|     68 zenbakia, 1984ko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


HIRUGARREN ZATIA

 

(Urte baten buruan)

 

 

LEHEN AGERRALDIA

 

Xarles, Janamari, Piarres, Maite.

 

(Taula gainaren eskuineko aldean, Mendizelaiko familia). Xarles zango ikusten, Piarres paperetan, Janamari baiera egiten, Maite ganberatik jaliko da.)

 

XARLES: Badakik, Marres, Gainbeherekoek ere lauetan hogoi zalditako traktur berria erosi dutela? Alta berenak ez zikan lau une baino biziki gehiago.

PIARRES: Zer nahi duzu? Bere auzo lehenak ere joan den hilabetean holako bat erosi du... eta Gainbeherekoek ere bertze hainbertze egin beharrez...

        Aintzinekoak heien afera eginen zukeen bai alta... Hogoi ta bortz ektara dituzte, arras xahalak... eta oraino segidarik balute! Bi anaiak donado eta nehor ere ez etxaldeari lotzeko.

XARLES: Aah, beti baliatzen duk indar hortako trakturra eta segur nauk beren lanak errextu zaizkietela. Gu ere berdin, Peko Oihan horren lur berritzeko, untsa lagunduak gindaizkek!

PIARRES: (Sendi da hasarretzen ari dela). Eta zendako nahi duzu Peko Oihan hori lur berritu? Gure berrogoi ektarekin badugu orai aski lan eta bereziki aski fres...

XARLES: Nahi diat! Halarik ere, behar dik ikusi gure artalde hori hobe gindukela emendaturik; saldo on batekin, segur gaituk esne gehiago izanen dugula. So egizak zonbat ardi dituzten Orgabidekoek! Heien heinerat heltzekotz, ala-leku gehiago behar diagu. Ez zaitak iduri iratzeak duela esnea eman arazten!

PIARRES: (Arrunt kexu). Nindiozun ba Orgabideko ardiek eta Gainbeherako trakturraren zaldiek ilusituko zinduztela. Hobe ginduke gure lur aldeak eta artaldea haunditu baino, biak behar bezala ontzea. Zuk, bertzek bezala egiteko, nunbrea duzu xerkatzen erakusteko heiek bezenbat zirela! Eta gero? Guk, zer dugu? Ito ahala lan!

XARLES: Lanak ez gaitik sekulan izitu etxe huntan! Konprenitzen duka? Sekulan!!! (Hau saminki eta bortitzki).

 

(Haur marrumia bat aditzen da.)

 

MAITE: Beti komedia bera da etxe huntan, traktur ta lan ixtorio! Haurra ere ez duzue lo egiterat uzten, zaudezte ixilik undarrean!

PIARRES: (Xarles-i) Ez, ez naiz ixilduko! Etxe huntan beti hola da, beti lan gose! Batek hau guk baino haundiagoa balin bada, guk ere bera edo ahalaz oraino haundiagoa behar dugu! Dremendeneko saskitxatra bat lur balin bada salgai, are! Saka! Hura ere guretako bil! Harantxokoa behar ginduena atsulutuki erosi? Orai, hura ere ez zautzu aski! Haren larreak nahi dituzu, irauli! Eta gastuak, nork jasanen ditu? Nork beharko du hil artino lanean arizan, abere batzu bezala, aste egunaz ala igandetan, fres horien tapatzeko? Zu lan gose balin bazira, ni lanez asea naiz! Bai, gure haurrak nigar egiten ahal du! Ez du, hola segituz, familiako goxotasun haundirik ikusiko hemen!

 

(Xarles kexu kexua jeikitzen da eta irratia pizten du. Anartean, emazteak ixilik egon dira, iziturik bezala.)

 

IRRATIA: «Berriki egina izan den inkesta batek erakusten du laborantxan plantatuak diren gazteen gutiziarik haundiena dela beren lanaren uztarritik ahal bezeinbat libratzea. Hortakotz...»

 

(Xarles-ek, hori entzutearekin, sakez hiltzen du irratia.)

 

XARLES: (Kexu) Hori jadanik badakiau!!

 

(Argia itzaltzen da taulagainaren eskuineko aldean eta pizten ezkerreko aldean.)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Louis, Ttotte.

 

(Bi presunen hats azkarra aditzen da kanpotik eta ixtantean, Ttote, sartzen da lasterka, «jogging» jauntzitan ta poxi bat izertua. Louis-k deitzen du kanpotik:)

 

LOUIS: (Hats hantua) Ago ene beha! Ez diat hire usaiarik gero!

 

(Louis taula gainerat heltzen da emeki emeki eta izerdi trenpan.)

 

LOUIS: «Puñeta»! Ene leheneko trenpea arrunt galdua diat! zer nahi duk? Beterraba sasoin hortan ez diat lasterka artzeko denbora haundirik ukan...

TTOTTE: Baalta, lehenago ere, ez hintzan debaldetan biziki lasterka ibiltzen ez...

LOUIS: Ho ho! Jakizak, Peko Oihanaren zolan zirelarik ardiak eta nik beranta heien deizteko, debrien «entrenamendua» banuela! Hi ere, «apartamendu» hori hartuz geroz, iduri dik aiseago habilela, he!

TTOTTE: Ba bixtan dena! Denbora libro gehiago badiat... eta astean behin bizpahiru kilometra egiten ahal ditiat astirian iluna zin aintzin.

LOUIS: Eta nagusiak ez hau sobera atxikitzen lanean astiritan?

TTOTTE: Ez hakiena? Hi joan berri hartan, nere kexuarekin, egina nian neure baitan zerbaitek kanbiatu behar zuela edo nik lekuak hustu. Eta buru ukaldi hartan, bihotzean nintuen guziak erran nazkoan nagusiari. Nola ez ginduen orenak baino gehiago lanean artzerik, lagun guziak enekin akort zirela eta holako... Eta ez duk sinetsiko! Gure gizona eztitu zian! Bixtan duk ez direla denak arrosa kolore, bainan bertze gisa bat bederen.

LOUIS: Beterrabetan ez zian hola to! Eta naski, Lurdan egin behar dutan sasoinean ere ez. Bederen neure oren soberakinak behar bezala pagatuak eta deklaratuak ditiat! Jadanik, zerbait duk!... Errak bainan, hire «apartamendua» ez diat oraino ikusia! Izigarri pollita omen duk! Ez dakiat nori entzuna dutan, ez diat uste amak, duen erran... Katti-k behar bada... (eta biak irriz).

TTOTTE: Egia duk, hik ez duk oraino «bisitatua». Igande aratsean, hangi afaiterat. Ez ahal hau ene kozinak iziaraziko...

 

(Irriz.)

 

LOUIS: (Bi irriren artetik) Ba, beharrez, ene arreba gomitatuko diat, kozinersa ona duk, badakik! Ez ahal duk haizatuko.

TTOTTE: Errak eta... entzuna diat baizik eta Julufriako Joana ezkontzaz galdegina huela, gero haren etxaldeaz jabetzeko...

LOUIS: Eez! Ez diat mutzurdin zahar horren ganbarako lipu sareen kentzeko enbeiarik, haren etxaldean truk balin bada ere...

TTOTTE: Ah, ez dakiat gero! Jendek zernahi kondatzen baitute. (Irriz) Halere, ez huen hobenik atzemaiten ahal laborantxan lanean artzekotz.

LOUIS: Ez hadila sobera fite mintza... Barda, sindikateko lagunak solastatu ditiat eta badakik Gainbehereko donado harek nola min hartu zuen traktur ixtripu hartan? Ebe, bertze anaia arrunt lotsatua duk eta, Lurdatik itzuli orduko, esperantxa diat heien etxaldea arrandan hartzea.

TTOTTE: (Harritua) Ba! Egia duk? Hori berri ona!! (Irriz). Halere domaia duk?

LOUIS: Zendako?

TTOTTE: Oh! Heien lauetan hogoi zalditako traktur astapito hura ez baituk baliatzen ahalko?

 

(Eta biak irriz karkailaka partitzen dira lasterka. Argia itzaltzen da eta eskuineko aldean berriz pizten.)

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

Piarres, Maite.

 

(Mendizelaiko sukaldean, Piarres kasetaren irakurtzen ari da eta Maite baxeren egiten.)

 

MAITE: Erraxu, Piarres, noiz joanen gira Iturburuko kusiaren ikusterat? Badixi orai hilabete bat haurra ukana duela eta ez gitxu oraino harat agertu. Heiek hor zitxun ondoko igandean berean gure Gibert sortu zelarik.

PIARRES: Ez dakixut oixu! Bihar goizean hasteko, behar dixit bare pozoina eman berriki erein pentzeari. Harek ere, orai dixi bere tenorea; gero berantegi izanen duxu.

MAITE: Ez bainan, aratsaldeko niduxun mintzo. Heiendako ere, igande aratsaldea duxu gure errezebitzeko hoberena...

PIARRES: Ez dakixia aratxea behar dutala pizatzerat ereman eta eroslearen etxerat segitu? Hori egin orduko, aratsaldea erditan harat joana izanen duxu eta gero, Kabal zoinuen tenorea duxu...

MAITE: Bainan aitak ez dia hori bederen egiten ahalko?

PIARRES: Aah, Xure aitak? Eta nork uste duxu manatua nuela lan horietarat? Xaude gustian, harek badikexi zerbait pentsatua bere egunaren iragaiteko.

MAITE: (Kexu) Beti berdin baita etxe huntan! Hauez bada, hura! Noiz ukaiten ahal ginduzke igande zonbait libro basterretan ibiltzeko, lagunen ikusterat joaiteko? Orroitzen xirea? Ezkondu aintzin, egina gintxin aintzinean bezala joanen gindela lagunetarat, berdin gauaz herri zonbaitetako bestetarat... Hastapenean bai! Gero, emeki, zepoan sartu gitxu etxe huntan preso bagine bezala!

PIARRES: Zer nahi duxu? Gauzak aldatu dituxu guretako: laborantxan plantatzearekin, lehen baino aise engaiamendu gehiago gure bizkar hartu dixiu; eta bestalde zorrak... Heiek ere hor ditutxu eta ez nola nahikoak...

MAITE: Ah, aipazkitxu zorrak! tresna berri baten erosteko delarik, orduan ez duxu ez zorrik! Bainan nik, gertatzen diren eztei bakarrendako, ez dixit pilik ere arropa berri baten erosteko! Gure haurño horrendako zerbait jostagailu nahi balin badut, hura soberakin duxu! Jakin zaxu nik ez dutala ene ama bezala etxalde huntan esklabo bizi nahi!

PIARRES: (Xutitzen da eta Maite-ri bixi bixia mintzatzen) So egixu Maite! Nik ez dixit xurekin samurtu nahi! Badixit aski eta aski xure aitarekin. (Eta erne ernea ateratzen da.)

 

(Maite kadera batean jartzen da eta nigarrez hasten. Argia itzaltzen da eta berriz ezkerreko aldean pizten.)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Ttotte, Louis, Katti.

 

(Ttotte ta Louis harri lauza batzuen gainean jarriak dira, beti «Jogging» jauntzietan.)

 

TTOTTE: Emaiten dik denbora hunarat heltzeko.

LOUIS: Zer da? Usaian hobeki jarraikitzen? (biak irriz) Ago gustuan, nahikeria frango ba dik Katti-k eta ez dik patar hunek izituko. Funtsean, hori nik bezain ontsa badakikek... (irrino batekin).

KATTI: (Hats hantua heltzen da taula gainera -«jogging» soinekoetan hura ere- eta Ttotte-ren ondoan jartzen) Ikusi duzue, arribatu naizela! Zuek bezanbat balio diat.

TTOTTE: Eta gehiago ere, irriño batekin etorri baitira...

LOUIS: «Koño», mutikoa! Untsa kasu egiten dukala! Ez nintian ni deuseri ohartua. Ala Kattiri bakarrik duk hola behatzen?

KATTI: Hi, egon ixilik! Bertzela salatuko ditiat Mañaña-k ixkiriatu dauzkikan letra luzeak eta, segurrenik ere, hik egin arrapostu kartsuak...

LOUIS: (Moztuz) Barkatu! hik ez ditun jakinak azken berriak. Oxtian telebixtan erran dine Julufriako Joana ta ni... he he!

TTOTTE: Aah! Mañaña ez duk nexkato gaixtoa bainan segur nuk Julufriako Joanarendako ukanen duela jelosgo bat! (hiruak irriz).

 

 

BOSTGARREN AGERRALDIA

 

Ttotte, Louis, Katti, Ixabel.

 

(Ixabel sartzen da bizikleta bat eskutik; Ttotte ta Katti jeikitzen dira harrapatuak balire bezala... Louis emekiago.)

 

IXABEL: To, hor zindeztena, haur maiteak? ! Hik ere hemengo aldi, Ttotte. Ba dik orai bultta bat ez hautala gure etxeko alde heietan ikusten... Hire berriak jakiten ditiat bai halere beti nunbaitik...

        (Katti-k grimasa bat egiten dio amari) Zer haiz, Louis sasoin egiten zelakotz, ez menturatu?

TTOTTE: Ez, ez, apentziarik ere... (poxi bat jenatua da) abinan «apartamendu» hori hartuz geroz, ez da aise... urrunago bizi naiz... eta badakizu, zuen berriak jakiten ditut... Zu lanetik heldu zira, ez?

IXABEL: Ah? Ene lanttoak dituk aipatzen? Ez duk ez afera haundia, menaia zonbait eskuin ta ezker, bainan bizitzekoa egiten diat bederen eta Katti ere poxi bat laguntzen... Louis-ek haatik beharko dik berez bermatu!...

TTOTTE: Badakit ba neure etxekoen gatik zireztela keinka txar hortan, bainan Louis-ek erran dautan bezala, Gainbeheria arrandan hartzen balin badu, jakin zazu neure indar guziez lagunduko dutala.

IXABEL: Gaizo Ttotte... Badakiat sofritzen dukala hire etxekoen gatik, bainan ez haizela kezka guretako. Denborak min guziak sendatzen ditik. Lehenago ba omen zian gure herrian etxalde famatu bat neure aitatxik daitak hori kondatua, orduan ikusak aspaldikoa denez... Etxalde hortan ba ziztean zortzi ehun ahari - debrien fortuna orduko. Aberatsak zitian eta, bixtan duk, denen ganik errespetatuak. Gero, ez zakiat zer gertatu zen: haur zonbait kanporat ezkondu, bertzeek Ameriketarat lekuak hustu... Geroztik ez duk ageri badenez ere. Ez diat hori desiratzen hire etxekoer, bainan ontasuna ez duk beti aski.

LOUIS: Ah, ez beti aski?!! Baditakexu, bainan nik hasteko gogotik har nezazketxu zortzi ehun ahari heietarik zonbeit. Zer? Beti berak aharidun eta beti gu asto?!!

KATTI: Zer ari gira hemen, bide erdian, ahari solas? ez gindena lasterka abiatuak?

IXABEL: Arrazoin dun, Katti. Banian aintzinean, ez bainaiz zuek bezain zalu. (Eta ateratzen da.)

TTOTTE: Azken patarno hori, batere fida balin baxira Katti?

KATTI: Fida naizenez? Eta nola! (eta brixtez partitzen da.)

LOUIS: Ah, ez diagu hortan utzi behar! Bertzela ez diagu sekulan atxemanen! (Eta Ttotte ta biak irriz ateratzen dira.)

 

OIHALA

 

aurrekoa | hurrengoa