|     27 zenbakia, 1934ko martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


ARALAR MENDIAN

 

EKITALDI BATEKO ANTZERKIA

 

Urkia'tar Pernando'k sortua

 

ANTZEZLARIAK:

        MANUEL: 40 urtekoa.

        JOANES, Manuel'en anaia: 38 urtekoa.

        ANTONTXU, Manuel'en semea: 14 urtekoa.

        MIKEL, Abeltzaña: 20 urtekoa.

        JOAKIN, Mendigoizalea: 20 urtekoa.

        IÑAKI: 20 urtekoa.

        PERU, Mikeletea: 35 urtekoa.

        JOSE: 35 urtekoa.

 

        Antzerki au Aralar mendian, Gipuzko ta Naparroaren mugan, gaurko egunez eta artzai-txabol baten aurrekaldean gertatzen da.

 

        OARRA.— Antzerki onen abestiak aldatu ditezke, beste abesti egokiren batzuk artuta; baita guztiz kendu ere.

 

 

LENDABIZIKO AGERRALDIA

 

Joanes eta Antontxu.

 

        AGERTOKIA: Artzai-txabol baten aurrekaldea. Atzean, ezkerreko zokoan, txabola, atea aurrekalderantz duala. Txabol-ate ondoan aizkora bat, apatza, kaikua eta beste orrelako artzai-tresnak. Txabol-aurrekaldean enbor ala arri-malkor bat edo beste, jarlekutzat-edo.

        Alde guzietatik, zuaitz mardulak aitz-tartetan agiri dira.

        Goizaldea da. Antontxu, ardiak, jeitzi ondoren, larrera eramatera joan da; onuzkoan, abeslari dator.

 

ABESTIA

 

ANTONTXU: (Landatik, urruti bezela lenengo; gero ta urreago)

                Gaur txori guziak dira abeslari,

                Zuaitz ta landarak alai agiri;

                Egun berri onak poztutzen ditu,

                Udako euzkiak bafena alaitu.

        (Emen Joanes artzaia, txabolatik irtengo da, ta apatza arturik, berriz sartuko da).

                Ea, txoritxuak, lagundu neri,

                Egin egaztiak txio Jaunari,

                Zuek ere Urtzi'n morroi zerate,

                Jabe ta Nagusi Jauna dente.

        (Antontxu agertzen da; eskuan makilla dakar, txabolara urreratzean, Joanes'ek, barrendik eskua luzatuta, pitxarra ematen dio, esanaz: «Ekatzak ura iturritik». Antontxu'k «Bereala, osaba» erantzungo dio. Antontxu berriz pitxarrarekin irtengo da, Abestiaren lenengo atala berriro abestuaz.)

        (Abestia bukatuaz bat Antontxu pitxarrarekin sartu bedi. Une berean Mikel agertzen da).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Mikel eta gero Manuel.

 

MIKEL: (Sorbaldatik galtzarbera zearka esegita zorro bat dakar: zorro-barrenean ardo-zato bat; eskuan makilla). (Antontxu'ri) Aita emen al dek mutiko?

ANTONTXU: Bai barrenean da. Osaba ere bai.

MIKEL: (Makillaz atea jota) Eup! Egun on! Bizi al gera?

JOANES: (Barrendik) Oraindik bai.

MIKEL: Zer ari zerate, gaztagintzan?

MANUEL: (Barrendik) Bai, alan ari gaituk piska bat.

JOANES: (Agertzen da) Gaur goiz abil. Zer dek?

MIKEL: Bai, makiña bat pauso atera ditut gaur.

MANUEL: (Agertzen da) Abere baten billa abil ala?

ANTONTXU: Ona emen ura, osaba.

JOANES: Utzi zak or barrenean.

MANUEL: (Antontxu'ri) Kontu ar zaiok eltzeari.

ANTONTXU: Bai, aita, bai. (Txabolara sartzen da).

MIKEL: Abere baten billa bakarrik ez, lau beor palta zaizkit-eta.

JOANES: Lau beor! Ez dituk asko ere...

MIKEL: Ez; ogei baño gutxiago dira, bai.

MANUEL: Nolakoak dituk beorrok?

MIKEL: Bat, zarrena, motz-samarra, burua ere oso motza, lau anketan zuri-une batzuk...

MANUEL: Eta besteak?

MIKEL: Beste bat, goitik bera aundi-samarra; baña aurretik atzera luze baño motz geiago.

MANUEL: Ba-zituekan zintzarrik?

MIKEL: Bik bai.

MANUEL: Orduan ire beorrak eranegun ikusi nitukan nik.

MIKEL: Nun?

MANUEL: Or, ezkerreko egi ortan.

MIKEL: Eta arrezkero?

MANUEL: Arrezkero ez.

JOANES: Nolako zintzarrik dizkitek beorrok?

MIKEL: Aundia batek, txikiago baña oso fiña besteak.

JOANES: Ba, zintzarri oien otsa gaur goizean aditu diat.

MIKEL: Nun?

JOANES: Eskubi-aldeko arru ortan. Lañua ukan, eta ez dizkiat ikusi; baña otsa aditu... bertan bezela.

MANUEL: Ba-egoke lasai, beorrok emen dituk-eta.

MIKEL: Atseden apur bat ar dezagun orduan. (Enbor gañean-edo eseritzen da; zorrotik zatoa aterata Manuel eta Joanes'i eskeñiko die. Mikel'ek bi aben ondoren erango du). Bi ordu ba-daramazkit gutxienaz aldapa gora ta bera, abere zatar oien billa.

JOANES: Guk baño sasoi obea dek orratiok!

MIKEL: A! Zelako makilkadak artu bear dituzten! Kenduko dizkiet, bai, berriz Naparro'ko mugatik irtetzeko gogoak.

MANUEL: Alperrik! Abereak, abere. Laister emen dituk berriz.

MIKEL: Ez uste ba. A! Zelako lasterrak egin-araziko dizkiedan Napar-aldera bera.

JOANES: (Zatotik edan ondoren) Au ardo gozoa! Etzerate gaizki bizi! Pozik joango nindukek Naparro'ra ardo ontatik edateagatik bakarrik.

MANUEL: Eta zer berri Arbizu aldetik?

MIKEL: Ala olako berriak, ba. Urte txarra, ta kezka ugari bazterretan.

MANUEL: Zer ziok Joxe-Anton Aundi'k?

MIKEL: Ondo dago. Abere-tratoan diru asko egin du.

JOANES: Eta Mikel Peru nolan zegok?

MIKEL: Ez dakigu; il egin bait-zan.

MANUEL: Il?

JOANES: Il? Noiz?

MIKEL: Lau illabete dirala. Pago aundi batek azpian artu zuan, eta artatik laster il zan.

MANUEL: Gaxoa! Askotan ikusten giñikan emen, bei-zai zanean.

JOANES: I baño gelagotan. Gutxitan agertzen aiz i. Irekin zintzo ibiltzen dituk abereak nunbait, mutil azkarra aizelako-edo...

MIKEL: Ori, ori... ez dakigu; laster abere-zai guziok aituko gerala, bai.

MANUEL: Nola ori?

MIKEL: Nola? Ez bait-dago lanbide txarragorik.

JOANES: Lanbide txarra? Ez dek asko agiri, mutil.

MIKEL: Emen gabiltza gau eta egun, ia lorik egin gabe, atzera ta aurrera, mendiz-mendi ta basoz-baso, abere-piztiok menderatu eziñik; eta sarri asko baikuntza [Abereak baitu ezkero, ordaintzen dan multa] ederrak ordaintzen beste errietako basoetan sartzen diranean.

JOANES: Eta irabazirik ez dek aitatu...

MIKEL: A! zer irabazia! Emezortzi ontzako urtean.

JOANES: Ez dek gaberdiko auntzaren eztula ere.

MANUEL: Ezta aberastutzeko bide laburra ere.

MIKEL: Oñetakotan ia erdia bear dezu, eta baikuntzakin galtzen dezuna kendu ezkero, ia zer gelditzen zaizun, utsa.

JOANES: Baikuntzarenak zuzenbidea badik...

MIKEL: Zein?

JOANES: Erne ta pizkor ibiltzea.

MIKEL: (Joanes'i) Badituzu zereak ere!... Egiten degu, ba, alegin. Inguruko errietako baso-zaiak batetik, eta mikeleteak zuen aldetik, gau ta egun begiak itxi eziñik gauzkate... Eta arrapatu ezkero, buruko ainbeste atera bear... (Emen zintzarri-otsa adituko da).

MANUEL: Orra! Ire beorrak... (Berriz arran-otsa).

MIKEL: Bai, berberak dira. (Abereai) Bazeozke, bai, or lasai; gero ikusiko dezute zuena.

JOANES: A! Arestian mikeleteak aipatu dituk, ez da?

MIKEL: Bai; ta zer?

JOANES: Ba... gaur astelena (dana dala) dek; ta astelen oro goizean emen ibiltzen bazekitek mikeleteak; laister emen dituk, mutil.

MIKEL: Bai? Arrapa nazatela, ba, orain. (Jeiki ta lasterka asten da; baña Joanes'ek atzetik oratuko du).

JOANES: Nora oa, baña?

MIKEL: Beorrakana; ez dakizu-ala?

JOANES: Nora oan galdetu diat, ardo gozo ortatik berriz eskeñi gabe.

MIKEL: (Urduri) Zu zera, zu, gizona!

JOANES: Zer izango nak, ba, emakumea?

MIKEL: (Zatoa eskeñiaz) Eran zazu nai dezun guzia, baña azkar. (Joanes'ek eraten du).

MANUEL: Gurera ez dituk iñoiz sartzen mikeleteak, baña inguru abetan astelen geienetan ikusten dizkiagu. Lenbizi mendi-zelai artan agertuko dituk.

MIKEL: Zelai artan? Orduan ez didate beorrik artuko. Mikeleteak andik ona orduko, nik gure aldera bidalduko ditut. Au artu detan larria!

JOANES: (Eranda) Au ardo gozoa!

MIKEL: (Manuel'i eskeñiaz) Ar zazu zuk ere.

MANUEL: Ez diat nai. Oa lenbailen beorrakana.

MIKEL: (Zatoa zorroan sartuta) Ez dago orrenbeste arriskurik.

JOANES: Ezetz? Mikeleteak botatzen dituzten balak, ik baño oin obeak dizkitek.

MIKEL: Ez dute balarik botatzen ordea.

JOANES: Igesi ikusi ezkero, bai.

MIKEL: Baietz? Banoa orduan. Agur, beste bat arte. Ondo izan (Irtetzen da).

MANUEL: (Beatzaz erakusten) Antxe mikelleteak!

MIKEL: Bai? Nun?

JOANES: Antxe agiri dituk.

MIKEL: Arranua! (Lasterka doa. Aterata gero beatzaz txistu bat edo beste joko du, beorrak uxatzeko bezela. Arran-otsak ere adituko dira).

JOANES: Ua, ba azkar... azkar! Zertako dituk anka oiek? (Didarka) Eta... maiz etorri.

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Manuel eta Joanes.

 

MANUEL: (Mikel joan dan aldera begira). Orren oin bigun eta ariñak! Olakorik!

JOANES: Bazetozek iregana. Abil azkar (Mikel'i didarka).

MANUEL: Etzak bildurtu geiago, mutikoa. (Joanes'i).

JOANES: Erbiari ere egingo lioke arraio orrek lasterka...

MANUEL: Bai ongi zuzendu ere mutil orrek beorrak Naparro-aldera!

JOANES: (Manuel'i) Ara! Oartu dituk mikeleteak ere. Lasterka asi dituk.

MANUEL: Lasterka orri? A, ja, ja!... Alperrik! Zuek añako lau badek-eta.

JOANES: Ia eskutatu dek madarikatua...

MANUEL: Bizi bearrak zelako lanak artu erazten dituan!

JOANES: Ondatu ukan gure begietatik.

MANUEL: Eta mikeleteak tokitan zeudek oraindik.

JOANES: Gogoa bai oiek iñor arrapatzeko.

MANUEL: Ba... joan dek jolas ori (Txabol aldera biurtuta). Ekin zaiogun berriz gure betiko lanari.

JOANES: Gaztak eta arduak ere aztu zaizkidak orain (Txabol alderantz doa). Antontxu, or ago?

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Antontxu.

 

ANTONTXU: (Barrendik) Bai, emen naiz.

JOANES: Ator ona.

ANTONTXU: (Txabol atean agertzen da) Zer nai dezu osaba?

JOANES: Artzak makilla, eta oa ardiagana. Badakik Ezkidi'ko Aizpe nun dan?

ANTONTXU: Ez det jakingo ba?

JOANES: Oa, ba, ta bota itzak ardiak ara; gaur eguzkiak gogotik joko dik-eta, an obeto egongo dituk.

ANTONTXU: Botata bereala etorriko naiz.

MANUEL: (Txabolara sartzen) Begiratu diok iñoiz eltzeari?

ANTONTXU: Bai, askotan, begiratu ere.

JOANES: Oa, ba, agudo.

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Manuel eta Joanes.

 

(Manuel txabolan sartuko da;
Joanes ere bai, ontziren bat artuta.
Agertokia utsik dago)
.

 

MANUEL eta JOANES: (Barrendik).

 

ABESTIA

 

                Pakea nai duanak

                Munduan billatu

                Ez dedilla kaleko

                Zuloetan sartu.

 

                Emen billatuko du

                Atseden-pakea,

                Zoriontsu izateko

                Egizko bidea.

 

                Mendian ez bait-dago

                Asarre-biderik;

                Emen ez gera danak

                Lagun utsak baizik.

 

                Ez digu arkituko

                Guri iñork bitxirik

                Ezta sabelan ere

                Gose-aztarrenik.

 

MANUEL: (Irazontzia garbitzeko ziri edo makiltxoa eskuan duala irtetzen da). Zer ziri egin ukan atzo Joanes?

JOANES: (Barrendik) Zer dik, ba, ziri orrek?

MANUEL: Gauz eztala, sendoegi dalako.

JOANES: (Barr.) Zorroztu zak orduan, ori erreza dek.

MANUEL: (Aizkora artuta) Alan bearko... (Begiak ezker aldera jasota) Arranoa!

JOANES: Zer da? Okerren bat?

MANUEL: Mikeleteak gurera.

JOANES: Mikeleteak?

MANUEL: Gaur lenbiziko aldiz. Zer nai ote ditek?

JOANES: (Atean agertzen da) Bai, egia dek, onara zetozek... Joango dituk etorri diran bidetik.

MANUEL: Zeren billa zetozek ona? Kontrabandoa ote?

JOANES: Kontrabandoa emen? (Sabela eskuaz jota) Eran degun Naparro'ko ardoa ez badek... Berandutxo dek. Onezkero tokitan zegok ura!

MANUEL: A ¡Mikel'gatik galdezka zetozek oiek! Arranoa!

JOANES: Ez esan ezer, naiz sabeletik ardoa atera (Biak txabolara sartzen dira. Agertokia utsik da).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Peru ta Jose.

 

(Mikeleteak ezkerretik sartzen dira,
su-izkilluak blzkarretik esegita dituztela.
Bereala txabolarantz abiatuko dira)
.

 

PERU: Egun on. (Une baten dana ixillk).

JOSE: Egun on dizuela! (Berriz ixil-unea).

PERU: Eup! Ez da emen iñor bizi?

MANUEL: (Barrendik) Bai, emen gera (Ixil unetxoa).

JOSE: Lan asko dezute-ala?

JOANES: Lana?... Lanik ez da emen iñoiz palta.

PERU: Gaztagintzan, e?

MANUEL: Gaztagintzan, eta beti gaztagintzan. (Biak irtetzen dira).

JOANES: Gaur egoaldi ona dakartzue.

MANUEL: Egoaldi bikaña benetan.

JOSE: Ez da txarra, ez.

MANUEL: Txarra? Atzo emen izan ba-ziñaten, atzo...

JOANES: Atzo bakarrik? Eta aurreko lau egunetan...

MANUEL: Atzokoa beltzena zan, orregatik.

JOANES: Ez diat uste, ba.

MANUEL: Etzetz?

JOANES: Ez. Eranegun, euri ta lañoaz gañera otz aundia ukan.

MANUEL: Atzokoa ere ez ukan makala, ba.

JOANES: Ala ere eranegungoa aundiagoa.

PERU: Etzaitezte orregaitik eztabaidan asi.

JOSE: Bai, egoaldi ona edo txarra gora bera...

JOANES: «Egoaldi ona edo txarra gora bera» esan dezu? Agiri da bai argi asko kaletarrak zeratela.

MANUEL: Kaletarrok etxe-epel-zulotan bizi zerate, etzaizute ainbeste ajolik.

PERU: Ez uste izan, baña, guk egoaldi ona nai ez degunik.

JOSE: Guri ere eguzki gozoa maitagarri zaigu, ez zuei bakarrik.

JOANES: Guri aña ez, arranopola! Guretzat egoaldi ona osasuna ez eze, ogia ere ba-da.

MANUEL: Egoaldi illun eta otzak kalte aundia egiten digu ardietan; esnea gutxitzen zaie abereari, ta guri dirua izateko bidea ere bai.

JOANES: Mendian artzai bizi geranok dakigu bakarrik aurreko egunetako egoaldi beltzak sortzen dizkigun kalte eta okerrak.

PERU: (Ixilik lagunari) Badiagu egun guziko aria egoaldi on eta txar orrekin.

JOSE: (Ixilik lagunari) Alan uste diat nik ere.

JOANES: Eta... bealdean, egoaldi onak dituzute?

PERU: Alan-olakoak, ba (berekiko) Zorioneko egoaldia!

JOANES: Alan-olakoak bakarrik? Etzerate gaizki bizi! Izan al zan atzo euririk?

JOSE: Gutxi; lanbro-ziri-miria.

MANUEL: Besterik ez? Zorionekoak zuek!

PERU: (Berekiko) Ez aiz i zorioneko makala!

JOANES: Emen, ba... Atzo etorri izan baziñaten... Begira! Goizeko lauretan asi, ta...

PERU: (Berekiko. Asarre-samar) Ez ditek sekula bukatuko, gibel aundiok!

JOANES: Goizeko lauretan asi, ta... arratsaldeko seirak arte...

JOSE: (Urduri) Amalau ordu!...

JOANES: Amalau ordu!... oietan, goian bean dana euri jasa zan.

PERU: Ez gerala etorri, gizona, emengo egoaldia jakitera!

MANUEL: Zertara, ba? Kaletarrak beti beren kontuekin!

JOSE: Beste gauz bat jakitera etorri gera.

JOANES: Toki txarrara etorri zerate berriak jakiteko!

MANUEL: Gu gizon gaiztotzat, ala kontrabando-zaletzat gauzkazute? Guk ez degu ortarako betarik.

JOSE: Ez, ori ez; ez degu izan iñoiz susmo txarrik.

JOANES: Bearrik!...

PERU: Gizonik ikusi al dezuten jakin nai genuke.

MANUEL: Gizonik emen? Ona iñor gutxi etortzen da..

JOANES: Au lekua aukeratu dezutena gizonak billatzeko! Aurreko egunetako lañoaz gure sudur-punta ere ozta-ozta ikusten genduan-eta...

MANUEL: Eranegun, zegon otzak ikaratuta, txabol-barrenean egon giñan.

PERU: (Berekiko) Au geiegi dek! (Artzaiai) Ez dizuet atzo eta eranegungorik galdetzen.

JOANES: Noizkoa, orduan?

PERU: Gaurkoa, gizona, gaurkoa.

JOSE: Ia gaur emen gizonik ikusi dezuten galdetzen dizuegu.

JOANES: Emen gizonik? Ez, ta ez.

PERU: Emen bertan, edo inguru onetan.

JOANES: Ezta inguru guzian ere (Berekiko) Gezurra esan al det?... Ez, Mikel mutilla dek oraindik.

PERU: Ez dezutela arestian emen gizonik ikusi?

MANUEL: Ez, degu gizonik ikusi.

JOSE: (Berekiko) Gezur galanta bota ditek oraintxe.

PERU: Itxuak zerate, orduan.

MANUEL: Ez oraindik, Jaunari eskerrak. Begi onak ditugu biok, zuek baño obeak, bear bada; mendiko aize ta argiak begiak zorroztu egiten ditu.

JOANES: Ango mendi-tontorrean (erakutsiaz) dagon belea emea ala arra dan baietz guk igarri.

PERU: Ez diguzute adarrik joko, orregaitik.

JOANES: Ezta nai ere; adarrak ondatu ziran gure mendietan.

JOSE: Nun egon zerate, ba, emen gizonik ez ikusteko?

MANUEL: Gu? Txabol-barrenean, eta kanpoan ere bai.

JOSE: Guk urrutitik gizona ederki ikusi, eta zuek ez?

MANUEL: Zer nai dezu, ba; guk ez degu ikusi, ta kittu.

PERU: Eta zintzarri-otsik ez dezute aditu?

MANUEL: Bai, ori, bai. Ez da, baña, gauz berria emen zintzarri-otsa aditzea.

PERU: Guk ederki ikusi degu, ba, gizon bat beor batzuen atzetik.

JOANES: (Asarre-antzean) Zergatik ez diozu, ba, tiratu, arranoa! dezun amorru orrekin?

PERU: Merezi bai aizeri arrek; baña emen bere berri izango gendulakoan.... utzi egin diogu.

JOANES: Badakizu, ba, beste baterako...

JOSE: (Peru'ri) Utzi zak pakean; ez diagu gauz garbirik, aterako-ta.

JOANES: Zer diozute? Gezurtitzat al gauzkazute? Guk ez dakigu egia baizik esaten, gero.

JOSE: Bai, sinisten dizuegu.

PERU: Baditeke, bai.

JOANES: Baietz! Au gizon sinis-gogorra! Onek Santo Tomas'eri ere emango lioke!

PERU: (Jose'ri) Goazemak emendikan, alperrik gabiltzak-eta. (Artzaiai) Agur, ondo izan.

MANUEL: Agur, ondo ibilli.

JOANES: Agur. Eta ezer bear dezutenean, etorri, dakiguna esango dizuegu.

PERU: (Jose'ri irtetzean) Arrano oiek dana zekitek, baño oiekin etzegok, mutil.

JOSE: (Peru'ri irtetzean) Nik urrutitik txabol-aurrean ikusi dizkiat, baña ezezka asi dituk eta... (Dijoaz).

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Manuel eta Joanes.

 

JOANES: (Irri-barrea eta ixil-samar lendabizi) Oiek gizonak, oiek! Guk biok ezetz, eta oiek baietz. Azkenean ixildu eta joan egin dituk.

MANUEL: Ez aiz i makala asmatzen!

JOANES: Ta gezurrik esan gabe gañera.

MANUEL: Bildur nindukan, ba, ni pitin bat.

JOANES: Ez ni, ordea; asma ta asma, aurrera.

MANUEL: Eta mutil-gizonarena nola bururatu zaik?

JOANES: Oso errez; begira: Mikel gaztea dek, ogeitabi urte inguru, ezta?

MANUEL: Olakoren bat.

JOANES: «Mikel gaztea dek —esan ziokat buruari—; ezkondu gabe zegok; ez dek, beraz, gizona, mutilla baizik». Ederki, e?

MANUEL: Bai, Joanes, bai.

JOANES: Ez diagu, beraz, gezurra konpesatu bearrik izango...

MANUEL: Ezta arrastorik ere.

JOANES: (Mikel iges joan dan lekurantz begira) Ai, Mikell! Niregatik izan ez balitzak, patrika ustu bearko ukan gaur. Zorretan ago nirekin. Urrengo etortzen aizenean, ire zatoak ordainduko dik, bai.

MANUEL: (Urrutira begira) Ara! An beste bi... Gaur ez diagu pakerik emen. Mendigoizaleren batzuk.

JOANES: Alperren batzuk, esan zak.

MANUEL: Goazemak lanera. Onezkero gure esnea oztuta zegok.

JOANES: Alan uste diat nik ere. (Biak sartzen dira. Ixilunea).

MANUEL: Esan bezela; dana oztuta. Arranoa.

JOANES: (Barrendik) Dana, zorioneko Mikel orregatik! Urrengo agertzen aizenean, a! zer ordañana artu bear dik ire zatoak!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Joakin eta Iñaki (Mendigoizaleak).

 

(«Goazen Mendirik-Mendi» abestia kantari datoz.
Gero ta indartsuago, txabolarantz urreratuaz bezela
abestu bezate. Abestiaren amai-aldean Antzokira sartu)
.

 

JOAKIN: Eldu gaituk noizbait txabol ontaraño.

IÑAKI: Bai ukan garaia ere, mutil! (Enborren baten gañean eseriko dira biak. Esku-zapiak aterata, izerdia kendu ta arpegiari aizea ematen ibilliko dira. Nekatuta balaude bezela itz egin).

JOAKIN: Au galda! Uff... Ito bearrean nindukan...

IÑAKI: Baita ni ere... Beko aldapok noizbait atera ditugunean...!

IÑAKI: Emen aize gozoa zebillek...

IÑAKI: Bai giñikan premia ere... Au aizea!

JOAKIN: Bide zallena egiñik zeukagu beintzat...

IÑAKI: Zallena, bakarrik? Emendik aurrera bide lau-samarra zeok... (Ixil-unea)

JOAKIN: Bizi al dek iñor txabol ontan?

IÑAKI: Baietz uste diat... Tresnok emen kanpuan dauden ezkero... Nik ura bear diat, egarriak ito bearrean natxiok-eta.

JOAKIN: Nik ere artuko nikek zerbait.

IÑAKI: (Zutiturik) Izango al ditek urik?

JOAKIN: Izan ez, ba.

IÑAKI: (Txabol-aldera mugiturik) Egun on! (Ixil-unea). (Joakin ere, eserita zegon lekutik jeiki ta txabolarantza dijoa).

JOAKIN: (Makillaz atea joaz) Eup! Jainkoak egun on!

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Manuel.

 

MANUEL: (Barrendik) Baita zuri ere.

IÑAKI: Ba-dezu ur pitin, bat?

MANUEL: (Barr.) Bai.

IÑAKI: Atera zadazu, mesedez.

MANUEL: (Barr.) Bereala.

JOAKIN: (Ixil-samar Iñaki'ri). Etzekiat nolan bizi diran zulo ortan sartuta. Ni ito egingo nindukek.

IÑAKI: Ez uste izan. Ke ori ez dek ona izango, noski; baña emen egun guzian eta egunero artzen duten aize me ta garbia, osasun-iturria dek.

JOAKIN: Eta bakartasun onetan!... Ni aspertu egingo nindukek bereala.

IÑAKI: Ezta ori ere. Gizona gustira oitu ta jartzen dek.

MANUEL: (Txabol-atean, esku batean ur-pitxarra eta bestean edontzi bat duala, agertzen da) Ona emen ur otza.

IÑAKI: Ori bear degu, ori.

MANUEL: Gazura nai izan ezkero, emango dizuegu.

IÑAKI: Nik... ura naigo det.

JOAKIN: Nik gazura artuko nuke, berriz.

MANUEL: (Edontzia uraz betetzen) Zuek nai bezela. Artu.

IÑAKI: (Ura eranda gero) Au ur ederra! Eskerrik asko.

MANUEL: Ez orrengatik. Nai al dezu geiago?

IÑAKI: Ez, naiko det. (Manuel pitxar eta edontziakin txabolara itzultzen da).

        (Joakin'i) Ez diat sekula olako urik eran.

JOAKIN: Nik lengo iturrian asko eran diat-eta, ez diat geigo bear. (Ixil-unea).

MANUEL: (Lurrezko katillu baten gazura nola dator) Ona emen gazura, nork eskatu du?

JOAKIN: Nik.

MANUEL: Artu, ba. (Ematen dio. Joakin'ek, katillutik eran baño len, eskuan daukan makilla ustekabean lurrera erortzen zaio Joakin'i. Manuel'ek bereala lurretik artuta emango dio).

JOAKIN: Utzi zazu. Etzatzula artu nekerik orregatik.

MANUEL: Ez da, baña nekea. (Joakin'ek eraten du).

IÑAKI: Nun dezute iturri ori?

MANUEL: (Erakutsiaz) Or bertan, pago aundi orren ondoan.

IÑAKI: Ondo da jakitea. Guk pozik artuko genduke olako iturri bat gure errian.

MANUEL: Etorri ona bizitzera, ta bertan izango dezute.

IÑAKI: A! Ori beste gauz bat da.

JOAKIN: (Eranda gero, katillua emanaz) Eskerrik asko. Ederra da.

MANUEL: Nai al dezu geigo?

JOAKIN: Ez, naiko det.

MANUEL: Eskatu lotsarik gabe, ba-degu-ta.

JOAKIN: Ez, ez. Eskerrik asko.

IÑAKI: Zenbat ardi dituzute?

MANUEL: Banaka batzuk.

JOAKIN: Banaka batzuk bakarrik?

IÑAKI: (Irri-antzean) Bai, eunaka batzuk.

MANUEL: Ez ditugu, ba, asko ere. Badira or guk baño geiago dituztenak.

IÑAKI: Bai, ez degu ori ukatzen. Ez dezute emen bizimodu txarra artzaiok!

MANUEL: Txarra? Ezta oso ona ere.

IÑAKI: Ardiak jaitzi ta gaztaiak egin, orra zuen lan guziak. Bestera, nai aña esne ta gaztai jan, ta egun guzian itzal gozoan egon... Bizimodu oberik!

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Joanes.

 

JOANES: (Txabolatik irtetzen da) Ola! Egun on!

IÑAKI ta JOAKIN: Baita zuri ere.

JOANES: Zer diozute? Zer diozute, kaletarrok?

MANUEL: Artzaiok mendian, erregeak jauregietan baño obe ta latsaiago bizi gaitukala, ta olako asmaketak.

JOANES: Egia, erregeak baño lasaiago bizi gera emen; zuek kalean bezain ongi ez arranotan!

IÑAKI: Gu bezain ongi ezetz? Nun billatu kale-aldean emengo pake ta lasaitasunak?

JOAKIN: Ezta kandela piztuta ere.

MANUEL: Pakea gauz bat da, ta len aitatu dezun lan-kontua beste bat.

JOANES: Lasaitasuna! Lasaitasuna!... Zer esan nai dezu itz orrekin? Kaleko etxeetan alkarren ondoan ta txardiñak bezelaxe estu-estu zaudetela; gu, ordea, aitzeki ta zabal-zabal, txilborra nora-nai bota dezakegula, bizi gerala?

IÑAKI: Ez degu ori esaten.

JOANES: Zer orduan?

JOAKIN: Zuen bizikera gurea baño obea dala.

JOANES: Bai, egunero, aragia, legatza ta pastelak jaten ditugula, kapia ta edari biziak eraten ditugula; egunero lan-ondorean pasiatzen gerala, ta orlakoak, ezta?

MANUEL: Egunero paseoak ditugu, baña ardien atzetik.

IÑAKI: Ori ez; zuen lanak gureak baño errazagoak dirala...

JOANES: Ez da asko agiri. Kaleko zokoa utzi, ta mendira artzaintzara etorri dan iñor ezagutzen dezute? Nik ez. Menditik kalera bizitzera jetxi diranak bai, ordea.

MANUEL: Orrek asko esan nai du.

IÑAKI: Bai, ori egia da, baña...

JOANES: Ez dago bañarik. Kaleko bizitzak alderdi onen bat ba-du.

JOAKIN: Komodidade geiago, ta...

JOANES: A! ori. Eliza bertan ta... medikua ere bai, ta... dendak ere bai.

MANUEL: Jolas-bide geiago, ta... teatroa dala, zine edo dantza dala...

JOANES: Ta beste gauz asko.

MANUEL: Guk emen, jai ta aste, beti lana daukagu, ta ez degu artzen iñoiz betarik zuek gaur bezela mendiz-mendi ibiltzeko.

IÑAKI: Zuen bizikerak izango du bere alderdi ona ere, bestela etziñateke emen biziko.

JOANES: Jakiña; ez degu ori ukatzen.. Lana etengabea, bai, baña neke aundikoa ez.

MANUEL: Bizimodua ere paketsua ta....

JOAKIN: Osasungarria.

IÑAKI: (Irri-antzean) Ta lasaia.

JOANES: Zu beti zere lasaitasun orrekin. Eman dezagun, ba, mendiko bizikera lasaia dala. Orra!

JOAKIN: (Iñaki'ri) I, ez gaituk gu emen lasai gutxi.

IÑAKI: Bai, mutil; zertara etorri geran ere aztu egin zaidak, gu ere lasaitu egin gaituk emen.

JOAKIN: San Migel'era eguerdirako eldu nai genduke, ta aurrera jarraitu bear degu.

JOANES: (Erakutsirik) Ezkerreko bide ortatik joan ezkeroz, amaiketarako ederki eldu zaitezke.

IÑAKI: Ortik joango gera, orduan.

JOAKIN: Beraz, agur eta eskerrik asko. (Biak biai eskua emanaz) Ta... gaizki esanak barkatu.

JOANES: Ez da barkatu bearrik. Agur, ondo ibili.

IÑAKI: Agur, ongi bizi.

MANUEL: (Joakin eta Iñaki ezkerretik dijoaz. Manuel eta Joanes une batez berai begira geldituko dira) Ez dik gogo txarra berriketarako arrano orrek.

JOANES: (Parrez) Ori ibillera mendirako! Ezaun dek, bai, kaletarrak dirala. Pauso botatzen ere etzekitek. (Biak txabolara sartuko dira).

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Manuel, Joanes eta Antontxu.

 

ABESTIA

 

ANTONTXU: (Lasterka sartuta)

                    Aita, osaba, arritu

                Zaitezte nerekin!

MANUEL, JOANES: (Txabolatik irtenda)

                Zer gertatu zaik, seme

                Etortzeko ain arin?

ANTONTXU:

                    Begira zalozute

                Gauz txit oni!

MANUEL, JOANES:

                Erloju bat! Esan zak

                Nola izan dekan ori.

        (Biak erlojua artu ta aztertuko dute).

ANTONTXU:

                    Zuk agindu bezela

                Jun naiz Ezkidi'ra,

                Eta ardiak bilduta

                Bota itzalaldera.

                    Egarria kentzeko

                Iturriratu naiz,

                T'an zan bedar artean

                Erloju au dizdiz.

MANUEL, JOANES:

                    Erlojua iretzat,

                Semetxo, izango dek,

                Baldin gero jaberik

                Agertzen ez badek.

ANTONTXU:

                    Bioi eskerrik asko

                Biotzez dizuet,

                Beraz oroipen ona

                Nik beti izango det.

JOANES: Ederra zirudik benetan, erloju onek; nik gaztetan Tolosa'ko San Juanetan erosi nuana baño obea dek.

MANUEL: Guk, seme, ez diagu erloju bearrik orduari igartzeko. Osaba ta biok, naiz egunez, naiz gabaz, eguzki ala izarren bidez bereala ezagutzen diagu zer ordu dan.

JOANES: Ik ere ikasiko dek urtiekin, baña bitartean erloju au oso egoki etorriko zaik.

ANTONTXU: Au nere poza! Erloju baten jabe naiz.

MANUEL: Jabea agertu arte, emen, atean, jarriko diagu, jabeak errazago ikusi ta ezagutu dezan (Txabol-atean, kanpo-aldetik, ultzetxo batetik esegita ipiñiko du erlojua).

ANTONTXU: Ta gabaz, gu lo gaudela, iñork ostutzen ba-digu, aita?

MANUEL: Gabaz barrenera sartuko diagu. Ez izan bildurrik.

JOANES: Ta orain, berriz lanera danok. (Danak txabolara sartuko dira.)

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Iñaki ta Joakin.

 

(Iñaki ta Joakin erlojua galdu dutela
oarturik bereala lengo bidetik itzultzen dira.
Antzoki-aurrekaldean itz egingo dute)
.

 

IÑAKI: Nun atera dek azkenengo aldiz?

JOAKIN: Nun, enatxiok ziur-ziur. Etxetik atera detala, bai.

IÑAKI: Aurreko aldapan asi baño len, ba-eunkan, ba.

JOAKIN: Ori bai. Iturrian gelditu geranean... baietz uste diat. Arrezkeroko konturik etzekiat.

IÑAKI: (Inguru guzian lurrera begiratuta) Ez dek emen agiri.

JOAKIN: Ez nikek galdu nai erloju eder ori; gure aita zanaren oroipena delako.

IÑAKI: Ez ote diat milla aldiz esan, ezin litekela mendira balioko gauzik ekarri?

JOAKIN: Bai, egia diok.

IÑAKI: (Txabolako atera begiratuta) Or erloju bat. Irea ote dek?

JOAKIN: Ez diat uste.

IÑAKI: Ikusi zagun. Ator ixilik nerekin. (Biak ixilik erlojua ikustera dijoaz; eta bazter-aldetik eskua luzatuta, artzaiak ikusi ez dezaten, erlojua aztertuko dute).

JOAKIN: (Ixilik) Nerea dek. Artu egin bear diat.

IÑAKI: (Ixilik) Ez. Utzi zak or bertan. Ator nerekin. (Biak berriz aurrekaldera datoz. Ixilik itz egin bezate). Nere ustez, artzai oiek iri erlojua ostu egin ditek.

JOAKIN: Baietz? Ez diat uste, ba. Nik erlojua galdu, ta oiek, bear bada, arkitu egingo zikaten.

IÑAKI: Arkitu? Nun? Nola? Noiz? Ez ditek izan betarik. Gu etorri geranean, barrenean itukan; emendik alde egitean, berriz barrenera sartu dituk. Emen lurrera erori balitzakik, gañera, danok oartuko gindukan, noski.

JOAKIN: Etzekiat, ba, zer esan ere.

IÑAKI: Baietz, gizona; sinistu nazak, artzaiak ostu egin dikitek.

JOAKIN: Noiz eta nola ordea?

IÑAKI: Ori ez dikikat esango. Ez dek iñoiz aditu nola or, Donostia'n eta erri aundietan, gizonai, norbera oartu gabe, dirua, erlojua eta olako gauzak ostu egiten dizkietela lapurrak?

JOAKIN: Ori bai.

IÑAKI: Orra, ba. Gaurko artzaiak asko zekitek; eta iri, gu oartu gabe, erlojua kendu ditek. (Zerbait bururatu balitzaio bezela) A! Iri makila lurrera erori zaikanean, orduan, orduantxe egin dik esku-joku ori. Bai, orduantxe egin dik.

JOAKIN: Balitekek, balitekek...

IÑAKI: Balitekek, bakarrik? Egi utsa dekala! Gaur iñoren itzalarekin ere kontuz eta erne ibilli bear dek. Ator; ots egin bear ziekagu... Au artu bear duten larria! Joango zaiek, bai, beren lasaitasun ori! (Biak txabola atera dijoaz. Iñaki'k, atea makillaz joaz, esango du:) Eup! Emen gera berriz.

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Manuel eta Joanes.

 

MANUEL: (Barrendik) Zer nai dezute?

IÑAKI: Atera zaitezte biak mesedez.

JOAKIN: (Iñaki'ri) Ni bildur nauk, mutil.

IÑAKI: (Joakin'i) Ez adi bildurtu! Oraintxe ikusiko dek ona.

MANUEL: (Joanes'ekin atera irtenda) Zer nai dezute berriz? Ura ote?

IÑAKI: Ezta gazura ere.

MANUEL: Zer, bada?

IÑAKI: Zuek batzutan zer egin ez dakizutela egoten zerate, ezta?

JOANES: Gezurra galanta ori.

MANUEL: Guk beti daukagu lanik zerbait.

IÑAKI: Bai; ta orduan asmaketa berriak buruan erabiltzen dituzute, ezta?

JOANES: Baña, zer diozu, gizona?

MANUEL: Zer esan nai dezu orrekin?

IÑAKI: Esan nai det, eskuak, eta beatzak batez ere, iñork ikusi gabe ta azkar erabiltzen ikasten dezutela orduan.

JOANES: Ezta tutik ere. (Manuel'i) Aditzen dek ezer?

MANUEL: (Joanes'i) Ni ezer ez,.. mutil.

JOAKIN: Aditzen dezute, bai.

IÑAKI: Esan nai det, zuen nagi aldietan gizonengandik gauzak uxatzeko era berriak asmatzen egoten zeratela.

MANUEL: Gaurko eguzkiak jota-edo, mutil abek burua galdu egin ditek.

JOANES: (Bizi) Esan zazute argi ta garbi zer nai dezuten, ez daukagu betarik galtzeko-ta.

IÑAKI: (Manuel'i) Etzaude zu buru ta eguzki txarra! Zer egin diozu gazte oni gazura eman diozunean?

MANUEL: Nik?

IÑAKI: Bai, zuk.

MANUEL: Nik ezer ez. Gazur ona ta garbia eman diot nik beintzat.

JOANES: Kalte egin dio, ala?

JOAKIN: Bai, naiko kalte!

JOANES: (Asarre) Esan zazute beingoan, arranoa! Olakorik!

IÑAKI: (Manuel'i) Makilla lurretik artu diozunean, ez al diozu ezer kendu?

MANUEL: Nik kendu, zer? Makilla?

JOANES: Guk ezer ostu? Berriz esaten ba-dezu, egizko makilla artuko det.

IÑAKI: Bai, zuek ostu dezute.

JOANES: Arranotan! (Txabolara makil bila dijoala, Iñaki'k besotik eutsi, ta ateko erlojua erakutsiko dio).

MANUEL: (Bitarte ontan; arriturik) Ametsetan gaude, ala?

JOAKIN: Ez dago emen amesik.

IÑAKI: (Erlojua erakusten) Eta ori, zer da?

MANUEL: Nik ez det ostu.

IÑAKI: Nundik dezute, ba?

JOAKIN: Erloju ori nerea da.

JOANES: Guk ez degu ostu beintzat.

IÑAKI: Nundik zuzendu dezuten!

MANUEL: Gure mutikoak billatu du.

IÑAKI: Nun?

JOANES: Berak esango digu (Ateraño joanda) Ator ona.

JOAKIN: Ba-dezute, baña, mutikorik?

 

 

AMALAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Antontxu.

 

JOANES: (Antontxu'ri atean agertzen danean) Esan zak, seme, nun billatu dekan erloju au.

ANTONTXU: Ezkidi-aldeko iturrian billatu det.

JOAKIN: Nun zegon, ba?

ANTONTXU: Iturritik lau pausu, goi-aldera: antxe bedar artean.

IÑAKI: (Joakin'i biak guztiz lotsatuta daude) Bai, antxe egon aiz i, lurrean luze-luze iraulka, toteltzar ori!

JOAKIN: (Iñaki'ri) Ik dituk erru guziak; i asi aiz.

IÑAKI: (Joakin'i) Zer egingo diagu orain?

JOAKIN: (Iñaki'ri) Ik ikusi. Asma zak orain.

MANUEL: (Erlojua artu, ta Joakin'i emanaz) Zurea bada artu ezazu.

JOANES: (Asarre) Zer diozute orain? Atzapar luzeak gu, e? Ez dezute mingaña motza beintzat.

IÑAKI: Bai, gaizki egin degu.

MANUEL: Itz egin bakarrik? Arranotan!

JOAKIN: Bai, kristau onak geralako, barkatzen zaitugu, bestela ez dakit zer egingo ez genuken orain.

MANUEL: Ezbearren bat zuekin, noski...

IÑAKI: Mendian, guk uste baño gizon obeak daude.

ANTONTXU: Len erloju bat banualakoan pozik nengon, eta orain batere ez... (Itun)

MANUEL: Ez, seme. Beste bat erosiko diagu orren ordez.

JOAKIN: Ori nere kontu, gizon. Beste au nere aurrekoena izan ez balitz, pozik emango nioke; baña beste eder bat nik erosiko diot. Beregatik izan ez bazan, galdua zan erloju au neretzat betiko-ta.

IÑAKI: (Joakin'i) Ez; utzi zak ori nere gain. Izan diagun naspil eta asarrealdi au dana neregatik izan dek eta erlojua nik erosiko ziokat.

JOAKIN: Orduan nik beste gauzaren bat ekarriko diat seme. (Antontxu'ri)

ANTONTXU: Eskerrik asko. Au poza!

IÑAKI: (Artzaiai) Barkatu, bada, susmo ta gaizki esanak.

JOANES: Barkatuta dago guzia.

MANUEL: Biotzez barkatzen dizuegu dan-dana.

JOAKIN: Eskerrik asko.

IÑAKI: Gora gure mendietako artzaien zintzotasuna!

JOAKIN: Gora!

 

ABESTIA

 

GUZIAK:

                Zorion-billa gizonak dabiltza munduan,

                Iñun ezin billaturik, emen lur-gañean.

                Baldin pake-izpirik bada ludi zabalean,

                Ementxe arkituko da artzaien tartean.

MENDIGOIZALEAK:

                Une batez bi lagunok susmo izan degu,

                Artzaion zintzotasuna itzez degu iraindu;

                Baita, egia garbiro zaigunean azaldu,

                Egindakoz damuturik, barkapena lortu.

 

OIALA

 

aurrekoa