|
JAKINGARRIAK IRUGARREN BATZALDI TA SARIKETA Euskel-Antzertiari aurrerapen bultzada ematearren Antzerki-batzaldi au zabaltzen da «Euskaltzaleak» saritzen dutena ta «ANTZERTI»'ren bidez eratua. BALDINTZAK: 1'go.: Edozein motako ta zer nai gaiz ta mamiz idatzitako antzerki-lanak artzen dira. Ekitaldi bat ala geiagotan, epaikarien iritzian egoki ta antzezgarri izan ezkero. 2'g.: Batzaldi onetara sartu nai duten egilleak bidali litzate lanak, luzeena Urria'ren 31'gn. arte zuzenbide au ipiñiaz «Antzerti» (Editorial I. Lopez Mendizabal Tolosa) edo ta «Euskaltzaleak» (En la Diputación de Guipúzcoa San Sebastian). 3'g.: Antzerki-lanok jatorrak (originales) izan bitez, norberak sortutakoak eta ez beste izkeratik itzuliak. 4'g.: Epai-iritzia toki ontan bertan azalduko da ta aren aurka ez dago iñora jotzerik. 5'.: Saritutako antzerkiak «Antzerti»'n argitaratuak izango dira ta oni dagozkio jabetza ta eskubide guziak. 6'g.: Saritu gabekoak egilleak jaso litzazteke ta eskatu ala biurtuko zaizkie. SARIAK: Auek dira eskeñitako sariak: 250 pesetako saria, Antzerki-lan onenari ekitaldi bat ala geiagotan idatzia. 150 pesetako saria, bigarrenari. 75 pesetako saria: bakarrizketa, aur-jolas edo antzeko lantxo onenari. 25 pesetako saria, bigarrenari. Oarrak: Egille ta idazleak ez bezate aztu antzerkiok irakurgai ez ezik antzezgarri izan bear dutela; Teatro-kutsua zaiela bearren. Au ez ba'dute ez dute ezer. Teatroa jolasa dala ta ikusleen barruraño irixteko, noiz par, izkirimirien bidez, eta noiz negar, zoritxarren otsikaren indarrez, nolanai ere, ez dedilla beñere luze ta aspergarri izan. Antzertiak bere lege ta arauak ditu ta ez diteke tajuzko antzerkirik idatzi aiek ondo ikasi gabe. Azkenik, gure antzez-leku geienak txikiak izanik ta antzezlariak berriz duarik lan egiten dutenak, ez bai dira ortatik bizi, idazleai eskatzen zaie antzerkiak egin ditzatela alik eta ikas-errez eta antzez-errezenak. Jostirudia Euskal teatroaren aztarrenak billatzen gabiltzanoi gero ta geiago azaltzen ari zaizkigu eredutzat artu ditezken gaiak. Lenago ajola gutxi ematen genien oitura, jolas, zeizen eta atsoitzetan dago antzertiaren ernemiña. Errian sakabanatuak dauden apurrak bildurik, komeri euskaldunak egin ditzagun, au da nere asmoa. Lantxo onek jostirudia deritza Marzelino Soroa'ren «Abek istiluak», «Gorgonio'ren estutasunak» eta Toribio Aizaga'ren «Aterako gera» omen eta oroiz. Euskal komeri bideak donostiar jator oiek urratzen asiak bai-ditugu; ta beren lanak jostirudi izen ortaz deitu zituzten. Soroa'k kale arteko euskera «mea» besterik ez ba'zekien, Alzaga'k geroztik, errian barenduaz «Bost urtean», «Biotzberak» «Neskarrarra» ta beste antzerki eder batzuek idatziak ditu. Irritsuak geienak. Onelako lantxoak par eta jolaserako besterik ez dirana-ta ez bitza orregatik iñork baztertu. Moliere'k ere, il baño bi urtez aurretik bere antzerki goitarrenak sortuz geroz, «Les Fourberies de Scapin» («Eskapino'ren maltzurkeriak»), itxuraz kirtenkeri utsa dan komeria moldatu zuan. Garai artako Boileau «Dans ce ridicule ou Scapin s'enveloppe. Je ne recomnais pas l'auteur de Misanthrope» ta jakintsuen gogoko ez izanagatik gerora «Eskapinoren maltzurkeriak» bide egin zuen. Moliere'ren lanetatik geien bat antzeztu dan antzerkia izango da. Irri ta parraren sena erri txeak gordetzen du ondoenik. «Escapino» «xelebre» ori Moliere'k italiarren «commedia dell'arte»tik artua zuen; ta italiarrak berriz Terencio'ren «Phormion» eta antzeko komerietatik ikasiak zituzten alako kirtenkeriak. Izan ere parbide ta jolasak iturri batetik edo datoz; giza-biotzaren argalkeri ta biziaren gora-beretatik, eta auek betikoak dira. Emen eskeintzen dizutedan jostirudi, farsa dalako au josteko aukeratu nuen gaia oso da arrunta; ezin-da errikoiagoa. Lenengoz idatzi izan nuen komeritxoa dezute. Amabost urte igesi joan dira ordutik. Kutunena izaki nunbait eta maite det geroztik sortu ditudan antzerki guziak ez bestela. Orain, berriro, argitaratzeko asmoz irrakurritakoan utsegite askotxo arki dizkiot ordea, ta oker batzuez zuzendurik, antzezlagun batzuen jarduna zerbait aldatu bearra izan det. Izena ere bai, onoko au ipiñirik! «Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti»... Oihenarte'ren atsoitzaren arabera bukatuaz «iges egik nola kutsuti» esaera zaar onek egokienik nere antzerkitxoaren muña azaltzen duala deritzaidalako. Guzia joku, jolas kirtenkeri utsa da, antzezlariak umore ta aldarte onean antzeztu bear dutena. Jantziak ere alako mozorro-soñeko margo-argiak nai litezke antzezlaria agertu utsaz par egiñarazten dutenetakoak. Antzerki onen itz-jarduna errez eta laburra dalako buruz oso ondo ikasi bear da, elkar-izketak zalantzik gabe esan onela egipen, ibillera ta joku guziak, garaiz eta bizi tajutuak izan ditezen. Azkenik antzerki au euskal gizataldeai atsegin on zindo eta ume pozgarri batzuek ematera iritxi ba'ledi ez luke egilleak beste ordañik nai. Antzerki berriak «La última hora»: «Gosemin» Ona emen Manu Sota Aburto idazle argiak argitara berri ditun antzerki bien izenak: «La última hora» ta «Gosemin». Biak atal bakarrekoak. Erderaz idatziak izan arren gaurko eusko izateari buruz egiñak daude; gaurko euskotarren kezkai begira zuzenduak. Esan dezadan lenbaitlen; neretzako Sota'k oraindaño idatzi ditun lanik eldu, ta sakonenetakoak dirana. Zorrotzak, gordiñegiak edo, iñoz; beti ordea, gizatasunez euskotasunez bete-beteak; ertilari eskuaz tajutu ta josiak. La última hora, «Azken ordua» alegoria dalakoa poliki asmaturiko antzerkia da. Antzez-lagunak «dramatis personae» bata bestearen urrengo geltokiko buruzagiaren aurrean agertzen doaz; bakoitzak, «Azken-orduko» trena irten aurretik bere barrunteko kezkak aitortzen ditu. Irudimenez aberatsa da antzerki au: oso zeatz aztertua, eztenkada gogorrak sartzen dizkio gizarteko gezur eta izunkeriari. Alegoria dan aldetik Calderon'en lanak dakartzkit gogora, batez ere, «El gran teatro del mundo». Umore ta iskiriotan Bernard Schaw oroi arazten dit. Sakontasunean, «Azken ordua» Uztaritz'eko ordularian irakurtzen dan adagionaren kide da «Vulnerat omnes, ultima necat». «Gosemin» beste antzerkitxoari meditación deritza. Benetan gogartu ta so egiteko erakoa da. Garratza izenetik as¡ ta amaieraño. Damurik egi-egia. Gaur jasotzen ari zaigun gertaria. Bear bada batzuen-batzuek min artuko dute onelako antzerkia irakurritakoan. Euskaldun zintzo ta oarkabe askori ordea bide zuzena nun dagon erakutsiko die; ta barne-bildu araziko ditu. Indar aundia du ortarako «Gosemin» orrek: trajeri itun eta sarkorra da. Bai «La última hora» eta bai «Gosemin» antzezteko oso errezak dira. Euskerara itzultzea merezi dute. Ori ederki egin dezaketenak ez dira palta gure euskal idazleen artean; ta laister norbait ortara leiatuko dana ziur gaude. Zorionak egilleari ta antzerki berriak antzeztu ditezenean garaipen oso-osoa lortzea opa diot. Zale Itzulpenak Atsegiñez ikusi degu B. Garro «Otxolua» euskel idazle iaioak «Euzkadi» egunkarian antzerki batzuek inglanderatik euskerara itzultzen diardula. Onela, lana puskaka ematea ez da erarik onena osorik gorde al izateko. Emanaldiak galtzen errez bait-da. Alare, txintxo bildu ditzanak antzerki berriak izango ditu. Antzerki oiek batez ere, bizkaieraz dagon aukera urria ugaritzera datoz. Poztuko giñake Garro jaunak lan ortan jarraituko ba'lu. Ta antzerkiak erderatik itzuli bearrean berak sortuko ba' lituzke obe ortarako ta geiagorako ere, sena, ezaguera ta jakituria ba-ditu-ta. Gure orrialdeak Otxolua'ren lan politak argitaratzeko eskeintzen dizkiogu. Zuzendari Antzerki sariketa Bilbao'ko Euzko Gaztedi jatorrak antzerki sariketa ederra antolatu digu. Iru sail berezi jarri ditu. Bata, edesti gaiz: bigarren, eusko izakerari dagokienak norberak uste duan eran; irugarren umientzako antzerkiak. Sari ederrak eskeintzen dira 1.000, 500, 250 ta 150 pesetakoak. Baldintzak zeatz jarriko nai dituanak «Euzkadi» egunkarian irakurri bitza. Gure zorion-agurrik miñena bidaltzen diogu Bilbao'ko Euzko Gaztediari asmo ori dala-ta. Gurenda oso-osoa izango al du! |