|     53-54 zenbakiak, 1936ko maiatza-ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGAREN EKITALDIA

 

        (Basaburuko errixka bateko etxe larrain bat, orain enparanza ta atseden leku biurtua. «Hotel Basaburu»: menditar etxe-eder aundia ikuslearen ezkerretara. Eskubitara bide zabala urbil dagola igartzen da. Zoko aldera oian ta mendia. Hotel Basaburuko etxeak erdian ate aundi bat izango du; ta alde batera ta bestera belena ta bidea antzez-lagunak eroso joan-etorriak egin al izateko).

        Udarako arratsaldean gaude. Langarra dago mendi-oianean. Noizik beinka abelgorrien orrua entzun bedi ta bide zabalelik doazen beribillen otsa... Illuntzen doa.

 

 

I. AGERRALDIA

 

Orreaga, Salome, Agustiñe eta Miel-Martin.

 

(Orreaga ta Salome zumezko besaulki batzuetan, alboan maitxo bat dutela diardute. Agustiñe etxekoandrea bere zer egiñetan dabil etxera maixko sartu irtetzen dalarik. Miel-Martiñ norbaiten zai edo bidezabal aldera begira dago, bitartean etxeko tresnaren bat antolatzen. Salome lenengo ekitaldian baño askozaz apañago jantzita)

 

AGUSTIÑE: (Miel-Martini) Nola etorriko da jende geiago ba? Udara guzian ez gera langar artetik atera-ta. Lursagar guzia ordoiez betea dago.

MIEL-MARTIN: Kristobali ostatua ipintzea bururatu zitzaion eta errekara dirua botatzen ari gera. Leku au... ez bait da Lekunberri!

AGUSTIÑE: D. Permiñen sendiarengatik ez balitz iñor ez. Obe gendun lenengo eran jarrai.

MIEL-MARTIN: Esango nuke. Gero Salome maistra egin dan ezkero oso aldatu zaigu. Edozeñek esaten dio laguntzeko. Ez dago lanerako.

AGUSTIÑE: Gogotik apaindu zaigu. Ezin bidali dezu orain aragi-billa ta onela. Morroia mendian da. Ez dakit nola antolatu bear degun.

MIEL-MARTIN: Gaur, beinik bein beste ollaxko bikoa erail zazu ta biar neroni joango naiz Loperenera.

AGUSTIÑE: Arraiz ere gaizki gabiltza; Arrai-karraitzalleak erditan, gabe uzten gaitue. Ta D. Perminek ez du deus geiago jaten.

ORREAGA: (Josten ari dan soñeko bat Salomeri erakutsiaz) Soñeko au, arras ongi geldituko zaizu. Onela, tolesketik gabe obeki dago gañera.

SALOME: Zuri eskerrak, «Orre», jostun on ta merkea zerana. Bestela zer jantzirik ez nuen, ikastetxeko uniformea ez izanik.

ORREAGA: Zuretzako jostea gauza erreza da. Soñeko era guziak ongi erortzen zaizkitzu.

SALOME: Uniformez asperturik nengoen ba. Beti bat. Josten ere zerbait ikasten ari naiz.

ORREAGA: Udara nolabait igaro bear degu; bestela! au toki gogaikarria! onera ez da iñor etortzen. Ez degu norekin mintza, etxekoarekin ezik. Ta Eneko ere beti kanpoan dabil. Ameriketara dijoan ortaz ez da gelditzen. Ta gaur aita datorreneko ez bada etxeratu, apaltzerakoan izugarria izango degu.

SALOME: Donestera partidua jokatzera goiz irten da; ta illuntzerako itzuliko dala esan dit.

ORREAGA: Pia zaite. Nere anaitxoa ez dezu nik bezin ongi ezagun. Illuntzerako e?... Eguna argitu arte ere Aldarregiko bentan egoten badaki gero!

SALOME: Ori bein gertatu zitzaion, Goitzuetarrekin zetorrelarik, automobilla gasolinarik gabe geldi zitzaielako.

ORREAGA: Zoaz egia jakitera. (Lana utziaz) Asperturik nago lan egitez! Aski degu! Ama etorri dedinean «Basaburuarra»ren billa aterako gara.

SALOME: (Eserlekutik jekiaz) Bagoazke bai. Ibiltzeko gogoa egin zait. Egualdi tzar oitaz ezin mendira joan. Otz dago.

ORREAGA: Ta beti langarra. Au udara! Deban, bederik, Motriko, Ondarroa ta Zarautzera ibillaldiak egiten genituen, bañan emen! Eskerrak biok gaudela ta pianoa, radio ta irakurgaiak dituguna, bestela. Onera ez dator iñor. Birila gogaikarria ezik.

SALOME: Gaur ez digu ba gogait aundirik eman. Bazkalondoan osaba Kristobalekin atera da ta ez dira oraindik ageri.

ORREAGA: Betiraunean egoten al da San Birilaren antzo txoriari entzuten.

ORREAGA: Zure osaba ta biak ondo etortzen dira. D. Kristobal asko ikusia da ta bestea, asko... irakurria.

SALOME: Ez da berdiña. Nere osabak Santo Domingotik ekarriak soñeko batzuek ditu! Ango indiar-emakumezkoen jantzi ta pitxiak. Ez dakizu...

ORREAGA: Esan bear diot erakusteko. (Izketan darraite)

AGUSTIÑE: (Bidezabaleruntz begiraturik) Norbait badator ba... jantzi ez bestelakoaz, bizkarreko saku ta guzi. Ez da ori emengoa; alemana dirudi.

MIEL-MARTIN: Eskalen bat izango da.

AGUSTIÑE: Ez, ez. Onuntz dator gañera. Gaztea da. Onela oñez ez diteke urrutira joan. Gaua emen igaro naiko du. Noan etxe barrura. (Senar-emazteak etxe aldera abiatuaz)

MIEL-MARTIN: Izango da norbait!... Ez digu zortziko aundirik utziko. Oñez dabiltzan oiek!

SALOME: Eneko zetorrela uste nuen, bañan ez da bera.

ORREAGA: Nere anaiarentzako goiz da. Ura ez da azalduko gau erdirarte. Ta aita sutan jarriko da. (Bideruntz begiraturik) Oñez datorren ori «mendizale» edo dalakoa dirudi.

SALOME: Badakarki pixua bizkar gañean.

ORREAGA: Alare! Norbait azaltzen danean...

 

 

II. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Peli.

 

(Peli gizaseme gazte ta egokia. Bizkaitarra; ikaslea ta mendizale talde baten buru. Naparroako iparraldean oñez dabil euskal anaitasuna zabaldurik. Mendizale janzkera dakar eta motxila aundi bat, bizkar gañean. Bidezabaletik dator eta larrañera eldutakoan zalantzan geldi bedi; gero, bi neskatillak dauden aldera arturik)

 

PELI: Arratsaldeon! Esango daustazue, arren, etxe au, Hotel Basaburua dan ala?

SALOME: Bai jauna bai, au dezu.

PELI: Eskerrik asko. Lengo egunean Iratxe'tar Birila jaunak alkarregaz Aralarko San Mikel-en gintzatzala, Hotel Basaburura etorteko esan eustan eta...

SALOME: D. Birilari eskerrak eman bearko dizkiogu egiten digun «propagandarengatik».

ORREAGA: Ta San Mikeldik al zatoz zama ori guzia gañean dezula?

PELI: Gaur bai. Zer ba? Bazkal ostean urten dot.

ORREAGA: Ibillaldi luzea egin dezu.

PELI: Au ez da bapez. Lau egun daroiadaz ibilten eta oindiño beste amarreko bidea gelditen yat.

ORREAGA: (Karraxi agiriez) Ui! Ederki nekatuko zera!

SALOME: Lertu!

PELI: Bapez! Tira, apur bat.

ORREAGA: Zu Mendi izale orietako bat izango zera, Bizkaikoa edo...

PELI: Asmetan dozu. «Bidez-bide» aldraren buruzagia nozu.

SALOME: Bilbotarren bat orduan.

PELI: Ez. Ez naz «txinbo». Ta zuek «emakumetarikoak» zarie ala?

SALOME: (Parrati ezin eutsizik) Ja, ja, ja!

PELI: Nigatik barre egiten dozue; euskeraz txarto berba egiten dodalako edo. Gitxi dakit, euskaldun barria naz-ta.

ORREAGA: Au edozer gauzarengatik parrez asten da.

SALOME: Izan ere gaur zoroagoa nago. (Peliri) Barkatu...

PELI: Azketsi esan daroagu bizkaitarrok. Zeuri atsegin aundiagaz gañera.

ORREAGA: Gutxi dakizula bañan guri erakusteko aña bai.

PELI: Ikasi, ikasi egin gura dot. Ez daustazue esan «Emaku-abertzalle batzakoak» zarien ala ez.

ORREAGA: Ori askotxo jakitea da asierarako.

SALOME: Lenengo atseden artu bear dezu, nekaturik egongo zera-ta.

PELI: Nekua baño zizkindua. Zuekin berbetan nagola aztu yat etxe ontan ostatu emango dausten itandutea. Txukunteko gelaren bat be izango dabe edo...

SALOME: Sartu aurrera, sartu! (Miel-Martini deituz) Aita! Jaun onek gau ontako gela bat nai du. D. Birilak igorria dator. Euskalduna da.

MIEL-MARTIN: (Agurtuaz) Ongi etorri. Zuretzako aiña leku ta zer jana ere izango degu.

PELI: Eskerrik asko. Ea ba, au itzita (Motxilagatik) bideko autsak kendu bear dodaz.

MIEL-MARTIN: (Motxila kendu naiez) Eramango dizut.

PELI: Eskerrik asko. Nere bizkarrean ederto doa.

MIEL-MARTIN: (Ateraño joanez) Aintzina ba. Aurrera! (Igarotzen uzten dio)

PELI: (Sartu autetik neskatillei) Gero alkar ikusiko degula uste dot?

ORREAGA: Naita nai ez. Lo egitera ez bazoaz beintzat. Emen ez dago bestela nora joanik.

SALOME: Lenengo aparia da. Bederatzietan.

PELI: Ez dot apaldu barik gelditu gura. Gose naz. (Sarturik) Gero arte!

 

 

III. AGERRALDIA

 

Orreaga ta Salome.

 

ORREAGA: Ori da uste gabe udazale bat etortzea. Nundik erori ote da?

SALOME: «Txinbo» bat nundik: pikondotik.

ORREAGA: Mutil atsegiña dirudi ta jatorra.

SALOME: D. Birilari par egiten diogu bañan, berari eskerrak etorri zaigu zera... txinbo ori. Ez dakigu izenik. Zera... Birilaren txoria edo...

ORREAGA: (Parrez) Galdegingo diogu.

SALOME: Zertarako? Biar baldin badoa...

ORREAGA: Gaur galdetu.

SALOME: Interesa artzen dezula esango nuke.

ORREAGA: Jakin naia edo... Ez ba. Goazen barrura ostutzen asi du ta zamarra artu bear det.

SALOME: (Maliziz) Ortara bakarrik?... Goazen bai... (Abiatuaz) Zer izen duen ere aguro jakiten al degu.

ORREAGA: Ez dit ajola aundirik. Gaztea dirudi, estudiantea edo.

SALOME: Nik itsasontziko pilotoaren antza ematen diot.

ORREAGA: Kapitan pilotoa?... (Bijoaz)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Kristobal eta Birila.

 

(Mendi aldetik datozela)

 

BIRILA: Arratsaldea ongi bota degu. Berriz ere Larrezurietara joan bear degu. Billa nabillen treku arria an arkituko dedala badakit; bestela ere egurastaldi polita da.

KRISTOBAL: (Izerdia igurtziaz) Polita baño geixeago. Zu gazte ta ariña zaude oraindik; nik ordea urte asko ta zama aundia gorputzean.

BIRILA: Ez da orrenbesteraño; aundiagoak ziran antziñako gizonak.

KRISTOBAL: Zure aldean bai. Zuk nik baño berrogei kilo gutxiago dituzu gero gerri inguruan.

BIRILA: Neurtzen al ditugu ezurrak. Neretzako gaurko ibillaldia arras erakusgarria izan da. Goñi'tar Teodosioren aztarrenak ez daudela urruti uste det. «Kromletx» aien inguruan. Kromletx ura bai!

KRISTOBAL: Ero guziak ez daude Zaldun (Zaragoza). (Beatza bekokira eramanez)

BIRILA: (Oarkabe) Ez beste batzuek Berueten ere badira. Iontza-ko iturritik Oringo lepora igo, andik urbil Otsola aldera... Urrengo batean joaten al gera...

KRISTOBAL: Joaten al zera bakarrik. Zuri aztu egiten zaizu irurogei urte ditudala ta orietatik berrogei Antilletako giro epel ta belaskan, iragana naizena. Nekaturik nago. (Eseri bedi) (Isilunea)

BIRILA: Amerika aitatu dezun ezkero, Santo Domingoko zenbait berri galde egin bear dizkitzut. Lengo egunean esan zenidan...

KRISTOBAL: Ameriko Vespuccio izan nai al dezu?

BIRILA: Zuri, Izpizuak Colon euskalduna deituko ziñuke.

KRISTOBAL: An lur artu zuan ezkero, amaika gauza gertatu dira. Itzegiten asiko banintz, pizka baterako banuke.

BIRILA: Nolakoak dira Dominikatarrak?... Ango emakumezkoak.

KRISTOBAL: Badira bikañak, indio ta beltzen nasketakoak batez ere. Indio nagusiaren alaba bat ezagutu nuen... Aren begitartea!

BIRILA: Oroitz ona utzi zindula dirudi inditar arrek.

KRISTOBAL: Ta zerbait geiago ere bai. Emakumeak (Jeikiez. Esandakoaz damuturik) Beste egunen batean jarrai bide degu. Izarditua nago ta aldatzera noa.

BIRILA: Emakumeai buruz nik ere biotza zabaldu bear dizut.

KRISTOBAL: Ozkiro dago. (Abiaturik).

BIRILA: Badakizu Orreagari agertu nai nioke nere maitasuna ta ezin asmatu det.

KRISTOBAL: Noiz nai garaia dezu.

BIRILA: Ezin arrapatu bait det bakarik. Uzkur egiten dit. Ez dakit nerekin zer duan. Udara guzian emen nabil ta igesi dijoakit.

KRISTOBAL: Eiztaria txarra zera orduan. Goazen barren ortara, sarea nola jarri esango dizut. Baratzan itxoin zaidazu; gure erle ta oilloak zer egin duten ikusi bear degu.

BIRILA: Zoritxarrekoa naiz D. Kristobal. Ameriketan emakumezkoak nolakoak diran ez dakit, bañan emengoak...

KRISTOBAL: (Sarturik) Toki guzietan berdiñak. Ausartu zaite lenbaitlen, bestela... Mutilzar!

 

 

V. AGERRALDIA

 

Agustiñe eta Itziar.

 

(Itziar erri aldetik dator; Martiñe berriz etxeko lanetan
dabillela-ta belenaren aldetik edo agertzen da).

 

AGUSTIÑE: Elizara joan etorria egin dezula?

ITZIAR: Bai ta berandu nabil. Eliz atadian Malengoneko Katalinekin bildu naiz, ta, asi ezkero, noiz amaitu ez bait du jakiten.

AGUSTIÑE: Itza ta pitza izaten du andre orrek. Erriko berri guziak naasiko zizkion.

ITZIAR: Azkenerako, bakarrik utzi egin bear izan det, senarraren billa nentorrela esanaz, bestela...

AGUSTIÑE: An zauka oraindik.

ITZIAR: Nun ditugu Orreaga-ta?

MARTIÑE: Etxean edo daude. Arestian sartuak dira. Orain dala gutxi arte emen egon dira biak beren oial, esku-lan ta josketaz. Aizpak bai liran eraio dira (konpondu) alkarren artean.

ITZIAR: Bai bear ere, ez litzake besterik palta. Eneko ez zan etxeratuto, jakiña?

AGUSTIÑE: Ez det uste. Beste gizaseme bat etorri zaigu; gauerako gela eskatu du. Entzun dedanez Bilbao aldekoa ote dan...

ITZIAR: (Naigabeturik) Gure semea ez, gañerako guziak badatoz etorri. Ai ene! mutil orrekin alperrik da. Gaur aita emen izango dula jakin, etxean zer nolako naigabeak dabillzkigun, ta alare! Bereak aundiagoak! Ameriketara doan aitzekiz ez dio ezer ajolarik.

AGUSTIÑE: Nunbait abiatu aurretik bere burua ongi egurastu nai du. Goizean-goiz irten da beintzat.

ITZIAR: Ez dakit zer egingo niokan... Udara ontan igaro arazten ari zaidana. Ez bait du balio ondo esanak (Sotinka) Ta azkenik... Seme bakarra... Ameriketara! (Isilunea)

AGUSTIÑE: Alaba gelditzen zaitzue...

ITZIAR: Egia da, bañan nork daki gurasoen ondoan noiz arte bizi izango dan. Zartzarorako laguntza ederra.

AGUSTIÑE: Guk Salomerekin izango deguna.

ITZIAR: Nera senarra iritxitakoan, semea ez dala etxeratu ikusi dezanean izugarrizko ixkanbilla sortu bide digu.

AGUSTIÑE: Or dezute Kristobal baretzeko. Ark artzen dio ongi neurria D. Permini.

ITZIAR: Oraingoan neurri guziak puskatuko dira etxe ontan (Urduri) Ni Orreagarekin Akarregira noa senarraren billa. Bitartean mutil ori azaltzen baldin bada, esaiozu, arren, bidera irten dedilla. Zeorrek igori ezazu bestela...

AGUSTIÑE: Bazoazkete kezkik gabe, esango diot.

ITZIAR: Ez dakit neskatx oiek barne ortan zertan ari diran. (Otsegiñez) Orreaga!! Orre! Paper zarrak irakurri...

ORREAGA: (Barrundik) Banoa ama!...

ITZIAR: Tira aguro! Berandu da-ta.

AGUSTIÑE: Arratsalde guzian lan egin dute, bururik jaso gabe gero, Donostiko jaietara apain juan nai dute nunbait.

ITZIAR: Ez gaude aurten pestetarako.

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Orreaga, Salome ta Birila.

 

ORREAGA: Ez gendun uste erritik etorria ziñanik.

SALOME: Ez ba.

ITZIAR: Esandako orduan, garaiz etortzen naizela badakizu.

ORREAGA: Emen geunden gu ere.

BIRILA: Bai Doña Itziar, ni lekuko. Egia dala ziñ egiten dizut.

ITZIAR: Zu beti eskribau. Ajola gutxiko uskerian astian galtzen ari gera.

BIRILA: Uskeritan ere egiaren alde: «ad veritatem».

ITZIAR: Egi larriena berandu gabiltzala ta Permini Akarregin iñork ez diogula itxoingo.

BIRILA: Ori bai ezetz. Nik laguntzen zaituet. Asko ibillia naiz gaur, eta nekaturik nago, baño On Permini ongi-etoria egitera joan ez? Iruñako berriak jakiteagatik bederik...

ITZIAR: Berri txarrak guretzat. Enekorentzat Ameriketarako ontzi-txartela sakelean dula etorriko zaigu-ta. Goazen. (Malkoak darizkiola).

ORREAGA: Amatxo ez zaite estutu. Ez zaitue semerik gabe uzten. Itzuliko da (Abiturik).

ITZIAR: Emen bizi dala ez dakigu nun dabillen eta... an Amerikan.

SALOME: Goizean-goiz joanda Aizarotzera arrantzara...

BIRILA: Ameriketan ere nun arrantza egiña izango du. Santo Domingora! Itziar, Kolonek lenengo azaldu zuan ugartea. Joango nintzake neroni ere...

ITZIAR: Noiz nai joateko azke zaude.

BIRILA: Ezin, Itziar. Teodosio Goñiren edestia amaitu bear det lenengo ta gero... (Orreagari begiraturik).

SALOME: Ezkondu... andregairen bat izanen al dezu.

BIRILA: Oraindik ez.

ORREAGA: Ba al goaz ala ez?

BIRILA: Ez det izan aztirik.

ITZIAR: Ez guk ere emen geldirik egoteko. (Agustiñeri) Agustiñe! Ez aztu nik emandako aginduaz.

AGUSTIÑE: Bai andrea, bai. Joan bear dunak egotea kalte.

ITZIAR: Ez al zatoz, Xalo?

SALOME: Etxean zeregin aundia dago ta laguntzen gelditzen naiz. «Ixekaz» Birilaekin aski dezute.

ORREAGA: Zuretzako bai!

ITZIAR: Gero arte ba!

BIRILA: Onelako egunak ez luteke amaitu bear. (Bijoaz Itziar, Orreaga ta Birila bidetik; ta Salome etxera).

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Miel-Martin ta Agustiñe.

 

MIEL-MARTIN: (Etxetik irtenik) Billbotar ori egarririk etorri da. Dagoeneko sagardo bonbil bat uztu du.

AGUSTIÑE: Nekearen egarria, oñez orrenbeste bide egin ondoren ez da arritzekoa... Gero Loperenera joan bear dezu biar esne geiegi eskarri dezatela esatea.

MIEL-MARTIN: Bai, joaten al naiz. Bazoazke barnera gazte ori beti zerbaiten eskean ari da-ta. Oraintsu bañua artzera sartua da. Ur otza besterik ez duala esan diot.

AGUSTIÑE: Garbitu ta izardia kentzeko ez du geiago bear.

MIEL-MARTIN: Orrek ordea etxean ditugun gauza guzietatik bear du. Asteko periodiku guziak eramateko ez dit eskatu ba? Gero ere izanen du beta!

AGUSTIÑE: Azken berriak jakin naiko ditu-ta.

MIEL-MARTIN: Zeorrek eraman zaizkiotzu ba. Kristobal ari da irakurtzen. (Isilunea)

AGUSTIÑE: Gizarajoa lertuta eldu da gaurko txangotik. Ez dakit zertarako joaten dan D. Birila orrekin.

MIEL-MARTIN: Gazte dagola uste bait du. Orduan, Loperenera gerora gabe jauzi batean urbiltzera noa.

AGUSTIÑE: Ta ni sukaldera. Iñaxi bakarrik ezin utzi diteke. Ta Salomeri... ezin esan lezaioke lan egiteko...

MIEL-MARTIN: Maistra egin dan ezkero, zerbait aldatu da. Kristobalek jakingo du zertan ari dan.

AGUSTIÑE: Alperrik galtzea. Diru geiegi ematen dio. Soñekoz egin du aurten! Errian esango dute berriz ere...

MIEL-MARTIN: Esan dezatela nai dutena. Geienaz ere egia azalduko da. Gu ongi gaude ta obeto oraindik ostaturik gabe. Ala baledi, ez nuke orain Loperenera esne billa joan bearrik... (Dijoalarik)

AGUSTIÑE: Zoaz ixillik, alperra, ondoegi bizi zera-ta.

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Agustiñe ta Eneko.

 

ENEKO: (Agustiñe etxera sartzera dijoana ikusirik) Etxekoandre! Gaur illundu aurretik nator.

AGUSTIÑE: (Itzuliaz) Ori esan. Zu al zera? Ara! Obe dezu etorri zerana.

ENEKO: Apaltzeko gogoz gañera. Goserik nago.

AGUSTIÑE: Ori bear degu ba. Zure ama-ta Akarregira oraintxe joanak dira... Aita, Iruñatik gaur datorkizuela badakizu ta zure amak esan dit bidera irten zaiteala.

ENEKO: Irten?... Geiago ibiltzeko nekatuta nago.

AGUSTIÑE: Zure amak esan duanean... Badakizu ba.

ENEKO: Bai, bai. Geroxeago joango naiz.

AGUSTIÑE: Ea zintzoa zeran ba. Ni sukaldera noa. Oi baño jende geiago gera apaltzen-eta. (Bijoa)

ENEKO: (Oldozti) Neretzako azken aparia edo... (Agustiñe eskutatu dalarik, Enekok goiko leio aldera begira beza, ondoren ximiko batzuek egiñik. Gero, unetxo batean, Xalo agertu bitartean, batetik bestera dabil).

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Salome eta Eneko.

 

SALOME: (Atean agertuaz) Gau erdirarte ez ziñala etorriko etsita nengoan.

ENEKO: Etxe ontan goiz etortzen naizenean, guziok arritzen zaizkit.

SALOME: Goiz?... Bai, arras goiz...

ENEKO: Alperrik nuen lenago etortzea. Ama, arreba, D. Kristobal, Birila, oro bat! Ezin mintza izango ziñan elkarrekin. Orain Akarregira joanak dirala badakit.

SALOME: Aitzeki polita.

ENEKO: Polita zu zera, Xalo! (Maite egiñaz)

SALOME: (Asarre antzean) Zer egin dezu egun guzian orain arte?

ENEKO: Amorraitan ibilli ta... zutaz oldoztu.

SALOME: Baita zera ere! Amorrainak nun dituzu ba?

ENEKO: Ez dute kanpora atera nai izan. Ibaian gelditu dira.

SALOME: Ez dizut deus sinisten. Arraitzako Bentan bai izango ziñaten bazkaltzen.

ENEKO: Nunbait bazkaldu bear. Orregatik etorri naiz zintzo etxera apaltzera.

SALOME: Zure ama beldur zan ez ote ziñan garaiz etxeratzen.

ENEKO: Ama beti da beldur enekin. Seaska-aurra naizela uste bait du...

SALOME: Zakarra zera zure amarekin. Kutunena zaitu, ta zuk berriz naigabez besterik ez diozu ordaintzen. Amarekin onelakoa baldin bazera, nerekin ere...

ENEKO: Zurekin?... Orain orrenbeste errita egiten didazunean, zer ote gero ezkon gaitezenean?...

SALOME: Begira... ez bazera aldatzen, ez naiz zurekin ezkonduko.

ENEKO: Aldatu?... Ameriketatik itzuli nadinean, aldatu naiz. Amerikano biurtuko naiz.

SALOME: Ara bazoaz bion arteko maitasun au aztutzea obe degu.

ENEKO: Ameriketatik laister itzuliko naiz, emakume! Joan-etorriko-txartelaz bait noa...

SALOME: Noiz ordea?

ENEKO: Gaur jakiten al degu eguna... Aitak omen dakar txartelaz-ta.

SALOME: Guzion biotz-minaren aundia!

ENEKO: Aitak bidaltzen nau.

SALOME: Asper-asper egin dezulako.

ENEKO: Ni ere estudiatzez aspertu nintzan ba ta Santo Domingon lan egiñik zurekin ezkontzeko diña diru irabaziko det.

SALOME: Noiz izango ote da ori. Emen gelditzea obe zenuke.

ENEKO: Nere aitak asmo bat artzen duanean... (Isillunea) Bidera irten bearko natzaio ama aserratu ez dedin...

SALOME: Ni barnera noa berriz... Oi! Osaba dator! Noan. (Alkarrengandik bereziaz)

 

 

X. AGERRALDIA

 

Lengoak eta D. Kristobal.

 

KRISTOBAL: (Sarturik) Gazteak gaztea arkitzen du. Bazaudeztela... (Enekori) Gaur goiz zabiltz, Eneko...

ENEKO: Emen, ni berandu etortzeko gogoa dagola dirudi. Gaur aita datorrela-ta...

KRISTOBAL: Bai, baita!... Nun ziñaten?

ENEKO: Ibain arrantzan. Arestian eldu naiz.

SALOME: Amorrainik gabe.

KRISTOBAL: Ori ez dago esan bearrik. Apaltzeko gogoa ekarriko zendun-ta tira!

ENEKO: Zerbait; ori ere ez dago galdetu bearrik.

KRISTOBAL: Emen biok ongi zaudete. Ni zure aitari ongi etorria ematera aurreratzera noa. Onuzkero bide-erdian datoz, garaia da-ta. Ea zer dion, D. Perminek.

SALOME: Doña Itziar, Orre ta Birila aspaldian joanak dira.

ENEKO: Ni zurekin noa Don Kristobal. Gaur goiz etxeratu naizen aldetik zintzo jokatu bear... Goazen.

KRISTOBAL: Ederki. (Salomeri) Zu ez al zatoz?

SALOME: Ez osaba, emen geldi bear det. Gaur apaltzen lagun asko bait gera, ta amari laguntzeko. Maia gertutzera noa.

KRISTOBAL: (Atsegiñez Salomeri begiraturik) Orrela, neskatx etxekoiak, orrela. Ea apari ona ematen diguzuten. Goseturik gaude-ta. Ez al da onela Eneko?

ENEKO: Bai, jauna, bai. Barabarrak jateko gogoa egin zait. Ameriketan ez bait ditut jango...

KRISTOBAL: Mutil, an ere ez aiz goseak ilko.

SALOME: Emen gutxiago, osaba. Gaur zuen gogoko aparia degu.

KRISTOBAL: Ikusiko degu.

ENEKO: Ikusi bakarrik ez. Irentsi!

KRISTOBAL: Salome! Kontuz onekin jango zaitu bestela. (Abiatuaz)

SALOME: Ez naiz ain samurra.

KRISTOBAL: Zoaz ba eginkizunetara. Gu bide erdira goaz. Autoa garaiz etorri baldin bada, onuzkero laister eltzen al dira.

ENEKO: Don Birila or dute berekin eta guziok geldi araziko ditu.

KRISTOBAL: Zeorri ere ez zera asko mugitzen. Geldirik edo ote zauden.

SALOME: Ez neregatik. (Bijoa)

ENEKO: Goazen, goazen! (Ixekaz) Aitaren beldur...

KRISTOBAL: Ator, ator, mutil... (Bijoaz)

 

 

XI. AGERRALDIA

 

Salome ta Peli.

 

(Lenengo, eskaratz barnean daudela itz jarduna
entzun bedi gero etxe aurrean azaldurik)

 

PELI: (Jantziz aldatuta ta oso txukundurik) Zelan izena dozun badakit, gazte: Salome!

SALOME: Aguro esan dizute.

PELI: Oso jakin-gura naz-ba.

SALOME: Gero emakumezkoengatik esango dezute «kuriosoak» gerana.

PELI: Ene ba! Ez dautsut orrelakorik esan. Salome deritzazula baiño. Orain zure aiztearen izena jakin gura neuke.

SALOME: Aiztea?...

PELI: Aizpa!

SALOME: Nork esan dizu aizpa dala?

PELI: Lengusiña orduan?...

SALOME: Ezta!... Adiskidea besterik ez.

PELI: Ta adiskidetxu orrek nola deritza?...

SALOME: Gauza geiegi galdetzen dituzu.

PELI: Jakitearren itaun egin bear. Ez dot iñor ezagututen-eta.

SALOME: Bada nere adiskideak «Orreaga» du izena.

PELI: Izen polita.

SALOME: Politagoa nerea baño, ez da ala?...

PELI: Estuasun ederrean iminten nozu. Izen biak politaren-politarenak dira-ta aingeruenak legez.

SALOME: Eskerrik asko, badakizu losintxatzen, Errolando zaldunak aña.

PELI: Ez orrenbeste. Peli Billbao naiz agindu gura dozunerako.

SALOME: Ni Salome...

PELI: Ta bestea?...

SALOME: Ura begitatik sartu zaizula dirudi.

PELI: Itsua ez naz-eta.

SALOME: Ea itsutzen zaitun ori, Orreaga Mezkiriz ote dan.

PELI: Mezkiriz?... Abizen ortako lagun bat Madriden izan neban.

SALOME: Auek Iruñakoak dira ta udara igarotzen daude emen.

PELI: Nere ikasle laguna be, naparra zan: Iruñxeme.

SALOME: Abizen ortakoak Naparroan anitz dira.

PELI: Nere laguna ez bestelakoa zan: mutil jatorra, adiskide ona, bañan baita be ezagun izan dodan ikaslerik nasaiena. Aste osoak ikastetxera agertu barik egoten zan... A!... Eneko!...

SALOME: (Arriturik) Bai e?...

PELI: Zerbait jazoten yatzu ala? Larri zagoz.

SALOME: Bai, ama itxoiten daukat. Barkatuko didazu bañan nere zer-egiñetara joan bear det.

PELI: Orixen da bat-bateko joan-bearra neu bakarrik itzita. Esandakoz asarretu egin zarala dirudi.

SALOME: Ez, ez, bañan... badatoz guziak. Emen dira! Ta tartean zure lagun Eneko ere bai. Banoa!... Agur! (Laisterka bijoa)

PELI: (Arriturik) Baña zu?... (Darraikiola) Alde egin daust?... (Larrañaren erdira ateriaz) Ta Eneko Mezkiriz emen dala diño. Bidetik jendea dator bai... Ez neban asko uste. Baña... Bera da-ta. (Datorrenaren alderuntz joanaz) Eneko!...

 

 

XII. AGERRALDIA

 

Peli, Orreaga ta Eneko.

 

(Anai-arrebak datoz. Peli ikusitakoan,
Eneko aurreratu bedi besarkatzera)
.

 

ENEKO: I emen? Peli aspaldikoa!

PELI: Eneko! Aralarko San Migeldik naiatork, mendiz-mendi. Zelan ago i?

ENEKO: Argalean sendo. Gero esaten al dizkiat guziak. Emen udara nolabait igarotzen.

PELI: Neuk, orain iru egun urten neban Billbotik eta ibillaldia egiten Auritzeraño noiak...

ENEKO: Nik ere laister ibillaldi luze bat egin bear diat. Oso ta luzea: Ameriketara!

PELI: Ene ba! Zerbait oker yazoten yak ala?

ENEKO: Motel! Jakingo dituk. Lenago arreba agertu bear diat. (Biok Orreagarengana urbildurik)

PELI: Ire arreba? Lenago agurtu yuadaz bera ta bere laguntxoa.

ENEKO: A bai! (Orreagari) Au dezu Madriden ikasle-lagun izan nuen Billbao'tar Peli.

PELI: (Orreagari eskua estuturik) Lenago elkar ikusi dogu ta orain ezagutuaz atsegin dot.

ORREAGA: Esker milla; nik ez dut txikiagoa.

PELI: Ez neban asko uste Enekoren arreba zintzanik. Ta gitxiago au (Eneko bizkarrean joaz) emen arkitzerik...

ORREAGA: Nik Enekori arestian esan diot «mendizale» bat etorri dala; bañan nor zitekean ez zaio bururatu.

ENEKO: Bururatu? Bai. Zororen bat. Auto ta aideplanoan ibilli bearrean oñez dabillena, zer nai dezu izatea!... Gaurko egunean!

PELI: I baño nagiagorik! Beti berdin!.. Eztakit mendiz-mendi ibiltearen ederra...

ENEKO: Ik erakutsi bide diak. Udara guzia Basaburuan zeramakiat-eta. Basoa ta mendia ez dituk toki txarra etzinda egoteko, iturri baten ondoan. Bañan alper gaiztoan gora ta bera ibilli... Ni beti erreka bera...

ORREAGA: Zu guzirako alper, pelotarako ezik. Ez dakit nola lotsatzen ez zeran. Mendia dan atsegiña. Mutil banintz, onelako ibillaldiak egingo nituke.

ENEKO: (Irritsu) Ez aiz bakarra, Peli. Laguna badek.

PELI: Ta ez txarra. Egoki-egokia baiño.

ENEKO: Ez intzake urrutira joango.

ORREAGA: Areago zurekin baño.

ENEKO: Neregatik bideak libre dituzute. Ezin sinistu diat ingurumai auetan ikustea.

PELI: Oso erreza. Billboko jaietan beti urteten dogu. Aurten Naparro begikora etortea erabagi gaiuan, zeuek biztutzen; Aralarko San Migelen gengozala, Orreagarañoko ibillaldiari asikera emoteko asmotan, an egoan jaun batek esan eustan, Basaburuan Hotel barri bat egoan...

ENEKO: D. Birilak.

ORREAGA: Ez dago esan bearrik.

PELI: Ori bera zan. Jaun oso jakintsua; kondairegillea uste dot.

ENEKO: Bai, koipe jario ta gogaikarri ederra. Bestela nere arrebari galde-egin.

ORREAGA: Isilik zaude gizona, iñorengatik gaizki esan gabe.

ENEKO: (Orreagarengatik) Onek aldeztu egiten dik. Inguruan limurkerian bait zebilkiok. Loreak, goxokiak eta abar eskeintzen...

ORREAGA: (Orreaga) Eneko! Begira gero! (Peliri) Ez zaiozula jaramonik egin. Gezurretan ari da.

PELI: Neuk jaun orri eskerrak emon bear dautsodaz. Onela arkitu al izan aut. Bestela Lekunberrirako asmotan nintzoan.

ENEKO: D. Birila jakituri guziaz emen dek ba.

ORREAGA: Bai, gure ondoren, amatxorekin dator.

ENEKO: Mezkiriz sendi guzia ezagutuko dek. Aita jauna orain eldu zaiguk-eta.

PELI: Poztuten naz. Ederto, ederto. Eneko, nun izan az aurten?

ENEKO: Madriden edo... Irugarren aldiz kale eman zidatek eta bapo!

ORREAGA: (Bideruntz begira) Ama ta Birila datoz.

ENEKO: (Peliri) Gero bakarrik gaudelarik kontako dizkiat.

PELI: Bai gizona.

ORREAGA: Aita ta D. Kristobal illundu ta gero elduko dira.

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

Lengoak, Itziar ta Birila.

 

(Illuntzen doa)

 

ITZIAR: (Semeai) Aguro etorri zerate.

ORREAGA: Zuek astiro.

ITZIAR: Aita-ta atzean geldi dira oraindik.

BIRILA: (Limurkeriz) Gazteak etorri gera aurretik. (Pelirengana joanez) Gizona! billbotarra emen degu-ta. Etorria ziñala banekien. (Eskua emanaz) Nola zaude?

PELI: Ederto, zu be bai?

BIRILA: Ongi, ongi... Asmatu al dezu bidea?

PELI: Bai, bai, ta eskerrikasko toki ontara bidaldu nozulako, adiskide artera. Ez da ala, Eneko?

ENEKO: Au da uste gabeko gertaria, ama. Madriden izan nuen adiskiderik onena agertu bear dizut: Peli Billbao.

ITZIAR: (Eskua eskeñiaz) Poz aundia artzen det, oso pozerako ez bagaude ere. Zere etxean zaude.

PELI: Eskerrikasko, atsegin andiena neretako da.

ENEKO: Adiskide txarrekin biltzen nintzala zenioten beti, ta mutil on ta azkarrik bada nunbait, ona emen bat.

ITZIAR: Ainbat lotsagarriago zuretzat.

ORREAGA: Ez dezute elkarren antzik.

ENEKO: Guztiok ez gera berdiñak izaten... Au injenierotako gai izan ta ni ez.

ITZIAR: Ez dakit nola ez zeran lotsatzen ori esatez. Zure adiskideak karrera izango dute ta zuk baterez.

ENEKO: Ameriketarako «karrera» ama; amabost egun barru, bidean naiz. Ez erritan asi.

ITZIAR: Ez nuen bearrik izango zure lagunaren antzekoa izan baziña.

PELI: Eneko ez da ikasle txarra; orraitiño beste karreria autu bear eban ta ez injenierotakoa. Nire ustez, beñepein.

BIRILA: Nere iritzia ere orixe zan, badaki Don Perminek. Mutillak millitartzako asi bear zuen. Armetako bizibide omengarria.

ORREAGA: Karabinero!... Ez degu olakorik bear gure artean. Zoaz zu ezpata artzera!

ITZIAR: Berandu da, ba. Nere senarrak asmo bat artzen duanean alperrikakoa da ari zerbait esatea.

ENEKO: Nik det arrazoi orduan...

ITZIAR: Isilik zaude. Zuk dezu erru guzia-ta.

ITZIAR: Ta sin lasai gelditzen zera. Ez det itzegin nai geiago, orretxek naigabeak aunditzen dizkit-eta. Goazen goazen barrura. Etxean itxoingo diegu Permin eta Kristobali.

BIRILA: Ongi diozu Doña Itziar, lasaitu zaite. Sartu gaitean etxeko epelera, otz antza degu-ta. Permin-eta urbil utzi ditugu baño...

ORREAGA: Gelditu egingo ziran berriketan.

ITZIAR: Sartu gaitean otz-antxa dago bai. (Abiatuaz).

BIRILA: Ta illuntzen asia. Udara bera bait dijoa.

ITZIAR: Aparitako gogoa egingo zitzaigun orrenbeste ibilli ta gero. (Peliri)

PELI: Bai andrea, bai; Txanton Piperri baizen goseti nago.

ENEKO: Ezkurra ugari dek median, motel!

ITZIAR: (Orreagari) Apari ugaria gertutzen leiatuko ziran noski? Lagun geiago gera gaur apaiten.

ORREAGA: Agustiñek badaki; Salome ere laguntzera joan zaio. (Etxera sar bitez. Itziar, Orreaga ta Birila lenengo; Eneko ta Peli ondoren).

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

Permin eta Kristobal.

 

(Bide aldetik agerturik)

 

KRISTOBAL: Ontzia Bartzelonatik il onen 24n irtezen bada, emendik, bi egunez aurretik joatea aski degu.

PERMIN: Ez al da berandutxo izango?... Eragozpenen bat jarri lezaiokete-ta.

KRISTOBAL: Ez gizona! Agiri guziak berekin daramazki; baimen guziak baditu. Itxasontzia arratsaldean abitu da.

PERMIN: Orren berri zuk dakizu ondoenik. Zure gain uzten dizut semea Kristobal. Orrenbestez guzia esana dago. Ez ni ta iñor etxekorik ez det nai diosalik egitera joatea. Azken agurra garratza izango bait litzake. Nere emaztearentzat batik-bat. Oartu gabe joan balitzaiguke, ainbat obe... Nun ote da bera?

KRISTOBAL: Ez da artañokoa. Gaur egunean Ameriketara joatea jolas bat da. Oraingo ontzi aundi ederretan...

PERMIN: Ori diot nik ere. (Deituaz) Eneko!...

KRISTOBAL: Orain berrogeitamar urte gu joan giñan bezela joatea besterik zan. Ezer jakin ez, ta dirurik gabe.

PERMIN: Ala da bai. Azkenengo aldiz diozut, Kristobal; nere semea dalako ez dezazula begiraben geiegi izan Enekorekin. Beste mutillai aña lan egin arazi-zaiozu; ta nai ez badu etxetik bidali! Ogia irabaztea zer dan ikasi dezala.

KRISTOBAL: An lan egingo du. Ziur nago. Ez bait dago emengo okasiorik. Bein oituz geroz, diru pixka batekin etxeratuko zaizu.

PERMIN: Aberastua ez bada, gizon egiñik beintzat. Ori det naia.. Ta eskerrik asko zuri, egiten ari zeran guziagatik.

KRISTOBAL: Ez da ezeri gizona.

PERMIN: Nun sartu da mutilla?... (Kartera ateriaz sakeletik) Emen det ontzi-txartela. Diru asko kosta zait eta naigabe geiago. Mutillaren onerako baledi...

KRISTOBAL: Bai. Ameriketan bizitzen ikasiko du. Guk ikasi genduen eta...

PERMIN: Zuek bestela oiturik joan ziñaten.

KRISTOBAL: Ez genduen ezagutzen. Euskalerria besterik.

 

 

XV. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Eneko.

 

ENEKO: (Burua makurturik azalduaz) Deitzen al zuen aita?

PERMIN: (Ben) Bai ta baliteke azken aldiz deitzea.

KRISTOBAL: Gizon illuna zaude. Ez orrela larritu zure burua.

PERMIN: (Itzal aundiz, sakaletik txartel bat ateriaz semeari) Emen dek Ameriketarako txartela. Gaurgero jaun onen esanera jarri bear dek. On Kristobal dek ire nagusia.

ENEKO: Bai jauna, bai.

KRISTOBAL: (Permini) Mutilla etxean bezela izango da. Lan egingo du ta aurrera aterako degu. (Enekori) Ez da ala?

ENEKO: Egiñalak egingo ditut beintzat.

PERMIN: (Biguntzen asia) Noizbaitean zentsuz mintzatzen asi bear uan. (Biotz berago) Kristobal! Zure eskuetan uzten dizut seme bakarra...

 

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa