|
ANTZERTI-YAYAN URKIAGA'tar EUSEBI'k idatzitako BAKARRIZKETA (Gizonezkoarentzat) ANTZEZ-NOTINA: Leodegari, berrogeitamar urteko mutil zaar, lodi samarra, alaiberaa ta ona, baita zerbait malmutza bere. Polito yantzia. IRUDITEGIA: Txaki bat, erdian maitxua, ganean lorontzi bat dauala. Baranuan, bost-sei aulki. Ate bi ala Iru. Ostatu-iskiko txakia da. Ostatu onetan bizi da Leodegari. ALDIA: Gaba da. Amabiak yoko dabe. LEODEGARI: (Atzeko atetik agertu bedi) Jaunok, jaunok! (Arnats-putzka) Antzerki yayan izan naiz... Teatroa ikustera... Ta sekulakoan aspertu eragin dauste, ez an agertokian jardun dabenak, ikusi eta entzun egitea baño beste zeregiñik izan eztabenak baizik. Ai, aek bai ikusleak! Ba-dakizue, gure erri au lako erritxoetan zelako publikoa izan oi dan. Baña niri iguin emoten dauste onelangoak. Nazkagarri iataz. Niri? (Barre-karkaxa egiñaz eta alai jarriaz) Ja, ja, ja! Niri!... Baña orreik eztakie ni nor naizen. Ai, ba'lekie jakin...! Ni ikusten nabenetan «or doia mutil zaarra» esan oi dabe, irri-barre egiñaz. Niri ostera, bost ardura!... Ostatu onetantxe bizi naz ni. Jan, ederto egiten dot; lo, ez ainbat txartoago. Jantzi bere, (Bere soñari begiratuaz) ez itxusi. Ba-dakit nik, nire antzera, askotxuk jantzi nai izango leukiena. Ta dirua?... Oi, dirua! (Ezkerreko begiari keñu eragiñaz) Eztago dirua bezelako apaingarririk. Nire sakeletan ogerleko bat, bi, iru... beti utsik egin bage. Nire sakeleko soñua baño oberik eztago egon bere. Alperrik esango dabe birigarroak eta kardantxilloak eta urretxindorrak ederto abestuten dabela. Eztago diruaren «txintxiña» lango urretxindor kantaririk! Ondotxo daki jakin auzoko Gergore'k. Ai, alako neskatilla ederrik ezta gure etxean sortu! (Entzuleai): Ta zuek, ni lango mutil-zaar bat ogetabost urteko «kabeliña» txairoaren albistak esaten asi dalako barre egingo ete dozue, ba? Egin barre, nai ba'dozue, baña egia da. Bai, bai, bai! Lengo baten ba-niñoian kale-zear, eta irrizko eztul bigun gozo bat entzun neban,... eta etxeko atetan (atadian) Gergore ederra neuri irri-barreka gozo-gozo, eneban ikusi, ba?... (Biotz-ukituz) Ta aren begiak... ai...! Eztiaz egiñiko kandela ixiotuak zirudien. Aen dirdira, ta aen samurtasuna! une aretan, ostera, erlearen eztenkada zorrotzaren miña artu neban biotzaren erdian. Begirakune lotsabaga bat egin, barre-kirkira zaratatsua yaurti, eta bizkor aldendu zan ene begien aurretik Gergore zoragarria! Arrezkero, ai! (Zinkurin egiñaz) Larri dago mutil zaarraren biotza. (Biotzari oratu nairik) Ut, ut, ut ortatik! Ni enaz itzal eta erostaka bizitekoa, ez! (Barriren barri alaituaz) Ni... ondo bizi naz. Gaur bere, aparitxua ederto jan ondoren akeitetxera joan naiz, «kafetxua» ta abar artzera. Txokor eder bat ezpañetan jarri, ixetu eta iruzpalau bidar txurgatu eta keia dariola ipiñi dodanean. (Txalo bi jo begiz), txalo bi jo ditut eta «Iñese!» didar egin dot. Nire esku-zarta otsetara an agertu da panpoxa Iñese, akeitetxeko neskatillea. «Ia. Iñese polit ori, zorrak zuritu bear ditut» esan dautsat ogerlekoa emonaz. Ta berak (Emakume mintzoz): «Eztakit polita nazan, baña, zeu bai, ba-zara ederra bere»... Nik orduan egin dodan barre-algarea andia izan da, antza, inguruko guztiak neuri begi-begira jarri eta maxiatzen asi dira-ta. «I, Leodegari, (onelaxen da, ba, nire izena), oraintxe bere, neskatxekin diarduk, maxiatzalle beti-gazte orrek!» oyu egin daust ezagun batek. «Oraindaño bere orretan, Leodegari?» ots egin dau an bazter baten erdi-lo egon, agure zimelak. Eta nik orduan (Ziñuak egiñaz) arro-arro jarriaz, onelan esan eta yaulki dautsat: «Zer bada, eu bezela or zokondoan sartuta egon? Emen naukak eu baizen bizkorrago ta dotoretxuago. Ezkongei, gaztegin... eta... burugin. An izan da izateko barre-purruztada! Iru edo lau sabelari eldu (Pariztak egiñaz) eta eztandu egin bearrean ikusi ditut. Beste aldean gizon-gizen batek jaurti dauan karkara ozenaz eta egin dauan zirkinkadeaz aulkiari krak! eragin... eta an yoiak eperdiz gora gizon biribilla! Eztozue iñoiz alako komerik ikusi. Baldin apariak on egingo ba'dautsa, edarietxeko nagusiak, mesedez, isilduteko eskatu daust, eta geienak barreari ezin eutsirik laga, eta etxalderantz egin dodanean, agure zimelak pozez didar egin daust: «Urte on askotan, Leodegari. Aspaldion etxuat onenbeste barrerik egin. Eskerrik asko», eta au esan bitartean bere aboko agin bakar luze zorrotza agiri izan dau... Baña, onezkero, belu izango da. Lotara bere, juan bear neuke-ta... Ze ordu ete da? Esan bear neutzuena baña, eztot esan, eta agindua zorra izan. Teatruko kontuak esaten asi nayatzue, eta aztu egin yat. Ai, nire burua!... Kanpa-torre-zaarrean lo dagoan orduariaren antzean dabil, urrean...! Joan naz, ba, antzokira, eta txartela erosi ta naz. Antzokia beterik zegoan. Amaika lotsabaga ba-da munduan! Neure iartokian iñor eztot aurkitu ba? Andra txipristin bat nasai-nasai neure aulkian! Zelan edo alan, betondo galantaz, bialdu dot neure lekutik. Orra ba. Ainbeste lanen ondoren, neure aulkian patxadaz yezarri, ta alangoren baten jaso dabe zapia, teloia. Zapia jaso arren, jentea berriketan. Iruditegian alako txerpolari bat agertu danean, asi dira barreka, eta ezer entzun ezin nik. Noizbait bere, zerbait isildu dira. Baña antzezlariak zerbait barregarria egin orduko, barriro bere, guztiak barre-algaraka. Zer barregarria gero? «Drama» ituna garai negargarrienera eldu danean bere, barreka eztira asi ba, batzuk? Tiro-otsa entzun, eta barre. «Neure semea erail dabe» amak esan... eta entzuleak barre. Aita, biotzeko miñaren erasoaz, lurrera yausi, eta barre!... Danari barre, eta edozeri barre. Txor-txor-txor andik, mur-mur-mur emendik. Kir-kir-kir batetik, eta beste zarata geiago bere bai beste nunbaitetik. Alako iskanbillik! Ango zaparradarik! Oi! eta kolejioetan edukaziñoia arturiko (?) señoritak, andereñoak, norbait agertu orduko berriketan, besteak au edo ori yasean egin eztaualako ji-ji-ji... Burua bere, nastua eragin dauste. Ia ezer bere entzuten utzi ez. Eta noiz onenean, ezer ulertu bage gelditu...! Onelangoak etxean gelditu bear lirake, ta ez iñori kalte egitera joan antzokira. (Amabiak jotzen dabe torrean astiro) Zuek, bere, entzuleok, albokoari ondo entzuten galazotera eziñien etorriko, ezta? Ni, bere, enaz etorri ba, zuei aspertu eragitera. Beraz gabon jaun eta andreok. Ondo lo egin. ZAPIA |