|
ETXE-ALDAKETA Karraskedo Olarra'tar Yakinda 1933'ko Antzerti'ren batzaldian Lenengo saria irabazitako Antzerkia EKITALDI BAKARRA ANTZEZ-LAGUNAK: ANDRE-KATARIÑE: Bartoloma'ren emaztea. JUSTIÑE: Ogei ta bi urte. IRENE: Ogei urte. PANTXIKE: Berrogei t'amarren bat urte. BARTOLOMA: Irurogei t'amarren bat urte. ERRUPIN: Ogei ta lau urte. GORGONI: Irurogei urte. JOKIN: Ogei ta sei urte. JOSEBA: Ogei ta lau urte. MARKELIN: Mutikotxua. Aizkenengo bizitzako gela txiro bat. Atze-aldeko leiotik inguruko tellatuk agiri dira. Ezker-aldera, sarrerako atea; eskubitara, barrurakoa. Etxe-tresnak, lurrean, nolanai. Armayo bat, maitxo bat, alkik eta silla batzuek. Guziak, baserriko sukaldeetan ikusi oi diran bezelakoak. Baserritik kalera bizitzera datorren sendi bat. LENENGO AGERRALDIA Justiñe ta Gorgoni. GORGONI: (Oazuren batekin sartuaz) Utsa da ala ere!... Aizkenengoa da. Ba'zan ordu...! JUSTIÑE: (Ari dan txukunketari jarraituaz) Jarri zazu or, Gorgoni; or... lurrean... GORGONI: (Lurrean oazura Jarritakoan) Errekontre!, izerditzen da, alajaña...! JUSTIÑE: Nekatuko ziñan, ezta? GORGONI: Nekatu...? Eztakit-pa... Izerdi puskat atera degu bañan; arranopola! Goitxo ez pa'dago ba... malladi askotxo iyo bear dira. JUSTIÑE: Zerbait iyo bear da, bai. GORGONI: Zerbait bakarrik, Justiñe...? Esango nuke, alajaña...! Zerura ere eztu goi ontatik urruti urruti ibilli bear, gero? JUSTIÑE: Utzi degun Ernio-Mendi'tik baño gertugo ote degu ba...? GORGONI: (Burua igituz) Eztakit, baña... nik ala uste! Eta ori, erreka zokondoetatik barrena zeozer jetxi geralarik... Inpernu zuloraño ortxen nunbait! Baña, alaz guztiz ere, Ernio-Mendi baño gorago gaudela, esango nuke. «Goikoetxe»-baserria baño gorago, bai beintzat! Len «Goikoetxe»koak, eta orain, «Goikozulo»koak, zuek, kalean ere goitar. JUSTIÑE: Ezta orrenbesteraño, Gorgoni: laugarren bizitza... GORGONI: Ezta ala...? JUSTIÑE: Ez, gizon. GORGONI: Errekontre!, ezetz...? (Bekokia igortziaz) Iruditu utsez ere izerdia datorkit. Beida, Justiñe: naio det erreka zuloetatik barna inpernuraño jetxi, or betik onera iyo baño. Ta ori, tellatu inguru oetan zerurik eder ta onena arkitu arren. Baña uff!, toki itsusik goi oek zeru-atarik izateko, noski. Bestelakoxeak dira utzi dituzuten gure mendi-alde ikusgarriak; bestelakoxeak ango baso ta zelaiak; bestelakoxeak, bai...! Kalea kaletarrentzat; ezta neretzat egiten dana, edo ez naiz ni kalerako egiña. Ez det betarrekin ezertxo ere nai: lapurtxori galantak! Utikan, utikan...! Nik goitar izan nai det... Baña ez tellatu inguruetako goitar. Mendikoa, mendikoa; aize osasungarria ta eguzki ederra ditugun gure alderdi maitekoa. Kale-zulo illunde, beko xaguzar ta alprojentzat! JUSTIÑE: Au Gorgoni...! Betikoa zu: ateraldi zorrotzak beti ezpañean. GORGONI: Banua... ta barkatu gaizki esanak. JUSTIÑE: Bazuazela...? Dabaneko...? GORGONI: Banua, bai. JUSTIÑE: Zaude pixkatean, gizon! Ardo txurruplat artuko dezu, noski? Baña, nun gelditu da Jokin? Ez al du iyo bear? Zoaz, gizon; datorrela, datorrela, ardo txurruplatek ez dio Jokin'i ere gaitzik egingo-ta. GORGONI: Egia... ori ala da... Ardo txurruplatek eztio iñori gaitzik egiten. Zintzurra ere legortu al zaigu-ta.... Ekatzu, ekatzu txurruplat! JUSTIÑE: Zoaz ba... Iyo zaitezte azkar. GORGONI: Ni jetxi... berriz iyotzeko...? Oi!, etzaidazu ori esan, Justiñe. Ez bai naiz gauza... Txonkatillak kolokan dauzkat, emakume! JUSTIÑE: Zaude, ba. Irene jetxiko da. (Deituaz) Irene! BIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Irene. GORGONI: Eztakit, gero, iyo naiko ote dun Jokin'ek. JUSTIÑE: Zer, ba? GORGONI: Eztakit, eztaklt... Ba'leike Irene'k jakitea. IRENE: (Aizkeneko itzak bukatu baño len sartuaz) Nik...? Zer...? GORGONI: Jokin'ek zer duan. IRENE: Nik...? Zer dala-ta nik...? GORGONI: Eztakit, eztakit... Baña, beida: zudur luzea degunok, susmo luzea degu ere. Urrutitik artzen degu usai. Ta... nere semeak eta zuk... Eztakit, eztakit... Baña, esango nuke... Zera!: zeozer dezutela. JUSTIÑE: Zeozer dutela...? Ora beraz...! Eta ni, ezertxo ere jakin gabe. IRENE: Ez nik ere. GORGONI: Etzetz...? Baietz, nik uste. Jokin'ek aspalditik zer duan, nik baño obeto igarri baitiozu zuk. IRENE: Nik ez dakit ezer. Ez baitit beñere ezertxorik neri esan. GORGONI: Itzez ez esatea, ba'leike; biotzez ordea... JUSTIÑE: Ara! ara!... IRENE: Nere lagun ona dala baño geio ez dio nere biotzak bereari iñoiz entzun izan. Ori bai: oso lagun onak gera. GORGONI: Besterik ez dizula iñoiz esan? IRENE: Ez, ez dit esan. GORGONI: Zure biotzak ez du, orduan, besteren biotz-tanpadik entzuten. JUSTIÑE: Biotz-tanpada motelak, ixillak izango ziran. GORGONI: Gorreriz ez dagonak entzuteko lain. JUSTIÑE: Irene ezta goorra, ba... GORGONI: Ezta goorra...: belarriz; biotzez ordea... goorra ezik basta gogorra ere. IRENE: Ez dakit zer esan nai didazun. GORGONI: Ez dakizula...? Zure biotzak ez dakina, bai ote daki, ba, nere zudur luze onek? JUSTIÑE: Ba'leike, ba; zudur luzeok susmo luzea dezute-ta. IRENE: Dan baño geio sumatzeko bai beñipein. GORGONI: Dan baño geio, ez; dan ura, bai. JUSTIÑE: Zer da bera, bada...? GORGONI: Gure mutilla iyo nai ezik gelditu dala. JUSTIÑE: Iyo nai ezik....? Zer dala-ta, gero...? GORGONI: Oso «triste» dagoala, bai, ta zuek agurtzeko kemenik ez duala-edo... JUSTIÑE: Zer da ori...? Ez digula agurrik egin nai...? Ori bear genuke! GORGONI: Ez det esan agur egin nai ez dizutenik; ez dala ausartzen baño. JUSTIÑE: Baita eman ere! Ua, ua Irene!... Datorrela, datorrela...! IRENE: Banitxian. (Bijoa kalerako atetik). IRUGARREN AGERRALDIA Gorgoni ta Justiñe. GORGONI: Ze ordu ote degu? JUSTIÑE: Seiak laister izan bear dute, illundu du-ta. GORGONI: Berandu gabiltz, arranopola! Ez dakit noizko etxeratuko geran. Amarretarako etxeratuko ba'giña... JUSTIÑE: Amarretarako...? Beñepein... joango al zerate! GORGONI: Eztakit-pa... Bizkortxo ibilli bearko degu. JUSTIÑE: Bide baztarren batean gelditzen ez ba'zerate... GORGONI: Zertan...? JUSTIÑE: Nik al dakit! Zurrutian-edo... GORGONI: Ez, ez; txintxo txintxo etxeratu bear degu... irristadik egin gabe. JUSTIÑE: Obe-zute, bai... (Gazta, ogia ta baxoerdi bat ardo emanaz) Torizu: bide baztertzerik ez egitekotan, gero...? GORGONI: Bai, emakume, bai... Eskerrak iñork ez digula entzuten. Zer esango luteke bestela? Moskortzat artuko niñuteke. Ta, noizian beingo irristadak ez dira orrenbesterañoko. JUSTIÑE: Ba'dakit, bai, zintzoa zerala. Baña, beida: noizian beingo irristadak ere, ez egitea obe. Ortatik... onik ez, ta bai kalterik asko. GORGONI: Egia, egi galanta. Nolabaiteko korputz aldartietan baña, nork buruan egi galant ori eduki? Aztu egiten zaigu. Ta orduan, oker ustez, gure amorru ta asper-aldiak... zintzurrari emanaz, zer arrano!, baretu nai ginduzke. Alpertxarrean guzia! Ardoa irakin-gaia izaki, baretzeko txarra ta aserre-suz burua zorazteko zirikalari pizkorra bai-ta. JUSTIÑE: Ta, ori jakinda ere... GORGONI: Zintzurrari eman bear, ezta?... LAUGARREN AGERRALDIA Lengoak Jokin ta Irene. JUSTIÑE: Zer da ori, Jokin?... Gu agertu gaberik joan nai omen zendun... JOKIN: Ez, baña... JUSTIÑE: Orduan... zer dala-ta etzendun iyo nai, ba? JOKIN: Ez nengon iyo nai ezik. JUSTIÑE: Zure aitak ori esan digu.... etzendula iyo nai. GORGONI: Ez det nik orrelakorik esan. Nik ez det esan... iyo nai ezik zegonik; zuri agur egiten etzala ausartzen baño. JUSTIÑE: (Jokin'i) Guri agur egin gabe joan, e...? Ederki, ederki; ez genuen zugandik orrelakorik uste. JOKIN: Ezta egia, zuei agur egin gabe joan nai nuenik... Baña... JUSTIÑE: Zer baña...? Zer da ori...? Zer dezu, gizon....? Esaiguzu, esan! JOKIN: Ezertxorik ez det. IRENE: Esan nai ez pa'dezu... JOKIN: Esan, esan... Zertarako esan! Ez det ezer. JUSTIÑE: (Gazta, ogia ta ardoa emanaz) Torizu ba, Jokin; artzazu txurruplat. JOKIN: Ez det nai, eskarrikasko. JUSTIÑE: Ez dezula nai...? Torizu, gizon! Baxoerdi bat artzeko ez da orrenbeste lelo bear. (Jokin'ek ar beza). GORGONI: Ekatzu neri ere, ederra zegon da. JUSTIÑE: Bai, gizon! (Emanaz) Torizu! GORGONI: (Artuaz) Bai ederra! JUSTIÑE: (Gorgoni'ri) Geio nai al dezu? GORGONI: Ez, naikoa det... Joan egin bear degu. JUSTIÑE: A!, zaude pixkat, Gorgoni. Lagundu egin bear didazu. GORGONI: Zertan...? JUSTIÑE: Oazura'n atzeko gelara eramaten. JOKIN: Nik laguntzea ez al da berdin? JUSTIÑE: Ez, zaude zu. Gorgoni'k lagunduko dit. GORGONI: Eraman bear ba'degu, goazen, ba. JUSTIÑE: Gurasoak etorri baño len ola jarri nai dik. GORGONI: Izan ere! nun gelditu dira Bartoloma ta andre Katariñe? JUSTIÑE: Elizan gelditu dira.. (Oazurari elduaz, Gorgoni'ri) Tira, goazen! (Irene'ri) Beteion, neska, beste baxoerdi bat Jokin'i. (Gorgoni ta Justine bijoaz barrura, oazura daramatela). BOSGARREN AGERRALDIA Jokin ta Irene. JOKIN: (Irene'ri, basoa betetzen asten dalarik) Etzaidazu bete. Ez det geyo nai. IRENE: Ez...? Nik eskañita're ez...? JOKIN: Ez det gogorik baña... artuko det... zuk eskaintzen didazulako. IRENE: Banengoan, ba... JOKIN: (Edan beza) (Ixillunetxoa) Pozik izango zera, ezta? IRENE: Pozik...? Ez dakit zergatik. JOKIN: Ez dakizula...? IRENE: Ez. JOKIN: Kalera etorri zeratelako, ta... baserritarrak zure diña ez geralako... IRENE: Nork esan dizu ori? JOKIN: Zeorrek. IRENE: Nik...? Ara beraz!, ta ni ezertxo're jakin gabe. JOKIN: Orain ba'dakizu, ba. IRENE: Ez det nik orrelakorik esan. JOKIN: Etzazu uka, Irene; bein baño geigoan neroni esan izan didazuna da-ta. IRENE: Nik...? JOKIN: Zuk, bai! IRENE: Arritzen naiz, Jokin! Ez naiz gogoratzen noiz esan ote dizudan orrelakorik nik. Egitan, ez naiz gogoratzen! JOKIN: Noiz esan didazun...? Eta neroni galdetzen didazu...? IRENE: Zuk amets egin dezu. JOKIN: Amets...? Ba'leike...! Baña ametsetan ari izan ba'naiz ere, nere arnetsak ez dira lotan egindakoak izan. Ametsak, bai; baña nere gogoari atsegin zitzaizkan amets gozoak... Eta zuk... IRENE: Nik zer...? JOKIN: Zuk beste ametsak izaki. Nereak ez izan zure gogoko... Baserritarrak ez izan zure diña... IRENE: Baña nork esan dizu ori, Jokin...? JOKIN: Zeorrek! IRENE: Nik...? Baña noiz...? JOKIN: Noiz esan didazun...? Eta neroni galdetzen didazu, Irene...? Noiz!: zurekin itzegin dedan bakoitzean; zuregana joaten nintzan ordu guzietan... Noiz!: nere biotz barruan darabilkidan gogo beroa zuri azaldu nai nizun unero... eta zuk, nere asmoen berri ez ba'zenekizu bezela, jaramonik egiten etzidazunetan... Noiz!, galdetzen didazu...? Kalerako gogoa agertzen zenidan bakoitzean... Bai al dakizu orain...? Len ere bai! Baña alaz ere, ni atsekabez jartzearren-edo, kalerako gogo ori pozik agertu ez-padezu, ba, beti beti... Ez al da egia, Irene? IRENE: Egia... Ez dakit zer esan... Beida, Jokin: etzaitez atsekabetu, Jainkoarren! Zer egingo degu... Nere gogoa bakarrik etzan kalerako gogo ori. Nere aizpak, nere anaiak, guziok genuen kalera etortzeko irrikia. JOKIN: Guziok, ez. Bartoloma'k eta andre Katariñe'k ere bai...? Ez, zuen gurasoak etzuten nai. Zeon gogoak poztutzearren, gurasoen gogoan naigabez jarri dituzute. IRENE: Zer nai dezu... guzion gogoak ezin bete. Ta kalean baserrian baño obeto biziko geralakoan etorri gera... JOKIN: Ba'leike... Obe, obe; ta asko poztuko nintzake... Ez baitakigu zoriona nun darkikegun. Obe, obe...! (Ixillune baten ostean, gurasoak sartu bitez kalerako atetik.) SEIGARREN AGERRALDIA Lengoak, Bartoloma ta andre Katariñe. IRENE: (Gurasoai) Bukatu al da? ANDRE-KATARIÑE: Bai. Ene!, neka neka egiñik naiz... BARTOLOMA: (Jokin'i) Oraindik emen zerate...? JOKIN: Oraindik emen gera, bai. ANDRE-KATARIÑE: Tresna guziak iyo al dituzute? JOKIN: Bai, iyo ditugu. ANDRE-KATARIÑE: Guziak...? JOKIN: Bai, guziak. BARTOLOMA: Gorgoni joan al da? IRENE: Barruan da... Justiñe'kin. ANDRE-KATARIÑE: Ta, Joseba Iñaki? IRENE: Kalean. ANDRE-KATARIÑE: Kalean...? Zertan...? IRENE: Lantegira joan da... nagusiarengana. ZAZPIGARREN AGERRALDIA Lengoak, Gorgoni ta Juatiñe. GORGONI: (Gurasoai) Kaxo!, naiko errezu egin al da? ANDRE-KATARIÑE: Gaurko bai. GORGONI: (Bartoloma'ri) Ta, zer derizkiozu Bartoloma? Kaletar zerate! BARTOLOMA: Kaletar...? Um!, Kaletar izateko berriz jayo bearko diagu, Gorgoni. GORGONI: Zer ba...? BARTOLOMA: Baserritarra... kalean ere baserritar. Kaletartzat esku gogortxoak bai'tizkiagu. GORGONI: Ba'dira, ba, kalean, arranopola!, esku-leundutako amaika baserritar. Zuri ere leunduko zaizkizu, Bartoloma. Ta orduan, nork daki, alkate-edo... BARTOLOMA: Ago ixillik! ANDRE-KATARIÑE: Au Gorgoni...! JUSTIÑE: Beti aldarte oneko. GORGONI: Zer egingo degu, ba... Onartea galtzen ba'degu, gureak egin du! Baña etzazutela uste... Beida: arpegi-alai agertu-arren, ez dakit, neroni ere... umore-itxura utsean ez ote naizen ari-edo... Baña, ea!, baserritar bati ez dagokio biotz zimikorik... ezta ere, negar muxintarik... Baña, biotz gabeak ere ez gera-ta... Ea, ea!; obe degu etxera lenbailen joan. JOKIN: Bai, garaia degu. GORGONI: Ba'dakizute: gu lengoak izango gera beti... lagun zarrak... Ta, nun bizi geran ba'dakizute-ta... ez dago esan bearrik. «Etxegain»-baserriko ateak zabalik dituzute beti. ANDRE-KATARIÑE: Zuek ere ba'dakizute... JUSTIÑE: Kalera jeixten zeratenetan, ¡yo. Oso goyen bizi geralako, ez bildurtu, gero?... GORGONI: Ez, emakume. Agur, Bartoloma; ekatzu bosteko ori! (Agurtu bitez) Agur, guzioi! ANDRE-KATARIÑE: Gorantzik etxeko guziai! JOKIN: Agur, ikusi arte! JUSTIÑE: Ikusi arte...? Zer da ori...? JOKIN: Agur, bada... IRENE: Agur, Jokin! GORGONI: Agur, agur...! (Gorgoni ta Jokin joan bitez kalerako atetik) (Ixillunea). ANDRE-KATARIÑE: (Alabai) Gure soñekoak nun sartu dituzute? JUSTIÑE: Beon gelan an ditue... ate-atzean zintzilik. ANDRE-KATARIÑE: Ta albarketak...? JUSTIÑE: An ditue, an ditue beok gauza guziak. ANDRE-KATARIÑE: Tira, ba, goazen, Bartoloma. (Bartoloma ta Katariñe bijoaz barrurako atetik). ZORTZIGARREN AGERRALDIA Justiñe ta Irene; JUSTIÑE: (Irene'ri) Elduion kutxa oni. IRENE: Nora eraman bear diñan? JUSTIÑE: Barrura. (Oin-otsak entzutean) Norbait diñagu... JOSEBA IÑAKI: (Kalerako atetik sartuaz ta agiri ez dan Errupin'i) Ator aurrera. ERRUPIN: (Sartuaz) Gabon! BI AIZPAK: Gabon! JOSEBA IÑAKI: (Errupin'i) Ik ez dituk ezagutzen, ezta...? (Aurkezpena egiñaz) Nere arrebak: Justiñe... Irene... (Arrebai) Iturbe'tar Errupin nere lagun ona. JUSTIÑE: Zu zera beraz Errupin... Zutzaz maiz itzegin digu gure anaiak. IRENE: Batez ere, soldaruzkaldiko zuen gauzatzaz. ERRUPIN: Izan ere, soldaruzkan ezagutu genuen alkar. Alek egunak! Ezta ala, Joseba Iñaki? JOSEBA IÑAKI: Bai moteil...! Ago emen, nere arrebakin. Belaxen emen nauk. ERRUPIN: Etziok presik... Ongi natxiok... Ez dek beti onelako laguntz ederrean bat arkitzen ere-ta. JOSEBA IÑAKI: Bai, e...? (Bijoa barrurako atetik). BEDERATZIGARREN AGERRALDIA Errupin, Justiñe ta Irene. JUSTIÑE: (Errupin'i) Maxiatzallea al zaitugu? ERRUPIN: Ni...? Bai zera! JUSTIÑE: Ala dirudi; ezagutu ordukoxe maxiatzen asi zera-ta. IRENE: Berez izan bear kaletarra. ERRUPIN: Ta, kaletarrak maxiatzalleak al gera, ba? JUSTIÑE: Besterik ez. ERRUPIN: Guziok? JUSTIÑE: Geienak. ERRUPIN: Ni ez naiz, ba. IRENE: Etzaitugu, orduan, kaletar kaletarra. ERRUPIN: Nere kaletar jatorria uka ez dezadan, beraz, zuen edertasunaz arriturik nagola, aitortu bearrik bai ote?... JUSTIÑE: Ezer gutxik arritzen du, enetxoa! zure jatorrizko kaletar izate ori. IRENE: Menditar batzuek... ERRUPIN: Menditar batzuek, bai; mendiko giro-onak zuen arpegi mardul-gurietan jarri duan atsegiñaren ederrak; zuen ezpain gorrietako gingaren gozoak... IRENE: Kaletar batentzat...? Baita emen ere! Gezatxoak dira... JUSTIÑE: Gezatxoak eta moteltxoak... Ez bat-tira oraindik eldu! ERRUPIN: Ene, ene...! Etzerate motelak... itzez beintzat. JUSTIÑE: Kaletar baten aurrean, bai. IRENE: Baserritarrak ez baitegu kaletarren bizitasunik. ERRUPIN: Ez dezute kalean ikasi bear aundirik, noski, emengo zuntzun askoren artean zuen bizitasuna argiro erakusteko. IRENE: Ezetz...? Ta, kaletar tankera... kaletar apaintasuna... Ezta ori orren errex-errexa...! ERRUPIN: Ori da errexena. Tankera nornaik artzen du. Kaskamotz agertzea naikoa dezute. JUSTIÑE: Guk mototza moztu...? Ez orixe! ERRUPIN: Kaletar izan nai duanak, ba, ankak ariñak eta buruba ariñago, bear ditu. IRENE: Ta, kanta-zarreko neska zuntzun ark bezela, dantzan obeto jakin artajorran baño. Ezta? ERRUPIN: Ori, ori! JUSTIÑE: Guk, beraz, arta-jorraketak utzi ditugu-ta, dantzan ikasi bearko degu orain. Eztago gaizki! ERRUPIN: Ez al dakizute? JUSTIÑE: Kaletarren eran, ez. Baserrian ezta besarkadatutako dantz-egiterik. ERRUPIN: Ezetz...? Iñoiz ikusi izan ditut, ba..., Orduan ikasi bearrean zerate; ez baita kalean beste dantzaketarik orain egiten. IRENE: Ezta errex izango! JUSTIÑE: Nornai asten da orain ikasten. Ez gaude itxura txarrean ta estropozka ibiltzeko. Bai zera! ERRUPIN: Orren zalla ezta.... Beriala ikasiko dezute. Nai badezute, neronek erakutsiko dizuet. IRENE: Bai, e...? ERRUPIN: Pozik ala're! JUSTIÑE: Ez, eskarrikasko. Ez gaude parragarri agertzeko urtietan. IRENE: Zartxoak gera... ERRUPIN: Barkatu, ene!, ez nekin emezazpi urtetik berako «neskazarrak» ziñatenik. IRENE: Emezazpi urte...? zartxeagoak, adizkide! ERRUPIN: Zenbat geigokoak, ba? JUSTIÑE: Ogeitik gorako «neskazarrak». ERRUPIN: Orrenbeste bai...? Ez dirudizute. IRENE: Orra, ba, zuk uste baño zarragoak gera. JUSTIÑE: (Aizpagatik eta beragatik) Ogei eta ogei-ta-bi urteko «neskazarrak». ERRUPIN: Zuek bezelako «neskazarren» otoitzetan, bada, San Antoniyok gogoan iduki nazala. JUSTIÑE: Um!, etzaude zu San Antoniyo txarra. ERRUPIN: Ja, ja...! AMARGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Joseba Iñaki. JOSEBA IÑAKI: Dirudinez, oso adiskide egin zerate. ERRUPIN: Nola ez! Ez nian uste, Joseba-Iñaki, onen arreba atsegiñak ituanik. Nai ta nai ez adiskide egin bear. JOSEBA IÑAKI: Pozten nauk... ERRUPIN: Ni bai beintzat poztu nauk, eta ez gutxi ere, ire arrebak ezagutuaz. Egitan: ez nian uste onen arreba atsegiñak ituanik. Nork uste?, ire antzik ez bai ditek! JOSEBA IÑAKI: Ago ixillik, itz-jario ez besteren ori! Goazemak! ERRUPIN: Ona emen bestearen ateraldia! Aserretu egin zaigu! gizarajoa. Orra!: arpegiz zuen antzik ez dualako, edo zuek, zorionez, bere antzik ez dezutelako... Ori bai: izakeraz bete beteko antza dezute. Joseba-Iñaki ere, oso atsegiña bai-ta. JUSTIÑE: Bai, bai... ari zera orain ere zu. IRENE: Etzaude abo-bero txarra! JUSTIÑE: (Kalean igarotzen dan eres-batzaren otzak entzunaz). Zer da kaleko zarata ori? ERRUPIN: Ez al dakizute? JUSTIÑE: Ez. IRENE: Zer da? ERRUPIN: «Kokotz»'eneko indianoa orain omen dator. JOSEBA IÑAKI: Zazpietako trenean. IRENE: Ta, indiano bat datorrelako zarata ori guzia? ERRUPIN: Jakiña: aberats purrukatua bai-ta. Igaz pelota-plaza berria egiteko bi milla duro aundi eman zituan. Ta orrelako esku-zabal bati... JOSEBA IÑAKI: (Itza Errupin'i etenaz) Ba'algoaz ala ez! ERRUPIN: (Jaramonik egin gabe) Orrelako esku-zabal bati, diot, ongi-etorri bat egin bear zaio, sakela alik eta maizen iriki dezan. IRENE: Bal, bai...; guzia diruagatik... JUSTIÑE: Jakiña! ERRUPIN: Emen etzalo iñori bere arpegiagatik eder-egiten. JOSEBA IÑAKI: (Errupin'i) Bukatu al dek? ERRUPIN: Ez al diguk itz bi egiten lasai utzi bear? JOSEBA IÑAKI: Ori dek...! Itz bi, e...? Garaia dek nai dekanean. Ta, itzegiten lasai utzi bear ba-dit, alkia artzera niak. (Exeri bedi). JUSTIÑE: (Errupin'i) Izan ere, ez dizugu alkirik eskañi. IRENE: (Alkia eskañiz) Exeri nai al dezu? JOSEBA IÑAKI: Orri alkia...? (Jo itxuraz) Nik bai emango diotala alkiarekin... Tira, tira, goazemak! ERRUPIN: (Bi aizpai) Tira, ba; joan egin bearko degu... Ta, zuek ez al zatozte...? JUSTIÑE: Gu, nora...? IRENE: Itxura ontan... ERRUPIN: Apaintzeko oraindik ba dezute beta. JUSTIÑE: Norako baña? ERRUPIN: Ara berriz!...; indianoari ongi-etorria egitera joateko. (Erlojuari begiratuaz) Ogei minutu ba dauzkazute. JOSEBA IÑAKI: Bai-ta eman ere! IRENE: Agidanez i ba'goa, ba. JOSEBA IÑAKI: Ni iñori ongi-etorria egitera... Bai-ta zea ere! JUSTIÑE: Norako aldatu aiz, ba? JOSEBA IÑAKI: Iñorako ez. JUSTIÑE: Apaitara noiz etorriko aiz? ERRUPIN: «Akele»'nean apaltzeko asmoetan gera. JOSEBA IÑAKI: (Errupin'i) Goazemak eta etzaiek jakin bear ez'tuenik esan. (Kaleruntz bijoa). ERRUPIN: Jetxiko zerate, noski? (Ixilpean) Gero, indianoaren omenez, plaza-berrin musika da... Gero arte, ezta...? IRENE: (Justiñe'ri) Joango al gaitun? ERRUPIN: Gero arte, orduan. Agur! BI AIZPAK: Agur! (Bijoa Errupin kalerako atetik). AMAIKAGARREN AGERRALDIA Justiñe ta Irene. IRENE: Jetxiko al gaitun? JUSTIÑE: I beintzat, neska, jeizteko irriki ikusten aut. IRENE: Ona bestearen tentelkeria! Ta i ez al aiz irrikiz? Etzanala, neska, zuntzun arpegirik jarri... Joango gaitun, bai ala ez? JUSTIÑE: Ta... afaldu?... IRENE: Musika bukatzean afalduko diñagu. JUSTIÑE: Ta... gurasoak?... IRENE: Bakarrik afaltzea diñate. Ta gero, aspertzen ba'dira, oeratu ditezela. JUSTIÑE: Joango al gaitun, ba?... IRENE: Bai, neska! Soñekoak nun dizkiñagu? ANDRE-KATARIÑE: (Aizkenengo itzak bukatu baño len sartuaz) Soñekoak?... Zertarako bear dituzute soñekoak orain... IRENE: Ezkera zarpatsu itxura ontan jetxiko, noski. ANDRE-KATARIÑE: Jetxi?... IRENE: Bai, emakume!, plazara goaz. Ba'dakizu orain. JUSTIÑE: (Irene'ri) Atea unan... Ua nor ote dan. (Irene bijoa ikusten eztan eskail-buru-atera ta sartu bedi Pantxike ta beronen semetxoarekin. Markelin'ek amari atzetik darraikio, gonetatik elduaz, utzi gabe. Pantxike'k urteetan sartutako alargun gordiña bera, aboberoko emakumeak bezela itzegin beza: berritsu, baña leun-leun). AMABIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Pantxike semearekin. PANTXIKE: (Betor berritsuketan) Orra bada!... Kalera etorri zerate bizitzera beraz!... Ezertxo ere ez nekien... Nork esan didan bai al dakizute? Zuen Joseba-Iñaki'k. Ain txuxen ere, kalebarrenetik ginjoazela, ara! zuen Joseba-Iñaki «Akele»'neko taberna atarian... Berak esan didanekoxe, arnasik artzeko betarik gabe, enetxoa!, ni onera laisterka... Izan ere, etzan gutxigorako!... Baña andre Katariñe, aspaldiko lagun zar maite ori, ez al didazu laztan bat eman bear?... Atorkit, emakume! ANDRE-KATARIÑE: (Laztanduaz) Pantxike!... PANTXIKE: Oso onik arkitzen zaitut... Eta zure alabak... zer esanik ez! Ongi ezagun ez-pai'dute, ba, noren alabak diran (Semea'ri) Baña, seme Markelin... pakean utziko al didak gonetatik tira gabe? JUSTIÑE: Zure semea al da?... Bai ederra! IRENE: Nola deitu diozu? PANTXIKE: Markelin. IRENE: Atoz, Markelin; ekatzu musu, maite. (Markelin'ek zaputz). PANTXIKE: Onek iñori musu eman... Onelako kaxkallurik ezta iñoiz sortu ta sortuko ere ezta. Etxetik aterazi bitartean ez dit pakean utzi: (Aur mintzoz) «Plaxara joan nai det plaxara». Eta pakean utziko ba'zidan, utzi itzazu egiteko guziak alde batera ta irten zaitez ume mukitsu onekin kalera. Ta guzia, «Kokotz»'eneko indianoa edo olako mutil-zar ori datorrelako. IRENE: (Aizpagatik eta beragatik) Guk ere joan nai genuke, ba... JUSTIÑE: Aldatzera goaz, bai... ta aitari beorri etorri dala, esango diogu. PANTXIKE: Ain txuxen ere, zeok igarri didazute nere asmoa. Bartoloma nun da?... galdetzera ba'ninjoakizuten. Zoazte, bai, zoazte... (Justiñe ta Irene bijoaz barrura) (Semeari) Baña zer dek, seme Markelin, etsaiak al dituk barruan, ni onela zirikadatzeko? MARKELIN: (Muxinka) Plaxara joan nai dedala... PANTXIKE: «Plaxara joan nai dedala» Ago ixillik, petral alena ez besterena, ez dek oraingoxeko leloa ere-ta... Baña, Katariñe, zedozer esan bezait! Ez dirudizu lengoa. ANDRE-KATARIÑE: Zer esan dezaizuket, Pantxike?... Ona emen Bartoloma... (Bartoloma sartu bedi, geldiro-geldiro). PANTXIKE: (Bartoloma'ri) Ongi etorria, ongi etorria... BARTOLOMA: Eskarrikasko, Pantxike... PANTXIKE: Zuei agur egitera etorri naiz; beste egitekorik gabe etorri ere etorri... Zuek etorri zeratela, zuen seme Joseba-Iñaki'k esan didanekoxe, buruak esan dit: ua Pantxike, Bartoloma'ri ta andre Katariñe'ri agur egitera, ongi etorria ematera... Ongi egin al det? BARTOLOMA: Bai, emakume... PANTXIKE: Orra beraz, kalera etorri zerate... Ederki, ederki...! BARTOLOMA: Ederki diozu, Pantxike?... Gero ikusi bearko degu ori. ANDRE-KATARIÑE: Gure gogoz ez gera etorri, Pantxike...! Gero ikusi bearko degu, bai.... Baña ba'dakizu: semeak kalerako irrikiz ziran-eta... guk zer egin genezaken etortzea baño?... Zer du kaleak!, Pantxike?... PANTXIKE: Kaleak zer dun?... Bai al dakizute nere senarra zanak kalea zertzala, esaten zuen?: «Kalea, kalea... gazteen amets-eragille ta zorapena aizen kalea zenbati iruzur egin diek, barruan daramakan lander-atsekabearen arra, azal-uts dan edergarriz apaidurik estaltzen ain ongi dakikan gezurti orrek!» Ori da kalea; guzia gezurra ez ba'da ere, geiena bai beintzat... Baña, ene seme Markelin, geldirik egongo al aiz neri geigo ernerazi gabe...? Kalean geiena gezurra da, bai... Begira: onako neskatx oiek, ara!, onen apain ta dotore, aberats antzo agertzen dira. Baña guzia gezurra; alako dendatan bi illabeteko ogiak zor dituztelako... Aloko gizon ura, ara!, arren zintzo ta etxeko! ba'dirudi ere ezta egia; gau-orduetan maiztxo ikusten bai-ta alderoka etxeratzen... Ta, orroko beste jaun aundiki oriek, ara!, elizatik ez al dira irten?... Bai, oso elizkoiak eta kristau onak dirudite; baña, bai zera!, berak aberats okituak izaki, aien beargiñak, zor ta lor, gosez bizi diralako... Ori da kaleko egirik garratzena: mixeriya, mixeriya...! Geigo jakin nai aldezute? ANDRE-KATARIÑE: Ez, ez; naikoa da, Pantxike! PANTXIKE: Geigo ta geigo esan nezaizukete. Baña etzaitutet aspertu nai, eta ez dizuet, ez orixe!, zuen gogo-biotzetara goibeltasunik erakarri nai ere... Baña, begira: beste alako aiek ere, ara!... BARTOLOMA: Ez, Patxike, ez; etzaiguzu, Jainkoarren!, ezer geigo esan, naikoa da, naikoa!... PANTXIKE: (Aurrari) Ago geldirik, Markelin...! MARKELIN: Plaxara joan nai dedala... PANTXIKE: Ago ixillik, ume petral ori! Zer esan bear ditek, ene Markelin, Bartoloma'k eta andre Katariñe'k? Zarragoak itz egiten ari diranetan umeen egitekoa ixil-ixilik egotea dek. Ez al dik maixu jaunak ori erakusten? Jakiteko ordua ba dek ik, ba... (Ixillunetxoa) Tira, bada, plazara joan bearko degu, ume kaskallu au ixildu dedin. Onezkero, ain bete-betean ere, «Kokotz»'eneko indiano arro puts ori etortzeko garai da-ta. Zer derizkiote: igaz bi milla duro aundi eman etzituan, ba, pelota-plaza berria egiteko, ziotenez. Ba'darabilkigu, orain, arrokeria ugari, enetxoa! Bi milla duro... ez pelota-plaza egiteko bakarrik; ongi-etorriak egiteagatik, alajaiña! Arrokeria, arrokeria ugari!... (Justiñe ta Irene, plazarako gertu, gurasoentzat ontzi batean aparia dakarkitela). JUSTIÑE: Oraindik emen al zaitugu, Pantxike. PANTXIKE: Oraintxen giñan joateko asmoetan. IRENE: Alkarrekin jetxiko gera. (Gurasoai, ontzia mai gañean jarriaz) Ona, afaldu bezate beok. (Pantxike'rí) Zuri ez dizugu ezer eskañiko, ez dezu, noski, ezer naiko-ta. PANTXIKE: Ez, eskarrikasko. JUSTIÑE: Nai dezunean, Pantxike, jetxi gaitezke. PANTXIKE: Agur, ba... andre Katariñe. Agur, Bartoloma... Ongi etorria bioi ta Jainkoak gabon! ANDRE-KATARIÑE: Jainkoak gabon! BARTOLOMA: Agur! (Bijoaz Pantxike ta semea, Justiñe ta Irene.) AMAIRUGARREN AGERRALDIA Gurasoak bakarrik. ANDRE-KATARIÑE: Bartoloma... BARTOLOMA: Zer, Katariñe?... ANDRE-KATARIÑE: Zer dezu, gizon? Zu etzaude onik. BARTOLOMA: Zer, ba?... ANDRE-KATARIÑE: Nik al dakit! Irudipenetan ote zauden-edo... BARTOLOMA: Ez ba?... ANDRE-KATARIÑE: (Janaria jarriaz) Torizu! (Ixillunea) Jantzazu, Bartoloma. BARTOLOMA: Ez daukat gogo aun-aundirik... ANDRE-KATARIÑE: Gogorik ez dezula?... Zer dezu, gizon?... Zuk zedozer darabilkizu buruan. Etzaidazu ezetzik esan. Orrela egoteko zerbait ba'dezu, beñipein. BARTOLOMA: Nik? Ez det ezer, emakume. ANDRE-KATARIÑE: Ez dakit, ba... Ez nuke ezetzik esango. (Ixillunea) Jantzazu, gizon! BARTOLOMA: Gogorik ez bai det... ANDRE-KATARIÑE: Baña, Bartoloma, zer da zure goibeltasun ori? Zer buruauste dira zureok?... Etzazula, gizon, pentsamentu illunetan bururik galdu... utzi itzazu alde batera pentsamentu txar guziak! BARTOLOMA: Pentsamentu txarrak... Ori errez al da, Katariñe? Ezta errez, ez... ! Zartzaroan kalera etortze onek... ANDRE-KATARIÑE: Ene bada!... Ori al degu guzia?... Tira, tira!... zaude ixilik, Bartoloma, emen ere biziko gera-ta. BARTOLOMA: Bai, bai... ANDRE-KATARIÑE: Bai, gizon, bai! Ez gera gosez ilko. Gure Joseba-Iñaki zintzoa da, bai langillea ere, langillerik iñor baldin ba'da. Justiñe ta Irene ere, onak eta langilleak dira. Eta guk ere, zartxamarrak izan arren, lan egin genezake oraindik... BARTOLOMA: Lanak ez nau beldurtzen. Ezta ori! ANDRE-KATARIÑE: Zer dezu orduan? BARTOLOMA: Ez dakit. ANDRE-KATARIÑE: Ez dakizula?... BARTOLOMA: Lanak ez nau beldurtzen, ez... kaleak beldurtzen nau. ANDRE-KATARIÑE: Kaleak?... Zer dala-ta kaleak?... BARTOLOMA: Menditarrentzat egiña ez dalako. ANDRE-KATARIÑE: Ara ateraldia! Makiñat menditar bizi dira, ba, kalean. Eta besteak bizi diran tokin gu ere bizi gaitezkela, uste det. BARTOLOMA: Um!... zartxoak gera! ANDRE-KATARIÑE: Zartxoak?... Egia: urteak ba'ditugu... ez gutxi ere. Baña osasuna degun bitartean, ez gaitezen beldurtiak izan. BARTOLOMA: Bai, bai... ANDRE-KATARIÑE: Bai, gizon, bai! Baserriko nekeetara oitua dagona, kaleko nekeetara ere jarriko al da. BARTOLOMA: Landare berriak nunai itsatsitzen dira; baña zarrak... ANDRE-KATARIÑE: Etsiko gera, bai. BARTOLOMA: Baileike. Beldur naiz baña, zârtxoak ez ote geran. Gure aldaketan, gure sustrai bizienak eten egin dizkigute, ta mendian gelditu zaizkigu. Ta, sustrai berriak botatzeko, aultxoak gera, joan zitzaizkigun kemenak... Baña, ori naiko gauz dalarik ere, ezta okerrena. ANDRE-KATARIÑE: Zer, ba? BARTOLOMA: Ez al dezu ikusten, Katariñe?... (Atsekabez) Au... gure bakartasun au!... Etortzea besterik ez degu egin, ta ikusten dezu, bakarrik utzi gaituzte! ANDRE-KATARIÑE: Baserrian ere belditzen giñan. BARTOLOMA: Ez, Kataliñe, baserrian ez giñan bakarrik gelditzen. Bakarrik uzten giñutenetan, ere, ez giñan bakarrik gelditzen. An inguruko guzia ezagun bai zitzaigun. Zakurren zaunkak, beien marruk, ollarren kukurrik, oiartzun guzi-guziak ezagun bai zitzaizkigun... Ta gañera, ba'giñekin gure semeak nortzukin biltzen ziran ere. Baña emen... ANDRE-KATARIÑE: Gure semeak... bai ote?... Ene, ene!... Bai ote? Ez! ez!... Gure semeak onak dira. Ene, ene!... BARTOLOMA: Zer dezu, Katariñe!... Negarrez zaude!... ANDRE-KATARIÑE: Ene ene!... Jainko maitea!... Ene, ene!... BARTOLOMA: Zaude ixillik, Katariñe!... ANDRE-KATARIÑE: Bai ote!... Ez, ez!... Onak dira! BARTOLOMA: Zer dezu, Katariñe?... ANDRE-KATARIÑE: Ez det ezer. Utsa zan... BARTOLOMA: Utsa?... Zeozer zer dun orduan?... ANDRE-KATARIÑE: Pentsamentu txar bat etorri zait burura. BARTOLOMA: Uxa itzazu pentsamentu txar guziak. ANDRE-KATARIÑE: Baña ori gertatuko balitz?... BARTOLOMA: Baña zer? ANDRE-KATARIÑE: Ez, ez!... Ez dira orrelakoak gure semak. BARTOLOMA: Nolakoak baña?... ANDRE-KATARIÑE: Ez, ez!... Ene Jainko maitea!... Ene, ene ba-da!... BARTOLOMA: Etzazula negar egin, Katariñe... Ixildu zaitez... Etzaitut negarrez ikusi nai... Txuka itzazu malkoak... Naikoa da, naikoa!... ANDRE-KATARIÑE: Ez, ez... Ez dira, ez!... BARTOLOMA: Ene!... zaude ixillik, Katariñe!... Goazen lotara... Ekatzu esku... Atoz!... atoz... (Bijoaz geldiro). AMAIA |