|     69 zenbakia, 1984ko iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

AITA LARZABAL ETA
DANIEL LANDART

 

Daniel Landart

 

        Hazparnen gaude, «Haritz-Barne» antzokian. Duela hogei bat urte. Bertako taldeak «Nor da hobendun?» eman beharra du. Jendea, multzoka sartzen ari da. Gela, ia kasik beteta dago. Gure lerro berean, eskuin aldera, bospasei apez, beren sotana beltz haundiekin. Eleketa eta eleketa ari, gora mintzatuz... Haietatik batek, ezdeusendako dirudienez, irri kokorotz batzu botatzen ditu. Gure apezak forman dira forman... Oihala zabaltzeko kinkan, delako apeza karkailaka hasten da, irriaren irriz bi plegu egina. Jende guztiak begiratzen dio. Nik orduan izebari galdatu nion nor zen bada apez arraro bitzi hura eta erantzun zidan Larzabal zela, Zokoako jaun erretorea, komedia egilea...

        Horra beraz non, noiz eta nola ikusi nuen lehen aldikoz Piarrez Larzabal.

        Gero, laster, nihauri ere etorri bait zitzaidan antzerkirako tirria, Janamari Malharin anderearen itzulian, Mugerren, talde bat montatu genuen, eta hain xuxen, besteak beste, Piarrez Larzabalen obra bat ikasi eta antzeztu genuen: «Etxahun» deitua.

        Garai hartan, Larzabalen komediak Euskal Herri osoan emanak ziren. Antzerkia aipatu orduko, Larzabalen izena zetorren ezpainetara. Antzerki bat nahi zuenak, bide bakar bat zeukan: jo, Larzabalen gana! Eta aldiro, mirakuluz bezala, zerbait asmatzen zizun; zortzi egun barru, omen, eskatu obra berria eskutan zenuelarik! Paregabea zen...

        1966an, «Antzerkilarien Biltzarra» elkartea sortu naiz genbiltzala, Heletan bilduko ginela erabaki genuelarik, bi idazle ospetsu gonbitatu genituen: Aita Piarrez Larzabal eta Telesforo de Monzon, gure antzerki euskaldunaren orduko jaun eta jabeak!

        Horrelaxe beraz egin nuen Piarrez Larzabalen ezagutza. Geroztik maiz elkar ikusi dugu, luzaz solastatu gara, elkarren arteko lokarriak oso sendoak izan dira: beti amultsuki mintzatu zait, aita bat seme bati egiten zaion bezala... edo eta... egin behar lukeen bezala. Haste hastetik konfientzia egin dit, gain-gainetik sustengatu nau. Oso pozik zegoen, antzerki idazle gazte bat, jo eta ke, euskal teatroa bultzatzen ikusiz. Eta neure aldetik ez daukat pena bat baizik:

        Larzabal ez oraino aski ezaguturik! Haren iturri nasaietik ez aski edanik! ...

        Emankorra denetz, Larzabalen iturria? Berrogeitahamar urtez ezin agortuzkoa izan da! Eta dirudit, bestalde, 1934ean idatzi zuen «Irri eta Nigar» bere lehen lantxoa profezia bat izan zela, hain xuxen, bere obra osoan gero, irria eta nigarra sartuko bait ditu; gizon bakoitzaren bizitzan, ororen buru irria eta nigarra biziki hurbil bait dira... eta bien arteko lotura mehar horren behar bezala kudeatzeak ematen bait ditu lanak; baina ere, horrek frogatzen egiazko idazle onaren trebezia... Eta alde horretatik, Larzabalek ez du iñori zorrik; zinez, antzerkilaritzan maixu haundi agertzen zaigu.

        Hala ere, nola ez aitor, batzutan segurik, zorigaitzez, halako tarrapata lan bat deblauki agertzen dela? Lerro berean, bi, hiru hitz berdin edo berdintsu... Aditz formak, ahul... Errepikak, ausarki. Sermoiak, branki. Zati batzu arinegi, beste zenbai aldiz pizuegi. Hots, Larzabalek, bere idazlanak, berriz irakurri eta orraztatu balitu, laburtu, lan txukunagoa uzten ahalko zigun... Baina ez diezogun otoi gehiegi eska. Ehun obraz goiti izkribatu duen batek ez du iñola ere horrelakorik entzutea merezi. Eta nork daki, ez duenetz hori, doi bat nahitara egin, herritar xumeen hizkuntzari ahal bezain hurbil egoteko?...

        Bai, goraipa dezagun Larzabal, uzten digun uzta herrikoi harrigarriarentzat. Gure gogo-bihotzak, hunki, lantu, berotu, beharrez kezkatu, eta azkenean altxatu dituelakoz, ezin hobeki. Haren antzerkiari esker, ikasi bait dugu ere, gure egiazko euskal Historiaren ezagutzen. Eta hona hemen «Matalaz» berme.

        Ez ahantz bestalde, Larzabal olerkari zela eta poema hontan finkatzen du, dudarik gabe, bere gizon eta apez biziko dei saminena:

 

                Bakearen urtxoa, hemen zaitez geldi...

                Lur hau da sakratua, deitzen da Euskadi!

 

        Eta guk, Aita Piarrez Larzabal, Euskadiko bakearen urtxo horren zertzatzen jarraituko dugu antzerki euskaldunaren bitartez.

        Hori hitzemaiten dizugu!

 

aurrekoa | hurrengoa