: horrenbesteko gaiztakeria al da haiek engainatzea?

VERONIQUE: Benetan, engainatzen dituala uste al duk?

GEORGES: Nork ordaintzen ditu nere sastrearen kontuak, eta hotelekoak? Nork ordaindu du nere «Jaguar»a?

VERONIQUE: Zergatik ordaintzen dizkiate?

GEORGES: Nik nere sikulu-saltsak saltzen dizkiedalako.

VERONIQUE: Eta zergatik erosten dizkiate?

GEORGES: Zeren... egia esateko, hori beraien kontua dun. Nik ez zekinat.

VERONIQUE: Pobreei irentsarazteko erosten dizkiate.

GEORGES: Pobreei? Nork pentsatzen du haietaz?

VERONIQUE: Zer uste duk? Soir à Paris-en irakurleak milionarioak direla? (Poltsatik egunkari bat ateraz) «Nekrassovek deklaratua: errusiar langilea munduko errukarriena da». Hik esana al da hori?

GEORGES: Bai, atzo.

VERONIQUE: Norentzat esan duk? Aberatsentzat ala pobreentzat?

GEORGES: Asma ezan! Denentzat. Inorentzat ez. Ondoriorik gabeko broma bat dun.

VERONIQUE: Hemen bai. Larrosa artean... Nolanahi ere, inork ez dik langilerik «Georges V»ean ikusi. Baina ba al dakik horrek Billancourten zer esan nahi duen?

GEORGES: Nik...

VERONIQUE: «Kapitalismoa ez ukitu, edo basatikerian eroriko zarete. Mundu burgesak baditu bere akatsak, baina izan litezkeenetatik hoberena da. Mixerian bizitzeko, hobe duzue zeuenarekin konpondu; honen bukaera ez duzuela sekula ikusiko etsita egon zaitezte eta URSSen ez jaiotzeaz zeruari eskerrak eman».

GEORGES: Ez esan hori sinesten dutenik. Ez ditun horren inuxenteak.

VERONIQUE: Eskerrak! Bestela, gasari eman edo ez altxatzeko moduko mozkorra harrapatzea beste erremediorik ez liketek izango. Baina nahikoa huke milatatik batek gezur horiek sinestea, hi hiltzaile bat izateko.

GEORGES: Nor? Ni?

VERONIQUE: Alajaina! Aberatsen dirua lapurtzen ari hintzela uste huen, baina irabazi egiten duk. Harro aski egin hion muzin lehengo gau hartan nik eskainitako lanari «Nik lanik egin!...» Horra ba, orain hor dituk hire nagusiak, eta gogotik lan eginarazten diate.

GEORGES: Hori ez dun egia.

VERONIQUE: Tira, tira; ongi aski dakik pobreak etsipenera bultzatzeko ordaintzen diatela.

GEORGES: Entzun...

VERONIQUE: (Jarraituz) Estafagile hobengabe bat hintzen, gaiztakeriarik gabekoa, fantasioso xamarra, erdi poeta. Ba al dakik zer egin hauten? Kakatzetako langile bat. Heure burua mespretxatu nahi ez baduk, gaizkile bihurtu beharko duk.

GEORGES: (Hortz tartetik) Zerri alenak!

VERONIQUE: Nork dauzka oraingoan muntaketa horren hariak?

GEORGES: Hariak?

VERONIQUE: Bai.

GEORGES: Ba... (Bere baitaratuz) Nik. Beti nik.

VERONIQUE: Pobreak etsipenera bultzatzeko asmo sendoa duk, beraz?

GEORGES: Ez.

VERONIQUE: Orduan, nork erabiltzen hau?

GEORGES: Inork ezin nain erabili: inortxok ere ez.

VERONIQUE: Eta hala eta guztiz ere, bietako bat: engainatua ala gaizkilea haiz.

GEORGES: Aukera erraza jarri didan: Gora gaiztakeria!

VERONIQUE: Georges!

GEORGES: Nik pobreak etsipenera bultzatzen ditudala? Eta zer? Bakoitzak, bere alde: Defenda daitezela. Nik URSS kalumniatzen dudala? Apropos egiten dinat: Mendebaldeko komunismoa desegin nahi dinat. Eta hire langileak, nahiz Billancourtekoak, nahiz Moskukoak, neri...

VERONIQUE: Ikusten, Georges? Ikusten nola gaiztotzen ari haizen?

GEORGES: Ona edo gaiztoa, neri host axola. Nik nere gain hartzen ditinat Ongia eta Gaizkia: denen erantzukizuna nik dinat.

VERONIQUE: (Soir à Paris-eko artikulu bat erakutsiz) Artikulu honena ere bai?

GEORGES: Noski. Zertaz da? (Irakurri egiten du). «Nekrassov jaunak Robert Ducal eta Charles Maistre pertsonalki ezagutzen dituela deklaratzen du». Nik ez dinat horrelakorik sekula esan.

VERONIQUE: Banengoan, ba, ni; horrexegatik etorri nauk hi ikustera.

GEORGES: Robert Duval? Charles Maistre? Entzun ere ez ditinat egin izen horiek.

VERONIQUE: Gure egunkariko erredaktoreak dituk. Alemania berrarmatzearen kontra idatzi ditek.

GEORGES: Eta?

VERONIQUE: URSSk ordaintzen dituela esanarazi nahi diate.

GEORGES: Eta esaten badut ere, zer?

VERONIQUE: Traizio salaketapean tribunal militar baten aurrera eramanak izango dituk.

GEORGES: Lasai egon. Ez zidaten hitzik aterako. Sinesten al didan?

VERONIQUE: Sinesten diat. Baina erne ibili! Hire gezurrak ez ditiztek aski; inoiz esan ez dituanak ere gaineratzen hasi zaizkik.

GEORGES: Zeri buruz ari haiz, salbuespen horri buruz? Merituak irabazi nahi dituen menpekoren bat izango dun; aditu behar ditin ederrak, bai. Julesengana joan eta zuzenketa bat berehala argitaratzeko esango zionat.

VERONIQUE: (Sinesgogor) Ahal duana egin ezak.

GEORGES: Hori al zen esan behar hidan guztia?

VERONIQUE: Hori huen.

GEORGES: Arratsalde on.

VERONIQUE: Arratsalde on (Eskua atearen krisketean duela). Gaiztoegi ez bihurtzea opa diat!

GEORGES: (Bakarka) Mukizu horrek politikaz ez daki ezer. Umegorri bat besterik ez da. (Aterantz abiatuz). Zer uste dun, horien tranpetan eroriko naizela? Nigandik espero denaren kontrakoa egiten dinat beti (Gela zeharkatzen du, smokingaren bila joaten da). Billancourt etsipenera bultza dezagun! Slogan beldurgarriak aurkituko ditut (Alkandora bat eta iduneko baten bila joaten da. Kantari). Billancourt asalda dezagun. Billancourt asalda dezagun!

        (Telefono hotsa. Tresna hartuz). Zu al zara, Sibilot? Orduan? E? Hara, berriz! Ez da posible! Jules berarekin izan al zara? Nik exijitzen dudala esan diozu? Babo arraioa! Ez zenituen hitz egokiak aurkituko! Dardarka jartzen zara haren aurrean; bildurra sartu behar zitzaion. Gaur gauean Bounoumiren etxera doala? Bueno, nik hitz egingo dut berarekin (Zintzilikatuz). Nori eta neri ezer ukatu? (Besaulki batean bere burua erortzen uzten du, une batez etsiturik). Politikaz lepahezurreraino nago! Lepahezurreraino! (Bapatean zutituz). Nere bila dabiltza, nere bila. Ba, nerekin topo egingo dutela uste dut. Desafioa onartzen dut!Areago oraindik, pozik onartzen dut; nork agintzen duen erakusteko aukera ederra izango dut (Telefono hotsa. Tresna hartzen du). Alló! zu al zara berriro ere? Barka, baina nor zara zu? A! Ederki. Zu zintudan gogoan oraintxe. Gizatxarra, e? Ederki jauna, gizatxarrik txarrena. Gehiago oraindik: zaborreria hutsa. Menpeko langileak kalera botarazten ditut. Kazetariak txakurren eskuetan jartzen, pobreak etsipenera bultzatzen, eta hau hasiera besterik ez da. Hurrengo agerpenek bata bestearen segidako suizidioak probokatuko dituzte. Zu, noski, gizon prestua zara. Oso ondo irudika zaitzaket; trajea gastatua daramazu, «Metro»a egunean lau aldiz hartzen duzu, pobre usaina nabari duzu. Merituak ez dira ordaintzen? Nik, dirua, ospea eta emakumeak dauzkat. Nere «Jaguar»ean noala ikusten banauzu, erne ibili: espaloiak jo beharrean pasatzen naiz apropos, jende prestuari zipriztinak botatzeko (Zintzilikatu egiten du). Oraingoz behintzat, nik zintzilikatu dut aurrena (Barrez). Neskatoak arrazoi du: gaiztotu egin behar dut (Larrosa saskitxoak ostikoz joz eta banan-banan ipurdiz gora botaz). Gaiztoa! Gaiztoa! Benetan Gaiztoa!

 

OIHALA

 

aurrekoa | hurrengoa