ILLEKO BERRIAK Shakespeare'ri gorasarrea Jorrailaren 23'an, ingalandar antzerkigille aundi ta ospetsu oni, bere errian Stratford-Onavon'en, mundu guzitik bildutako ordezkariak ajola aundiko omenaldi ta gorasarrea egiñak ditugu. Shakespeare goitarra Stratford'en jaio, bizi ta il zan; ta bertan datza bere gorputz illa Irutasun deunaren Eliza-pean. Abagune au dala-ta jai ta beste egipenak, oroigarritzat opa dizkiote. Gales'ko printzeak itzaldi batean ontenaldia eskiñi omen zion. Ta aundiki orrek berak lenengoz zabaldu zuan, urrezko giltza batez «Shakespeare-Antzoki» berria. Antzoki berri ta eder onek, diotenez, 200.000 libera esterlina kostia da: au da amar miloi peseta inguru. Egun guzian beste jai asko ospatu zitun Stratford'ko erriak: erriko elizetako kanpai guziak astindu zituzten ikastoletako aurrak. Shakespeare-aldiko jantziaz apaindurik, dantza zarrak dantzatu ta, azkenik, kalez-kale jende talde ikusgarriak ibilliak dira. Irurogei abenda-erriko ordezkariak beren ikurriñekin agertu ziran. Gure Euskal-Erria, soñez Stratford'en izan ez zan arren, gogoz bederik, beste ludi guziko erriekin elkartu nai du Shakespeare'ri agur egitearren. Shakespeare'n antzerki bikañak izkuntza geienetara itzuliak dira. «Macbeth» deritzana Alzaga'tar Toribio jaunak euskeratu zuan; ta Eusko-Ikaskuntza'k argitaratua izanik, edozein liburutegietan eskatu diteke. ANTZERTI'k, uste degun bezela bizitza sendo ta luze bat artzen ba'du, ta onela dira aztarrenak, To be or not to be, That is the question. ezpairik gabe ta laister Shakespearen beste «trajediren» bat euskeratua eskeñiko dio bere irakurle ta antzerki-zaleai. Au izango da arentzako ta guretzako omenik mamitsu ta jatorrena. Isidoro Parada (G.B.) Azken-aurreko zenbakian Parada jaunak antzerki berri bat idatzi zuala «Ortzetik jausita» lenengoz «Sabin-etxe»ko taldeak Bilbo'n azaldurikoa adierazi gendunean, nork esan bear zigun laister berri mingarri ta garratza elduko zitzaigula? Parada'tar Isidor'en eriotza. Goyan bego. Ez gendun asko uste bañan egia onela da. Igazitako Orrila'n Jaungoikoak bereganatu zuan aren gogoa. Parada euskel-idazlea ez izan arren bere antzerkietan euzkogai ta gogai aberkoiak erabilli izan ditu. Onela: «Maite» «Dos Amores» «Astidunak» ta abar. Azkeneko au Altuna'k euskeratua. Parada jauna lan asko egiña zan Bilbo'ko Euzko-Gaztedija'n euskel-antzertiaren alde. Galera aundia izan du gure elertiak. Iñoiz aztertuak izango dira Parada ta Biar idazleen erti lanak ta zer garrantzia gure pizkunderako izan duten garbi ikusiko da. Gaur itz labur bañan egitsuetan Parada'tar Isidor'en eriotzagatik gure naigabea bere sendi ta adiskideai agertu nai diegu, irakurle guziai otoitz bat aren gogoaren alde eskatzen diegularik. X. Antzerki-jaien gora-berak Antzeskizun ugariak ospatu dituzte bi illabete oietan. Gogoan artu ditugunak auxek dira: Orrilaren 7'gn. Zarautz'en «Jauntxuak» ta «Negarrez igaro zan atsua». Urretxuan bertako «Ederrena» pelota-enparantzan Donosti'ko Eusko-Etxeakoak Orrilla'k 22 zituala «Bost urtian» ta «Ezer ez ta festa» antzestu zituzten. Orrilla'k 26, Korpus-Kristi egunean Araba'ko Aramaiona'n Otxandiano'ko taldeak agertu zitun «Iziartxo» ta «Uzte diñat». Azkoiti'n Garagarrillaren 3'gn. «Olinpia» antzokian «Abaroa ta babesa». Garagarrillaren 4'gn. Markina'n «Iziartxo» Alkiza, Lezo ta beste erri askotan ere antzerki-jaiak izan dira. Ta au euskel-antzertia gero ta geiago zabaltzen ari dan ezaugarria da. Erdel-antzerkiak bañan eusko usai ta eusko gaidunak antzeztu dituzte: Algorta'n «Iker el pastor» «La vieja que pasó llorando» ta abar. Ta Santurze ta Portugalete'n «Azi-ona» deritzan eresi-antzerki edo zarzuela. Txalo-jasa guzientzat. ZALE Bazkun berri bat Euskel-Antzerti-alde Arras pozturik irakurri degu Bilbo'ko Euzko-Gaztedija'ren barruan talde bat sortu dala Euskel-Antzertia suspertzeko. Asmo ederrekin datoz. Ta ez asmo utsak bakarrik. Euzko-Gaztedija'ren indar ta eralguntza ezagunak zaizkigu; ta sendo ta ederki lan egiten dakitela ere bai. Antzerti'ren laguntzik gabe ez dira geldituko. Ta xede ortan aurrera jarraitu dezaten, gure orrialdeak, gogo onez, eskeintzen dizkiegu. Artezkari Teatroa Udaran Il ontan teatro-aroa bukatzen dala esan diteke. Gure billera ta batzokietako antzezlari taldeak udaran atseden artzen dute. Orain gazteak egurastera joateko garaia da: mendira, itsasalde ta basoetara. «Lizardi» olerkari gurenak otsegin dun eran: «Itzal! Baso'ren ume yaukal»... Euzki ta eguraldi onaz soña saildu bearra degu, gero, negu luzean, lirain, arin, osasuntsu etsi dezan. Alaz guztiaz, erriko txikitako jaietan antzerki-jardunak eratu bear lituzteke; naiz toki itxitan, naiz agirian, enparantzan. Antzerki errezak, «txontxongilloak» bear bada, gaztediaren atsegin eman, ta bidenabar ongi erakusteko. Ez dedilla erri txikiko jaia «tripa festa» utsa izan. Beraz, tarteka-marteka, gure antzezlari-taldeak nora joana ba-dute. Bestela oporraldi au oso bearrezkoa da teatro-taldeen zuzendariak datorren arorako antzerki berriak gertu ditzaten. Zalapartarik gabe, aukera egin dezaten, banaketa, antzezlari berririk begiz jotzea ta abar. Itxaropen osoan gaude, datorren aroa, 1932/1933 bitartekoa, euskel-antzertiarentzat bizkor ta oparotsua izango dala. Antzerki berriak ba-datoz ta oraingoan bultzakada ederra eman bearrean gera. Antzoki zabal ta egokiak edo beintzat ainbesteko aretoak erri askotan antolatu dituzte. Aurrera, bada, euskel-antzerti zaleak alkarren leian. Emen dago «Antzerti» zirikatu ta laguntzeko. Aspoa |