|
ZANPANTZAR EKITALDI BAKARREAN TORIBIO ALZAGA'k ERATUTAKO JOSTALLU PARGILLEA (Farsa) BANAKETA: ANDRE KAXIMIRA; 40 urteko etxekoandre apaña. XELE; 19 urteko andereñoa. TXELA. TXIALA. FIFI. FIFO. FUFU. LUKAX; 25 urte, mutil ederra. BITTOR; 33 urte, mutila. AXOLIYO; 35 urte, burmegille edo ojalateroa. KIKIRIKI. BERNARDO JAUNA; 63 urteko indianoa, gordiña, paketsua. MUSIU KANKAR; perzkille ungaroa, arpegi eguzkitua, illeluzea. ANBO-ATO; arpegi zikin xamarra. BIXIGAX; gaztea, arpegi zikin xamarra, mozorroa garrondoa botea. Turutalaria, Artza, Mozorroak, Mutil koxkorrak eta abar. EKITALDI BAKARRA (Iruditegia Donostian Alderdieder'eko zumardia. Atzean Kontxa izparrena, aurretik eskutokia dagola. Aldamenetan zugatzak. Iñauteriko erara paper kizkur margo bizikoak adarretatik: zintzilik daukazkite. Erdian, atze aldera eser-toki bat. Zanpantzar da. Au da Iñauteri asteartea. Gertaera bazkal-ondoan.) LENENGO AGERRALDIA Bittor, Anbo-ato, Mutil koxkorrak, Gero Lukax. (Ezkutuzapia altxatzeakoan Bittor esertokian dago. Eskerretik eskuira, Anbo-ato, gramofono turutakin abestuaz igarotzen da. Ondoren ojuka erantzunaz dijoazkio mutil kozkorrak, mozorroak eta abar). ANBO-ATO: Anbo ato.... GUZTIAK: Maratilla-tilla-tilla. ANBO-ATO: Ato anbo. GUZTIAK: Maratilla-tilla-ton. ANBO-ATO: Kattaliña'ren kokotza.... GUZTIAK: Kattaliña-liña-liña. ANBO-ATO: Bada ogei ta zortzi ontza.... GUZTIAK: Kattaliña-liña-lon. ANBO-ATO: Anbo ato.... GUZTIAK: Maratilla-tilla-tilla. ANBO-ATO: Ato anbo.... GUZTIAK: Maratilla-tilla-ton. (Eskuitik joaten dira, ta beren ojuak geroago ta urrutiago entzuten dira, oso galdu arte. Azkenean mozoro batzuek igaroko dira iñauteri karraxiak egiñaz. Gero Lukax ezkerretik azaltzen da). BITTOR: Kaxo Lukax. LUKAX: Oi, Bittor. Zer egiten dek or? BITTOR: Nayago nikek, neonek baneki. (Bittor altxa ta Lukax'engana aurreratzen da). LUKAX: Nik esanda ez dek ba jakingo. BITTOR: Ta, i zer abil, osabik gabe? LUKAX: Utzi nazak; oraintxe ¡a burua galdu diat eta. BITTOR: Burua, ez, baña, ¡k osaba galduko ukan. LUKAX: Ala dek. Eskotilla kalean gatozela, mozorro, maskara pilla bat tartian sartu zaiguk, eta alkar galdu diagu. BITTOR: Orrela izan biarko. Bestela, beintzat, nik beti osabarekin abillela ikuste at. LUKAX: Ibilli biarko. BITTOR: Osaba orretxek ondo lotzen au. LUKAX: Ez; nik lotzen diat osaba. BITTOR: Ik, lotu? LUKAX: Gaizki esan diat. Lotu egin nai nikek; baña, etxiok lotzen xamurra. BITTOR: Arritzen nak. Nik, ire osaba, gizon ontzat neukatxian. LUKAX: Onez, besterik ez bezelakua dek. Eta maite nitxok, aita batek, aita on batek maite lezaken baño ere geyago. BITTOR: Orrela uste nikan nik beñepin. LUKAX: Nerekin zer egin etzekik; nondik pozez ikusiko nauben, nere goguak nola beteko dituben, atsegin geiena nola emango didan. Abora daraman mokarua emango lirakek.... Dituben ontasunak agindubak dizkiat.... BITTOR: Orduban.... LUKAX: Baña, griña, zale madarikatu bat sortu zaok, eta guzia galtzeko bidean arkitzen nak. BITTOR: Zer, gero? LUKAX: Neska gazte bat ikusi ordurako, bi begiyak ondotik zijoazkiok. BITTOR: Begiak besterik ez dijoakionian... LUKAX: Ai, Bitor! Begiak joan ezkero, gañerakua ere laxter joango dek. BITTOR: Dijuala, ba. Utzi akiok. Ir¡ zer ajola dik? LUKAX: Zer ajola didan? Nere dirubak aize ederra eramango litekek. BITTOR: Iriak, ez. Izatekotan ere, ire osabarenak. LUKAX: Baña, nereak izan bear dutenak... ezkontzen ez bada. BITTOR: Ezkondu? Ire osaba ezkondu litekela uste al dek? LUKAX: Buruan besterik ez zebilkik. BITTOR: Zer adin dik bada? LUKAX: Irurogei urtetik gora. BITTOR: Eta, adin orrekin, ezkontzeko gogua izan lezakela uste al dek? LUKAX: Ez diat ba usteko?... Ezkontzeko berotasunik aundienak, asieran eta azkenean izaten dituk. Edo oso gazteak, edo oso zarrak. Tartekoak, i bezela, ez zerate amuan arrapatzeko onak. BITTOR: Ni ez beintzat. Ni ez nak amu...arraia. LUKAX: Gai ontan ez ago zangurru txarra. BITTOR: Nik ere, irurogei urte izatean, zer edo zer asmatuko diat. LUKAX: Orduan ni bezelako illoben bat sortzen ez bazaik. Nere osaban bost ezkontza galdu azi zizkiuat. BITTOR: Aizak, i, ta nola da ezkontza galtze ori? LUKAX: Bost senargai arkitu, aurria artu ta ezkondu arazi, ta nere osaban pipen txortena jo. BITTOR: Ta, ori guzla, ik bakarrik egin al dek? LUKAX: Lan ederrak artuta. Lenbiziko senargaia billatzen ia zoratu nindukan, bigarrenarekin erotu, ta bostgarrena arrapatu nubenerako ler egin nikan. Gaurko egunean, Donostian senar-gai bat bilatzea zer dan, ik ez dakik, Bittor. Neskatxa gaztia baitzakek jakingo ukek. Nik ederki ikasi diat. BITTOR: Amuan beita ona jarri bear. LUKAX: Ala ere. Donostian, lenago arkituko ukek arrantzale sudur motz bat, senar-gai bat baño. Ta, alaz guztiz, bost arkitu dizkiat! Bost, Bittor! BITTOR: Ez akiola iñori esan; bestela neskazar guztiak laxter dituk ire ondotik. LUKAX: Ai, ez! Ez diat seigarrenaren billa asi nai! Nik uste diat seigarrenik ez dala gelditu. Azkenekoa arrapatu diatala. BITTOR: Tartian bat edo bat geldituko ukan. LUKAX: Ez diat uste. Orrengatik osaba lotu nai nikek ba. Seigarrenik ezin arkitu dalako. BITTOR: Nola lotu ordia? LUKAX: Gona itxura duen guzia begi aurretik aterata. Lenago, bere gelan, Santa Katalina'ren irudi eder bat eukitzen zikan; ura atera, ta San Bartolome jarri ziuat. Etxian ba-genikan neskame oyarzuar bat, neska ederra, bikaña, liraña; lanerako azkarra ta trebia, guzitarako artakua... bigaldu diat; eta bere ordez, berrogei ta amar urteko atso bat ekarri diat, itxusia, begi okerra... ta, gañera, Bermio'koa. BITTOR: Kontuz ibilli adi orrekin. LUKAX: Osaba kontuz ibiltzea naikua diat. Gañera al detan guzian, ez diat bakarrik uzten. Goizean, mezetara nerekin. Illunabarrean errosariora ere bai. Egualdi ona dagonean ibilketa bat egitera, biok. Eta emakumeren batzuek inguruan ikusten ditutanian, esaten ziuat: «Osaba, or aize txarra dago beorrentzat»; eta gonik ez dan aldera eramaten diat. BITTOR: Orreia ez nak arritzen, begiak neskatxen ondotik joatea. LUKAX: Zergatik? BITTOR: Berari joaten ez diok uzten ta. LUKAX: Ez ta utziko ere. Baña, lan txarra dek. Beti gañean egon bear. Mutil gazte bat balitz zerbait egin litekek; besterik ez bada, eskola batean sartu... Baña nola nai dek eskolara bialtzea, irurogei urtetik gora dituen osaba bat. BITTOR: Ez, ba; eskolara ere neskatxarekin eraman biarko ukek ta... LUKAX: Ez; neskatxarekin ez! Ez ta Bermiotarrarekin ere! BITTOR: Orrengatik ba... LUKAX: Aurrian ez daukatanian, bildur bildurrez egoten nak. Orain bertan zer egin ote duen zalantzaz beterik niok. Iruditzen zak, ni galdu nauela, baña neskatxa gazteren bat arkitu duela. BITTOR: Etzakala uste. LUKAX: Ezin burutik bota diat. Ik ez dakik nere osaba zer dan. BIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Kikiriki. (Kikiriki, mutil gazte bat mozorro jantzia da. Erropak eta txapela emakumezkoak ditu baña oso parragarriak. Esku batean euritako purrukatu bat darama, bestean aizeki bat. Atzeko ezkerretik sartzen da, ta Bittor ikusten duenean txistuka ta karraxika beregana juaten da. Gero, izketari dagokion eran, batean Bittor'gana, bestean Lukax'engana). KIKIRIKI: Oi Bittor. Alproja txarra tirri tarra trikiti traka anka baldarra. BITTOR: Ua, emendik, astakirten ori. KIKIRIKI: Asto ta mandua, ez i bezelakua. BITTOR: Juaten ez ba aiz beriala, begiondoko bat emango diat. LUKAX: Ua, bein esan ezkero. KIKIRIKI: Oi, Lukax... I, emen, katuarrayonekin, ta bitartian ire osaba, neskatxa gazte eder bat besotik duela onla... (Norbait besotik balerama bezela atze aldera ibilliaz) (Kikiriki'rengana larriturik juanaz) LUKAX: Non ikusi dek nere osaba? BITTOR: Ez akiola jaramonik egin, gezurra dek eta. KIKIRIKI: (Bittor'i) Ir¡! ez; ez dik egingo, tipulen moku orrekin. LUKAX: Non ikusi dekan nere osaba, esan zak beriala. KIKIRIKI: Neskatxa eder, lirain, panpoxa batekin; arpegi bat badik... zuri ta gorri ta kikiriki. LUKAX: Baña, nun, nun? KIKIRIKI: Bulebarrian, kiosko inguruan. LUKAX: Bulebarrian? BITTOR: Gezurra dek. KIKIRIKI: Baña neskatxa, onlakua, onlakua... (Beatz muturrak abora eramanaz) LUKAX: Baniak bere billa. (Ezkerreko aurretik lasterka juaten da) KIKIRIKI: (Bere ondotik) Onlakua, onlakua. BITTOR: Gezurra dala. KIKIRIKI: (Biurtu ta euritakoarekin Bittor'i jotzera egiñaz) I, bai aizela gezurra, mutil-zar lukanbio, alproja, galtza-jario. BITTOR: Artu biar dek gaur bat, ire bizian artu ez dekan bezelakua. (Bittor'ek jotzera egiten dio, Kikiriki, euritakoakin keñu egiñaz bere jiran dantzatzen da) KIKIRIKI: Alproja txarra tirr¡ tarra trikiti traka anka baldarra BITTOR: Emango diat... KIKIRIKI: (Batetan atzeko eskui aldera egiñaz) Utikan; makarroxo... krakoso! (Eskuitik joaten da) BITTOR: Obe dek joan aizen, bestela a zer kinkiñazua artu biar ukan. IRUGARREN AGERRALDIA Bittor eta Axoliyo. Azkenean Fifi, Fofo ta Fufu, ta Bixigax. (Axoliyo, burmegille (ojalatero) bat da, ta Iñauteri antza artzeko, xerrenda margo bizietakoa ta sonbrallu kopalta bat oker oker jarria dauzka. Aundiki itxurak egiñaz aurreko ezkerretik eskuira igarotzen da). BITTOR: Zein degu au? (Axoliyok txapela ateriaz, Oi! Axoliyo! AXOLIYO: Ni ez nak Axoliyo. Ni nak markes de Eztabillondo. BITTOR: Baña, zer dek ik gaur? AXOLIYO: Zanpantzar. Iñauteri asteartia. Donostiar jator guztiak beren zelebrekeri puntta egiten duten eguna. BITTOR: I beintzat xelebre askua ago. AXOLIYO: Begira akiok, begira, nere dotoretasunari. Etziok onelako tirillasik. Ormak eiten dik guzia, ormak. Nik sonbrallu kopalta jarrita jaio biar nikan. BITTOR: Ire amari ez iokan lan txarra eman nai. AXOLIYO: Nik egunero onlako ginbelarekin zer emango nukela uste dek? BITTOR: Tellatu muturrian lanian ari aizenian, ire mutur beltzarekin: tximinia. AXOLIYO: Bai, zera «gaztain erriak» saltzeko. BITTOR: Saldu ez, baña, jan egingo itukek ik. AXOLIYO: Bai, bakallau xaltxan. Ik uste dekan baño fiñagua nak ni. BITTOR: Iri begiratu besterik etziok. AXOLIYO: Ori esan. Au gizonaren apaña. Au dek au, zera, nola esaten dute... txin... txon... txun... BITTOR: Txin-txon-txun? I, txinoz ari aiz. AXOLIYO: Gizon apañagatik, nola esaten dute, txist edo...? BITTOR: Txist? Ori ixilik egoteko izaten dek. AXOLIYO: Ez. Apain apañai nola esaten ziotek.... txist edo... txit edo....? BITTOR: A! Ik xik esan naiko dek! AXOLIYO: Ori, ori: txik. Au dek txik izatia au. Ta, gero, nere izketa legunarekin... BITTOR: Betuna ondo emango diok eta... AXOLIYO: Asten naizenian ni; «a presan, tibiribiri, zirriki mikiti flauti».... guztiak abua zabalik gelditzen dituk. BITTOR: Iri begira... AXOLIYO: Neskatxa gaztiak berriz, txoraturik uzten dizkiat. BITTOR: Beidok lerdia ezpañetatik bera erori. AXOLIYO: Neri, ez; neskatxa gaztiai erortzen zaotek. BITTOR: I, ikusita. AXOLIYO: Bai, ba.... (Eskuitara begiratu ondoren) A! Bazetoztik batzuek. Ikusiko dek, ikusiko dek. (Fifi, Fofo ta Fufu eskuitik karraxika ta saltoka sartu IRURAK: Axoliyo! AXOLIYO: (Bittor'i) Ikusten dek? Abek dituk Fifi, Fofo ta Fufu. IRURAK: Ori pin-pin, Axoliyo. AXOLIYO: (Irurai txapela kenduaz) A presan, tibiribiri, zirriki mikiti flauti. IRURAK: Xalero.... Potxolo.... Moñoño. (Axoliyo abua zabalik gelditzen da; ta Irurak iñauteri paper txikiak abora botatzen dizkiote. Bereala ezkerretik Bixigax sartzen da, ta bixigarekin bizkarrian jotzen du. Berriro Irurak paperak botatzen dizkiote ta karrasika ta lasterka ezkerretik joaten dira. Bixigax, berriro Axoliyo jo ondoren eskuitik joaten da. Bittor lenbiziko Axoliyo'ri paperak bota dizkiotenian parrez ezkerretik joan da.) AXOLIYO: Danen artian txautu naute. LAUGARREN AGERALDIA Axoliyo, Andre Kaximira ta Xele. AXOLIYO: Markes bati ori egiten al zaio? (Andre Kaximira ta Xele ezkerretik sartzen dira) XELE: Oi! Ona, Axoliyo. ANDRE KAXIMIRA: A, bai. Ai zazu, Axoliyo. AXOLIYO: Ni ez naiz Axoliyo; ni naiz Markes de Eztabillondo. XELE: Ondo ez zabiltzala ezagun dezu, bai. ANDRE KAXIMIRA: Zurekin itzegin bear degu. AXOLIYO: (Txapela atera ta agurtuaz) A presan, tibiribiri, zirriki mikiti flauti. ANDRE KAXIMIRA: Begira, begira; ez daukagu jostatzeko gogorik. XELE: Asarre gaude. Oso asarre. AXOLIYO: Orren panpoxak, eta asarre? XELE: Bai. Ta zuregatik. Zure lasaikeriagatik. ANDRE KAXIMIRA: Zuk, atzo arratsaldian, gure etxian egin zenuena, ez da iñon egiten. XELE: Non ziñala uste zenuen. ANDRE KAXIMIRA: Zure parragarri gerala edo zer? XELE: Gure etxia ukullua dala uste al dezu? ANDRE KAXIMIRA: Zure antzekuak giñala?... (Biyak batian eta lasterka itzegingo dute, ta Axoliyo'k ginbelarekin txintxarria balu bezela egiten du.) AXOLIYO: Tilin, tilin, tilin. Banaka, banaka itzegin. ANDRE KAXIMIRA: Zein zera zu, guri ori agintzeko? AXOLIYO: (Ginbela ateriaz) Markes de Eztabillondo. XELE: Zu? Alproja txar bat besterik ez. AXOLIYO: Markes de Eztabillondo! Zer uste dute, beok izan bear dutela beti señora ta, kaballero ta....? ANDRE KAXIMIRA: Gu ez gera beñere kaballero izan. AXOLIYO: Ta zimirrimirrimirri, ta zumurrumurrumurru. Ez, ez. Gaur ni naiz kaballero, ta ni naiz markes. Orretarako da Zanpantzar. XELE: Obe zenuke lanian geiago aleginduko baziñake. ANDRE KAXIMIRA: Gauza bat ondo ez dezu egiten. XELE: Lengo egunian antolatu zenuen olio ontzia ere, ttanttua dariola dago. ANDRE KAXIMIRA: Jarri zenuen kristala kraskatua. XELE: Eta beste potixa berriz kriskillatua. AXOLIYO: Oiek, amezketar neska arrek asmatzen dituen gezurrak dira. ANDRE KAXIMIRA: Ta arrapatu zenuen legatz trontxo ederra, amezketarrak asmatu al zuen? AXOLIYO: Ez; arrek, kristala jartzeko eragotzi egiten zidan, ta.... zera.... iruditu zitzaidan.... zera.... XELE: Eta zer iruditu zitzaizun arkume xankua? AXOLIYO: Tipula gutxitxo zubela. ANDRE KAXIMIRA: Etzaude zu, tipula txarra. XELE: Alproja ez besterena. ANDRE KAXIMIRA: Alper galbaia. XELE: Lapurra! AXOLIYO: Begira, begira. Oraintxcn la aspertu naiz gero. ANDRE KAXIMIRA: Ta, beriak aundiagoak. XELE: Petral oni begira. AXOLIYO: Zer dira moko luxe abek berriz. Asten banaiz aundiak botako ditut nik gero. XELE: Zer dezu zuk esatekorik? AXOLIYO: Asko. ANDRE KAXIMIRA: Norengatik dezu esan biarra? AXOLIYO: Bien gatik. ANDRE KAXIMIRA: Onelakorik ikusi al da? AXOLIYO: Ikusi, bai, ikusi. Ta, bi begi abekin gañera. XELE: Zer, gero? AXOLIYO: Zera, an, ama alabak, Lukax'en osaba amuan arrapatu nairik nola ari ziran. ANDRE KAXIMIRA: Gezurra! XELE: Lotsagabia! AXOLIYO: Batek zio, ta bestiak zio, agure gizarajua txoratzeko zorian. ANDRE KAXIMIRA: Zaude ixilik, mutur zikin alena. XELE: Gezur zulo! AXOLIYO: Ez naiz ixilduko, egiya da ta. XELE: Utikan, zarpail alena! ANDRE KAXIMIRA: Ez dezu geiago gure etxian oñik jarriko. (A. Kaximira ta Xele, oso asarre, eskuitik joaten dira). BOSGARREN AGERRALDIA Axoliyo ta Bittor. (Axoliyo emakumiak joan diran aldera begira marruka asten da. Bittor ezkerretik sartu ta Axoliyo'ri begira gelditzen da.) AXOLIYO: Ez ta naire. Zuen krakak garbitzera, dijoala nai duena. Mari lixiba, Orpo zikin. Lerde jario. Moko luxe... BITTOR: Zer dek, Axoliyo? AXOLIYO: (Bittor'i) Zera, bi sorgin oiek, Lukax.... ba dakik Lukax'en osaba, e? Bien artian ezin berenganaturik.... (Emakumiak joan diran aldera ojuka.) Mari matraka, Galtza-zale. Berritsu. BITTOR: Baña, alzak, i, i. Nola da gero ori? AXOLIYO: Ama alaben artian artu zitekana gure gizarajua, ta bi tximu oiek ia txoratua zeukatekan. BITTOR: Egiya al da gero ori? AXOLIYO: Izango ez dek ba. Ni, betuna ezin bigundurik ari nintzan bitartian; bi antxeta oiek aguria ezin limurturik ari itukan. BITTOR: Lukax'i esan biar ziuat. AXOLIYO: Bi sorgin oiek amua botako ziotek beriala. BITTOR: Billatzera niak. (Ezkerretik Bittor joaten da) SEIGARREN AGERRALDIA Axoliyo, Musiu Kankar, Artza, Kikiriki, Txela, Txiala. Fifi, Fofo, Fufu, Bixigax, Mozorroak, AXOLIYO: Gero, tximu oiek esateko neri, legatza ta arkume xankua.... aiek ez bezelakuak jaten oitubak gaude. (Musiu Kankar eta Artza ezkerretik sartzen dira. Arrek narroskiñoa jotzen, makil lodi bat dakar, eta kate batez lotua dator Artza). MUSIU KANKAR: O! Musiu le Axolí. AXOLIYO: (Txapela ateriaz). O! Musiu le Kankar. MUSIU KANKAR: Koman liporte bu? (Alkarri esku ematen diote) AXOLIYO: A presan, tibiribiri zirriki mikiti flauti. MUSIU KANKAR: Zer diruik, Axolio? AXOLIYO: Napolion en Baterlo. MUSIU KANKAR: Bai zera: Napolion en Brokolo. (Txela, Txiala, Fifi, Fofo, Fufu, Bixigux, Mozorroak eta Mutil koskorrak, batetik eta bestetik sartu ta jiran jartzen dira). AXOLIYO: (Artzari esku emanaz) O! Musiu le Artz. MUSIU KANKAR: Alde egin zak, alde egin zak, lana egin biar diagu orain ta. AXOLIYO: Ik, lana? Toki onian ziok. I beti izan aiz, artza baño alperragua. MUSIU KANKAR: Orrengatik artzari lan egin azten ziuat. Korro! AXOLIYO: Korro, Korro! (Guztiak jiran jarri azitzen ditu) (Kikiriki eskuitik sartu tu atzeko alki gañian exertzen da). KIKIRIKI: Kikiriki! MUSIU KANKAR: Musius, Madames... (Une onetan Turutularia eskuitik sartzen da ta turuta juaz guztien erditik igarotzen da, ta ezkerretik alde egiten du. Guztiak oju ta txistuka erasotzen diote) Musius, Madames: le artz le arrapatu Ergobian, le muskullu ta lanperni ta zizarri'ren kuxkusian joana. Le artz, pixti ikaragarri, baña nik mantxotu... KIKIRIKI: Kikiriki! MUSIU KANKAR: Le lan asi baño len, balsamo trankilo pixka bat artzen du. Ona. (Zato-ardua erakutsiaz). AXOLIYO: Nagusia ta moroia, a ze bi aguaru. MUSIU KANKAR: (Zato-ardoa artzari aboan jarriaz). Trinkis balsamis. Artza: artzak. (Artzak zato-ardoa artzen du ta bereala lurrean bere zatoarekin etzaten da). AXOLIYO: (Abestuaz). Ua emendikan mozkor alena mozkor alena GUZTIAK: Ua emendikan mozkor alena mozkor alena. MUSIU KANKAR: Aski. Orain, le dantzi. (Zato-ardoa ateratzen dio ta artza zutik jartzen da). AXOLIYO: Ori dek. Bete bete egin ondorean. Ez gero balantzik egitera. Bestela biak perrerara. MUSIU KANKAR: (Artzari makilla bizkarrean jartzen dio ta dantzatu azten du berak narroskiñoa joaz abestutzen duen bitartean). Trinkulu trankulu Mari Batixta senar bat polita arkitu du Alperra, mozkorra orra nola dan zirriki zarraka trinkili tran Altxa le zanki zirriki zarraka trinkiti tran Altza Pilipi trun lala zirri zarraka trinkiti tran. (Dantza amaitzian M. Kankarrak agur egiten du AXOLIYO: Kankarra, bejondaikala! Etzeok zubek bezelako dantzaririk Txomiñenian ere. MUSIU KANKAR: Orain bestea. Musiu le Artz: billatu emen, le neskatx le politen. AXOLIYO: Neskatxik politena! (Artzak, batera ta bestera ibilli ondoren KIKIRIKI: Kikiriki! (Kikiriki esertokitik jetxi ta artzarekin dantzatzen da). MUSIU KANKAR: Orain: le gizon astuen. AXOLIYO: O! Gizonik astuena. Au bai izango dala ikustekoa. Zein ote da kaiku astakirtena. (Axoliyo aurrera begira dago. Artza batera ta bestera ibilli ondoren, Axoliyo'rengana joan eta atzetik bizkarrean jotzen du). Oi! Ni! MUSIU KANKAR: O! Le Axoli! AXOLIYO: Zirriki mikiti flauti. (Artzari besotik eldu ta eskuitik joaten dira). MUSIU KANKAR: Au bai dala, batekin etorri ta birekin juan zirriki zarraka trinkiti tran. (Kikiriki, Txela ta Txiala ez besteak eskuitik joaten dira). ZAZPIGARREN AGERRALDIA Kikiriki, Txela ta Txiala. (Txela ta Txiala ateratzera dijoazenean KIKIRIKI: Abek pinpilinpauxak, bi neskatx xoragarri abek! TXELA: Zuaz emendik zarpazar ori. TXIALA: Arlote zarpailla. BIAK: Utikan. (Neskatxak beste aldera egiten dute baña, KIKIRIKI: Neskatxa politak zerate, bai; baña, politena, ni, ni, ni. TXELA: Zuaz emendik kaiku kirtena. TXIALA: Lukanbio. KIKIRIKI: Ni, ni; artzak esan du. TXELA: Etzaude zu artza txarra. TXIALA: Lotsagarria. KIKIRIKI: Baña, zuek, politak zerate, pertxentak, panpoxak. TXELA: Utikan, akulumenditzarra. TXIALA: Euli mandoa. KIKIRIKI: Zer? politak esan ta asarretu? TXELA: Zirtzilla. TXIALA: Astoa. BIAK: Utikan. (Biak ezkerretik joaten dira). KIKIRIKI: Utikan itxusi puskak, txima-jario, makartsu, tupin-arpegi. Politena, ni, ni, ni. (Kikiriki eskuitik joaten da). ZORTZIGARREN AGERRALDIA Lukax. Barrenen Pazigilleak. (Barrenen Pazigillien eresia entzuten da. Beren eresneurkian Lukax'ek itzegiten du. Lukax ezkerretik sartzen da). LUKAX: Batzuetan ara bestean onera ara ta onera ibillirikan Ez det nik zantzorik ez det nik astarnik arkitzen iñondikan Joan alde batera joan alde bestera berdin berdintxu gertaturik ler egin det nik ibildurik gaurko arratsalde guzian. Non ote da nere osaba Etzitzaidan galduko ba Bakarrik Ta nondik Nigandik Joan ote da. Neskatxik ote du laguntzat billatu orrela bada esan nezake bai Orain neriak egin du. Nola, nondik, zer dabillen ezin det nik asmatu Nigandik urruti bear bada itzuli. Ixkintxo egin didala gaur iduritzen zait neri. Ori bada.... Txautu nau.... Pipen txortena orain jo nau. BEDERATZIGARREN AGERRALDIA Lukax eta Bittor. Azkenean Txela ta Txiala. (Bittor ezkerretik sartzen da). BITTOR: A, Lukax. Ire billa nebillekan. LUKAX: Nere osabaren astarranik arkitu al dek? BITTOR: Ez; baña, berri batzuek jakin dizkiat. LUKAX: Zer, gero? BITTOR: Orain, Mokarugoxoeneko Xele'ren ondotik ibilli bear dik. LUKAX: E! Seigarrenaren billa asi bear ote det! BITTOR: Bide onetik jakin diat, ama-alaben artean, ire osaba ia txoratu dutela. LUKAX: Nere osabaren begia, e. Neskatx gaztiak aukeratzen ez ziok beste bat. BITTOR: Ori egia dek. LUKAX: Orain bertan ikusten dek, Xele, neskatx polita, ona, aberatsa, argia.... BITTOR: Ala dek. LUKAX: Aizak, Bittor. I, beti lagun on bat izan aiz, zintzoa, uste osokoa.... BITTOR: Bai, bai; bañan ez nak ari, e. LUKAX: Mutil, ez zakala atzera egin. BITTOR: Eorrek esan dek zangurrua naizela, ta zangurruak ez ditek aurrera egiten. LUKAX: Baña.... BITTOR: Zergatik ez aiz eorri Xelerekin ezkontzen? LUKAX: Nola nai dek? Orduban bai nere osabak txibotik gabe utziko nindukela. BITTOR: Nik ez at ba estuasun ontatik aterako. LUKAX: A! Bazekiat zer egingo detan. Amarekin ezkonduko nak. BITTOR: Andre Kaximira... alarguna... ta emakume gordiña ziok. LUKAX: Bai. Orrela nere osaba, nere semea izango dek. BITTOR: Nola? LUKAX: Nere alabarekin ezkonduko dek eta. BITTOR: Izan ere. LUKAX: Orduban bai lotuko detala. Etzekik zer aita artu bear duben. Badakik, semea aitarena dek. BITTOR: Noski. LUKAX: Eta semearen diruak ere aitarenak dituk. BITTOR: Ik ala diok. (Txela ta Txiala ezkerretik azaltzen dira). LUKAX: Bai, ba... (Txela ta Txialak Bittor ikusten dute ta beregana lasterka joan eta bi besoetatik eltzen diote). TXELA ta TXIALA: Oi, Bittor! TXELA: Mutilzar amorratua, zer egiten duzu emen? TXIALA: Neskatx guztiak zugatik txoratzen. TXELA: Irrikitzen. TXIALA: Urtutzen. TXELA: Ta zu, mutill zar, zar, zar... TXIALA: Mutil zar, zar, zar... (Irurak eskuitik joaten dira). AMARGARREN AGERRALDIA Lukax eta Bernardo jauna. LUKAX: Bai; orixe egingo det. (Bernardo jauna atzeko eskuitik sartzen da). BERNARDO: Nun abil, Lukax. Arratsalde guzian ire billa nebillek. LUKAX: Osaba: buruauste aundiak darabilzkit. BERNARDO: Gizarajua. Ez al ago ondo? LUKAX: Bai, baña. BERNARDO: Ez dek ba izango oñazerik... LUKAX: Ez da ori, osaba... Ara: ezkontzia erabaki det. BERNARDO: Ederki, Lukax... Ez dakik orrekin zer poza ematen diakan. LUKAX: (Berea egiteagatik... Orain ikusiko dek) Badaki Mokarugoxoenekoak, e?... BERNARDO: Xele! LUKAX: Xele, ez; Andre Kaximirarekin ezkondu nai det. BERNARDO: Amarekin? LUKAX: Amarekin. BERNARDO: Neri, alaba, egokiagoa iruditzen zak. LUKAX: (Bai noski: eorrentzat) Ez, ez: ama. BERNARDO: Orra, ba. Ni, Xele, iretzat egokia izango zalakoan niokan. LUKAX: Gañera neskatx orrek, beste norbaitekin zerbait ibilli bear duela, badakit. BERNARDO: Ez, ori ez. Gai ontan ondo ikasia niok, eta neskatx orrek ez dik ezer iñorekin. LUKAX: Osaba, garbi itzegin dezagun: badakit neskatx orren ondotik... beorri dabillela. BERNARDO: Mutil, etzakala orrelako txorakeririk esan. Ni, mutil zar ilko nak. LUKAX: Nola, ordea.... BERNARDO: Baña, mutil zarren biziera zer dan dakidalako, ez nikek il nai, i ezkonduta ikusi gabe. Orrengatik, Xele ta bere amarekin izketaldi batzuek izan dizkiat. LUKAX: Neretzako asmoan? BERNARDO: Bai noski. Ezkontzeko gaiaz itzegiten nikan bakoitzian, garrez eta txuliuan artzen ukan. Orrengatik, neroni, iretzako andregai billa asi nindukan. LUKAX: (Besterik uste nuen nik.) BERNARDO: Baña, etzekiat zer gertatzen zan. Nik neskatx batian begia jartzen nuenian, senargai bat sortzen ukan, eta beriala ezkontzen itukan. LUKAX: Eta neretzako asmoan zebillen beori? BERNARDO: Bai, ba. Ori gertatu zaak lau neskatxekin... LUKAX: Lau ez, osaba, bost! BERNARDO: Bost, bai. Egiya dek. LUKAX: (Nere burubari arrika ematen ez naiz gaizki arritu). BERNARDO: Orrengatik Xele'rekin ixillian asi nak. LUKAX: Osaba: orain arte egin didan guzia eskergarria da. Orain egiten didana eskergarriagoa. Beorrek aukeratu didan andregaiak nere biotza oso osorik betetzen du. Neskatx polita, ona, aberatsa, argiya... BERNARDO: Dan bezela. LUKAX: Berekin ezkonduko naiz; ez bakarrik beorren asmoak osatziagatik, nere gogo gogokoa dalako ere bai. BERNARDO: Eta orrekintxe poz aundi bat ematen didak. LUKAX: Nik esango diot... BERNARDO: (Eskuira begira) Ementxen zetoztik berak. LUKAX: Egia. (Biak eskuira begira gelditzen dira). AMAIKAGARREN AGERRALDIA Lenguak, Andre Kaximira ta Xele. Barrenen Anbo-ato ta ondorengoak. (Barrenen) ANBO-ATO: Anbo ato.... ONDORENGOAK: Maratilla-tilla-tilla ANBO-ATO: Ato anbo.... ONDORENGOAK: Maratilla-tilla-ton. (Andre Kaximira ta Xele eskuitik sartzen dira. Bernardo jaunak eta Lukax'ek esku emanaz agurtzen dituzte.) BERNARDO: Ongi etorriak, ama-alabak. LUKAX: (Andre-Kaximira'ri) Zer dio? ANDRE KAXIMIRA: Ondo ta zu? LUKAX: Ongi. Eskerrikasko. (Xele'ri) Ta zu, Xele? XELE: Ondo esan biarko. LUKAX: Zuk ez esate ezkero, nork esango du. BERNARDO: Nik aitatu nizuten gai arretan, gertu dago Lukax. Berak esango dizute. ANDRE KAXIMIRA: Orra beaz... LUKAX: Txoraturik, Andre Kaximira; txoraturik Xele. Baña Zanpantzar jaituaz, alkarrekin apaldu biar genuke, ta an erabakirik utzi Xele ta nere arteko eztabaida xamurra. (A. Kaximira ta Xele alkarri begira gelditzen dira) (Barrenen) ANBO-ATO: Anbo ato.... ONDORENGOAK: Maratilla-tilla-tilla ANBO-ATO: Ato anbo.... ONDORENGOAK: Maratilla-tilla-ton. ANDRE KAXIMIRA: Ez dakit zer esan ere. XELE: Ama, joan egin biarko degu. LUKAX: Eskerrikasko, Xele. BERNARDO: Ederki esana. LUKAX: Guazen bada. Ta gaurko eguna izango da guretzat zorionezko Zanpantzar! (Lukax Xele'rekin eta Bernardo jauna Andre Kaximira'rekin ezkerretik joaten dira). AMABIGARREN AGERRALDIA Txela, Txiala, Fifi, Fofo, Fufu, Axoliyo, (Eskuitik Axoliyo ta Kikiriki, besotik elduta ta tristaka sartzen dira. Ondotik Anbo-ato ta bere atzetik, Txela ta Txiala Bittor'ekin; Fifi, Fofo ta Fufu; Musiu Kankar Artzarekin; Bixigax, Mozorroak eta Mutil koskorrak.) ANBO-ATO: Anbo ato.... GUZTIAK: Maratilla-tilla-tilla ANBO-ATO: Ato anbo.... GUZTIAK: Maratilla-tilla-ton. AXOLIYO: Orain, Jeolimo dantzatu biar degu. GUZTIAK: Bai, bai Jeolimo! (Turutalaria turuta joaz ezkerretik sartzen da. E! E! Jeolimo dantzatu biar da! Jeolimo! (Guztiak dantzarako gertu jartzen dira) AXOLIYO: Ba al gera? GUZTIAK: Bai! (Dantza egiten dute abestuaz) Jeolimo Daukagu guk dantzat Gogokua Gu guziyorentzat Jaitutzeko Aurtengo Zanpantzar Triki triki ti; triki ti, triki tra, Triki triki ti; triki ti tra EZKUTAZAPIA JEIXTEN DA AMAIA Antzerki au egiteko Ingi-suge edo serpentinak zintzilika. Baratz-alki bat. Bittor bere jantzia. Anbo-ato bere jantzia. Gramofono baten turuta edo bozina. Fifi bere jantzia, mozorroa. Fofo bere jantzia, mozorroa. Fufu bere jantzia, mozorroa. Bixigax bere jantzia, mozorroa garrondoan. Maskuri bat. Mutil koxkorrak bere jantziak. Txele bere jantzia. Txiala bere jantzia Mozorro 1. bere jantzia ta mozorroa. Mozorro 2. bere jantzia ta mozorroa. Mozorro 3. bere jantzia ta mozorroa. Turutalaria bere jantzia ta mozorroa. Turuta edo korneta bat. Lukax bere jantzia. Kikiriki bere jantzia, mozorroa, euritako autsi bat, aizemale bat. Axoliyo bere jantzia, ginballa luzea, lepoko edo korbata apaña. Fifi, Fofo eta Fufu 3 zakutxo konfetti. Andre Kaximira bere jantzia, ginbalakin. Xele bere jantzia, ginbalakin. Musiu Kankar perzkille jantzia. Pandero bat. Zato-ardoa. Makil bat. Artza lotzeko katea. Artza irudi ontako jantzia. Armoniun. Platilloak. Tanborra. 3 sartagi ta 3 mallu. Bernardo jauna bere jantzia. |