|     72 zenbakia, 1985eko ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BERENGELA IZENEKO OTARANTZA BATEN IBILKETAK ETA BIRIBILKETAK

 

Manuel María

 

 

1

 

(HARITZOSTOA, OTARANTZA)

 

HARITZOSTOA:

                Haritz sendoaren hostoa naiz

                haize hotzari gordea

                azal gainean pausatutzen zait

                ihintzaren malko berdea

OTARANTZA:

                Ni otarantza nauzue berriz

                ote latzaren arantza

                mutur zakarra izanagatik

                ez dakit zer den bengantza.

HARITZOSTOA: Urratzaile hori, piztia hori, airea ere urratzen duzu zeure orratz jitearekin. Enarek ihes egiten dizute. Ni aldiz xamurra naiz. Pausalekua eskaintzen diet txoriei.

OTARANTZA: Lirainagoa izateagatik daukat orratz jitea. Ez beste ezergatik.

HARITZOSTOA: Beldur dizu mundu guztiak.

OTARANTZA: Udaberriz, gorde eta babestu egiten ditut neure lore horiak. Neure loreak, jakin ezazu, Udaberriaren irria dira. Umekondoak ere adiskide ditut.

HARITZOSTOA: Zuk ez duzu adiskiderik. Amets egiten duzu iratzarririk.

OTARANTZA:

                Neure labana zorrotzarekin

                urratzen dut goizaldia

                Airea bitan ebaki eta

                sor erazten dut argia.

HARITZOSTOA: Begiratuarekin urratzen duzu. Labana bat daukazu. Min emateko zaude armatua.

OTARANTZA: Halakoa naiz. Ez diot inori gaitz egiten. Eta zure adiskidea izan nahi dut.

HARITZOSTOA: Ez da posible!

OTARANTZA: Zergatik ez?

HARITZOSTOA: Haatik ez!

OTARANTZA: Hori ez da arrazoia!

HARITZOSTOA:

                Andereak andere

                ni naiz andereño

                lagun hartuak ditut

                haize eta laino.

                Goialdean ¡gana

                ia zeruraino

                zu berriz arrastaka

                arantza zareino.

OTARANTZA: Zozokeriak!

HARITZOSTOA: Bekaizkeria! Inbiria didazula! Neure kolore berdeak ez dio zorrik zeruaren urdinari, ixorrai!

OTARANTZA: Nik ez dizut inbiririk zuri, eta ez inori. Ez nuke neure burua haritzosto batenagatik aldatuko!

HARITZOSTOA: Horixe nahi zuk!

OTARANTZA: Haundiputza!

HARITZOSTOA: Iraindu egin nauzu! Errespetoa galdu behar al didazu? Niri, Haritzosto andereñoa naizen honi!

OTARANTZA: Ez zaitut ezertan iraindu. Ez zaitezela berritsu eta nahastailea izan. Zeu zara, nire onetik ateratzen nauzuna.

HARITZOSTOA: Zaude isilik triputsa, lepoa egingo dizut eta! Ebaki egingo zaitut neure zerra-hortzekin!

OTARANTZA: Hau beldurra! Zatoz, zanpakari Hori!

 

(HARITZOSTOA OTARANTZAgana murgiltzen da. Jokalekutik irteten dira borrokan).

 

ILUNPEA

 

 

2

 

(ZAINDARI batek atxilotua darama OTARANTZA soka haundi eta lodi batekin)

 

ZAINDARIA:

                Hago isilik, txikitu egingo haut bestela!

                Haritzostoa

                akatu

                eta kimatu

                nahi izan duela!

                Gaiztoa!

OTARANTZA: Barka, Zaindari Jauna! Nik ez dut ezeren okerrik egin! Bera izan da eraso didana! Hitz ematen dizut ez naizela gehiago ausartuko!

ZAINDARIA:

                Holako gauza zitalik

                ikusi al duzue oraindik?

                latza

                eta garratza!

                Arantza!

OTARANTZA: Ez dut ezeren okerrik egin! Ez diot inoiz inor eraso!

ZAINDARIA: Orain galdua ikusten dun heure burua eta koittauarena egiten dun. Arantza guztiek urratzen dute, egia da ala ez?

OTARANTZA: Nik ez dut inor urratzen. Ona eta baketsua naiz.

ZAINDARIA: Bai...? Ikusagun, mezetara joaten al haiz?

OTARANTZA: Ez.

ZAINDARIA: Agindutakoa betetzen dun, zergak ordaintzen ditun, soldaduzka egina dun?

OTARANTZA: Ez.

ZAINDARIA: Eta hala ere ona haizela dion?

OTARANTZA: Bai. Ni ez bainaiz persona, ni arantza bat naiz.

ZAINDARIA: Beraz, arantza bahaiz, gaiztoa haiz.

OTARANTZA: Berriz!

ZAINDARIA: Lotsa gorde niri eh! Nahi badinat, txixa egingo dinat burutik behera! Horretarako naun zaindaria!

OTARANTZA: Bai, Zaindari jauna!

ZAINDARIA: Arin! Goazen Juezagana!

OTARANTZA: Erruki bedi nitaz, ezer egin ez dudan hontaz! Egin dudan bakarra, defendatzea izan da!

ZAINDARIA: Kriminal guztiak zarete mihingainzuriak! Ezagutuko ez bazintuzket! Azkar!

 

ILUNPEA

 

 

3

 

(OTARANTZA JUEZAren aurrean)

 

JUEZA: Nola dun izena?

OTARANTZA: Berengela dut izena. Laharra dut aitajauna eta otea amandrea. Baina ez dakit alderantziz ez ote den. Otea aitajauna eta...

JUEZA: Ardura gutxi niri horrek. Erantzun ezan bai ala ez galdetzen dinadanari.

OTARANTZA: Bai Juez jauna.

JUEZA: Jo egin hion beraz Haritzostoari ezta? Arantza urratzaile bat izanaz baliatzen haiz. Haritzosto gaixoak ez du zerekin defendatu. Eta hi...

OTARANTZA: Juez jauna, ni...

JUEZA: Hi isilik! Ni naiz Jueza, eta beraz, mintzo dena. Ulertzen?

OTARANTZA: Bai Juez jauna.

JUEZA: Haritzosto gaixoari ankerki eraso ondoren, oraindik ere badun kopetan azala niri aurka egiteko!

OTARANTZA: Nik ez diot aurka egin.

JUEZA: Ez eh? Eta zer dira orduan erantzunok? Niri, Jueza naizen honi! Ukatu egiten dun gainera! Pazientzia ahitzen ari zait! Ez nazan kabreatu. Kabreatzen banaun, astoarenak emango dizkinat!

OTARANTZA: Nik... nik ez dut ezer egin.

JUEZA: Egoskorra haiz! Nire aurrean gezurretan ari oraindik! Malapartatua! Hostojalea! Erahilea!

OTARANTZA: Errukia eta barkamena, Juez jauna!

JUEZA:

                Orain berriz doinuz aldatzen dun heure burua

                galduan ikusita. Eta humilarena egiten dun,

                zerarena eta nik ahal dakit.

                Justiziaren aurrean ere

                azpijikoz zara ari

                inunzentearena eginez

                nire aburuan.

                Sarri

                eta larri

                egin dezagun zentzagarri

                Otarantzaren buruan.

 

(Mutu eta pentsakor gelditzen da apur batean)

 

        Kartzelara igorri aurretik, egindako izugarrikeriak ordaindu beharko ditun. Alkateagana igorriko haut jendetasun ikasgaiak eman diezazkinan, ea probetxurik ateratzen dugun higandik, ez dut uste baina.

 

ILUNPEA

 

 

4

 

(OTARANTZA ALKATEAren aurrean)

 

ALKATEA:

                Herri hontako Alkatea naiz

                herritarren izugarri

                makil zuzenez ordenan daukat

                hemen kale ta baserri.

                Halako prenda ikusi eta

                kaskoan zait niri jarri

                ez ote dugun askozaz hobe

                herritik kanpo igorri.

OTARANTZA: Bai Alkate jauna.

ALKATEA: Nahi izanez gero, neure Herri, kontzeju edo udalaren mugaz kanpo igorriko haut.

OTARANTZA: Bai Alkate jauna.

ALKATEA: lkusagun, erroldan al hago?

OTARANTZA: Bai Alkate jauna. Basa-ondasun bezala nago erroldan.

ALKATEA: Ederki orduan. Estolda zerga ordaintzen?

OTARANTZA: Ez Alkate jauna.

ALKATEA: Eta zabor bilketa?

OTARANTZA: Ez Alkate jauna.

ALKATEA: Eta teilatu-hegalpearena ordaintzen?

OTARANTZA: Ez Alkate jauna.

ALKATEA: Eta hodibideak?

OTARANTZA: Ez Alkate jauna.

ALKATEA: Eta ke-irteerak eta euri-ixurkiak?

OTARANTZA: Ez Alkate jauna.

ALKATEA: Ez Alkate jauna, ez Alkate jauna! Zer ez eta ze azakirten! Nazkagarri bat, horixe da haizena!

OTARANTZA: Ez baitut etxerik eta ez bainaiz kalean bizi. Mendian bizi nauzu.

ALKATEA: Anarkista bat, horixe da hi haizena, separatista bat, alproja bat, drogazale bat, bizimodu txarreko arantza bat, urdanga bat. Horixe, haizena hi.

OTARANTZA: Ni... ni...

ALKATEA: (Jokalekutik irteten da oihuka). Zergaketari jauna! Zergaketari jauna! Zatoz zergak kobratzera Arantza Errebelatu honi!

 

ILUNPEA

 

 

5

 

(ZERGAKETARIA eta OTARANTZA)

 

ZERGAKETARIA:

                Zergaketaria naiz

                zergak jasotzeko

                poltsa haundituta

                ondo gizentzeko.

                Txanponak biltzen ditut

                xoxa ta ontzako

                papera nahiz metala

                hartzen da ontzako

                dena berdin zako

                guztia poltsako

                baina ez niretzako

                alkatearentzako

                zergaketaria

                diru-kobrantzako.

OTARANTZA: Nik ez dut dirurik.

ZERGAKETARIA: Ez eh?

OTARANTZA: Ez.

ZERGAKETARIA: Utziko dinanik ere ez al dun?

OTARANTZA: Ez.

ZERGAKETARIA: Ez al dun baratzaren bat, alkandoraren bat, futbol sarreraren bat...?

OTARANTZA: Ez, ez dut ezer.

ZERGAKETARIA: Ez da posible! Nire betekizuna bete behar dinat, eta kobratu behar dizkinat zergak eta petxak, eta gainera gehigarria. Baina, ez al dun ezer ere? Pentsa ongi.

OTARANTZA: Daukadan gauza bakarra neure loreen horitasuna da. Orain ez dut batere. Udaberria heldu arte itxaron behar dut.

ZERGAKETARIA: Hau bekatua! Hau herejiaren haundia! Loreen horitasunak ez du ezer balio! Nolako herejia. Apaizari behar diot hotsegin hereje honi konjuroak egin diezazkion!

(Jokalekutik irteten da oihuka)

Apaiz jauna, apaiz jauna!

 

ILUNPEA

 

 

6

 

(APAIZA eta OTARANTZA)

 

APAIZA:

                Oh, Otarantza,

                nazkaz nator higanantza,

                infernuko garretan

                gaiztakeriaren aparretan

                Belialen atzaparretan!

                Konkupiszenzia dun izpilu

                inkontinentzia grilu,

                bekatuari eutsi,

                mandamentuak hautsi,

                sasia sutu behar

                mundu osoan zehar!

                Hator

                jator

                hona onbidea hemen!

                        AMEN!

                Esan: Amen!

OTARANTZA: Amen!

APAIZA: Ozenago, ozenago!

OTARANTZA: (Oihuka) Amen, amen, amen!

APAIZA: Egia esan, Otarantza honek deabrua du soinean! Madarikatzen haut Satanas! Jainkoak barka Jauna! Salbu-eta! Amen, amen!

 

ILUNPEA

 

 

7

 

(ZAINDARIAK OTARANTZA lepotik lotua darama soka lodi batekin)

 

ZAINDARIA: Bizkor! Begi bistatik izkutatuko ahal haiz! Leku seguruan utzi nahi haut!

OTARANTZA: Ez tira horrenbeste, akatu egingo nauzu.

ZAINDARIA: Merezia dun! Dena ere eskas dun! Airerik gabe geratuko ahal haiz!

OTARANTZA: Nik ez dut ezer egin!

ZAINDARIA: Ezagutzen dinat kopla hori! Goazen, denbora ez da alferrik galtzekoa! Carrazúa, Blusas eta Arañeira-ra joan behar dut neure katiluak edatera...

OTARANTZA: Leku askotara zoaz.

ZAINDARIA: Egarri haundia baitaukat!

OTARANTZA: Mozkor galanta zu!

ZAINDARIA: Mozkorra...? Kontu hitzokin, agintaria naiz ni gero!

OTARANTZA: Horixe nahi zuk! Ihes egiten uzten benauzu, kupela bete ardo emango dizut!

ZAINDARIA: Eta non daukazu?

OTARANTZA: Orain ez daukat. Ihes egiten utzi orduko emango nizuke.

ZAINDARIA: Azkarra haizela horratikan! Mugitu kartzelarantz!

OTARANTZA: Nik ez dut ezer egin! Ni inuzentea naiz!

ZAINDARIA: (Umeak bezala kantari)

                Otarantza inuzente!

                Inuzente

                txakurrak buztana tente!

 

ILUNPEA

 

 

8

 

(OTARANTZA eta KARTZELAZAINA)

 

KARTZELAZAINA:

                Kartzelazaina naiz ta

                hemen dut Arantza

                kriminal ta lapurra

                hartzen diot antza.

                Gaiztakeriara du

                egina balantza

                ehun urteko itzala

                juezaren bengantza.

OTARANTZA: Ez dut ezer ulertzen! Nik ez diot inori eraso! Ez diot inori gaitzik egin! Ze injustizia haundia! (Negar zotinka hasten da)

KARTZELAZAINA: Orain negarrez! Ez huen negar egiten Haritzostoari eraso hionanean! Hostojalea! Erahilea! Hezurrak usteldu arte egon beharko dun kartzelan! Ehun urte eta eguna jo beharko ditun kartzela honetan!

OTARANTZA: Ez dago justiziarik! Nik ez nion ez Haritzostoari ez inori eraso! Izatez naiz baketsua!

KARTZELAZAINA: Oraindik ere badun etorria, lotsagabe horrek! Anarkista! Ustelkia! Separatista! Kultura eta Zibilizazioa nahi hituen desegin! Gezurra esan dion Juezari, trufa egin dion Apaizari, ez dun Alkate jauna errespetatu, ez ditun ordaindu nahi izan zergak eta petxak. Eta ezer egin ez dunala dion! Eskerrak zer edo zertarako gaudela guardak eta kartzelazainok!

OTARANTZA: Nik egia diot! Ez dago eskubiderik nirekin zer ari zareten egiten!

KARTZELAZAINA: (Dena itxia dagoela aztertuz, zerrailak ikusmiratuz) Hor gelditzen haiz preso, preso eta lotua, ederki lotua halare! Jo dezagun musaldi bat guarda lagunekin! Ha, ha, ha!

 

ILUNPEA

 

 

9

 

(OTARANTZA kartzelan. Gero, MENDIAREN IZPIRITUA. OTARANTZA leiho haundi baina hagaz eta burdinez jositako batean ageri da).

 

OTARANTZA: Ai ene! Ai ene, galdua naiz! Kartzela daukat urte eta urtetarako! Hemen, haga hauen atzean, burdin hauen atzean ahuldu egingo naiz apurka, zimelduko, eguzkiaren argia berriro ikusteko esperantzarik gabe! (Negar eta zotin).

MENDIAREN IZPIRITUA: Otarantza, Otarantza! Berengela, Berengela!

OTARANTZA: Nork hotsegin dit?

MENDIAREN IZPIRITUA: Ni naiz. Mendiaren Izpiritua, zure bila natorrena. Ez al nauzu ezagutzen?

OTARANTZA: Ezagutuko ez ba! Baina, nola egingo dut ihes?

MENDIAREN IZPIRITUA: Horretarako eta beste askotarako ere badaukat nik ahalmena. Zerbaitetarako naiz izpiritu bat.

OTARANTZA: Eta ez al naute topatuko?

MENDIAREN IZPIRITUA: Ez beldur izan. Zure bilatzaileek ez dute ezer ahalko ez zure eta ez nire aurka. Asfaltotik kanpo, ez dira ezer.

OTARANTZA: Gutxi fida. Dena daukate neurtua, barrendatua, argazkiratua, katastratua, kontabilizatua, liburutan hartua.

MENDIAREN IZPIRITUA: Basorik izkutuenera eramango zaitut. Mendirik bakartienera. Han hodei iheskorrak izango dituzu lagun, animali libreak, aire garbi eta ibiltariak. Han librea izango zara.

 

(MENDIAREN IZPIRITUAK haize eman eta lur jotzen dute kartzelako paretek).

 

OTARANTZA: (Jauzika) Librea, librea, librea!

 

ILUNPEA

 

aurrekoa | hurrengoa