|
ILLEKO BERRIAK 1931 -1932'ko ANTZERTI-AROA Negu-aldi ontan indar aundia artu du gure Antzertiak. Ez dago begiratu besterik erri geienetan antolatzen ari diran jaiai. Lenengo mallan Donostia aitatu bear. Bertako Euzko-Etxea, ezpairik gabe, euskel-antzeskizun geiena eratu dituna izango zaigu. Gañera, Iztundea'k, «La Cruz»koak ta beste zenbait elkarteak antzeskizunak burutzen ari dira. Beraz, Donostia txapeldun, ta bego anitz urtez! Gero, Eibar, Tolosa, Bergara, Errenderi, Ordizia, Zarautz ta Andoain alkarren leian dabiltz. Ta beren aretoetan lan egitea naiko ez ba'litz bezela alboko errietara joan dira. Onela Eibar'koak «Eusko-Gogoa» antzerkia, Durango, Arrasate, Deba, Soraluze ta Elgoibar'en antzestu dute. Tolosarrak, Abalzizketa, Arribe, Berastegi ta Andoain'en izan ziran; ta Andoaindarrak ostera Bilabona'n; Ordizi'koak, Segura, Alegi ta Isatsondo'n; Azkoiti ta Zarauz'ko taldeak batera ta bestera dabiltz. Ez da au bakarrik: Lezo, Berastegi, Legorreta, Zestoa, Ataun, Otxandio, Lekeitio, Ermu ta abar, Bizkai ta Gipuzkoa'ko erri ta errixka geienetan, aurtengo negu ontan euskel-antzeskizunak eratzen ari dira. Aitaturiko guziak bizitasun pozgarri bat erakusten digu ta emendik eratzalei zorion sutsuenak bidali nai diegu esanaz: Ekin ta jarrai gero ta obeto! ANTZERKI BERRIAK Lauaxeta'ren «Gotzone», Amondarain'en «Lilia loitan»; Ayanbe'ren «Euskal-Eguna», Lekuona'k oraintsu itzulitako «Sorgiñak» (iru auek argitaratuak); oietaz gañera beste antzerki berrien otsa ba-datorkigu; Alzaga'k «Burruntzi» atera digu, ekitaldi batean. Parada'tar Ixidor'en «Abendaren eresiak» Algorta'n antzestu dute lenangoz. Au ta beste zenbait antzerkien iritzia ezagutu ditzagunean emango degu. Euskal-Opera Bilbao'ko Arriaga'n Beste izpar pozgarria gure adiskideentzako ba-degu. Bilbao'ko Arriaga-Antzokia'n il onen 31'n «Maitena» antzestuko dute. Otsaillaren 2'an berriz «Naste-Borraste» bilbaotar taldeak; ta azkenik Iñauteri egunez, Otsailaren 7'n lenengo aldiz «Kaitarrak» deritzan eres-antzerkia agertzekoak dira. Beronen egileak Sertutxa ta Orue jauna izanik. Gurenda osoa opa diegu. IÑAUTERITAN TOLOSA'n Tolosa'n iru antzerki-jai eder antolatzen ari dira Iñauteritako. Jai auek Gorriti-Antzokian ospatuko dira. Igandez: Naste-Borraste Zarautz'ko taldea; astelenitaz: Tolosa'ko Euzko-Gaztedi'ko lagundiak ta asteartietaz Donosti'ko Iztundearen antzezlari bikañak Egilegor ta Beorlegi buru dirala. Ederki tolosarrak! COCTEAU EUSKALDUNA Onela deitu genezaioke Sota Aburto Manu idazleari. Antzerkirako doai berezia du, ta euskeraz idazten ari danezkero ez dezala aztu gure Antzertitxoa. Norbaitek esan digu bere «La vieja que pasó llorando» euskeratzen ari dirala «Negarrez igaro zan atsoa» izenaz. Bai ote? Poztuko giñake. GERORAKO ASMOAK Antzerki egoki ta politenak aukeratzen goaz urrengo zenbakietan argitaratzeko. Ez degu, gaur izenik aitatu nai irakurleen jakin gura kirikatzeagatik. Alaz guztiz zapia zerbait jasota esango dizutegu, laister, zenbaki berezi bat aterako degula emakumezkoai eskeñia. Lizardi'tar Xabier'en «Laño ta izar» antzerki-ipuia ta oraintsu Paris'en lenengoz antzezturiko beste antzerkitxo txukun ta xamur bat gaitzat arturik. Baita ere, noizik beinka, Ayanbe'k Euskal-Esnalea'n eman zuan itzaidia: «Euskal-Antzertiaren kondairako apur batzuek» azaltzen joango gera. TORIBIO ALTZAGA Antzerkigille onen izena nork ez du entzun? Euskal-Antzertiaren aldez berak ainbat eta ainbeste urtean lan egin dunik ez da noski. Argatik, eta poz-pozik, bere antzerti zarrenetako bat, asierarako, argitaltzen degu. ANTZERKI-EGILEAI OARRA Lanen batzuek argitaratuak dituzten egilleai adierazten diegu berak nai izanezkero beren idaztitxoak ANTZERTI'k salgai ipiñiko lituzkela, ortarako bear diran aleak eskuratzen ba-dizkigute. Saldu ala ordaña biurtuko genieke gure irabaziaz gutxituta. ANTZERTI'k zuen lanak argitaratzea nai ba'dezute bidali «makinaz» idatziak zuzendari jaunak aztertu ditzan. |