|     27 zenbakia, 1934ko martxoa [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

Komeriak idazteari buruz

 

        Tajuzko euskel antzerki gutxi ditugula entzun oi da. Erri guzietatik datorkigun leloa da. Egi galanta gañera. Aukera aundi samarra bear izaten baita, antzerki-jaiak maiz eratzen diran tokietan. Ontan, guztiok gera berrizale. Beti gauza batzuek ikustea, naiz eta atsegiñak izan aspergarri zaigu. Gutxi dagon lekuan berriz! dagonetik artu bear! Ez al da au gertatzen zaiguna?

        Nolabait euskel antzerkiak ugaritzearren, Antzerti sortu zan. Gure saillean amaika antzerki lan berri eskeñi digute. Ta etorriko diranak J.L. Lanari lotuta, ezin konta ala idazle ta teatrozale purrukatuak bai daude.

        Azia ereiña dago. Garaiz zitu ta igaliak jasotzen al dira. Bitartean, ez geldirik egon. Nola edo ala, itzuliaz, eratuaz, zarberrituaz, gertu arazi antzerki jaiak; ta dagonetik jan. Orain idazle ta antzerkigille gazteai onu ta aolku zerbait eman nai nieke antzerki idazteari buruz.

        Idazle gazteak komedi egiteari eman diotela ikustea pozgarri da. Nolatan ez? Bañan lan ori alperrikakoa izan ez dedin, biotzez ezezik, zentzuz, buruz, jakitez egiña bedi.

        Gure eskuetara maiz irixten dira antzerki-lanak; mingarri izaten zaigu irakurtzen as¡ ta utzi bear izatea. Ain dira moldakaitz eta itxuragabeak geienak. Ez da aski euskeraz ondo ikasi dalako besterik gabe, antzerki bat idaztea! An dijoa ea zer ateratzen dan!

        Euskel-idazle bikaña ez izanagatik, ostera, Teatro sena ta oarpena baldin ba'du zerbait ikusia baldin ba'da antzerki politik egin ditzazke. Idazleak aldez aurretik jakin bear du zer nolako lana burutzera dijoan. Goi-argi ta aldartean arabera lan ori, idazleari, bikain, goitar, eder-antzekoa irten dezaioke; edo ta asmamen urriduna ba'da gutxienez zur eta neurriz ebakia. Gaiak erruz arki ditezke; nun nai daude. Aukeran begiz ondo jotzea du gaitzen; eta oraindik arego, gai ori, asieratik bukaeraño, beetik-gora zuzen eramatea. Azalgaia da erderaz «argumento» deritzatena. Bein azalgai ortatik antzez-lagunak «dramatis personae» sortu ezkero antzerkigilleak ariak eskuan ditu, nai dun eran, ots, bear dan eran erabiltzeko. Oni erdeldunak «trama» izena ematen diote; euskeraz «zuta-zearra» esaera jatorraz adierazi ditekena.

        Antzerki-lan bat osatzeko ez da naikoa antzez-lagun batzuek suma ondoren, mintzaraztea, parragarri ala negargari agertuaz. Alkarren artean zer ikusia izan bezate, zerbait gerta bezate: ez dute nolanai —gogoak emanda— sartu edo atera bear. Ari oriek guziekin ez ba'da estualdi, korapillo bat lotutzen, ez da ezer egin. Korapillorik ez, dramarik ez. Korapillo itz au «conflicto»tzat erabiltzen det. Korapilloa lotuaz geroz datoz azkatu edo erdi azkatuta uztea; antzerki-ikusleen irudipenak asma beza gañerantzekoa. Emen bearrezko iruditzen zaidan oar bat: matasa ta korapilloa lotu ta azkatzea, al dala edo geientsuenetan antzez-leku bertan egin bedi; gibelean, alboan ez. Antzertia ez da beste nunbaitean gertatu dana kontatzea; gertaera, egipena aurrez-aurre ikustea baizik.

        Bestela, mota guzidun gaiak erabilli ditezke. Ez dago Teatro barruan sartzen ez danik. Ori bai, mota bakoitzak bere tankera eskatzen du; bere arau ta legeak ditu. Antziñako gertakizunak, kondaira zatiren bat edo onelako zerbaitez antzerkia idatzi nai ba'da, orduko izaera aztertu ta ezagun bear da. Urrutikoa ikusten, beti zallago, orain begiaurrean daukaguna baño. Beraz errezenetatik asi, —antzerkigille gazteok— inguruan dezuten gaitik. Antzerkigille asi-berriak, lenengotik, ez da ere, iru ekitaldidun antzerkiari ez diote ekingo.

        Elkar-izketa soil bat edo ekitaldi bakarreko antzerkitxoa dira indarrak neurtzeko egokienak. Ontatik garaille irten ezkero, ordun, jarrai aurrera, lan luzeagotara.

        Onu auek irakurriaz ez det esan nai edozeñek, antzerkiak Moliere'k bezin ondo idatziko dunik. Berez bear antzerkigille. Alaz guztiaz, utsegite aundienetatik iges egiteko bideak erakutsi ditudala uste det.

        Gertu bada, idazle gazteok, urrengo batzaldi ta sariketarako. Ez aztu antzerklak ugariak bearrezko zaizkigula: bana-banakoak geiago ordea.

Matxingorri

 

 

Antzerki berriak

 

        Soraluzetarrak lenengo antzeztu zuten Donosti'ko «Poxpoliñen-Antzokian» «Itxastarra» Lete idazlearen antzerki lana. Eleizalde taldekoak berriz eman digute, lenengo Bergara'n eta urrena, Donostia, Tolosa ta Arrasate'n Eleizegi'tar Katariñe'n «Iatsu» antzerkia.

        Antzezlarien jarduna txalogarri ta benetan aipatzekoa izan ba-da ez dezakegu beste orrenbeste esan antzerki-lanari buruz. Mingarri izanagatik aitortu bear degu egille bi oriengandik zerbait oberik itxaro genduela. Antzerki lan guziak eta batez ere iru ta lau ekitaldi dituztenak ondo neurtu, ebaki ta borobilduak izatea eskatzen dute; ta beste gauza asko «Itxastarra» ta «Iatsu»'ri peitu zaiena. Beste aldetik geiegizko itz-aspertuak nun nai. Urrena kontuan artzen al dituzte gure antzerkigille begikoak.

 

* * *

 

        Tolosa'ko «Lizardi» taldeak antzeztu du bere errian ta Donosti'ko Poxpoliñetan Martinez Sierra'ren «Madrigal» antzerkia. Irazuzta Jon Andoni'k euskeratuta «Losintxak» deritzana.

        Euskeraz ere antzerki «fiña» gelditzen da, gure artean ez bestelakoa. Tolosar antzezlariek apain agertu ta ederki antzeztu dute. Muñoa, Urkiola, Munita ta Artolazabal andereñoak: eta Elosegi, Perez Izagirre ta Galdona jaunak ezin obeto beren «paperetan».

 

* * *

 

        Iturralde Suit, Napar idazle argitua izan zan ipui batetik gaia artuta Sota Aburto Manu'k antzerki polit bat egin zuan: «Urretxindorra».

        Orain Altuna jaunak euskeratuta «Euskerea» aldizkingian argitaratu duten bera. «Urretxindorra» Antzerkitxoa oso atsegin izan zaigu. Gaztetxoak antzeztutzeko egoki ta alaia. Euskeraz oso errez ta garbi biurtua dago. Zorionak.

 

 

Antzezlari-taldeen sariketa

Donostia ta Andoain txapeldun

 

        Zenbaki au berandutxo dator antzezlari-taldeen sariketaren berri eman al izatekoz.

        Aldez aurretik gaztigatu genuen egitaraua, beteta dago. Nor geiagoka ontan 14 talde alkarren leian sartu dira: Alegi, Andoain, Bergara (Eusko-Batzokia) Bergara (Zarrontzale-Bazkuna), Errenderi, Deba, Ondarroa, Donostia (2), Pasai Deun Kepa, Soraluze, Tolosa, Urnieta ta Zumaia. Poxpoliñen Antzokian igandero jendea erruz bildu da, egun batzuetan gañezka egiteraño, antzezkizunak ikusi ta txalotzen.

        Onelako teatro-«arorik» ez da iñoiz ezagutu Euskal-Errian. «Aro» onuragarria benetan. Donostia'koa onela izan ba-da beste erritakoa ez da izan gutxiagokoa. Zintzo jokatu dute geienak. Azken leiaketa Tolosa ta Andoain artean Ernani'ko «Zintzotasuna» Antzokian Jorraillaren 29'n egin zan. Epai-maikoak emandako erabakia au izan da:

        Poxpoliñen Antzoki batzaldian zer nai antzerki antzeztutzea: 500 pesetako saria, Donostia'ko Euzko-Etxeko taldeari Loti-Alzaga'ren «Ramontxo» antzezkizunagatik.

        «Etxe-Aldaketa» Karraskedo Olarra'ren antzerki saritua nork obeto egitea:

        500 pesetako saria Andoain'go Euzko-Gaztediari.

        Erabaki au dala-ta noski guziok ez dira «conporme» gelditu: Okerren bat egin-ba'da zuzentasunez jokatu dute guziok; garbi ta gogo onez. Aurtengo batzaldia ikasbidetzat ondo datorkigu. Oartu diran utsegiteak bigarrengorako zearo kentzeko alegiñak egingo ditugu.

        Bitartean, zorionak txapeldunai ta guzioi eskerrak euskel teatroaren-alde egin duten lan ederragatik.

 

 

Euskal-Antzerti eguna

 

        Leku zabala bearko genuke Antzerti-Egunaren edertasuna adierazteko. Ez dezakegu egin aitatu besterik. Asi tokiz, San Telmo ateto apaña, ta Euzko Abesbatza'ren konziertoaz bukatutik, guzia goitar, aundi ta gaiñ-gañekoa izan zan.

        Ariztimuño, Arzeluz eta Leizaola jaunen itzaldiak, entzuleai atsegin izan zitzazkien. Jendetza jai eder artatik pozik atera zan, egille ta antzezlari-talde sarituak, izlari ta Eusko-Abesbatza bikaña, gartsu txalotu, ta gero.

        Ondoren ordezkariak Hotel Principe'n bazkaltzera bildu ziran. Arratsaldean Euskel-Antzerti Egunari azkena eman zitzaion Poxpolin-Antzokian Donosti ta Andoain'go talde sarituak «Ramontxo» ta «Etxe-Aldaketa» antzezturik.

        «¡Egun siñalagarria 1934'ko Orrillaren seigarrena!!»

 

hurrengoa