PIARRES LARZABALEKIN Ondorengo hona dakargun elkarrizketa 1982. urtez uztailaren 31an Loiolako Inazio Saindua, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindariaren egunean Rosa Diezek egina duzue. Tamalez eritasunak harturik baitauka, eztugu ahal izan beste berriago bat egiterik. Bego, bada, oraingo hau dagoen bezalaxe bere lekukotasunean. ROSA: Noiz eta non sortua zara, Piarres? PIARRES: Maiatzaren 7an, 1915. urtean, Azkainen. R: Zer giro mota zen Azkainen zure haurtzaroan? P: Nere etxea laborari, nekazari etxe bat zen, eta noski, garai hartako beste edozein herrixkan bezalaxe bizi iginen, Azkaingo baserrietan. R: Zu zeuk antzerkilari gisa zerbait egin al duzu? P: Txikitan. Eskolan. Baina gehiago Parisen, zeren eta Parisen soldaduen antzerkilari taldean nintzen, eta uste dut askok sentitzen zutela banuela farreginarazteko dohai hori. Eta asko lan egin dut teatro jai hoietan frantsesez soldado nintzelarik. Eta hortan ere gustua hartu nuen eta ikusi nuen gauzak nola apailatu behar ziren eta etorri nintzenean Seminariora izendatu ninduten antzerki zuzendari bezala. Seminarioko apezgai guziei ematen zitzaien urtean behin edo bitan komeriaren bat. Soldadutzari esker eta Seminario Handiari esker, sartu nintzen antzerki munduan. R: Zu hasi aurretik zer antzerki mota egiten zen Ifarraldean? P: Garai hartan ez zen antzerki izena ezagutzen ere gure eskualdean. Antzerkia izenez antzarakia ulertzen zuten, pixkat orlo gizen bat bezala izango zela. Hemen, beti esaten zen komeria. Ez zen bertzerik ezagutzen gure tartean. Antzerkia ikustera joaten zen komeriak ikustera joatea, eta hortako bazekien orok irri egiteko gauza bat izango zela, eta denak ziren irri egiteko antzerkiak. Frantsesetik euskararat ematen hasi zen Hazparneko Mirande izena zuen apaiz zaharra, baina nola gutti zekien euskaraz ematen zizkion euskaratzeko hango idazlari Digort bati. Orduan ez zitekeen eman oraingo moduan, ezpaitzen elektrikarik. Egun argiz soilik, nahi ta nahiez arratsaldetan eta hola, elektrika, telefona etabar gure eskualdean zuenean baino beranduago etorri baita. Lehen antzerkia emana izan da 1921.ean Senperen. Hango apaiz Barbierrek eginikoa, eta bertako neskatxek emana. Ez arras gazteek, pixkat adinduak ere bai. Ni antzerkiak egiten hasi artio ez zen aizu nahastia harrak eta emeak. Edo harrak bakarrik edo emeak bakarrik. Gero nola mutilek atzetik joaten zitzaien gertatu behar ez zutenak gertatzen ziren, eta esaten zen atea zerratzen zitzaieia batera oiloei, zakurrei eta neskatxei, hauei ezpaitzitzaien aizu gauez ateratzea. 36.go gerla aurrean zuen eskualdean asko eta asko hedatua zen antzerkia, eta hemen, beraz, berant hasi zen. Etzen antzokirik ia inon, salbu toki handitan. Baionan lehena, gero Hazparnen, eta gero herri txikitan hasi ziren zinemak montatzen eta hauek egiten zituzten teatro toki. Ni hasi nintzen egiten antzerkiak nahastekotz harrak eta emeak. Lehena eskandala izugarria izan zen eta obispoa abisatu zuten zer egin zen, eta orduan atrebentzia bainuen esan nion nik ez nuela denborarik zozokerietan ibiltzeko eta gauzak ziren bezala eta toki guztietan bezala nahi nituela euskaraz ere egin, eta pakea ukan nuen, baina luzaz apaiz asko kontra izan nituen. R: Nolakoa zen zure lehen antzerkia. P: Lehena ederrenetarikoa izan zen. Azkaingo turuta joegileak zirenak nahi zutela irri egin eta apaizari baimena eskatu zioten. Honek baietz ba, eta hasi aurretik orduko izpiritua baitzen jantsenista hertsia, apaizak zutiturik hasi aurretik erran zuen: Adi ezazue, etortzen baitira ideia eta gogoeta txar, errezatuko diogu Jainkoari gogoeta txarrik zuen baitan antzerkiak sor ez dezan. Aitagurea... Antzoki hartan eskuinetik eman ziren gizonak eta ezkerretik emakumeak. Lehen lehenik ziren bertsolariak. Parre egin genuen, eta gero orai gurea duk, eta egin behar dugu irrieginarazi, eta joan ziren antzerki tablaren gainerat, eta esan zuten emango zutela beren moduko dantza bat eta hasi ziren, baina dantza denboran jendea hasi zen karkaxka, farrez, irriz, denek ze demonio, ze gertatzen da, eta orduan ohartu ginen mutil hoik beren galtza azpitik aterata aurrera erakusten zituztela bakoitzak pipergorri bana. Parra asko egin genuen, baina erotu zen erretor jauna zena eta esan zuen halakorik ezta hemen behar eta oihuka hasi zen... R: Zure antzerkiek jende xehearengan arrakasta handia ukan dute. Zer zioten hortaz agintariek? P: Beti aukeratu dut istorio baten bat, zeren gure Historia guti ezagutua zen euskaldun jendetan. Eskolan ez zuten deusik erakusten, eta jendek guti zekiten, eta hortaz pentsatu nuen antzerkiaren bidez irakaskuntza asko eman nezakela eta hortarako idatzi ditut. Gure historia badela, noiz eta non gertatuak esplikatzeko. Hori batetik. Bestetik Follies Bergeres eta Pariseko Kasinoan ere izana naiz. Beti maite izan baitut irri egitea. Hori da ene ahulezia. Baina gehien irri egin dudana ezta izan Pariseko Teatro Handietan, Euskal Herriko teatro txikietan baizik. Nolanahizka eta hasteko ezberdintasun handia dago nere antzerkietan idazteko modutan ere. R: Pastoralak ere idatzi dituzu, ezta? P: Pastoral zenbait idatzi ditut, eta uste dut denak kasik emanak izan direla. Oiartzungo Eugeniok ematen zituen bertzaldean. Memento hartan debekatua zen nere antzerkia, nere izena eskomikaua baitzen Franco-ren garaian. Ez dira arras-arras pastoralak. Baina oraiko moduaz apailatuz. Pastoralen moduko antzerkiak dira, baina ez pastoralak. Azkainen eman nuen Orreaga. Batailak beste modura, eta zuzendari orduan Rogert Idiart, azkaindar apaiza zen eta orain ere badabil pastoralak zuzentzen eta idazten. R: Zergatik idazten duzu? P: Soldadugoa bi urtez egin nuen Parisen. Han bazen teatrolari talde bat eta frantsesez ematen zuten. Ikasi nuen asko gauza han, eta pentsatu nuen egin zitezkeela euskaraz ere, eta gure izpirituarekin, eta nere lehen antzerkia egin nuen 19 urtekin antzerki labur bat zen. Zeren eta pentsatu nuen zergatik behar zuen euskarak izan hizkuntza pobre eta arlote bat, Detxeparek dioen bezala, euskara jalgi adi kanpora, eta nik pentsatu nuen berdin jalgi behar zuela kanpora euskarak, eta hortako behar zirela egin... eta hola hasi nintzen euskaraz idazten, eta nola ere ez zen zuzendaririk nihaurek ikasi bainuen zerbait ere Parisen zuzendaritzaz egiten nuen Hazparnen luzazeta Urruinen ere eta beste asko lekutan ere izan naiz antzerkiak prestatzen. Ez zen batere erraza lana, antzerkilariek ezpaitzekiten zer zen antzerkia, eta honengatik bat bederazka erakutsi behar nien beren papera, errepikarazten nere boza eta seinaleak... R: Zenbat antzerki idatzi dituzu? P: Uste dut ehun ta hogoi bat obra, handi eta ttiki, luze eta labur idatzi izan ditudala. Obra batzu badira asko laburrak, zeren eta garai batez antzerkiak egiten ziren ez bakarrik antzoki batetan, baizik nonahi, eta horrela anitz antzerki idatzi dut haurrentzat, eta hek dira nahi eta nahi ez laburrak. Askotan egun erdi bat aski nuen antzerki bat idazteko, laburra baldin bazen, eta ez nituen hain ongi behar den bezala egiten antzerkiak. R: Dudarik gabe, Euskadi osoan, antzerki mailan zu izan zara idazle emankorrena. Beste idazleekin zer harreman ukan duzu? P: Emankorrena? Sobera ezta? Bertzaldeko antzerkilariak ere ezagutu ditut eta epai mahaiko izan naiz ere. Iñaki Beobiderekin eta... Askotan izan naiz bertzaldean antzerki ikusten. Irri egin dut bereziki Antzoki Zaharrean. Eman zuten behin Etxahun, ene antzerkia, Etxebeste jauna zelarik antzerki zuzendaria. R: Uste dut, antzerki idazle bat besteak baino askoz ere hobeki ezagutu duzula, eta hori hain xuxen, Telesforo Monzon izan da. Nolako gizona zen, nolako idazlea? P: Telesforo bere idatzietan kontuegia zen. Nahi zituen gauzak xuxen idatzi. Askotan etortzen zen neregana esanez, zuk hori nola errango zenuke? Nik esaten nion nere gisan nola errango nuen, eta gero askotan bere idatzietan kontu edukitzen zuen nik esanaz. Harrigarri bada euskara berant ikasia zuen, zeren eta euskara ikasi zuen hogei ta zenbait urtetan baserritara joanez, han euskara mintzatuz eta horrela, eta euskara ez zuen nik bezala etxean txikitan mintzatuz ikasia, eta hortako nekezi pixkat bazuen euskara garbi garbian egiteko, baina eginahalak egiten zituen gauzak garbiki esateko. Horra nola ikusten dudan Monzonen gorabehera idazteko gauzetan. R: Aspaldi honetan eztuzu idatzi zoritxarrez... P: Lehenik isildu naiz gaisoturik, operazioneak izan ditudalako, baina azken urte honetan bizitz berri batek bezala hartu nau eta hiru antzerki idatzi ditut, eta egun batez behar bada antzerki horiek ere azalduko dira. Ni hil eta asko liburu agertuko direnak ari naiz preparatzen. Bederen lau-bortz liburu azalduko dira agian ni hiltzean. R: Nola ikusten duzu geroa? P: Oiloak arraultza erruten duen bezala erran dezakedana konfiantza osoa daukadala Euskal Herrian, eta gaur egungo gazteetan eta horiek egingo duten lanetan, eta gogotik, pozez agian gero eder bat egingo duzuela, ikusiz interesatzen zaretela ni bezalako aiton zahar baten gertakariez eta hori baino seinale hoberik ezta. Rosa Diez |