SENAR BAT NEURRIRA Antzerki irritsua (Prantzeratik artua) Leunda P.'k euskeratua EKITALDI BAKARRA ANTZEZLARIAK: ETXEKOANDREA. ADISKIDEA. SENARRA. Etxe barne dotorean. (Atzean atea. Orobat, eskubian. Maitxo bat, besaulki bat, zenbait exerleku...) LENENGO AGERRALDIA Etxekoandrea bere adiskide batekin. (Ikertaldiz joantia arkitzen dan adiskidea bakarrik azaldu bedi. Bordaketan ari da. Unetxo bat igaroz gero, sar bedi etxekoandrea, txokolatea dakarrela) ETXEKOANDREA: Itxaron erazi dizut. Kosta zait arratsaldekoa prestatzea!... Iñondik iñora ezin sukalderik berotu. Bere bidean gara keak pasa nai ez. ADISKIDEA: Su-tokiak izango dizu akatsa. ETXEKOANDREA: Su-tokiak? Ez det uste. (Maitxoaren gañean ipiñi bitza ontziak) ADISKIDEA: Baietz esango nuke: neri gertatutakoa antzekoa baitda. Bi illabeteen buruan tximini-orpoaz ernegazten jardun nintzan... Noizbait errementariak su-tokia berritu zigun bai, eta gure sukaldeak ez du geroztik inkimankarik. ETXEKOANDREA: (Adiskidearen ontziak beteaz) Gurean, su-tokia onik dago: tximini-orpoak, tximini-orpoak ematen dizkigu lanak:.. Igeltzeroarengana bidali bearko det berriz senarra. (Txokolatea artzen asiaz) Txokolate metxoa. Ez da ala? ADISKIDEA: Neri atsegin zait. Esne pixka bat nastu bear zenion loditu zedin. ETXEKOANDREA: Esnea? Txokolatea ona balitz ez luke sendogarriaren premirik. Baño konfiteroak aldiz-aldi bidaltzen diguna, bustiñez egiña dirudi, bustiñez: ez gozo eta ez itxurik. Gaurkoa beintzat guztiz bearrekoa da. Senarra bidaliko diot bai konfitero orri bereak eta bi esatera. ADISKIDEA: (Esne txurrut bat egin ondoren azukre koxkor bat artu beza) Beste koxkor bat. ETXEKOANDREA: (Esnea proatuaz) Baño esne onek zer du? ADISKIDEA: Geixeago gozatu bear. ETXEKOANDREA: Baño emakumea! Mamitzen asia dago-ta. Auxen da guzia erabatekoa! ADISKIDEA: Mamitzen?... Bai zera! Txokolatearen gañean... badakizu... gozoxeago ipiñi bear. Ez da besterik. ETXEKOANDREA: Esne au, txokolate aurrean edo ondoren artu, erdipurdikoa. Biar, esneketaria datorrenean, nik adieraziko diot senarrari zer esan. ADISKIDEA: Baño aizu: senarra joaten al zaizu igeltzero, esneketari eta gozozaiarengana ezbear oiek salatzera? ETXEKOANDREA: Bearko! Zurea ez al da joaten? ADISKIDEA: Bidaliko banu, arin asko joan bearko nuke neroni. ETXEKOANDREA: Ortaz, zakarrondoren bat badezu senartzat! ADISKIDEA: Ez orixe. Mutil guri eta on askoa da. ETXEKOANDREA: Ez al dizu oiean zauden lekura gosaririk eramaten? ADISKIDEA: (Arriturik) Zer? ETXEKOANDREA: Etxeko lanetan ez al dizu laguntzen? ADISKIDEA: Baño!... ETXEKOANDREA: Azokara ez al da bera joaten? ADISKIDEA: Polita izango litzake! Nere Bittor etxeko lanetan!... Azokan... Porru bat porrua edo esparragoa dan bereizten ez daki-ta. ETXEKOANDREA: Gaxoa! Errukarri bat zera! ADISKIDEA: Ni errukarria? Zer dala-ta? Nere senarrak bere eginkizunak baditu; etxeko garbiketa eta azokako joan-etorriak neronek egiten baditut ere. Bakoitzak bere lanak. Astean bitan emakume laguntzalle bat artzen det etxeko garbiketarako... eta aurrera. ETXEKOANDREA: Senarra izan eta kanpoko emakume bat ekarri alajaña etxea txukuntzeko! Nik ez beintzat! Gizona ezi egin bear da, emakumea. Lan guzitan oitu dedilla. Eta apeta au artu ezkero, konturatzerako zerea irixten dezu. Oraintxe amabi urte nezkame gabe arkitu giñan; senarra laguntzen asi zitzaidan etxeko lanetan, eta pixkanaka-pixkanaka guzitara oitu zan. Gaur nere Kaxto'ri etxeko lanetan eramango dion neskamerik ez da. ADISKIDEA: Egundokoa da! Arritzekoa benetan. ETXEKOANDREA: Ori, bidezkoa da, emakumea, bidezkoa; besterik ez. Gizonak, gu baño kementsuagoak ez al dira ba? Ortaz astindu ditzatela kemenak. Egi auxe da nik egite biurtu dedana, eta egi onen aurrean zein gizon ez makurtu? Ona nola moldatzen geran. Egunero, egunero, biaramonerako lanak ementxe ipintzen dizkiot (inguruan dagon pizarra bat artuaz) Ona, biar egin bearko ditunak. Irakurri zazu. ADISKIDEA: (Irakurriaz) Astelenez-Goizeko seiretan jeki; bizarra. ETXEKOANDREA: Bi egunez bein bizarra kendu erazten diot. ADISKIDEA: Zazpik laurden gutxigotan: gosari-txikia. Zazpitan: oñetakoak garbitu. Zazpik eta laurdenetan: jan-gela eta aretoa txukundu. Bederatzitan: azokara. ETXEKOANDREA: Azokara bidea ere erakutsi nion. Errekardaritzan nola jardun... saltzalleai nola itzegin, eta abar. Eta orain, saskia artuta azokara nere Kaxto sartzen danean, iñor gutxik eraingo dio bere eginkizunetan. Gaur berean, libra illarra erreal bin ekarri dit. Illar bat poxpolin eta goxoagoa!... ADISKIDEA: Zer diozu? Bi errealean libra illarra?... Alajaña! Berriz ere bidali dezakezu. Nik, zortzi zakur aundi ordaindu bear izan det beñepein. ETXEKOANDREA: Gaur goizeko azokan? ADISKIDEA: Bai, emakumea, bai: andre bateri. Zurkaitz enteroa bera; baña neroni ere ez nau samurra arkitu; eta azkenean, bost kuarto merkatuta zortzi zakurrean utzi dizkit bere illarrak. ETXEKOANDREA: Ez dakit nik zer esan, adiskide, gure senarrak, esan bezela, erosi ditu ba.. eta bazkal-ondoan jan ditugun muxika aundi, muxu gorri-gorrik, gozoagoak eta urtsuagoak... pesetan ekarri dizkit. ADISKIDEA: Bakoitza? ETXEKOANDREA: Baita zera ere! Libra, emakumea, libra. ADISKIDEA: Oker zaude noski. ETXEKOANDREA: Ez orixe. Berak esango lizuke. Eta deitu egingo diot: sukaldean ari da-ta. ADISKIDEA: Ia ia norekin eta nola egin ditun tratu oiek. Jakitekoa da. Bai benetan. Illarrak bi errealean... muxikak pestan. ETXEKOANDREA: (eskubiko etetik) Kaxto! SENARRA: (Barrendik) Zer dezu? ETXEKOANDREA: Atoz! SENARRA: Baño... ETXEKOANDREA: Atoz, atoz, zauden bezela. Iziartxo da; eta etxekoa degu. (Adiskideari) Ez da ala? ADISKIDEA: Eskarrikasko. ETXEKOANDREA: Etxeko lanetan ari dala alegia, eta ain txukun ez dala agertuko. ADISKIDEA: Ez dio batere ajolik. ETXEKOANDREA: Baño ikusiko dezu, Iziartxo, ikusiko dezu nere Kaxto'ren errekardaritzarako planta. BIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta senarra, emakume mantal bat soñean dula. ETXEKOANDREA: Atoz bai, nere Kaxto. SENARRA: Barkatu bearko didazu, zera. Sukaldeko eltze eta lapikoak noizeanbein lixeban garbitzen ditut, eta ortantxe ari nintzan. Beraz ezin txukun agertu. ADISKIDEA: Gauza oien berri sobra dakigu. Etzaitez estutu, oso dotore zaude-ta. ETXEKOANDREA: Gure adiskide onek ezin sinistu dula bi errealean illarrak ekarri dituzula azokatik. ADISKIDEA: Arrigarritzat jotzen det benetan. Neri egokitu zaizkidan merkeenagatik ere zortzi zakur aundi eskatu baididate: ze zortzi aundi... pesta bost zentimo gutxigo. SENARRA: Errekardaritzan jakin egin bear, anderetxo, jakin egin bear. ETXEKOANDREA: Ori, ori!... ADISKIDEA: Ala bearko... Eta muxikak zenbatean esan dezu? ETXEKOANDREA: Libra pesetan. Ez da ala, Kaxto? SENARRA: E?... A! bai. Ori da. Pesetan muxikak. Eta aiek alakoak. ADISKIDEA: Nola demontre moldatzen zeran erakutsi bear didazu orratik. SENARRA: Bai, bai. Ez da zalla. Ona: tuntun itxurako saltzalleak begiz jotzen ditut lendabizi; eta oien artean gauza ona dakarrenak, bere aurrean nau laister. ADISKIDEA: Adizu: tuntun itxurako oiek izaten dira askotan zallenak. SENARRA: Apika! Baño berak konturatzen ez diran eraz samurtzen jakin bear. ETXEKOANDREA: Ori, ori! ADISKIDEA: Eta nola lortu? SENARRA: Ona. Eskeintzen diodan dirua eskuan artzen det bai, eta sudur aurrean ipintzen diot esanaz: «ia usaegin» eta au berriz eta berriz, diruaren usaiaz saltzallea tzoratzen dan arteraño. ADISKIDEA: Gaxoa! Eta txoratzen al da? SENARRA: Nik baietz uste. Bere magaletik begiz jo dedana artu, nere txanponak bere eskuan utzi, eta ain konten gelditzen da!... ADISKIDEA: Ori sorginkeria da gizona. SENARRA: (Parrez) Bai zera!... Ori merke erosteko errezetarik onena dezu. ADISKIDEA: Uuutikan! ETXEKOANDREA: Ortan ikasiko bazenuteke azokara zoazten guztiak bizimodua merkatuko litzake. ADISKIDEA: Baita krisis erabaki ere. SENARRA: Barkatu, anderetxo, banoa-ta: eltze baten deia senti baidet. ADISKIDEA: Zer? Eltzea deika? SENARRA: Esaera bat da. Sei eltzekioak egiteko dauzkat oraindik eta. ETXEKOANDREA: Au senartxoa! ADISKIDEA: (Berekiko) Au marigizon. Baño lan oiek ez al zaituzte aspertzen? SENARRA: Ni aspertu? Gaizkixa aritzen naiz. Ontziakin klink eta klank; zapiakin plist eta plast; solairoari argizaia eman eta atera; sukalde gaña, igurtziaren igurtziz ispillua bezela jarri... eta batez ere... batez ere, zillar gauzak dris-dris jartzeko eguna datorrenean... nere pozaren poza! ADISKIDEA: Ortaraño? ETXEKOANDREA: Txoraturik aritzen da bere kutixiko lan ortan. SENARRA: Tamalez, gutxitxo zikintzen ditugu ontzi oiek. Otordutan bi lagun: biok jan-eskaxekoak. Eta egundo kanpoko bazkaldarrik ez... ETXEKOANDREA: Tira, nere Kaxto naikoa dezu. Zoaz zure lanetara. SENARRA: Zer egin ez dakiten gizonak badirala mundu zabalean sinistea ere! ADISKIDEA: Bai makiñabat. SENARRA: Bada nere emaztearen ondora bidali besterik ez dago: zertan denbora pasa arkituko die onek. Agur anderetxo. Ikusi arte. (Irten bedi) ADISKIDEA: Agur, agur. IRUGARREN AGERRALDIA Etxekoandrea eta Adiskidea. ADISKIDEA: Zorionak adiakide, senar aparta dezu. Ez nuen uste onelako gizonik izan zitekenik. ETXEKOANDREA: Orra bada, suertea izan nuen. Amalau urte nintuenerako agintzen banekien: nere gurasoen etxeko morroi-nezkameak nere esanera jardun bear izaten ziran. Eta guzia ain trebe joan oi zan!... Aitak esaten zidan: «ene alaba, agintzeko jaioa zera, agintaritxo zoragarri ori. Sasoiean izango zeranean, neronek aukeratuko dizut senar bat neurrira». Eta orain ikusten dezu. ADISKIDEA: Ondo neurrikoa dala ikusten det bai. ETXEKOANDREA: Baño ez uste izan beraz olakoa zala e? Ez. Ez. Nere lanak eman dizkit, enetxo. Len esan bezela, ezi bearrean izan nintzan. Eta ontan, ia bi urte pasa nitun. Nezkamea bialdu aurrena. Gero, gaxo-paperak egin. Eta lanean sartzen asi zanez gañera, berak zizkitzun zenbait oitura eskax utzi erazi nizkion. ADISKIDEA: Zein oitura zitun ba? ETXEKOANDREA: Nere Kaxto'k erre egiten zun. ADISKIDEA: Eta zer du erretzeak? ETXEKOANDREA: Pakete bat astean, emakumea, pakete bat. Eta gero noski, zurruta ere atsegin zitzaion. ADISKIDEA: Ainbesteraño. ETXEKOANDREA: Ardo beltzetik ia litro erdi bat bear zizun otorduero. Eta noizpeinka kafera joaten zan. Goizero, izparringia erosten zun. Astean bitan arrantzara joaten zitzaidan. Eta arrantza zein garestia dan bazenekizu! ADISKIDEA: Arrantza garestia? ETXEKOANDREA: Ain garestia! Amu utsetan txanponak joaten dira gero. Baño bat-batean eta gogorrean ez asi: agintzen alegia. Ez, ez, enetxoa. Pixkana, pixkana. Bota sarea bai, eta bat-batean estutu bearrean, gaur malla bat, biar bestea; gaur zigarro bat utzi erazi, biar ardo tragoxka bat, etzi garagardoa, etzi amu izparringia... eta gutxina uste dezunean, sare barrenean lotuta daukazu. Adibide argiena: nere senarra. ADISKIDEA: Baño orren mendean senarra artzea ere... Ez dakit ba... ETXEKOANDREA: Tuntuna au berriz. Iñoiz baño pozikago bizitzen dira. Ez al dezu ikusi une Kaxto'ren umore ona. ADISKIDEA: Ez du sarerik ikusiko-ta. ETXEKOANDREA: Noski! ADISKIDEA: Nereak ikusi egingo luke ordea. ETXEKOANDREA: Bai ote? ADISKIDEA: Senartzat artu izan bazenu, eta esan dituzunak egiten asi, arin aldegin bearko zendula sare ta guzi bere ondotik iruditzen zait. ETXEKOANDREA: Nork daki? ADISKIDEA: Gure artean, bera da beti agintaria; eta ala jarraitu bearko unuizkero. ETXEKOANDREA: Nork bere atadian eguerdi dala uste du-ta. ADISKIDEA: Nere senarra, gizona da; orratx itz batean esan, gizona. Erretzen badaki; zurrutean zer esanik ez; neurriz noski; kafera joaten da; lagun-artea badu; nai ditun aña izparringi artzen ditu; neguero eizean jarduten da buru-belarri. Dirua eskuetaratzen zaionean, ematen dit, eta bear duanean, berriz, eskatu. ETXEKOANDREA: (Unetxo baten ondoren; arpegia zurbilduta) Zer esan dezu? Zer?... Dirua ematen eta eskatzen dizula? ADISKIDEA: Bai. ETXEKOANDREA: Zuri? ADISKIDEA: Bai ba! ETXEKOANDREA: Baño dirua? ADISKIDEA: Bai, emakumea. ETXEKOANDREA: Baño... dirua zuk gordetzen al dezu ba? (Bere ezin egona azaldu beza) ADISKIDEA: Noski. Nere senarrak ala nai baitdu. Ontara, kezka batez arintzen omen det. Baño zer dezu? ETXEKOANDREA: (Itz-etenaz) Ondoez arin bat... Utsa.., Orain arte etzitzaidan olakorik gertatu izan. ADISKIDEA: Zerbait artu nai al dezu? ETXEKOANDREA: Ez, ez, pasa zait. Nork esan! Nork sinistu! Ni bezelako emakume oso bateri lenago bururatu ez izana... ADISKIDEA: Baño zuen artean ez al dezu ba zuk... ETXEKOANDREA: Dirua? Ez emakumea, ez. Illero, Kaxto'k onenbesteko bat ematen dit, eta kito. Baño gaurtik aurrera, batekoz bestera izango da. Ni diru-zai, eta senarra eskale. (Asperenak jaulkiaz) (Eskubi aldeko atetik) Kaxto, Kaxto... ADISKIDEA: Oraintxe seirak. Joan bearrean naiz. ETXEKOANDREA: Arren, gelditu zaite. Zerorren aurrean jabetu bear naiz nere eskubideaz. Zerorren aurrean bete bear det orain arte gure inguruan izan dan utsune lotsagarri au. ADISKIDEA: Etzait ba ain atsegin... Badakizu... ETXEKOANDREA: Ez bildurrik izan. Miñik gabe egiten ditut nere lanak. Txintik ere ez du aterako. LAUGARREN AGERRALDIA Etxekoandrea, Adiskidea eta Senarra. SENARRA: Ala ere, orain itxuraz nator: sukaldekoak bukatu baiditut. ETXEKOANDREA: Aizu Kaxto. SENARRA: Unetxo bat, andereak, nere eginbearrak ikusi ditzadan (Pizarra artuaz) Seiretan, egurra txikitzera. Au beste lan-mota bat degu orratik. Aizkolaritza atsegin ez ba zait ba! Arraiepola! ADISKIDEA: Au gizona! ETXEKOANDREA: Eseri zaite gizon. SENARRA: Ala nai badezu. (Eseri bedi) ETXEKOANDREA: Zerbait galdetu bear dizut. SENARRA: (Alai) Tira ba tira, potxola, ia zer dezun. ETXEKOANDREA: Banko Gipuzkoano diru-etxean gordetzen dezu dirua. Ez da ala? SENARRA: Bai... Auxe dek ateraldia! ETXEKOANDREA: Beste diru-etxeren batean ere zerbait izango dezu noski. SENARRA: Baita zera ere. Batean ere badago naikoa leku gure gordalluarentzat. ETXEKOANDREA: Alaxe da bai. Eta aizu, esku-arterako bear dezuna non eukitzen dezu? SENARRA: Etzaite estutu, enetxo; ondo gordea dago-ta. ETXEKOANDREA: Non ordea? Soñekoen kutxan! SENARRA: An euki izan banu unuizkero ikusi zendun. Bai arraioa! Gañera, besteren etxeak miatzearen zale diranak, soñekoen kutxara jo oi dute zuzen-zuzen diru usaiean. ADISKIDEA: Eta askotan asmatzen dutela ikusi oi da. SENARRA: Noski. Zenbaitek dirua txoro-txoro nonai uzten baidizu. Ni ez naiz oietakoa. Pensa zazu, emazteak ere ezin arkitu ditunean. ETXEKOANDREA: Billa jardutea etzait egundo bururatu. Orain berriz ez nuke ortan asi nai. Emaizkidatzu etxean dauzkatzunak. Biar, diru-etxean daudenak aterako ditugu, eta aurrerantzean, neroni, izango naiz diruzai. Dirua gordetzeak ematen ditun arriskuak eta kezkak neronek pasako ditut. Ortaz, buruauste bat gutxigo izango dezu. Eta bear dezunean eskatu. (Senarrak eroarena egiten dula oartuaz) Aditu al dezu? SENARRA: Ez. Egurra txikitu bear det, eta neurriz zuzen nola aterako ezin somaturik naikoa lan badet. ETXEKOANDREA: Zer egur eta egur-ondo! Aditu bein betirako: gaurtandik ni diruzai. SENARRA: (Eroarena egiñaz) Noren diruena? ETXEKOANDREA: Gure diru eta ontasunak zaitu nai ditut. Gorra al zaude? SENARRA: Baño zergatik gure arteko bizimodua eraberritu, emakumea? Ez det uste nere denboran diru ondatzalle bat izan naizenik. ETXEKOANDREA: Ez dizut ollakorik esan. Dirua bear dedala, aditzen? dirua! SENARRA: Baño zertarako? ETXEKOANDREA: Zer ajola bear dizu zuri? SENARRA: Agindua al degu orain ere. Beste dekretoren bat. ADISKIDEA: Joan bearrean naiz. Uzten zaituet. ETXEKOANDREA: Ona: adiskide onek ere esango lizuke. Diru-zai bera da, eta bere senarrak bear dunean, eskatu egiten dio. E? ADISKIDEA: Guziak ez ditugu oitura berdiñak izaten ordea. Banoa bai. Ikusi arte. SENARRA: Lagunduko dizut. ETXEKOANDREA: Agur. Ondo joan. ADISKIDEA: Agur adiskideak. (Adiskidea eta senarra irten bitez) BOSTGARREN AGERRALDIA Etxekoandrea eta senarra. (Etxekoandrea, bere gallenak azaldu nairik, SENARRA: (Sartuaz, lasai eta ajolakabe) Adiskidetxo atsegiña benetan orixe. ETXEKOANDREA: Beraz, noiz joango gera. SENARRA: Zer? ETXEKOANDREA: Diru-etxera alegia. SENARRA: Baño aizu, apeta ori ain gogor artu al dezu? ETXEKOANDREA: Gure ontasunak neronek gordetzea erabaki det. Etxean daukazun dirua eman bear didazu. SENARRA: Buruausteen premia senti al dezu? ETXEKOANDREA: Etzaite eztabaidan asi. SENARRA: Ongi diozu. Obea izango da. Noan, noan egur txikitzera. (Irtetzen asi bedi) ETXEKOANDREA: Ez. Zaude emen. SENARRA: Nere lanak naspillatuko dituzu. ETXEKOANDREA: Ex dio ajolik. Eseri zaite. Biar goizeko amarretan joango al gera? SENARRA: Nora? ETXEKOANDREA: Diruetxera. SENARRA: Biar zillarrezko tresnak garbitzeko eguna det. ETXEKOANDREA: Andik etorritakoan asiko zera. SENARRA: Ezin liteke. Amaiketatik aurrera plantxan naikoa lan badet. ETXEKOANDREA: Bazkalondoan plantxaketa egingo dezu. SENARRA: Bazkalondoan, gozokiak egiteko albertxikuei ezurra atera bear dietela aztu al zaizu? ETXEKOANDREA: Tira. Ez nazazu ernegazten jarri. SENARRA: Ara berriz! Zure adiskidea sakela aztuta joan da. Ona emen. (Aulki batean bego sakela) ETXEKOANDREA: Billa etorriko da. Gobiernu oneko etxetan emaztearen mende izaren dira diru kutxaren giltzak. SENARRA: Ara! ETXEKOANDREA: Ez al zenekien? SENARRA: Gure etxean beñepein aitak gordetzen zitun. ETXEKOANDREA: Gurean ordea, aurrerantzean, ni izango naiz giltzazai. Zenbat diru daukagu? SENARRA: Ez dakit. ETXEKOANDREA: Ekatzu zure gelan dagon kutxa txikiaren giltza. Non dezu? SENARRA: Ara bestea! Nere patrikan. Non uste zendun ba? Juezaren etxean ala... ETXEKOANDREA: Ekatzu bereala giltza eta gordeta daukazun diru guzia. SENARRA: (Lasai) Uste det tila artu bear zendukela. ETXEKOANDREA: Nik? SENARRA: Bai, bai, zuk: kiroak oso arrotu zaizkitzu. Etzaude zure onetan. Noiz ezkero ez dizu damakizun biziera nagi eta patxarakoak onik egiten? ETXEKOANDREA: Ni onik naiz, gizona. SENARRA: Orain arte konten izan zera. Osasunez ongi. Tamala litzake orain gaxotzea. ETXEKOANDREA: Oso onik naizela esan dizut. SENARRA: Zure osaba Austin, erdi-ero bat da. Izeba Anttoni, maniz josia dago. Lengusu Sandalio berriz, buruz oso arin dabillela esan zenidan atzo. ETXEKOANDREA: Eta zer? SENARRA: Onelakoen artekoa zerala jakiñik eta gaur esaten ari zeranak entzunik... ez dakit... ez dakit... zerorri ere... ETXEKOANDREA: (Abotsa indartuaz) Au ezin eraman leike. Zer uste dezu zuk? SENARRA: Ixo, ixo. Ez auzoko bizi-lagunei kofradi ontarako kandelik eskeñi. Etxetik atera gabe guzia zuzenduko degu, guzia. Oraintxe bertan gañera. Buru barranean zerbait lasatu dala edo kolokan dagola igartzen badezu, esaidazu, eta Santa Ageda'n illabete pasata sendatuko zera. ETXEKOANDREA: A billaua! Zerorri zera erotzen asitakoa, zerorri. Giltza ekatzu. Bereala. Agindu egiten dizut. Ekatzu! SENARRA: (Irriparrez) Eman... eman...? Zer eman? Erabaki eziñik nago: txarro ur batekin preskatu bat edo zaplastako pare bat. ETXEKOANDREA: Lotsagabe alena. Mandua! SENARRA: Etzazula berriz olakorik esan. ETXEKOANDREA: Mandua, bai, mandua! SENARRA: (Oso patxaraz bi belarrondoko eman bezaizkio emasteari) Orratx. Eta eskatzen didazun bakoitzean, paretxo bat emateko prest nago. ETXEKOANDREA: (Negarrez eta asperenka) Ene! jo egin nau! jo! Lagundu! SENARRA: Karraxirik ez egin. Alperrik izango baitda. Senarra neurrin sartuta zendulako arro bizi izan zera. Neurria oraintxe eten da. Emendik aurrera, ni izango naiz zuk izan dezun larrun; zu berriz, orain arte nik eraman detanean. ETXEKOANDREA: Ene! SENARRA: Badakit gaiztoa etzerala. Eroxka eta zerekoi xamarra izatea beste gaitzik ez dezu. ETXEKOANDREA: Ni eroxka? SENARRA: Bestetik, buruz motel xamarra zera. Ipui bateko mandazaiarena gertatu zaizu. Bere mandotxoa oso era kupigarrian tratatu oi omen zun jabeak: zigorkada ugariz alegia. Bein batean, mandotxo gizarajoa ari omen zan bereak artzen etzi-etzi eginda. Baño alako batean, makilkada aunditxoa artu nonbait, ostikoz jo eta arpegia txirtillatu omen zion mandazaiari. ETXEKOANDREA: Orain ipuiak esaten... Ez alperrik! SENARRA: Amabi urteen buruan, ipuiko mandotxoaren gixa, makurtuta bizi izan naiz; ondo azia nintzan, barren aundikoa. ETXEKOANDREA: (Bildurti) Mandoa galanta, mandoa. SENARRA: Mandoa ez, mandotxoa nintzan. Orain ez mandazai, baizik etxe jaun izan nai det. ETXEKOANDREA: Zaude ixilik, lotsagabea! SENARRA: Ixildu ez. Nai dedana eta nai dedan aña itzegingo det gaurtandik: nere buruaren jabe naiz-eta. ETXEKOANDREA: Ezin egon naiz. Au ito bearra! SENARRA: Aize pixka bat ar zazu. ETXEKOANDREA: (Mullastika) Ajolakabea! SENARRA: Baño nola arraio zurekin ekondu nintzan? Guziok izaten omen ditugu gure itxupenak. Nik beintzat galanta izan nuen. Ezkondu giñan biaramonean bertan antzeman nion egin nuen astakeriari. ETXEKOANDREA: Au naigabea! SENARRA: Eta atzera biurtzerik etzegon iñolaz. Amaika kezka eta eztabaida nere buruarekin pasa nitun ezkonberritan. Baño azkenik, senar-emazteak alkarrengandik banakatzearen aldeko ezin izan nintzakelarik, etzi egin nun zure mendean bizitzeaz. Eta badakizu guziari amen erantzun izan diodala. Etzipen ura nere buruari eman nion ezkero, nere baitan, kolko-barren-barrenean, bizimodu berri bat sortutzeari ekin nion. Eta ala, neronek bakar-bakarrik, zuk ezer etzenekiela, nere poz txikiak izaten nitun. Zure jauntxo begiak nigan josten ziranean, nere pensamentuak urrutira bidaltzen nitun; eta urrutietan, irudipenez, nere kutixira jolasten nintzan. Gero, goizero, bederatziak noiz etorriko irrikitzen bizi izan naiz, azokan asko jolasten bainintzan. ETXEKOANDREA: Nola? SENARRA: Eta etzazula uste azokan iñorekin eztabaidan aritzen nintzanik e? ETXEKOANDREA: Zer ba? SENARRA: Bai zera! Lurraren gañean auspezturik, izerdi patsetan edo otzez suminduta aritu dan baserritar bateri, aza edo letxu batengatik onenbeste eskatu dula-ta, xox batzuk merkeago emateko eskean beraz? Zein eta ni: aien lanak sortu duna jan besterik egiten ez dedan au? Eskatzen didatena, rau! ordaindu izan det beti. ETXEKOANDREA: Etxekalte alena! SENARRA: Eta saltzallea amona ximur politen bat zanean, errukitzen nintzan, eta txanpon batzuk geiago ematen nizkion. ETXEKOANDREA: (Berotuaz) Erotu zera. Erotu zerala. SENARRA: Ixiltxeago. Gero, etxeratutakoan, bururatzen zitzaizkidan balioak ematen nizkien erositako gauzei. Une aietan senti izan dedan zoriona! Nere gezurrak txoro-txoro ireintxitzen ziñula ikustean, egundoko poza nabaitzen nuen. Nere begiak ikusi izan bazenitu ordun, argitasun nabarmenak nabaituko ziñun. ETXEKOANDREA: Ortaz, gaur goizeko illarrak eta muxikak zenbatean? SENARRA: Ez dakit, emaztetxo. Ez naiz oroitzen. Ederrenak erosi ditut, beti bezela. Ain zait goikarria zure ondoan bazkaldu bearra... eta nere miña zerbait arintzeko, jakirik onenak erosi izan ditut. ETXEKOANDREA: Zenbat diru ondatu ote du, Jauna! SENARRA: Ondatu ez. Zeritzaidana ixuri bai: eta berdin jarraituko det aurrerantzean ere. Ni naiz etxe ontako buru eta diruzai bakarra. ETXEKOANDREA: Bakarra ez! SENARRA: Seme-alabik eman ez didazu. Norentzat pillatu nai dezu dirua? Zenbait gizarajo, bost xentimokoak ere tantoka-tantoka ixuriaz bizi izan dira. Zertarako? Agonia noiz entzungo ote zai egoten diran ondorengoak, bere diruen soñura dantzatu ditezen. Eta au, gu joan ondoren gertatzerik ez det nai. Eta ez da gertatuko. ETXEKOANDREA: Ez degu gauz onik. Ekatzu nere dotea beenik. SENARRA: Ezta xoxik ere. Ni naiz bion arteko artu-emanen zuzendaria. ETXEKOANDREA: Eskubidea det. Ekatzu. SENARRA: Zer?... Berriz?... Badakit, ni ezi ninduzula eta txakur baten gixa sokatik ibiltzen nazula, eta abar, kontari jardun zerala. Egia zan. Oso egia. Eta mugaz aurrera pasa gabe iraun izan bazenu, azkenerarte mendeko izango ninduzun. Baño tanto bat aski izaten da betea dagon ontzia gañezkatzeko, eta tanto ori gaur bota dezu. Biartik aurrera, nik zuzenduko zaitut. ETXEKOANDREA: Zer esan nai dezu orrekin? SENARRA: Entzun dezuna. Eseri zaite. Asteko, irriparrak jaulkitzen erakutsiko dizut. Noizpeinka irripar goxo batez arpegia argitzea, ain da zoragarria! Au zalla irudituko zaizu. Baño oituko zera. Goizero ordu pare batean ispillu aurrean saiatzea izango da guzia. Eta esku zabala izaten ere erakutsiko dizut. Au zailtxeagoa da oraindik: gaztetandik oitura artu ez danean. Baño jarriko zera. Gaur txakur txiki bat beartsu bateri; biar bi beste bateri; gero amar... ogei... Badakizu beraz. Amabi urteen buruan nezkamerik ordaindu bearrik ez dezu izan. Nezkameari eman bear zenizkionak, beartsuei ematen asi ziñezke. Emate onek poz aundiak sortzen ditu. ETXEKOANDREA: Pozak? SENARRA: Ikusiko dezu zerorrek. Gero, oitura txarrak utzi bear dituzu. «Au egin zazu. Nora zoaz? Nondik zatoz?» eta abar galdetzea galerazia dezu. Gaur nere azkatasun eguna da. Berriro gizona izaten asi naizena. Gaurko gaua, su-ziri ta guzi ospatuko degu. ETXEKOANDREA: Kaxto, izutzen nazu. SENARRA: Etzaite bildurtu, ez bai naiz gaiztoa. Neurriko emaztea bear nuela oartu naiz. Eta derriorrez zurekin bizi bearrean naizen ezkero, neurrira itzuli zaite, lengo biziera aztu, eta ia maitagarri izatera irixten zeran. Ni, baiezkoan naiz: eta ortara, alkarri eramankizuna opa diogula, gozo-gozo biziko gera beti. Eta gure inguruan bizi diranak esango dute: zein zoriontsuak diran. Nai al dezu? ETXEKOANDREA: Ez dakit, ba... Alde egiteko gogoz naiz. SENARRA: Nora? Zure amarengana? Berrogei urte badituzu gero! Eta etziñuke magalean artuko. ETXEKOANDREA: Ez dakit ba. Ain bakarrik arkitzen naiz. SENARRA: Etzazula olakorik esan. (Ateko txintxarriaren otsa entzun bedi) Ara! Atean deika da norbait. ETXEKOANDREA: Bai. (Unetxo baten ondoren) Ni joan bear al naiz nor dan ikuatera. SENARRA: Jakiña, enetxo, jakiña! (Irten bedi geldi eta apal) SEIGARREN AGERRALDIA Senarra, Etxekoandrea eta Adiskidea. SENARRA: Ongi ziak. Galtzak nereganatzea bidezkoa uan. Ze arraio! ADISKIDEA: (Etxekoandrearekin sartuaz) Emen naiz berriz ere. Barkatu. Sakela aztu bai zait. SENARRA: Bai, ona. Neronek eramateko asmoa nun. ADISKIDEA: Giltza barrenen det eta ezin etxean sartu. Atezaiak berriz, nere senarraren oartxo baten berri eman dit: bi egunerako kanpora joan dala dio. SENARRA: Alargun zera, ortaz? ADISKIDEA: Etzi arte. SENARRA: Gurekin apalduko dezu. ADISKIDEA: Baita zera ere! Eskarrikasko. SENARRA: Bai, bai, oraintxe ari giñan biok, egundoko apari bat egiteko kontutan. Ez al da ala enetxo? ADISKIDEA: Bai... baño... SENARRA: Jatetxerik onenera urrutizkiñez deitzera noa. Zer jango degu? Ostrak atsegin al zaizkitzu...? Zuri ere bai, enetxo?... Ortaz, ostrak, langosta, ollaxko errea eta postreak. (Emazteari) Maia jar zazu. ETXEKOANDREA: (Etzita) Ontzi onenak jarriko ditut. Zuk añean badakit bai. (Irten bedi) SENARRA: Arraiepula! Eta urtero, gaurko egunez, urte-muga ospatuaz, gure etxean apalduko dezu. ADISKIDEA: Zer ba? Gaur al da ezkondu ziñaten egunaren urte muga? SENARRA: Gaur egun aundigoa da. Bai amaika bider. Gaur nere azkatasun eguna da. Eztai-egunean utzi nitun gizon-eskubideak gaur artu ditut berriro. (Emaztea sartzen da) Aizu: begira zer bururatu zaidan: ardorik onena eta txanpan erango ditugu. Oso zalea zera-ta. Ez al da ala maitetxo? ETXEKOANDREA: (Beartuta) Bai... ADISKIDEA: Txanpan da guzi. Geiegizkoa izango da. SENARRA: Oso merke erosten bai det. Eskerrak nere errekardaritzako errezetari. ADISKIDEA: Bai ote? SENARRA: (Emazteari) Errezeta ona baitda, e maitetxo! (Oiala jetxi bitartean AMAIA |