|     4 zenbakia, 1932ko apirila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


 

MATEO TXISTU

 

«DER SCHUTZE»

«Ihm gehort das weite»

«Was sein Pfeil erreicht»

«Das ist seine Beute»

«Was da kreucht und tleugt»...

(Schiller).

 

ANTZEZGILEAK

 

MATEO BEA

MIKEL BEA

BEA-Andrea (Pia)

BEA-Alaba (Tere)

BERAKOETXEA

JOXEPA

BATIXTA GOSE

TXAPURDIN (Agustin)

EIZTARIAK

BI MIKELETE

APAIZ JAUN BAT

Mutil-koskorrak, zakurrak, abar, abar

 

 

EKITALDI BAKARRA

 

        (Erdi denda ta erdi landola bat. Bertan oi diran tresnak, batez ere idazteko bi mai, burnizko diru-kutxa, urrutizkiña ta abar. Gañera, alde batean ormetan ixekita pizti larru, al izanezkero basurde buru bat dala edo antzeko eize ezaugarriak. Beste aldean berriz, arriak, kañaberak eta amu-arrantzako tresnak. Bazter batean idazki-lankai bat mai baten gañean. Ontzi batean eskallu goriak.

        Bigarren lekuan zapia, (telón) ate egikorra duna ta leio zabal, aundi bat antziñako dendak izan oi zuten bezela. Barruko aldera zurezko leiatila izango du jasota egongo dana. Zokondoan kale-zapia, aurrean izango ditun ate ta leiotik ikusteko eran. —Eskerretara atea etxera eramango duna.—)

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

(Agertokian Mikel eta Mateo Bea, anaiak. Bazterrean makinaz idazten TERE, Mikel'en alaba).

 

TERE: (Andereño oso gazte ta begikoa; izketa zoli, bizi ta batean biguña izango du) Osaba! (Mateo'ri) laister amaitzen det. Auxeen da errenkada luzea! (berriz deituaz) Osaba! emen zer dio? Au gaizki dago.

MATEO: (Alkitik jeki ta illobangana urbilduaz) Nun? nun?, ez neri edozein gauza ipiñi.

TERE: Ara: (irakurriaz) «zakurraren zaunka entzun dedinean» ez! ez! au ez! (zer tokitan irakurri ezin arkituko balu bezela) Ona! emen! emen! (berriz irakurriaz) «Basurdea iltzera iritxi ezkero, adarra joko da» (geldialdia...) iru aldiz bakarrik?

MATEO: Zenbat bada? Ondo dago.

TERE: Ez, ez, geiago; norbait iltzen danean, elizan, zazpi aldiz kanpaia jotzen dute ta ea, basurdea ez da egunero iltzen.

MATEO: Zazpi ba, zazpi. Jarri ezazu. Baña...

TERE: Bai, bai, zazpi (lankaiez idatziaz) oso polita da-ta begira! (alkitik jekita, arin-arin orman ixekita dagon eize-adarra auberatu ta gotik zazpi bider joko du) Pa-aa... paaa! paaa paaaaaa. (Mateo ta Mikel batean oiuka).

MIKEL: (Amua, garranga ta txitxareak antolatzen) (asarre) Zer da au? nun gaude? Tere!!

MATEO: Ixo! umea! (adarra eskuetatik kentzen dio).

TERE: Biok bildurtu zerate. Au parraguria! (par dagi).

MIKEL: Ori da. Parregizu bai. Munduaren azkena dala al deritzazu edo zer? Orrenbeste tronpeta!

TERE: Aitatxo! basurdearen azkena.

MIKEL: (Ben-asarre). Munduko sentzunaren azkena bai. Zurea ez da errua ez. Zoaz zure eginkizunetara. Ta lanean utzi gaitzatzu.

TERE: (Apal antzean). Osabak esan dit etortzeko...

MATEO: Beriala dijoa. Bizpairu...

MIKEL: Adar jotzea (belarrietara eskuak jasoaz).

MATEO: Ez gizona. Ba-dakik zer egiten ari geran...

TERE: Basurdeak arrapatzeko arautegia...

MIKEL: Arautegia?... Oraingoan okela merkatuko dezute.

TERE: Aita, osabak basurdekume bat ekarriko dit.

MIKEL: Bai, zure oiean sartuko degu.

TERE: (Karraxi egiñaz), ai ama! ez! ez! baratzan.

MATEO: Aurrena arrapatu dezagun beintzat; gero, nun sartu ikusiko degu.

MIKEL: Artaleak bota-ta, «kus-kus» eginda, nunbait, basurde guztiak etorriko zaizkitzute...

MATEO: (Asarre). Ez, garranga aoko zulotik sartuta obe izango dek.

TERE: Aita, osabak amabi tiroko eskopeta erosi du.

MIKEL: Ez dek aurreneko tiroan iltzeko asmorik.

TERE: Ori da amabi batean il al izateko. Ori poxa!

MIKEL: Eta, nun dek tramankulu ori? Ondo ixilikan euki dek orratiokan.

MATEO: Zertako esan bear nian (ben ben) noizbaitean ikusiko dek...

TERE: (Aitari) Oiaren azpian eskutatuta dauka.

MATEO: Urrena giltzapean itxiko det guztia. Emakume auekin ezin diteke ezer ixilik gorde.

TERE: Aita? (galdera au oso irritsu).

MIKEL: Zer? (erantzupena era berean).

TERE: «Bizkor» umeak egiteko dago.

MIKEL: (Marruka) Ori bakarrik bear degu, lenago gutxi dira etxean da...

MATEO: (Aitari begiratuaz apal). Zuk ere txitxareak oñalean sartuta izaten dituzu.

MATEO: (Marruka f. f.) (parrez) je, je! je! gozoak egongo dituk. Ezkerrak amorrairik arrapatzen ez dekala, bestela, nik ez nikizke jango.

MIKEL: (Alabari errietan). Eta ondo al derizkiotzu 16 urteko neskatxa bat etxeko zokoak ikustatzen ibiltzea?

MATEO: Ederki! ederki Tere. Ba-dakizkigu zure aitaren eskutuak. Goazen zakurrari jaten ematera.

MIKEL: Oriek bizi dituk ondoena gure etxean.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

PIA: (Barrungo atetik sarturik). Zeintzuk bizi dira ondoena gure etxean? (Mateo'ri) Zure zakurrak eta (Mikel'i begiratuaz) nere senarraren txitxareak. (Guztiak parra dagite).

MIKEL: Emen dator bear ez zana.

TERE: Ama? ama? Osaba Mateok basurdekumea...

PIA: Orixe bai ezetz! Ez enetxua. Ez nago ni etxean txerritegia izateko.

MIKEL: Alde orretatik ez dago beldurrik. (Ixekaz) Zenbat pizti etxeratu ditu joan diran sel urtietan?

MATEO: (Berdin) Zenbat «bijili» egin ditugu onek ekarritako arraiakin?

PIA: Bijilirik ez, baña, barauak bai.

MATEO: Gosez iltzeko diña. (eztenka) Bai; ibai ertzean besoa luzatuta egotea oso atsegiña dek.

MIKEL: Zuena obea; zera...

PIA: Gaur ere betiko leloa al dezute? Alkarri ziri ta eztenkada egunen batean asarretuko zerate. «Anaien arteko auzia gogorra ta luzia».

MATEO: Ez ni.

MIKEL: Ni gutxigo.

TERE: Ama bakarrik asarretzen da.

PIA: Egia esan dezu. Aserretu arazten nazute. Ta ori, gauzak lasai eramaten dakizkidala. Zuen zakur, zuen garrangak, zuen amu, zuen txitxareak...

MIKEL: Eta nere emazte ta nere anaia.

MATEO: Eta nere iloba.

TERE: Ni nere osabaren alde nago. Gizona ba'nintz eiztaria izango nintzake ta ez amu-arrantzalea.

PIA: Zutzako zeregiña etxe barruan ba-daukat. Beti, etxetik kanpora ibiltzeko era arkitzen dezu.

TERE: Amatxo? Osabakin lanean ari naiz.

MIKEL: A zer nolako lanak! Osaba Mateok otsein artu du.

MATEO: «Mekanografa».

MIKEL: Nunbait, aitak baño sari obea ematen dio.

PIA: Eta ama gaxoa bi gizon eta neska-mutil baten ardura ematen; eta berak bakarrik ba'lira, ainbestean. Astu baño lenago zer egin dezute goizeko ikatzaz? Itzaia bildegian zai dago.

MIKEL: Burutik joan zait orrenbeste deadar, eta adar-jotzeaz. (Tere'ri) Ez det nai gure landolan gaudela etorri zaitean.

PIA: Goazen barrura. Etxe onetan ez da lanarik egiten. Txuri egin bear degu. (Senarra'ri errieta egiten dio).

MIKEL: (Mateo'ri) Geldi adi emen ni itzuli bitartean. Laister emen nauk.

TERE: (Osaba'ri) jaso al dezu orria?, bigar garbian ipiñiko det. (Alkitik jakitzen da) Gero orriak galartzu gori batez josiko ditut eta oso «xik» geldituko da.

MATEO: Zaude! zaude. Aurrena Txapurdin jauna'ri erakutsi bear dizkiot. Arek beti zerbait erantsiko dio; zerbait aldatuko du, bederik.

TERE: Ez ditzala aldatu adarren joaldiak.

MATEO: Ez, ez, erdi gorra da-ta.

PIA: Ba-al zatoz ala ez? neska! (Bijoa gurasoekin batera).

MIKEL: (Mateo'ri) Laister emen nauk, ea esandakoa egiten dekan.

MATEO: Etorri adi lenbailen, nik ere Txapurdin'engana joan bear diat-ta..

 

(Bijoaz etxe barrura MIKEL, PIA ta TERE).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Mateo bakarrik.

 

(Guztia ben eta garrantzi aundiaz).

 

        Txapurdin'i nere asmo txiki au agertu bear zioat. (Orri bat izango du eskutan). Orain arte sakabanatuak gabiltzan eiztariak, bilera indartsu ta estu bat eralduko diagu, bere arautegi ta guzti; gauza berri bat «Basurde-Eiztariak» deritzana. Basurde-Eiztariak, laburtuta B. E. Be... Oso egokia, izena ezin obea asmatu diat (Ixilunea) «Basurde-Eiztariak»... bilerari, izen au zegokiok ta ez beste bat. «Bestela, izan liteke... "eizaren lagunak" ez, ez, gu ez gaituk ez lagunak eta ez adizkideak, izanean etsaiak». «Eiztarien Lagun-artea?»... ezta. Onek kalezuloko usaia dik ta guk mendian zeukagu beti gure tokia. An aixe garbi ta osasuntsuena! Beste bat, «Pizti arrapatzaleak» oraindik gutxigo. Orrek zerbait ostutzen edo gabiraiak bezela gabiltzala zirudik. Ez, ez. Onena, «Basurde Eiztariak» izena dek; basurdeak ta ez galeper, uso, ollagor, basollo ta udolloak. Oriei lepoa mostutzeko naikoak dituk emakumezkoak sukaldean.

        Baezpa, Txapurdin'i galdetuko zioat eta arek beti bezela azkenengo itza esango dik. Ta asiera aguro izango degulakoan natxok. Basurdeak onuzkera ez zabiltzak urruti. Ta asierako eguna jaituko diagu galanki. Meza nagusi bat, zer modu? Gure zaindari ta guzti. Bat edo beste «Mateo Txistu» edo... Eskier ez natxok au aldaretan dagon ala edo ez; apaiz bati galdetuko ziogu.

        Eta orrela, gaizki esaka dabiltzanai, basurdeak ba-dirala erakutsiko zioegu. Gauza errezagorik! ogei nere kidakoak eman akizkidatela, gutxigokin ere, ta edozein egunez basurdea ba-dakarkigula. Baietz?...

        Ondo ez ba-dago ere esatea, nere begia ez da txarra: beintzat, makarrik gabekoa; eta nere sutautsa polbora?... kegabekoa, ta ne zakura «Bizkor»... aitzekirik gabekoa. Utsa! emendik aurrera basurdea ilko dala, San Martiñetan txerria bezelatsu.

        (Ormatik zintzilik dagon basurde-buru edo larruari begiratuaz). Or zegok nere aitonak eraildako basurdea. Nere anaiak ixekaz «azkenengo basurdea» deitzen oi ziok. (amorruaz) Etxe onetan bakarrikan zen luzaroan agokan ikusiko diagu.

 

(Ate-aldean zerbait adituko ba'lu bezela).

 

        Norbait zebilek or!... Berriz atea jotzen dik!... Baña, ez al du ikusten atean jartzen dula «deitu gabe sartu»? (ojuka) e! sartu aurrera! (ateruntz doa, baña, berta iritxi baño len kaletik datorrenak bultzako dio ateari ta baserritar, arlote zar zamar bat agertuko da oi dan jantziaz).

 

(Bakarrizketa au oso astiro oldosten dijoalarik).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Mateo ta Batixta gose.

 

BATIXTA: (Baserritar maltzurra), Eup!...

MATEO: Ez orrenbeste gizona!

BATIXTA: Ba al zaudete?

MATEO: Bai, ikusten dezu: zer dakarkizu?

BATIXTA: Jauna... etxea ere-ta «malamaneran» ondatuta gelditu gera-ta... emen nator limosnatxo baten eskean.

MATEO: Maiztarra izango zera?

BATIXTA: Maiztarra... edo... Nagusia ez beintzat.

MATEO: Kontu aundia bear du baserrian poxpolo, krisallu, tximist-argi ta (ixilunea) basurdeakin. Suaroan billeran sartua egongo ziñan?

BATIXTA: (Itun) Alperrik! Atadi gañean txapa edo dalako bat jarria geneukan ez erretzeko baña...

MATEO: (Sakeletik atera-ta txanponen batzuek ematen dizkiolarik) Torizu! Baserriaren etsaiak sua ta basurdea dira. Nongoa zera?

BATIXTA: Otsola'koa. Eskerrikasko jauna!

MATEO: Otsolakoa? (arriturik) (beretzat) Otsola! eize-barruti ederra. Ta pizti azko al dabiltza inguru aietan?

BATIXTA: Makiñabat bai nekazaria ondo izateko. Basurde ta...

MATEO: Eta arrasto berririk bai-al da?

BATIXTA: Bart, ere, muñoko artasoroa txiki-txiki egiña ta lardaskatuta utzi zidaten. Gaur ere ez dira urruti ibiliko. Arranea!

MATEO: (Pozik). Ederki! Ori nai degu ba.

BATIXTA: Alajaña! Ez degu lana alperrik egiten.

MATEO: (Besoa sorbaldan ipintzen dio). Ez estutu, basurde oriek eroriko dira. Beraz gabero dabiltza, e?

BATIXTA: Beon zai ba'gaude...

MATEO: (Asarre) Zuk ez al dezu beñere emengo eiztarien berri aditu?

BATIXTA: Bai.... kaleko eiztariak iñoiz Otsola'ko ostatuan ikusi izan ditut. Bazkari onak egiten ote dituzten edo...

MATEO: (Beretzat) Gizon au basurdeak baño okerragoa dek. (Batista'ri) Gu puska-legorrakin bakarrik ibili oi gera egun osoan. Eta .. guk... aztarna beroa arkitu ezkero, basurdea altxa araziko degu, ta bein abitu ezkero guztiak gere tokiak zintzo gordetzen ditugularik, nai ta nai ez serraldo botako degu, serraldo! Gu gera «Basarde-eiztariak»...

BATIXTA: (Zalantzan bezela) Bai, lenago ere ibili izan dira.

MATEO: Zeintzuk? Oiartzun'go eiztariak? Zer zakur dituzte ba? Onena «Txuri» Lexaka'ko Belia izanarren zakurraren umea. Ama berriz sasikoa. (Oinpetuaz) «Txuri» orrek zer du ba? Zaunkarik ez du egiten, ikaratia da, ta txerriaren aztarrena basurdearenaz berdin-berdin nastutzen du. Gure «Bizkor» berriz, ikusiko dezu zer zakurra dan; (sutsu) fiña, egokia, usai onekoa, ausartia...

BATIXTA: Lan gutxi egin ta ondo mantendua egongo da-ta.

MATEO: (Sakar) Zer mantendu ta mantendu ondo. Berez, berez, jatorriz, odolez.. Kontu egizu mila pesetan erosi nula.

BATIXTA: Arranepola! nik baño geiago balio du.

MATEO: Bigar bertan basurde oriek arrapatu bear ditugu. Diranak dirala. Erri guztian albistia zabaltzea noa. Goazen lenbizi Berakoetxearen'gana.

BATIXTA: Obeto ikusi arte itxoitea naiago nuke. Gaur berandu da ta bost orduko bidea daukat etxera.

MATEO: (Besotik eldu beio) Berakoetxea'kin itzegin da azke gelditzen zerala. Gañerako lan guztiak nik egingo ditut. Bigar egun sentirako Otsola'ko errota muñoan izan bear degu eizaldia asteko. Berakoetxea da zakurzaia ta zure esanak aditzea dagokio; nundik sartu bear degun, zer tokitatik igesaldia itxiko zaien, bide-kurutzeak ondo artu, ta errekarako jetxiera galerazi.

BATIXTA: Neronek ere ez dakit ba...

MATEO: Goazen gizona (bultzaka).

 

 

BOSTGARREN AGERRALDIA

 

TERE: (Oso alai ta laisterka sarturik). Osaba! Osaba! emen naiz!

MATEO: A! Garaiz eldu zera. Aizu? (belarrira) Basurdeak dira...

TERE: Ai! (Karraxi zorrotz bat egin da itzulka joañez).

MATEO: (Besotik eldu beio) (parrez). Ez uste izan emen daudenik. Bigar basurdetara goazela esan nai nizun. Zer uste zendun?

TERE: Gizon ori ikusi bai-det.

MATEO: Ori basurdeen mezularia da. Bigar gutxienez bi ekarriko ditugu. Baña orain, lagunai adierazi bear diotet, eta guztiei otsegin: Txapurdiñ'i, Joantxiki'ri, Txomin Pildain... Ondarrabi ta Arbizu'ri; Unsain okiña ere etorriko da. Joxe Mari'k joan naiko du; Berakoetxea nai-ta naiezkoa degu. Ta gañera, Saldias, Kulumano..., etc. (beretzat zenbatuaz).

TERE: (Laguntzen) Martintxo jueza'ren semea, ta Mikeleten nagusia ta alkatea...

BATIXTA: (Beretzat) Orrenbeste agintariekin nik bai atrapatuta presondegian erori bear detala.

MATEO: (Tere'ri) Berakoetxea'rengana noa gizon onekin. Bitartean orri ortan daudenai, ots egin zaiezu, urrutizkiñez, etorri ditezela ordu laurden bat barru. (Paper bat eman bezaio.)

TERE: Bai, bai, ta etxean ez badaude?

MATEO: Etxekoak, norbait nere bila bidaldu dezatela. (Batixta'ri) Goazen adiskidea!

BATIXTA: Pesta ederra jarri degu... (Bijoaz biok).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Tere bakarrik.

 

        (Urrutizkiñaren kirtena eragiñaz). Aurrena, Agustin jauna'ri ots egingo diot (berriz kedarra eragiñaz). Ez dute jaramonik egiten! Aizu! ipiñi zaidazu, arren! 12-8'az. (Une bat itxoinaz) Emen Tere. Agustin jauna etxean al dago?... ez al dago?... ez e?... (beretzat) Auxen da lanbidea. Ez dago etxean, (urrutizkiñez) aizu?... esaiozu ordu laurden baten buruan Beatarren etxean agertzeko, bere eskopeta, zakur, bazkari ta adarraz .. e?... bai... gaur... bai, bai..., basurdetara, aizu?... joan egin da! (tresna bere lekuan usten du), ezer ez! ez diot esan errebolbera ere artzeko; ta aizkora, ta laban aundi bat, ta katalejuak ta «Kodak» bat. Berriz deitzera noa! ai (eragiñaz luzaro)

 

(tirrrrrrrr...riiiiiiiiiii.)

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Tere ta Martintxo.

 

MARTINTXO: (Leio zabaletik burua agertzen dularik. Oso gaztea izango da ta ondo jantziriko mutila). Zeñi otsegiten diozu?...

TERE: (Burua biratuaz) a!.. zuri zer ajola zaizu!

MARTINTXO: Neri deitzen ari ziñala uste nun.

TERE: A, bai! ikusiko litzake!

MARTINTXO: Zure eskutitza jaso det eta...

TERE: Zoaz aguro! bestela... ikusi egingo gaituzte.

MARTINTXO: Bai zera! Zure aita ta ama oraintxe Kalebarrendik zijoazen ta zure osaba Mateo arestian Berakoetxeakin ikusi det.

TERE: Eta, zakur batekin?

MARTINTXO: (Mukerkeriaz) Abereak ez ditut nik aintzakotzat artzen.

TERE: Zu baño geiago maite det ba. Gure «Bizkor»!

MARTINTXO: (Ben-ben) Zure eskutitza jaso det eta...

TERE: Eta ze?

MARTINTXO: Ez dedala nai, berriz, ola eskutitzak makinaz idatzi dezaizkidazun. Ori juezak eta olakoak bere erabakiak makinaz idatzi arazten dituzte garbigo izateko. Nik ez det uste zure gaizkilea naizenik. Ori ez da lagunarteko idazkera.

TERE: «Letra» txarra bai-det.

MARTINTXO: Lenago, eskuz egindako eskutitz batean, maite ninduzula jartzen zendunean zure letra, idazkera bera, kizkurtu ta pixka bat izutzen zala zirudin; emen, izki guztiak berdiñak dira: otsak, itxusiak ta maitasun itzetan... gorrotoa dariote, (au guztia arro-puzkeri parregarriaz).

TERE: Ori «romantikoa» jartzen zera! Ez dizut, ba, geiago idazkirik bidalduko.

MARTINTXO: Ez det ori esaten. Bestela, nola alkar adituko giñake?

TERE: Telefonoz!

MARTINTXO: Ez, ez! Ez det nai etxean jakitea. Telefonoz! orretarako meza nagusian eliz deia egitea obea da.

TERE: Zoaz azkar emendik. Ikusten ba'gaituzte!

MARTINTXO: (Eskui-ezkerrera norbait ba-ote datorren begiratuaz). Ez dator iñor. Gañera, zure osabagatik ez zait ajolarik. Or ikusi det nunbait Berakoetxea'kin.

TERE: Berakoetxea'kin, e? Au gizon pargillea! Bigar; basurdeak omen dabiltza ta arrapatzera dijoaz.

MARTINTXO: Ibilli ditezela ba!

TERE: (Zaputzez) Zurekin asarretzen naiz eiztaria ez zeralako. Nik nai det eiztaria izatea osaba Mateo bezela.

MARTINTXO: Ez det zaletasunik.

TERE: Orduan, zuri, zerk betetzen zaitu geiena?

MARTINTXO: Zuk.

TERE: Txoroa! Ez dizut oir galdetzen. Zer gogo dezun geyena? eiza ala arrantza?

MARTINTXO: Nik? txipiroiak.

TERE: Kaikua dirudizu! Bigar ez ba'zoaz basurde-eizaldira guztia amaitu da gure artean.

MARTINTXO: Eskopetarik ez det!; ta gañera Jueza'ren semea naiz.

TERE: Ni nere osabaren loba.

MARTINTXO: (Norbaitzuk datozela oartuaz). Gero arte, jendea dator... Ez nazatela ikusi! (itzuli joanez). Iluntzean emen ingurun ibiliko naiz. (Bijoa).

TERE: Ai! oraindik ez ditut egin osaba Mateo'ren aginduak. Berriz teleponoz deitzera noa. (Urrutizkiñaren kirtenari eragiñaz). (Triiiiii... tri...rriiiiiiiiiiii...n) (bere aita ta ama datozela ikusiaz) Aguro biurtu zerate ama!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Tere, Pia ta Mikel.

 

PIA: Garaiz, orrela, nun ikasia izan dezazun. Iluntzerako etxera; ori zan gure gaztetako oitura.

TERE: Noski, orduan ez zan «zinerik»-ta.

MIKEL: Nun da osaba Mateo?

TERE: Irten egin du.

MIKEL: (Beretzat asarre). Ez dago gaizki! Lanak utzi, nai duanean atera ta, or konpon!

PIA: Ez, beintzat, asarretu. Ori eramanpen gutxi dezu gizona!

MIKEL: Jaitan, guztiok gera on eta gibelaundi; lanean ikusten dira izakerak. Zuek bezelako emakumeentzat, mundua, jai aundi bat bai-da.

PIA: Ez zaitezela erritan jarri orregatik! Mateo une baterako joana izango da.

MIKEL: Ez dakit zertara!

TERE: (Beldurez). Baserritar batekin joan da.

MIKEL: Zein ote du? Ollagorren ziriñaz, abarkak zikindu zaizkiola esatera etorri dan norbait; edo ta, erbiak azak, eta basurdeak artoa, bartarratsean, bere soroetan jan dizkiotela, negarka, edestu izango dion besteren bat. Egunero ba-datorkio bat edo beste. Katagorriak dirala, edo basakatuak, edo erbiñudeak. Nekazariak berriz Ejipto'ko zazpi zauriak al dituzte edo zer?...

TERE: Basurdeak, aitatxo.

MIKEL: Nere anaia ez da Moises (oarkabe).

PIA: (Bere senarragatik) Lertzen utzi ezaiogun!

MIKEL: (Gero ta asarrego) (ormatik zintzilika dagon basurde larru edo antzekoari begira). Orrek du errua!Gure aitonak erail omen zun basurdeak Mateo'ren burua zakur-ametsez betetzen du. Ori gauza antziñakoa da; ugolde-aurrekoa.. A! oroigalu zitala!

PIA: Zer nai dezu, ba. Bakoitzak bere griña du.

TERE: Aitatxo! Zertarako dituzu zuk eskallu gorri oriek ontzian?

MIKEL: Ni amu-arrantzalea naizela, aurpegia jaurti nai al didazute?

PIA: (Legunki). Badakizu ori, oso atsegin zaidala.

MIKEL: (Gero ta lasago azkenik zearo baretuaz) Bakoitzak bere griñak ditu; ez det ukatuko, baña, arraitxoren batek bere borondatez garrangari ozka egiten ote dion egotea, ez det uste gauza ankerra danik. Ori ez da eiztaria bezela, buru-belarri piztiaren atzetik ibiltzea. Zaunka, oiuka, deadarrak, orruak, sutan, albotan, lumak... odola.

TERE: (Asperen batez) Jesus!

PIA: Beste zerbait ona ere ba-du arrantzak.

MIKEL: (Ea oso alaiturik) Zuk aitortzen dezunean zer ote da?

PIA: Eiztariak bezela goizeko lautan ez dala jeiki bearrik izaten (parra dagite).

TERE: Aita! Zer ematen diezu jaten eskallu gorri auei?

MIKEL: A zer nolako galderak! Ezerez. Ura'ren zomorruak. Mateo'ren bila noa. (dijoalarik). Beriala emen naiz.

PIA: Zoaz ondo gizona! Agur!

TERE: Agur aitatxo!

PIA: Nun laga dezu «figuriña»?

TERE: Josteko-mai gañean utzi det. (beretzat) Ori gauza politak dakarzki. Ai! azari-larru batzuek!

PIA: Ez dizut erosiko, oso galeztiak dira-ta (dijoalarik.)

TERE: Osaba Mateo'k arrapatzen ba'du, larru eder bat egingo didate (bere amaren ondoren barrura dijoan atetik bijoa).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Mateo ta Berakoetxea

 

(Biok agertzen dira kaletik datozela, Berakoetxea'k zakur bat lepotik soka batez lotuta dakarki. Bera, erriko gizon parregarria; «Joxemaritarra» laneko soñekoaz jantzita. Obeto mantal bat ba-du.)

 

MATEO: (Zakur ta guzti sartzen dirala ta oso pozik) Berakoetxea! au da mauka! Aldirik onena da eizera joateko.

BERAKOETXEA: Ondo da! Basurdeak Otsola'raño jetxi ba-dira goseak dabiltzan ezaupidea. (beretzat). Ez dek gaizki jaten Bonene'ko ostatuan.

MATEO: Oraingoan, gauzak ondo egin bear ditugu...

BERAKOETXEA: Bai, bai, alegiñak egingo ditugu.

MATEO: Lenbizi, eiztariak ondo sakabanatu; ta batez ere ez dedila iñor bere tokitik igitu...

BERAKOETXEA: (Beretzat) Eguardi arteraño.

MATEO: (Sutuaz) Arrastoak ezin obeak omen dira. Ba-dakigu gaua nun igarotzen duten, zer jaten duten, zer orduetan jekitzen diran...

BERAKOETXEA: (Beretzat) Ez dedila oso goiz izan.

MATEO: Ba-dakigu (ezkutudun)... zer lekutan ura edaten duten.

BERAKOETXEA: Aaaa! (beretzat) Ona gauza bat, nik ura nun edaten dedan, iñork ez dakina.

MATEO: (Itun) A! Zakurren kezka piska bat daukat. (Zakurrari begiratuaz) Onek ere begiak «tristiak» dauzka.

BERAKOETXEA: Eo! makarrak dira! aspaldian ez diot muturra garbitu-ta. Begiozu, begiozu! (Zakurrari laztan batzuek egiñaz) «Pinto» xe abil?... Oraindik ez da probintzin au añako zakurrik. Zakur egiña da, zakur zarra. Gaztetan basurde astoa añako batek sabel guztia idiki zion; beste bein, automobilak arrapatu zun, eta begiozu! orain ere, bost egun oietan jan gabe dago. Zakur egiña da; gosera egiña!...

MATEO: Bigar ikusiko degu. Nere zakur «Bizkor» ba-dakizu zer zakur dan.

BERAKOETXEA: Polita bai; ez da zakur txarra, baña «prantzesa»...

MATEO: Ez degu astia galdu bear zein baño zein obea ,dan jakiteko; paper auek artuta... (an mai gañean dauzkan paper batzuek jasotzen ditu) Goazen jendearen bila. Zenbat eta lagun geiago bildu, obe.

BERAKOETXEA: Esan dizut orain ezin joan nitekela; geroxeago apika agertuko naiz. (Zakurrari ots egiñaz) «Pinto» goazen etxera.

MATEO: Gizona! sartu-atera bat.

BERAKOETXEA: Ez, ez, nere otsoaren izenean! Orain da ordu bete «opiak» labean ipiñi ditudala ta «puntua» galduko ditet. Onuzkero, nere Joxepa, opien ordez, bera labean kiskaltzen balego bezela egongo da.

MATEO: Karkaotik joango gera orduan, goazen! goazen (abiatuaz). Nik itzegingo diet Agustin jauna'i-ta (dijoalarik). Berakoetxea? Bigarko 40 izkilu bear ditut, ta basurdea gurea da.

BERAKOETXEA: (Dijoalarik, atetik) (beretzat). Nik berriz naikoa det labean zerbait erretzen jartzea, ta ordu laurden baten buruan an dijoa! Joxepa erri guztitik Berakoetxea'ren bila. (bijoa).

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Joxepa, bakarrik; gero Mikel eta Pia.

 

JOXEPA: (Berakoetxea'ren andrea) (kaleko atetik erdi negarrez eta asperenka agertuko da) Zoritxarreko eiza orrek!... nere gizonak ematen dizkidan naigabeak!... alde onetara etorri da, ba (atean deituaz) «Ai maria» (iñork jaramonik egiten ez diola oartuaz) (zotinka) Ai Joxepa! .... gizon orrek ondatuko nau. Onuzkero labean dauden opiak kiskaldu dira. Ai... (ontan Mikel asarre-antzean kaletik datorrela agertuko da.) Eiza aberatzentzat, guretzat, guretzat... ai!

MIKEL: Arrantza.

JOXEPA: (Datorrenari begiratuaz) Ez jauna, ez; lana!

MIKEL: Zu al ziñan Joxepa?

JOXEPA: Bai, jauna, bai. Barkatu zaidazu Mikel jauna. Gizonakin daukat istillu gorria.

MIKEL: Zer?... orditu egiten al da maiz xamar edo...?

JOXEPA: (Kementsu) Ez, jauna, ez. Nere gizonak ez du edaten otorduetatik kanpora, baña eizean...

MIKEL: Ori okerragoa da oraindik...(asarre) Ez zaidazula aitatu ere. Kaletik nator eta ez dakit zer gertatzen dan; nere anaia atez-ate deiak egiten dabil, eta etxe onetan ez da lanik egiten, ez dago pakerik, eta... asper-asper egiña nago.

JOXEPA: Ai!

MIKEL: Ez dakit zergatik ezkontzen zeraten gizon eiztariarekin. Zakurrak baño okerrago bizitzeko.

JOXEPA: Gure zakurra baño okerrago bai, askozaz. Etxean arentzat dira jai guztiak. (Pia sartzen da).

PIA: (Atetik) Erritan ari al zerate?

MIKEL: Egiak esaten.

PIA: (Joxepa'ri) Ara! Joxepa! gure etxe aldetik?

JOXEPA: Bai andrea, nere gizona emen ote zan ikustera etorri naiz.

PIA: Emen ez da izan, nik dakidala.

MIKEL: Emen ez dago, baña or ibilliko du nunbait Mateo'k bere morroia balitz bezela. Ez dakit, ez dakit, zer dakarkiten, Kale Nagusia jendez josia zegon ni igaro naizenean eta ez det begiratu nai izan ere. Lanik egin ez eta besteai egitea galerazi; guk emen beragatik ezbearrak eta naigabeak artzen ditugularik.

JOXEPA: Zuek aberatsak zerate ta ainbestean, baña gu...

PIA: (Senarrari) Zoaz beste toki batera zure negar eta marru bearrez eta pakean utzi gaitzazu: Edozeñek esango luke! Mateo, gizon on eta langilea da, ta (Joxepa'ri) zure senarra ere gutxi bezelakoa.

JOXEPA: (Alaituaz) Ori bai; ez da nik esaten dedalako, baña, esku bat ba-du lanerako! Ta gauzai puntua artzen...

MIKEL: (Aldatuaz) Mateo'k ere... ez du errurik. Bera aste osoan geldirik egongo litzake, baña Agustin jaun orrek zer egiñik ez duanean —eta au geienetan gertatzen zaio— emen degu. (berriz asarreturik) Nere anaiak ez dakit nola eramaten duan. Egunen batean, etxetik, neronek botako det.

PIA: (Kaletik etortzen ikusten dualarik) «Otsoa aitatu ta otsoa azaldu».

JOXEPA: Bera da, bai.

MIKEL: Mateo'ren bila baldin ba-dator ez dagola etxean esan bear diogu. Ezin det begiz ikusi arroputz bat dalako.

PIA: Zaude ixilik. Eta ez aztu gure lagun ona, aspaldiko mediku zarra ta erriko jaun nagusienetako bat dala.

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Agustin jauna (Txapurdin).

 

TXAPURDIN: (Atetik) Aeratsaldeon etxekoak!

PIA ETA JOXEPA: Baita zuri ere.

MIKEL: Eta etxekoak ez diranak.

TXAPURDIN: Izane! (Joxepa'gatik) Gure Joxepa ere emen degu. Ez zindudan ikusi. Zarra nago, ja, ja, ja! Joxepa!

MIKEL: (Joxepa'gatik) Onek bere kamelo gozoaz, zuk baño «katarro» geiago sendatu ditu. (orok parra dagite.)

TXAPURDIN: Ja,ja, ja,! Baditeke. (aldatuaz) Nun dago Mateo?... Nere bila dabilela esan didate.

PIA: Sartu zaite Agustin jauna, atean egon gabe; bestela; katarron bat arrapatuko dezu.

JOXEPA: Gure kameloaz kenduko diogu.

TXAPURDIN: Ja, ja, ja! eskarrikasko, eskarrikasko. (oso aurreruntz datorrela) Bad nere etxean Mateo'k, lenbailen onuntz etortzeko gaztigua utzi omen du (irri-parrez eta pozik Mikel'i) Ba-aldakizu zer dan?...

MIKEL: Mateo'k belarriko miña izan bear dula.

TXAPURDIN: (Arritu antzean) zer zer?...

MIKEL: Ba-dakizu, beti eizean dabil eta orrenbeste tiroen danbadaz gortu egin da.

TXAPURDIN: Zu beti ezten zorrotz. Ja, ja, ja, e! (Mikel'i belarrira) Otsola'tik mezulari batzuek etorri dira esanez ba-sur-de... sail... aun ...di bat... dabillela.

MIKEL: (Asarre) Ez dezazula jarraitu, arren!, belarriko miña egiten zait-eta.

TXAPURDIN: Zuri, ala zure anaiari? zertan gera?

MIKEL: (Emakumezkoai) Orain ulertzen det guztia! Edozeñek arrapatzen du nere anaia! (batetik bestera, urduri ibiltzen abitzen da).

JOXEPA: (Larrituta) Nere senarra gutxigo. Auxen da lanbidea.

TXAPURDIN: Zer gertatzen da?

PIA: Baña, egia al da basurdeen ori?

TXAPURDIN: Noski! Ez ikaratu, ez dira oneraño iritxiko. Garai onian, urtero basurdea izaten da Otsola'ko muñoan. Txara aietan bazka ugari arkitzen bai-dute. (Itzaldi bat egingo balu bezela mintzatuko da) Bein batean...

MIKEL: (Beretzat) Ez dedila ast bestela.

TXAPURDIN: (Mikel'i) Bein batean Mikel...

MIKEL: (Txapurdiñ'i itza etenik) Zer ordu dezu?

TXAPURDIN: Ordua?... ja, ja, ja!

MIKEL: Zertzaz parra ote dagi? (beretzat).

TXAPURDIN: Ordu mota asko dira: Greenwich-eguerdikoa, baita ere eguzkiaren ordua; gañera, toki batzuetan ordu bat da ta bestetan bestea. Ja, ja, ja! Jesukisto «hora nona'n» erail zuten. Orain beriz askotan ikatzaren ordua dabilkigu; nai dutenean aurreratu ta ala ba-derizkiote atzeratu. Beraz, Mikel, ez dakigula zer orduetan bizi geran.

MIKEL: (Beretzat) Ori, zuri gertatuko zaizu.

JOXEPA: Gure elizan bostak oraintxe jo dituzte.

TXAPURDIN: Bostak e?... Bein batean...

MIKEL: (Beretzat) Bigarrenean esan naiko dik!

TXAPURDIN: (Mikel'i) Entzun zaidazu Mikel.

 

(Ontan TERE zokoko kalean agertuko da. Noizean bein norbaitzuei urrutira begiratuko balie bezela burua biratzen dularik).

 

JOXEPA: Ona «señorita» Tere nun datorren.

PIA: Nun ote zan gure neskamotxa?

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Tere; gero Mateo, Berakoetxea, I'go eiztaria, 2'n eiztaria Martintxo ta este iru edo lau eiztari gehiago. —Zakurrak eta mutilkoskorrak—.

 

TERE: (Albatan sarturik) Ba-datoz.

PIA: Lenengo, aratsaldeon esaten da.

TERE: (Apal) Arratsaldeon!

TXAPURDIN: Eta esan egin du. Ja, ja, ja.

MIKEL: Zer zabiltza oren laisterka?

TERE: Berak baño lenago iritxi nai nun-eta.

TXAPURDIN: «Jokoasidu'ka» al zabiltzate?... Umeen kontua.

TERE: Ez, jauna, ba. Gizonen kontua.

TXAPURDIN: (Pia'ri) Ja, ja, ja! Pia? Gaurko neskatillak (Tere'ri kokotzean «maite» bat egiñaz.)

TERE: (Beretzat) Gaurko agureak!

PIA: Makiña bat lan eman digute!

 

(Emen, zalaparta aundi bat entzungo da; zakurraren zaunka, oiuak, mutil-koskorren karraxiak eize-adarren otsa ta abar) (Tere ez gañeko guztiak )

 

        — Zer da au!...

        — Zer gertatzen da!

        — Soldaduzkoak etorriko ziran!

        — Sua ote da?

TERE: Bai zera; basurde-eiztariak datoz (ateruntz bijoa).

TXAPURDIN: (Au ere ateruntz dijoalarik) Mateo ta! Onuntz datoz!

MIKEL: Ni nere etxetik kanpora noa ez dedalako erritako gogorik. «Iparraldeko basatiak dirudite»!

 

(Etxe barrura bijoa ta kaleko atetik sarta bitez: Mateo, Berakoetxea, Martinixo, eiztariak bere eize jantzi, izkillu, sare, aizto ta abar, abar. -Nai izanda bi edo iru zakur berakin ekarriko dituzte. Ondoren darraikiotela mutil-koskor batzuek).

 

JOXEPA: (Sartzen diran artean bi emakumezkoak bazter batera etorriaz) Emen dator gurea ere. Nola ez, ba, egun guztian lan asko egin bai-du.

PIA: Onena, emendik joatea izango degula uste det.

 

(Berakoetxea'k bere emaztea ikusitakoan kalean geldituko da mutil koskorrak uxatzen ba-lego bezela)

 

GUZTIOK: (Arratsaldeon edo olako zerbait esaten dute.)

MATEO: (Txapurdiñ'i) Emen al ziñan? Zure etxean ]lau bider izan naiz.

TXAPURDIN: Ba-dakit, bai. Zer esan nizun? (izketan abitzen danean eiztari guztiak inguruan artzen dute ta Tere'k ere bai)... Garai ontan Otsola'n beti basurdea sartzen dala.

MATEO: Oraintxe irten bear gera! Ez ditezela itzuli, joan!

GUZTIOK: Bai, bai!

PIA: Eizera al zoazte?

MATEO: Oñetakoak garbiak dauzkagu ta ez degu etxea zikinduko. Nun da Berakoetxea?

 

(Au oraindik mutil koskorrak uxatuko ba'litu bezela kalean ariko da.)

 

1'GO EIZTARIAK: Emen zan arestian.

2'N EIZTARIAK: (Karrikaruntz begiratuaz) Ara nun dan! (ots egiñaz) Berakoetxea!...

1'GO EIZTARIAK: Ori andrearen beldurrez kanpoan gelditu dala tema egingo nuke.

MARTINTXO: (Bi emakumezkoak agurtuaz) Kaxo! zer modu?

PIA: Zu ere eiztaria? Gaur lagun asko zoazte.

TERE: Oraindiokan beste orrenbeste etortzekoak dira. Au «poxa».

MARTINTXO: Ni ez al nazu naikoa?

TERE: Ea, zuk bakarrik basurdea iltzen dezun.

GUZTIOK: Berakoetxea ba-dator! (sartzen dalarik).

MATEO: Zakurrai jaten ematen geldituko zan.

TXAPURDIN: Zakurrarentzat janari onena birika da.

TERE: Ba, nik gureari txokolatezko goxoak ematen dizkiot.

GUZTIOK: Zer zebiltzan Berakoetxea?

BERAKOETXEA: Zertan ariko nintzan? Zera, mutil-koskorrak uxatzen. Orain orrela gure atzetik badabiltza, zer ote da basurdeakin gatozenean? (oarkabe sartu izan ba'litz bezela) A! arratsaldeon! Nere andrea ere emen da-ta.

TXAPURDIN: Joxepa! a zer nolako kaxuelkada goxoa jarriko dizun zure senarrak basurdeakin etxeratuko diranean. Ja, ja, ja!

JOXEPA: Bai, enetxua. Ezer gutxi oroitzen da ori etxera zerbait ekartzez.

BERAKOETXEA: Ekarri, ekarri... Basurde «taba» ekarriko diñat besterik ez ba-da.

JOXEPA: Ixilik ago alper alena! Dagoaneko lana utzita lotsik ez dek-ta...

PIA: Goazen Joxepa. (Besotik eldu bezaio) (Besteai) Bakarrik utziko zaitutegu, zuen gauzak obeto antolatu ditzazuten. Bestela, onenbeste gizonen artean, lotsatu ere egiten naiz. Ea, Tere, atoz zu ere!

TERE: Amatxo! ni emen gelditzen naiz. Osaba Mateo'ri lagundu egin bear diot. Ez al da egia osaba?

MATEO: Gelditu dedila, bai.

MARTINTXO: (Beretzat) Nigatik gelditzen da.

PIA: (Tere'ri) A, zu, neska-mutilla! (Joxepa'ri) Goazen, ba, Joxepa goazen.

JOXEPA: Aditu bear dizkit, aditu bear dizkidanez! (Barrura dijoaz).

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Pia ta Joxepa ez gañeko guztiak.

 

TXAPURDIN: A Berakoetxea. Andrea asarretuta utzi dezu. Ez eztutu, gero, nik pakeak egingo dizkitzutet.

BERAKOETXEA: Estutu?... Ori egunerokoa da gizona. Ezagun da ezkondua-etzerala bai! (emen «Berakoetxea» eresia bezela abestuko du.)

 

                «Berakoetxea ixilik aukak

                Piska batean mingaña.

                Berakoetxea ixilik aukak

                Piska batean mingaña.

                Nere andrea erritan ba-dek

                Udara'n elbia aña,

                Udara'n elbia aña

                Emakumeen mingaña».

 

(Algarak, txaloak eta abar)

 

MATEO: (Ilun) Jaunak, astia galtzen ari gara. Ez gaude emen zer dan obea —ezkontzea ala ez ezkontzea— erabakitzeko. Aurrena basurdeak dira.

1'GO EIZTARIA: Baña, egitan arrasto onak al dira? Albistea ekarri dun gizona uste osokoa izango da?

MATEO: Gaur bertan basurdeak etzanda egon diran putsuba zikin-zikiña omen zegon.

1'GO EIZTARIA: Ez ote dira txerriaren aztarrenak izango?

GUZTIOK: (Eztabaidan darraite) Bai zera!

BERAKOETXEA: (Beretzat): Txerri ankak? Ez dituk txarrak.

MARTINTXO: (Biok bazter batean) (Tere'ri) Nola etorri naizen ikusten dezu.

TERE: Nola? Galtza luzeaz eta ola. Eiztaria ere ez dirudizu. (Darraite)

1'GO EIZTARIA: Ba-algoaz? edo zer?

GUZTIOK: Nai dezuenean!

 

(Zarata piska bat aterako dute ta deadarrak. Goazen! aurrera! gurea dek! oraingoan ba-degu! ekin! eta antzekoak entzungo dira erabat kaleruntz abitzen dirala)

 

MATEO: (Ateratzen uzten ez diela) Jaunak! jaunak! Itxoin! Atera baño lenago gauzak ondo egitearren oar batzuek irakurriko dikizuet.Ba-dakizute gure bilerari «Basurde-Eiztariak» izena jarri diogula.

GUZTIOK: Ederki!

MATEO: «Basurde-Eiztariak», laburrago esanda B.E.

GUZTIOK: B.E., B.E., B.E., B.E.

BERAKOETXEA: (Beretzat) Ori ardiak egiten ditek.

MATEO: (Ingi bat zakeletik ateratzen dula) Azkar-azkar irakurtzera noa.

GUZTIOK: Ixo!... ixilik!... siiiiiiii.

MATEO: Au oso garrantzi aundikoa da. (irakurriaz bezela). «Goizaldean zakurrak azkatu baño lenago elurra balego, eiztari guztiak soña alkandora zuri batez estalduko dute».

GUZTIOK: Ederki! Ori! ori! ondo dago!

BERAKOETXEA: Nik «San Fermiñetan» ibiltzen nun igeltzero «bluxa» zuria ba-diat.

TXAPURDIN: Ori ez zaio «Gran Kapitan» berari ere bururatzen.

GUZTIOK: Zaudete ixilik! aurrera!...

MATEO: Eta baldiñ zakurrak atera, ta arrastoa arkitu, ta basurdea altxa ezkero illunduko ba'litz, surik egin gabe, tirorik bota gabe, eiztari guztiak zapi edo alkandora beltzez estalduko dute soña, piztia ez izutzearren.

GUZTIOK: Bai! bai! Il edo arrapatu arte ez degu etxera biurtu bear.

BERAKOETXEA: Ba-daukagu mendia puska baterako.

TXAPURDIN: (Mateo'ri bizkarrean zaplazteko batzuk emanaz) Ederki! Alkandora beltzarena ez zaio gogoratzen ez bada zuri eta Musolini'ri.

MATEO: Ba, aitatutako oar oiek oso gogoan artu bear dira.

1'GO EIZTARIA: Lenbailen atera bear degu, illuntzera dijoa-ta.

TERE: Osaba! eta eize-adarrarena noiz-esan bear diezu? Zazpi e?

MATEO: Garaia elduko zaio.

TXAPURDIN: (Mateo'ri) Ori illoba panpoxa dezu. Oso etxekoia.

TERE: Eskarrikasko:

MARTINTXO: Kaikua! aoa olako kirtenkeriak esateko zabaltzen dezu.

MATEO: Goazen bukatzera.

TXAPURDIN: (Martintxo'gatik) Ara Martintxo! eiztari gazte askoa. Polita izango litzake gazteenak basurdea iltzea.

MARTINTXO: (Beldur antzean)Ez jauna, ez nik, ez det ezer iltzen.

 

(Kaletik zear Mikelete biko bat igaroko da. Ikusitakoan Berakoetxea oiuka asiko da.)

 

BERAKOETXEA: Mikeleteak! mikeleteak! gañera Otsola'ko mugakoak dira. Deitzera nijoakiote, (ateruntz joan-da) E! aizu? Adizkidea!... atozte!... bai!

GUZTIOK: Datozela, bai!

MATEO: (Eiztariai) Beraz, orain arte irakurritakoa ontzat artzen al dezute?

GUZTIOK: Bai, bai, gugatik ondo-dago.

BERAKOETXEA: (Mikeleteai) Sartu zaitezte. Une bateko gauza da.

 

 

AMALAUGARREN AGERRALDIA

 

Lenengoak eta Mikeleteak.

 

1'GO MIKELETEA: Serbizioan goaz. (sarturik) Arratsalde on, jaunak!

2'EN MIKELETEA: Kaxo!

GUZTIOK: (Batean galdezka) Ikusi al dituzute? nolakoak ziran? aundiak ote diran?...

MATEO: Ixilik zaudete! nik galdetuko diotet. (Mikeleteai) Beraz... Otsola aldean ondo e?. (Eiztari guztiak mikeleteari begira):

1'GO MIKELETEA: Ondo esan bearko.

MATEO: Eta... e? (kiñuak egiñaz) Ikusi al dituzute?...

1'GO MIKELETEA: Guk dakigula ez dabil apurrik ere.

GUZTIOK: Ezetz e?...

1'GO MIKELETEA: (Lasa-lasa) Ez, ba. Kontrabandoen sagi-ardo bat pasatzeko gau guztia galdu bear dute-ta.

GUZTIOK: Aaaaaaaa

MATEO: Basurdeak gizona!

 

(Mikeleteak zer esan ez dakitela gelditzen dira.)

 

BERAKOETXEA: Basurdeentzat eztago mugarik ardoarentzat bezela, baña Diputazioak laister jarriko du, bai. Elorza arraio ori!

1'GO MIKELETEA: Ola etzaigu egokitu ikustea.

2'EN MIKELETEA: Ijito bat edo beste ba-dabil, baño gañerantzean...

 

(Eiztariekin izketan darraite).

 

MARTINTXO: (Txapurdiñ'i) Zergatik Mikeleteak ez ote dira aleginduko pizti aiek arrapatzen beti «Mauserra» sorbaldan dutela dabiltzan ezkero?

TXAPURDIN: Gizona, «Mauserra» gizonak erailtzeko egina izan da, orain Mikeleteak ezer egiñarren, gipuzkoarrai dirua kentzea ez ba-da.

MARTINTXO: Nik ez. det ba, beñere tirorik bota.

TXAPURDIN: Gauza errezagorik.! Begira! (kiñuaz lagundurik); aurrena, piztiari lasa etortzen utzi, gero, ezkerreko begia itxi ta ondoren... beatza estutu ta... pan!... zerraldo!

MARTINTXO: Bai, ordea, ospelak ditut.

TXAPURDIN: Nere denboran amaika pizti zar bota det.

 

(Mikeleteak ba-dijoazela-ta berriro zarata apaurren bat sortzen da.)

 

BERAKOETXEA: Oraingoan seguru degu! Suziri (etxefuego) ta guzti joan bear diagu!

TERE: Osaba! basurdea illezkero agirian ekarri e?

MATEO: (Eiztariai) Ez aztu nik esandakoak. Ez dedila iñor bere tokitik igitu etxerako deia entzun arte. (Mikeleteai) Zerbait artuko dezute.

1'GO MIKELETEA: Eskarrikasko. Estimatua dago. Arlote baten bila gabiltza ta arrapatzen ote degun goaz (dijoazelarik). Eiza ona egin. Urrenarte!

GUZTIOK: Agur! Zoazte ondo! Ondo joan.

BERAKOETXEA: Ezkumuñak!' (ezkutatzen dira).

 

 

AMABOSGARREN AGERRALDIA

 

Mikeleteak ez gañerako guztiak.

 

MATEO: Jaunak, goazen. Lau orduko bidea degu-ta. (Guztiok gertutzen dira abitzeko istilu aundian.) Otsola'ko ostatuan lo puska bat egin-da! aurreral (abitzen dira.)

TXAPURDIN: Baña aztuta al zaudete bigar igandez meza entzun bear dala?

Guztiak: Izan ere! Meza! Ez giñan oroitzen. Mateo, zer egin bear degu? (bekokiari une batean elduta egon ondoren) Gerokin apaiz bat emango degu. Aizu Berakoetxea! zoaz nunbaitera ta ea apaiz bat arkitzen dezun.

GUZTIAK: Ori! ori!

BERAKOETXEA: Bai, bai. Arkitu? olako erraz basurdea ba'lego. Obe nian neronek ere apaiz egin ba'nintz, konfitero baño.

TERE: Martintxo'ere joan dedilla laguntzera.

GUZTIAK: Bai, bai, aguro!

MARTINTXO: (Beretzat) Oiek «sakristautzat» artu ote naute? (abitzen da Berakoetxea'kin).

BERAKOETXEA: (Eize-adarra joaz) Paaaaaa! or kaletik dijoa «Apaiz txiki» (otsegiñez) Eeee!

GUZTIAK: (Leiora joanaz deituko diote). E! Ara, nun dan bera!

 

(Batzuek kanpora aterako dira).

 

MATEO: Egokiro ezin etorri liteke. Gurekin joan naiko du.

TERE: Eskopeta emango al du?

TXAPURDIN: Eman bear duna, sakristau bat da.

MARTINTXO: Emen nago ni.

 

 

AMASEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta apaiz jaun bat.

 

(Eiztariaz inguratua sarturik)

 

APAIZ JAUNA: Zer dabilki emen jende onek. Arratsalde on! Jainkoak dizutela.

BATZUEK: Baita zuri ere.

TXAPURDIN: Aurrera, apaiz jauna.

APAIZ JAUNA: Emen, sutautsa edo polboraren usaia sumatzen det (irritsu) Mateo dagon lekuan!...

BERAKOETXEA: Apaizak sudur onak izan oi dituzte.

MATEO: Egia da, apaiz jauna. Eizera goaz,eta bigar meza emateko Otsola'n apaiz bat bear genuke.

BERAKOETXEA: Eta laburra izan dedilla; azkeneko iru «Agur-Mariak» mendian errezatuko ditugu.

APAIZ JAUNA: (Astiro) A jaunak! jai egun eta igandez meza osoa entzun bear da. Eta egurrari dagokiona: laburra edo luzea (irritsu) ta... zuei, sermoia ere ez litzaizuteke gaizki etorriko...

 

(Au aditutakoan suzmur aundia eiztari artean).

 

MATEO: Orain, nai dezun sermoia egin dezakezu, baña bigar goizean goiz...

BERAKOETXEA: Eta gosaldu gabe.

APAIZ JAUNA: Ene eliztar maiteak; jai egunez meza da lenengo, eiza baño, ta kristau onarentzat aste egunez ere ala izan bear luke. Eta nik ontan nere egin bearra bete bear det. Oroitu zaitezte Martin Abadea'ren anima mendiz mendi dabillela bere zakur amorratuen zaunken artean.

TXAPURDIN: Otsola'ko aipaiza bera ere ondo eiztaria da-ba.

APAIZ JAUNA: Ura baño aundiagoak iñoiz izan omen dira. «Martin Abadearen zakurren» ipuia entzungo zenuten. Zaunkaka omen dabiltza oraindik.

TERE: Aa bai! zakur amorratuak!

BERAKOETXEA: Zakurrak. Nereak beintzat, apaiz jauna, bestelakoak.dira. Erbitan dabiltzanean ere Elizan zortzietako kanpaiak entzun ezkero etxera datoz.

APAIZA: Ba, zu, Berakoetxea, ez zaite zure zakurrak baño zentzun gutxiagokoa izan, Ta, zu, Mateo...

TXAPURDIN: «Mateo Txistu»

MATEO: Mateo Bea!

BERAKOETXEA: Bea, bai, «bea»?

TERE: «Mateo Txistu» mendiz-mendi dabillen eiztari madarikatu bat omen da.

MARTIN: Beti txistuka ari dana . Ez bildurtu.

MATEO: Txorakeriak! Utzi ditzagun ipui ta gezurrak. Guk bigar meza bear degu.

APAIZA: Ez dira guziak gezurrak. Apaiz gizajo orri goizeko ordubatean meza emateko jeki-araztea egia al da?

MATEO: Basurdeak ez dute itxoiten.

 

(Bat-batean kaletik ba'letoz bezela deadarrak, oiu ta «eutsi» «eldu» «eldu» otsak. Laister azaldu bitez: BATIXTA GOSE norbaitzuengandik igesi datorrelarik; ta ondoren mutil koskor zenbait, bi mikelete, darraikiotela. Bizpairu bira eman ta gero Mikeleteak BATIXTA GOSE atxilotuko dute).

 

TERE: Lapurren bat da!

MARTINTXO: Aitari deitzera noa!

TXAPURDIN: Zer da ori!

BERAKOETXEA: «Batixta Gose»k egingo zun egitekoren bat Mikeleteak atzeman dutenean....

MATEO: «Batista»? abixua ematera etorri zaidana da. Ezin diteke, bañan (arrituta).

 

(Irten bitez kalera, ta zalapartan, apaiza ez gañerako guziak. BATIXTA GOSE'ren inguruan ikaragarrizko iskamila jarriko dute. Eiztariak Batixta jo naiean ta mikeleteak ezin zaindurik).

 

 

AZKEN AGERRALDIA

 

Apaiza ta Mikel; gero, Berakoetxea..

 

MIKEL: (Etxetik etorriaz) Zer gertatzen da emen, Balero jauna? Eiztari oriek erotuko gaituzte!

APAIZA: Ez dakit ezer. Bakarrik utzi naute. Biar goizean meza eman bear diela ta etortzeko agindu didate. Ta...

MIKEL: Bañan oriek goizean-goiz eizera dijoazenean, uste al du erditan meza entzuten dutenik?

APAIZA: Bai, bai. Norbaitek meza galtzedunean, naiago det, goizegi jekitzeagatik galdu dezala, ta ez berandu oiean gelditzeagatik.

MIKEL: Gizona....

BERAKOETXEA: (Besteak oraindik eztabaidan utzirik, sartzen dalarik) (oiuka). Apaiz jauna!.bigar lasa lo egin beza. Ez degu ez basurdea, ez eiza ta ez ezer. Batixta Gose orrek Mateo'ri ziria sartu dio. Mikeleteak artu dute, ijito kasta dalako. Basurdearena gezurra atera da.

MIKEL: Ondo merezia du nere anaiak. Beti ametsetan. (Apaizari) Sinisten al du ordea basurdeak diranik?

APAIZA: Nik ez det sinisten «Kredoa» baizik.

 

OIALA

 

aurrekoa