|     13 zenbakia, 1933ko urtarrila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


GOIMAITASUNA

 

Ekitaldi bateko antzerkitxoa
emakumezkoentzat

 

Gazteiz'ko Kardaberaztarak erderatik euskeratua

 

 

ANTZEZLARIAK:

 

        AMONATXOA: 70'bat urte.

        ANDONE (bere alaba): 29 bat urte.

        MIRENTXU (onen alabatxoa): 9 bat urte.

        ANDRE TERESE: 50 bat urte.— apañegi jantzia.

        ANDRE LUKE: 50 bat urte.— apañegi jantzia.

        ANDRE EMILE: 50 bat urte.

        Gertaera gaur-egunekoa.

        Euskal-erriko edozein urian.

 

        Antzokia: gela txiro errukarri bat; erdi-erdian, goi-xamarrean Josu Gurutz-iltzatuaren irudia. Leioan kaiola bat, txori bat barruan eta aldamenean ontzi batean krabelin-xorta bat. Zapia igotzean, Andone'k makina-gañean makurtuta lanean gogor diardu; amonatxo elbarria, exer-leku (silloi) zar batean exerita, abestitxo xamur bat kantari ari da, Mirentxu'ri lo eraginazi naiaz. Antzerkia amaitu artean, amonatxoak exer-tokitik ez du altxa bear.

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

(Irudi ittuna.)

 

Amonatxoa, Andone eta Mirentxu.

 

ANDONE: (Mantaltxo bat josten ari da: orrenbeste lanez neke-neke eginda dago; pixka batean lanean ixilik jardun ondoren, ittun-ittun esaten du.) Ezin det aurrera jarraitu... eta lan au oso atzeratua daukat... Oraindik berriz ontziak garbitu ta etxea txukundu ta... Jaungoikoak daki zenbat lan daukadan... Arren, lagun zaidazu, Jaun errukitsu orrek...!

AMONA: Andone...! zer dezu?

ANDONE: Ezer ez, ama, ezer ez; gogorapen batzuk nerabilzkian buruan...

AMONA: Oso nekatua zaude.

ANDONE: Ez, ama, ez...! ez nago nekatua. (Berriz ere lanari ekiten dio, antz-eman ez dezaion).

AMONA: Ene alaba gaixo, errukarria! Martiri bat zera!

ANDONE: Ez orrela mintzatu, ama, ittun-ittun jartzen nau-ta.

AMONA: Bai, bai; ori ola da; daramazun gurutze ori aztunegia da zuretzat.

ANDONE: Bañan, amatxo, zertarako mintzatzen da orrela... Bizi bedi alai...

AMONA: Alai ni?

ANDONE: Bai, ama; gauz oiek beti gogoan erabiltzea kaltegarria da berorren gaitzarentzat... eta gañera ittun egon-da zer aurreratzen du?

AMONA: Egia da: ez det ezer aurreratzen; baño, Andone, nola egon niteke alai neregatik daramazun gurutzeari begira...?

ANDONE: Ez, ori ez! nere aurtzaroan lan geiago egin zuan berorrek neregatik; eta lan orren erdia bederik orain nik ordaindu ezkero, pozik negoke.

AMONA: Eskerrikasko, alabatxoa, eskerrikasko; zure biotz on orrek Jaungoikoagandik bakarrik artu lezake bear-bezelako ordaña...!

ANDONE: (Iosu Gurutzetuari begira) Gure nekeai begira dagoan Jaun errukitsu orrek, bear dan garaian alaituko gaitu. (zutituta) Aurrera, amatxo; ez bildurrik izan...!

AMONA: Aingerutxo bat zera, Anttoni...! (deia) Deitu dute...!

ANDONE: Irikitzera nijoa... nor ote da? (Karteruarekin izketan; Andone'ri bakarrik adituko zaio). Ondo da, ondo da; xox bat esan dezu e?... Bereala ekarriko dizut (Kutxa edo kajoi batean larri-larri billa ibili bedi) Tori... Agur. (Ixten du atea).

AMONA: Eskutitz bat?

ANDONE: Bai, alaxen da.

AMONA: Norena ote da?

ANDONE: Ez dakit. Selluan Ameriketa'koa dirudi. (Irikitzen du).

AMONA: Ameriketa'koa...! Norena ote da?

ANDONE: Izenpeari begiratuta jakingo degu. (Ikaraz gorri-gorri eginda gelditzen da) (Amonak zer edo zer ba'duala igertzen dio).

AMONA: Bañan... zeñena? zeñena da?

ANDONE: (Begietatik irten bearrean dauzkan malkoai eutsi eziñik) Ioseba'rena!! nere senarrarena!!

AMONA: (Suminduta) Eta zuri idazteko ausardia izan du, senar lotsagabe, ajolagabe orrek?

ANDONE: Itxoegin, ama, pixkabatean; ikusi dezagun lendabizi zer dion; ba'liteke ta...!

AMONA: Jaungoikoak nai dezala!

ANDONE: (Biotzaren larriaz ezin irakurri du.) «Andone biotzekoa: Luzaroan zuen berririk gabe nago». (Indarrez) Ikusten du oraindik ere nola oroitzen gaituan!

AMONA: Jarrai, Andone, jarrai zazu... gizon orregandik gauz onik ezin etorri liteke-ta...

ANDONE: «Ene alaba Mirentxu ondo egongo da, noski? Arreta aundiaz kontu egiozu, ni orrera joaten naizenean azia ta eder-ederra ikusi nai nuke-ta».

AMONA: Arreta aundiaz kontu egiteko? Baño... zer uste ote-du biotz-gabeko aita orrek? Zenbat diru bidaltzen digu ortarako?

ANDONE: (Irakuriaz) «Ni oso ondo nago. Ameriketan diran erririk aundienetan ibilli naiz: oso ondo: oso alai bizi naiz... Dirua gutxitxo... Zerbait bidaliko ba-zenidake...» (Berri onek biotza zauritzen dio ta negarrez asten da) Lotsagabe alena...! Ura alai bizitzeko, guk dirua bidali beraz...

AMONA: Ez al-nizun esaten? (Mirentxu'ri) A! Zenbat malko samin ixuri-azten dizkigun zure aitak!...

MIRENTXU: (Bat-batean) Nere aitak? (Andone eta Amona ikaratzen dira, lo zegoala uste bait-zuten).

ANDONE: Bañan ez al'zeunden lo...?

MIRENTXU: Bai... alegiña egin det... bañan nere barru ontan alako aixkure kilimakor batzuk nabaitzen nituen ta iñolaz ere ezin lo artu izan det. Bañan... nere aita il zala esan ez zidaten, bada...?

AMONA: Bai, enetxua, bai. Guretzat il dala esan diteke.

MIRENTXU: Guretzat bakarrik? Eta bestientzat ez...?

ANDONE: Zaude ixillik, Mirentxu, zaude ixilik! (Muxu eman eta belaun gañean jartzen du).

MIRENTXU: Adi beza, ama! Amerika edo dalako ori urruti al-dago emendik?

ANDONE: Zergatik diozu?

MIRENTXU: Biar igandea da bai, ta arratsaldeko ibill-aldian araño eldu bear degu: aita ezagutzeko gogo aundia det! Amatxo, zergatik negar egiten du...? Orren urruti al dago, bada? Edo aita maite dedala esatea ez al du nai...?

ANDONE: Bai, alabatxo, bai. Maite zazu biotz-biotzez eta egunero-egunero Jaungoikoari otoitz egiozu lenbailen onera etorri dedin.

MIRENTXU: (Deitzen dute) Zeñek deitu ote-du? Irikiko al det atea, ama?

ANDONE: Zoaz, enetxoa, zoaz; iriki zazu. (Arpegia esku-zapi batez legortzen du. Mirentxu'k anka-punttetan polliki-polliki, bildurrez bezela, aurtxoak egin oi duten bezela, atea irikitzen du).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

(Goimaitasun-itxura.)

 

Lengoak, Andre Terese ta Andre Luke.

 

MIRENTXU: (Makurtuaz) Aurrera... Andere agurgarriak, sartu bitez...

ANDRE TERESE: Egun on, etxekuak...!

ANDONE: (Bidera irtenez) Bai berorri ere, Andre Terese...!

AMONA: Jaungoiko'ak egun on deigula...

 

(Bi Andereak batean burua
arro antzean makurtzen dute)

 

ANDONE: Beon jauregian bezein exer-leku ederrik ez dute emen izango ta azketzi; exeri nai ba-dute... (bi exer-alki eskeñiaz).

ANDRE TERESE: Ez, ez; mila esker (Ixilik bere lagunari) (Guretzat a zer exer-tokiak oek...!)

ANDRE LUKE: (Lagunari) (Etxe onek ikullu bat dirudi...)

ANDRE TERESE: Agindu nizkitzun bi dozena mantel aek nola dijoazen ikustera etorri naiz.

ANDONE: Oraindik atzera xamar daude; ala ere bat erakutsiko diot. (Ekartzera dijoa).

ANDRE TERESE: Bai, bai, ekar zazu (Lagunari) (Etzenun usteko, noski, etxe au onen kupigarri zegoanik...?)

ANDRE LUKE: Ez... baño sendi oek edozein gauzetan dirua ondatuko ez ba'luteke, bestelakoa litzake oien biziera.

ANDRE TERESE: Eta batzuetan nolako aundizki itxura artzen duten gero!

ANDRE LUKE: (Nazkatuta alde guzietara begira dagoala, Mirentxu ikusten du txoko batean aboa zabalik berari begira) Eder orrek, nori begiratzen diozu? Nere buruko ginbala zure gogokoa al'zaizu?

MIRENTXU: Bai, andrea; baño... ala ere krabelin-xorta ura naiago det nik.

ANDRE LUKE: Zer, bada?

MIRENTXU: Nereak bait-dira eta usai ederragoa bait-dute.

ANDONE: (Irtenaz) Ona emen mantaltxoa! Baño exeri bitez, zutik nekatuko dira-ta.

ANDRE LUKE: Gu emen exeri...? ez orixe...!

ANDONE: Anderea, nere etxea txiroa izan arren, garbia da.

ANDRE TERESE: (Lagunari) (Len esan dizudana! Txiro-etxean arrokeria nagusi!) (Soñekoari begira) Ederki dago; galartzu zuri oek mantalari itxura-pollita damaiote eta... itxura ona izan ezkero, or konpon, Mari Anton... (Lagunari) Zer deizkiotzu? Mantaltxo oiekin nere beartsuenganako goimaitasuna goi-goiko mallan jarriko det ala ez..? Batzarreko beste lagunak orrenbeste egingo dutenik ez det uste...

ANDRE LUKE: Onelako bi dozena mantal eraman ezkero, naikoa dezu eta zer esanik ez du izango iñork... Oso pollitak eta apañak dira.

ANDRE TERESE: (Andone'ri) Noizko bukatuko dituzu?

ANDONE: (Kontuak beatzakin atereaz) Begira, Etxekoandre; onelako bat egiteko egun osoa bear det: 24 egun; gaur illak 3... 24 ta 3=27; iru igande kendu... ta 30. Il onen ogeita amar-gaubean egiñak egongo dira.

ANDRE TERESE: Iru igande zer dala-ta kendu dituzu?

ANDONE: Igandea Jaungoikoaren eguna da ta... Lanik ezin egin dezaket.

ANDRE TERESE: Begira oni...! Beartsuak ere igandeetan ez dezute, beraz, lanik egiten...! Noiztik zuek lujo ori...?

ANDONE: Ez uste izan ori lujoa danik, Jaungoiko ber-berak guzioi jarritako agindu bat baizik...

ANDRE LUKE: (Parrez) Ja, ja, ja! Ori ateraldia!

ANDONE: (Errukituaz) Bai, andrea, bai; Jaungoikoaren legea betetzea da ori!

ANDRE LUKE: Ondo da, ondo da; baño ez det nik uste Jaungoikoak zuei onelako gauzik eskatzen dizutenik; bestela goseak il-bearrean ziñateke...; egoera kupigarri ontan zaudeten ezkero, lujo oek guretzat, aberatsentzat utzi bear zenituztekela deritzat.

ANDONE: Ez, andrea, ez!; Jaungoikoaren bildur santua galdu baño naiago degu etxez-etxe eskean ibilli (Bero-bero) Jaungoikoaren agindurik txikiena lurperatu baño lenago... (erabat berotuta)... gure bizibidea eskea izango da...!!

ANDRE TERESE: Utzi ditzagun, utzi ditzagun ezeren onurarik ez dakarten gauz oiek eta goazen arira! Noizko bukatuko dezu nere lana?

ANDONE: Il onen 30 gaubean billa etorri diteke.

ANDRE TERESE: Ondo da; ez gero beste egun baterako utzi...! datorren illaren lendabiziko egunean nai ta naiez Batzarrera eraman bear ditut; egun ortan guziak ageri-agerian ikusi bear dute nik txiroai diedan goimaitasuna!

ANDONE: Ondo da; nere kontu: bañan, arren, oartxo bat egin nai diot.

ANDRE TERESE: (Izango degu orain ere...) Zuk esan.

ANDONE: Bada... mantaltxo au amaitu ezkero, kontuan erori naiz uste baño lan aundiagoa duala bakoitzak eta iñolaz ere ezin egin ditzakedala peseta batean...

ANDRE TERESE: (Ulertu ez ba'lu bezela) Nola? nola ezan dezu?

ANDONE: Alegia... sei erreal bederik bakoitza ordaindu bearko didala...

ANDRE TERESE: Sei erreal?... Ez, enetxua, ez! Alajaña...! Nik ezertarako bear ez ditudan mantal-ziztrin oiek zuri sei erreal bakoitza ordaindu...! Ez dezu gutxi nai...! Beartsuai nola edo ala laguntzeagatik egin-erazi dizut lan ori, nere goimaitasuna erakusteagatik... Zer uste dezu zuk! ganbara bete diru daukadala edo zer?

ANDONE: Andre Terese...! ez al du ikusten ni beartsua naizela...?

ANDRE TERESE: Orren beartsua ba-zera, zoaz eskera. Mesede aundi bat egiten nizula uste nuan, bañan ikusten dedanez, ez da ala...

ANDONE: Ez bedi asarretu, Andre Terese...; bañan mantal bat egiteko egun osoa bear det eta gañera aria ere nere kontura dijoa, eta nola nai du uskeri orregatik?...

ANDRE TERESE: Aria! Zenbat balio lezake mantal baten ariak? Geienez bi xox, uskeri bat!

ANDONE: Orixe; bañan etxeko bear guztiak ordaintzeko irixten ez dan pezetatxo ori ariarentzat bi xox kendu deizkiogun; beste iru, makina ibiltzeagatik; xox bat, petrolio erosteko... (Negarrez) Nola mantendu bear ditut, amona gaxo errukarri au ta nere alabatxoa?

ANDRE TERESE: Bai, bai; ikusten det geiegikeririk eskatzen ez didazula; bañan lan ori ez da neretzako ordea...

ANDRE LUKE: (Lagunari) Zergatik sartzen zera onelako eginkizunetan...?

ANDRE TERESE: Lotsakizuna, orra; lotsakizuna... Izan ere, ainbeste alegin egin zidan Batzarreko Andere Lendakariak... Gañera zer edo zer egin dutenen izenak izperringietan agertuko omen dira ta nerea azaltzen ez ba da, zer esango dute? (Andone'ri) Zertan gera, beraz?

ANDONE: (Lotsatuta) Sei erreal baño gutxigoan ezin josi ditzakedala.

ANDRE TERESE: Tira ba. Lagundu dezaiegun beartsuai. Bost erreal emango dizkitzut. Pozik egongo zera, noski?

ANDONE: Ez, andrea, ez; sei errealeko ori bear det.

ANDRE TERESE: Ai petralki! petralki! Iritxi dezu azkenean nai zenduna, zital orrek! Mantal bakoitza sei erreal ordainduko dizut, baño ortarako Andoni jaunari esan bearko diozu zenbat ordaintzen dizudan, entzun? Jakin dezala Andoni jaunak ere.

ANDONE: Bai, andrea, bai; nere kontu.

ANDRE TERESE: Ez gero aztu?

ANDRE LUKE: Ikusi dezute! Beartsuak izan arren, nai dutena egiten ondo dakite.

ANDRE TERESE: Agur; automobilla atean zai daukagu-ta.

ANDONE: Agur: Jaungoikoak lagun dagiela.

AMONA: Agur, agur; bijoaz ondo, Jaungoikoaren izenean.

ANDRE TERESE: (Atetik) Bildur naiz... Andoni jaunari esatea ez gero aztu? (Irtetzen da ordurako).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

(Irudi ittuna.)

 

Amonatxoa, Andone eta Mirentxu.

 

ANDONE: (Atea itxi ondoren) Oek al dira esku-zabalak? Goimaitasuna alde guztietara zabaltzen dabiltzanak oiek al dira?

AMONA: Ez, enetxoa, ez; goimaitasunaren itxurazko jarrailleak, onbide oni azaletik begiratzen dietenak besterik ez dira oiek!

ANDONE: Baño... eskuzabalak diran ustean egongo dira noski?

AMONA: Uste ortan daude, bai; baño usteak erdia ustela.

ANDONE: Oiek egiten dutenari goimaitasuna deitzea, onbide eder onen izena azpikoz-gain jartzea dala esango nuke nik. Izen ori lurperatzea!

AMONA: Egi aundiagorik ezin esan zentzakean, Andone.

MIRENTXU: Amatxo, andere oiek aberatsak ala txiroak ziran?

ANDONE: Aberatsak ziran; bañan aberats errukarriak.

MIRENTXU: Ta, zer esan nai du orrekin?

ANDONE: Biotz gutxi ta diru asko; biotz txikia ta aberastasun aundiak dituztela.

MIRENTXU: Zer bada?

ANDONE: Beartsuen maitaleak ez bait-dira; gu bezelako txiroai laguntzeko kemenik ez bait-du oien biotz txikiak.

MIRENTXU: Orduan, obe izango da danak gu bezelakoak izatea, oien antzekoak baño? Amatxo, ez al'da egia nik berori maite dedala, berorrek ni ere bai, guk amonatxo, amonatxok gu, eta irurok elkar asko maite degula?

ANDONE: Bai, enetxoa, bai; ta maitetasun orrek ludi guztiko aberastasunak baño askotzaz geiago balio du (indarrez) eta egunen batean ogirik gabe arkitzen ba'gera...

MIRENTXU: (Ixildu-aziaz) Egunen batean zer janik ez degula arkitzen ba-gera, ba'aldaki, zer egingo degun?

ANDONE: Zer?

MIRENTXU: Elkar jan muxuka.

ANDONE: (Biotzez Mirentxu laztanduaz) Eder ori, aingerutxo bat bezin ona zera!

AMONA: Errugabea izatea zer ote da? Beti onela irautea nai dakiola Jaungoikoari...! Andone, Ioseba'ren eskutitz ori irakurri zazu, bukatu zazu; baño emaidazu sendakaia lendabizi, onezkero garaia izango da-ta.

ANDONE: (Beste aldera begira, amak antz eman ez dezaion) Sendakaia! Eta orain zer emango diot nik? Sendakaia atzo bukatu zitzaidan eta dana zorretan dakarkit. Atzo sendakilariak esan zidana! Urrengoan dirurik gabe banijoan, etzidala emango...! (Gurutzeari laguntz eske) Ene Jaungoikoa; lagun zaidazu...!

AMONA: Ze bururapen darabilzkizu, Anttone?

ANDONE: Eskutitza nun utzi detan ez dakidala... Gaizki diot!... A, bai!... Zakelean daukat. Sendakaiaren billa nijoa (Gurutzeari begira) Arren, lagun zaidazu, Jaungoiko erukitsua! (irtetzen da).

MIRENTXU: (Belaunikatuta, bere amonaren belaunetan besoak jarrita) Amonatxo, ez dakila bart zer amets egin dedan?

AMONA: Nola jakingo det, bada?

MIRENTXU: Oso polita, ikusiko du! Amatxo tarta eder aundi bat egiten ari zan sukaldean, bai?... ta tximinitik beera txuriz jantzitako aingerutxo batzuk jetxi ta... batek goxoak, besteak urrak eta beste batek eztia tarta barrenean ipintzen zituztela... Ura tarta ederra egin zuten danen artean! Ura usai goxoa zerion...! Aingerutxoak joan ziranean, exeri giñan eta errezatu ondoren, jarri gendun tarta mai-gañean. Nik goxorik politenak, jaten as¡ baño lenago, txoriari eman nizkion. Arren poza! Ikusi izan balu berorrek txoria pozez kantari eta kantari, neri eskerrak emanez, arrituko zan!... Eta tarta jatera ginjoazela, esnatu ez naiz bada? Ura tamala! Ezertxo ere jan gabe gelditu bear!

AMONA: Orixe amets politta! (Billobari begira irri-par goxoan).

MIRENTXU: Bañan ikusi balu berorrek tarta ura, amets ori baño geiago ederretsiko zitzaion. Nik beintzat alako tarta aundirik ez det beñere ikusi!

AMONA: Ba'aldakizu zergatik? Atzo baño jateko gogo geiagorekin beñere oeratu etzeralako.

MIRENTXU: Apaldu gabe oeratu nitzalako?

AMONA: Orrexegatik, enetxua, orrexegatik!

MIRENTXU: Eta gaur apaldu gabe oeratzen ba'naiz berriz ere amets ori egingo ote det?

AMONA: Baietz esango nuke.

ANDONE: (Kezkatsu dator, kutxaretxu batez basoko ur utsa nastuaz azukrea ba'lu bezela ta soñu aundia atereaz esaten duana ulertu ez dezaion amak) Ama, ona emen ur pitin bat... Zera... pixka bat bota diot; sendakaia... bukatu egin bait'da ta bereala joango naiz billa... Nasketa goxoa... da... artu beza, ama!

AMONA: (Dana ulertuaz) Ez dio ajolik, Andone; ekatzu, ekatzu.

ANDONE: Mirentxu, zoaz laixterka esku-zapiaren billa, sukaldeko mai-gañean egongo da.

MIRENTXU: Bereala ekarriko det; ba'nua (irtetzen da laisterka).

ANDONE: (Basoa makina-gañean utzi ta amonaren burukoak antolatzen ditu) Bitartean txukundu dezagun au, bearra dauka-ta; orrela obeto egongo da...

MIRENTXU: Ona emen esku-zapia!

ANDONE: Ekatzu (ipintzen dio polliki-polliki esku-zapia amonari ta basoa eskeñiaz dio): ai, ama, ni aberatsa ba'nitzake...!

AMONA: Ur au ez litzake orren goxoa izango...

ANDONE: (Arrituta) Zer, bada?

AMONA: Orduan neskame batek emango lidake, ta orain zuk emanda bezin gozatsua ez litzaidake irudituko. Oso ederra dago, Andone, oso gozoa...!

ANDONE: Bai! ala deizkio, ama?

AMONA: Bai, enetxoa, bai; zure biotz-zati bat da au! Biotz-usai atsegiña dario ur onek eta orrek ludi guztiko azukre ta sendakaiak baño geiago balio du, Andone.

ANDONE: (Igerri diolako) Izan ere... (zer esan ez daki).

AMONA: Ez bildurtu, Andone; buka zazu, buka zazu Joxe'ren eskutitza.

ANDONE: Bereala, ama: (sakeletik atera ta irakurriaz) «Asko jolasten gera. Diruz larri-larri nabil, baño...»

AMONA: Lotsagabea...!

ANDONE: (Irakurriaz)... «Zuek ere agian larri ibiliko zerate, ta orra erremedio-bide erreza: Larritasun ortatik irtetzeko egin bear dezutena da..., (gañerakoa ixilik irakurtzen du)... (oben egin-eraziko balio bezela).. Ez, ez! beñere ez nik orrelakorik...!

AMONA: (Jakin naiean) Zer esaten dizu, Andone?

ANDONE: Alperrik zabiltza neri ori egin-erazi naiean! Ez ta ez!

AMONA: Baño... zer esaten dizu senar ajolakabe orrek?... Esaidazu bada, Andoni!

ANDONE: Zertarako jakin nai du...? Ez det naigabetu nai, ama!

AMONA: Esaidazu, gaxo orrek! Ixiltasun orrek biotza zauritzen dit-eta...

ANDONE: Orratx ba: Zera... Berori gaxo-etxe batera, ospital batera eramateko...

AMONA: Biotz gabea...! Ori dasaizu, beraz?...

ANDONE: Baño... ez, ama, ez; ez det nik orrelakorik egingo; naiago det nere alaba besoan artuta atez-ate eskean ibili.

AMONA: Alaere... gauz okerrik ez dizu esaten; bidezkoa da ori; esan onak ondo artu bear dira, naiz etsaiagandik etorri...

MIRENTXU: (Orain arte itzik ere ulertu ez dualako) Baño... etsaiak ere idatzi al'digu amona?

AMONA: (Itun) Bai, enetxoa, bai...!

ANDONE: Ama!! .. Bego ixilik Jaungoikoagatik! (Ixil-unea. Alkar negarrez ez ikustearren, bakoitza bere aldera begira. Kanpoan pilarmonika edo beste ereskin batek zer-edo-zer joko du. Urruti ariko balitz bezela. Gero atean deitzen dute ta Mirentxu'k bakarrik entzuten du deia ta irikitzera bijoa).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

(Goimaitasuna!).

 

Lengoak eta Andre Emite.

 

MIRENTXU: Deitu dute! Irikitzera noa: zein ote da?

ANDRE EMILE: (Mirentxu'ri) Egun on, mitxirrika! (Ama-alabak ixilik, ittun ikusi ta) Baño... zer gertatzen da etxe ontan? Zer egiten dezute...?

MIRENTXU: Ez al'du ikusten?... Negarrez gaude.

AMONA: Jaungoikoak egun on. Adizu, Andone!.. Etxekoandre au...

ANDONE: (Piskabana lasaituz) Egun on anderea...!

ANDRE EMILE: Bai zuei ere. Ikusten detanez, gure Jaungoikoak zuen eramanpena neurtu nai du...

ANDONE: Bai, andrea, bai; ala dirudi.

ANDRE EMILE: Ez bildurtu, bada, eta izan uste aundi bat Jaungoikoagan, gauz eziñik ez digu bein ere eskatzen da; Berak daki gure indarrak zenbat lezateken; gañerakoa, Berak demaizkigun esker eta laguntzaz lortuko degu.

ANDONE: Ori ala da! Baño... ain da aundia ta aztuna gurutze au...!

ANDRE EMILE: Ez Berak eraman zuana bezin aundia...! Dana-dala... nik zuei ezertan lagundu al ba-dizaizuket...

ANDONE: Eskerrik asko, eskerrik asko; itz oiek nolako atsegiña dakarkidaten, ez daki berorrek...!

ANDRE EMILE: Atsekabe aundiren bat dezute, noski...!

AMONA: Bat besterik ez balitz...! Atsekabez eta nekez beterik gaude, anderea...!

ANDONE: Bizi ezin kupigarria alde batetik eta nere senarraren zoritxarra bestetik...!

ANDRE EMILE: Ill al'da bada, zure senarra?

ANDONE: Ez, andrea; baño il balitz bezela da guretzat. Gutzaz oroitu gabe Ameriketan dabil, doakabea!

ANDRE EMILE: (Errukitua) Bai, bai...! Ortaraxe nator ni; egin al izan ezkero, zuri lan bat ezkeintzera. «Gure Txadon-Nagusiko Andoni Deunaren jantzitegia» aipatzen noiz edo noiz entzungo zendun noski? Jantzitegi ortarako soñeko batzuk egin bear dizkidazu. Ondo ordainduko dizkitzut.

ANDONE: Barkatu, baño... oraingoz beste egin-bear bat det. Onen antzeko (erakutsiaz) bi dozena mantaltxo il onen azkenerako josi bear ditut eta...

ANDRE EMILE: (Eskutan artuaz) Auxen mantal apaña...! eta bakoitza zenbat ordaintzen dizute?

ANDONE: Uskeri bat...! sei erreal... besterik ez!

ANDRE EMILE: Sei erreal?... Entzutekoak ez ditugu entzun...! Sal-tokiren baterako izango dira...?

ANDONE: Ez, andrea, ez! Andre Terese'k agindu dizkit... Egintza onekin txiroai dien goimaitasuna agertu nai omen du...!

ANDRE EMILE: Eta ori al'da egitazko goimaitasuna? Kristau goimaitasunaren berri ba'ote daki andre on orrek! (ixiltzen da pilarmonika edo dalako ori.)

AMONA: Noiz-edo-noiz ixildu da kitar-soñu-txatar ori! Ba'zirudian gure atsekabeaz ixeka ta parra zegiola...!

ANDRE EMILE: Onelakoxea da gaur-eguneko mundua! Nor-berak atsekaberik ez duanean, lagun-urkoak duanaz gutxi oroitu...! Baña sorbalda-gañera nekerik txikiena datorkionean, orduan kontuak!

ANDONE: (Arira biurtuaz) Eta, aitatu duan lan ori...

ANDRE EMILE: Bai; lan ori, mantaltxo oiek baño errexago egingo dezu eta geigo ordainduko dizut.

ANDONE: Aldi bateko lana ote da.

ANDRE EMILE: Ziur-ziur ez nizuke esango, baño... urte guzirako ainbat izango dala uste det.

ANDONE: (Pozez) Ondo da, ondo da: esan bezait, bada...

ANDRE EMILE: Soñeko txuriak egin bear dituzu eta lan orrekin egunean lau edo bost laurleko irabazi ditzakezu...

ANDONE: Ederki, oso ederki dago...! (Beste egin-bearraz oroituta) Baño... auxen lana! Beste bete-bear orrekin zer egin bear det...?

ANDRE EMILE: Nik emango dizut... Ezin dezakezula, esan; oiala biurtu ta kito...!

ANDONE: Baño... baietza eman ondoren... ori egitea... ondo al-deritzaio berorri?

ANDRE EMILE: Bai orixe!! Ordaintzen dizunakin etxeko gora-bera guzitarako ainbat irixten al'zaizu?

ANDONE: Ez, andrea, ez...! ez ta nere ama gaxo oni laguntzeko aña ere...

ANDRE EMILE: Eta... ala ere ondo al'dagoan, diozu? Zuzentasunez etzaude ortaraño beartua; zuk eman dezun itz ori, zure kaltean, iñola ere ezin bete dezakezu. Bestela ere soñeko oiek zeñek josi Andre Terese'k arkituko du, bai...!

AMONA: Andone, egia dio andere onek; berak diona egin bear dezu...

ANDONE: Eta... oialak berari biurtzeko ausardirik izango al-det nik?

ANDRE EMILE: Ez orren bildurrik izan...! Utzi nere kontu lan ori...

ANDONE: Berorren biotz on orri nola eskerrak eman ba'neki...!

AMONA: Eskerrik asko...! Jaungoikoak guri bidalitako aingeru bat da berorri...! Eskerrik asko...!

ANDONE: Eta... lanean noiz asi nindeke?

ANDRE EMILE: Gaur-arratsaldean.

ANDONE: Mila-esker...! berorrek ez daki zenbaterañokoak diran gure bearrak...! Okiñak ogirik ez digu eman nai; sendakigilleak... berdin; gañerako guzia ere zorretan dakargu... eta bide ontatik...

ANDRE EMILE: Ez bildurtu! Guzia zuzenduko da; Jaungoikoak biotzez otoitz dagionari entzuten dio, ontasun ber-bera bait-da.

ANDONE: Etxe onen jabea ere biar etortzekoa da... Izan ere orain arteko nere irabaziak ain laburrak izan dira...! egunez lanean gogor jardun arren, ezertarako etzait irixten... eta ala ere ikusten du berorrek etxe au nola dagoan...

AMONA: Egi utsa dio Andone'k... Bera bezein langillerik emakume gutxi izango da.

ANDRE EMILE: Ba'dakit, bai... orixe ber-bera esan zidan Andoni jaunak, eta berak aginduta zuenganatu naiz.

ANDONE: Ogi puska bat da Andoni jauna!

AMONA: Berorri onera etorri aurretik, Andone'ri arrenka ari nintzaion; era ontan ezin jarraitu gentzakela; ta nik onezkero sendatzeko itxaropenik ez nuala, bai, ta gazoetxera joatea zitzaidala bidezkoena.

ANDONE: Jaungoikoagatik ixilldu bedi, amatxo!

ANDRE EMILE: Ez orrelakorik esan...! Gaur-arratsaldean oial txuriak ekartzera natorrenean, etxea garbitzen lagunduko dizut; ikusiko dezu! Zillarra bezela geldituko da.

ANDONE: Baño... orrenbesteraño...

ANDRE EMILE: Nere senarrari ere zuetzaz itz egingo diot; Eliz Nagusian txiroai laguntzeko ba'da Batzar bat eta bera da ango Buru edo Lendakari eta arrek ere zer-edo-zertan lagunduko dizute.

ANDONE: Eskerrikasko...! Onegia da berorri...!

ANDRE EMILE: Nere aizpa berriz «Bingen Deunaren Batzar»-etakoa da ta guzion artean zuen zor oiek nola edo ala ordaintzen alegiñean aleginduko gera...

AMONA: Jaungoiko Santua! geiegi da ori...

ANDONE: Bañan... goimaitasun ori nola eskertuko diot nik?

ANDRE EMILE: Ez dezu neri ezer eskertu bearrik, Jaungoikoari baizik. (Gurutzea erakuisiaz) Soroetan txorrotxioka dabiltzan txorietzaz ainbeste ardura duan Jaungoikoa, uste al zendun zuetzaz oroituzo etzala?

MIRENTXU: Txorietzaz ere Jaungoikoa arduratzen al-da bada?

ANDRE EMILE: Bai, enetxoa, bai; (Mirentxu alki batera igo, kaiola eskuetan artu ta txoria arrapatuaz, egan bidaltzen du) Baño... zer egin bear dezu?

MIRENTXU: Zer egingo det? Txoria sorora bidali; jan dezala Jaungoikoak eman diona... nik ez bait-det ezer ere emateko...

AMONA: Aur errugabea...!

ANDONE: Bai ona zerala, Mirentxu...!

ANDRE EMILE: Ez bildurtu, bada! Eta emendik aurrera utzi alde batera orain arteko illuntasun ori (Amonari) Gaixo-etxera joateko ametsik ere ez egin, eta guziok elkarrekin bizi zaitezte alai eta zoriontsu, Jaungoikoaren pakean.

AMONA: (Andone'ri) Andone, Jaungoikoak bidaldu digu aingeru au zerutik...!

ANDONE: Baño... andrea, zer egin bear det nik orain berorren alde?

MIRENTXU: (Bat-batean) Beraz... amonak orain gaxo-etxera ez du joan nai? ( Txaloka pozez) Eta... emendik aurrera guziok batean alai ta zoriontsu biziko gera noski?

ANDRE EMILE: Bai, eder ori, bai!

MIRENTXU: (Pozez txoratzen) Bai, e...? nola du berorrek izena? Arren, esan bezait.

ANDRE EMILE: Emile.

MIRENTXU: Gora Andre Emile!!

AMONA eta ANDONE: Gora!!

ANDRE EMILE: Ori ez! Iosu gure Erosle maiteak erakutsitako Goimaitasun Deuna biotzez goratu bear degu. Gora Kristau-Goimatasuna!

GUZIAK: Gora!!

 

ZAPIA JEISTEN DA

 

aurrekoa