|     8-9 zenbakiak, 1932ko abuztua-iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


BIGAREN EKITALDIA

 

        (Iruditegia lenengo ekitaldian bezela.)

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Anastasio bakarrik. Gero Raimunda.

 

ANASTASIO: (Liburu batzuek ikasten. Gero liburua itxiaz) Alperrik... alperrik!... Ez da nai izatea aski. Eguna joan eta okerrago; eguna joan eta nagiago (Altxa ta ibiliaz) Garrazkeria besterik ez; gozotasunik ezin arkitu. Iru illabete dira nere biotza atsekabetua, pakerik eta lasaitasunik gabe daukatala. Zer nai detan ere ez dakit. Ez nau ezerk poztutzen, ezerk ere ez. (Batetan ezkerreko ateari begira geldituaz) Pilartxo'k... nork daki!... Agian orrek... Ez, ez, iñork ere ez. Nik ez daukat orrenganako ezer naitasunik. Polita izango litzake, Anastasio neska ziztrin baten ondotik. Ezin liteke... Ta ala ere, Pilartxo, burutik ezin kendu det: nik ez det orrekin zer ikusirik... Eta orduan, zergatik... Erotzeko zorian naukate buru-auste abek. Ezin asmatu det zer nai detan. Anastasio, zentsua galdu dek. Eta oso galdu baño len, alegindu nadin pixka bat ikasten. (Au guztira egon eziñik, nastuta, buru-auste aundiz. Gero exertzen da ta azten da ikasten).

RAIMUNDA: (Atzeko atetik Anastasio'ri begiratuaz) Joan diran iru illabete abetan, gauzak, azpikoz gora ipiñi dira. Begiratu besterik ez dago (Sartuaz) Egun on.

ANASTASIO: Egun on, izeba.

RAIMUNDA: Orain ere ari zera zu, buru ta belarri, osasun guzia ondatzeko itxuran.

ANASTASIO: Izeba; zer edo zer egiteko garaia da.

RAIMUNDA: (Exeriaz) Bai, baña; ez det ondo arkitzen, ez lengo lasaikeria, ez oraingo estutasun au. Gauzak beren neurrian bear dira.

ANASTASIO: (Altxeaz) Neurria galdu nuen nik ordea: eta neurrian berriro sartzeko, alegin gogorrak egin bear ditut.

RAIMUNDA: Ez daukazu buruari orlako nekerik eman bearrik.

ANASTASIO: Bai, izeba, lagun arteko jolas nabarmenetan nebillenean, uste nuen azkatasun osoan nengoala zer nai gauza egin nezakeala; bañan orain ezagutzen det, urak bide ortatik ez dijoazela.

RAIMUNDA: Ez noski.

ANASTASIO: Gizonak, azkatasuna izango badu, bere buruaren jabe egin bear du; bere etorkizuna eskuratu ta bere eskubidean nagusi egon bear du. Ta nik; uskeriaz, lasaikeriaz, eskubide guziak galdu ditut. Orrengatik, denbora galdua irabazi nai nuke. Zokoratuta ikas-gaiak lenbailen berritu ta nereganatu. Nere buruaren jabe egin. Etorkizunaz jabetu. Eskubideaz nagusitu.

RAIMUNDA: Bai, baña, poliki, poliki.

ANASTASIO: Gañera, izeba, ez nago ondo.

RAIMUNDA: (Altxatuaz) Zer dezu bada?

ANASTASIO: Zer detan ere ez dakit.

RAIMUNDA: Gaxo al zaude?

ANASTASIO: Gaxo... al dakit.

RAIMUNDA: Nun dezun min?

ANASTASIO: Ezin asmatu det.

RAIMUNDA: Sendakiñari deituko diogu...

ANASTASIO: Alperrik. Iru illabete izango da buru-austeen zurrunbillak nasturik naukatela. Iru illabete samintasunez beterik nagola. Zer egin asmatu ezin detala. Zer darabilkiten ez dakiala.

RAIMUNDA: Ori ez da ezer. Naiez oiek guziak alde egingo dute.

ANASTASIO: Alde egiteko obeak dira.

RAIMUNDA: (Par irriaz). Etzaiteala orla jarri. Zure buru-auste oiek, errez utzi liteztenak dira.

ANASTASIO: Ez dakit ala diran. Bañan, garratzak, txit garratzak dirala, bai.

RAIMUNDA: Garraztasunak goxatzeko, badakizu bada, ez dala axukre koxkorra bezelakorik.

ANASTASIO: Izeba, ez daukat jolaserako gogorik.

RAIMUNDA: Ikusten det.

ANASTASIO: Ba, ba. Ari nitzan lanera noa berriro (Exeri ta berriro ikasten asten da).

RAIMUNDA: Anastasio, ez diozu zure buruari estuasun geiegi eman bear. Lanak artu itzatzu bere neurrian. Poliki, poliki. (Atzeko atera joanaz). A! Len ala, ta orain onla!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Anastasio, Pilartxo ta Adrian.

 

(Andre Raimunda atzeko atera irixten danean, arkitzen da Adrian eta Pilartxo'rekin, eta ixilik adierazten dizkate Anastasio'ren buruausteak).

 

ANASTASIO: Barrena kixkaltzen daukat, eta iñork ez du aintzakotzaz artzen nere atsekabezko izaera. Nere gaizki-eza ezin asmatu det, ez zer dan, ez nola kendu nezaken. Au zorigaitza! Nork esan bear ziran, onela arkitu bear nuela!

 

(Aurreratzen dira Pilartxo ta Adrian.
Alde egiten du Raimunda'k)
.

 

PILARTXO: Egun on. (Exertzen da).

ANASTASIO: Bai zuri ere.

ADRIAN: (Anastasio'ren aldamenean, berari par-irriaz begira egon ondoren) Oraingoan, iñork sortu ez dun gauzen bat sortuko dek.

ANASTASIO: Ez det orrelako asmorik.

ADRIAN: Etzekiat, bada, orrenbeste ikasi bearrekin zer egingo ote dekan.

ANASTASIO: Au egitea ere, ez al du nai?

ADRIAN: Bai, nai diat; bañan, nere neurrian.

PILARTXO: Burua, orrenbeste nekatu-azi gabe. Ez al da ala aita?

ADRIAN: Ala da.

ANASTASIO: Alegindu, edo nekatu, edo, zer edo zer egin gabe, ezin aurrera aterako naiz bada.

ADRIAN: Eta... lagun artera, ez al-dek joan bear.

ANASTASIO: Ez.

ADRIAN: Eta... zerera...

ANASTASIO: Nora?

ADRIAN: Zerera... area...

ANASTASIO: Osaba, ez daukat jolaserako gogorik.

ADRIAN: Ez al dek dirurik bear?

ANASTASIO: Ez al du besterik esan bearrik?

ADRIAN: Aspaldian eskatu ez diak-eta... (Patrikaratik kartera atereaz) Begira akiok: gizena ziok. Orain bai dirudiela «gaur jaten emana».

ANASTASIO: Pakean utziko al nau?

ADRIAN: Bat ala bi? (Paper dirua erakutsiaz).

ANASTASIO: Ez ta erdirik ere.

ADRIAN: Orrelako gorrotoa artu al diok?

ANASTASIO: Nik dirua nai badet, neronek irabazia izango da. Nere lanaz, nere izardiaz. Orretarako ikasi nai det. Nere buruaren jabe izateko.

ADRIAN: Orduan, baniak ba. Etorri nai al dek?

ANASTASIO: Ez det gogorik.

ADRIAN: Egualdi ederra ziok.

ANASTASIO: Beorrentzako.

ADRIAN: Arrano arranoa! Auxen da mutilla goikoaz bera aldatzea. (Pilartxo'ri) Emen gelditzen al zera?

PILARTXO: Bai.

ADRIAN: Ni banoa bada. Onela geran bitartean, aserrerik ez degu izango beñepein, ta pake-pakean ederki egongo gera. (Atzeko atetik joanaz).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Pilartxo eta Anastasio.

 

(Denbora luzean egoten dira itzik egin gabe.)

 

PILARTXO: Oso goiz jeiki zera.

ANASTASIO: (Legor) Bai. (Ixilik gelditzen dira.)

PILARTXO: Ez al dezu atera bear?

ANASTASIO: Ez. (Berriz ere ixilik gelditzen dira).

PILARTXO: Zer liburu dezu ori?

ANASTASIO: (Umore txartua) Ez aldezu geiago galdetu bear?

PILARTXO: Azketsi. Ez nuen orrela jartzerik nai.

ANASTASIO: Aspalditik naukazu orrela jarrita.

PILARTXO: Nik? Ez det uste ortarako biderik eman dizutenik.

ANASTASIO: Biderik!... (Altxa ta Pilartxoren'gana aurreratuaz) Pilartxo... Ez det nai zure lagun Maritxo'k, geiago emen oñik jartzerik. Entzun al dezu?

PILARTXO: Badakizu ori ezin liteken gauza dala.

ANASTASIO: Ori... nik nai det, eta ez det geiago jakin bearrik.

PILARTXO: Zergatik?

ANASTASIO: Argatik.

PILARTXO: Maritxo'k ez dizu ezeren kalterik egin; Maritxo lagun on bat besterik ez da.

ANASTASIO: Laguna!

PILARTXO: Bai, bada.

ANASTASIO: Nere aurrean ezin ikusi det: ikuste utsak asarre-azitzen nau. Egun batezkero... berak kendu-azi zizkidan gaztetasunezko alaitasunak, bizi guziko zoriona.

PILARTXO: Nork daki, berak biurtuko ez ote dizkitzun ere.

ANASTASIO: Ezin liteken gauzik ez zaidazula esan. Zure bitartez, Maritxo'k etxe ontan, nai duena egiten du.

PILARTXO: Nere bitartez?

ANASTASIO: Zure bitartez, bai.

PILARTXO: Nik on besterik ez dizut egin. Bestela... zertara etorriko nitzake zugana?

ANASTASIO: Zertara etorriko ziñaken? Zertara zatoz bada? Zergatik joaten etzera? Usteko ote dezu zure bearra daukatela. Usteko ote dezu zugatik urtzen nagola.

PILARTXO: Zer esan nai didazu itz oiez?

ANASTASIO: Ez nagola, uste dezun bezela, zugatik irrikitzen, entzun al dezu? Orra egia arpegira esan. Badakizu orain.

PILARTXO: Ez dizut nik orrelako gauzik adieraztera eman.

ANASTASIO: Adierazi ez, bañan... Pilartxo, sinista zazu, ez daukatela zureganako zalerik batere; etzaitutala maite, zuk ala uste izan arren; ez detala nai; ez, ez ta ez.

PILARTXO: (Erregutuaz) Anastasio... nik...

ANASTASIO: Zuk, eta zure lagun babalora orrek, buru guzia nastu didazute. Beñere gogoratu etzitzaizkidan gauzak, gogoratu-azi dizkidatzute. Ori asko ez dala or ekarri didazute beste eskallu ura, senargaia dezula esanaz. Usteko zenduen, orrenbesterekin nere biotzak zuregana itzul egingo zuala. Ez, Pilartxo, ez. Nik etzaitut maite. Ez daukat zuretzat gogorapenik batere.

PILARTXO: (Atsekabez) Baña, Anastasio...

ANASTASIO: Bigal zaidazu orain, zure lagun matraka ori, baztarrak geiago nastutzera, bere ateraldi garratzaz asarre-azitzera. Gogoratu utsak sutan jartzen nau. Etzaituztet begien aurrean ikusi nai; ez ura, ta ez zu.

PILARTXO: Ori da zure esker ona...

ANASTASIO: Zuk bear baño obea.

PILARTXO: Ez nuen uste...

ANASTASIO: Badakizu bada. Etzaitut begien aurrean ikusi nai.

PILARTXO: Joango naiz... (Altxiaz).

ANASTASIO: Ez dakit zertarako zauden emen. Ni geiago sutu-azitzeko.

PILARTXO: (Erdi negarrez) Anastasio...

ANASTASIO: Etzazuia nere izenik aotan artu, asarretu-azten nau ta.

PILARTXO: Nik...

ANASTASIO: Zoaz emendik. Utzi nazazu pakean. (Pilartxo joaten da negarrez ezkerreko atetik. Anastasio ondotik oso kupituta). Pilartxo... zer dezu?... Zergatik negar egiten dezu? Nora zoaz? Ez dizut nik esan.... Pilartxo! Bai, Pilartxo, nere mingañak ez aitortu nai arren; nere barrenak adierazten dizu maite zaitudala! (Atsekabez beterik, alki gañean erortzen da). Ba! Pilartxo, maite zaitut! Egiz, maite zaitut! Zenbat eta zakarkeri geiago egin, orduan eta naitasun sutsuagoa zureganako sortzen da nere biotzean! (Eskuiko gelara joanaz) Ezin ukatu nezake. Maite det! Maite det!

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Raimunda ta Maritxo.

 

RAIMUNDA: (Biak batean sartuaz) Etxe au goikoaz bera aldatu da goikoaz bera.

MARITXO: Orra beraz.

RAIMUNDA: Arritzekoa da, orain ere nola ez dagon emen bere liburuakin; gau ta egun bere oiekin dago; jan bear dituela dirudi.

MARITXO: Ez da gaizki.

RAIMUNDA: Bai baña, nik esaten diotana; gauzak beren neurrian, egin bear dira.

MARITXO: Ori ala da.

RAIMUNDA: Ai! Iru ilabete abetan...

MARITXO: Iru illabete, e?

RAIMUNDA: Bai, iru illabete abetan gure Anastasio besterik da.

MARITXO: Atsegingarria da bada beontzat.

RAIMUNDA: Alaxen da. Orain nik usten zaitut. Pilartxo, or izango dezu (Ezkerra erakutsiaz).

MARITXO: Bijoa ondo, andre Raimunda. (Raimunda joaten da atzeko atetik).

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Maritxo ta Pilartxo.

 

MARITXO: Uste det gauzak nik nai bezela dijoazela. Nik asmatutako naspillak bide zuzenetik joan bear dute. Laster jakingo degu. (Ezkerreko atean deituaz) Pilartxo! Pilartxo! Onek esango dit zertan diran.

PILARTXO: (Ezkerretik atereaz) Oi Maritxo: zer diozu? zu emen?

MARITXO: (Pilartxo laztandu ta musu emanaz) Zergatik ez bada? Zu ikusteagatik etorri naiz. Zerbait berri esan bearko zidazula banekien ta. Zer diozu bada?

PILARTXO: Zer diotan? Anastasio'k esan didana: etxe ontan zuri, sartzen ez uzteko.

MARITXO: Ori esan al du Anastasio'k?

PILARTXO: Bai; zuri, emen ez oñik jartzen uzteko. Etzaituela begien aurrean ikusi nai.

MARITXO: Orduan... exeritzera noa. (Exeritzen da).

PILARTXO: Baña, emakumea...

MARITXO: Zerbait geiago ere esango zizun.

PILARTXO: Ni ere ez nauela ikusi nai.

MARITXO: Zu ere ez?

PILARTXO: Ez zu, ta ez ni.

MARITXO: Exeri zaitea bada.

PILARTXO: Baña...

MARITXO: Exeri zaitea. (Pilartxo'k bildurrez begiratzen du alde guzietara, ta Maritxo'ren aldamenean exertzen da).

PILARTXO: Esan ez dizut ordea...

MARITXO: Ez diozu antzik ematen naitasunezko izkerari. Onelakoetan itzak oso beste aldera artu bear dira. Begien aurrean ikusi nai ez gaituela esan dizu; ez da ala?

PILARTXO: Bai, ez zu ta ez ni.

MARITXO: Bada, ori da esatea, gu emen ez egon arren, beti, beti, bere beg¡en aurrean gaukazkiela. Onela da, naitasunezko izkera.

PILARTXO: (Erdi negarrez) Naitasuna... zaude ixillik, maite ez nauela esan dit eta.

MARITXO: Ori ere esan dizu?

PILARTXO: Bai, bein baño geiagotan.

MARITXO: Bada, ori da aitortzea maite zaitula.

PILARTXO: Maritxo...

MARITXO: Maite ez danari, etzaio orlakorik esaten; maite danari, bai.

PILARTXO: Bazenekizu zer negarrak...

MARITXO: Negarrak ere bai? Orrek erakusten dit naitasuna bene-benetakoa dala. Par eta algara artean sortzen dan naitasuna, parra bezelaxe axalekoa da. Bada negarrak barrenagokoak ditu bere sustraiak; biotzaren eskutuenean arkitzen dira. Ta era berean, negarrakin nastua sortzen dan naitasuna, negarra bera bezela, barren-barrenean irakin eta kanpora irteten dana da.

PILARTXO: Negarra ordea, nik egin det; ez Anastasio'k.

MARITXO: Ala usteko dezu zuk.

PILARTXO: Dan bezela.

MARITXO: Malkoak zuri, kanpora ixuriko zitzaizkitzun; arri ordea barrenara. Besteri par eginarazi nai zaionean, ez ditugu azaltzen askotan gure arpegira algararen arrastoak, baña parra au daukagu barrenen lertzeko zorian. Negarrarekin berdin gertatzen da. Zuri negar eginarazi dizunak, lenago berak, bere barrenen, negarraren naigabeak gorde bear izan ditu.

PILARTXO: Ala dalako. Sinista zazu, Pilartxo, Anastasio'k maite zaitu; bene-benetan maite zaitu.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Raimunda ta Ilario.

 

RAIMUNDA: (Atzeko atean azalduaz) Ara, ara; begira zein datorren emen. (Ilario azaltzen da atzeko atean).

PILARTXO: Oi, Ilario!

ILARIO: Zer diozu Pilartxo? (Esku emanaz).

PILARTXO: Ongi, ta zu?

ILARIO: Txit ongi.

RAIMUNDA: Etzaitugu askorik ikusten. Zu etzera beñepein izango beste asko bezela, beti andregaiaren aldamenean egoten diran oietakoa.

ILARIO: Berorrek uste dun baño geiago (Maritxo'k eta Pilartxo'k eztul egiñaz).

RAIMUNDA: Nik ez dakiala?

ILARIO: Eguna argitu orduko, onen ondotik nabil beti.

 

(Maritxo'gatik. Maritxo'k eta Pilartxo'k eztul egiten diote.
Gañera Maritxo'k keñu egiten dio)
.

 

RAIMUNDA: Orren ondotik? (Maritxo'ren keñuakin kontura erori ezin asmatu balu bezela).

ILARIO: Onen ondotik... bai... badaki... onen ondotik... Naspilla bat sortu ziran, eta ezin erasan diot zer dan.

RAIMUNDA: A!

MARITXO: Zaude ixilik!

ILARIO: Zalantzan naukala bada iru illabete.

RAIMUNDA: Iru illabete! Etxe ontako ixtillu guziak, iru illabetekoak dira berriz.

ILARIO: Gaur esango, biar esango, etzi esango, etzidamu esango, ta beñere esaten ez.

MARITXO: Zuk ere ez dizkidatzu gauza guziak esaten.

PILARTXO: Ez noski.

ILARIO: Guziak!

MARITXO: Zer esan bear dizkidatzu.

PILARTXO: Ez, Ilario, ez:

ILARIO: Zer utzi dizut bada esan gabe?

MARITXO: Zera... Ez altzera gogoratzen?

ILARIO: Ni?

PILARTXO: Bai, bada.

ILARIO: Baña... zer? zer?

MARITXO: Zera... Azkeneko, emen bertan, ipui bat esaten azi ziñan, eta oraindik ez dezu amaitu.

PILARTXO: A, bai.

ILARIO: Orrek ez du zer ikusirik.

RAIMUNDA: Izan ere, orain konturatzen naiz. Alako Merkelin edo zalako ura.

ILARIO: Pirlinpinpin.

RAIMUNDA: A, bai!

ILARIO: Orrek ez du zer ikusirik len esan diotanakin.

MARITXO: Bai, baña, zuk esan zazu, amaitu zazu ipuia.

PILARTXO: Bai, bai, esan; zoratzen nago azkena jakiteko ta.

RAIMUNDA: Esan zazu Ilario, esan.

ILARIO: Esango det nik; baña, gero onek (Maritxo'gatik) bere nazpilla azaldu dezaitala.

RAIMUNDA: Esango dizu, bai.

PILARTXO: Bai, bai,

MARITXO: Asi zaitea.

RAIMUNDA: Asi Ilario.

PILARTXO: Asi, asi.

ILARIO: Ez dakit non... (Gogoratzen bezela) A, bai... aztiak...

PILARTXO: Aztiak esan zion: Nik neronek egingo det ori.

ILARIO: Ala da. Bai egin ere. Buru guztia naztutu zion. Naitasuna emendik, andregaia andik, ezkontza...

RAIMUNDA: Baña, exeri gaitean.

PILARTXO: Bai, bai, exeri.

RAIMUNDA: Exeri ta, berdin entzungo degu.

MARITXO: Ala da (Guziak exertzen dira. Pilartxo eskuian lenbiziko).

PILARTXO: Eta gero?

ILARIO: Pirlinpinpin, erotzeko zorian zegon. Ainbeste naitasun eta ezkontza buruan zebilzkila, bere lengusu Senakeri'rentzako naitasun bizia sortu zitzaion.

MARITXO: (Pilartxo'ri) Ikusten?

ILARIO: Ez ordea aitortu nai. Zakarkeri ikaragarriak egiten zizkan. Senakeri gaxoak negar egiten zun.

MARITXO: (Pilartxo'ri) Zuk bezela.

ILARIO: Bai besteak ere. Azkenean, gutxiena uste zanean, iñork konturatu gabe, bat-batetan, azaldu zan Pirlinpinpin, eta esan zun...

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lebgoak eta Anastasio.

 

ANASTASIO: (Agertuko da bat-batetan eskuitik, eta Pilartxo'ri eskutik elduaz) Pilartxo!

GUZIAK: (Guziak altxatzen dira).

ANASTASIO: Pilartxo, azketsi. Beñere egin ez detana, egin dizut gaur zuri. Iñongo emakumek etzuen oraindik nigatik malkorik ixuri. Zuri gaur ixuri-azi dizkitzut. Azketsi Pilartxo.

PILARTXO: Ez da ori ezer.

ANASTASIO: Buru guzia nastua neukan, eroa bezela negon; orrengatik ainbeste zakarkeri esan dizut, alako zitalkeriak egin dizkitzut.

PILARTXO: Utsa da ori guzia.

ANASTASIO: Itz bat zugana nere barrendik itzul-egin nai ziran, eta itz ori ezin gorde det, itzul-egiten dit, eta zuregana dijoa, zuri esateko; Pilartxo, maite zaitudala.

PILARTXO: Egitan?

ANASTASIO: Bai: bene-benetan maite zaitut, Pilartxo.

PILARTXO: Anastasio!

ANASTASIO: Badakit nere aitorpen au, alperrikakoa dala; lenago esan bear zindutan, lenago iriki nere biotza. Orain badakit beste bat maite dezula, beste bateri biotza emana daukazula.

PILARTXO: Ez...

ANASTASIO: Baña, bein aitorpen au egin ondorean, lasaiago alde egingo det, joango naiz...

RAIMUNDA: Nora gero?

ANASTASIO: Urrutira.

PILARTXO: Ez, ori ez.

MARITXO: Zertara?

ANASTASIO: Iñork geiago nere berririk jakingo ez dun lekura; ta an Jaunari otoitz egingo diot, zu zorionekoa egin zaitzan.

PILARTXO: Nere zoriona zurekin dago. Nik ere maite zaitut.

ANASTASIO: Pilartxo: egitan esaten al didazu?

PILARTXO: Zuretzako det naitasun bakarra.

RAIMUNDA: Bañan, nola?

ANASTASIO: Ilario...

ILARIO: Ni... ez... ez.

MARITXO: Ez Ilario'rik aitatu. Ilario, nere senar-gaia da.

ILARIO: Bai noski.

RAIMUNDA: Baña, zer dira naspil abek guziak?

MARITXO: Nik sortu ditudanak, Anastasio Pilartxo'tzaz zaletu zedin (Ilario'ri) Orra orain, jakin nai zenduan guzia esan.

ANASTASIO: Orduan, Pilartxo, nere naitasunari bide ematen al diozu?

PILARTXO: Biotz oso-osoa ematen diot.

ILARIO: Beraz zu ziñan emen aztia?... zorgintxu! (Maritxo'ri).

MARITXO: Zer gauza politak esaten dizkidatzun.

ILARIO: Nere pinpilinpauxa.

MARITXO: Ara betiko lerdenkeria. Ez ai dakizu besterik esaten.

RAIMUNDA: Ez nuen askorik uste. Abetxek dira batetako gauzak. Zer esango du nere senarrak?

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Adrian.

 

ADRIAN: (Barrenen) Arrano, arranoa!

RAIMUNDA: Ara bera.

ADRIAN: (Barrenen) Nagusia kanpoan, eta etxea jendez betea. (Atzeko atean agertuaz) Ez nekien ezer ere (Ikusirik Ilario, Maritxo'rekin panpantxo) Ilario: zer da au?

MARITXO: (Ilario erakutsiaz) Nere senargaia.

ADRIAN: Bañan Pilartxo?...

PILARTXO: (Anastasio erakutsiaz) Nere senargaia.

ADRIAN: (Raimunda'rengana joanaz) E?

RAIMUNDA: Nere senar galbaia.

ADRIAN: Ez nekien ezer ere.

RAIMUNDA: Zu kanpoan izan zeran bitartean, emen, ezkutukuak argitaratu dira, okerrak zuzendu, bi ezkontza antolatu, ta guztia amaitu.

PILARTXO: Guztia ez, ama, Ilario'k ez du oraindik bere ipuia amaitu.

RAIMUNDA: Izan ere. Ea, bada.

PILARTXO: Esan, esan.

ADRIAN: Goazen bada.

ILARIO: Pirlinpinpin'ek Senakeri'ri bene-benetan maite zuala esan zion. (Raimunda'ri oso zorrotz begiratzen dio). Emakume guzik porten diran bezela, Senakeri poxtu zan. Nola ez bada? (Berriro zorrotz Raimunda'ri begiratuaz) Eta orduan... Andre Raimunda: ez al degu exeri bear?

GUZIAK: Ez, ez.

RAIMUNDA: Ondo gaude.

ILARIO: Senakeri'k zion: biotzeko arantza kendu didate. Ezkondu ziran, eta Senakeri gaxoa txoraturik bizitu zan. Beti buruan zeukan:

 

                Pirlinpinpin goizean

                Pirlinpinpin arratsaldean

                Pirlinpinpin gauean

                Eta beti Piriinpinpin.

 

(Azkeneko itz abek esatekoan
ezkuta-zapia asiko da jexten poliki poliki)
.

 

AMAITU DA

 

aurrekoa