Itz-aurrea Xabier Lizardi (1896-1933), olerkari gailena hil zeneko berrogeitamargarren urteurrenean, beronen oroitzapenez Euskal Herri osoan zehar egiten ari diren ospakizunetan partaide izan nahi du ANTZERTI-k. Euskal poesiak eman duen poetarik garrantzitsuenentzat ezagutzen dugu Lizardi, baina hau ez da gure aldizkariak erakutsi nahi lukeen alderdia, antzerkigilearena baizik. Lizardik hiru antzerki idatzi zituen: «LANO TA IZAR», «BI AIZPAK» eta «EZKONDU EZIN ZITEKEN MUTILLA». Azken obra hau, 1953an EGAN aldizkariak argitara emana, hautatu dugu berrargitaratzeko eta beronen sarrera, gure teatroaren dekanoa den, D. Antonio M.ª Labaienek idatzia, bere honetan gordetzeari interesgarri iritzi diogu. Ogei urte dira laister Lizardi'tar Xabier mundu ontatik joan zitzaigula ta orain arte ezin argitara izan dugu ezkuturik egon dan aren beste umezurtz bat. Egia Lizardi il ondoren liburutxo batean azaldu zirala «Olerki-umezurtzak» deritzatenak. Bañan beste zerbait gelditu zan illunpean, gaur eguzkitara ateratzen dugun antzerki-lan zoragarri auxe: «EZKONDU EZIN ZITEKEN MUTILLA». Ez du komeri yaukal onek lotsik iñoren aurrean agertzeko; ez da Lizardi'ren beste lanak baño urriago. Aiek bezain bikain, goitar eta jator dezute. Euskal-teatroan eredutzat artu diteken antzerki-lana. Bai izkera, asmakizun, ipui eta gaiez teatroak eskatzen ditun doaiez ongi ornitua datorkigu. Elkar-izketa egokia dizu beti, eta umore onez jositako aterakai ta ziri zorrotzak nun nai. Guzia berriz itzaldi sakon eta egi mardulez oretua. Ez arian, par egin araziz, gizarteko utsegiteak ispilluan bezela agertzen dizkigu. Bada «Ezkondu ezin ziteken mutilla», irudimen utsez, gezur-antzera tajutua izan ordez zintasun oso-osoan egiña dago; erretratu benetakoa dezute. Egilleari berari gertaturiko auzia, autobiografia dala esanarekin aski da. Jakiña, bestela ere, gizartean sarritan jazo oi dirala antzeko gertakizunak. Lizardi'k ain zeatz agertzen ditu bere etxekoen gora-berak; ain argi eta garbi daude argazkian bera ezik, ama, izeba, andre-gai ta senideak, ez zitzaigun bidezko aien baimenik gabe antzerkia aizatzea. Alare oroitarazi nai dugu berak «Etxe barne bizia» deitutakoa 1933'g. «Kirikiño»-saria irabazi zuala, «Itz-lauz» liburuan irakurri ditekena. Bestalde, Lizardi zanaren eriotzak, gero etorritako gudateak eta aren ondorenak giroa txartu zuten gure asmoak aurrera eraman al izateko. Urteak aurrera joan dira ordea, ta astiak egin du leku. Aterune ontan gure «Mutilla» plazara irten ditekela derizkiogu irakurle-ikusleen atsegin eta erakusbiderako. Zeok, ziur gaude, damuturik geldituko zerate antzerkitxo au lenago ez ezagutua. Lizardi'tar Xabier poeta bezin teatrogille trebe bait-genuen. «Laño ta Izar» eta «Bi aizpak» «Antzerti» aldizkarian argitaratu ziran. Goazen orain «Ezkondu ezin ziteken mutilla»-ri buruz azterketa labur bat egitera. * * * Gaiez oso gizarteko eta era bat berri eta jatorra dala lenago esan dugu. Maite-mindurik dagon mutil batetzaz diardu ipuiak. Andregaia ba-dizu, elkar maite dute, bañan mutillak ama ta senideak bere gain ditu eta eragozpen izugarri onek bere ametsa burutzea eragozten dio. Senargaiak adiña ba-du, lanean ari da, irabazi onak ditu bañan bere bizkar dago etxe guzia. Au dezute auzi ta korapilloa eta ez makala! Geienetan gurasoak dira seme-alaben alde nekatzen diranak. Amaika buru-auste artzen dituzte aiengatik. Aotik jatena ere ateratzen dute bere aurrai ematearren. Ori egunero gertatzen dana da ta ez du iñortxo arritzen. Iñoiz, ordea, gauzak aitzitik jazo oi dira. Alegia seme edo alabak guraso ta beste senideak eutsi bear izatea. Au da «Ezkondu ezin ziteken mutilla»-ren gertakizuna. «Mutillak» benetan ekinten dio bere arloari. Ez du ukatzen egin-bearrak agintzen diona. Nola aztu ta utzi, alabañan, biotza arturik daukan maitasuna? Itxoiten ba-daki eta geroak eta asmamenak askatuko diote korapilloa. Ez ditu Lear erregeren alabek arabera aita-ama eskergabez baztertuko. Gerok larritzen ditugu gure auziak arindu bearrean. Maitasunaren almenak indartsuak dira korapillo gogorrenak askatzeko. Indarrez ez ba-da, antzez guzia erabakitzen da. Osaba batez baliatzen da praile jantzian gauzak bere alde biurtzeko; eta arrebatxoaren laguntza ere ederki datorkio. Ama gaizoa, bere kezkaz aski ez duala aizpa mutxurdin eta beste andre «autu-batzalle» batek eibartarron itz polita erabilliaz, larrituta daukate. Beste andre musin orrek ezin ikusi bait-du begi onez gure mutilla auzora ezkondu dedin. Bere alabarentzako senartzat aukeratua bait zuan... Gure «mutillak» antzerkigilleak esan nai dut jorratzen ditu ederki bi atso elizakoi ainbat masiatzale, parregarri utzirik azkenerako. Lenengo ekitaldian, ama-semearen arteko auzia dala-ta kezka pean gaude. Zer gerta bear dun jakin naírik gelditzen gera. Eztabaida ain da egitzakoa, nola erabakiko dan ikusteko irrikitzen jartzen gaitu. Komerigille on baten ezaugarri dezute ori. Bigarren ekitaldian berriz asmaketa zorrotz baten bidez ama-semearen arteko kezka guziak aienatzen dira ta «autu-batzalle» atsoak zapuztuta isilik geldi bear. Izan ere, osabaren jokoa, praile bizardunez agerturik irritsu ta ustegabeko da. Ziri ederrak sartzen dizkie guzioi ta aren itzaldiak ler gaizto egin arazten digute. Arestian illun zegon giroa alaitzen da pozgarri biurtuaz. Andregaiak bereganatzen ditu ama ta senideak eta noski «Ezkondu ezin ziteken mutilla» Berarekin ezkonduko da. Praile joan zedin ez ba'zioten gure mutillari aitzekirik arkitzen, gutxiago bear ziotekean ezkontzeko. Au da «tesis» orokorra Plauto, Terenzio, Moliere'ren diñakoa. Aterakizuna ontzat artuko dute gazte ezkongai ta gañerakoak ere bai. Lenbaitlen ager dedilla ba antzerki au antzez-tokian. Gure jendeak txalo ta algara artean arrerarik beroena egingo diotela ziur gaude. Lan onekin Lizardi Xabier idazle aunditzat ba-geneukan gorago igoko da aren omena. Eta ezpairik gabe iraungo du mendez-mende euskaldungoa bizi dediño. Bedi anitz urtez! A. M. L. |