|     59 zenbakia, 1983ko ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        Antzeztokia: Zelai bat, zuaitz gerizpean. Ikusleen aurrez, urrutian, Loiola'ko Etxe Donearen atzea. Mai bat eta zumezko alkiak.

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

YON eta BEGOIÑA. Begoiña'ren ama barrendik

 

(Euna jasotzerakoan antzeztokia utsik. Gero, neskatx-algara garbi bat entzuten dalarik, agertuko dira, aurrez aurre, alkarri eskutik elduta. Sartzerakoan mutillak neskatxari gelditu-erazi egiten dio, eskuak askatu gabe.)

 

YON: Nolako ederki ibilli geran, eee, maite?

BEGOIÑA: Aur bi bezin alai.

YON: Jolasean, lasterketan, masusta-jaten..., guztia zeru eder onen azpian...

BEGOIÑA: Beti ume-ustetan iraun al ba'genezake, ez da ala?

YON: (Zerbait benduaz) Bai, egia diozu: gere buruari beti ume iritzi al ba'genezakio! Ordubeteko umetasun-ondorean, ordea, egun osoko, aste beteko kezka... umeak ez gerala adieraziaz.

AMA: (Agertu gabe, deadarka) Eee, gazteak! Non zerate?...

BEGOIÑA: (Eskuak aguro-aguro askatu, ta, alki batean exeriaz, len maian utzitako langaiak artzen dituala) Ementxe, ama; lengo tokian bertan...

YON: (Parrez) Ementxe, lan ta lan...

AMA: (Beti barrendik) Tira, ba; zintzo egon, iñora alde gabe.

BEGOIÑA: Bai, ama.

YON: Alare! Gure igesaldiaz ez da oartu.

 

(Begoiña josten ariko da. Mutilla aldameneko alkian exeri bezakio. Isilune luze-xamarra, noizean bein alkarri begiratzen diotela.)

 

BEGOIÑA: Yon, gaur azkenengo eguna...

YON: Bai...; azkenengo eguna!... Gezurra dirudi, e? Zortzi egun nola joan zaizkigun... (Berriro isilunea).

BEGOIÑA: Yon... Amak zer esango dizu? Egun auek non igaro dituzula esan bear diozu?...

YON: (Mindu-antzean) Pxe! Zortzi eguneko oporraldia artzea egin det, urte osoa lanari eman ondoren... Asko al da?

BEGOIÑA: Neretzat ez da asko izan.

YON: (Berriro arpegia argituaz) Aruntz-onuntz ibilli naizela esango diot, bazterretan ditudan lagunei ikustaldi bat egiñaz... edo... beste edozer gauza! Ipuiak asmatzen mutilla naiz ba ni! (Beste isilunea. Nexka itzaltsu. Mutillak, zearkaxe bederik, begirik ez dio kentzen). Zer dezu, maite? Maizegi bezela, illun, itzaltsu... (Alai) Tira, parre egidazu; ez zaitut orrela ikusi nai.

BEGOIÑA: Yon... Zergatik ez diozu zure amari guztia esaten?

YON: Esan... Esan...! Zertarako esan? Ba-dakizu orain oringoz, puxka batean itxoin gabe alegia, gure alkartzea eziña dala... ni seme gaiztoa ez izatekotan, beintzat...

BEGOIÑA: Bai. Ta seme gaiztoa izan nai ba'zenduke zuk, ez zinduket nik senargai ontzat artuko. Itxoin-bearrik gera, egia... Baiña, ama orrela gezurpean eukitzea ere...

YON: (Albora begira berekiko) Gaixoa! Zu bai, ba-zauzkat gezurpean... Baiña ez luzarorako. Gaur dira nere azkenengo gezurrak... Ikusiko degu zer gertatzen dan emen.

BEGOIÑA: (Larri) Ez didazu erantzuten...

YON: Ara, ba; biar bertan, etxeratzean, guzia esango diot.

BEGOIÑA: Bai? Benetan? (Pozik; bereala bat-batean berriro illundu)

YON: Bai.

BEGOIÑA: (Beldur) Ta zer esango dizu?

YON: Zer?...

BEGOIÑA: Gure alkar maitatzeari ez dio ondo iritziko...

YON: Baiña, maite: bildur orrek noiz utziko zaitu?

BEGOIÑA: Naiago bai oraintxe ba'litz...! baiña, ezin, alperrik... Aspaldi esan nizun Yon: «Atsekabe aundiak eramango dituzu zure etxean nigatik. Nerekin ezkontzerik ez dute naiko... Ni maiteizana ez ote zaizu iñoiz damutuko?»...

YON: Ta, zer erantzun izan dizut nik?

BEGOIÑA: Bai, zure erantzuna badakit. Baiña alaz guziaz ere, beldur naiz... beti beldur! Betirako maite ote nazu, beiñere ez aspertzeko? Ez ote da gure ametsa orain une batzuek bezela utsean urtuko?

YON: (Esku bat bigunki artzen diola) Ez, maitea. Gaur ez naiz ume. Ezkon-agintza zer dan, ezkon-agintzak giza-lege? zertara lotzen duan badakit. Bi egin-bear ditut nik, Begoiña, biak begiragarriak. Etxeak lotzen nau: ama-alabak nere bearrik izango duten bitartean, berai zor natzaie. Baiña zuri ere zor natzaizu, egin dizudan aginduagatik. Bi bearkun ditut, eta ez bata ez bestea ezin nezake uka. Biak erabat bete ere ez. Argatik bakoitzari bere garaia gorde-bearra. Lasa zaitea, laztan ori, ezerk ez iñork ez bait-nau nere itza austera beartuko. Ara, beti ala uste izan det: Jainkoak alkarbidea egokitu zigun; Jainkoak gure nai garbia begi onez dakus; Berak, asitako lan oni azken ona ipiñiko al dio. Noiz? Ez dakit, baiña... Begoiña, itxaropen bizia det: aurki, zuk uste dezun baiño lenago erabakitzea baleike.

BEGOIÑA: (Poz aundiz) Benetan?

YON: Apika, bai.

BEGOIÑA: Jainkoak nai beza.

YON: Esan dizudan guztia nere gizatasunak agintzen didana da. Baiña, biotzak agintzen didana esango ba'nizuke!

BEGOIÑA: (Otoi-maitekor) Esan ba esan, esan...

YON: (Parre-antzean, maitero) Iñor zu besterik ez dedala maite izan, gazte-gaztetandik nigan zauzkat-eta... Maitetasuna zer dan ez nekian garaian zure begietan ikasi nuela; ta ura ikaste gozoa!... Nere itza autsi nai izan ezkero ere.

BEGOIÑA: (Len bezela) Zer, Yon, zer?

YON: Ezin autsiko nukela, bizi osoa zugan ipiñia naiz-ta...

BEGOIÑA: Eskerrik asko, yon. Barrena argiz ta itxaroz bete didazu itz oiek bide dirala. Zintzoa zera. Barkatu, askotan nere beldurrok agertzen ba'dizkizut. Barrenak ematen dizkit nik nai ez arren; eta maiz esan badizkizut, maizago euki izan ditut izkutuan, bakarrik negar egiñaz.

YON: Gajoa! Baiña oraingoan siñisten didazu, ez da?...

BEGOIÑA: Bai!

YON: Bete-betean?

BEGOIÑA: Bete-betean!

YON: (Parrez) Noiz arte?

BEGOIÑA: A!, ori... (Parrez) Buru gaizto ontan zalantza berritu arte. Bear bada, ordulaurden bat barru!

YON: (Bat-batean jaiki, ta eskuak txamarreko sakeletan erabilli bitza, zerbaiten billa balebil bezela; erabat, begi-zearka, ikusleen ezker-alderuntz urrutia aztertu beza). (Berekiko) Laurak oraintxe. Or bidean jendea agiri da. Berak dira!

BEGOIÑA: Zeren billa zabiltza ordea? Jas! Asmatu baietz; tabakoa etxean aztu...

YON: Alaxe da, ba... Itxoin zadazu emen. Bereala nator. (Bijoa, urduri samar eskuitik, aldian bein ezkerretara begituaz).

BEGOIÑA: Ai, ai, ai! Orixe ezin utzi, beiñipein: ni laga naiago... Aguro etorri, e?... (Puskatean neskatxa bakarrik gelditzen da, bere joste-lanari ekiñaz).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

BEGOIÑA, XABIER, ARANTXA

 

XABIER: (Arantxa eskutik duala agertzen da, ezker aldetik) (Buruko kenduaz) Arratsalde on, neskatx eder ori...

BEGOIÑA: Bai zuei ere.

XABIER: Gezurra dirudi zu bezelako aingerua bakarrik egotea. Ez al dezu laguntzallerik?

BEGOIÑA: (Parrez) Banun orain artexe, baiña utzi egin nau.

XABIER: (Berekiko) Auxe da Yon'en andregaia, iñundik ere... Ori dek azala! Olako puxka goxoa billatu ark, trapu alenak, begiak lurretik jasotzeko gauza ez dirudienarren!

 

(Bitartean, Begoiña'k eta Arantxa'k alkarri begiratu ta irriparre egiten diote, aurrenengo ikusian batak bestea atsegin balute bezela).

 

BEGOIÑA: Alabatxoa dezu nexka polit au?

XABIER: Naiago bai! Baiña ez, illoba det... Atsegin zaizu?

BEGOIÑA: Bai. Lagun onak egingo giñake, noski, pixkatean alkarrekin egon ezkero.

XABIER: Benetan? Orduan zeure zaitzapean uzten det. Jatekorik zerbait eskatu diteke, noski, emen...

BEGOIÑA: Bai, bai. Etxekoandreari deitzea nai al dezu?

XABIER: Baita ederki eman ere! Ez iñola, eder: eskerrik asko. Banoa neroni: jatekorik eskatuz gaiñera, badet beste zeregintxo bat... Mendi oietan, nekauste edo penitentzi gogorrean dabillen praille donetsu bat billatu nai nuke.

BEGOIÑA: (Arrituta) Ara berriz! Praille bat diozu?

XABIER: Ezagutzen al dezu, ala?

BEGOIÑA: Ez nik beintzat emen praillerik...

XABIER: (Berekiko) Praille ona zegon ik ezagutzen denana! (Begoiña'ri) Arritzekoa da beiñere ez ikusia... Baiña, «Ugats-Iturri»ko urak artzera etorria omen da-ta, ezin urruti izan.

BEGOIÑA: Ezin diteke...

XABIER: Ezin ditekela?... Ikusiko dezu nolako aguro billatzen dedan nik. Gaztetan oso aiskide izanak gaituzu, ta urte askotan alkar ikusigabeak geran arren, duro bat egingo nuke gure txikitako txistu-deia ez zaiola aztu... Agur, ba, neskatx atsegin ori: gero arte. (Burua makurtuaz, begirune aundiz) Gaurgeroz nigan mirabe apal bat dezu...

BEGOIÑA: (Parrez, ta berak ere burua agurka makurtuaz) Eskerrik asko, zalduna.

XABIER: Zu, Arantxa, ementxe gelditu zaite neskatx on orrekin, guziontzat txokolatea eskatzera noan bitartean... Ama-ta ere aurki dituzu emen, onezkero. (Berriro Begoiña'ri agurka) Agur!

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

BEGOIÑA ta ARANTXA

 

BEGOIÑA: (Arantxa'ri maitero begira-ondoren) Musu txiki bat emango al didazu, polit orrek...

ARANTXA: Musu txikia ez, bai ordea aundi-aundia...

BEGOIÑA: (Parrez laztantzen du) Zergatik, ba, aundia?

ARANTXA: Ama Birjiña dirudizulako...

BEGOIÑA: Ja, ja, ja! ori ateraldia! Ta zuk (berriro laztantzen duala) zeruko aingerutxoa... Tira, nere aldamenean exeri. Josten ba al dakizu?

ARANTXA: Ala, ala...

BEGOIÑA: Ederki... Ta, egun askotarako etorri al zera?...

ARANTXA: Ez: bagoaz bereala.

BEGOIÑA: Oooo!... Ain ederki ibilliko giñanak!

ARANTXA: Loiola'n izan gera. Zuk ez dakizu, baiña nere anai batek praille joan nai du... Nik, berriz, ez det nai joatea...

BEGOIÑA: (Parrez) Ez?

ARANTXA: Ez. Nik ezkontzea nai nuke (ben-ben). Praille joan ezkero geiago ez bait-nuke ikusiko! Gaiñera jantzi aiekin..., oso itsusi emango lioke... Ezkonduko balitz, berriz, zu bezelakoxe batekin edo...

BEGOIÑA: Ja, ja, ja! (Berriro nexka laztantzen dula) Oiek burutaldiak! Ta berak, anai orrek, zuri jaramonik gabe, praille nai, e? Ez al da, gero, beltza?

ARANTXA: Ez; ez da beltza. Ez beltza ta ez gaiztoa... Amak Loiola'ra bialdu zun zortzi eguneko jardunak egitera, eta, uste gabean poz ori eman dezaiogun, osabak esan digu: «Goazen Loiola'ra mutilla gerekin ekarriz». Baiña Loiola'ra joan ta anaia billatu ez, egin degu...

BEGOIÑA: Lentxeago ertena, onenean...

ARANTXA: Orixe esan det nik ere; ta Azpeitia'n bereala arkituko genduala... Osabak ordea, emen uretxe ontan txokolatea artu gabe ez ginjoazela-ta, toki ederra dala-ta, guetako iñork ez genduela ezagutzen-ta... alaxe ekarri gaitu. Baiña, orra, ama ta non datozkigun. (Jaiki ta bere billa joanik, ezker aldera).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, MIREN, MARTIÑE ta ANDRE XERAPI

 

(Sartzen dira Xabier sarturako aldetik).

 

MIREN: Bakarrik al ago, Arantxa? Non da osaba Xabier?...

ARANTXA: Osaba etxe ortara joan da txokolatea ekarraraztera... Baiño ez nago bakarrik... (Begoiña'gana joanaz: au jaiki egiten da ta Arantxa'k eskutik elduta amari ta gaiñerontzekoai aurkezten die). Ikusten, Ama? Ama Birjiña dirudin andre au det lagun... Oso ona da... Eskua eman zaiozu.

MARTIÑE: Ara! Onetxek bai lagunak azkar egin non-nai (Parrez).

MIREN: (Begoiña'ri eskua luzatuz) Nola zaude?

BEGOIÑA: Ondo ta zu?

 

(Besteai ere eskua ematen die).

 

ANDRE XERAPI: (Izebari) (Neskatx egokia!) (Izebak buruaz baietz).

MIREN: Ongi. Eskerrik asko. Zoratu araziko zizun onezkero berritsu onek...

BEGOIÑA: Ez orixe. Oso atsegin egon gera alkarrekin, ez da ala?

ARANTXA: Bai ni beintzat!

BEGOIÑA: Baiña ez al dezute exeri nai?

ANDRE XERAPI: Bai, bai; exeri gaitean... Ni neka neka eginda nago beiñipein.

MIREN: Bai ni ere. Loiola emendik bazter dagola dirudi, baiño...

MARTIÑE: Ibilli egin bear da, ibilli... (Banaka banaka exeri dira).

BEGOIÑA: Onenean oiturarik ez, berriz...

MIREN: Nik ez beintzat: aur asko ditut eta etxean beti da lana... Auek zerbait geixeago ibiltzen dira...

MARTIÑE: Bai, bai... zerbait geixeago... Etxetik elizara, elizatik zuenera batzuetan, eta zuenetik gurera... ta kito.

 

(Isilunea).

 

MARTIÑE: (Berezi A. Xerapi'ri) (Neskatx atsegiña, apala, langillea ta izarra baiño ederragoa benetan, e?)

ANDRE XERAPI: (Alaxen da... Nongoa ote da?... )

MARTIÑE: Emengoa al zera? ta barkatu...

BEGOIÑA: Ez... illabete igarotzen nago toki onetan...

MIREN: Gaixorik ala?...

BEGOIÑA: Ez, ez! Osasun ona det Jainkoari eskerrak... Baiño ama ibilli zaigu makal xamar eta emengo urak artzera bialdu du osagilleak... Nik lagundu egin diot...

ANDRE XERAPI: Orretazkero ez zera ezkondua...

BEGOIÑA: (Zerbat lotsaturik) Ez... ez... Oraindik ez...

ARANTXA: Baiño ez zera monja joango, e?...

BEGOIÑA: Ja, ja, ja... Zuk nai ez ba'dezu, ez.

ARANTXA: Ez det nai ba! Ezkon zaite... Monja sartzeko ederregia zera...

BEGOIÑA: Ja, ja, ja...

MARTIÑE: Tira, tira Arantxa. Ixo. (Asarre samar) (Begoiña asarrea ikusita, bat-batean bendu egiten da) Zer dakin ik gauza oietaz?...

ANDRE XERAPI: Umeak beti ume!

BEGOIÑA: (Buruan Arantxa'ri maite egiñaz) Gaixoa!

MIREN: Lanean egoki ari zera...

BEGOIÑA: Egoki edo... Al dan bezela...

MARTIÑE: Galtzerdiak saretzen? (errepasatzen?)

BEGOIÑA: Bai, auek ere urratu egiten dira-ta...

MIREN: Urratu! Esaidazu neri! Asteero otarrakada bat izaten det nik... Iñoiz eskontzen ba'zera ta Jainkoak aur asko ematen ba'dizkizu, gogoratuko zaizu esaten dizudana...

BEGOIÑA: Siñisten dizut bai.

MARTIÑE: Aspertuko zera ba emen... jende asko ez ba'dago beintzat...

BEGOIÑA: Ama ta biok, eta beste lau emakume ta mutil besterik ez gaude... jende gutxi izaten da emen; baiño zenbat eta gutxiago obe... Nik naiago det beintzat... Erri aundietako iztilluen aldean bestelakorik da emengo pakea...

ANDRE XERAPI: Arritzekoa da! Oraingo neskatxak ez dira beintzat zu bezelakoak. Geienak, onara ekarri ta amabost egun igaroazi ezkero, soiñurik gabe, dantzarik gabe, jairik eta parrandarik eta mutillik gabe, txoria kaiolan bezela il egingo zitzaizkizute... Ta alaz ere ezkongai!

BEGOIÑA: Ez det ezkontzeko presarik...

ANDRE XERAPI: Ongi da. Baiño, orren zintzoa ez ba'ziñake, beste zenbaita bezelako jai ta mutilzale purrukatuen bat izan ba'ziña, senargaiak mordoka izana izango ziñan eta ezkontzez aspertua... Ai, mutillak, mutillak!...

BEGOIÑA: Ba, ale bat ona obe mordo txarra baiño!

MIREN: Egia!

ANDRE XERAPI: Zera! Nere Garbiñe'ri gertatzen zaiona berbera! Ezin obea ta ala ere neska bargasta obea edozein mutillentzat!

MARTIÑE: Baiño, aizan, gauzok orrela dirala, ba al-dakin txokolate ori ez dala berealakoan ekartzekoa? Gure Xabier, bera ari ote da egiten?...

BEGOIÑA: Emen gauza oiek ez dira gertu egoten, eta orregatik pixka bat itxoin bearra izaten da... Bertara joan da sukaldekoak astinduko ditut pixka bat.

MIREN: Ez, ez. Egon zaite.

BEGOIÑA: (Jaikita) Ara; emen dator... (Neskame bat bost txokolatekin).

NESKAMEA: Arratsalde on! Berandutxo?

MARTIÑE: Ez, ez! Bai zera!

NESKAMEA: Sua kaxkar samarra dabilkigu-ta... (Bakoitzari aurrean ipintzen dio. Begoiña'ri ere bai) Berorri ere ipintzeko esan dit emendik joan dan jaunak. Berak ez duala bear...

BEGOIÑA: Ara berriz.

MIREN: Bai, bai; ez genduke besterik bear... Gu jaten eta zu begira. Tira artu, etxekoa baziña bezelaxe!

BEGOIÑA: Eskerrik asko ba... (Berekiko) (Ta Yon ez da geiago azaldu! Jende berra sumatuta izutu egin da nonbait. Onezkero emen gelditu bear ba!).

MARTIÑE: Baiño zer billatu duala gure Xabier'ek onen luzaroan ez azaltzeko? —Neskameari eder iritzi ez ba'zion! Um!

BEGOIÑA: Arantxa'kin etorri dan zaldunatzaz ari al zerate?

MIREN: Bai...

BEGOIÑA: Praille baten billa dabillela esan du, ta mendi-mendian ezkutatuta ba'dago ere, arkitu bear duala...

ANDRE XERAPI: Praillea, bai! Ez dakit nolako praillea...

MIREN: Arren, Andre Xerapi, lelo orretaz ez jardun... A! nere mutil ori, nere mutil ori!... Galduko zait! Zer egin ote du?

MARTIÑE: Ago ixilik! Azpeti'n izango den; edo bear bada, etxean onezkero...

MIREN: Ez dakit, ez dakit! Gogo-jardunak egin ote ditu?

MARTIÑE: Egingo ez zizkiñan ba?

MIREN: Aundia den ba jesuitek aren izenaren berri ez jakitea...

MARTIÑE: Asko izaten bait-ditun... Baiño ire semeak praille joan bear duala esan duanean, —berak esan zuan bezela gaiñera, —negarrak erten bear zionan— eta, benetan joango den...

ANDRE XERAPI: (Um! Ezzzekiñat ba... !)

ARANTXA: Oi! Begira, ama; praille bizarraundi bat!

BEGOIÑA: Ara! Egia zan!...

MARTIÑE: Gure Xabier'en laguna...

MIREN: Ta Xabier ez dator berekin...

ANDRE XERAPI: Gizajoa! Orixe bai dagola il baiño zeruaren erdian!

MARTIÑE: Bai, emakumea! Orixe arpegikera... Ori gorputz mea... Ez da gu bezin bigun bizi errukarria...

MIREN: Emen degu... Jaiki gaitean...

 

 

BOSKARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta XABIER

 

XABIER: (Praille jantzian, apal-apal, begiak lurretik jaso gabe) Jainkoaren pakea zuekin.

BATZUK: (Guziak jeikita artzen dute; batzuek gerriko lokarriari mun egiteko asmoz) Ongi etorria, aba agurgarri ori...

XABIER: (Mun egin nai diotenak aldenduazita) Ez, ez... Ez naiz ni zuen ezpaiñak nere jantzietan artzeko diña... Pekatari aundi bat naiz... Exeri guziok. —Neregatik lurreko ar ziztrin onengatik, ez zenuten jaiki bear...

 

(Exertzen dira; praillea ere bai).

 

MARTIÑE: (A. Serapi'ri) (Santu izugarrien bat diñagu auxe).

ANDRE XERAPI: (Oiñetatik burura din ezagun).

MIREN: Aba, gurekin txokolatea artu nai al dezu?

XABIER: Goikoak sariztu bezaizu zure onginai ori! Baiño barkatu; ezin artu nezake...

MARTIÑE: (Ori barau latza!)

XABIER: ...biotzerrea egiten dit-eta...

MARTIÑE: Aaaa!

XABIER: Bai; or sukaldean eskatu ditut neretzako uskeri batzuek... Urdailleri nabil, eta edozer gauzak ez dit onik egiten...

MIREN: Jakiña!

XABIER: Gero, andre begiragarri ori, ba-dakizu argalak gerana, eta... jan egin bear!

MIREN: Noski.

XABIER: Aragi ta ezurrezkoak gera, gorputz ustelkor au gerekin dakarkigu... (ta sukalderontz begira) A! Ba-dator! alare! (Neskamea sartzen da Iruiña'ko txistor ta Errija'ko ardoaz) Eta nion bezela, aberea gerekin degun bitartean... (mokau bat artuaz) jan egin bear...

ANDRE XERAPI: (Opil erdia sartu din erabat!...)

MARTIÑE: (Ixo... Goseak iltzen zegon errukarria-ta!)

XABIER: Gauza lotsagarria! Ai jan gabe bizi al ba'giña, gogoari, animari, gure bizi guzia emanaz!

ANDRE XERAPI: (Dotriña orixe ez zait ba oso atsegin).

XABIER: Baiño gauza auen bitartez Jainkoak gure txikitasuna beti begien aurrean jarri nai izan digu apaltasunean bizi gaitezen...

MIREN: Jateko bearra ba-zendun, Aba!

XABIER: Bai, lotsagarria dan ezkero, aitortu dezadan guzion aurrean: gose naiz... Zein argalak geran! Aste bete jan gabe igarotzea aski degu gosea nabaitzeko...

MARTIÑE: Jaungoiko aundia! Aste bete?...

ANDRE XERAPI: Erraxago gosetzen gera gu...

XABIER: Bai, aste betean egon naiz mendian, zerura begira, noizean bein sasi ta larretan nere gorputz pekatariari igortzialdi bat emanaz...

MARTIÑE: Ene ba!

XABIER: Goizero, emengo usaidun iturriraiño etorri naiz bertoko urari zurrutada bat egiñaz; nagusiek agindu bait-didate nere osasun autsia zaitzera onara etortzeko. Gero, ez det esango egun osoa jan gabe igarotzen dedanik, ez bait-da egia. Baiño nere janari guztia masustak izan dira. (Guziak alkarri begiratu, ikaratuta). Lau masusta gosaltzeko. Bazkaltzeko eskua bete. Aparitan amar amabi bat...

ANDRE XERAPI: Aitaren eta Semearen!...

XABIER: Igandetan, arratsalde erdian beste masusta mordoska bat, Jainkoaren eguna jaitzearren.

MARTIÑE: Ia siñistu ere ezin diteke.

MIREN: Gizonak orrenbeste bizi al izatea!

XABIER: Baiño, makala naiz, ta astean bein garai ontan onara jetxibearra izaten det nere indarrak gauza bizigarriagoaz sendotzera...

MARTIÑE: Ez da arritzekoa, Aba! Ez da arritzekoa!!...

XABIER: (Ontzi bat ardoz bete, ta jasota, begiratuz) Au gauza ederra!... Au ere eman zigun ba Jainkoak... Gora dezagun Jauna bere emaitzetan!... (Zurrutada batean ustu).

MARTIÑE: Eta alaz ere, aba donetsu ori, zoriontsu biziko zera...

XABIER: Bai, ene alaba, bai; zorion-utsetan bizi naiz. Ba al-dakizute zergatik? Oso erraxa da: Goikoaren deia entzun eta itsu-itsuan jarraitu izan natzaiolako berari!... Eta onetzaz bai daudela oker, asko ta asko munduan... Zenbat eta zenbat ez dira galdu Goikoaren deiari jaramonik egin ez, edo etxekoek galazi izan ziotelako... Gai onezaz zuen gogoak argitu nai nituzke, ain ederki egokitu zaigun ezkero, kristau maiteak...

MARTIÑE: Begirune osoaz entzuten dizugu...

XABIER: Baiño, ongi asteko, Goikoa bedeinkatu dezagun berriz. (Beste baso bat).

ANDRE XERAPI: (Iturriko ur usaindunak ez dio egarria oso il).

XABIER: (Berriz sukalderontz begira) Baiño! Tira orratik! Emen da! (Neskame tortilla aundi bat dakarrela).

ANDRE XERAPI: (Adiskidea! Ez zaizkizu oraintxe zure masusta janak gogoratzen!)

MARTIÑE: (Miren'i). (Bere biziko itzaldiren bat egin bear zigun, nik ez diñat itzik galduko).

BEGOIÑA: (Ulertu eziñik nago praille onen berri nola orain arte jakin ez dedan).

XABIER: (Arrautzopil puska batzuek irentsi ondoren) Asi gaitean, Goikoa lagun degula. Ene ardi laztanak: Jaungoikoa'ren deia —vocatio, vocations— era askotako oi da: obeki esateko: era askotakoa ez; era bitakoa bakarrik. Erlijio-bizitza ta ezkontza. Neska-mutilzar biziera ez da, nere ustez, eta Eliza Amaren guraso agurgarri askoren ustez, Goikoaren deia; etsaiarena baizik...

ANDRE XERAPI: (Bere artean, Martiñe'ri begi-zearka begiratuz) (Ederrak eman dizkin!)

XABIER: Baiño ontan ere, berezi ditzagun emakumezkoak gizonezkoengandik. Neskazarrak, geienetan, ez dira neskazar bere naiez gelditu, ezkondu ezin izan diralako baizik; oiek ez dute errurik, naiko lana bai ordea gaixoak...

MARTIÑE: (Ale ere! Asnasa artu eziñik negoen!)

XABIER: Gizonezkoetan berriz ba-dira mutil-zar gelditu diranak ezkontzako uztarri astuna leporatu nai izan ez dutelako. Auexei dijoakie nere lenengo zigorkada. Ta azkenez, neska bai mutilzarretan ba-dago beste talde bat: ezkontzarako deia entzun eta bere etxekoen naiz bere gain aginpidedunen eragozpenez, ezkondu ez diranak; auek naiko lan izango dute zeruratzen, baiño zuzengabekeriz ezkontzea galazi diotenak? A! Ez dizutet esan nai nolako inpernua izan bear duten!

MARTIÑE: Ondo irabazia gaiñera!

XABIER: Baiño etorri gaitean berriro asierako itzetara. —Askok uste izaten dute, lekaidetzarako deia bakar-bakarrik izaten dala Jainkoaren deia... Oker larria auxe! Prailletzako deia bezin donetsua, berau bezin begiragarria da ezkontzarakoa. —Berdin berdin jartzen dira inpernura-bidean, batari naiz besteari jaramon egin ez, edo jarraitzea galazten dietenak. Zer esango dezute Jainkoak bati prailletarako deitu ta au, deiari jarraitu bearrean, ezkondu egiten ba'da...

MARTIÑE: Jainkoak gorde gaitza! Ori pekatu larria!

XABIER: Ba, ezkontzarako deia izan eta praille joaten danak ez du burugabekeri ariñagoa egiten! Ez da bestea baiño errazago zeruratuko; zaillago bear bada... Baño jetxi gaitean oraindik geiago: prailletzako bidean, dei askotarikoak diran bezela —batak jesuita nai du, besteak prantziskotar, onako onek kartujo, ta abar—, eta norberari egindako deia komentu berezi batean, ez beste edozeiñetan, sartuta beteko duan bezela, alaxe gartatzen da ezkontzan ere... Ezkontzarako lenbiziko gaia, alkarrenganako maitasuna da...

BEGOIÑA: (Praille onek, dana dala, egi pozgarriak esaten ditu... )

XABIER: Nik orain jarriko dizutet adibide bat: egin zazute kontu mutil bat: Pello izena jarriko diogu...

ARANTXA: (Isilka Begoiña'ri) (Ori izen itsusia!)

XABIER: Errotazuri'ko Pello, Matxin Bizardo'ren Malentxo'tzaz txoratuta dago; Matxin Bizardo'ren Malentxo'k berriz ez darabil Errotazuri'ko Pello beste ametsik buruan... Alkar maite dute ta alkarri ezkon-agintza egiñak dira... Ba, orra: Pello'ren deia ez da soil soillik ezkontzea; ez, enetxoak; Pello'ren deia Malentxo'kin, eta ez beste iñorekin, ezkontzea da...

BEGOIÑA: (Su aundiz) Ederki esana!...

ANDRE XERAPI: (A! Orratik! Senargaia ba-din neskatxa onek! Nere Garbiñe'k ez duna).

XABIER: Ba iñork, etxekoak batez ere, Pello'ri Malentxo'kin ezkontzea galerazten ba'dio, beste neska bat eztarriko zulotik sartu nairik, zer gertatzen da? Iru auetako bat: Pello mutilzar gelditu, edo beste nexka batekin ezkondu, edo praille sartu... Nola nai ere, bere bidetik kanpora bizi izan... Ta onetara beartu duanak inpernuko su guztiak ez ditu aski...!

MIREN: Ikara naiz!

MARTIÑE: (A. Xerapi'tzaz) (Iretzat ez zegon ori gaizki!)

ANDRE XERAPI: (Martiñe'tzaz) (Oiek ola ba'dira ez den ik gardostualdi makala igaro bear!)

BEGOIÑA: (Sotin luze bat eginda) (Praille onek egun bat Yon 'en etxean egingo ba'lu!)

XABIER: Baiño aspaldian ez genduan Jainkoa bedeinkatu. (Beste baso bat klink).

BEGOIÑA: Arren jarraitu, aba ona orrela.

XABIER: Ba-noa; ba-noa. Malentxo neskatxa ona da; baiño ez du arditik. Pello'k berriz etxeari begiratu bear dio bere irabazien bidez. Eta orra non datozen etxekoak esaten: «Mutil au ezin diteke ezkondu ta ez da ezkonduko».

MARTIÑE: Edozer gauza!

XABIER: Zergatik ez, enetxook? Jaungoiko bat ez al dago goian? Berak Pello'ri ta Malentxo'ri alkarbidea egin eta bion elkarmaitasunari eder ba'derizkio, nor da iñor Pello ezkondu ezin ditekela esateko? Gaur ezin ba'du ere, ez al dio Jainkoak garaia iristen danean, bidea erraztuko?...

BEGOIÑA: Ori esan, ori!

XABIER: Zuetakoren batek galdetu lezake: orretazkero, gurasoak ez al dute bein ere bere seme-alaben ezkontzen aurka jartzeko eskubiderik? Ez det orrenbeste esan. Ezkontza zearo debekatzeko ez dute eskubiderik; baiño, bai batzuetan beren semealabei atzeratuazten alegiñak egiteko... Noiz? Egin zazute kontu Malentxo izen eta ibilketa gaiztoko neskatxa dala... Orduan bai... Baiño Malentxo'k arditik ez izatea, ta Pello gaurkoz etxeari eutsi-bearra izateak ez diote eskubide ori ematen. Eta Malentxo ona izan arren, dan bezela, edozein atso autubatzallek aren izena beztu-naian ba'dator ezkontza egin ez dedin, zer merezi du orrek?... Deabruak eraman beza!

ANDRE XERAPI: (Martiñe'ri) Zertan begiratzen didan orrela? (Garratz).

XABIER: Amorraiak betoz!

ANDRE XERAPI: Zer? ...

MARTIÑE: Zer? ...

 

(Nezkamea agertzen da).

 

XABIER: Betoz amorraiak! Auexek ere Jainkoak egiñak... Bedeinka dezagun Bera bere goragarrietaz! Auxe jan ezkero, ongi naiz mendian beste aste bete igarotzeko!...

ANDRE XERAPI: Masusta utsez?

XABIER: Masusta utsez.

ARANTXA: Pello eta Malentxo'ren ipuia bukatu al da?

XABIER: Oraintxe noa, maite; aurki azkena.

MARTIÑE: Esan, esan!

XABIER: Pellok, toki guzietatik datozkion eragozpenak bide, batak «ezin ezkondu ditekela», besteak «bere andregaia nolanaiko neska dala» ta abar, etsipenari burua ematen dio ta onela dio bere artean: «etxeak nere euspena, nere irabazia bear duala? Ezkontzea debekatu? Ba-dakit zer egin. Komentu baten pakean nere egunak amaitzera joan ta kito».

MIREN: (Jauna, Jauna. Gizon onek goiko argiz itz egiten du!)

XABIER: Zer gertatzen da? Pello gaur bertan ezkonduko ba'litz ere, nola ala bere sendiari gutxi naiz asko laguntza ematen jarraitu lezake; praille sartuta berriz, kaixo motel; eskatu bai obeto, eman baiño... Oiek ola dirala, usteko dezute zuek bere etxekoek praille joateari galazpen biziagoa jarriko diotela ezkontzeari baiño? Ez ba. Praille joan nai dek? diote. Joan adi ba; goikoak lagunduko gaitzik... Jainkoa arestian jaio ba'litz bezela... Ta Pello gizajoa komentuan sartu da, praille txar bat izango da, ta bertan sartuazi ziotenak Jainkoari egunen batean kontu estu-estua eman bearra izango dute!...

MIREN: Arren, Aba! (Oso atsekabetuta jaikirik) Ez jarraitu, arren! Biar bertan ezkon bedi!

XABIER: Zein? Ni? (Ikara aundia agertuaz).

MIREN: Ez, zuk ez dezu ezagutzen! Nere Yon, nere Yon! Tira jaiki zuek ere! Goazen aren billa!

XABIER: Egon, egon pakean; nik indarrak berritu arte (Baso bat eskuan duala).

BEGOIÑA: (Oso urduri). Yon! Pello! Malentxo! Arantxa! Gogo-jardunak! Zortzi egun! Yon'en tabakorik eza! Zaldun aren praille adiskidea! Ene Jainkoa! Zer da au? (Arantxa'ren burua artu ta begi-begietan begiratzen dio) Bai, bera da! Ama zerukoa! Gezur oni azken ona eman zaiozu!

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Guztiak.

 

(Yon sartzen da ta Xabier'engana dijoa eskuan mun egiteko asmoz; Xabier'ek bere eskua eman bearrean Begoiña'rena damaio).

 

MIREN: Yon! Yon! I aiz?

MARTIÑE: Jaungoikoaren miraria!

YON: Barkatu, ama! Ta barkatu zuk ere, Begoiña; baiño itsumustuan ta Gotzaiaren baimenikan gabe praille bikain au egin bearrean arkitu naiz, bestela esanda aintzakotzat artuko ez zenituen egiak esan zitzan.

MIREN: Au! Zure andregaia! Neskatxa egoki au?

YON: Onek ez zuan zuk aiña berri gezur onetzaz. Praillea ta ni bakarrik gera errudunak!

MARTIÑE: Ta praillea?...

YON: Praillea (Bizar-jantziak kenduta) zure anai laztana da da, Xabier.

ARANTXA: Ja, ja, ja. Txalo, txalo osabari! (Txaloka).

XABIER: Pello ta Malentxo. Barkatu bezait Jainkoak ez dagokidan jantziz jantzi ba'naiz, baiño jantzi aiek gabe esan ditudan egiak esan ba'nitu, ez zidan emakumeak jaramonik egingo. Ezkon zaitezte; zuen maitasuna gizonen txikikeriak iltzeko ederregia data: nik ere maitasun bat izan nuen eta ez jarraitzetik datorkit nere biziko zoritxar guzia. Aberatsa naiz, eta ezkondu ziñezteke, Pello'ren bearkuna uzteko bildurrik gabe. Luzaro bizitzeko ez naizela ere igertzen det, nere osasuna gazteegi gastatu det-eta; emendikantxe nere ondorengotzat aukeratzen zaituztet nere aberaskietan. Tira, Miren, neskatxa eder onen bekokian musu bat utzi zazu...

MIREN: (Negarrez) Atoz, alaba! (Musu ematen dio).

ARANTXA: Ez nuen nik esaten eskontzea oso erraxa zana? Au poza! Txalo, txalo! Txalo Yon'i, txalo Begoiña'ri!

 

OIALA

 

aurrekoa