|     20-21 zenbakiak, 1933ko abuztua-iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


Sopokel

 

ANTIGONE

 

Zaitegi'tar Joakin, S.I.'ek euskeratua.

 

 

ESKEINTZA

 

        Arri ibillokiak goroldiorik ez, ta erle uxatuak abaraskarik ez duten antzera, Aberri urrun, ara ta ona nabillen onek, euskel-lan aundirik ezin dut burutu.

        Aal dudan apurra, ordea, naitasunez egiten dizut. Gaur, Elade'tik natorkizu; nere bide-saskitxoan ango puni-sagar urtsu ta gaimelurrik ez dakart; nere gaztaroko atsegiña izan zan idaztiño bat baño.

        Beraz, opari au, nere biotzaren beroaz igortzi, ta, nere gogoaren atsez lurrinduta, eskeintzen dizut, euskel-antzerkigille zindo orri!

        Sopokel ao-ederraren Gerkel-antzerkia duzu: orea orantzak artzi oi du. Guk, ere, euskel-antzerkiak mardulagotu ta bikañagotu nai ditugu.

        Gerkel-elerti zelai ikusgarrietatik landara-txerto au birlandatu dizut, gure antzerki-mintegi berrira. Erroak azi ta aldaskatu bitza gure zugatz gaztean!!

Marneffe 'tik — (Belg).

 

 

AURRE-ITZA

 

        Antigone irakurri baño len, ara or artzerki matazaren bilbea.

        Eteokes ta Polineikes anaiak, Teba uriaren aurrean il dira. Lenengoa, yayoterriaren alde ari zan, bigarrena, berriz, beraren buruzki.

        Biaramonean, Kereon Errege berriak Polineikes'i illobirik ez eraikitzeko agindu zun. Zigor au, agitz gogorra baitzan, antxiñako aldietan.

        Antzerkiaren asieran Antigone'k yauregi atean yoka, Ismene'ri ots egin eta bien anaiari lurra emateko asmoa azaltzen dio: ezetzkoa yaso dun ezkero, bera bakarrik dijoa beraren neba obiratzera.

        Ondoren, antzokiratzen da Teba'ko agure zarrak osatzen duten abeslari taldea.

        Bi aizpak ari izan dutenaren berririk ez dakite abeslariak. Beraz, Tebar gudari-taldeak irabazi dun gurenda ta Polineikes'en eriotza bidez, beren aberriari argi egin dion egunabarra, ahapaldi biribil eta ederrez agurtzen dute. Onela, Sopokel ao-ederrak azkenengo antzerki-atal samingarrien aurkez, gertari alaiok eskeintzen dizkigu.

        Kereon Erregea arrandiz agertzen da. Polineikes'i illetarik ere ez egiteko aldarrikatu dun agindua abeslari-taldeak aintzat artu ordukoxe, lenengo geznaria eltzen da, nork edo nork ausi dula esanaz.

        Kereon'ek berri ori entzutean asarre sumiñez iñun diranak yalgitzen ditu. Errege ta geznaria antzokitik irten, eta abeslari taldeak gizonaren adimen, igurdizi ta trebetasuna gaitzat artuta, bere baitan ausnartzen ditunak ezari-ezarian ixuritxen ditu. Lera zantarrak darabiltenean gizonak burutzen ditun okerkeriak ere bidenabar aitatzen ditu.

        Antigone, Oidipus zorigaiztodunaren alaba, billurrez lotuta, geznariak dakarrela, abeslari taldeak ikusi du. Ikuskizun negargarria ote? Enuxu-banuxu lotzen da.

        Neskatxa orrek, ordea, Kereon'ek agindu zuna ausi du, ta Errege beraren aurrean zabal-zabal aitortzen du. Bere biotzak bete bear zun egitekoa burutzearren, bai egin ere.

        Egite orrek, abeslari taldeari Antigone etxekoen zoritxar eta naigabeak gogoratzen dizkio. Yauregi au azpikoz gora irauli ta erro itzuliaz zotukatu zuten añenak aipatuta gero, Kereon'eu seme ta Antigone'ren senargai dan Aimon agertzen da. Aita-semeak izan duten elkar-izketa beroan, auxe oartu du abeslari taldeak: alegia, erri osoa Antigone'ren alde ta Kereon odolgorriaren aurka dagola. Gañera Aimon'ek Antigone'ri dion maitasun su-garra Kereon'ek itzali eziñaz zirikatzen ditula, Aimon en esanak ontzat artzen baititute. Kereon'ek andik aldegitean, maitasunaren olerkia esaten dute. Aimon'en etxea iñarrosiko dun ekaitza maitasunak dakarke.

        Alperrik yardungo dit Antigone'kin alkarrizketan bere zoria eztitu ta xuritu nairik.

        Neskatxa ori dijoanean, abeslari-taldeak begi-illunez, Danaas, Antigone iduri, espetxeratua gomutaratzen du. Baitegian, ordea, Tzeus'ek ikertu zun, Aimon'ek Antigone ikertu zun antzo. Arrizko espetxean ertsita, bere erokeriaren aunditu-zornea dariola, Likurga'ren zoritxarra gogoratzen du. Gero Erregiñaren bi semien zori ertuna deitoratuz, Keleopate'ren erio beltza burura dakarkigu.

        Olerki ontan, beraz, zabal zabal adierazten digu Kereon'ek yasan bearko dun zigorra.

        Bosgarren atalean, Teiresi azti zarra, aren itxu-mutila lagun agertzen da.

        Abeslari taldeak susmatzen zitun naigabeak bete-betean egiztatzen ditu agure onek. Antigone ta Polineikes'en yarkiz egindakoen ordañez, laistertxe ikusiko du Kereonek bere semea il da.

        Kereoni egintakoaz garbaitu ta bear zana burutzeko aolkatzen dio: Polineikes illobiratu ta Antigone askatu.

        Orixe egitera Kereon doala, Tebako zaindari zan Jainkoari arren egiten dio abeslari taldeak, uria zematzen dun zigorragandik yagon dezan.

        Beranduegi, ordea. Orduantxe geznaria dator, Aimonen eriotzaren berri ekarki.

        Yazokuna erregiñaren antzinean darrai geznariak, Aimon eta Antigone'ren eriotza azalduaz. Bildulgarri aienatzen da erregiña: abeslari ta geznaria sarrakioak artu ditu. Lau orritan daude.

        Azkenengo agerraldietan, negarrez dagon Kereon abeslari taldeak larderiatzen du, gizon zurrak izateko yainkoen esanak bete bear dirala aitatuaz.

 

 

        OARRAK

        1.ª Orain argitaratzen dudan antzerkia eladeraz Errandonea'k S.I. dakerrenez euskerara itzuli dizut: nere irakasle izandako Aba aipatu orrek maitasun-agiritzat ar beza. Gañera, beraren oartxo asko on-iritziz ainitz lagun didatela pozik aitortzen dizut irakurle.

        2.ª Ormaetxea'tar Nikola (Orixe) Jaunari eskerrik asko egin nai dizkiot; nere lan au orrazten ekin dulako, zor baitizkiot. Euskeralpen ontan ausaz arkituko dituzun une zeatzak berari egotzi.

 

 

 

ANTIGONE

 

EKITALDI BAKARA

 

 

ANTZEZ-LAGUNAK:

        ANTIGONE, Oidipus'en alaba.

        ISMENE, Oidipus'en alaba.

        KEREON, Bakalduna, Antigone ta Ismene'ren osaba.

        EURIDIKE, Erregiña, Kereon'en emaztea.

        AIMON, Kereon'en semea.

        TEIRESIES, Aztia; agure ta itxua da.

        YAGOLEA.

        GEZNARIA.

        BIGARREN GEZNARIA.

        ANTZOKIA: Antzerki-gertaria Tebas'ko bakaldun-yauregiaren aurrean yazotzen da. Antzokira bide dagite iru atek: erdikoa, Erregearen atea; ezkerrekoa, emakumien sarrera duzu. Emendik irten da Ismene: onen zai da Antigone. Goiznabarra da.

 

Antigone ta Ismene.

 

ANTIGONE: Ismene, ene aizpa kutun! Oraindaño gure bizitzan Oidipus'gandiko zoritxarretatik Zeus'ek yaurti ez digunik ote dan, bai al dakizu? Ire ta nere loietan ikusi ez dedan oñaze, arriabar, geren eta sapokeririk izan litekenik ere, ez baitiñat uste. Orain, berriz, Bakaldunak erri danari arestian eman dion agindu ori, zer da? Ez al dakin? Ez al den ezer entzun? Etsaien bidez, gure adiskidien buru gañera zetorzkiñan gaitzen berri ez al dakin?

ISMENE: Antigone, tutit ez diñat entzun, ez atsegingarririk, ez samingarririk, gure neba biak alkar egun bertan eranda (ilda) biok bakarrik gelditu giñunan ezkero. Argeio'tar gudarostea bart yoan den; eta, besterik ez zekiñat, ez zorioneko, ez zoritxarreko berririk...

ANTIGONE: Ederki natxekiñan; eta, ate aurrera ots egin diñat, bakarrik entzun ezadanan.

ISMENE: Zer da beraz? Zerbait ausnartzen ari aizenala, baitirudin.

ANTIGONE: Ez al dizkin ba, Kereon orrek, gure nebak, bata illobia emanaz ospatu; bestea, berriz, obiratu gabe itsusitu? Eteokel alegia, zuzenbidez lurperatu omen din, an be-bean, illen artean ospatua izan dedin. Polineikes, errukigarri ildakoaren gorpu illotzari, ordea, lurrik ez emateko; illetarik ere ez egiteko erritarrei aldarriz agindu omen zien; erostake, ostera, obiratzeke, lur gañean uzteko, ikusten duten egazti arraparientzat yaki-gai ezti. Agindu au iri ta neri (neri ere baietz zionat) eman omen din Kereon-onak, ta, onera omen zetorren ez dakienei. argi ta garbi yakin-erazi dezaien; gañera, nolanaiko ta zelan-alako arlotzat ez oi din esaten; baña, bat edo batek eragozpen ura austen badu, erri erdi-erdian arrika ilko omen din.

        Ala den: eta ik aurki adieraziko den yaiotzez aiton-alaba yatorra aizan, ala, guraso zindoengandikoa izan arren, dollora ote aizen.

ISMENE: Nik ordea, gaixo ori! Onezkero, zer eratxiki dikenat, naiz alde batera, naiz bestera yota?

ANTIGONE: Esaidan: lanean lagundu eta nerekin batera yardun nai al den?

ISMENE: Baña, lan arlo ori nolakoa da? Zer adierazi nai didan?

ANTIGONE: Esku oiekin batera illotz ura yaso gura al den?

ISMENE: Baña zer? Erriari gebendu zaion ura lurperatzeko asmoa al den?

ANTIGONE: Ura beintzat bai, nebe baitet, baita ik ere, nai ez baden ere. Iñor saltzen ez bai natxoen atzituko.

ISMENE: Ergel, alaena! Kereon'ek gebendu baitin...

ANTIGONE: Ni etxekoetatik aldentzea, Kereon'i ez zaion ordea zillegi.

ISMENE: Ene! Gogoratu ezan aizpatxo! Gure aita zana, bere burua ogendun atzematean, berberak bere atzaparrez bere begi biak erauzita, gorrotogarri ta osperik gabe il zala. Gero, bere ama-emazte zanak —izenez bakarrik bikoitza— lokarriak korapillotuta bere bizia galdu ziñan. Azkenez, gure neba biak alkar eraso ta errukigarriak! egun batean eriotza batek il zetinan. Orain berriz, gu bakar bakarrik gelditu gaitun eta oartu ezan gure eriotza ikaragarriagoa izango dala agindu au ausiaz, Bakaldunaren erabaki ta eskubidea zapaltzen ba'ditugu.

        Baña, yaiotzez emakume gerala, gogoratu bear den, eta gizonen aurka ezin degula yokatu. Gañera, altsuagoak agintzen zigunate, eta, agindu au baño ere galgarriagoak ere entzun eta egin bearko dizkiñagu. Nik beñiepein, an lurpean zeudenen ildakoei, asketsi dizadatela arren, eskatu, ta agindu zidaten esana egingo diñat; besterik eziñean bai-natxion. Aurreraegi sartzea ez den zur.

ANTIGONE: Ezezkoa eman didanan ezkero, berriro ez diñat eskatuko ere, ta ik egin nai ta ere, nerekin eta nere gogoz ez unake egingo. Zer aukera denan oartu ezan...

        Nik, ostera eortzi egingo. Au egitean, iltzea, eder baitzait. Maitegarri maiteakin etzango naun, eginkizun deuna egin-bearrez agindua ausi dedalako. Luzaroago ederretsi bear dizkiñat beko illak, emengotarrak baño. Aiekin betiko egon bearra bai-naun. Baña ik, orrela nai ba'den, Yainkoak ongiesten zitunak gaizkietsi itzan.

ISMENE: Nik ez dizkiñat gaizkiesten. Baña, erriaren alde gabe, ezin diñat ezer egin.

ANTIGONE: Bai, bai, apukoz ire burua babestu! Ni yoan egingo naun; biotz-biotzeko neba maiteari obia eraikitzera.

ISMENE: Ene! zorigaiztoko orrek bildur larritan yartzen naun.

ANTIGONE: Nere beldur ez adi izan. Eure zoriari, agokio.

ISMENE: Burubide ori bederen, iñori ez esan. Ixillik euki ezan eta nik ere, ixillik eukiko diñat.

ANTIGONE: Ez, ez, bazter guzietan aldarrikatu! Ixillik eukitzen ba'den eta guztien aurrean esaten ez ba'den, neretzat gorrotogarriagoa izango aiz.

ISMENE: Sutan den biotza izozkizunetan ere.

ANTIGONE: Baña, ala ere, ederretsi bear ditudanak ederresten ditudala ba'zekiñat.

ISMENE: Ai balitz, bai; eziñaren atzetik abil, ordea.

ANTIGONE: Besterik eziñean, geldituko naun.

ISMENE: Baña, eziñaren usmoan yardutea, ezpaita egoki.

ANTIGONE: Orrela ari bai aiz, etsai akit: eta ildakoari bidez gorrotogarri aizela, berakin batera etzango aiz. Utzi, ordea, neronek eta nere zorakeri onek edozer zoritxar yasaten. Zoritxar oiek, galgarriak izan arren, eriotz eder diñaket.

ISMENE: Nai ba'den oa! Bururik ez den, baña bai adiskidienganako maitasuna biotzean. (Badijoaz. Antigone baso aldera ta Ismene yauregi barrura. Abeslari-taldeak goiz-argia agurtuaz abesten du).

ABESLARI-TALDEA: [OARRA: Antzerki au antzeztu nai izan ezkero, abeslari-talde ta talde-buruaren ordez, antzezlari bakarra ezarri diteke. Antzezlari onek, ordea, olerki oyek, astiro, ipin-apan esan bitza. Onela-edo, abeslari-taldearen egin-bearra aintzaz beteko litzake.] Zazpi atedun Tebas'i agertu zaizkion argi izpi oro baño ederragoa aizen eguzki zirrinta! Noiz-edo-noiz dizdiz egin diguk urrezko egunaren betazal orrek! Dirkai iturrien gañetik igaro ta Argos'tik zetorren gudari babeskin-zuri, iskilludunari, arin baño ariñago iges eraginda. Aien buru zan Polineikes'ek, eztabaidak zirala ta etzirala zirikatuta, gure aberriruntza egaz egin zun arrano batek bezela urubika, elurra bezin ego zuriz estalita; baranoan, iskillu ainitzen otsak entzuten ziran eta aien buru txapeletan zaldien zurdilleak igitzen ziran.

        Gure etxe gañetara eroritzeko zala, ao irikia inguruan aztamakil zarraski-zalez erabilli ta aldendu zan, bere eztarri-zuloak gure odolez ase ta piñu-kea darion suak gure yauregien burestuna erre baño len.

        Bere sorbalda inguruan, onelako guda-burrundara izugarria —iransuge arerioak garai-eziña— erakori zan. Zeusek, ordea, mingaiñ arroen arrandi-otsak gorroto oi ditu. Ta aiek, urrezko iskillu-zalapartaz arrotuta, ugalde ugari antzo, urreratzen zirala, ikusi ta arresi goi-goitik gurenda eresia abesteko zirala, sua egotzi ta uzkailli zitun.

        Zuzia eskuetan zuna, gure lur gañaren buruz bilin-balaunka erori ta burrunba entzun zan; bultzakada eroz, sumiñez zoratuta, gorroto ekaitzez erauntsita, orru egiten baitzun. Aien asmoak ordea, zorionez, guda eskergak —lankide esku-egokia— beste bide bat barna eraman ditu.

        Zazpi gudalburuak, zazpi aten aurrean, beste zazpi gudalburuen aurka ezarrita, Zeus garailleari burni-orizko iskillu-adiguriak utzi baizizkioten.

        Baña, aita ta ama batengandik yaiotako biak, zorigaiztokoak! alkarren aurka euren aztamakillak eraiki ta biok eriotza bat lortu zuten.

        Orain, ordea, izen aundidun gurenda ospetsuak gurdi askodun Tebas par-murritzez agurtu dun-ezkero, guden gomuta aztu dezagun. Gau daneko irradetan, berriz, Jainkoen txadonetara zuzendu gaitezen eta Tebas astintzen dun Bakeios zuzendari bekigu!

ABESLARI-TALDE BURUA: Baña ara! Kereon, Menoiko'n seme ta aberriko bakaldun berria, etorri dator; Yainkoak arestian eraiki dituten yazokun oriek eraginda edo, asmoren bat dakar: dei baten bidez, zarron batzar au bildu-erazi baitu. (Erdiko atetik sartzen da Kereon. Otsein bi ditu bide-lagun)

KEREON: Uritarrok! Aberriari dagokiona ekaitz zakarrez Yainkoek iñarrosi ondoren, berriz ibitu ta nare utzi dute. Zuek, ordea, bestetzuk utzita, nere geznarien bidez etorri-erazi zaituzt, zeinbesteko begirunez Laio'n bakal-makilla itzal izan dezuten beti, baitakit ongi. Gañera Oidipus Bakaldun zala, baita ilda gero ere, sendo ta zindo beraren semien alde baitirauzute. Orain, berriz, eurok zoritxar bikoitzez egun batean alkar yo, euren eskuz zauritu ta erio beltzez il diran ezkero, il diranen urbillen aldea nerau naizelako, orien yauralki ta eskubide oro neronek ditut.

        Lege-aziorratzietan, eta, eskubide iñarkuñetan, bere burua erakutsi baño len, iñoren gogo, aburu ta asmoak ezin ezagutu ditzakegu.

        Erria dana yaurtzen ari dan edonork, aolku gurbillenei entzungor egin, eta, norbaiten bildurrez bere mingaña lotzen ba-du, saltzallerik aundienetsat aspalditik esten dut, eta aurreratzean ere orrela etsiko dut. Gañera, aberriaren onura baño adiskidearena obesten duna, ezertakotzat ez deritzat.

        Ni, ordea, (oro beti dakusan Zeus'ek yakin beza!) Erritarren gañera zorionaren ordez zoritxarra etorri datorrela ikustean, ixillik ezin nagoke; eta nere aberriaren areriorik, adiskidetzai ezin etsi nezake: Aberria, gu zaitzen gaituna baita, ta aberri-ontzian zuzen bagoaz, adiskideak izango ditugu.

        Onelako legien bidez, nere erria gora-eraziko dut. Ta orain eredu orien arauz, Oidipus'en semekiko agindua erri danari aldarrikatu diot. Alegia, aberriaren alde gudan il dan Eteokel, aiztagari argia, gizurenak bezin ospe ta aintzat eortzi ta obiratzeko.

        Polineikes, berriz, orren anaia, (erbestetik itzuli ostean, bere aberri ta bere asaben Yainkoak surtan erre, guzion odola xurgatu ta bizirik gelditzen ziranak, guda-yopu egiñik berekin eraman gura zituna) ez dezatela eortzi ta illetarik ez dezaiotela eresi; lurperatugabe ordea, uzteko, egazti arrapari ta zakurrak mauka-mauka irentsi baño len, ikusten duten guziak biotzikara dezaten.

        Nere oldea orixe da. Nigandik bederen, gizon zindoak irabazitako dedua, dollorrak ez dute artuko. Aberri-zale dana, ordea, naiz il, naiz bizi, beti ospatuko dut.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ene Kreon, Menoiko'n seme ori! Gure aberriaren adiskide ta arerioekiko zure gurariak, oietxek dira, ziñez. Guztiok, berriz, illak eta biziak zure menpean gaude. Beraz, nai dezuna agindu!

KEREON: Ia, ba; nik esandokoen begirale izan zaitezte.

ABESLARI-TALDE BURUA: Zama ori gaztetxoagoei ezarri!

KEREON: Illotz-zañak ordea, gertu ditut...

ABESLARI-TALDE BURUA: Ezer areago, oraindik agintzen al diguzu?

KEREON: Agindu oriek austen dituenei ez alki izan.

ABESLARI-TALDE BURUA: Eriotz-gale dan añako erorik ez da.

KEREON: Sari orixe izango du, ba. Irabazi-usteak, ordea, maiz usteldu oi dute gizona.

YAGOLEA: (Izerdi larritan dator) Xistuarren, arnas-estuko ta oiñ-ariñei orpoz ipurdi eragiñik natorrela-ta, orrelako tutik ere ez dizut esango. Bidean nentorrela, buruak askotan gelditu-erazi eta bidez itzultzen niñun isti egiteko.

        Ele ainitz esaten zidan gogoak yardunaz ene baitan: «Zoro! zergatik oa? Ara ba'oa, larrutik ordaindu bearko duk».— «Berriz ere geldi ago, kaiku ori? Beste gizon baten bidez Kereon'ek yakiten ba'du, zigorrik ez ote duk izango?» Onelako bulkoak enuxu-banuxu erabilliaz bagitu ta bide laburra luze-luze egin zait. Azkenez, zure aitziñera etortzea erabaki nun. Nik dasakedana, ordea, ezertarako ez da izango; ala ere esango dizut. Uste oni tinko-tinko atxikirik bai-natorkitzu: erabakita dagona baizik ezer ez dudala yasango.

KEREON: Zerk, baña orrela izutzen au?

YAGOLEA: Lenengo-lenengo, nerekiko berriak esan gura dizkitzut. Ara! Zera ez dut egin nik; ta egin duna nor ote zanetz ere, ez nun ikusi. Beraz zuzenbidez, zigorrik ez dut irabazi.

KEREON: Terreilkan ondo diarduk eta egiñaren baranoan esi-atea eraiki ta ertsitzen duk! Ala ta ere, berriren bat adieraztera oala dirudik.

YAGOLEA: Berri ertunak bildur aundia aurrez sortu oi baitu.

KEREON: Azkenean esan, ta aldenduz ez al oake?

YAGOLEA: Esango dizut, ba. Norbaitek aurtemein illotza lurperatu ta iges egin du, larru azal gañean auts legorra barreiatu ta eginbear deunak beteta.

KEREON: Zer diok? Nor duk ori egiten azartu dan gizona?

YAGOLEA: Ez dakit. An, aitzur-zulorik ez baizan; yorraiaz urratutako lur-lorriñik ere ez. Lurra, berriz, elkor, zoizar ta itzebagi-eza. Gurpil-lorratzik ere etzan. Beraz, aztarna-gabeko zan egillea. Lenengo egun-zaiñak azaldu zigunean, guztiok gelgarri-galgarritzat etsi genun. Illotza ostendu zun; illobian, ordea, etzun ezarri; narriotua-edo, aldendu nairik, auts xe-apurraz iraizean estali zun. Zarrazta egitera etorritako pizti edo zakurren oñatzik ere etzan ageri.

        Iraiñak elkarri esamesaka asi giñan yagoleok. Yagole bakoitzak beste yagoleari egozten zion errua. Burrukan egiteko etetean geunden eta eragoztekorik iñor etzan. Bestea zala egillea uste zun bakoitzak; baña iñor ere ez oi zan etsi argi ta garbi. Iñork etzekian-eta, guztiok purrust egiñaz ukatzen genun. Guztiok gertu giñan burni goriak ezkuz artu, su gañean ibilli ta Yainko-arren, zin egiteko, ez genula egin, nork egin gura izan zun, ezta nork egin zun ere ez genekila adierazte-arren.

        Guenez, dana aztertu ondoren, guretako batek itz egin zun eta guztioi bildurrez buruak lurreruntza makurtu-erazi zizkigun. Ezpaikiñan gai berari ezer yardesteko.

        Eta, galbide gabe ere, nola ura burutu, etzitzaigun otutzen. Yazo zan berria, zuri, yakin erazi bear genizula, esan zigun, ta ez zala ezer ostendu bear. Au egitea erabaki genun eta txapelean zotz egin ondoren, ene zorigaiztoko onek! gezna eder ori nere kiza artu bear izan nun. Emen nuzu, ba, olde gabe, beste oldegabeko batzuen aurrean. Berri galgarrien geznaria iñor ez baitzaio maitegarri.

ABESLARI-TALDE BURUA: Bakaldun ori! aspaldi ezkero gogoak ematen dik egiñen ontan Yainkoren batek esku-artzen dunetz.

KEREON: Ixillik zaude, asarrearen asarrez nere biotzari gañezka eragin baño len: agure zar ta buru-uts batera izan ez zaiten. Yainkoek, ildako onenganako babesa dutela esatean, itz mingarriak darautskizu. Zutarrizko txadonak eta eskinitako opariak erre, bere aberria birrindu, ta legeak austeko asmotan zana, ongille-zurrian goresteko-edo, lurperatu gurako ote zuten, ba? Ala, gaiztoak goresten, Yainkorik iñoiz ikusi ote duzu? Ez orixe!

        Baña, nerekin pozik etzeuden zenbait erritar, aspalditik nere aurka esamesaka marmar yardun eta ezkutuan euren buruakin burbuñoka ari ziran; bear zanez, euren lepoa nere uztarripean etzuten ezarri-ta, ezin zuten eraman. Argi ta garbi bai-dakit. Oiek gero, egite ori egin dutenak sariz irabazi ditute: gizonen artean, zillarra beziñ kaltegiñik ezpaita sortu. Onek erriak zuzitzen ditu, gizonak euren etxietatik at, iraitzi oi ditu, giza-biotz zindoak ere, egiñen lotsagarriak egitera beronek lerarazten ditu. Maltzurkeri oro ere, gizonei irakatsi die; ta egikizun danaren gaiztakeria aintzat artzen. Orratiño, euren burua sariz saldu ta egiñen ori egin dutenak noiz-edo-noiz ordaindu bearko dute. Oraindíño itzal izpirik nigandik Zeuz'ek artzen ba'du, ongi yakin beza, ziñez baitiot: lurra eman dion ori arkitu, atzitu ta begien aurrera ezpa'dakarkidazute, erio utsa bakarrik ez duzute izango bizi-bizirik dingilizka esegi ta irain ori aitortu bearko didazute lenengo. Irabazkiak nundik atera bear dituzuten yakin eta edozeiñ egikizunetan irabazi gura izatea ez dala egokia, ikusi dezazuten. Bide okerretatik irabazitakoak maizago kaltegarri dirala ikusi baitezakezu, onuratsuak baño.

YAGOLEA: Itza zilegi al zait? ala itzulita, aldenduko ote naiz?

KEREON: Oraiñ ere, txitxili-patxala yardunaz, sumintzen naukala ez al dakik?

YAGOLEA: Miñ artzeko, belarrian ala biotzean aginka egiten dizute?

KEREON: Zergatik baña, diarduk or-emen yoka, nere miña nun ote dan yakiteko?

YAGOLEA: Biotzean, egin dunak; nik, ordea, belarrietan miñ damaizut.

KEREON: Yaiotzez itzontzi aundi aiz, noski.

YAGOLEA: Alare, nik beintzat, ura ez nun egin.

KEREON: Bai, orixe, ire burua zillarraren ederragatik salduta, egin ere.

YAGOLEA: Ene! iritzi bat ontzat iritzi dunari gezurtzat iritzi-eraztea, zailla, benetan!

KEREON: Orain iritzia ipin-apan orraztu ezak! Baña, egilleak ezpadakartzidazute, irabazi okerrak atzetik ordain latza dakartela, aldarrikatuko duzute. (Badijoa)

YAGOLEA: Idoroko al dira, ba! Baña oriek atzitu ala ez atzitu, (ori zoriak erabakiko baitu) emen, berriz iñola ere ez nauzu ikusiko. Orain, ere, ostera, Yainkoei eskerrik asko zor dizkiet, itxaron eta uste ez nun-arren, gaizkatuta alde dagidalako.

ABESLARI-TALDE-BURUA: Arrigarri ainitz dira: Gizona baño arriagarriagorik, ordea, ezer ez. Onek, ekaitzak dakartzin egoaizea lagun, bere baranoan burrunkada diarduten uiñetan barna, itxaso zurizka igaro oi du; ta urteak yoan, urteak etorri, zaldien bidez goldea aruntza-onuntza erabillirik, Yainkorik gurenena, eten gabe sortu daroan lur ustel-eziña ere, nekatzen du.

        Txori buru-arin sailla, iize uzu elia, eta itxas-arrai parrasta inguruan eraiki ta eskuz eiotako sarean atzitu oi ditu, dana dakin gizonak. Mendian yaio ta mendian bizi diran basa-eizeak iruzurrez ezi oi ditu. Sama kimadun zaldi ta basa-zezen ezigabeak, lepoaren alde bietatik uztarria ezarrita, eskuratzen ditu.

        Ta abotsaren bidez itzak erne-erazten, aizea bezin oldozpen ariñak izaten eta erriak yaurtzeko antzea ere ikasi ditu. Oial-urdiñetan yasan eziñiko euri-yasa eta izotzen geziak, itzuri egiten badaki, bide oro dazagun gizonak. Etorkizuna ikusteko biderik izan ez arren ere, ezerk ez du atzematen. Eriotza bakarrik txuliatu ezin du; eriak, ordeak, aundiak izan arren, beregandik yaurtitzeko bideak asmatu ditu.

        Onelako igurdiziz yakintsu, batean oker-bidera saiesten da; bestean, bide onez dijoa.

        Aberri lege ta Yainkoari eskeñitako ziña alkartzen dituna, zoriontsu bedi aberrian; geiegikeriaren ederrez, gaitzean kokatzen dana, aberri gabe bedi. Onelakoa ez bedi nere sukalkide ta gogaide ere.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ikuskizun izugarri orrek enuxu-banuxu yarri nau: begiz ikusten dut-eta, nola ukatuko dut or! Antigone dala? Oidipus zorigaizto-dunaren alaba zorigaiztoko ori! Zer duzu? Erregearen aginduak ausita al zakarte? Onelako erokerian atzeman al zaitute? (Lengo Yagolea dator, Antigone dakarrela).

YAGOLEA: Ura egin duna, auxe da. Lurperatzen ari zala atzeman genun. Baña.... Kreon non ote da?

ABESLARI-TALDE BURUA: Ara! Yauregitik oraintxe irten eta adionez etorri dator.

KEREON: (sartuaz) Zer da? Zertarako garaiz eldu ote naiz?

YAGOLEA: Ene Bakaldun ori! Zin-egiñaz ezin diteke ezer esan. Atzeko bulkoak aurrenengo iritzia yan baitaroa. Erausi zenun zemai-ekaitza yasatean, atsekabetuta nengoala, berriz ona ez nintzala etorriko-ta, arro-arro zin egin oi nun.

        Baña, ez itxarondako atsegiñak beste oro gainditzen dun-ezkero, ez nintzalla etorriko zin-egiñaz adieratzi-arren, illobia atontzen ari zala upatu genun neskatx au dakarkizudala, berriz ere emen nauzu. Oraingoan, zozketarlk ez degu egin, neronek bakarrik aurkitu baitut; beste iñork ez.

        Orain, ba, ene bakaldun orrek! nai dezunez, artu-ta, ebatzi ta aztertu ezakezu. Ni; berriz, Korapillo orietatik yarei, zuzenbidez alde-egin dezaket.

KEREON: Nola, baña, oratu duk? nondik-nora dakark?

YAGOLEA: Illotza lurperatzen ari zan; dana ba-dakizu.

KEREON: Darausakana ulertzen ote duk? egiz ta artez yalgitzen al didak?

YAGOLEA: Ara! Zuk gebendu zenun illotza lurperatzen, ikusi dut. Argi ta garbi al diotzut?

KEREON: Eta nola ikusi zenuten? etetean, nola atzitu zenuten?

YAGOLEA: Begira, orrelantxe yazo zan. Leporatu zenizkigun zema izugarriz zamatuta, tokira eldu giñaneko'i illotza estaltzen zun auts dana soil-soil kendu, soin ustela larru-gorritan ongi utzirik, muño-tontorrean, aize-ezkutuan yezarri giñan, illotz-kiratsa gureganatu etzedin. Eta ura zaintzen, iñor zabartzen ba zan, alkar zirika bizkortzen giñan. Orrela iraun genun, eguzki biribil-diztikorra ortzi-erdian yarri ta bero-gingak erre oi dun garaia arte. Ta orduantxe, bat batean, lurretik zurrunbilo batek aize-erauntsia erakori zun-ortzi gaitza-ta ibar dana estali zun, oianeko orri guztiak eratxiaz, ta urtzi-zigorra yasan genun. Aldi luzea igazi ondoren, ekaitza atertu zanean, neskatxa agertu zan saminki negarrez, txoriak kabia utsik, txorikume gabe ikustean bezelatsu txio-min zorrotzak egiten; au ere, illotza billutsik ikusi zunean, zotin-antziz oiuka asi zan; eta ori egin zunaren aurka arao ta aiñenak ezarri zitun. Gero, auts legorra eskuetan ekarri, mallukaz ongi landatuko burni-orizko-ontzi bat gora yaso ta illotza-txirrioan iru bider garastatu zun. Guk ikusi genunekoxe, abazuzan yoan giñan: eta berealaxe atzeman genun. Berau, berriz, batere etzan ikaratu. Aurrenengo ta orain egindakoak yauki genizkion. Berak exertxo ere ez zun ukatu. Neri, ordea, au atsegingarri ta samingari zitzaidan batera. Nere burua, gaitzetatik aldentzea, atsegingarri baña nere adiskideak lorretara lerraraztea, mingarri. Ala ere, oiek guztiok gutxiagotzat etsi bear, nere buruaren osasuna baño.

KEREON: Ire burua lurreruntza makurtuta dunan orrek, no! egikun oiek egin ditunala, baietz ala etzetz dion?

ANTIGONE: Baietz diotzut eta lipits bat ere ez dut ukatzen.

KEREON: (Yagoleari) Ire buru gañean ezarrita ukan erru astunagandik yarei, gura dukan tokira, oake. (Neskatxari) Ik, berriz, luze ez, labur baizik, esaidan: ori egitea gebentzen zun agindua ezagutzen al unan?

ANTIGONE: Bai, ezagutzen nun. Zergatik, ba, ez nun yakingo? Agindu nabaria baitzan.

KEREON: Nola, ba, azartu intzanan agindu ori austen?

ANTIGONE: Agindu ori aldarrikatu zuna Zeus ez baitzan. Ezta beko Jainkoen bizikide dan Aserreak ere, onelako legerik, gizonei ezarri ezpaitie; ta zeroren aginduak, ilkor batenak izaki, Jainkoen agindu uts-ezin eta idatz-gabeak ausi al zitzazketan añakoak ziranik ez nun uste. Agindu oiek, ba, ez baitira, gaurko ta atzokoak, betikoak baño. Noiztikoak diran iñork ez daki. Beraz, gizon baten asmoen bildurrez, agindu oiek ausi ta Jainkoengandik okersaria yasotzerik ez aun nai. Il bearra nintzala, zerorrek aldarrikatu baño len, banekin, bearrezkoa baita. Epea bete gabe iltzen ba naiz, ostera, irabazitzat dut. Ni, bezela, ainbeste zoritxar artean bizi dan edonork, illaz, irabazia ez ote du, ba izango? Baña, eriotza irixtea naigabetzat ez dut. Nere ama ber-berengandik yayotakoa, ilda, lurperatu gabe utzi ba-nu, oñaze bizia izango nuke. Orain, berriz, naigaberik, ez dut. Tenteltzat beste tentel batek neritza.

ABESLARI-TALDE BURUA: Neskatillearen izakera ezikaitzak bere aita zanaren izakera ezikaitza darager. Zoritxarretan, burua makurtzen ez daki.

KEREON: Buru agitz gogorrak batez ere biguntzen dirala ekizu. Sutegian goritu ondoren, gogorren biurtzen dan burnia ere, maizenik apurtu ta zartatu dala dakuskezu. Baita, zaldi eroak ere aoko txatxar batez ezi oi dirala badakit. Gañera, auzokoen yopu danari, ezpaitzaio aizu arrandiro oldoztea.

        Onek, ordea, erabakitako aginduak austen zitunean, arrokeriz iraintzen zitula bazekin. Ura egin ondoren, berriz, burgoiru ta barre-zantzoka aritzea, bigarren iraiña dut. Beraz nerau ez natzaizuke gizon izango, neskatilla ori bai, ordea, biurrikeri oyek zigorrik, gabe baliraukete. Naiz nere arrebaren alaba izan, naiz Zeus etxe-zaindari ber-bera baño aide urrenagoak balira ere, onek eta bere aizpak eriotzik beltzena ez dute aldenduko: ura, ere, lurperatze onen egilletzat salatzen baitut.

        Berari ots egiozute (Morroi bi dijoaz) Or barrenean, asarre bizitz amorratuta, bere buruaren yabe etzala aurtemein ikusi dut. Illunpe itzalean egikizun okerrak asmatzen diardun biotza, burutu baño len, tukutsu azaldu oi da. Baña, egiteko okerretan norbait atzitua izan ondoren bure burua zuritu nairik ari duna gorroto-gorrotazen dut:

ANTIGONE: Nere eriotza baño ezer areago nai ote duzu, ala?

KEREON: Besterik, ziñez, ez diñat nai. Ori naikoa zakidan.

ANTIGONE: Zer dala-ta, ba, luzatzen duzu? Zure itz-izpirik atsegingarri ez zaidan bezela, (ta iñoiz ere ez al zait atsegingarri izango) zuri ere nerekiko edozer igingarri zaizu. Nondik-nora dedu aintzagarriogorik lortu al izango nun, nere neba illobiratuta baño?

        Ta ori, oiek guztiok ere, zure bildurraren mingaña giltzapean lotuko ezpa-lute, atsegingarri zaiela aitortuko luteke. Bakaldunak, ordea, beste obari ainitzen artean, gura ta atsegin dutena esan eta egin dezakete.

KEREON: Kadmeo-tarren artean ik bakarrik orrela irizten dun...

ANTIGONE: Oiek ere, iritzi berbera dute. Baña, zure ederragatik, aoa itxi daroate.

KEREON: Olen irizkide ez aizen ezkero lotsak ez al aun gorritzen?

ANTIGONE: Neba sabelkideei itzal-izatea ezpaita lotsagarri.

KEREON: Aren aurka ari zala il zana ere, ire neba ez ote unan, ala?

ANTIGONE: Bai. Ta aita ta ama bategandikoa izan ere.

KEREON: Zergatik, ordea, bestearentzat iraiñ diran ospe-adiguriak eskeintzen ditun?

ANTIGONE: Ildakoak iraintzat ez ditu aitortuko.

KEREON: Alare, zindoari añako ospe-adiguriak eskeintzen dizkion saltzalleari.

ANTIGONE: Aren yopu zala etzan il, anai zala baño.

KEREON: Bata, bere aberria birrintzen; bestea, berriz, bere aberriaren alde yokatzen ari unan.

ANTIGONE: Alare, Ades'ek bederen, eskubide berdiñak eskatzen ditu.

KEREON: Baña, zindoak eta dollorrak sari berdiña ezin diñate yaso.

ANTIGONE: Onelakoak, an bean gurenak ote diranetz, nork daki?

KEREON: Etsaia egundo ez ziteken adiskide izan, ezta ildakoan ere.

ANTIGONE: Iñoren etsai izateko ez naiz yaio, adiskide izateko baño.

KEREON: Ara! be-aldera oa, ba; ta maite izan bear ba dun, angoak maite itzan. Bizi naizen artean, emakume baten menpean ez naun egongo, Gurean, no ez dun izango nagusi, to baño.

ABESLARI-TALDE-BURUA: Ara! Ate aurrean duzu Ismene, bere aizparenganako maitasun-arren, negar-malkoak zara-zara yarioan: bekaiña odeitxo batek gandutu ta matrail ederrak, odola bezin gorrixkak bustita dakartzi. (Jauregitik Ismene irtetzen da, bi morroien erdian)

KEREON: No! (Ismene'ri) Nere yauregi baitan txirrist-egiñaz uxarka sartu ta eskutuan, suge-gorri-antzo, nere odola xurgatzen ari intzan ori! Nere bakaulkia iraultzeko gertu zeuden bi itxes-pizti iñutzen ari nintzala, ez nekiñan. Tira, ba, itz egin eta erantzun ezan! Esaidan: lurperatze onen erkide izan alaiz ala ezertxo ez ekiñan?

ISMENE: Bai, neronek ere egin dut, onek laketzen ba dit, beintzat, Egiñen ontan nik ere esku artu dut eta zigorra irabazi dut.

ANTIGONE: Ori, baña, zuzen ezin dun egin. Len ezpait-unan gura izan, eta nik ere ez indudanan erkide egin.

ISMENE: Ire zoritxarretan itxas-lagunkide izateak ez natxion lotsatzen.

ANTIGONE: Nork egin zun, Ades'ek eta bekoek ba-zekiñate.

        Itzetan, bakarrik maitasuna agertzen duna ez diñat maite.

ISMENE: Eukin il ta ildakoari opari au eskeintzeko ezain ez nazan etsi.

ANTIGONE: Nerekin iltzerik ez ezan nai izan! Ta esku-artu ez dunaren errurik, ire buruari ez ezarri; ni ilda, naikoa izango dun.

ISMENE: Igandik urrun, maite, zertako bizi?

ANTIGONE: Ori, Kereon'i galdetu! Berorren arduradun bai-aiz.

ISMENE: Onurarik ez dun-eta, zergatik onela zirikatzen naun?

ANTIGONE: Parre egiten ba diñat, samiñez egiten diñat.

ISMENE: Orain, beintzat, ezertan, lagungarri izango ote natzain?

ANTIGONE: Eure burua begira ezan. Ez zeukanat bekaizkeririk, ire yareitasunaz.

ISMENE: Ene zorigaiztokoa! ire zoria ez al diñat lortuko?

ANTIGONE: Ik, bizia aukeratu unan! Nik, ordea, eriotza.

ISMENE: Ez dun izango, beintzat, eskatu ez diñadalako...

ANTIGONE: Arean, i era batera intzan aipagarri, ni, berriz, alderantziz.

ISMENE: Baña erru ori bioi zegokigun!

ANTIGONE: Ezan biotz! Oraindiño, i, bizi aiz; ni, ostera, aspaldiz-gero, il niñunan, ildakuei onuragarri izatearren.

KEREON: Ergelak dira bi neskatxok. Batak, aurtemein-ezkero, onela azaldu du bere burua; besteak, berriz, yayotzetik, noski.

ISMENE: Errege! Norbaiti bere buruan seme ernearren, zoritxarra-ren gaitz-gonburuak adimen-argia itzali oi dio.

KEREON: Ire buruak, alegia, txulut egin din, gaiztoekin batera oker egiten asi intzan ezkero.

ISMENE: Bakarrik, berau gabe, nondik nola bizi al izango ote naiz?

KEREON: «Berau» ez esan. Ildakotzat etsi etzan!

ISMENE: Zure seme beraren emaztegaia erailko ote duzu?

KEREON: Arako beste alor batzuk landu bitza!

ISMENE: Baña, oien arteko bezin alkartasun adiñonik ez da izango.

KEREON: Emakume gangar-dollorrik nere semiari ez zionat opa.

ISMENE: Aimon maite-maiteoril Ire aitak nola itsusten au!

KEREON: Ik eta ire eztei-oe orrek agitz gogait-eragiten natxioek.

ISMENE: Zure semeari neskatx au kenduko al diozu, ba?

KEREON: Eztei au Ades'ek eragotziko din.

ISMENE: Dirudinez, au iltzea, erabakita duzu.

KEREON: Dionanez, erabakita zeukanat. Ez da luzatu bear! Otseiñok! barrura eraman itzazute! Aurrerantzean, yarei ez dira biziko, emakumiei dagokienez baño. Eriotza urrean, beran biziaren amaia dakustenean, azartiak ere iges baitagite.

ABESLARI-TALDEA: Zori onekoak beren bizitzaldian gaitzik dastatu ez dutenak! Jainkoek, baña, zirkin-eragiñaz astintzen duten etxe-gañera, gaitz-mueta oro yausten dira, belaunik-belaun etorri datozen ondorengo ugarien zear. Orren antzera, Trakeko aize biurriak urpeko illuna erakoitzen dutenean, ondar-pillo beltz-ugerra barrutik itxas-uiñak irabiatu oi du; ta uiñak zartatzen ditun itxasertzak durundi-otsez orru dagite.

        Aspalditik Labdakida'rren lor zarrak ildakoen lorren gañera amiltzen dirala ba-dakusat. Gizaldi batek ere urrengoa ez du yagotzen. Baña, Jainkoren batek-edo, etxe ori zuzitu nai du-ta, ezingo da yarei. Orain, ba, Oidipus'en azken-erro-bizarretan edatzen zan argi-zirrinta ere, eriotza dakarten beko Jainkoen makatzak, mingain-erokeriak eta biotzeko asarre biziak itzungi dute.

        Dana zartu oi dun loak, ezta Jainkoen illebete aunatu-eziñak ere menderatzen ez duten zure indar altsua, ene Zeus ori! giza-arrokeriak, nola lotuko du, ba? Aldiak ere aguretzen ez zaitun orrek, argi diztikorra darion Olinpo yaurtzen duzu! Aurreko, oraingo ta geroko aldiak lege au dute lagun: giza-bizitzan lorrik gabe ezer ez doa aurrerantz.

        Alderrai diardun itxaroa gizakume askorentzat onuragarri, beste askorentzat, berriz, gurari ego-ariñen iruzurra izan doa: Ateman ez dunaren baitan, kiribilkatuz ezarian labain egiten du, ona suberoan erre arte. Arako esakun ospetsua urliak zuurrez esan zun: Jainkoek, gaiztakeri barna, yitoan eramanak, gaiztoa bikaintzat ebazten du ta gaitz gabe epe laburrean yardungo.

ABESLARI-TALDE BURUA: Or, ba, Aimon zure seme ta aldaska gaztena! Antigone bere emaztegaiaren zoritxarrez mindurik eta iruzur egin dion ezteiak atsekabetuta datorke, agian.

KEREON: Laister yakingo dugu aztiak baño obeto. Enetxo! emaztegaiatzaz azken-erabakia entzunda, ire aitaren aitzi aserretuta al ator? Ala, edozein aldetara yo-ta ere, ire maite izango ote gaituk?

AIMON: Aita, zurea nauzu; eta zuk zure onu gurbillen bidez arteztuko al nauzu; nik, berriz zure esanari darraikioket. Beraz nerekiko zure ataza baño ezkontza aintzagarriagorik ez dut yasoko.

KEREON: Seme, onela izan bear duk beti, ire biotza: ire aitaren guraria bezin aintzakotzat ezer ez ezak izan. Sortu ditun semeak, arenean, esangiñak izatea nai izaten ditu gizonak: alegia, etsaiaren gaitzak apendu eta adiskideak, aitaren giñoan, maite ditzaten.

        Ezertarako ez diran aur geldoak sortzen dituten gurasoak, berriz, berentzat oñazeak, eta etsaientzat parrebidea besterik ez dute erakartzen. Atsegiñarren eta emakumearen ederragatik etzakeala egundo burutik egin. Etxean oe-lagun dan emakume dongearen laztana, otza baituk. Adiskide donge bat baño, minbizi gaiztoagorik ote duk? Beraz, neskatx ori, areriotzat zapuztu ezak, an... lurpean nor-edo-nor senargaitzat izan dezan!

        Bera bakarrik, nere aginduak ukoka argi ta garbi atzitu dudan-ezkero, nere burua uriaren aitziñean ez diat nai gezurtatu. Bera ilko diat. Zeus gure odolkiden zaindariari, arrenez oles begio! Nere senideak biurri azten ba-dizkiat, areago izango dituk atzekoak.

        Etxeko zeregiñetan zoli dan gizona, uriko azi-orrazietan ere zindoa izango duk. Baña, legeak biurrikeriz ausi, ta agintzen dutenei, bere guraria ezarri-naiaz diarduna, ez diat iñoiz goretsiko. Erriak burutzat autetsi duneren aginduak, ordea, naiz-txiki, naiz zindo, naiz alderantziko izan, entzun eta bete egin bear dituk.

        Onela ari dan gizona, agintzen, eta men-egiten, zintzo ta zeatz izango duk, noski; guda-ekaitza darauntsanean, gudari-errenkadetan tinko iraungo dik onelakoak.

        Agintaririk ez izatea añako gaitz galgarririk ez duk: berak, erriak itxulastu eta etxeak ipurditik atera ta buruz-bera yartzen dizkik; Aiztamakil-gudan ere, gudari-lerroak urratuaz iges eragiten ziek.

        Agarrak, berriz, gizon zuzenen soiñak yagoten dizkik. Beraz, maldatu egin bear dituk nagusien aginduak eta emakume bateri ere ez txil-egin. Iñoren azpien izatekotan, ordea, gizonaren peko aritzea obe duk; eta orrela, emakumeak baño aulagotzat, ez gatxiate iritziko.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ziñez, gure urteak ezpa-digute iruzurrik egiten, zerorrek esan dituzunak, senaz esanak deritzaizkigu.

AIMON: Aita, Jainkoek gizonei eman dizkieten ogasunik bikaiñena duzu sena. Yalgi dituzunak, ordea; zuzen ez dituzula esan, ezingo nizuke jarki, ezta nai ere. Baña, beste norbaiteri ere, bulko ederren bat otu litzaioke.

        Ara! ni, herriz, iñork ezer zure aurka egin, esan eta maxiotu dezakenaren atustan nagokizu. Zure begitartea erritar xearentzat izu-bildurgarria baita, atsegingarri izango ez zaizkitzunak entzun-eragiteko.

        Nik orrelakoak, itzalgaizka entzun al izatea ditut. Alegia, uri osoa, neskatx orren zoria tamalgarri zaiola-ta, espaka ari da. Egiñen aipagarrienak egitearren, emakume matxarrena bezela, iltzera omen dijoa, emakumerik bakunena izaki, bere neba gudan ilda-gero, zakur eta egaztiak aren kaski gordiñak irentsi ditzaten utzi ez ditulako.

        Berau, urrezko saria yasotzeko lain ez ote da? Zurrumurru illun au ezarian, ixil-mixilka barreiatuaz doa. Neretzat berriz, aita, zure arazoetan zoriontsu aritzea bezin etekin bikaiñik ezer ez zait. Semeentzat, ba, orrilloan dagon aita baño, pitxi ederragorik, eta aitarentzat semeena baño, ezer ote da?

        Zure baitan iritzi bakar au ez egizu aintzat artu: arean, zuk diozuna ta besterik ez, ontzat artzea.

        Bere burua soillik sendun dala, edo berak eta bestek ez, mingaiña naiz gogoa dula uste dun edonor, ideki tamama-utsik idorotzen dira. Baña iñola ere ez da lotsagarri, gizon agitz yakintsua izan-arren, zer-edo-zer ¡kastea ta bere iritziari larregi ez eustea: neguko euri-yasaz azitako uroldeari makurtzen zaioten zugatzak, beren adarrak ere yagoten ditute. Yarkitzen zaiotenak, ordea, errotik atera ta ondatzen ditu. Zear-oiala zabalduta lurrari amorrik ez dagion ontzia, aulkia aratinik iraulita, itxaso zear doake.

        Zure asarrea, ba, ibitu ta zure aburua aldatu ezazu. Gaztena izan-arren, neregan zur-izpirik ba-dager, yakintzaz gañezka yayotako gizakumea gurenena dala diot; baña, orrelako gizonok ezpada, oi danez, ongi mintzo diranengandik ikastea, adiñona izango zaio.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ezer artez ba-dio, ikastea bidezko dagokitzu, ene Bakaldun orri! Berak ere bai zuri; biok adiñonez itz egin baituzute.

KEREON: Garako gizonok, sena izaten, orren adiñeko engandik ikasi bear ote dugu, ba?

AIMON: Bidezko ez danean, ez. Baña, gaztea ba-naiz ere, nere esanak areago ikertu bear dira, nere urteak baño.

KEREON: Onu ori, ostera, agintzausleei itzal-izatea al duk?

AIMON: Gaiztoei itzal-izatea, iñola ere ez nizuke eskatuko.

KEREON: Orrelako eriz yota ez al diagu atzitu emakume ori? (Antigone)

AIMON: Tebas erri bertan bizi diranak, ezetz esaten dute.

KEREON: Agindu bear ditudanak, erriak esan bear zizkidak, ala?

AIMON: Gazte-gazte bat bezelaxe mintzo zerala, ez ote dakusazu?

KEREON: Neronek ala besteren batek erri au yaurri bear dik?

AIMON: Baña erririk ez da gizon batenik.

KEREON: Erria, ba, agintariana ez ote duk?

AIMON: Zerorrek, benetan, basoa polito yaurriko zenuke.

KEREON: Au, ageri danez, emakume baten alde ari da.

AIMON: Zu emakumea ba-zera, bai; zure arduraz nabilkizu-ta.

KEREON: Zantar-zantar ori, ire aitaren aurka auzitan diarduk...!

AIMON: Zera... egikizun zuzenetan uts-egiten bai-zakust.

KEREON: Nere eskubideak eutsiaz arbel egiten ote diat?

AIMON: Jainkoen itzala ez baituzu eusten, ostikopetzen baño.

KEREON: Biotz ezain eta emakume baten azpian agoan ori!

AIMON: Baña lera itxusien azpian, iñoiz, ez nauzu ikusiko.

KEREON: Ire itz guztiak, beintzat, beraren alde dituk.

AIMON: Eta zure alde ta nere alde ta beko Jainkoen alde.

KEREON: Alare, berakin, bizi dala bederen, iñoiz-ez-iñoiz, ez aiz ezkonduko.

AIMON: Bera ilko da, noski; illaz, ordea, beste nor-edo-nor ere ondatuko du.

KEREON: Neri eskeintza ere azartzen al aiz?

AIMON: Burubide utsen aurka itz egitea zemaren bat ote da?

KEREON: Buru-uts izaki, negar egiñaz senazago izango aiz.

AIMON: Nere aita ezpa-ziña, burutik egin-da zaudela esango nizuke.

KEREON: Emakume baten yopu aiz-ta, ire berriketaz ez nazak zorabiatu.

AIMON: Zuk, zer-edo-zer esan gura izaten duzu, ta esandakoan, ezer ez duzu entzun nai?

KEREON: Egia ote? Baña Olinpo-arren yakik! Ez aiz atsegiñez poztuko, nere aitzi iraiñez zirika ibilki, (gero otseiñei) Emakume gorrotogarri ori ekarrazute; ta oraintxe bertan, senargaia aldamanean dula, bere begi aurrean il bedi!

AIMON: Ori nere ondoan ez da ilko. Uste ori, egundaño, ez egikezu izan. Ezta nire begiz ere, nere burua, iñon, ez dezu berriz, ikusiko; zerorrekin bizi gura izango duten lagun-artean, asarre biziz amorratu zaite (Sumiñez dijoa. Ixil aldi laburra).

ABESLARI-TALDE-BURUA: Asarrearen-asarrez arin yoan da mutilla, ene Bakaldun! eta orren adiñeko biotza, atsekabetzen danean, bildurgarria izan oi da.

KEREON: Giza-neurria gainditzen duten asmoak erabilli bitza, ortik zear ibilki! Baña bi neskatil oiek beren eriotzetik ez ditu aldenduko.

ABESLARI-TALDE BURUA: Biok iltzeko asmotan ote zera?

KEREON: Ikuturik egin ez dun ua, ez; izpidean zaude.

ABESLARI-TALDE BURUA: Beste ori, berriz, nolako eriotzaz iltzeko burubidea duzu?

KEREON: Giza-oñatzik, ozta-ozta izango diran basora eraman, izurri-gaitza, uriagandik aldentzeko beste, bear dan yanari ezarri ta arillobiko zulo-barru-pean estaliko dut bizi-bizirik; eta an, Jainkoetatik Ades bakarrik goresten dun orri, arren eskatuaz, bear bada, ez iltzea yadetsiko du, edota, enura gabe, Ades'en daudenei itzal-izatea, alperrikako egikizun utsala dala, ezagutuko du.

ABESLARI-TALDE BURUA: Gudan, garaitu eziña maitasuna! Ogasunetan amildu eragin eta neskatxaren, matrail leunetan atustan kokatzen aizen maitasun ori! Itxas-gain zear eta baso txabola barna abil: igandik, il-ezin batek, ezta gizon mengel batxok ere, ezin iges zegik.

        Atxitzen dukana, berriz, zoratu erazten duk.

        Ik, zuzenen buruak, gaiztakeriruntz erakarriaz, zuzen-gabeak biurtzen dituk. Ik, gizon odolkiden oien artean ere lazka-mataza au eraiki ta irozo duk.

        Garaille baituk, neskatx zoragarriaren betazalak ixuri oi duten lillura diztikorra; Jainkoekiko lege gurenen erkide izaki. Afrodite'n jolasak, garai-eziñak baitituk.

ABESLARI-TALDE BURUA: Orain, ordea, nerau ere, lege-esitik ataz, yitoan eramana naiz, gauza oyek ikusiaz: ta nere negar-malkoak ezin ditut euki, Antigone gizakume danak lo oi dun oeruntz doala, baitakust.

 

(Antigone berriz dakarte morroyek).

 

ANTIGONE: So-nagizute, nere aberriko uritarrok! Bide ontan barna azkenengoz yoan bai-noa ta azkenenko eguzki-izpiak azkenengoz ikusten baititut eta berriz ezpaititut ikusiko. Dana lo erazi oi dun Aidas'ek, Akeron ugalde-ertzera, eraman naramana, bizi-bizirik, ezkontza murtxatu gabe ta eztei-abestirik ere, iñork iñon abestu gabe. Akeron'ekin, ordea, ezkonduko naiz.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ospetsu ta aintzaz illen zulorantza! Andeatu oi duten eriek yo gabe, ezpaten zauririk izan gabe! Zure kabuz, zure buru-yabe, giza-artean zu bakarrik bizirik Aidas'era yetxiko zera!

ANTIGONE: Sipilo erpiñaren gañean zoritxarrez Niobe Tantalo'rena, Prigiar arrotza, errukigarria! il zala entzun nun: bera arrizko aldaskak, untzorri zurrun antzo, lotu zuten, eta giza-esaerak dionez, iraungitzen dagon elurrak eta euriak, iñola ere, ez omen dute alde egiten arengandik; betazal azpietatik-bera darizkion malkoak, bustiten ditu beraren mendi-bizkarrak. Onen antzera ni-ere Jainkoak lo-erazotzera naramana!

ABESLARI-TALDE BURUA: Baña ura Jainko ta Jainkoengandik sortua zan; gu, berriz, gizakume eta gizakumeengandik sortuak gera. Beraz, illagiñean datzan emakumearentzako, Jainko-bezalakoen zoria lortu dula entzutea, agitz aintzagarri zaio, bere bizitzaldian, eta, baita ilda gero ere.

ANTIGONE: Ene! guztien parregarri naiz. Zergatik, Aberri-Jainkoarren; ni aurrean nagola, oraindiño il ez naizen au, iraintzen nauzu? Ene! erri ori! ene! nere erriko andikiok! Ene! Dirkai-iturriok! eta gurdi ederdun Tebas'ko oian guren ori! zuek, beintzat, nere, aitortzale zatzazkidatel

        Adiskiden negarrik gabe, onelako legien aginduz, arrillobi bakan orren zulo barnera, yoan bai-noa!

        Ena zorigaiztoduna! Ludi ontan, ez bestan, neretzat tegirik ez da: bizi diranen, ez ta illen ere, bizkide ezpainaiz.

ABESLARI-TALDE BURUA: Azarkeri tontor goraño igota; zuzena kokatzen dan yauralki gurenaren aitzi, erori zera, ene neskatx ori! Gurasoengandiko ogenen-bat-edo ordaintzen duzu!

ANTIGONE: Samiñgarriena zaidan gomuta gorbiztu didazu; alegia, nere aitaren zoritxar irukoitza ta Labdakitar ospetsuon gure ausiabartza osoaren oroipena. Ene! ama baten ezkontza oeko añenok Nere zorigaiztoko amak, beregandik sortutako nere aitarekin, izandako loak! oiengandik, bein baten, sortu nintzan errukigarri au! Berengana, berekin bizitzera yoan noa, ezkondu gabe!

        Ene! zoritxar-ezkontza lortu dukan neba orrek, illaz, oraindiño bizi nintzan nerau ere, eran nauk!

ABESLARI-TALDE BURUA: Illei itzal izatea, ziñez, alako errukia da. Baña, ala dunaren eskubidea, iñola ere, ezin diteke ausi. Zu, berriz, zure iritzia bakarrik aintzat artzera zeraman lera orrek, ondatu zaitu.

ANTIGONE: Iñoren negarrik gabe, adiskiderik ere lagun ez dudala, ezkondu gabe, azken-bide au barna, eramana naiz, zorigaiztoko au. Eguzkiaren begi guren ori ikustea, aurrerantzean zorigaiztodun oni ez zait zilegi izango. Nere erio negar-gabea, ordea, nere adiskideetatik iñork ere, ez du tamalez deitoratzen.

 

(Berriz agertzen da Kereon bere otseiñak lagun ditula).

 

KEREON: Ill-aurrean negar eta erostak egitea onuragarri ba-litza, iñork ez lukela amaituko ez ote dakizute? Alik eta lasterren ez al duzute eramango? gero, arrillobi estalian bakarrik utzi, esan dizuedanez: naiz il, naiz arrillobi zuloan lur-eortzia bizi dedin. Neskatxa orren eriotzarrekiko ogenik gabe naiz. Emen goyan bizitzea, ordea, kenduko zayo.

 

(Antigone antzokiaren aurre-alderatu, ta
bere gibelean beste antzez-lagunak ditula esaten du)

 

ANTIGONE: Oi! illobi ori! oi! eztei-oe ori! oil iñoiz utziko ez dudan lurpeko baitegia! ildako nerengana noa, goienak Persepase'k illen artean abetaldu baititu; ta ni, guztion azkenen eta are negargarriago noa, benetan, nere bizitz-epea eldu baño len. Yoaterakoan ordea, nere aitari maitagarri izango natzaion itxaropenak elikatzen ditut; maitegarri zuri, ene ama ori! zuri ere maitegarri neba laztan ori! Nik, ba, zuek ilda gero, yaso ta ospatu ziñuztedan; eta illobi gañean ixuriketak, nere eskuz eskeñi nizkitzuten orain berriz, Polineikes ori! zure illotza lurperatzearren, ara! yaso dudan saria! Alare, neronek, gizon gurbillen iritziz, ospatu egin zaitut. Semien ama izan banintz eta nere senarra ilda usteltzen ikusi-ta ere, erritarren baiduri gabe, egikizun ori egundo ez nun burutuko. Baña onelako oiek nolako legearen ederrez esaten ditut?

        Senarra ilda, beste senar bat izan zezakean, eta au galduta ere beste gizon bategandik aurra izan zezakean. Baña nere aita ta ama Ades'en datzatela, beste nebarik ez zait sortuko. Aburu oien arauz zu, batez ere, ospatu zaitudalako, ogen egin dudala ta egikizun galgarriak egiten azartu naizala Kereon'ek deritza, ene neba laztan ori! (Otseiñei begira darrai) Ta, orain, eskuetatik orrela oratuta, eztei-oea dastatu baño len, ezkon-abestirik entzuteko, senarrarekin artu-emanik izateke ta nere aurra azi gabe, eraman-naramate, bakar-bakarrik, adiskideak lagun egiten ez didatela, errukigarri au, bizirik illen illobi-zulora. (Ortziruntz begira darrai) Ortarako, ordea, zer Jainkoen lege ausi ote dut? Zertako zorigaiztodun onek, Jainkoei oraindiño, nere begiok zuzentzen dizkiet? Errukiaren errukiz on egiñaz, gaiztakeriaren atarra irabazi baitut. Jainkoei, baña, nere eriotza eder bazaie, egiñaren ordañez zigorra yasatean, nere burua gaizkilletzat aitortuko dut; (Kereon'i begira) Ogen dagitenak, berriz, oiek ba'dira bidegabeki irentsi eragiten dizkidaten loiak baño are galgarriagoak, ez ditzatela arren! egari.

ABESLARI-TALDE-BURUA: Au, astindu dun gogo-ekaitzaren aize-bolada berberak oraindiño darauntsa.

KEREON: (asarre-gorritan) Bañan eraman bear zutenak orren nagi izan dira-ta negar egingo dute.

 

(Antigone lotzen asi dira otseiñak).

 

ANTIGONE: Ene! itz orrek eriotzaren zorian ezartzen nau.

KEREON: Orrela ez da yazoko itxoiten, ez zaitut aolkatuko.

 

(Antigone lotu dute).

 

ANTIGONE: Oi, Tebas! nere gurasoen uri ta nere aberri ori! ta arbasoen Jainko oiek! Ara! eraman naramate ta ezeren zai ez nago.

        So-nazazute Tebas'ko andikiok! gelditzen zan bakaldun-alaba azken onek, errukia Aintzat artzearren, orrelako gizonengandik nolakoak yasaten ditudan, begira itzazute.

ABESLARI-TALDEA: Danaas'ek ere burni-oriz egiñiko baitegian bere soiñagandik ortzi-argiak iges egin zezala, yasan zun; ezkutatuta zetzala, berriz, illobi-oean lotua izan-zan: eta bera yatorriz, garbala izan-arren, ene neskatilla, neskatilla! urrezko euri-tantoetan Joben umeki-azia artuta bere baitan zeukan. Alabearrak indar arrigarria baitu. Beragandik euri-yasak, gudak, arresiak, eta itxasoa iñarrosi oi duten itxas-ontzi beltzak ere, ezin dezakete iges egin.

        Lotua ere, izan zan Driant'en seme ta Edonotarren bakaldun suminkor biurria, bere neurri-gabeko iraiñen ordez Dionis'ek arrizko espetxean ertsi zunean. Orrela, bere erokeriaren amorru mardul-yoria tantaka dario. Jainkoen aurka mingain ero ta zorrotzez ari zala ezagutu zun berak: emakume Jainkotiarren batzarra, Bak'en sua eragozten ari baitzan eta Muse txistu-zaleak axatuz zirikatzen baitzitun.

        Baita ere or daude itxaso-bikoizdun Kiane uretako Bospori itxasertzak eta Trake'ko Salmides!! an, Pineiden semeak itxu biurtzeko, emakume ankerrak egotzi zun arao-zauria ikusi zun Ares'ek (gudak) uri-ondoan; apen-eske zeuden begien zuloak, argi gabe utziaz, esku odol-zalez ta anazka-muturrez lertu zitun.

        Ta miñez urtuz, itun, beren zori-ituna deitoratzen zuten: beren aitak ekarritako eztei-ertunen etorkia. Bore'nen alaba, berriz, zaldian bezin ariña, Ereteidarren abenda zarrean sortu ta urrutiko ar-zuloetan, bere aitaren ekaitz-artean, arkaitz zurietan barna iñutua izan zan. Jainkoen alaba zan, alare, atzitu zuten Moire bizi-luzedunek, ene neskatila!

TEIRESIAS: Tebes'ko Jaunok! Bik, baten begiz ikusten dugula, bide bakarra-egiñaz, etorri gera; itxuaren bidea, itxu-mutillarena: izan oi data.

KEREON: Teiresias zarra, zer berri dugu?

TEIRESIAS: Esango dizut; zerorrek, berriz, aztiari men egiozu.

KEREON: Orain arte, ere, benetan, zure iritziengandik ez naiz aldendu.

TEIRESIAS: Beraz, bide zuzen zear, uria yaurri duzu.

KEREON: Zure aolkuak, ziñez, onuratsuak izan zaizkidala, atiñez aitor dagiket.

TEIRESIAS: Orain, ordea, zoriaren sorbatz-gañean zoazala, gomazu!

KEREON: Zer berri da, bada? Zure itzen beldur-ikaraz dardar nagokizu.

TEIRESIAS: Nere antzearen zantzuak entzunaz, dana dazagukezu. Txori ikustokiko aulki zarrean exeritzera yoaterakoan —antxe baitut txori-mueta guztiekiko ditxoa— garraxi galgarriz ots egiten zuten txorien zarata ta iskanbilla ez-ezaguna dantzut, eta alkar atzaparrez urratuaz, odol-yarioan atematen ditut; ego-astinketaren otsa, ezpaitzan errezka. Berealaxe, izu-laborritan, opari-arriko sendorrari sua ezarritzeko aztatu nun: baña opari-suak, garrik etzun ateratzen; iztarren koipea, berriz, beratu-beratuz urtu egiten zan errauts gañean, eta, ke-mordoa, yarion-ala erruxatuz, zerion. Beazun-tantoak gorantz sakabanatu, ta estaltzen zitun koipea txirrioan yareinda, lurrean zetzaten iztarrak. Opari ulerkaitzen igarkizun illun oiek, aur onen bidez, ikasi nitun; au baitzait nere erakusle; ni ordea, beste enparauena. (Ixil-aldi laburra: gero darrai).

        Ta gaitz oiek zure erruz uria , yo dute.

        Opa-mai ta gure sukalde guztiak, egazti ta zakurrak ekarririko Odipos'en seme gaxoa zanaren illotz-atalkaskiz yosita baitaude. Arrezkero, Jainkoek, gure opari-otoirik eta iztarren garrik ez ditute ederrez artzen, eta txoriek ere, ildako gizonaren odol-koipez aseta, zorionezko txorriotxik ez dute egiten. Gauza guztiok ausnartu, ene seme orrek! Uts egitea, gizakume danari dagokio, ziñez. Baña uts egiñ-ondoren, osabidea aztertuaz, bere okerrean gotor kokatzen ez dana, gizon bulartsu ta zurra da: kirtenkeria darakar mukerkeriak. Beraz, ildakoaren aurrean amor-egizu ta illotza ez egikezu akullutu. Ildakoari illartekoak, berriz egitea, indar aundia ote?

        Zure mozkin-miñez, onu ori dirautzut. Ongi aolkatzen digunari entzutea, agitz atsegingarri zaigu, batez ere onuragarriak yalgitzen ba-dizkigu.

KEREON: Ene agure ori! artezkarrian ari diran arranbelari antzo, guziok nere buruaren aitzi, gezi-yaurtika diarduzute. Igarkizunen aldetik ere, ez nago narerik. Nere senideak, berriz, aspaldi ezkero saldu naute, ta ara ta ona, salgai-zurrian narabilte. Irabazi zazute: nai baduzute, sal-erosizazute, Sardes'ko lerdarria ta Indi'ko urre gorria; baña, ura, egundo, ez duzute illobiratuko. Ez; Zeus'en arranoak atzitu, ta beraren bakaulki aurreraño sarraskitzat eraman gura badute ere, ez da ordun ere, narrio ta nabarmenkeri orren bildurrik gabe, ura lurperatzeko baimenik ez nuke emango.

        Gizon batek Urtzia ezin lezakela kutsutu, ongi baitakit. Gizakume yasekoenak ere, ordea, irabazi-gosez, asmo galgarriak itz txuriz esaten ditutenean, lotsagarriro tupust egiñaz yausten dira, ene Teiresias zar ori!

TEIRESIAS: Ene! Nork yakin edo ausnartu dezake...

KEREON: Zer? Zer txatxarkeri diozu?

TEIRESIAS: Ogasun guztiak baño zenbat areago ote da zuurtzia?

KEREON: Burutik egin-da egotea, gaitzik andiena dan ainbat, nere gardiz.

TEIRESIAS: Zure burua, ordea, gaitz orrek yota duzu.

KEREON: Azti bateri, ez diot nai, iraiñez yardetsi.

TEIRESIAS: Orixe dagizu, ba, gezur biribillak iragartzen ditudala aitatzean.

KEREON: Azti-nare dana, zillar-zale dalako.

TEIRESIAS: Ta errege-narea, irabazi lotsagarri-zale.

KEREON: Zure bakaldunakin izketan ari zerala, ba-ote dakizu?

TEIRESIAS: Bai, ba-dakit; neri esker, zure laterria yagon baituzu.

KEREON: Azti antzetsua baitzera: bidegabeki yardutea atsegin zaizu, ordea.

TEIRESIAS: Nere baitan geldi-geldi egon bear ziranak erasoteko zirikatzen ari zera...

KEREON: Esan! irabazi-miñez ez izatekotan!

TEIRESIAS: Orain, orrela mintzatu bearko dudala uste dut; zure irabazi-miñez, ordea.

KEREON: Nere burua ez dezula erosiko, yakizu.

TEIRESIAS: Ara ba, ziñez yakizu! Eguzkiak, bere ostera laisterrean, ortzi biraketa askotan ez du burutuko, zure erraietatik sortutako bat, ildakoen ordez, illa izan baño len.

        Goitikako bat beera yaurti, ta illobian iraiñez ezarri baituzu bizirik; bestea, berriz, or duzu illotzik, illeta ta illobirik gabe beko Jainkoengandik bereizita: oriek ordea, zillegi ez zazkitzu, ez zuri, ezta goiko Jainkoei ere; alare zuk oldartuta dabiltza. Baña beko Jainkoen asarre-bizi, apentzalle, oin-astun, eta apara-bearrak, zure zantzuan dauzkatzu, gaitz oientantxe atzemateko. Ta begira! zillarrez salduta dasaizkitzudala gomazu! Luzaro baño len, zure yauregia, giza-emakumien negar-otsez azalduko da. Erri etsai guztiak, asaldatuta, zure aurka eraikiko dira: batez ere, beren gudari-buruen illotz-kaski orbanduak, zakur, basabere ta egadun-txoriek dakartzitela, erriko sukaldeak sunda txarrez betetzen dirala dakustenak.

        Zirikatu nauzun ezkero, arranbelari zurrian, gezi oriek, zure biotzaren aurka, iraitzi ditut; ta txuliatuko ez dituzulakoan nago.

        Ik, ordea, ene aur orrek, etxerantz eraman nazak, onek bere aserre miña gaztexagoei ixuri, mingaña eztiago izan ta bere biotz-aburuak, oraingoak baño leunagoak, ditzan.

ABESLARI-TALDE BURUA: Errege! itzalgarriak iragarriaz, yoan da gizon ori. Ta gure ille beltzak txuritu diran-ez gero, erriari gezurrik iñoiz ez diola iragarri ba-dakigu.

KEREON: Nik ere baitakit ori ta nere biotza ondatzer dago. Amor-egitea, ordea, nekegarri ba; baña, alabearrari gogor egiten ba-diot, nere biotza eztanda egiteko zorian, yarriko da.

ABESLARI-TALDE BURUA: Kereon, Menoik'en seme orrek, zuurtzia bearra duzu.

KEREON: Zer egin bear dut? Esan! egingo baitut.

ABESLARI-TALDE BURUA: Yoan, ta lurpeko arrillobitik neskatxa atera, ta lurrean datzanari illobia eraiki.

KEREON: Oriek, ziñez, aolkatzen al dizkidazu? amor-egin bear dudala, uste al duzu?

ABESLARI-TALDE BURUA: Ta len-bai-len, bakaldun! Jainkoen zigor oin-ariñak, bide-lasterrez aurrea artuaz, gaiztoak atzitu oi ditu.

KEREON: Ene! Tamalez, nere asmoa utzi izan-arren, txil dagit, zurea egiteko. Bearraren aurka, ezpaita yokatu bear isituki.

ABESLARI-TALDE BURUA: Oraintxe yoan eta esandakoak egin! eta iñori ez egotzi egiteko ori.

KEREON: Nagonez ba-noa: zoazte aurreko ta urrutiko otseiñok! (Jauregi barruruntz dijoa) Ikusbegiko toki artaraño atxintxika yoan, eskuetan aitzurrak artuta. Neronek-nere iritzia alderantziz biurtu baitut, lotu nun ezkero, neronek askatuko dut. Agindutako legeak, iraun-eraztea, egokiena ez ote dan, bildur bai-naiz.

 

(Kereon eta otseiñak ba-doaz).

 

ABESLARI-TALDE BURUA: Jainko izentsu, Kadmei'tar neskatxaren aintza ta Tzeus burrunbariaren kimu ori! Itali ospetsua zaindu, guztiontzat zabalik dauden Eleusine'tar Demeter'en kolkoen ardura izan eta Tebe, Bakan'en ama-buruan, Ismenos errekatxo laisterraren ertzean, eta basa-iransugeren azi-gañean, bizi aizen, Bakeos!

        Korikiar neskatx bakideak egurasten diran aitz-bizkartxo-muñoaren gañean, Kastali iturriñoaren ondoan, Zu ikusten zaitu su-garraren txinpartak.

        Untzorriz estalitako Nisai baso-mutur, eta mats-mordo ugariz zamatutako ur-egi orlegiak, betiko abestiz oyuka lagun egiten dizute, Tebe'ko kaleak ikertzera zatozenean.

        Zuk, Uri au, beste oro baño areago, goresten baituzu, tximistak yotako zure amakin batera.

        Orain, ba, erri dana izurri biurriak atxiki dun ezkero, atoz oin otsgarriz, Parnasi-tontor gain zear, naiz itxas-ataka orrulari barna.

        Sua darioten izar-dantzen zuzendari, ta gau abestien begirale aizen, aur ori! Tzeus'en kimua! Agertu zakigu Yakos, ene bakaldun! gau danean, zure baranoan irradan dagiten Ziai'tar bide-lagunekin bateral

GEZNARIA: Kadmos ta Anpion yauregiko auzotarrok! Iñor ez dut, iñoiz, goretsi ta gaiztetsiko, bizi dan bitartean. Zoriontsu ta zorigaiztoduna, zoriak eraiki, ta zoriak irauli oi baititu beti; ta gizonei, gertatuko zaienik igarriko dun aztirik ez da. Len, opagarri zan Kereon, uste dudanez; Kadmei-lurra etsaiengandik yarein eta bakalderri dana yaurriaz, seme zindoz inguraturik, orrilloan, bizi baitzan. Orain, berriz, dana suntsitu da. Bere poza galdu dun gizona, ezpaitut gizon bizitzat, illotz bizitzat baño.

        Zure baitan, aberaskiak gonburuz, beude, nai-baduzu; ta errege arrandiz bizi zaite! Baña, oiei, poza peitu ba-zaie, pozaren ordez ez nioke iñori erosiko, kearen itzala.

ABESLARI-TALDE BURUA: Bakaldunen zer berri txar dakarkiguzu?

GEZNARIA: Ill dira! eta biziak, eriotzaren eragille izan dira.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ta nork il du? nor da, berriz, illa?

GEZNARIA: Aimon il da, ta senide-eskuz il ere.

ABESLARI-TALDE BURUA: Norenez? aitarenez ala bere eskuz?

GEZNARIA: Berak bere burua il du; bere aitak agindutako eriotz-epaiaz suminduta.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ene azti! igarkizuna egiz bete duk.

GEZNARIA: Onela dituzu oriek; orain, beste enperauak oldoztu bear, ordea.

ABESLARI-TALDE BURUA: Ara! Ain zuzen ere, Euridike gaixo ta Kereon'en emaztea dakust. Agian, bere semearekiko zerbait entzunda-edo ala-bearrez yauregitik atera da.

 

(Bi neskame lagun ditula sartzen da Euridike).

 

EURIDIKE: Ene erritar guztiok! Zuen elkar-izketa entzun dut, atariruntz bide egiñaz, nere arrenak Palas Jainkoari egitera, bai-nentorren: ate-morroilloa askatzen ari-nintzala, idekitzeko, nere belarriak zarratatu ditu etxekoekiko gaitzen berriak. Izuz, neskatxen besoetan etzanaz, konortea galdu dut. Baña, yazoa, berriz yalki ezazute: gaitzetan etsia nago-ta, entzuteko gai izango naiz.

GEZNARIA: Andere maite ori! Nik ikusi nunez, esango dizut; eta egitik ezer ere, ez dizut ezkutatuko. Ele xuriz zertako limurtuko zaitut, geroak gezurti azaltzen ba nau. Zuzenenik beti, egia baita.

        Zure senarraren bide-lagun, yoan nintzan nerau, zabaldi-goraño: an baitzetzan oraindik, erruki gabe utzitako Polineikes'en illotza, zakurrak zarrastatua. Bide arteko Jainko ta Pluton'i, beren aserrea ibitu zezatela arren! eskatuaz, zeuden uzkiñak ur garbiz ikuzi, ta adar ebakiberrietan erre genitun. Bere aberri-lurrez obi luzea yaso-ta, bereala eriotzaren emaztegaia zetzan arrizko oeruntz yeixteko giñoiazen.

        Aurretik zijoan guretako batek, zinkurin-zorrotz-otsak illeta-gabeko oe-inguruan entzun zitun: eta yoan eta Kereon Jaunari yalki-ala esan zion. Onek, geroago ta geiago urreratzen zan giñoan, abots samiñaren zurrumuru illuna, bere baranoan, areago oartzen zun-eta, oyu egiñaz, ele erdigarriak esan zitun: «Ene zorigaiztodun au, aztia ote naiz? Igaro ditudan bideetatik inka txarrenean ote nago? Nere semearen mintzoak izutzen nau! Ots!, mutillok! al duzuten ariñen yoan, illobira urreratu, arriak irauli, zirrikitu bat iriki, ateraño sartu ta dantzudan mintzoa Aimon'ena ote dan, ala Jainkoak nausatzen nauten, ikusi zazute». Guk, Yaun saminduaren aginduen arabera, aztertu genun. Ara! arrizko illobi barrenean, neskatxa lepotik dingilizka, ikusi genun: eun arrizko xederan lotuta. Aimon, berriz, illotzari gerritik oratuta, bere emazte-gaiean eriotzak egindako lapurretan aurka, aitaren egiñen yarkiz ta eztei-ertunen buruzki añen-urtika ari zan. Kereon'ek, ordea, ikusi dunekoxe, zinkuri izugarria egin, beragana barruruntz yoan eta negar-marraskaz ots dagio: «Zorigaiztodun orrek, zer egin duk? Zer asmo uan? Zer zoritxarrek zoratu au? Irten emendik, seme! arrenez eskatzen baitiat!» Semeak, berriz, begi basatiz so-egin, arpegira ttu-egin eta tautik erantzun gabe, sorbatz-biko ezpata ilki zun: aitak atzera egiñaz, gorputza itzuri, eta besteak, uts egin zun. Ordun, zorigaiztodun arek, amorruz, bere buruaren aurka zegonez ezpata sartu, ta beraren saietsa alderen-alde sakaildu zun. Gero bere beso, aunatuz neskatxa laztandu, ta arnas-estuka, oraindik konortea galdu gabe, matrail zuriaren gañera odol gorrixka ixuritzen dio.

        An datza illa illaren alboan, bere eztei-betea Ades'ko txakian beintzat lortu, ta burugabekeria gizonarentzat gaitzik andiena dala azalduaz.

 

(Erregiña tutik esan gabe yoan da)

 

ABESLARI-TALDE BURUA: Zer susmatu dezakegu? itz txar edo on bat esan gabe aienatu da emakumea.

GEZNARIA: Ni ere arrituta nago. Alare, bere semearekiko zoritxarra yakin, eta erriaren aurrean deitoratzea zillegi etzaiola-ta, yauregiko etsari barrenean, mirabekin batera, bere etxeko ausiabarra negar egitera yoan-dala, uste dut. Erokeririk ez egiteko aña buru baitu.

ABESLARI-TALDE BURUA: Eztakit. Nik, ordea, geiegizko ixilla, oiu utsala bezin astuna deritzat.

GEZNARIA: Yauregi barreneruntz yo-ta, yakingo dugu, aren biotz saminduan itzalgaizka ezkutatuta zer-edo-zer danentz. Izpidean zaude. Geiegizko ixilla, astuna da nunbait. (Ba doa).

ABESLARI-TALDE BURUA: Ara! Errege bera dator, eskuetan oroipen nabarmena ekarki. Esatea zillegi ba'zait, zoritxar ori berberak egin du, ez beste iñork.

 

(Bi morroik Aimon'en illotza dakarte,
oial batez estalita.
Aiekin batera Kereon dator)
.

 

KEREON: Oi! nere asmo ergelen ogen gorriak! Nere sendikikoen eralle ta illak gakusazutenok!! Nere onuen txorakeria! Ene seme, seme!! il zera!! yoan zera gazterik, erio goiztarregiak yo-ta, nere burugabekerien erruz, ire erruz ez, ai!! ai!! ai!!

ABESLARI-TALDE BURUA: Ene! Beluegi dakusazu zuzenbidea, dirudizunez.

KEREON: Ene! ba-dakit zorigaiztodun onek. Jainkoren batek, ordea, aserre-zama au nere buruari egotzi zion; eta basabide barna iraitzi niñun, ene! nere zoriona irauli ta ostikatuta. Ene! Zain gaiztoaren yoa! gizonen neke ertunak!

BIGARREN GEZNARIA: Yauna! zure eskuetan gaitzak, gonburuz, ekarki etorri zera; ta zure yauregi-baitan ere, gaitzak azkar ikusiko dituzu!

KEREON: Nere gaitzak baño ezer gaitzagorik, ba-ote oraindik?

BIGARREN GEZNARIA: Anderea, illaren ama il da, gaixoa, aurten-mein, zauriyo-berriz sakailduta.

KEREON: Oi! Ados'ko ditxo gozagaitz ori! Zegaitik iltzen nauk? Zoritxar-berridun geznari orrek, zer diok? Ai! ai! Ildako gizona duk!! Zer diok mutil? zer berri dakarkidak? Ene! ene! erio odoltsuak itxesa ontan bereganatu ote du nere emaztea??

BIGARREN GEZNARIA: Begira! ikusi dezakezu! Barrenean ez baitagu.

 

(Antzoki-erdiko atea iriki ta Eurikide'n illotza ageri da,
neskameak inguruan ditula)
.

 

KEREON: Ene! zorigaiztodun onek, oraindik beste ikuskizun samin bat ere badakust! Baño zer? zer besterik atonduko dit etorkizunak? Arestian nere seme illa, nere besoetan euki dut, zorigaiztodun onek, eta orain, nere aurkez, illotz berria dakust! Ene! ene! zorigaiztodun ama!! ene seme!!

BIGARREN GEZNARIA: Beronek, opa-mai baranoan, bere burua ezpata zorrotzez zauritu, ta betazal itzaltsuak itxi zitun, lenago ildako Megar'en zori ospetsua ta aurki orrena (Aimon'ena) tamalez deitoratuaz, ta alarao ta birao-yaurtika semen eraille orren aurka!

KEREON: Ene! Izu-lauorritan nago! Zergatik ez ote nau norbaitek, nere aurrez, sobatz-biko ezpataz sakailtzen? Zorigaiztoduna ni, ziñez! Ai! ai! arriabar lotsagarriak atxiki nau!

BIGARREN GEZNARIA: Bere ta bere semien zoritxar itzalen errua, zuri egozten zizun noski!

KEREON: Nola il zan, ordea?

BIGARREN GEZNARIA: Semearen arriabar negargarria yakin zunean, berak, bere eskuz, bere biotza, ezpataz, zauritu zun.

KEREON: Ene! onelakoak, egundaño, beste gizaki batxori ez zaio yaukiko. Nik, ba, il zaitut! nik! zorigaiztodun onek! Ots! yopuok! Len-bai-len eraman nazazute urrun! Naizen au ezer baño areago ezpainaiz.

ABESLARI-TALDE BURUA: Onuragarriak aolkatzen dituzu, gaitzetan onurarik bada, beintzat. Aurkez ditugun ausiabartza motzenak, oi zaizkigu onenak!

KEREON: Ator! ator! nere azken arriabarra agertu! azken egunerantz zoriontsu bai-naramak!! Ator! Sorraldi ontan, beste egunik ez zat ikusi!

BIGARREN GEZNARIA: Ori geroagorako utzi! Oraingoan, ordea, begitan ditugun oeikin, zer-edo-zer egin bear da. Etorkizuna, zaindu bear dutenei, utzi!

 

ZAPIA

 

aurrekoa