|     8-9 zenbakiak, 1932ko abuztua-iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EKITALDIA

 

        (Iruditegia gela bat egoki ta apain jarria. Eskui aldera, aurre xamarrean alki apain edo butaka bat; atzerago alki-luze edo dibana. Ezkerreko aurre aldea berdin, eta atzerago mai bat liburu batzuekin. Onen inguruan eserleku edo sillak. Ateak atzean, ezkerrean eta eskubian).

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Pilartxo ta Adrian, biak exerita.

Gero Raimunda erdiko atetik.

 

PILARTXO: (Aserre) Ez det nai, ez det nai, ta ez det nai.

ADRIAN: Bañan, Pilartxo...

PILARTXO: Ez, ez ta ez.

ADRIAN: Bañan...

PILARTXO: Ez detala nai (Erdi negarrez) Usteko du beorrek... (Asarre) Ez detala nai.

ADRIAN: Ez det esan ezer, emakumea.

PILARTXO: Ala ere, uste nuben...

ADRIAN: (Pilartxorengana juanaz) Zaputzak egiten ere bai al dakizu?

PILARTXO: Obe, obe ta obe.

ADRIAN: Bañan, nik ez dakit...

PILARTXO: Ez, ez daki ezer.

ADRIAN: Begira, Pilartxo: entzun zaidazu pixka batean, eta gero...

PILARTXO: Ez, ez ta ez.

ADRIAN: Ez, ez ta ez.

RAIMUNDA: (Etxeko atetik sartuaz eta Adrian'i esanaz) Ez, ez ta ez...

ADRIAN: E?

RAIMUNDA: Ezin da, ezin liteke era ortan mutil orrekin.

ADRIAN: Zer gertatzen da bada?

RAIMUNDA: Zer gertatuko da: egunetik egunera okerrago goazela; gure illobak, oitura txar guziak berekin ditula... Arratsaldeko lauak, eta oraindik oyean!

PILARTXO: Ori geiegizkoa da.

ADRIAN: Bañan...

RAIMUNDA: Nere alegin guztiak alperrik izan dira. Nere esanai par egiten diote. Nere aginduak ez ditu ezertzakotzaz artzen. Oso buruz gain egin dit. Orrela ezin iraun genezake.

PILARTXO: Ez da ori gaztien itxura.

RAIMUNDA: Ta orain zuk gogor artu bear dezu, zuk estutu bear dezu, zuk zuzendu bear dezu...

ADRIAN: Nik?

PILARTXO: Bai, aita, beorrek.

RAIMUNDA: Bai jauna, zeorrek.

PILARTXO: Orrelakorik ez da iñon ikusten.

RAIMUNDA: Arratsaldeko lauetan!

PILARTXO: Zer esango duten ere...

RAIMUNDA: Zure aitaren lasaikeriagatik.

PILARTXO: Utzi beti, utzi, ta gero...

RAIMUNDA: Gure etxean bakarrik gertatzen dira gauza abek.

PILARTXO: Orlakorik ez da aitu ere.

RAIMUNDA: Zer aitatu bear da?

ADRIAN: Bañan, emakumeak...

RAIMUNDA: Emen ez dago emakumerik...

ADRIAN: (Bai, obe).

RAIMUNDA: Emen gauzak arretaz artu bear dira.

PILARTXO: Ori da ori, egin biar duna.

RAIMUNDA: Ta ez orain arte bezela mutillari nai duen guzia egiten laga.

PILARTXO: Lasaikeriaz.

RAIMUNDA: Uzkeriaz.

PILARTXO: Ori al da itxura...

RAIMUNDA: Iñongo etxetan ez da orlakorik ezagutu...

ADRIAN: Bañan... utziko al diazute pakean? (Altxata) Zer uste dezute zuek? Arrano, arranoa!... Orrelako esturasun asko ematen badizkidazute laster zerate Adrian'ik gabe.

RAIMUNDA: Zuk ikusiko dezu bada. Egunero berdin naiz Anastasio'ren ibillerakin. Nere esanak alperrik dira, ta orain zuk gogor artu bear dezu.

ADRIAN: Nik ?

RAIMUNDA: Zuk.

PILARTXO: Beorrek.

ADRIAN: Nik gogor artu?

PILARTXO: Nork bada?

ADRIAN: Nik aserretzeko ez det balio...

RAIMUNDA: Nai badezu bai.

ADRIAN: Badakizu nere urdalleko miña. Badakizu sendakiñak pake-pakean bizitzeko agintzen dirala. Badakizu estutzea kalte detala...

RAIMUNDA: Badakizu Anastasio'rekin orain arte bezela ezin iraun nezakela.

ADRIAN: Bañan, Raimunda...

RAIMUNDA: Gaur edo biar, nere anaia etorri, ta bere semea ajolakabe bat eta parrandero bat egiñik arkitzen duenean, semea guk galdu diogula esango digu.

PILARTXO: Esango dun bezela.

RAIMUNDA: Nai duena egiten utzi diogulako.

ADRIAN: Ta nik zer egin nezake?

RAIMUNDA: Lenbizi, beñepein, dirurik ez eman.

ADRIAN: Dirurik gabe, utsiko dezu mutilla?

RAIMUNDA: Bai; ta estu artu, gogor, ea zuzentzen dezun.

ADRIAN: Nik zuzendu?

RAIMUNDA: Noski. Onezkero jeikiko zan eta gertu egon zaitez. Eginkizun au, zure kontu gelditzen da. Ni banoa. Antola zaite nai dezun bezela. Banoa ni. (Joaten da atzeko atetik).

ADRIAN: Ni banoa... banoa ni... ta alde. Zer egin bear det nik! Au da lanbidea jarri didatena oraintxe! Sekulan asarretu ez; eta nai ez detala ere asarretu egin bear.

        Asarreak neri egiten diraten kaltearekin. Aitatu utsarekin ez nago ondo. Barren guziak jira egiten dit. Ez, ez: ez nago ondo. Pake pakean bizi nai, ta orra, Anastasio'rekin asarretu egin biar. Raimunda oso asarretu da. Ta Pilartxo... (Pilartxo'rengana alderatuaz) Pilartxo...

PILARTXO: Asarre nago.

ADRIAN: Au ere bai. Au ixtillua. Danak asarre, ta ni asarre ezin egon. Osasun guztia galdu det. Ez, ez, nik aixkiratu biar det guziakin. Pilartxo... len ukatu dizut, bañan orain baiezkoa izan zazu.

PILARTXO: Egitan?

ADRIAN: Egitan.

PILARTXO: (Laztanduaz) Au aita ona det! Batzutan kaska gogorra izatea besterik ez du; bañan ona, beti.

ADRIAN: Onegia. Onegia naizelako jartzen dizkiatzute lanbide abek.

PILARTXO: Ez, aita. On biarrez da esan diogun guzia.

ADRIAN: Nere ona, badakizute, aserrerik gabe, pake pakean bizitzen dagola.

PILARTXO: Ori orrela izan arren, amak esan diona egitea, bear-bearrekoa da. Negargarria ez da bada, zuzendu liteken gauza bat okertzen ustea?

ADRIAN: Nere osasuna okertzen ez bada esturasun abekin...

PILARTXO: Anastasio, berez, oso ona da; etorri berrian, aingeru bat bezelakoa. Bañan, oraingo ibillerakin, errian dan gaiztoenetako bat Anastasio izango da.

ADRIAN: Orrenbesteraño ez.

PILARTXO: Bai, aita, bai. Nik, Anastasio, asko maite nuen; nik Anastasio, asko maite detela...

ADRIAN: E? Maite dezula?...

PILARTXO: Esan nai nuen...

ADRIAN: Esan dezuna da: maite dezula.

PILARTXO: Esan badet, ongi esan det bada.

ADRIAN: Egitan?

PILARTXO: Egi-egitan. Nere begiko niniak baño maiteago det; eta orrengatik bere ibillera txarrak, oso minberatzen naute.

ADRIAN: Arrano, arranoa! Ta, Anastasio'k ordaintzen al dizu bere maitasunez?

PILARTXO: Anastasio'k? Ez ta maite detanik igarri ere. Nola bada? Bere buruan jostaketa txarra ta arrokeria besterik ez badabilki. Orrengatik nai nuke bide zuzenetan ikusi. Orduan... Nork daki!...

ADRIAN: Nik esango diot...

PILARTXO: Ez ta itz erdirik ere, ez dio esan bear. Neri aditu dirana, ixilik gorde bear du...

ADRIAN: Nai dezun bezela.

PILARTXO: Beorrek, bakarrik, amak esandakoa egin bear du: gogor artu, ea zuzentzen dan.

ADRIAN: Naiago nuke bada...

PILARTXO: Zuzenduezkero... baliteke...

ADRIAN: Ori ala da, baña, nola nai dezu nik...?

ANASTASIO: (Eskuiko atetik asaltzen da).

PILARTXO: Ixo, emen da bera.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Adrian eta Anastasio, asieran Pilartxo.

 

ANASTASIO: (Etxeko soñekoakin eskuitik sartzen da) Egun on.

ADRIAN: Bapo mutil!... Egun on, arratsaldeko laubak jo ta gero.

ANASTASIO: (Pilartxo'ri maite-maite egiñaz) Zer degu aingerutxoa?

PILARTXO: (Asarre) Ezer ez. (Altxa ta joaten da ezkerreko atetik).

ANASTASIO: Turmoiak jo al du?

ADRIAN: Ez, elurra egin dik.

ANASTASIO: Zuria ala beltza?

ADRIAN: Txokalate kolorekoa (Par irriz) Exeri adi (Batetan oso asarre) Exeri adi. Itz egin bear diagu.

ANASTASIO: Nik ere, itz egin bear det bada beorrekin.

ADRIAN: Zer bear dek?

ANASTASIO: Dirua.

ADRIAN: Etziok dirurik.

ANASTASIO: E?

ADRIAN: Exeri adi.

ANASTASIO: Exeri?

ADRIAN: Bai, exeri (Anastasio exeritzen da. Pixka bat ixilik egon da).

ANASTASIO: Orrela egon bear al degu?

ADRIAN: Ez, baniak...

ANASTASIO: (Altxatuaz) Ni ere bai.

ADRIAN: Nora oa?

ANASTASIO: Zer egin bear det bada emen bakarrik?

ADRIAN: Bakarrik?

ANASTASIO: Badijoala esan du, bada?

ADRIAN: E...! Esan diat «baniak» izketan astera nuala adierazteko.

ANASTASIO: A...! (Exeritzen da ta zigarro bat piztutzen du).

ADRIAN: (Pixka bat ixilik egon ta) Anastasio: gauzak orain arte bezela, ezin litezkek aurrera joan, eta neurri obeagoan jartzen alegindu bearko dek. Gabean, etxeratzeko ordu onik, ez. Jolas eta gaiztakeritarako, naiko dirurik ez. Arrazoien bat aditzeko, gogorik ez. Etorkizuna zuzentzeko biderik ez. Eta pixkabat ikasten alegintzeko, asmorik ere ez.

ANASTASIO: Alajaña! Ondo ikasia zeukan!

ADRIAN: Eta geiago ere bai... Ago... zer... Bai... Biar zetorrek ire aita, ta ikuste abenian, etzekiat zer esango duen.

ANASTASIO: Orixen txarra...

ADRIAN: Biar zetorrek bada.

ANASTASIO: Bai, baña, ez estutu. Nolanai ere moldatuko naiz ziria sartzeko.

ADRIAN: Egia esan bear diot.

ANASTASIO: (Parrez) Ori umore ona dauka, osaba!...

ADRIAN: Umore ona? Aserre niok. Oso asarre.

ANASTASIO: A! Baña... Egitan al da?

ADRIAN: Zer uste dek bada? Ire izeba ere oso asarretu dek. Arrotu niok ni beñepein. Badakik, ire izeba nola jartzen dan.

ANASTASIO: Ez beza orrengatik ajolik izan.

ADRIAN: Errezago esaten dek. Ikusi bauan nolakoa zegon.

ANASTASIO: Izebarena jakiña da.

ADRIAN: Gaur ikaragarria ziokan.

ANASTASIO: Ara!...

ADRIAN: Nik, badakik, danakin onean, pake-pakian, nai izaten diat.

ANASTASIO: Bai noski: berorri ta ni ondo antolatuko giñake.

ADRIAN: Bai, bada.

ANASTASIO: Berorri on utsa da ta...

ADRIAN: Bai, baña; gaur asarre niok. Izeba ere asarretu dek nerekin; ta guzia iregatik.

ANASTASIO: Neregatik?

ADRIAN: Iregatik, bai, iregatik. Nai dekan guzia egiten uzte diatelako; eskatzen diraken guzia, ematen diatelako.

ANASTASIO: Eta orregatik asarretu al dira? (Altxatuaz) Ikusiko du laister asko adiskidetzen.

ADRIAN: (Elduaz) Ez, ez, egon ari emen. Oraindik ere itzegin bear diat.

ANASTASIO: Ez dauka berriketan aritzeko gogo txarra.

ADRIAN: Ire aita etortzean, aundigoak adituko dituk.

ANASTASIO: Berriketa gutxi egingo du arrek.

ADRIAN: (Batere ez, ez dek etorriko ta) Badakik bada zer esan diatan.

ANASTASIO: Bañan, osaba; dirurik gabe, nola joan bear det lagun artera.

ADRIAN: Ez joan.

ANASTASIO: Eta.... zera...

ADRIAN: Nora?

ANASTASIO: Osaba, nik dirua bear detala.

ADRIAN: Ez diat emango.

ANASTASIO: Ez ditela emango?

ADRIAN: Ez. Ogei ta iru urte aundi dituk. Laster andregaiakin ezkondu naiko dek...

ANASTASIO: Nik andregaia?

ADRIAN: Bai, ementxen bertan esan ziatek.

ANASTASIO: Emen?

ADRIAN: Emen ez, baña nunbait esan ziatek.

ANASTASIO: Esan diotela?

ADRIAN: Esan, edo aitu, edo ulertu.

ANASTASIO: Erotu egin naizela, uste aldu?

ADRIAN: Etzekiat. Besteak erotu-aziko dituk beñepein (Altxeaz) Badakik bada: ez diat geiago dirurik emango.

ANASTASIO: Buruauste gutxiago.

ADRIAN: Ez diat etxian sartzen utziko.

ANASTASIO: Obe; geiago etorri ez.

ADRIAN: Alperrik abil...

ANASTASIO: Aitarengana joango naiz.

ADRIAN: Ez diat utziko.

ANASTASIO: (Parrez) Ori da ukatu bearra, osaba.

ADRIAN: Ez nazakela asarretu-azi, Anastasio, ez diat nai ta...

ANASTASIO: Oi! Esan ez dit bada lenago, oso asarre dagola?

ADRIAN: Anastasio, ago ixilik.

ANASTASIO: Komerik egiten ari al da:è

ADRIAN: Anastasio... Anastasio...

ANASTASIO: Edozeñek baietz esango luke.

ADRIAN: (Geiago eziñik) Baniak, baniak; bestela ez diat gauza onik egingo. (Joaten da erdiko atetik).

ANASTASIO: Asarre omen zegon! Gizarajoa! (Erdiko atetik ojuka) Geroarte osaba (Eskui aldeko gelara joanaz) Bitartean, kalerako, bear bezela jartzera noa. Nai dutena esango dute, baña... gaur ere bai. (Joaten da).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Pilartxo. Gero Raimunda, Maritxo ta Ilario.

 

PILARTXO: (Ezkerreko atetik sartuaz). Joan dira. Zer egingo ote dute? Au biziera samiña! Noiz sartuko ote da, Anastasio bide onean! (eskui aldean esertzen da) Beraganako maitasuna barrenen irakiten daukak, eta alare, asarrea ta arpegi txarra jarri bear. Au ez al da negargarria? Etxeko guziai, berdin gertatzen zaigu. Danok maite degu, ta danok berakin asarre gaude. Noiz aterako da gure biotzetatik arantz zorrotz au!

RAIMUNDA: (Atzeko atean azalduaz) Nunbait ere emen izango da bada...

PILARTXO: Nor da?

MARITXO: (Agertzen da atzeko atean). Pilartxo!

PILARTXO: Maritxo! (Oso alai alkar laztanduaz eta musuka. Ilario azaltzen da erdiko atean Raimunda'rekin izketan).

PILARTXO: Noiz etorri zera?

MARITXO: Gaur goizean. (Ilario ta Raimunda aurreratzen dira).

PILARTXO: Ilario, zer modu?

ILARIO: Zu ikusteko beti pozez.

PILARTXO: Orrenbesteraño?

MARITXO: Orlako barbantzukeriak esaten ditu. Zaude ixilik.

ILARIO: Egia da ta...

RAIMUNDA: Itz goxoak beretzako bakarrik naiko ditu orrek.

PILARTXO: Ala izango da.

MARITXO: Onek? Bai aldaki bada.

ILARIO: Nere pinpilinpauxa!

RAIMUNDA: Orra, orra!

MARITXO: Ikusten, zer lerdenkeriak esaten dizkidan?

RAIMUNDA: Pozik entzuten dituzu.

ILARIO: Bai noski.

RAIMUNDA: Lengusu egokia dezu.

PILARTXO: Egokia, zintsua ta ona.

ILARIO: Pilartxo...

RAIMUNDA: Nik dakitan bat orrelakoa izatia naiko nuke!

MARITXO: Izango da oraindik!

RAIMUNDA: Ez du itxurik.

PILARTXO: Au bezela ikasten aleginduko ba'litz...

ILARIO: Lotsatuko nazutela...

MARITXO: Ikaste ortan, bai. Liburutara itxua da.

RAIMUNDA: Ez du guriaren antz aundirik.

MARITXO: A! Ta orain gogoratzen naizela, andre Raimunda, beok liburu pilla aundia badute.

PILARTXO: A, bai.

MARITXO: Erakutsi bezaizka.

RAIMUNDA: Nai duenean.

ILARIO: Geroxeago...

MARITXO: Ez, ez, bereala. Bitartean emen geldituko gera, Pilartxo ta ni.

RAIMUNDA: Ixil-kontuak al ditugu?

MARITXO: Baita zera ere.

ILARIO: Berriketako bidea.

MARITXO: Tira, tira, ea ezer billatzen dezun liburu oietan.

ILARIO: Zure maratillak atxituko ditut.

RAIMUNDA: Maritxo'ren agindua egin bearko degu. Goazen, bada.

ILARIO: Gero arte, Pilartxo.

PILARTXO: Gero arte.

RAIMUNDA: Emendik. (Bidea erakutsiaz).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Maritxo ta Pilartxo.

 

MARITXO: Zurekin itzegin nai nuen.

PILARTXO: Ezagutu det. (Esertzen dira).

MARITXO: Anastasio'tzaz, zer berri ematen didazu?

PILARTXO: Berririk ezer ez. Zarrak berri.

MARITXO: Len bezela al zera oraindik?

PILARTXO: Len bezela, edo okerrago.

MARITXO: Zer bada?

PILARTXO: Gau ta egun or dabil, ez otordurako garairik, ez etxeratzeko ordurik; ikusi ere ia egiten ez degula. Nola nai dezu orren buruan asmo zuzen bat jaiotzea.

MARITXO: Ez da bakarra.

PILARTXO: Ta berez, ona da; ezin ta obea, nere iritzian.

MARITXO: Bai bestiak ere, banaka artuezkero. Urakin gertatzen dana, mutil oiekin gertatzen da. Ura ere tantoka artuezkero, nai dana berarekin egiten da; baña mordoska aundia biltzen danean, orduban arrotzen da, ta ikaragarrizko bagak sortzen ditu.

PILARTXO: Au beñepein; naiko arrotua dago.

MARITXO: Orain sortu dituzten mutil elkarte oiekin, egunak dituen orduak, eta gabekoak ere geienak bai...

PILARTXO: Guziak.

MARITXO: Guziak, beren zulo kaltegarri oietan igarotzen dituzte; ezertzaz gogoratzen ez dirala, ezertarako arretik ez daukatela, etorkizunari begiratu gabe, sendirik dutenik konturatu gabe; zoro-zoro, anima ta gorputz bertan lizundurik.

PILARTXO: Erokeria ta jostaketa besterik, buruan ez dabilkite.

MARITXO: Mutil artean sartu ta beti daudelako. Orrengatik esaten det nik: txikitan bai, mutillak mutillakin, nexkak nexkakin; baña aundituezkero, mutillak nexkakin, eta nexkak mutillakin.

PILARTXO: Zerbait esan liteke.

MARITXO: Bestela; mutil-zar pilla batetik, neska-zar pilla bestetik, a zer kosmorama!

PILARTXO: Ederra!

MARITXO: Anastasio'k bere lagunen antzera, burua aizez betea dauka.

PILARTXO: Lertzeko zorian.

MARITXO: Bada, buruan sartu bear zaio asmo zuzen bat.

PILARTXO: Ez dauka lekurik.

MARITXO: Lekua egingo zaio, orain daukazkin aizeak kanpora boteaz.

PILARTXO: Lan gaitza da ori.

MARITXO: Zuk uste dezun baño errexagoa. Gogoratuazi bear diogu, ludian, ez dirala mutillak bakarrik, emakumeak ere badirala; gizon eta emakumeakin sendiak antolatzen dirala.

PILARTXO: Alperrik...

MARITXO: Etzazula uste. Naitasuna'ren indarraz gogoratu-azitzen degunean...

PILARTXO: Par egingo dio.

MARITXO: Lenbizikoan bai: gero konturatzen danean, ikusiko dezu zein ederki eroriko dan.

PILARTXO: Obe nuke bada.

MARITXO: Mutil-zarretan, bi antzetakoak izaten dira: batzuek, beren bizi guzian neskatxen ondotik ibilli, ezkontzeko irrikitzen (naiz besterik esan) eta azkenean, totelak zion bezela, ejin jan, ijuji, ijuji, igartuta gelditzen dira. Besteak berriz, neskatxik danik ere ez dira gogoratzen; mutil tartean sortu, ta eguna joan ta eguna etorri, aien buruetan zorakeria ta jostaketa besterik ez dago. Abetakoa da, Anastasio.

PILARTXO: Egia diozu.

MARITXO: Badakizu bada zer egin bear dan: neskatxak badirala gogoratu-azi, ezkontza naspillak burun sartu-arazi, naitasun gauzak dabizkiela bere artean.

PILARTXO: Ori ezin liteke.

MARITXO: Ezin litekela? Laxter ikusiko dezu (Altxeaz).

PILARTXO: Zertara zoaz?

MARITXO: Naitasunezko naspillak bere buruan sortu-arazitzera. Oker edo zuzen, nai badu ta nai ez badu: naiz itxurik gabe, naiz gezurretan, a zer buruausteak sortu-arazi bear zizkatan!

PILARTXO: Baña, Maritxo...

MARITXO: Maite dezula ez dezu esaten?

PILARTXO: Ezin ukatu...

MARITXO: Bada, laga neri: utziko ditu lagun-arteak, begiratuko dio etorkizunari ta... (Eskuetatik Pilartxo'ri elduaz) Maiteko zaitu, zuk baño ere naitasun biziagoaz.

PILARTXO: Ez dezu gutxi uste.

MARITXO: Ikusiko dezu. Laga neri; ta zuk, nik irikitzen detan bideari, ixil-ixilik jarraitu.

PILARTXO: Baña...

MARITXO: Andre-gaiak, ezkontzak, a zer buru-austeak sortu bear dizkatan!

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Raimunda ta Ilario.

 

ILARIO: (Ezkerretik sartuaz Raimunda'rekin) Ikustekoak, ikustekoak dira.

MARITXO: Ezer gogokorik arkitu al dezu?

ILARIO: Guztizkoak dira. Danetatik badago.

RAIMUNDA: Zoratu bear zitzaion, bere liburuakin. Onen zoramena!

MARITXO: Orlakoa da au.

ILARIO: Azkenean, arkitu det liburu bat, etxean daukatan baten berdiña. Baditu ipui batzuek... Nolakoak!

PILARTXO: Ia bada, esan zaiguzu, ipui oietako bat.

MARITXO: Bai, bai, Ilario.

ILARIO: Esango dizuet bat, oso polita. Ara...

RAIMUNDA: Baña, exeri zaitezte.

PILARTXO: Egia, exeri (Exeritzen dira, Pilartxo ta Maritxo alde batean; Raimunda ta Ilario bestean).

RAIMUNDA: Asi zaitea orain, Ilario.

ILARIO: Ijito-errian gertatua da. Bazan gazte bat. Pirlinpinpin zun izena.

RAIMUNDA: Merkelin?

ILARIO: Pirlinpinpin!

RAIMUNDA: Orixen da izena.

ILARIO: Pirlinpinpin, mutil gazte oso arroxkoa zain. Ba-zuen lengusu bat: neskatx eder, lirain-liraña; begi batzuk bazitun, kilimakatzalleak.

MARITXO: Zuk zer dakizu? Ara, berriz...

ILARIO: Liburuak diote.

RAIMUNDA: Begi ederrak berak bakarrik ditula usteko du orrek.

PILARTXO: Jarrai zazu, Ilario.

ILARIO: Neskatx arrek Senakeri zun izena.

RAIMUNDA: A zer izena!

ILARIO: Senakeri, Pirlinpinpin'tzaz txoratua zegon. Beti berri ura buruan zeukan: Pirlinpinpin arratsaldean, Pirlinpinpin gabean...

RAIMUNDA: A zer pirripiua!

ILARIO: Etzan beste ezertzaz gogoratzen.

RAIMUNDA: Ez da gutxi izen ortaz gogoratzea ere.

PILARTXO: Utzi bezaio ama.

ILARIO: Pirlinpinpin berriz, etzan bere lengusuaz batere gogoratzen. Ez ba'litz bezela zeukan.

MARITXO: (Pilartxo'ri) Zureak bezela.

PILARTXO: Ixo!

ILARIO: Senakeri gaxoa, negarrez ia urtu zan. Orduan azti batengana jun zan.

RAIMUNDA: Gaizki egiña.

PILARTXO: Ama: ez daki bada Ejito'n zala?

MARITXO: Ipuia dala.

RAIMUNDA: Ala bearrko.

ILARIO: Aztiari esan zion: arantza bat daukat biotzean... eta aztiak arrantza egin zun...

RAIMUNDA: Arrantza?

ILARIO: Deadar bat, esanaz: etzera bakarra.

MARITXO: Noski.

ILARIO: Eta Senakeri'ren koita-samiñak entzun ondorean zuk nai dezuna egingo da, esan zion.

PILARTXO: Nola, nola?

ILARIO: Pirlinpinpin, neskatxaz gogoratu-azi bear da; naitasun garraz, burua berotu bear zaio.

MARITXO: (Pilartxo'ri) Nik esan dizutana.

ILARIO: Nik neronek, egingo det ori.

RAIMUNDA: Zuk?

ILARIO: Aztiak, aztiak zion orla.

PILARTXO: Eta, esan bezela, egin al zuen?

ILARIO: Bereala.

PILARTXO: Esan zazu, bada, esan nola.

ILARIO: Ara: Pirlinpinpin...

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Adrian.

 

ADRIAN: (Atzetik sartuaz) Edozeñek esango luke igesi zabiltzatela.

MARITXO: (Altxatuaz) Edo berorri ala dabillela.

ADRIAN: Oi, Maritxo, ez nekien emen ziñanik. Zer diozu?

MARITXO: Ni txit ongi. Ta berorri?

ADRIAN: Ni beti bezela, pake pakean, alai, atsegintsu...

RAIMUNDA: Onena, jakiña da.

ADRIAN: Ez, bada, gaur oso asarre nago. Mutil arrano orrek nere onetatik atera nau. (Danak altxatzen dira).

MARITXO: Beorrentzat, arritzekoa da bada..

RAIMUNDA: Alaxen da.

ADRIAN: Bai, baña, noizbaitik ere gertatu biar zuben; eta illoba ori ain da traketza.

MARITXO: (Pilartxo'ri ixilik) Oraintxe astera nua bada.

PILARTXO: Ikaratzen nazu.

MARITXO: (Adrian'i) A! Aztuta negon. Ezagutzen al du au? (Ilario'gatik).

ADRIAN: Esaten ez badirazu...

MARITXO: Au bada: Ilario... nere lengusua... ta Pilartxo'ren senargala.

DANAK: (Oso arriturik) E?

PILARTXO: (Maritxo'ri) Zer esan dezu?

MARITXO: Ixo.

ADRIAN: (Ilario'ri esku emanaz) Arrano arranoa! Ez nekien ezer ere.

ILARIO: Ez nik ere.

ADRIAN: (Pilartxo'rengana joanaz). Pilartxo: len esan ez dirazu bada...

PILARTXO: Al dakit nik zer esan dedan ere.

ILARIO: (Maritxo'ri) Bañan, Maritxo: zer da naspil au?

MARITXO: Gero jakingo dezu. Ez dezazula orain nik esandakorik ukatu.

RAIMUNDA: (Ilario'ri) Beraz, nik ezer jakin gabe, e? Ondo ixillik ibilli zerate.

ILARIO: Ni... mututua.

ADRIAN: (Maritxo'ri) Maritxo: auxen da uste gabeko berria eman diguzuna.

MARITXO: Uste gabeko gauzak izaten dira onenak.

ADRIAN: (Raimunda'ri) Eta zer esan bear du gure Anastasio'k.

RAIMUNDA: Izan ere.

ADRIAN: Gizarajoari, andregaia arrapatu diote.

RAIMUNDA: Bai berriz ere, lauak arte oian egoten bada.

ADRIAN: Deitzera noa.

RAIMUNDA: Deitu zaiozu bai. Jakin dezala orrek ere.

MARITXO: (Pilartxo'ri) Sinistu dute. Ikusiko dezu orain; Anastasio etortzean, xexenak dira.

PILARTXO: Etzazula uste.

ADRIAN: (Eskuiko atetik deika) Anastasio! Anastasio!

RAIMUNDA: (Maritxo ta Pilartxo'ri) Orra beaz; ta tuntun onek ezer ere esan ez.

PILARTXO: Nik...

MARITXO: Gauzak beren garaian azaltzen dira.

ILARIO: Zure maratillak ez dira azaltzen.

ADRIAN: (Berriro eskuiko atera deitzera dijoala) Anas...

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Anastasio.

 

ANASTASIO: (Eskuiko atetik sartuaz) Emen naiz. (Maritxo ikusirik eta berai esku emanaz) Oi, Maritxo. Zer diozu?

MARITXO: Zu bezin ondo ez, baña...

ANASTASIO: Zuk ala diozu.

ADRIAN: (Anastasio'ri besoetatik elduaz) Ator onera, ator onera. Ezagutu zak ik ere, lengusu izan bear duena. (Ilario erakutsiaz) Ilario, Anastasio nere illoba.

ILARIO: (Alkarri esku-emanaz) Poz aundiaz.

ANASTASIO: Eskarrikasko.

MARITXO: (Pilartxo'ri) Oraindik ez da konturatu.

ADRIAN: Ara or, i ez bezelako mutilla.

ILARIO: Ez beza ori esan.

ANASTASIO: (Adrian'i alde batera egiñaz) Zer esan dit, orrek nere lengusu izan biar duela?

MARITXO: (Pilartxo'ri) Ara: orain, orain.

ADRIAN: Bai, ori dek ire lengusu Pilartxo'ren senargaia.

ANASTASIO: (Ilario'ri) Ara, beraz, zu...

ILARIO: Ala diote.

PILARTXO: (Maritxo'ri) Ikusten? Ezer esan ez ba'liote bezela.

MARITXO: Au asiera besterik ez da. Aundiagoak sortuko dizkat. Eroriko da.

RAIMUNDA: Txokolatea artzeko ordua da, ta guziak alkarrekin artuko degu.

ADRIAN: Ederki esana.

PILARTXO: Alaxen da.

RAIMUNDA: Goazen bada.

ADRIAN: Bai, bai, goazen. (Ilario'ri) Txokolatea.

ILARIO: Txokolatea.

RAIMUNDA: (Ezkerretik joanaz) Atozte emendik.

PILARTXO: (Maritxo'ri ezkerretik joanaz) Ikusi dezu: paziko esnea baño geigo ez da mugitu.

MARITXO: Mugitu-aziko det, zaude.

ILARIO: Bañan, Maritxo: Zer dira naspil abek? (Joaten dira irurak ezkerretik).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Adrian ta Anastasio.

 

ADRIAN: (Ezkerreko atetik) Ez al ator?

ANASTASIO: Ez daukat gogorik: baña, betor, nondik sortu da Pilartxo'ren senargai ori?

ADRIAN: Zera... egon berriz ere lauak arte oiean, ta geldituko aiz aoa zabalik.

ANASTASIO: (Osabari jantzitik elduaz) Ortarako det nik osaba bat, nai detan guzia egiten didana.

ADRIAN: Usteko al dek, lengusua berriz ekarriko diatela?

ANASTASIO: Zergatik ez?

ADRIAN: Ago ixilik. Arrapatu ditek! Arrapatu ditek! (Anastasio'k barrengo patrikaratik ateratzen dio kartera) E! Arrapatu diak! Anastasio!

ANASTASIO: Beorri ez nekatzeagatik.

ADRIAN: Zer bear dek or?

ANASTASIO: Esan ez diot bada, dirua bear detala.

ADRIAN: Dirua? Oraindik, atzo amar durokoa eman nikan.

ANASTASIO: Orrengatik bada, orain ogeiko bat bear det.

ADRIAN: Ago ixilik.

ANASTASIO: Gizena dauka gero. Gaur jaten eman al dio? (Karteragatik).

ADRIAN: Anastasio.

ANASTASIO: (Paper dirua erakutsiàz) Bat, ala bi?

ADRIAN: Ekatzak onera...

ANASTASIO: Bereala (Ogei duroko bat artu ta kartera emanaz) Ar beza. Ondo gorde.

ADRIAN: Ortan ere nai dekana egin dek, baña ez diak geiago arrapatuko. Or geldituko aiz, ez diru, ez andregai, ez txokolate, ez ezer. (Joaten da ezkerreko atetik).

ANASTASIO: Ba. Gaurko badegu. Nik ere nolabait zoriondu bear ditut etxe ontako berri onak. Nundik nora sortu dute Pilartxo'ren senargai ori? Orra gauza bat, neri beñere gogoratu etzitzaidana. Pilartxo'k badu senargaia. Onek ere bai andregaia. Eta ni?... Nik?... Txoratzen asi ote naiz? Ba, ba, noan ni nerera. Bai; gaur ere bai. (Joaten da eskuiko atetik).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Maritxo, gero Anastasio.

 

MARITXO: (Ezkerretik anka punten gañean sartuaz) Alde egin du. Etorriko da, bai, ta buru arro ori zuzendu bear diot. Pilartxo gaxoa, samindurik dago, lenbiziko jokuak uts egin digulako; baña, eroriko da. Emen itxoingo diot. (Anastasio'k abestutzen du barrenen) Emen dator bera.

ANASTASIO: (Sartzen da eskuitik, oso apain, txapela jarria ta alai abestuaz) Goazen, goazen, gure lagunetara (Maritxo'k eztul egiten du) Oi, Maritxo: zer egiten dezu emen bakarrik?

MARITXO: Egon.

ANASTASIO: Ori ikusten det. Ez al dezu exeri nai? (Eskeintzen dio alki bat eta Maritxo exeritzen da).

MARITXO: Nai dezun bezela. Ta, zuk; ez al dezu exeri bear?

ANASTASIO: Zutik ongi nago (Maritxo'k zorrotz begiratzen dio. Ixil aldi baten ondorean:)

MARITXO: Bai zoriontsua zerala, Anastasio!

ANASTASIO: Txit zoriontsua. Ezertzaz ez gogoratzea bezelakorik ez da.

MARITXO: Erreza al da ori?

ANASTASIO: Nai izanezkero bai.

MARITXO: Eta biotzak bestera agintzen duenean?

ANASTASIO: Biotzak... Agintzen duenean ez egin. Neri, biotzak agintzen diranean...

MARITXO: Baña: beñere agindu al dizu ezer biotzak?

ANASTASIO: Nik dakitala ez; eta agindu badit ere, alperrik egin dit (Parra egiten du. Ixil aldia). Ez al dezu oietara joan bear?

MARITXO: Nik ez, ta zuk?

ANASTASIO: Nik ezta.

MARITXO: Orduan (Ixil aldia).

ANASTASIO: (Ez da au joango emendik, eta nolabait ere alde egin bear det nik) Beaz, ezpadezu...

MARITXO: Izan ere, itzik egin gabe, ez gaude ondo. Gañera... (Lotsatuko balitz bezela) Nik... Anastasio: andregairik bai al dezu?

ANASTASIO: (Erdi parrez) Ori galdeera! Nik andregaia detala jakiten dezun egunean, zentzua galdu detala esan zenezake.

MARITXO: Galdu? Ez orixe! Arkitu dezula esango nuke nik. Zentsua badezula.

ANASTASIO: Baña... galdeera ori, zergatik egin didazu?

MARITXO: Zerbait esan bear, eta esan.

ANASTASIO: A!

MARITXO: Zuri, emakume batek maite zaitula esango ba'lizu, zer egingo zenduke?

ANASTASIO: Nik? Parra gogotik.

MARITXO: Parra egingo zenduke?

ANASTASIO: Zer bada?

MARITXO: Eta biotzik bai al dezu?

ANASTASIO: Beñere ez det ikusi, baña izan bear detala uste det.

MARITXO: Biotz-gabekoa zera, Anastasio.

ANASTASIO: Ez det uste.

MARITXO: Bai: biotz-gabekoa, ta gañera, ezeren kupirik ez duen gizona.

ANASTASIO: Maritxo...

MARITXO: Denbora asko, txit asko da, zuregatik zer egin ez dakiela dagola neskatxa bat. Edozein gauza egingo lukela zuri bi itz xamur entzuteagatik.

ANASTASIO: Ez da makala.

MARITXO: Ez, ez orren gogor eta bulartsu samintasunaren aurrean jarri bear. Zure erantzupen garratzak erakutsi didate ezer egin ezin dala, ezin ezer itxaro nezakeala; ta orrela dala, guzia jatea nai det.

ANASTASIO: Zer esan bear didazu?

MARITXO: Ezer gutxi. Len esan didazu par egingo dezula, ta par egitea nai det. Negar egingo dezun egunen bat onenean argitu liteke.

ANASTASIO: Maritxo...

MARITXO: Jakin zazu bada, badala neskatx bat, maite zaituna asko, txit asko, zuk bear baño geiago. Egunen batean gogoratuko zera biotz bat apurtu dezula, biotz bat samintasunez il dezula.

ANASTASIO: Zentsua galdu dezu zuk, Maritxo.

MARITXO: Ez, ez det galdu oraindik. Zure ibilkera txar eta jolasketak utzi nai ez; guziari par egin; ezertzaz kupitu ez; orrela nai dezu gauza zuzenik?

ANASTASIO: Baña, nik...

MARITXO: Jakin zazu bada, emakume batek maite zaitula naitasun sutsuaz.

ANASTASIO: Len ere esan didazu.

MARITXO: Eta jakin zazu, emakume ori... ni naizela.

ANASTASIO: E?

MARITXO: Bai, ni.

ANASTASIO: Erotu zera.

MARITXO: Par egin zazu orain.

ANASTASIO: Ai, ai, ai! Erotu zera...

MARITXO: Zugatik.

ANASTASIO: Erotu zerala, erotu.

MARITXO: Zaude ixilik.

ANASTASIO: (Bere burua alkian botiaz) Maritxo, erotu.

MARITXO: Zugatik.

 

ZAPIA AZKAR

 

aurrekoa | hurrengoa