|     78 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        Ez nator zuei barre eragitera orain: kopeta ilun eta serio, triste, jaso eta esanguratsu jartzeko gauzak dira, bonbazia eta saminez beteak, eszena nobleak, begietatik malkoak isurerazteko aproposak gaur esakintzen dizkizuegunak. Errukibera direnek badute hemen, nahi izanez gero, malkoren bati erortzen uzteko aukera: gaiak merezi du. Sinestekorik ezer aurkituko ez dutelakoan diru ematen dutenek topatuko dute, halere, egiarik. Bizpahiru komeria ikustera baizik etorri ez eta berehalaxe obra pasagarria dela ontzat emateko prest daudenek, lasai eta onginahitsu iraun nahi badute, ikuskari atsegin bat beren begien aurrean bi orduz izango duten hitza ematen diet beren txelinaren truke. Bakarrik pieza alai eta lizunaren bila, brokel-astrapala edota bufoia jantzi nabar luze eta ertz horiekikoa ikustera datorrena geratuko da oporrik: beraz jakin ezazu, entzule maiteok, gure benetako egia burruka eta bufoikeriazko ikuskari horiekin nahastea, geure buruaz dugun iritzia beheratzeaz gainera eta egiatzat daukaguna bakarrik aurkezteko dugun asmoa ere bai, eta horrela gizon kulto ororen estimua betirako galeraziko liguke. Horrela, bada, onginahiaren izenean, eta hiriko ikusle aurreneko eta zoriontsuentzat zauzkategunez gero, izan zaitezte opa dugun bezain serioak; kontu egizue gure historia nobleko perisonaiak beren bizialdian izan ziren bezala ikusten ari zaretela; pentsa boteretsua eta jendetza izugarriz inguraturik ikusten dituzuela, milaka adiskideren artean; ondoren pentsa ezazue nola une batean haunditasun guzti honi supituki zorigaitza elkartzen zaion. Eta artean zeuon alaitasunari eusteko gai bazerete, gizona bere ezteietan ere negar egiteko gauza dela.

 

aurrekoa | hurrengoa