LENENGO EKITALDIA (Etxe-barru txiro, baña txukuna: maia, alkiak eta abar. Ezkerretara, ate bat. Atzean, beste bat, eta leioa ere, biak baratzera urratuak) (Pantxike ta Manttoni, aizpa Nezkazariak urterik aiei antzematen ez da errez elkarren aldamenean eserita daude, dirua mai-gañean zenbatuz. Zenbatzallea, Pantxike, Manttoni, aizparen beso-gañetik begira.) LENENGO AGERRALDIA Pantxike ta Manttoni. PANTXIKE: ...eta bederatzi, berrogeita-bi...; ta bost, berrogei-ta-zazpi...; ta zortzi... MANTTONI: Bart-arratsean aña, Pantxike?... PANTXIKE: ...berrogei-ta-amabost...; eta zortzi... Bai, Manttoni bart arratseko kontua ateratzen zaidan. Onenbeste ez geniñan jaso San Juan aurreko azoka ezkeroztik. (Zenbatzen jarrai beza, ixilik. Manttoni oro begi. Alako batean, erriko erlojuak kanpai bat: Manttoni'k burua jaso.) MANTTONI: Pantxike!... PANTXIKE: Manttoni...? (Bere zeregiñari utzi gabe). MANTTONI: Zer ordu diñagu? PANTXIKE: Al zekiñat!... (Ixillune laburra) Bederatzi-t'erdiak, ustez... (Diruak poliki antola bitza mai-kutxan kajoiean.) MANTTONI: (Jeiki, zapi bat artu, ta erridiei autoa kenduaz). Etzekiñat irudipena dedan, baña, Amabirjiñetako prozesioa ezkeroztik, burua etzeukanat bere onean. Izan ere, alako eguzkiak itunan egun artan!... Amar-t'erdiak dirala esan ba-idanan, berdin-berdin sinistuko niñan... Alaz guztiaz ere, amar-t'erdirik ez dala banintxekiñan! PANTXIKE: Bederatzi-t'erdikoa izan den. MANTTONI: (Etsi-etsian) Bederatzi-t'erdikoa, alegia... PANTXIKE: (Ixillune baten ondoan). I ez ago onik, Manttoni... MANTTONI: Onik ez ote-natxegon, ba?... E-tzan uste: buruak ematen zidan ori batzuetan... PANTXIKE: Leandro jauna deitu bear uken... Urteak, Manttoni; adiña dabillkin ik atzetik! MANTTONI: Adiña atzetik! Zertarako bear ote natxion?... PANTXIKE: «Okel-erre»'neko atsoa ere olaxe ibillla den. Azkenean, sendagileak «rizinoa» eman zitxionan, ta bertan bota zizkiñan aize txar guziak. MANTTONI: Aizeak? Aizea besterik ez, Pantxike? (Sorbaldak uzkurtuz) Izan ere, «Okel-erre»'neko atsoa...!; beiaren korotza ere, sendagilleak eman ezkero, pozik jango liken ark... PANTXIKE: Badakin, Manttoni, ama zanak ere, urteak menderatu zutenean... MANTTONI: Enetxoa! Amarena ez den berdin: ura bi alaba egiñik unan! PANTXIKE: Ta zer zion? MANTTONI: Ai!, asko, Pantxike!... Leandro jaunak ondotxo zekin... (Aldapena) Baña, oiek ere, enetxoa, artzeko kanpaia danean ditun azkarrak! Gañontzean?: iñoren osasuna zaitzeko, bazekiñat nik oiek ainbat... Zer egiten diñe, ba?... Zereko jakintsuak!... Jendea asperrarazten besterik etzekiñe ta...! PANTXIKE: Adi zan, adi zan... Gazte, berri, Madri'koa edo dalako ori... zera, «Boxt»'eneko goian bizitzen jarri dana... ori azkar purrukatua ornen den, ba... MANTTONI: Azkarra, beraz? Azala, esan ba'unan!... Bazterretan neskatxa gazteai goxokeriak esaten...; orretan azkarra omen den. Katalin'ek dionez! PANTXIKE: Uuu!... Katalin'ek! Ikusi ere egin al din, ba ura? MANTTONI: Ez; ikusi ez!... Itz egin ere!... Ta, guzia jakin nai ba-den, besotik eltzera egin ta ozta-ozta igesi al izan omen zitxionan! PANTXIKE: Ut, txatxua i berriz! Dana sinisten den! Ark gizonezkoari urreratzen ez utzi! MANTTONI: Ba, ez den bakarra... Or zeuden «Atarramentu»'neko neska, ta «Txepetx»'enekoa, ta Ixabel bera ere, emakumea!... PANTXIKE: Ixabel! MANTTONI: Ea: Alkateak «señorito» ori erritik bialduko ote duan ere zabaldu den eta... Izan ere, nik beti esaten dedana: arrotz xankame oiek diñe emengo neskatxai esan-bearra?... Botako nizkiken danak ibai zabalera? PANTXIKE: Um!... Iri ere zertxobait goxo esan ezkero... MANTTONI: Ui! Ara bestearen ateraldia! Ez al zidatenan esan izandu, oiek baño galai ederragoak! Bai makiñatxo batek!... PANTXIKE: Ta, nezkazar gelditu intzanan? MANTTONI: Ta i?... Onek eman zizkigun ederrak! (Ixillunea. Etxe-lanetan asi bitez Pantxike, altzoan otarra artu ta babarrun-zuritzen. Manttoni'k, etxe-garbiketa buka, erratza baztertu, ta tresna oro antolatzen diardu.) PANTXIKE: Biar igande.... Ollaskoa ilko ote diñagu? MANTTONI: Bai, Pantxike, il zagun... Ain txuxen ere, ollasko-gose natxoon aspaldi ontan... Ta zer da, guzia ere? Aragia baño garestiago etzetorren, ta! PANTXIKE: Ez-garestiago, dion? Merkeago esan naiko den! Bai ainbat! «Kazkazuri» arakiñari galde bestela... Lapur galdu bat besterik ez diñagu ori. Orrena geiegikoa den. Utziko al diñagu guzion artean etxea bete okel! MANTTONI: Asmatuko litxiguken ordun ere ark lapurreta-bidea!... Baña, oiek ola dirala, noan olloetara. (Ateruntz bijoa, «eskalaproietan» oñak sartuaz. Irten-agiñean, geldi bedi. Aizpak burua jaso du, ta biak beude adi. Baratzako ate-otsa, gero oin-ots aztuna, gero utsa. Bereala, norbaitek ataritik, abots lodiaz:) ALKATEA: (Ataritik)... Eup! Ez al da iñor bizi? (Orren ondotik, Ixilune luzea betiro. Neskazar blak, beren arlan geldi. Atarikoak, ozenago:) ALKATEA: (Ataritik)... Eup! Ez al da bizi iñor? (Manttoni'k nozbait ere burua atera beza:) MANTTONI: Ene!... (Burua iraduz berriro sarturik) Pantxike, Alkate jauna diñagu! (Betor Pantxike'rengana. Onek babarrun-otarra mai azpian gorde beza. Biak, eskuak mantalaz igurtzi ondoren, bijoaz baratza-ateruntz, agurka. Alkatea agertu bedi atean). BIGARREN AGERRALDIA Pantxike, Manttoni ta Alkatea. ALKATEA: Pantxike, Manttoni; barkatuko didazute zuek naspillatzera etorria... MANTTONI: Gu naspillatzera, Alkate jauna? Bego ixilik! Berorren etxean sartu dala egin beza. Ementxe; eseri ementxe... PANTXIKE: Emen, emen: besaulki ontan obeto egongo da. Ta, andre Ageda onik dago? Ta txikiak? Ain txuxen ere atzo ikusi nun txikiena... (Alkateak itz-egin nai luke, baña tarterik ez diote ematen.) MANTTONI: Esaion Alkate jaunari, Pantxike, esnez beartu ezkero, bere etxerako lain izango gendukela... PANTXIKE: Orixe bai, alegia! Ez geiegirik degulako, baña... MANTTONI: Aurrak zer diran badakigu; aiek, eman-ala garbitzen baitue! (Alkateak berriro ere itz-egin nai, baña alperrik). PANTXIKE: Oraintxe joateko nindunan, ain txuxen ere, Alkate jaunarenera. Baditugu illar batzuk berebizikoak, eta bear ba-da andre Ageda'k pozik artuko lizkiguke. Badakigu berori oso zalea dana, Alkate jauna... MANTTONI: Aurtendaño, bederik, zerbait eman izan digu lurrak. Emendik aurrera lanak... Or gañeko etxe zar ori egingo ba'lute, agur gure eguzki goxoak! PANTXIKE: Nolanai ere, guzien onerako ez al da ondo ematen duten baratzak ez ondatzea?... (Alkateak itza atera nai: besteak tarterik ez ematen). MANTTONI: Bai nik uste! Ta..., Madriltarra omen da, ain txuxen ere, gañeko sail ori erosi duana... PANTXIKE: Madriltar naiz donostiar, erosteko eskubidea badin. Baña... nolabait, Alkate jauna, gain ortan etxerik egitea galazi al ba-lezaioke:.. MANTTONI: Ori, ori, bada! Ez da guregatik bakarrik, noski: berorrek badaki, Alkate jauna... ALKATEA: Bai, bai, ikusiko degu, ikusiko degu, iñondik al baliteke... Baña, orain-oraingoz, badet beste arazo bat zuekin lenago erabaki-bearra... Jakin nai nukena..., tira..., nola esango nuke?..., alegia, mesedetxo bat egin nai ote didazuen... PANTXIKE: Mesedetxo bat... (Elkarri kezkaz begiraturik). ALKATEA: (Ixillune baten ondoan) Ara: auxe da guzia. Udako oporraldia (barkazioak) bitarteko, mutiko umezurtz bat etxean artuko al zenduteken... (Ixillunea. Aizpak, elkarri ondo begiratu ondoren, atsekabez itz-egin bezaiote.) MANTTONI: Ai, ai, ai! Ai ene!... Ta non sartzeko guk aur gaxo ori?... Biok ere oxta-oxta artzen gaitu txabola xar onek-eta... PANTXIKE: Izan ere, nolatan artu etxean iñoren aurrik, non-etzin ona-ta ez eskeintzekotan?... Gure ezerez gorrian!... Ori dago bada! ALKATEA: (Zer-erantzun billa, baño arkitu-eziñik) Tamala da... MANTTONI: Ta nondik norakoa genduke aur ori? ALKATEA: Donosti'koa... Ogei biali dizkidate, ta an-emen banatuak nitun guziak. Zuei eztizuet adirazi ezer, tokiz oso urri zeratela bai-banekin. Baña, azken-orduan, zer gertatuko-ta, Etxezuri'ko atsoa gaxotu... Gaur goizean; mutil kozkor oiek iritxi diranakin batera! «Etxezuri»'koa iru artzekoa nun, ta orra, orain irurok beste norabait zuzendu bear... Ni bi artuta nago, ta geiagorentzat tokirik ez... Donosti'ko Udalaren eskoletakoak dituzue, ta nik ere, jakiña, ango Alkatearekikoa ondo egin nai, ta... PANTXIKE: Auxen da, ba, lana; ta guk iñola ere ezin!... MANTTONI: Besterik iñork errian ez ote-lezazke artu?... ALKATEA: Aur bakoitzeko eguneko duroa ta saria... (Ixillunea. Aizpak geldirik.) PANTXIKE: (Erruki-asperen larri bat boteaz) Aingeru gaxoak! MANTTONI: Kale gorrian uztea ere Jainkoak ez din agintzen, ba! PANTXIKE: Biotzik duan kristauak ezin lezaken ori egin, Manttoni... MANTTONI: Atari sollean, alajaña, errukarri oiek! Gurera ez-ta, nora joan bear diñe, bada, esaidan?... «Txanbolin»'enera?... «Prakax»'enera?:.. PANTXIKE: «Txanbiolin»'enera, enetxoa! ALKATEA: Gizajoak, zortzi baditu bereak-eta... MANTTONI: Ez dago zer esanik geiago, tira!... Mutiko gajo oiek biali bezazkigu, Alkate jauna! ALKATEA: Baña..., irurak bear dituzue? MANTTONI: Irurak, irurak!... Zer egingo diñagu, ba, Pantxike? ALKATEA: Non sartu bear dituzue, ordea? MANTTONI: (Eskua bularrean dula) Biotzik badiñagu, ala ez diñagu, Pantxike? ALKATEA: Bai, ori bai; baña oztopo aunditxoa izango da zuentzat... Tokirik-eza... PANTXIKE: Tokia? Antolatuko degu, nola-ala! Manttoni'k diona, Allkate jauna: bularpean zerbait degunok... Beko gela, aundi-askia da... Gu mandioan etzin gintezte. ALKATEA: Mandioan, emakumea? Ta ez al litzake egokiago mutiko oiek an sartzea?... PANTXIKE: Gaxoak! Ikusiko ba'lu, Alkate jauna, gure mandio ori!... Eguzkiak eta aizeak bere mende dute zearo artua: ez al da ala, Manttoni? MANTTONI: Ametsetan ere, berorrek ez luke an bere burua ikusi nai... Baña, moldatuko al gaitun, enetxoa! (Aizpari) Ez bedi estutu, Alkate-jauna. ALKATEA: (Zutik) Atsegin aundia eman didazute: oso zerate onak eta bizkorrak. Etxean ditugu mutillok: bereala ekarriko dizkizuet. (Ixillunea. Alkatea ateruntz). PANTXIKE: (Ez-arian bezela) Egunero duroa esan du, ez da ala, Alkate jauna? ALKATEA: (Geldituz) Bai, aur bakoitzarengatik egunero duroa. O, ta txintxo ordaintzen duan jendea da! Ea, begira: Donosti bateko Udalak!... Jakiña, naikoa naspillatuko zaituela mutil oiek; baña ilabete axkar joaten da. MANTTONI: (Ixillune baten ondotik) Illak zenbat ditu gaur, Pantxike? ALKATEA: Dagonillak (Abuztuak) ogeitaseigarrena, egutegiak gezurrik ez ba-dio. (Aizpa biak ixilik. Badirudi era bereko zenbaketak egiten ari dirala. Alkateak ateruntz egiten du). Esandakoa, bada: bereala emen gera. PANTXIKE: Bai, bijoa Alkate jauna, aur gaxo oien eske, guzia antolatuko degu-ta. ALKATEA: Bost minutu barru emen gatoz. (Bijoa). IRUGARREN AGERRALDIA Pantxike ta Manttoni. MANTTONI: Bai, egiña zeon, Pantxike: aur errukarri oiek, nola utzi bear genizkiñan, bada, atarian? PANTXIKE: Ago ixilik! Alkate jauna ori esaten ari zala, xamurtu zaidan barren guzia. Pozik ikusi izango nizkiñan orduntxe bertan irurok atetik sartzen! MANTTONI: Nik dakizkidan zenbaitek etziñen, ez baiezkoa ain errez emango... PANTXIKE: Bai; irrikitzen natxeon, zein etxeetan artu dituzten jakiteko. Zeken asko baitzeon bazterretan: zeken asko! MANTTONI: Entzun den: Etxezuri'koak, alajañena!, iru artzekoak omen itunan... Baldinbaite! Aiek duten etxea izanda: au añako lau baden-ta. Amabi artu ba'lizkiñe ere!... Banatxian, banatxian olloetara, mutiko oiek iritxi bitartean. (Atetikan) Ara, berriz: andre Madalen diñagu. (Bijoa. Pantxike'k babarrun-otarrari ekiten dio berriro.) ANDRE MADALEN: (Ataritik) Bazoaz, Manttoni? MANTTONI: (Berdin) Olloetara, andre Madalen, olloetara: bereala nator. Sartu, sartu, Pantxike or dezu-ta... (Andre Madalen agertu bedi.) LAUGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Andre Madalen. ANDRE MADALEN: Egun on: zer degu, Pantxike? PANTXIKE: Ementxe ari gera, andre Madalen... ANDRE MADALEN: Babarrun-zuritzen?... Ai zazu, ai zazu-ta...; zuek artzen omen dituzute Etxezuri'ra bear zuten mutikoak, eee?... PANTXIKE: Ene, milla bider! Badakizu dagoneko? Nork esanda? ANDRE MADALEN: Matxin Bizardo'k esan dit: oraintxe topo egin degu biok. PANTXIKE: Ta Matxin Bizardo'k nondik zekian? ANDRE MADALEN: Erretore jaunaren bidez, noski, erretoreari alkateak esanda. PANTXIKE: Tira ba, bai: egia da. Pentza zazu, Alkate jaunak bere larritasuna adirazi digunean! Ta bakarra artuko gendulakoan zetorren gizajoa. Baña, errukia tartetik danean, andre Madalen...! ANDRE MADALEN: (Batere sinisten ez diotelarik) Orra ba!... (Eseri bedi) Ta, non sartu bear dituzute! PANTXIKE: Antolatuko degu zerbait, ez dago estutu-bearrik... Ta, esan, esan, zuk jakingo dezu-ta: zeñetan-beste artu dituzten... ANDRE MADALEN: Aurrak, alegia?... Bada..., bata Alkatea, bestea Erretore jauna, biok bina. «Tontor»'enekoak, bat. Errenaren alargunak, iru. Eta zuek...; baña zeon berri bai al-dakizue... A-ta, zera..., «Kukutx-eztul»'enekoak, «Argiña»'neko atsoak... PANTXIKE: «Argiña»'nekoak zenbat? ANDRE MADALEN: Bakarra. PANTXIKE: Bakarra?... Xurra, ez bestelakoa!... Ta..., «Kukutx-eztul»'enekoa ere esan dezu...? ANDRE MADALEN: Bai: lau amen ditu. PANTXIKE: Baldinbaite! Ark ez artzezkerotan!.,. Iñoizko zimelkerien ordañetan, nonbait!... Ta nork geiago?... ANDRE MADALEN: Nik dakidanik... (Atarian otsa Andre Madalen jaiki bedi) Ara, or dituzue mutikoak! Banoa ni. MANTTONI: (Ataritik) Sartu, sartu, eder oiek! Ederki eman ere!, ez jauna, ez: berorri aurretik. (Alkatea sartu bedi, atzetik Manttoni dula, ta urrena iru mutil kozkor, seinatik bederatzina urtekoak. Bi zarrenek begiak normal dabizkite, ikusmiñez. Txikiena, negarra dariola). BOSGARREN AGERRALDIA Lengoak, Manttoni, Allkatea ta iru mutikoak. ALKATEA: Auxe dezute etxea, mutikoak. Andereño txintxo auek artu nai izan zaituzte. Egun on, Madalen. ANDRE MADALEN: Jainkoak digula guzioi. (Bijoa, irteterakoan ate-atean pitin baten gelditzen dalarik. Mutikoak elkarri egotzita beude.) PANTXIKE: Ez bildurtu, eder oiek, ez bildurtu. Ikusiko dezute zein ederki egongo zeraten emen. (Zarrenari): Izena zer dek ik, maite?... IÑAKI: Mendiburu'tar Iñaki, andrea; donostiarra, ta berorren mirabe, zernaitarako. PANTXIKE: Alajaña!, ez den au oso tuntuna. (Bigarrenari): Ta zuk? XABIER: Ni naiz... Xabiertxo. ALKATEA: Alkorta'tar Xabiertxo. Aita itxasoan galdua du. Ama, sare-konpontzallea. Bestearena, ollo-saltzallea. MANTTONI: (Txikienari): Ta zu, ttipitto, nor zaitugu? (Aurra ixilik) Ara!, katuak jan dio mingaña... (Besteei): Mingañik badu, ala ez du? IÑAKI: Bai, bai: izketan ondo daki orrek, gogoak ematen dionean. MANTTONI: Trixte al ago, ba, gaxo ori? Amarengana aurki joango aiz berriro, gizona. ALKATEA: Ez: ama illa du onek. Yontxu du izena. Abizena..., aztu zait. (Paper batzuk zakeletik atera ta Pantxike'ri damazkio) Ara: guzien nondi-norakoak ortxe jartzen ditu garbiro. Ea, bada, Pantxike, Manttoni: nitzaz beartzen ba-zerate, deitu, noiz-nai. Ta zuek, mutikook... Baratzera pixkatean bialduko ba'zenitukete, orixe onena. MANTTONI: Ederki esana. Artaraxe etxe berriaz etsiko dute errezena. ALKATEA: (Maitero) Loreai pakean utzi bear zaie, gero! (Bijoaz Itiaki ta Xabier, zalaparta bizian, baratzera. Yon, geldirik ate-aurrean. Oso da txikia. Besteengana ez ausartzen, baña pozik joango ote litzaken ere badirudi. Tarte luzean, besterik ez bedi entzun, bi zarrenen oju alaiak baizlk. Pantxike'k berriro babarrun-olarrari bekio. Manttoni'k mantala erantzi, jantzi berriro, alki ori onuntzatu, lengo tokiratu bereala. Biak dirudite pittin bat bere oñetik ateraziak. Alako batean, mutikoen karraxi biziagoek ikaratzen dituzte). PANTXIKE: Ikustan non dabiltzan txerren oiek. MANTTONI: (Ateruntz dijoala) E, e! Biurriak, alenak! Ortik ez dala ibili bear! Arrapatzen ba-dizutet atze-aldea! (Urduri sartuaz) Letxu tartean, makilka, Jaungoiko maitea! (Bat-batean, txikiak laisterrari ekiten dio, besteekin jostatzera joan-bearrez. Baña, Pantxike'ren deadarrak zakarki geldiarazten du): PANTXIKE: Aizak, aizak, txepetx! Ator i onuntza, babarruna zuritzen laguntzera. (Txikia betor Pantxike'rengana, begiak lurrera ditula, ta exeri bedi aren oñetan). MANTTONI: (Berriro ateruntz) Ea mutikoak. Atozte pixkatean. (Berriro betor barneruntz) Non lo egin bear duten erakutsiko zionet. PANTXIKE: Erakutsi akien, bai. (Iñaki betor aurrena, atzetik bestea, biak laisterka bizian). XABIER: (Arnas-estuka) Ikusi al dek nolako urazak? IÑAKI: Aien buruak! Etzeudikek txarrak, olio-ozpiñetan. MANTTONI: (Zai dagokie ta, bear ba-da berak nai baño zakarkixeago, ala dietsa:) Begira gero, etzaitzatedan nik arrapatu berriz nere letxueri ostikoka. (Mutikoek burua makur. Manttoni eskuiko ateruntz bijoa). Atozte, ea: zuen oe-tokia erakutsi nai dizutet: mandioan dezute. (Bijoa. Bi mutiko zarrenak atzetik. Zurubi estuan gorako otsa. Pantxike ta txikia bakarrik gelditu bitez, biok babarrun-zuriketan). PANTXIKE: Yontxu dek izena, beraz? (Muttikoak buruaz baiezkoa ozt-ozta, neskazarrari begiratu gabe) Yontxu... ta, zer geiago? (Muttilla ixilik. Ordun, Pantxike, Alkateak emandako agiriei begira asi bedi) Intxausti'nekoa, ez da ala? (Buruaz, baiezkoa. Ixillunea. Babarrun-zuriketa, eten-gabean. Pantxike'k, astiro, goitik bera mutikoa aztertu beza) Ta norekin bizi aiz, ba, txiki? Amonatxoarekin? (Besteak ez erantzun) Izekorekin? (Buruaz, baiezkoa) Ta nolakoa da, ba, zuen etxea? Beiak ba'al-dituzue?... YONTXU: (Burua jaso, ta, bat-batean atsoa arriarazten dularik, aren mutur-muturrean parre-purrustaka). Ja, ja, ja!... Auxen da parregurea!... Beiak, alajaña, Donosti'ko kalean!!... (OIALA) |