|     43 zenbakia, 1935eko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


I. EKITALDIA

 

        (Erri txiki bateko erdi bizartegi ta erdi ezpartzin denda. Barrendik ikusi ala igarriko zaio, nagusia, ez dala geiegi saiatzen ez lagintza batean eta ez bestean. Alde batean apalak espartzin batzuekin eta lagintza onetarako bear izaten diran tresnak. Bestean ixpillu aundi bat ormatik isegita; onen pean, oso naste-borraste: bizar-laban, orrazi, guraize, zurdaki, ontzi ta abar. Bearrezko dira bi besaulki ta ontzi bat intxaurrez betea agertzea).

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Bizargille ta Aundi-Mandi

 

BIZARGILLE: (Aundi-Mandiren arpegiari besaulkian dagola azken ikutuak ematen ari zaiolarik) Esango nuke. Jakiña! jakiña, jakiña! Bai ba. Baietz gizona! Bai jauna bai!

AUNDI-MANDI: Zuk guziari baietz esaten diozu.

BIZARGILLE: Nere lantegia alakoa baita.

AUNDI-MANDI: A! Figaro, Figaro!

BIZARGILLE: Pikaro?

AUNDI-MANDI: Alatsu.

BIZARGILLE: Ori da ezizenak jarri naia. Bizargille ta ezpartzingille: bietan zure menpeko.

AUNDI-MANDI: Bietan ez, batean. Ni añako zaldunak badakizu ez dutela alperjetarik jazten. Zu noski, baserritar, errementari, arotz eta onelako jende txearekin oituta zaude.

BIZARGILLE: Jende txearekin ta aundi-mandiarekin. Jauna, ni beti zure mende. Bizarrekikoa egin dizut. Itxoin. Aoa pixka bat zabal ezazu. (Intxaur bat sar bezaio).

AUNDI-MANDI: (Zalapartaz jaurtiaz) Zer da au?

BIZARGILLE: Intxaurra jauna! Paristik etorri dan azkeneko moda.

AUNDI-MANDI: (Txistua botiaz) Ez al zenun txikiagorik?

BIZARGILLE: Urra sartuko dizut, jauna. (Ur bat sar bezaio).

AUNDI-MANDI: Au beste gauza bat da.

BIZARGILLE: Orain autsak?

AUNDI-MANDI: Autsak?, emakumezkoaren gauzak.

BIZARGILLE: Arrazoi dezu: emakumezko txoro ta ergelen apainketak, bañan gizonezkoak aien atzetik..

AUNDI-MANDI: Ez ni beintzat! (Besaulkitik jeikitzen asiaz)

BIZARGILLE: Zaude peluka jarri bitartean (Apalean dagon peluka artu ta buru-solla estali bezaio). Onelaxe! gertu zaude!

AUNDI-MANDI: Nola bizi naizen badakizu: paketsu, pozik, nere buruaren jabe. (Zutituaz)

BIZARGILLE: (Alboan) Illea besterena dek-ba. (Jantziak antolatzen lagunduaz) Ala obe.

AUNDI-MANDI: Onuzkero era ortan ikusiko nazu beti, baita Josefateko zelaian ere: lasai, bakarrik.

BIZARGILLE: Ederki! (Albora) Mendi artan eta bakarrik? Erruki zaitut.

AUNDI-MANDI: Emakumeen atzetik...?

BIZARGILLE: Atzetik baño, albotik edo besotik obe.

AUNDI-MANDI: Nai duanarentzat.

BIZARGILLE: Aukera balego...

AUNDI-MANDI: Ba al dakizu alkate izan nintzan garaiean zer izan zitzaidan atsegiñena?...

BIZARGILLE: Ez da asmatzen erreza. Ez bai naiz beñere malla ortara iritxi. Bañan nik uste agintzea izango zala.

AUNDI-MANDI: Ez gizona. Ostegun santuko prozezioan erriko andre guziak nere atzetik joatea.

BIZARGILLE: Ez dago gaizki (Par egiñaz) Bultzako zizuten ederki.

AUNDI-MANDI: Bai zera! Zigorrarekin bai ninjoan.

BIZARGILLE: Ez zegon leku txarrean zigorra. Orain ere erriak obe luke zu baziña alkate.

AUNDI-MANDI: Ez, ez. (Sakaletik dirua ateriaz) tira, or dezu ordaña. (Iru txanpon zar soñua ateriaz mai gañera botiaz) Bat! bi! iru!

BIZARGILLE: Eskerrikasko! millesker! eskerrak anitz!

AUNDI-MANDI: (Ateruntz joanez) Nerekin ondo etortzeko itz gutxi Figaro! (Itzuliaz isillago) Ez iñori esan pelukik daramadanik.

BIZARGILLE: Zoaz kezkik gabe, jauna. Gor et mutu naiz bear dan lekuan.

AUNDI-MANDI: Ez dakit ba... Botikako berritsutokian isillik. (Dijoalarik)

BIZARGILLE: Ez dago beldurrik jauna. Kaputxinotako bi urtean ikasia naiz: beste bian Baionan sinagoga ondoan mutil egona; beste orrenbeste Donostian bigote politenak kixkurtzen eta azkenik Axkoitian alprejetako txirikordak biurtzen.

AUNDI-MANDI: Guzietatik ikustea on da. Gizarteko zera.

BIZARGILLE: Gizarte... ta bizartekoa... Gorostian gorosti... Donostian Donosti...

AUNDI-MANDI: Ba, ba, ba. Erri txearen esaerak. Ez nazu bizartegita amabostean bein etortzen danetakoa. (Joanez) Ez nuen iru eguneko bizarra besterik.

BIZARGILLE: Eta nolako bizarra gañera. Zedazkoa zirudin; aingeru illea.

AUNDI-MANDI: Igande arte. Astean bi bider etorriko natzaizu.

BIZARGILLE: Egunero daude zuretzako ateak zabalik. Ez zaizu damutuko nere etxea etortzen asia. (Ateraño lagunduaz) Zoaz ondotxo jauna! (Aundi-mandi bijoa)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Bizargille bakarrik; gero Mutil.

 

BIZARGILLE: Aundimandi joan dek. Ori «Aundi-mandi» ezik, «Zur aundi» ere badek. (Txanponak eskuan arturik) Bost kuarto zikin besterik utzi ez! Alderdi ederra zeukat bizar laban berriak erosteko! Akatzez beterik zeudek gaxoak! (Txanponak jaurti ta bizar-labana eskuan leunduaz) Ai nere sakela! (Berriz txanponak jaso ta sakelean sarturik). (Arrausi egin ondoren orman dagon egutegiari begiratuaz) Gaur osteguna. Eskolik ez. Astean gutxienez bi jai bear litekek... Onuzkero ez dek onuntz etorriko ez animarik... eta et bizarrik. (Bere buruari) Bizargille! Goazemak! goazen! botika aldera, an gizon bikañak biltzen gaituk-eta. Paper ederrik ez badiat egiten ba. Edozeñek esango likek tolosarra naizena eta ez Mandubiokoa. (Deituaz) Txomin! Txoooo!!

MUTILLA: Zer nai du nagusia?

BIZARGILLE: Zera... denda ire esku uzten diatela.

MUTILLA: Ondo dago.

BIZARGILLE: Bai noski! Ondo, i bakarrik geldituta ontziko intxaurrak jateko.

MUTILLA: Ez jauna ez!

BIZARGILLE: Beok gero! Zortzi ale uzten dizkiat... Koutuz! Aurten bigarren lakaria zeramakiagu.

MUTILLA: Bai jauna bai!

BIZARGILLE: Baietz esaten dek... Emonio! Eorrek janak! (Dijoaja itzuliaz) Zaldunen bat azaltzen bada emen, baatorke...

MUTILLA: «Xanuke, ta xanuke, muturke ta muturke» (Abesturik)

BIZARGILLE: (Asarre antzean) Zera! Bizar kalabera! (Atetik) Baatorke tximista egiñean botikara neri deitzera.

MUTILLA: Agindu bezela egingo det.

BIZARGILLE: Eta arlote orietakoren bat baldin bada, antolatu adi al dekan eran.

MUTILLA: Olakoai nik kendu bear al diet bizarra?

BIZARGILLE: Bai, bañan bizarra besterik ez; ez belarri, kokotz ala ezpain erdia. Au ez dek arakintzan egiteko lekua.

MUTILLA: Ez baidet beñere bizar-labanik eskuan artu.

BIZARGILLE: Intxaurrak artzen dituk ba. Oraingo mutillak ez dezute balio jaten dituzuten intxaurrak ere. Ire urtetako gizon bati illea moztu nintxoan txapelik kendu arazi gabe.

MUTILLA: Buru-solla izango zan Aundi-Mandi jauna bezela.

BIZARGILLE: Ago ixillik lotsagabea! Badakik ire egin bearra. (Bijoa)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Mutilla ta Kaxkarin.

 

(Nagusia ezkutatu orduko Mutillak bi intxaur ontzitik artzen ditu. Oin azpian, zapaltzen ditu gero azalak kendu ta mamiak jan bitza. Ontan ari dala norbait datorrela antzematen dio ta zalapartaka azalak gordetzen saiatuko da).

 

KAXKARIN: (Sarturik) Orain ere iñor ez? Beti zai egon bear al degu? (Mutillari) Nun dek nagusia?

MUTILLA: (Aoa intxaurrez betea duala oraindik) Lanez josita!

KAXKARIN: Ire aoa bezela. Ire nagusiaren lana berriz alperkeria. Ez dik bizartegiak azpian arrapatuko.

MUTILLA: (Berekiko) Nor ote degu langille amorratu au?

KAXKARIN: Zer ari aiz or marmaizuan?

MUTILLA: Zeorrek ere ez dezula lan aundirik izango.

KAXKARIN: Lana? Ez al dakik zer nolako pelota-partidua dan gaur errian (Zematuaz) Ematen badiat!

MUTILLA: Ba nere nagusia «Kalpar-Lu enera» joan da illea moztutzera; gero andik Bikaio jaunaren etxea joateko asmotan.

KAXKARIN: Esaten ditun gezurrak aitortzera. Iri ere ondo erakutsi dik lezioa.

MUTILLA: Bai jauna! Oso ederki. Eseri nai badezu. (Besaulkia eskeiñaz) Bizarra kenduko dizut.

KAXKARIN: Ik? (Asarre) Ume koxkor lotsagabea! Ausartu ere! (Jo naiez) Ua Botikara tximista egiñean eta esan akiok nagusiari etortzeko. (Ostikoa jaurtiaz)

MUTILLA: Ai! (Igesi abituaz).

KAXKARIN: Ai ez. Esan akiok beriala, beriala etortzeko. Gero partidua jokatu bear dedala.

MUTILLA: Ezin utzi det denda bakarrik, ordea.

KAXKARIN: Ni ez al naiz iñor? Aguro ez baoa! (Beste ostikoa emanik).

MUTILLA: (Igesi) Ai! Ai! Banoa!

KAXKARIN: Ezta lapurra banintz ere. Toki onera etorriko niñuan ostutzera.

MUTILLA: (Atetik) Ez intxaurrik ikutu.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Kaxkarin eta Joxe-Igeltsu.

 

JOXE-IGELTSU: (Sartuaz) Arratsalde on!

KAXKARIN: Ongi etorri.

JOXE-IGELTSU: Ea pixkan bat garbitzen ote gaituzten edo...

KAXKARIN: Itxoin bearko dezu adiskide.

JOXE-IGELTSU: Lenago ere oitua nago. Ez da luzeiriztekoa: biok besterik ez gera-ta.

KAXKARIN: Bai bizargillea emen balego.

JOXE-IGELTSU: Etorriko da. Ez da urruti izango. (Eseriaz).

KAXKARIN: Ori da gizonaren gibela.

JOXE-IGELTSU: Zer egingo dezu bada?

KAXKARIN: (Zirikalari) Bai egia da: edozein gauza, daramakizun bizarra arpegian eramatea baño lenago.

JOXE-IGELTSU: Adi zazu. Makiña bat alditan bururatu zait bizarra kentzea. Ez balitz jendearen esamesengatik onuzkero garbitu nuan.

KAXKARIN: Jendeak geienaz esango lukeana: gaztetu egin zerala, izango litzake.

JOXE-IGELTSU: Gezur ori egi balitz... Gaztetzeko bearrean nago.

KAXKARIN: Zenbat urte dituzu bada?

JOXE-IGELTSU: Zenbat ematen dizkidazu?

KAXKARIN: Ez dakit baña... nola nai irurogeitik gora...

JOXE-IGELTSU: Eskerrikasko. Ez orrenbeste. Ez ditut berrogeitamar urte besterik (Asarre)

KAXKARIN: Ez det errurik. Zere bizarrak ematen dizkitzu amar urte geiago. Ta gazte izanagatik, zar itxura.

JOXE-IGELTSU: Ala ateratzen zait-eta...

KAXKARIN: Errezago moztutzen da ateratzen dan baño...

JOXE-IGELTSU: Bizi guztian onela oitua natzaizu-ta....

KAXKARIN: Ez dakit zure lagintzarako nola ez dizun galerazten. Beti kare ta auts artean ibilli bear eta.

JOXE-IGELTSU: (Aserratzen) Bearko. Ez zu bezela alperkerian.

KAXKARIN: Ainbat gaixtogo zuretzat... Nik onuzkero bizarra kendu nuen ta kito!

JOXE-IGELTSU: Ondo ari zera. Ez du ala uste nere andreak.

KAXKARIN: Nik ez det andrerik bañan iruditzen zait senarra gazte ta garbi ikustea atsegin izango zaiola.

JOXE-IGELTSU: Galde egin bearko diot.

KAXKARIN: Ez lizuke ezezkorik esango. Onela, gañera, sagardotegiko ille-artzeak bukatuko zenitzaizuke; batek ziri ta besteak zotz....

JOXE-IGELTSU: (Asarre) Egunen batean etengo zait eramankizuna ta orduan... ikusiko degu nork deitzen nauen Matusalen eta Matusalen ondo...

KAXKARIN: Ortara iritxi baño lenago bizarra kentzea obe dezu. Bestela, berriz ere... Matusalen eta... «Kalparluze»...

JOXE-IGELTSU: (Errea) Ez didate berriz ez, izengoiti ori arpegira esango.

KAXKARIN: Ez noski arpegirik garbitzen badezu.

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Bizargille.

 

BIZARGILLE: (Laisterka sartuaz) Atatsalde on jaunak!

KAXKARIN: Zuk obeak guk baño.

BIZARGILLE: Zer? luzaroan itxoin arazi al dizuet?

KAXKARIN: Itxoin? Illea ere luzatu zait, lendik gañera, orrenbeste itxoin bearrez.

JOXE-IGELTSU: (Kaxkarinengatik) Onen ergelkeriak. Ez degu egin etortzea besterik.

BIZARGILLE: Banengon ba. (Kaxkarinegatik) Au andaluzitarra baidegu. Alegi tristekoa.

KAXKARIN: Bai Giputzen Sebillakoa: txintxarri errikoa.

BIZARGILLE: Ez dezagun astirik galdu. Isillik! Txintxarri.

KAXKARIN: Ederki ziok! (Bizargilleari) Zu etxetik kanpo ta errua nerea!

BIZARGILLE: Tira! nor zaituet lenengo: emen nago gertu lanerako.

KAXKARIN: Bai gu ere, emen gaude aspaldian. Ez al da ala Joxe? Bere bizar zuri orretzaz jardunean ari giñan.

BIZARGILLE: Bizar ederra!

KAXKARIN: Bai ondo zaindu ta apaindua baleuka.

JOXE-IGELTSU: Orretarako ere beta bear.

KAXKARIN: Orixe bera esaten ari nintzaion.

JOXE-IGELTSU: Berriketa gutxi.

KAXKARIN: Berriketa ez. Ille ta bizar zuri oiekin agurea dirudizula.

BIZARGILLE: (Pakezale) Joxe ez da zarra oraindik. Irurogei urteren bat...

KAXKARIN: Berrogei ta amairu besterik ez, gizona!

JOXE-IGELTSU: Ori da ni zirikatzeko gogoa dezutena.

BIZARGILLE: Benetan, Joxe, urte geiago ematen nizkitzun.

JOXE-IGELTSU: Zuek biok baño lan geiago egiña bainaiz.

BIZARGILLE: (Kaxkarini) Zerbait esan digula uste diat. Bigarren aldiz esan aurretik, lanean asi nadin. Zein zerate aurren?

KAXKARIN: Nere txanda uzten diot Joxeri. Gu baño langille fiñagoa dala aitortu bear. (Joxeri) Eseri, eseri. Zure tokian banengo beti igeltsu ta kare tartean, bizarra zikinduta, onuzkero arpegia aspaldi garbitu nuen.

JOXE-IGELTSU: (Alkian eseriaz) Itxura onean geldiko nintzake.

BIZARGILLE: Adi zazu adiskide: ez dakit bein edo bein ez ote didazun entzun orain urte asko gerta zitzaidana.

KAXKARIN: Ez zan izango Mandubion...

BIZARGILLE: Ez Vesubion izan zan.

JOXE-IGELTSU: Ori ez dago Matxinbentan?

BIZARGILLE: Ez, «lapur bentan!» Egun batez nun agure itxurako bat agertzen zaidan. Ille ta bizar zuriduna bera. Bizartegian sartu ala esan dit bere burua itxura onean jarri nai lukeala: alegia bizarra zearo kentzeko. Bai?, ala, guaizeak ta bizar labana artu ditut eskuetan ta (Lan antzean) ra, ra, ra, igarri orduko bizarra garbitu nion. Buruko illea berriz, neronek egiñiko ukendu batez beltzago gelditu zitzaion ikatza baño...

        Gizon ura ain gazte ta arin atera zan bizartegitik, nun andik amabost egunera jakin det ogeita bost urtedun neskatxa eder batekin ezkondu zala.

KAXKARIN: Erregeak ikusi izan balu...

JOXE-IGELTSU: Nere emazteak baleki.

BIZARGILLE: Nik ez det aserrerik jarri nai senar-emazteen artean. Ura ezkongai zan: amerikano bat. Guziok arriturik gelditu ziran nola irten zan. Zu gazteagoa zera-ta.

KAXKARIN: Eseri zaite beldurrik gabe.

JOXE-IGELTSU: Beldurra...

BIZARGILLE: Beldurra? Au ez da agiñak ateratzea gizona.

KAXKARIN: Beraz; andamiotan eta tellatu gañean aurreskua ateratzen dun gizona.

JOXE-IGELTSU: Egizu nai dezuna ba. Zer arraio!

BIZARGILLE: (Zapia lepoan lotuaz) Ederki jarriko zaitut, gizona. (Mutillari) Txo! Katillukada ur bero. Azkar! (Mutilla billa doa)

KAXKARIN: Nik ere lagunduko dizut. (Oso era irritsuan eta zalapartan Bizargilleari, orrazi guaraize, zurdaki ta abar eramanik) Ez dezu zere bururik ezagutuko.

BIZARGILLE: Baten ordez bi morroi al ditut? Au da lanean ikusten zaitudan lenengo aldia.

KAXKARIN: Ori eskerrak emateko itxura.

BIZARGILLE: (Lanari darraikiola) Kontuz e? Lagintza au ez da pelotan jokatzea. Esku ona ta jakituri aundia bear dira zuk ez uste arren.

KAXKARIN: Ori det ba nik ona: ezker-eskua.

JOXE-IGELTSU: Ez ditzala nere arpegiak zartako guziak artu.

BIZARGILLE: Legun nabiltzazu.

KAXKARIN: (Mutillari eskuan dakarkin ur-bero katillua kendurik) Emaidak!

MUTILLA: Zu ez zera nagusia!

BIZARGILLE: Umeak isillik!

JOXE-IGELTSU: Zertan ari gera?

BIZARGILLE: Txit ondo. Itxoin! itxoin! (Zurdakiaz arpegia bustiaz) Bizarra gogortxoa baidago.

KAXKARIN: Izoztua ere. Noiz utzi zendun bizarra?

JOXE-IGELTSU: Ezkondu nintzan urtean.

KAXKARIN: Bada ez bada gizon ezkonduak matralla ondo gorde bear du.

BIZARGILLE: (Aopean) Ez zaiozula ori aitatu orain.

JOXE-IGELTSU: Berriketa asko dezute bion artean, bitartean ea arpegia larrutu didazute.

BIZARGILLE: Ez kezkik izan. Okerrena egin degu.

JOXE-IGELTSU: Okerrena?...

BIZARGILLE: Laister dago amaitua.... Gizon dotorea ez bazera gelditzen bada. (Nola-ala sasi-bizarra kendu bezaiote).

KAXKARIN: Ikusi gabe ezin sinistu alakoa.

BIZARGILLE: (Lana amaituaz) Ikusi zaite, ikusi ispilluan.

JOXE-IGELTSU: (Pizka bat zutiturik) Ikusi nadin bada.

BIZARGILLE: E? Zeorren seme dirudizu.

KAXKARIN: Baita billoba ere!

JOXE-IGELTSU: (Damututa) Ez dakit zer arraio egin didazuten.

KAXKARIN: Gizon bikaña biurtu.

BIZARGILLE: Ori da berritze, gaztetzea...

JOXE-IGELTSU: Ondatzea!

BIZARGILLE: (Eseri araziaz) Zaude isillik gizona. (Mutillari) Oa sukaldera ikatz puzka baten billa! Azken ikutua besterik ez zaizu palta.

KAXKARIN: Au dek au! Alkate izateko moduan zaude.

JOXE-IGELTSU: Ni beti igeltsero.

BIZARGILLE: Itxoin! itxoin! (Mutillak ekarri dion ikatz puskakin illea bestuaz).

KAXKARIN: Orain igeltsero baño ikazkin geiago dirudizu.

JOXE-IGELTSU: Aski det!

BIZARGILLE: (Lepoko zapia kentzen diola ta oso koipejario) Jauna, ni zure mendeko: otseindua zaude.

JOXE-IGELTSU: (Alkitik jeikiaz, zearo arrituta ta aoa zabalik ispillura begiraturik) Ni ez naiz ni!

KAXKARIN: Jakiña!

BIZARGILLE: Ori da alkian eseri ta ogeitamar urte gutxiagoz jekitzea.

JOXE-IGELTSU: Au amets bat da. Ta etxean ez banaute ezagutzen?

BIZARGILLE: Ez orrenbeste!

KAXKARIN: Etxean ez dakit, bañan, edozeñi apustu egingo nioke auzoko sagardotegiko Iñaxik ezetz ezagutu. Ori bizartegira sartzen ikusi dualarik.

BIZARGILLE: Ezagutu? Bai...

KAXKARIN: Ezetz! Badijoa irurentzako bixigu jatea!

BIZARGILLE: Egiña! Badijoa! Kafe ta guzi gañera. Ez al da ala Joxe?

JOXE-IGELTSU: (Au oraindik aoa-zabalik bere burua ispillura begira dago ta Bizargilleren galderak bere artatik ateratzen du).

KAXKARIN: Bai, bai egiña dago: au (Joxerengatik) isillik egoteko baldintzarekin.

BIZARGILLE: Beldur nauk bizarra kenduaz mututu ez ote zaigun. (Mutillari) Txo! Oa aldamaneko sagardotegira ta Iñaxiri esan akiok unetxo batean datorrela. Emen jaun bat zai dagola, beragatik galdezka.

MUTILLA: Bai jauna. (Abituaz)

KAXKARIN: I txiki? nor danik ez esan gero! Bestela garbituko aut. Amerikano bat dala esan.

MUTILLA: Nik nagusiaren agindua egingo det. (Bijoa)

KAXKARIN: (Jarraituko balio bezela) Beok lotsagabe ez bestena! (Bizargilleari) Au Iñaxik ezagutu. Ez orixe. Dana dala gañeko bruxa zuri ori kendu ta ordez txamar txukun bat jantzi bear diogu. Or barruan bateon bat izango dezu.

BIZARGILLE: Onela errez irabazi nai dezu apustua.

KAXKARIN: Ez zera? Sonbrallu bat ere bear du buru gañean. Bestela nola sinis arazi Ameriketatik etorria danik.

BIZARGILLE: Berdin zait. Ori ere egingo degu bada. (Abituaz)

JOXE-IGELTSU: (Bat-batean) Ederra egin didazute!

BIZARGILLE: Alare itzegiten asi zera. Uste nuen...

KAXKARIN: Joxe, apusturako bruxa kendu ta txaketa jantzi bear dezu.

JOXE-IGELTSU: Iñauteritan al gaude edo zer? Zuek zoratuzute araziko nazute.

KAXKARIN: Iru bixigu dirala, gizona. Bat zuretzako. Arrazoian jarri zaite. (Bizargilleari) Zoaz txaketa billa ta bidenabar bastoi-makill bat ere ekarri zazu.

BIZARGILLE: (Dijoala parrez) Norbaiti ezurrak austeko ala?

KAXKARIN: Amerikano bat eskuan ezer gabe gaizki baidago. (Joxe bizkarrean joaz) Ez da ala Joxe.

JOXE-IGELTSU: (Asarre antzean) Bost zekiat! Eskuan ta sakelean ta nunai dirua onena. (Berriz ispillura begira jarriaz).

KAXKARIN: Izugarri ederki zaude.

JOXE-IGELTSU: Ederki ez dakit: izugarri bai!

BIZARGILLE: (Txamar, sombrero tu bastoi batekin agertuaz) Auek jantzi ezkero, Joxe, ez dakit ezagutuko zaituenik, bañan bai ez dirala zu bezelako beste bi erri guzian. (Bruxa kendu soñetik eta txaketa jantzi bezaiote; gero sonbreroa buruan jarri ta bastoia eskura emango diote).

KAXKARIN: Aundi-Mandi dirudizu.

JOXE-IGELTSU: Ni beti Joxe-Igeltsu.

BIZARGILLE: Don Jose! Ea, pixka bat zabiltza. (Urrats batzuek eman bitza).

KAXKARIN: Ori da ori gizona! Joxe, bixiguak irabazi dizkiogu.

BIZARGILLE: Izan ere, nola-ala zure alde partiduak egiten badakizu.

KAXKARIN: Ixo, ixo! Norbait dator. Iñaxi baldin bada ben-ben egon. Ni onekin. (Joxerengatik) geldituko naiz bazter batean. Eta zuk Iñaxiri galderak egin zaizkiozu.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Mirabe.

 

MIRABE: (Atetik) Sartu al niteke?

BIZARGILLE: (Begiratzeke) Zaartu? Ez! Emen gaztetu egiten degu gogotik jendea. (Kaxkarinek asarre ximikoa egin bezaio Bizargilleri) (Onek burua okertuaz) Zu al ziñan, mirabe liraña? Sartu?... zure begiak bai sartzen zaizkidala biotz barru-barruan.

MIRABE: Lotsatu araziko nazu. Zu beti berdin.

BIZARGILLE: Bai, beti bizargille, aberasten ez naizen bitartean.

MIRABE: Zer nai dezu nitaz?

BIZARGILLE: Zer? gauza asko. (Igeltsuri) Ez al da ala on Jose?

JOXE-IGELTSU: Ba... (Zerbait geiago esan nai du bañan Kaxkariñek aoa ixten dio)

KAXKARIN: Ixo!

MIRABE: Jolaserako gogotan al zaudete?

BIZARGILLE: Ez, ez begira. Lenengo, emengo ispillu aurrean eserita ipiñiko ziñuket ea onela jende geiago etortzen zaidan, bestela laister lurra jo bear det. Gañera, batik-bat on Aundi-Mandi uxatuko zenduke. Bost kuarto besterik ez baidizkit uzten. Ez omen du aurrez-aurre emakumezkoriz ikusi nai ta.

MIRABE: Ortarako etorri arazi al nazu? Banoa bada. (Abitzen dalarik).

BIZARGILLE: Aizu, aizu! Igesi joango zera ba emakume. Ez al dezu ezkontzeko gogorik?

MIRABE: (Gelditu ta itzuliaz) Norekin?

BIZARGILLE: (Erdi abesturik) «Galtzagorrineko semearekin»

MIRABE: Ba-ba! Zuk illea artu nai didazu.

BIZARGILLE: Nere lantegia ori baida.

KAXKARIN: Iñaxi! Senargaia ez dezu urruti. (Joxe-Igeltsurengatik)

MIRABE: (Milikaz) Orrek amaikatxo ni baño aberats eta ederrago aukeran izango ditu.

KAXKARIN: (Joxeri) Entzun al dezu?

JOXE-IGELTSU: Nere andreak entzungo balu.

BIZARGILLE: Ez al dezu ezagutu nor dan?

MIRABE: Nundik? Ez baidet egundaño ikusi.

KAXKARIN: (Bizargilleri) Irabazi dizut apustua.

BIZARGILLE: Oraindik ez. (Miraberi). Ori da Joxe-Igeltsuren...

KAXKARIN: (Etenaz) Ez du balio!

BIZARGILLE: Joxe-Igelsuren... semea, Ameriketatik etorri berria.

MIRABE: Zer? Matusalen bizar-zuriren semea. Naiko luke ark onelako semerik izan.

JOXE-IGELTSU: (Aserretuaz) Mingain luze lotsagabea. (Jo naiez) Ematen badizut.

MIRABE: (Igesi) Ai ama! (Bizargillek eusten dio)

KAXKARIN: (Joxeri besotik elduaz) Zaude geldirik gizona!

MIRABE: (Zalaparta baretu dedinean) Ortara ekarri arazi al nazute.

BIZARGILLE: Geiago ere badegu.

MIRABE: Gaizto, pikaroa! Ez nazute berriz berealakoan arrapatuko emen. Utikan! (Dijoala)

KAXKARIN: (Bizargilleri) Gizona, esan zaiozu bixiguena!

BIZARGILLE: (Laisterka ateruntz) Iñaxi! Iñaxi! (Atetik) Bixiguena aztu zait. Etxekoandreari esan zaiozu, mandazaianera aristiar bixiguak prexko-prexkoak ekarri dituztela ta guretzako iru koxkor zamarrak erre ditzala. An gerala laister. (Itzuliaz)

KAXKARIN: Adiskide, galdu dezu aparia.

BIZARGILLE: Ala da. Apustu zaleokin jaten ditut nere txanpon apurrak!

JOXE-IGELTSU: Toki onean sartu zera.

BIZARGILLE: Orain sinisten det ez zaitula ezagutuko zeren emazteak ere.

JOXE-IGELTSU: Zuri aztu egin zaizu zer dan 28 urtean elkarrekin bizi izatea.

KAXKARIN: Usaiean baliteke. Bestela nekez.

JOXE-IGELTSU: (Bat-batean sutuaz) Ez dakit nork agindu didan bizarra kentzea. Nola joango naiz etxera, itxura ontan?

BIZARGILLE: Ortan ez dezu arrazoirik. Obeto zaude, obeki.

KAXKARIN: Esango nuke.

JOXE-IGELTSU: (Oso aserreturik) Ekaidazute nere bruxa ta txapela! (Txaketa, sonbrallu ta makilla aidean jaurtiaz) Zer esan bear diot andreari?

BIZARGILLE: Igeltsero bat: tellatutik begiratuta keñurik egiten ez dun gizona andrearen beldur? Tira! Goazen sagardotegira!

JOXE-IGELTSU: Izan ere... (Bruxa ta txapela jantziaz).

KAXKARIN: Ez al zera bada, zure buruaren nagusi ta jabe? Zere ille ta bizarrarena ere bai, orduan!

BIZARGILLE: Orain bixigu-jatea!

KAXKARIN: Gero gerokoak!

 

OIALA BERA

 

aurrekoa | hurrengoa