|
AURRE-ITZA «Ad veritatis imaginem fictae». Antzerki auxe irakurri ta aztertzeko ontartea egingo didatenai adierazpen labur batzuek zor dizkiet: nere lantxoa sortutzerakoan asmo ta gogo zeintzuk izan ditudan aditzera eman bearren nago. Iparragirre deritza. Ez da ez komedi ez trajedi, bai bien arteko. Norbaitek izen utsa ikusitakoan iriparrari ezin eutsiaz errukituko nau, agian, berak jakingo du zer dala-ta. Beste batzuek, berriz ez dute gaia egokia arkitu: ezaunegia edota urriegia. Bertsolari arlote baten ibilkerak ez dirala antzerkira aldetzeko diña. Geitxoenak, uste det, nere aukera aintzakotzat artu arren ez dute apika oniritziko aurkeztu ta tajutu dedan era. Batzuei ta bestetzuei eskeñiak dijoaz darraikioten zergati ta zuzenbideak. Ez dakit «estarijitarra»ren ala «Pernando Amezketarra»ren arrazoiez asi. Nere ezjakiñez bigarrena obeto dagokit. Alaz guztiaz, jakitunai ikasitako zerbait azaltzen badizutet, da adierazteagatik, bai erriaren erakutsiak, eta bai jakitunen iritzi ta onuak gogoan ibilli ditudala onoko antzerki au osatzeko. Iparragirre gaitzat artu badet euskaltasunean ezagunenetakoa dalako izan da. Bai al zan aldi artan beste gizon bat ain entzute orokorra izan zuanik? Ez det epaitu nai otsaundi ori ona ala txarra danik; gurea bai ordea, Euskal-Erri guzikoa, iparraldean bezenbat egoan zabaldua. Europa guzira ta Amerikararino eldu zana. Ezaunegia izatea, beraz, kaltegarri ez ezik laguntzalle bikain ta baldintzarik nagusiena da, ikusle ta entzuleen, baitan, kolkoan, izuikara (pathos) ta pozkarioa (sofrosyne) sortze arren. Gaur dan egunean Iparragirretzaz maizago gaizki itzegiten dala badakit; aintzakotzat artu nai ez dutenak badirala ere bai. Gizon zan aldetik utsegite asko izan zituan noski. Guzien berri badet eta ez dizut, iñolaz ere, estali nai izan. Ori ez da antzerkigillearen egitekoa. Nere «dramatis personae» ezur eta mamizkoak dira ta ez «Billintx»eren zaldi zuriaren antzekoak kartoiaz egiñak diruditenak. Euskaldunok ekandu on askoren jabe bagera ere, alkarrenganako ezin ikusi ta griña txar ugari ditugu aspaldidanik. Arrotzaren zoriona naigo degu gere jatorrikoarena baño. Au nik baño lenago Larramendi aba argidotarrak esana da. Ezin ukatu diteke «Iparragirre» leñargia izan zala bere arlotekerian; ta euskaltasunaren suspertzalle, Euskal-Erria lozorroan ta argalduta zegon garai batean. Beste ezergatik ez bada ere aren oroipena omendu dezagun. Azkenik, bain gaia aukeratuta nola ta zeintzu bidetatik elbururaño zuzendu dedan aitatzea nijoakizute. Isidor deunaren itz auek goiburutzat artu ditut: «ad veritatis imaginem fictae» au da: egiaren ispillu ala irudi. Igarriko diozute ontaz esan nai dedela nere antzerkia «egi antzean» antolatuta dagola. Antzerki mota artean, gizarteko, irritsu, erakusle, elizkoi, olerkitsua ta abar egizalea (realista), au da, egi antzean tajutzen dana artu det eredutzat. Orretara euskaldunen izate berak narama ta gure barruko argurio ta zaletasunez ongi datorrela uste izateak. Au dala-ta, erdi trajedi, «zoritxar-antzerki» ontan ez dezute, beste zenbait antzerkitan bezela, bakarrizketarik arkituko. Jarduna ta erausia alkarren artean egin oi degu, eroak ez ezik. Gañera, ontzat artuta dago, mintzoa ez dala norberaren gogoa agertzeko biderik bakarra. Agurogo dijoaz adimenaren oldozpenak itzen otsak baiño. Beste zertxo bat: abo-izketa (erderazko: aparte, parler àpart, beseitsprechen) ta antzeko lakemenak nere lanetik urrutiratu ditut. Irudigille bakoitzaren ezaguera, gerok zuzen, berak egin ta diotenarengatik burutuko degu; gerok entzun ta ikusten degunagatik, ta ez besten esanetik nabaitu zer izakera duten. Egintzaren iraun aldia, egun batetik besterañokoa. Aitatutako bakantasunak ta zenbait geiago izan bide dira «egiantzeko» antzerkiaren ezaugarri. Orok ordea aipatzeko aurre-itz au gogotik luzatu bearko nuke. Jakin-gose ta antzertizaleak, ezaugarri orien albistiak nun nai arki litzazkete. Onela izan arren eleketa, izkerari buruz, zerbait geiago erantsi bear det. Izkera Gipuzkoan darabillgun berbera da. Itzen bukaera ta aldakuntzak nere belarriz entzunda bezelatsu ipiñi ditut. Arreta aundienaz, lan au eratzen alegindu naiz. Alaz guztiaz, gurdi bat oker oar ditzakezute, estu-estu azterketa egitera bazoazte. Sarritan, errijardunean, gure belarri edo entzumenak, bizpairu itz batean entzunagatik adibidez bukaerako n ta asierako z alkar arkitzen diranean ez ditut nastu ta alkarrekin josita idatzi nai izan, fonetika arauz, naspilla izugarria ez sortzeagatik. Irudigille (personaje) bakoitza, al izan dedan giñoan bere errialdeko euskera berezian mintzatzen da. Ez da erreza ordea, erri batean asten dan izkera mota ta besteraño dijoana banatzen. Gutxi-gora-bera artuak daude. Norberak soñeko jakiña daraman antzo baita ere gogo-jantzi berezia izan dezan. Ez dezala iñork uzte izan Iparragirreren bizitzaren kondaira oso ta zeatza nere lantxoaren iru ekitalditan emango diodanik. Ez. Oar oni: gertaera guziak ogeitamasei ordu dirau. Garrantzi aundienekoak nik aukeratutakoak izan ote zitun? Berau ote da Iparragirreren bizitzan antzerki-une nagusia? Asmatu dedan ala ez zuek erabakiko dezute; ta nere egiantza «gezurrantza» ez ote dan ere bai. Ontan antzerkigillearen itzak indar gutxi du. «Die Sprachekraft ist ind dem kritiker». Itzen indarra aztertzalleen iritzian omen dago. Onela dio lenago aitaturiko Kerr alemanak. Norbaitek ikusi lezake nere begiak iritxi ez duten argitasun edo lausoa. Ta baita ere, baliteke zenbaitei Iparragirre au irakurri ala ikustean, neronek idaztekoan gogoratu ez zaizkidan ikurpen ta xedeak otutzea. Amaitzeko. Erriak ta geroak ondoen epaituko du. Beren oniritzia irabaztearren leiatu naiz. Gaia egokia nun. Motz gelditu banaiz nerea bakarrik da errua. LABAYEN'DAR ANDONI M.ª |