|     16 zenbakia, 1933ko apirila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


USTEGABEKO POZA

 

Amonarriz'tar Ander'ek tajutua.

 

 

ANTZEZLARIAK:

        AMALE: Etxeko ataba.

        MADALEN: Neskame bat.

        TXURRUT: Nagusia.

        KOKOTX: Mutilla.

        BALANTX: Mozkor-alproja.

        JOXE MARI: Mikeletetako kaboa.

        LEONTXIO: Mikeletea.

        TOMAS: Kontrabandista.

        ANTTON: Mutil koxkorra.

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

(Alpargateri-denda batean nagusi-morroyak espartzin-josten agertzen dira.)

 

TXURRUT: Berandu zetorrek gaur gure kontrabandista.

KOKOTX: Bai, onezkero etorri bear zuan.

TXURRUT: Zerbait gertatu ez bazaio!

KOKOTX: Ez litzake arritzekoa izango.

TXURRUT: Beti baditek zerbait.

KOKOTX: Lanbide kaxkarra da kontrabandista oiena.

TXURRUT: Esango nikek.

KOKOTX: Bedorrek errezago irabazten du, bai, oyek kontrabanduan pasatzen dutena patxaran salduta.

TXURRUT: Zer esan dek? Neronek ere zer esturasun pasatzen dituan baekikek!

KOKOTX: Ez Tomas'ek aña.

TXURRUT: Nun ote dabil! Gaur ere Mikeleten batek esturasunen bat emana izango dek.

KOKOTX: Bai ote?

TXURRUT: Bañan Tomas arrapatuko duen Mikeleterik ez dek sortu.

KOKOTX: Alaxe da. Berorri lenago arrapatuko luteke bai.

TXURRUT: Ixillik ago, beti orren bildur bizi nauk eta.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Tomas.

 

(Tomas azaltzen da bizkarrean zaku baten barrenen zato-ardoarekin ta iru edo lau botilla poltzilluetan ditula)

 

TXURRUT: Ara emen bera.

KOKOTX: Zein, Mikeletea?

TXURRUT: Ez, Tomas.

KOKOTX: Ori esan!

TOMAS: (Leiotik begiratuaz) Sartu al liteke?

TXURRUT: Aurrera, aurrera!

TOMAS: (atetik sartuaz) Noizpateko batean emen nauk orratiok.

TXURRUT: Ondo atera al-zaik gaurko lana?

TOMAS: Beñere baño okerrago, motel!

TXURRUT: Zer gertatu zaik bada?

TOMAS: (Zatoa, botellak eta danak maigañian utziaa eta izerdia legortuaz) Banatxetorreken beti bezela menditik erri aldera, ta Naparro'tik Gipuzkoa'n sartzeakin batean, ateratzen zaidak arkaitz batetik Mikeletea, ta. ... alto! geldi esanaz asten zaidak!, ni orduan mendian bera amilka!, Mikeletea atzetik segika!, eta alakorik batean, leitzazulo batean axaria bezela sartu ta an gorde nauk.

KOKOTX: Zuk ondu jakin ango zuloak.

TXURRUT: Bear ere bai.

KOKOTX: Eta Mikeletea?

TOMAS: Ni leitzazulotik noiz aterako ote nintzan zai.

TXURRUT: Eta nolaz etorri aiz onera?

TOMAS: Beste aldeko zulo batetik aterata.

TXURRUT: Au dek piztiya au!

TOMAS: Gaur bezelako larritasunik ez diat nere bizi guzian artu.

TXURRUT: Nekatua etorriko aiz ta oa lenbailen etxera.

TOMAS: Bai, banatxiok. Artu ditzak oik guztik (emanaz).

TXURRUT: Kontuk gero egingo dizkiagu.

TOMAS: Bai, bai, egingo dizkiagu.

TXURRUT: Gero arte.

TOMAS: Gero arte, bai.

KOKOTX: Agur, Tomas.

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Txurrut, Kokotx ta Madalen.

 

(Tomas ateratzen astean, atea dan-dan jotzen dute eta Mikeletea dalakoan, Tornas'ek leyotik salto eginda itzul egiten du).

 

TXURRUT: (Kokotx'i) Ia, zein dan.

KOKOTX: Mikeletea ote da?

TXURRUT: Orixe bear giñikek orain (satoa ta botellak sartuaz) sartu ditzagun azkar oik barrunera.

MADALEN: Egun on.

TXURRUT: Baita zuri ere.

KOKOTX: Ongi etorri.

MADALEN: Zer gertatzen da emen atea itxita eukitzeko?... Kontu ixillen batzuek, e?

TXURRUT: Onek esango ditunak (parrez).

KOKOTX: Zu beti umore onekoa.

TXURRUT: Au beti gazte.

KOKOTX: Nai, bai.

MADALEN: Aizak; artuko ukek nere patxara.

KOKOTX: Baita nere sasoya ere.

TXURRUT: Utzi diozu orri. Zeñen billa zatoz, ¡zarra?

KOKOTX: Izarra! diz-diz-gabekoa!

MADALEN: Zure parragarri nagola uste al-dezu edo zer? Ezta bada esertxo ere!

TXURRUT: Ez kasorik egin, beti orrela aritu bear du Kokotz'ek eta.

MADALEN: Bienke, Kokotx! Beretzat txoratua nagoala edo orlakoren bat usteko du gizajoak!

TXURRUT: Aizu, etzenduteke biko txarra egingo.

MADALEN: Ori ez bezelakoak ostikoka dauzkat nik.

KOKOTX: Ametsetan bai.

TXURRUT: Asko dezute! Zer nai zenduke Malen?

MADALEN: Neretzako alpargata txurik.

TXURRUT: Tori.

KOKOTX: Erromerira al-zoaz?

MADALEN: Zuri zer ajola dizu.

TXURRUT: Egon ari ixilik, Kokotx. Ta geiago zer nai zenduke?

MADALEN: A! Kokotx'eren berritsukeriakin ia aztu zitzaiten. Nagusiak esan dit ia Naparro'ko, ñapa txuria ta ardo mea artu dituzuen.

TXURRUT: Esan diozu baietz, txuria ta baita gorria ere badauzkagula.

MADALEN: Goxoa izango da, e?

KOKOTX: Zu bezin goxoa ez da izango baño...

TXURRUT: Bai, bai, aukerakoa, bikaña...

MADALEN: Esango diot. Zenbat da alpargatena?

TXURRUT: Pesta bat.

MADALEN: Tori, ta orain agur, gero arte.

TXURRUT: Zoaz ondo, moñona.

KOKOTX: Agur panposa, liraña.

MADALEN: Puf! (Kokotz'i eginda joaten da).

KOKOTX: Or dijoa, entzun dituan lore zimelakin, esponja baño arroago egin-da.

MADALEN: (lelotik pasatzerakoan) Utikan, baldar petrala.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Txurrut eta Kokotx.

 

KOKOTX: Ja, ja, ja... izarra ta gaztea dalakoan sinistuta dijoa, berrogei urteko neska-zar traketz ori.

TXURRUT: Egon adi ixilik, Maalen oraindik neskatxa gordiña zegok eta!

KOKOTX: Orain ogei urte bai. Orain egoz-gogortu da, ta orren urteak joan ziran.

TXURRUT: Ireak berriz ez ditut beñere etorriko; alpargata bat bear dan bezela josten oraindik ez dek ikasi ta.

KOKOTX: Oraintxe aspertu ere egin naiz, eta gogoak ematen dit, maiari ostiko bat emanda emendik aldegitea.

TXURRUT: Nai badek alde-egintzat, bañan mai oni pakean utzi akiok.

KOKOTX: Lanbide arlotegorik au baño!...

TXURRUT: Gizona! lantegi au txarra al-da?

KOKOTX: Ixilka ta kontrabandoan sartutako pattarra ta ardoa salduko ezpalitu, ez luke ez, alpargataritzakin bakarrik berorrek ere galtza berri asko egingo.

TXURRUT: Bai, egiya dek, kontrabandoko pattar-saltze onek asko ematen ziak.

KOKOTX: Esango nuke!

TXURRUT: Orren bearra badiat biziko banauk.

KOKOTX: Nik eztakit zergatik baño, inguruko atso guztik zure patarra nai dute.

TXURRUT: Bai, ala dek. Baño ezdakik ik zenbaterañoko larri ta esturasunak pasatzen dituan patar-saltze onekin.

KOKOTX: Arraixkurik gabe eztago ezer.

TXURRUT: Beti keskaz, beti bildurrez; Mikeletetako kabo ori gure etxe inguruan jiraka asi zanezkero, ez jan eta ez lo egiten diat. Beti noiz baño noiz lotuta eramango naun pentzatzen.

KOKOTX: Nai duelako. Ñapa-saltzea utzi; ta or konpon!

TXURRUT: Utzi! Errez esaten dek...

 

(Leyoan batetik bestera pasatzen da kaboa).

KOKOTX: Ara bera! (Larri)

TXURRUT: (Ikaraz) Zein?

KOKOTX: Mikeletetako kaboa!...

TXURRUT: (Zer egiten ez dakiela, estenez maya joaz). A madarikatua, amar mille deabruk eramango al aute!

KOKOTX: Joan da, joan da.

TXURRUT: Ala ere! Egunen batean, alki gañean sustoz ilda billatuko nazute.

KOKOTX: Ez da gutxigotako.

TXURRUT: Begiratu al-du onera?

KOKOTX: Begiratu? Jan bear giñuzela zirudien.

TXURRUT: Bertan lertuta geldituko al-dek.

KOKOTX: Norbaitek esan ote dio berorrek, kontrabandoko ñapa saltzen duala edo...

TXURRUT: Tartean ez-ote dabil nere lengusu Balantx mozkor ori baztarrak nastutzen?

KOKOTX: Baliteke...

TXURRUT: Ori egia balitz lepoa biurtuko nioke.

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Amale.

 

AMALE: (Etxe barrunetik atereaz) Aita; zagi txikiko ñapa txuria ustu da, ta berriz ere bete bearko degu.

TXURRUT: Ixillago itzegin zazu.

AMALE: Zer da? Kaboa agertu al-da?

KOKOTX: Sei bider bai gutxienez.

AMALE: Gaur goizean, ataria garbitzen ari naizela izugarrizko begiratuak egin dizkit.

TXURRUT: Emen ibilli al-da?

AMALE: Par-irudian nere begira egon da.

KOKOTX: Demontre txatxua.

TXURRUT: Gizon orrek galdu bear dit nere osasun guztia.

AMALE: Ene! Oiek gizon epelak! Edozergatik ikaratzen zerate?

KOKOTX: Ez da gutxigotako.

AMALE: A! Zenbat emango nuken galtzak izateagatik.

KOKOTX: Emakume guztien gogoa.

AMALE: Txorakeri oiek utzita botillak betetzera noa. (Sartuaz)

TXURRUT: Madarikatutako ñapa-saltzea! Ik kendu bear diak oraindik neri bizia.

AMALE: Jesus! Oiek gizon aulak!

TXURRUT: Bai, bai, aterako dizkitzu aulerik, Mikeletetako kabo oiek.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Txurrut, Kokotx ta Balantx.

 

KOKOTX: Emen dek betiko Balantx.

TXURRUT: Zein, zein?

KOKOTX: Zure lengusua.

TXURRUT: Orain ere eskera etorriko dek.

KOKOTX: Ematera ez beintzat.

BALANTX: (arlote jantzian) Kaxo jaunak?

TXURRUT: Kaxo.

BALANTX: Zer berri degu ba...

KOKOTX: Zarrak berri.

BALANTX: Gogotik ari zerate.

TXURRUT: Bearko.

BALANTX: (Izerdia legortuaz) Au izerdia daukat.

KOKOTX: Lanean ler egiten ariko ziñan da.

BALANTX: (Exeri ta beriala altxiaz) Ene!, zer da au, oi!

KOKOTX: Eztena sartu al zaizu?

BALANTX: (Eskuan artuaz) Eztena ez jostorratza.

TXURRUT: Gizajoa.

KOKOTX: Ori ez da ezer.

BALANTX: Iretzat ez. Ik ez dek miñik artu ta. Ekatzue baso bat ardo.

KOKOTX: Dagoaneko egarritu al aiz?

BALANTX: Ixilik ago, motel, odolak irakiten zeuzkat eta.

KOKOTX: Orrenbeste, ardo ta ñapa eranezkero, ez dek arritzekoa, odolak eta esteak ere kiskaltzen eukitzea.

BALANTX: Nik zer eraten diat bada?

TXURRUT: Al deken guztia.

BALANTX: Neri goizean iturriko ur otza gustatzen zaidak.

KOKOTX: Musua garbitzeko bai.

TXURRUT: Ñapetan itoko itzakek eta...

BALANTX: Aizak, or gordeta daukaken ortatik ekatzak kopatxo bat.

TXURRUT: Etzeok geyo, dana saldu dek.

BALANTX: Kopa bat ere ez?

TXURRUT: Ez.

BALANTX: Kopa zikin bat emateko orrenbeste ixtillu!

TXURRUT: Gose dagoanari jana, ta egarri danari eraria emateko ez diat kupidik, bañan i bezelako mozkor-alper bateri ematea etziak biotzak laguntzen.

KOKOTX: Ederki esana.

BALANTX: Gizona!

TXURRUT: Lenagokoak ere zor dituk gañera.

BALANTX: Batean ordainduko dizkiat zor guztiak.

KOKOTX: Aizerik ez dan urtean.

TXURRUT: Geyago etxe ontara ez etortzeko itza ematen badiak, oraindañoko zor guztiak barkatuko dizkiat.

BALANTX: Kopa bat eman nai ez-badiak, besterik ez bada ere ekatzak pesta bat.

TXURRUT: Begiratu zak, Balantx. Ik uste dek nere denda diru-etxe edo Bankuen bat dala, eta nere etxean alki zar au beste Bankurik etzeok, eta etzayak ongi iruditzen i bezelako alper bateri ezer ematea.

BALANTX: Ni alperra?

TXURRUT: Naikoa diagu; ara or atea ta ortikan kalerako bidea.

KOKOTX: Ederki, oso ederki.

BALANTX: Lengusu bati egiteko aziua ez dek ori.

TXURRUT: Ua, ua berriz ere ispitzara, ni galtzeko egiñalak egitera.

BALANTX: Zein, ni?

TXURRUT: I bai, i. Ua berriz ere Mikeleteari, nik kontrabandoa saltzen detala salatzera, bañan i aizela bitarte neri zerbait gertatzen bazaidak, txiki-txiki eginda utziko aut.

BALANTX: Ik zein eskukin?

TXURRUT: Oyekin. (Altxa ta beragana joanez).

KOKOTX: Bañan gizona, zoaz emendik.

BALANTX: Ez diat nai.

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Amale.

 

AMALE: Zer da au?

TXURRUT: Ez dakit nik baztarrak naspillatzera zertan etortzen dan onera.

AMALE: Bañan beti orrela ibilli bear al-dezu, Balantx?

BALANTX: Ez naiz bada geiago etorriko.

TXURRUT: Anbat zan sekulan sartu ezpaitzan.

BALANTX: Ederki zeok. Gogoratu bear dek orratiok! (Joaten da)

TXURRUT: Joan adi, joan adi, mozkorrondo alena!

KOKOTX: Ariyo Balantx.

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Kokotx, Txurrut, Amale ta Joxe Mari.

 

AMALE: Zertatik zenduen ixtillu ori?

TXURRUT: Beti bezela eskean, ardua, ñapa ta pesta bat bear ditula asi zait eta...

KOKOTX: (Leioan kaboa azaltzen da). Nagusia! Kaboa!

TXURRUT: Orixe palta giñiken oraintxen. (Bildurrez).

KOKOTX: Ori arpegi beltza dakarki!

TXURRUT: Galdua naiz! Zer egin bear det orain?

AMALE: Bañan orrenbesteko bildurra ematen al dizue kaboak?

TXURRUT: A, gajoa! Dantzan astea nai al dezu? Zoaz azkar barrunera ta gorde ditzazu azkar ñapa-botilla guztik.

AMALE: Ja, ja! ondo mutil jatorra da mikeletetako kabo ori. (Sartzen da).

JOXE MARI: (Leiotik) Ori dek mirabea ori!

KOKOTX: Onera dator.

TXURRUT: E? onera? Goazen emendik. (Biak sartzen dira).

JOXE MARI: (Mikeletako kaboa) (Atetik) Jainkoak egun on? (Sartuaz) Ez dago iñor. Nora joan ote dira? Oraintxe litzake nere biotzeko kutunarekin itz egiteko garairik onena. Bañan lenbizi bere aitarekin egon nai nuke ta, nola asi ez baitakit.... Nola esango ote nioke bere alabatzaz oso txoratua nagoala? Eta aitak ni ondo artu arren, alabak maiteko ote nau? Oraintxe nere biotza bere tokitik atera nayean bezela saltoka dabilkit... Au dek au estutasuna!.... (Txaloak joaz) Eup! Egun on!

KOKOTX: Ara zu al ziñan! zer nai zenduke?

JOXE MARI: Nun dezu nagusia?

KOKOTX: Nagusia... egun oetan gaizki xamar dabil, da...

JOXE MARI: Gaizki? Zer du bada?

KOKOTX: Ez dakit nik, ustegabean eta noiz nai otz-ikarak eta naigabeak ematen diote ta.

JOXE MARI: Gizajoa.

KOKOTX: Bai; alaxe da.

JOXE MARI: Deituko al diozu oneraño etortzeko?

KOKOTX: Bai; bai (Sartzen da)

JOXE MARI: Emengo alpargatagillea gaixo? Aristian lanean emen ari zan-da.

TXURRUT: (ateratzen da) Kaxo! (dar-dar).

JOXE MARI: Zer gertatzen zaizu gizona?

TXURRUT: Gizon bat or leyo aldean ikusi orduko, nik eztakit zergatik baño ezin-egona egiten zait.

JOXE MARI: Gaixo bazaude beste egun batean etorriko naiz.

TXURRUT: Obe izango dezu bai.

JOXE MARI: Aspaldian zurekin itz bi egiteko asmoetan nabil ta or leyotik pasatzerakoan ikusi zaitutelako sartu naiz.

TXURRUT: Bañan alpargatagille arlote bat besterik ez banaiz ni?

KOKOTX: (Au dek larria au)

JOXE MARI: Ez dio ajolik (Zer aitzeki billatuko ote det nik) Begira! (Gerritik bayoneta atereaz) (Txurrut'ek bayoneta ikustean Kokotx'en besoetara erortzen da ikaraz) Auxe josiko bazenidake istanpatean, ansia daukat eta!...

TXURRUT: Ia ikusi? I Kokotx ekatzak or daukaken ari gogorrena. Ikusiko dezu zeñen ederki josiko dizuten.

KOKOTX: (Bera bai josiko nukeala nik)

JOXE MARI: Lan asko egiten alda ba? (Exerita)

KOKOTX: (Onek eztaki ezer)

TXURRUT: Orla, orla, babarrunentzako ateratzen degu beintzat eta.

JOXE MARI: Zuen lan au bai patxarakoa dala.

TXURRUT: Zuek bai bizitzen zeratela patxaran.

JOXE MARI: Uste bai. Bazenekizu kontrabandista madarikatu oiek zer lanak ematen dizkiguten. (Kokotx ta Txurrut'ek gogor jotzen dute maya)

TXURRUT: (Galduak gaituk Kokotx)

JOXE MARI: Lotsagabe oyek ez digute batzuetan arnasik artzen uzten ere.

TXURRUT: Gizona!

JOXE MARI: Orrengatik ikaragarrizko gorrotua diotet kontrabandistai, eta orlako bat arrapatzen detanean ez naiz gelditzen kartzelara eraman artean.

TXURRUT: (Kiñuka ta zer egiten ez dakitela) Eta zuk orren biotz gogorra al dezu?

JOXE MARI: Kontrabandistentzako bai.

TXURRUT: Jesus!

KOKOTX: (Alkitik altxa ta joan naiean) Au ezin egona egin zait. Iztanpatean etxera noa.

TXURRUT: Zertara?

KOKOTX: Ama nola dagoen ikustera.

TXURRUT: Exeri adi emen... gero joango aiz...

JOXE MARI: Bai, jauna, bai; Kontrabandista, eguzkiaren azpian sortu dan piztirik gaiztoena da guretzako.

TXURRUT: Bai, ala da baña... Zuk ez dezu esango ori, or ñapa piskabat edo orla ixilka saltzen dutenangatik e?

JOXE MARI: Oyek dira okerrenak... orlakoak ito egingo nituzke nik, ito...

TXURRUT: Nereak egin dik oraintxe.

KOKOTX: Ai, ai... (Beatzari elduaz).

TXURRUT: Zer dek?

JOXE MARI: Zer du onek?

KOKOTX: Ez da ezer, eztena sartu dek beatzean....

TXURRUT: Banintxoan ba.... Ara nun dezun ederki konponduta (Ematen dio Mikeleteari, bayoneta azala).

JOXE MARI: Ederki dago. (Bere tokian sartuaz) A!

TXURRUT: Zer dezu?

JOXE MARI: Zer detan? Kontrabandisten izena aituta utsak ere irakiten jartzen dizkit odol guztiak.

TXURRUT: Orrenbesteraño?

JOXE MARI: Oyek kalte aundiak egiten dituzte gizartean. Erari madarikatua! Orrek ondatu bear du oraindik gure Euzkal-Erri zoragarria.

TXURRUT: Kopa bat edo beste eratia zer da bada? zuk ez al dezu eraten?

JOXE MARI: Neri, otorduko garayetan sagardo pixka bat edo ardo tanto bat eratea gustatzen zait, bañan otordutik kanpora batean gosari txikia dala, amaiketakoa dala txiki-erdia ortik eta baxo erdia emendik orrenbeste ererik ez diote osasunari onik egiten.

TXURRUT: Guk baño geyago eranda egoten dira orratiok makiñabat!

JOXE MARI: Erariyak menderatua dauka gure Euzkal-Erri guztia. Orrengatik ibiltzen gera erari zikin, gogor, txar, nazkagarri oyek kontrabanduan pasa nairik ibiltzen diran oyen atzetik.

TXURRUT: Orrenbesterañoko kalteak ekartzen ote ditu erariyak?

JOXE MARI: Gu gertatzen geran bezela maiz gertatuko baziña Santa Ageda'ko Ero-etxean an ikusiko zenduke erari zaleen azkena zeñen errukarria izaten dan. Ango sendalari jaunak diote, an sartzen diran lautatik iru erariyak nastuta sartzen dirala.

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Antton.

 

ANTTON: (mutil koxkorra sartzen da botilla bat txanponaz joaz) (Txurrut'eri) Aitak esan dit beti bezela txuria emateko.

TXURRUT: (Ikaraturik) Beraz beti bezela, e? Esan diok ez dagola geiago.

ANTTON: Txuririk ez-padago gorria emateko bada.

TXURRUT: To, ta esan akiok, orrelako gauzen eske onera ez etortzeko geiago (ta ematen dio alpargata txuri bat).

ANTTON: Zer ematen dit neri au?

TXURRUT: (alpargata kenduaz) Ekatzak onera ta txuririk bear ez badu, joan adi azkar emendik.

ANTTON: Bañan erotu altzera?

TXURRUT: Zer esan dek? Aldegintzak emendik, bestela izugarri bat emango diat.

ANTTON: Nik zer egin diot berori?

TXURRUT: Ez al dek entzun joateko? lotsagabea, to! (ta ematen dio ostiko bat).

ANTTON: Ai, ai, ai... nik esango diot aitari (joaten da.)

TXURRUT: Ikusi al dezu mukizu ori?

ANTTON: (leiotik pasatzerakoan) Txurrutzale, ñapazale, patarzale.

KOKOTX: Arrapatzen badet elbarrituko det.

JOXE MARI: (Ta oik guztik onla dirala nere izarra oraindik atera gabe) Zenbat da nere kontua? (altxata).

TXURRUT: Gizona, zaude ixillik! Ezer ez.

JOXE MARI: Eskerrikasko, (au ondo ziok) (exeritzen da ostera) (Nere kutuna ikusi gabe ez noa emendik). Badakizu emen atsegin dagola?

TXURRUT: Emen? Ez dakizu guzti-guztia.

JOXE MARI: Zer ba?

TXURRUT: Gizona, denda au zarra da ta tximutxez eta arkakusoz betia baitago.

KOKOTX: Alki ori beintzat.

JOXE MARI: Ez dit ajolik. Kontrabandisten atzetik gabiltzanean okerragoko tokitan ibiltzen gera.

TXURRUT: Bai, e? (onek ez dik emendik aldegingo).

KOKOTX: (Nik ala uste.)

JOXE MARI: Bayoneta josteagatik dirurik artu nai ez dezunezkero erregalo bat egingo dizut.

TXURRUT: Utzi zaiozu, gizona!

JOXE MARI: Bai, bai; aizak (Kokotx'i) oa aldameneko estankora eta ekarri zak an dagoen pururik onena. To (ematen dio dirua.)

KOKOTX: Salto batean emen naiz.

TXURRUT: Azkar ibilli, e?

KOKOTX: Bereala (...bereala ikusiko nauk ni geiago) (ateratzen da.)

JOXE MARI: Oraintxe biok bakarrik gelditu geranezkeroz, zuri aspaldian esateko dabilkidan gauz batetzaz itzegin bear dizut.

TXURRUT: (Ene bada) Zer dezu?

JOXE MARI: Begira; neretzako lagun zar bat bezela zera zu.

TXURRUT: Baita zu ere neretzat.

JOXE MARI: Nik ez jakin bear lenago ori.

TXURRUT: Alaxe da ba.

JOXE MARI: Bada nik etxe ontara dakarkiten egitekoa... da...

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Txurrut, Joxe Mari mikeletea ta Madalen.

 

MADALEN: (sartzen da dendan) Emen naiz ni orain ere.

TXURRUT: (Au lana! Kiñuka) Kaxo! nere izar ederra. Alpargata billa etorriko ziñan e?

MADALEN: Zer, alpargata? Len esan didazunaren billa nator, gizona.

TXURRUT: A, bai, au burua (ikaraz.)

MADALEN: Txuritik ere probatzeko emateko esan dit.

TXURRUT: Aizu mikelete, orlako mirabe lirañik ikusi al-dezu beñere?

JOXE MARI: Zer, zu ere oraindik orrela?

MADALEN: Mutil gazteak baño arego asi da au, agure zartuta loreak botatzen.

TXURRUT: Zu bezelakoai ez botatzekotan!

MADALEN: Ekatzu azkar kuartillu bat txuritik.

TXURRUT: Esan zaiozu etxekoandreari gero bialduko diotela.

MADALEN: Gerorako utzi gabe ekatzu orain.

TXURRUT: (larri) Tori (ematen dio alpargata txuri bat.) Txuritik onena au daukatela esan zaiozu.

MADALEN: Bañan gizona, oso egin altzaizu? Zer da au?

TXURRUT: Zure etxekoandreak eskatzen dizuna. Tira, tira, artu ta zoaz azkar emendik, berriketako gogoakin ez nago ta.

MADALEN: Bañan, erotu altzera.

TXURRUT: (ixillik) Neska, ez al dakin mikeleteak ikusten banau txuritik ematen kontrabandua egingo digula?

MADALEN: Ene! Eta ez nitzan batere gogoratzen.

TXURRUT: Agur, e? Zoaz ondotxo.

MADALEN: Agur, bai.

TXURRUT: Gero arte ta etxekoandreari eskumuñak.

JOXE MARI: Badakizu zure mutilla nekez datorrela?

TXURRUT: Egia.

JOXE MARI: (Ta bitartean nere Amale kuttuna azaldu gabe) Bada len esaten asi naizen bezela begira, nik garbi esango dizut: Ni, zuk etxean gordeta daukazun gauza baten billa etorri naiz.

TXURRUT: (erdi totelduta ta zer esaten dun ez dakila). Bañan... nik... nere etxean ezpaidaukat ezer gordeta! Zer ari zera esaten?

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Balantx.

 

BALANTX: (leiotik) Kaxo, Txurrut? Ta ekarri al dek txuria?

TXURRUT: Ez diat ekarri oraindik eta aldegin zak azkar ortik neri lana galazi gabe.

BALANTX: Biar izango al da?

TXURRUT: Biar? Biziko naizen ere etzekiat.

BALANTX: Agur, motel, agur, gaur ez ago berriketako ta pakean utzi bearko diat. (joaten da).

JOXE MARI: Badakizu zuri egiten dizkitzuten galdera oik arritzen nautela?

TXURRUT: Beti orrela ibiltzen dira ni txuliatzen, bañan egunen batean bat-edo-bati batetik besteraño eztena sartuko diot.

JOXE MARI: Kontu oieri utzi ta, len esaten ari nintzazun bezela, zuk etxean daukazu...

TXURRUT: (Ezin egon naiz) Bañan ikusten al dezu zenbat denbora pasatzen duen gure mutil likiskeri orrek?

JOXE MARI: Etorriko da.

TXURRUT: (Txutik jarrita) Nik arrapatzen badet, belarritik artuta ekarriko det.

JOXE MARI: Utzi zaiozu, gizona.

TXURRUT: Ez, ta billatu arte ez naiz etorriko. (mantala gerrian bildu ta joaten da. Leiotik pasatzerakoan). Beriala ikusiko nauk!

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Jose Mari ta Amale.

 

JOXE MARI: Baña nora zoaz, gizona?... Gizon ori ez dago burutik ondo. (Etxe barrunbeko atera begira) Oraintxe nuke egokiera ederra nere Amale'kin itzegiteko. Deituko ote diot? Ene! ez det orlako bildurrik izan. (txalo joaz) Eup! Nor bizi da emen?

AMALE: (barrundik) Zein da? (atera ta kaboa ikustean ikaratuta gelditzen da) Ai nere Jaungoikoa! Kaboa!

JOXE MARI: (Lotsati xamar) Artsalde on, izarra!

AMALE: (Ene! auxen da lana!) Baita zuri ere.

JOXE MARI: (Au dek mirabea, au!)

AMALE: (Batera ta bestera begiratuaz) Ta nere aita?... Nere aitaren billa etorriko ziñan, e?

JOXE MARI: (Xamurki) Ez, beste gauza obe baten billa nator.

AMALE: Zeruko gure Ama!

JOXE MARI: (Amale'rengana ondoratuta eta legun) Etzenduke asmatuko zeñen billa netorren.

AMALE: Bai, jauna... ez, jauna, ez... ez dakit ba... zuk nai zendukeanik ez daukagu emen... ta gañera nere aita alpargatagille beartsu bat besterik ez da... ta.

JOXE MARI: Etxean orlako gauzak dauzkana beartsua beraz, e?

AMALE: Etxe barrunbean ez daukagu guk ezer.

JOXE MARI: Eta zuk (legun) ez al dezu ezer balio bada?

AMALE: (arrituta) Zer ari zera esaten?

JOXE MARI: (sutsu) Zu zerala nere biotzeko maiterik maiteena.

AMALE: Ori ez dezu benetan esango, e?

JOXE MARI: Benetan ez detela esaten?

AMALE: Nik uste nuen...

JOXE MARI: Zerengatik nabillela uste zenduen egun guztian zure etxe inguruan biraka?

AMALE: Neregatik?

JOXE MARI: Jakiña bada.

AMALE: Eta ni batere oartu gabe! Auxen da lasatasuna ematen didazuna.

JOXE MARI: Egitan diozu ori, Amale?

AMALE: Ez dakizu guzi-guzia. Nere aitak jakiten duenean!...

JOXE MARI: Asarretuko ote da?

AMALE: Bai zera... (ustegabean itzegiten ariñegi ari dala antzematean) Baña... Jaungoiko maitea, zer ari naiz ni... Ez da erotu banintz ere.

JOXE MARI: Zuk bai naukazula erotuta.

AMALE: Txoroa ote naiz! Nik ezer esan al dizut bada?

JOXE MARI: Zer, orain orrekin ateratzen al zera?

AMALE: Beste zerbaitengatik ari ziñala uste bai-nuen.

JOXE MARI: Zer esan nai dezu orrekin?

AMALE: Neronek bai-aldakit... (Auxen da lana).

JOXE MARI: Ez gero neri orrela jarri.

AMALE: Ustegabean esan baidizut....

JOXE MARI: Ustegabean? Bañan zer esaten ari zeran esan zaidadazu garbi.

AMALE: Ori nik añaxe jakitea da.

JOXE MARI: Pixka bat maite nazula jakitea naikoa nuke.

AMALE: Urrengoan esango dizut.

JOXE MARI: Ta gaur zergatik ez?

AMALE: Gauza oik bat-batean esaten ez diralako. Gañera gauza batzuek esan gabe asmatzen dira (Xamurki begiratuaz).

JOXE MARI: Bañan, Amale!...

AMALE: Oraindik geyago nai al dezu?

JOXE MARI: (Pozez) Ez, naikoa det. Ori poza ematen diozu nere biotzari.

AMALE: Iraunkorra izango ote da?

JOXE MARI: Nere bizi guztian ez naiz zutzaz aztuko.

AMALE: Ez da ni ere.

JOXE MARI: Agur bada nere kuttuna... laixter arte.

AMALE: Agur, Joxe Mari, nai dezun arte.

JOXE MARI: (Joaten da) Nere pozarekin ibiltzen ere ia aztu zait. (Amale'k laguntzen dio atadiraño).

AMALE: (alai) Ametsetan ote nabil! Kabo gizajoa! Nitzaz txoratua egon ta nik batere antz emangabe. Izango ote naiz tuntuna!

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Amale ta Txurrut.

 

TXURRUT: (Sartuaz baztar guztitara begira).

AMALE: Nun ibili da aita?

TXURRUT: Jainkoak besterik ez daki.

AMALE: Ez dakizula zein izan dan emen?

TXURRUT: Jakingo ez det bada? Kaboa!

AMALE: Nerekin itzegiten egon da.

TXURRUT: Zurekin? Ta zer esan dizu?

AMALE: Berorrek gutxiena uste duana.

TXURRUT: Edozer gauza, likiskeri orrek.

AMALE: Ez beza, aita, orrelakorik esan... Nik oraindikan arkitu deten mutillik jatorrena da ta.

TXURRUT: Emakumea, oso erotu altzera?

AMALE: Zergatik dabillela uste dezu gure etxe inguruan?

TXURRUT: Gu ondatzeagatik?

AMALE: Ez, aita.

TXURRUT: Zergatik bada?

AMALE: (Bera begira) Nitzaz txoratua dagoalako.

TXURRUT: A, tuntuna, emakumeak edozein gauza sinisten dezute.

 

 

AMALAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Leontxio mikeletea.

 

LEONTXIO: Artsalde on...

TXURRUT: (Oraintxe bai ezin nezakela alde egin) Zer nai zenduke?

LEONTXIO: (Asarre) Jakin degu etxe ontan kontrabandoko ardoa ta ñapa saltzen dituzutela ta egia ote dan ikustera bialdu naute.

TXURRUT: (Alabari) (Ara nun dezun mutil jatorra. Piatu zaitez orlakoekin). Zer ari zera esaten, gizona?

LEONTXIO: Berriketa gutxi nerekin, ta lenbailen esan zaldaizute zer ta nun daukazuten.

TXURRUT: Kaboak esango zizun ori e?

LEONTXIO: Zer kabo ta zer sarjento... tira, tira azkar, bestela nik eramango zaitut bear dan lokira.

TXURRUT: Nora?

AMALE: Zergatik?

TXURRUT: Au ez da ni bezelako gizon beartsu bati egitekoa!

LEONTXIO: (Denda begiratu ta baztar guztiak begiratuta ez du ezer bilatzen) Neri ez didazute, gero, ziria sartuko!

TXURRUT: A gizon aula ta zitala... Badakigu bai nork esan da etorri zeran.

AMALE: Ez nuen uste kaboak neri ori egin bear ziranik.

TXURRUT: Ez ta nik ere.

AMALE: Ta ni, txoro au, orrek esan zizkidanakin sinistuta.

TXURRUT: Nere aurrean arrapatuko banu.

LEONTXIO: Ea, zu, atoz nerekin.

TXURRUT: Ni zurekin, nora?

LEONTXIO: Kartzelara.

AMALE: Nere aita ez da joango emendik.

LEONTXIO: Begira gero, e! ixo zuk mingain ori.

AMALE: Ez naiz ixilduko.

LEONTXIO: Tira azkar, ta onean nai ez badezu, lotuta eramango zaitut. (Txurrut besotik artuta daramaki eta Amale, exerita negarrez gelditzen da.)

AMALE: Nere aita maitea (negarrez) Errian dan gizonik onena kartzelara... ai! ai!...

 

 

AMABOSGARREN AGERRALDIA

 

Amale ta Kokotx.

 

KOKOTX: (sartuaz) Nere nagusia mikeleteak daramakitela ikusita, ez dakit nola malkoak atera etzaizkiten.

AMALE: (negarrez) Ai! ai!...

KOKOTX: (Amale'ri) Negarrez altzaude? Emakumea, ori ez da ezer.

AMALE: Ez dala ezer? Nere aita gizajoa kartzelara eramatea ez dala ezer diozu?

KOKOTX: Aterako dute bai.

AMALE: Nik zer egin bear det orain aitik gabe?

KOKOTX: Emakumea, etzaitez orla jarri, ni ere emen nago-ta.

AMALE: Ez dezazula orrelakorik esan, berriketarako ez nago.

KOKOTX: Gizajoa! nere nagusiaren arpegiak ildakoena zirudien.

 

 

AMASEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Joxe Mari.

 

JOXE MARI: (leiotik) Minutu batean ere ezin egon naiz nere kuttuna ikusi gabe. Ai ori mirabea dago nere Amaletxo!...

KOKOTX: Ezin egona egin al-zaizu Amale?

AMALE: Ai au lana!... Nere aita maitea!

JOXE MARI: (Kokotx ikustean) Azaldu al aiz, mutil?

KOKOTX: (atzera salto egiñaz) Orra berorren txarkeriengatik nola dagoen.

JOXE MARI: (larri) zer gertatu da emen? Zer dezu?

KOKOTX: Zera... zuk gure etxera kontrabandoa arrapatzera bialdu dezun mikeleteak gure nagusia kartzelara eraman du-ta.

JOXE MARI: Zer esaten didazu? (Amale'ri xamurki) Amale!

AMALE: (alkitik jaiki ta gorroto bizian) Etxe ontan sartu ta nere aurrean jartzeko lotsik badezu?

JOXE MARI: Bañan zer esaten ari zera emakumea!

AMALE: Zuk egin dezuna, gizona danak ez du egiten. Zoaz nere begien aurretik.

JOXE MARI: Orain ikusiko dezu ni nor naizen. (Kokotx'i) Nork eraman du zuen nagusia kartzelara?

KOKOTX: Leontxio mikeleteak.

JOXE MARI: Eta zer kontrabando billatuko diote etxe ontan?

KOKOTX: Ez det uste ezer billatu diotenik.

JOXE MARI: Beraz ezer ez? Ta noiz eraman du?

KOKOTX: Orain dala gutxi.

JOXE MARI: Amar minutu barru Amale'ren aita ezpadago alpargategi ontan nik jakingo det zer egin.

AMALE: Ea nere aita gizajoa etxeratzeko bidea egiten dezun.

JOXE MARI: Ez kezkik izan. Nere maitearengatik ori ta geiago egiteko nago-ta.

AMALE: Jaungoikoaren izenean!

KOKOTX: Ea, bada, orlakoren bat egiten dezun.

JOXE MARI: Nere maitea! Egon lasa¡, zure aita laixter emen dezu nik ekarrita. (Joaten da).

 

 

AMAZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Amale ta Kokotx.

 

KOKOTX: (arrituta) ikusten detanez kaboa zutzaz txoratua dago, e?

AMALE: Lenago emen izan danean ala aitortu dit beintzat.

KOKOTX: (alai) Ori orla bada poztu giñezke.

AMALE: Ala alderizkiotzu?

KOKOTX: Ez dakizu zuk Mikelete bat noraño iristen dan mirabe batentzat txoratzen danean.

AMALE: Ez dakit bañan gure aita bereala etorriko dala iruditu zait.

KOKOTX: Neri ere bai. A zer besarkada eman bear dioten nere aurrean ikusten detanean...

AMALE: Baita nik ere.

 

 

EMEZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Balantx.

 

BALANTX: (Mozkortuta balantxaka) Biotzean arantz bat sartuta daukatela iruditzen zait eta konzientziak ez dit agintzen orla kezkaz egotea. (Leiotlk) Amale!

AMALE: Ene, ori mozkorra!

BALANTX: Barkatzen al didazu?

AMALE: Nik zer barkatu bear dizut zuri?

BALANTX: Judas baño paltso aundigoko bat naizelako.

AMALE: Zer diozu, gizona?

BALANTX: Oraintxe ez dakit zer egingo nuken.

KOKOTX: Zuk? txiki bat ardo edan iñork emanezkero.

AMALE: Zer gertatzen zaizu?

BALANTX: Barkatzen al-didazu?

KOKOTX: Au ote da Leontxio Mikeleteari, guk emen ñapa saltzen degula salatu duena?

AMALE: Moskor, txatxu, alena! Ez dakit lotsaz nola erortzen etzeran lurrera.

KOKOTX: A, ezereza, onek sartuarazi du bai gure nagusia kartzelara.

BALANTX: Nere asmoa etzan orrenbesterañokoa.

AMALE: Zaude ixilik, lan ederrak egin dituzu.

BALANTX: Bai; ala da, bañan damutu zait.

KOKOTX: Utzi zaiozu mozkorrondo oni, bere burua ere zutik ezin jaso du-ta.

 

 

EMERETZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak Txurrut eta Joxe Mari.

 

TXURRUT: (atetik Joxe Mari, alai ta besoak zabalik) Amale, nere alaba maitea!

AMALE: (Aitarengana besoak zabalduaz) Aita, nere biotzeko aita maitea.

TXURRUT: (Joxe Marin'gatik) Ona emen gu salbatu gaituen gizona.

JOXE MARI: (Amale'ri) Ikusten dezu nik emandako itza nola bete detan.

AMALE: Ta nola moldatu zera nere aita azkatzeko?

JOXE MARI: Errez. Bere etxera joan da nere Kapitanari esan diot zure aita nik ondo ezagutzen detala ta, gizon jatorra dala ta, kontrabandoko gauzik saltzen ez duela ta...

TXURRUT: Egia; ta orduan bereala azkatu naute.

AMALE: Ta orain nola ordaindu bear dizut zuri orrengatik zor dizutena?

JOXE MARI: Kapitanari esan diotena ez ukatuaz.

AMALE: Zer esan diozu bada?

JOXE MARI: Nere andregaya zerala ta....

AMALE: Ai ene! Ez nuke nai ba neregatik beintzat Kapitanaren aurrean gerzurtitzaz gelditzea.

JOXE MARI: Nere Amaletxo! Zure itz xamur oek munduan arkitu al leiken gizonik zorionekoena egin naute.

TXURRUT: Ni ere orrelako gizon jator bat nere alabaren senargaitzat ikustea postutzen naiz.

KOKOTX: Au mundua! Lengo ixtilluak ikusita zeñek sinistu bear zuen au gertatuko zanik?

BALANTX: Barkatzen al diak, Joxe.

TXURRUT: Emen alaiz pixti madarikatua! Nun da eztena?

JOXE MARI: Au al zan Leontxio'ri salatu diona?

KOKOTX: Au bai, arlote au, moxkor-etxe au.

 

(Batek alkia, besteak eskoba, ta besteak eztena artuta atzetik jarraitzen diote Balantx'eri, onek ta alderoka ta zalapartan iges egiten du dendatik).

 

AMALE: Neurriz erango balu, utsa.

JOXE MARI: Tartean orain ere madarikatutako edaria. Onek galdu bear digu oraindik gure Euzko-erria.

AMALE: Orrek beintzat abereak bezela edaten du.

TXURRUT: Ez da sartuko geyago gure etxean arlote ori.

AMALE: Ez da patarrik ere geyago gure dendan.

KOKOTX: Alaxe da. Lengo esturasunak ere naikoak ditugu.

TXURRUT: Emendik aurrera ñapa saltzeari utzi ta alpargategitzari geyago begiratu bear diogu.

AMALE: Gaurtik aurrera txurrut gutxigo ta lan geyago.

JOXE MARI: Ori da nik nai nukeana. Gauza bakoitza bere neurrian.

TXURRUT: Len edari txar ta gogorrak saltzen alegindu geran bezela orain, edari txarrak gizonari zenbaterañoko kalteak ekartzen dizkion erakusten alegindu bear degu.

JOXE MARI: Ta ortarako geok asi bear degu lenbizi erakuspen onak ematen.

KOKOTX: Ori da, ori!

TXURRUT: Bejondaizula.

JOXE MARI: Ta orain eskaera bat egin nai nizuke.

TXURRUT: Esan, esan nai dezun guztia.

JOXE MARI: Ainbeste maite nauen zure alaba Amale'kin ezkontzeko baimena emango al diazu?

TXURRUT: Bai, ta pozik gañera.

JOXE MARI: Eskarrikasko.

TXURRUT: Eta Jaungoikoari nai dakiola egun ori lenbailen irixtea.

KOKOTX: Oik bezelako beste biko egokigorik euzki-azpian billatzea naiko lan.

TXURRUT: Esanak esan ta ortik aurrera, geroxeago nere kontu, nene illobatxoei euskel-izenak jarri, ta aita-gurea ta gañerako otoitzak euskeraz erakustea!

 

BUKATU DA

 

aurrekoa