HIRUGARREN EKITALDIA Joka-lekua: Aintzineko oihal bera. Presondegiko mintza leku bat. Presonera, burdin ziriz inguratu etxola batetarat ekartzen dute, mintzatu behar delarik. (Oihala idekitzean, presondegiko zaindaria harat hunat-ka badabila, etxola kanpotik zaintzen duelarik) HEGOBÜRÜ: (Agertzen maltzur) Zaindari! Mintza leku hontarat ekar-azu presonera. (Zaindari badoa, eta apur baten buruan, Matalas ekartzen du, bi eskuak estekan, eta lotzen etxolako burdin ziri bati. Gero jalitzen da... Hegobürü herratsu) Hor zirea, jauntto? Ez dautzut erraiten «Jaun apeza», ez «Jaun erretora». Egin duzunaren ondotik, ez baituzu holakorik merezi. MATALAS: Ez naiz titre gose. Kargua hor dut. Hura aski zait. HEGOBÜRÜ: Zer uste zinuten, gu garaitzea? Arkaitza lorios horrek denak preso hartu gintuen Nabarrenkosen eta handik Maulerat preso ekarri. Orduan burua harrorik zagon. Geroztik apaldu baitzaio, bera preso sartzearekin. Bai eta apalduko ere gehiago, sarri, urka soka lepotik ezarriko diotelarik. MATALAS: Pentsu dut kalbario horren lekuko izan nahiko duzula, zu ziren Pilatusen soldadoak! HEGOBÜRÜ: Preseski! Eta, damurik ez baitiote beste hoinbeste eginen zure ilobari eta Olhaibiri, beste bi kontseilari usteleri! Beso gaitzak baitituzte eta galeretan laguntza eskasa baitute, horrek diote burua salbatu. Bainan leku segurean izanen dira, sekulako galeretan: Erakutsiko diote zer den erregeren leialki zerbitzatzea. MATALAS: Eta eni sarri burua aizkoraz moztuko dautatelarik, hor izanen ahal zira ere, aizkolariari esku kolpe baten emaiteko? HEGOBÜRÜ: Bai zuk ere buru hori harro zinuen, Mauleko jauregian sartu zinelarik jazarle guzien buruzagi! Han preso zirenak libratu zinituzten eta gu haien lekuan ezarri. Mintzatu zinen orduan populuari, erranez: «Beren burua goratuko dutenak izanen dira apalduak!». Egia zinuen. (Irri gaizto batekin) Bakarrik buruz zira tronpatu! Orduan esku zartak jo zituen populuak zure erraneri. Berdin berdina joko ditu laster zure hil zeinuari. MATALAS: Zenbat ehun xuberotarrek, zorigaitzez ez dute egiten ahalko? Geroztik hil baitira. HEGOBÜRÜ: Ta noren faltaz hil dira? MATALAS: Galda hori zure nagusi, Frantziako errege xarmantari. Hark baitu igorri bere armada xuberotarren zafratzerat eta Xuberoko ontasunen suntsitzerat. HEGOBÜRÜ: Bai eta ere gure libratzerat. Parise urrun dela-ta, uste zinuten, hango gure adiskidek laguntzarik gabe utziko gintuztela? MATALAS: Ai, segur, kargutan zirezten multzo tipi horrek, ondorio onik ekarri diozue gaixo gure herri honi, Parisek eman indarraz baliatuz! Xuberoa duzue desjabetu bizipidea errekaratu eta azkenik xuberotarren odola ixurtzerat arrotzak hona deitu. HEGOBÜRÜ: Horiek oro ez ziren gertatuko, egon bazinete geldirik. MATALAS: Ohoinak etxean sartu-eta, zer ginuen, besoak kurutze egon behar, haieri so? Ala, zuek bezala, ohoineri erran, nahi zutena eraman zezaten? (Haserre) Hola mintzo den gizonak, gizon izena merezi ote du? Hola jokatzen den xuberotarrak bere herria maite ote du? HEGOBÜRÜ: Zu bezain xuberotarra naiz ni. MATALAS: Bai Judas ere Jondoni Petri bezain judua zen bezala. Dirutan truk herriaren saltzale batzu; aintzinetik musu, gibeletik ostiko, horra zer zirezten, zu eta zure lagunak! HEGOBÜRÜ: Ez gira zure baimen eta erakaspenen beharretan gure herriaren maitatzeko. MATALAS: Maitasunik ez da sakrifiziorik gabe. Zein dira zure sakrifizioak Xuberoaren alde? Zer kargu duzu sakrifikatu? Zer diru galdu? Zer pairamen jasan? Xuberoko jendearen larrutzaleri diozute esku eman eta Xuberoaren larrutzetik zirezte aberastu, diruzale maltzur ustelak, zuek! HEGOBÜRÜ: Ez du balio hola jar zaitezen oihuka! Ez zira prediku alkian. Ez naiz zure predikuaren entzuterat etorria. MATALAS: Zertarat jina zira bada hona? HEGOBÜRÜ: Bestek manaturik naiz jina, ez ene baitarik: Ea piska bat eztitu zinen, mantsotu, zentzatu, jakiteko. MATALAS: Zer duzue ahulezia bat niganik igurikatzen? HEGOBÜRÜ: Ahulezia aberatsa menturaz zuretzat, zure burua salba baitiezazuke. MATALAS: Ez gira jauna, birika beraren jabe, gu biak: Neretzat, biziak ez du estimurik, bizitzeko arrazoinek emaiten diotena baizik. Nahiago dut miletan hil nere sailetik baztertu edo nere saila ukatu baino! HEGOBÜRÜ: Hilen zaitugu beraz, hola nahi duzunaz geroz. Nardatzale bat gutiago, bizirik gelditzen girenentzat! MATALAS: Ni hil-eta gero, ene itzala biziko da Xuberoan. Zu biziko zira, bainan bizirik hila izanen zira. Herioa jinen zure bila, zikinketariak zikinketa bezala. Euskaldun ume garbiek tu eginen diote zure itxurari. On dagizula holako geroa! HEGOBÜRÜ: Profeta bezala mintzo zira geroaz, bainan zure erranak ez dituzu zeruak salatuak, zure sukar gaiztoak baizik. Biziak badu zerbaiten mentura, bizigabeak aldiz ezdeusa segura. Lepoak traba egiten badautzu, lepoa kenduko dautzugu. Zure xede horren betetzen laguntzea atsegin eta ohore daiteke neretzat. (Irri gaizto batekin jalitzen da. Zaindaria sartzen da, ahamen bat jaten ari dela) MATALAS: (Zaindariari mintzo) Eta zuk, Zaindari, zer diozu gure auziaz? ZAINDARI: Ni, jauna, ez naiz politikan sartzen. Jenden arteko ordena zaintzea da nere ofizioa. MATALAS: Noren ordena? ZAINDARI: Manatzaleri dut obeditzen. Ez naiz manatzalen arteko guduketan sartzen. Nagusi denari naiz jarraikitzen. MATALAS: Duela zenbait egun, zuhaur zinen, guk hemen preso sartu erregetiarren zaintzale. Orduan gure ordena zinuen zaintzen. Zein da egiazko ordena? Haiena ala gurea? ZAINDARI: Nik ez dakit. Zuen aldekoak zaindu ditut, zuek haien libratzerat jin artino. Gero zaindu ditut zuen presonerak. Orai berriz zuek zaintzen zaituztet. MATALAS: Beraz, presondegi hontako burdin ziri hauek bezala zira. Edozeinen zaindari; ororentzat berdin hotz eta ezazol, izan diten hobendun ala hobengabe. Uste duzu zure jokabidea gizon denari doakona dela? ZAINDARI: Gu bezalakoak tipiegi gira, gure baitakoari jarraikitzeko: Handienganik dugu gure eguneko ogia eta horien erranari behar dugu, nahitez plegatu. MATALAS: Ta orai neri lepoa moztuko baitautet aizkoraz, lan hori manatzen badautzute, berdin eginen duzu? ZAINDARI: Nik, nagusia behar dut obeditu. MATALAS: Orai arte, hil duzu gizon kondenaturik? ZAINDARI: Nik... manatua beti egin dut. MATALAS: Eta etxerat itzultzen zirelarik, hemengo lan lazgarria eginik, barneak ez dautzu mintzen familiari zor diozun goxotasuna? ZAINDARI: Hemengo lana bat da eta familiako bizia beste bat: Hemengo gorabeherak hemen uzten ditut, kanporat jalitzean. MATALAS: Haurrek, burasoenganik ikasten baitute nola bizi, zer erakaspen emaiten diozute zure haurreri? ZAINDARI: Nik beti erraiten diotedana da: Ez diten handien arteko saltsetan sar, nahi badute bakean bizi. Egon diten ere beren mihiaren jabe, eta zangoa nun ezartzen duten, kasu eman dezaten. Funtsean oneski bizi daitezen. Oneski bizitzea, hori izan da beti gure etxeko legea: Beti elizako urratseri jarraikiak izan gira. Gure aitamak hala ziren, eta etsenplu bera eman diotet ene haurreri. MATALAS: Ez duzu uste gure biziak izan dezakela zimendu finkoagorik: Besten erranetik ari zira eta ez fedeak eskatzen daukun gure baitakotik. Politikaren aro aldakorra duzu izar gidari eta ez zure sinesteak eman argia. ZAINDARI: Nik deus ez dakit... «Euskaldun fededun» izan behar dugula, ikasi dut betidanik... (Aterat buruz) A! Norbait bada atean! Nor da hor?... Aintzina! GOBERNADORE: (Pergamino bat eskuan agertzen da) Zaindari, eremazu Matalas bere preso gelarat eta ez hona ager nik deitu arte! (Biak badoaz eta berriz ateari buruz itzultzen da gobernadorea) Sar zaite, sar, Calvo jauna! Bakarrik gira hemen. CALVO: Hegobürü kontseilariarekin mintzatu naiz: Hona igorria nuen ikus zezan zertan den Matalasen gogoa. Uste dut eta jaun apezpikuari ere hala iduritzen zaio hobe ginukela Matalas ez hiltzea. Behar ginuke polliki bildu urrikitan sartzerat eta barkamendu galdatzerat. Jazarleek entzun lezakete beren buruzagiaren ahotik, enganatuak izan direla. GOBERNADORE: Matalasek barkamendu eskatu? Ongi ezagutzen dut gizona: Aintzinetik erraiten dautzut ez dugula hori ardietsiko. CALVO: Bainan badakizu, jaun gobernadorea, nola kexu den jendea, azken gertakarien ondotik. Behar ginuke nolazpait populua jabaldu. GOBERNADORE: Adimen zorrotzegia du Matalasek, gure saretarat erortzeko. Beste jokabiderik behar dugu hartu. Xuberoko buruzagiak munta ditzagun batzu besten kontra, xahu baigintezke, guziek bat egin balezate. Ez dezagun guk hil Matalas, bainan hemengo herri gizoneri galda diezotegun, hil behar den ala ez. Hegobürü heriotzearen alde mintzatuko da segur. Bainan izanen dira ere kontrakoak. Guk askiko dugu bazterretik egoitea, gurea gogoan eta barnetik irriz, xoro horiek nola nahasten ditugun. CALVO: Ez da gaizki asmatua. Berehala eginen dut jaun horien biltzarra, berek delibera dezaten, Matalas hil behar dugun ala ez. GOBERNADORE: Gero, Matalastiarrek baitiote euskaldungoaren etsaiak girela, jendeari erakusteko ezetz, ez girela hortarik ari, fagora ditzagun pilota, dantza eta josteta. Zer zauku guri jendea abusa dadin bere gisara, moltsa eta bizipidea eskutan ditugunaz geroz? Ezin bentzutu baditugu oraino, askiko dugu bizipidea xuhurtzea. Bizitzekorik ez badu aurkitzen hemen, gazteak lekuak hustu beharko ditu. Ta gazteak urrunduz geroz, nahitez ahulduko da herria. CALVO: Bai eta nik uste, ahulduko dugu ere eskolaren bidez: Emeki emeki Xuberoari kenduko baitiogu bere mintzaira berezia, euskara ordainduz, frantsesaren bidez. GOBERNADORE: Ez daiteke egun baten lana izan hola gauzen aldatzea, bainan polliki polliki Pariseko erregeren gizonak nagusitzearekin, ez ditugu ikusiko hona heldu zerga eske, bainan hemengo gizonek dute joan beharko Pariserat diru eske. CALVO: Ikusten dut errotik ikasia duzula eraman behar dugun bidea. Jakin araziko diot hori gure errege jaunari, eta ondoko egunetan, Bretainia alde hortan edo... gobernadore kargu zerbait... Bainan oraingoz gure herri gizonen biltzarra egiterat noa. Anartean atsegin nuke, zuk zure aldetik, azken aldikotz, Matalas mintza bazineza! GOBERNADORE: Entseiatuko naiz, jauna! CALVO: Laster arte, beraz! (Jalitzen da) GOBERNADORE: Bai, laster arte!... (Zaindariari oihuka) Zaindari! ZAINDARI: (Agertuz) Zerbitzari, jaun gobernadorea! GOBERNADORE: Ekar-azu otoi, hona, Matalas! ZAINDARI: Ontsa da, jauna! (Ekartzen du Matalas, estekatzen eta badoa) GOBERNADORE: Matalas jauna, berri on batekin heldu naiz. MATALAS: (Bere buruari) Beraz neretzat berri txarra. GOBERNADORE: Egiak bere aitorra behar du: Norbait zira eta baduzu hainitz adiskide Xuberoan. MATALAS: (Bere buruari) Gatu horrek badik beste buztanik! GOBERNADORE: Ikusiz zure ahal handiak eta Xuberoari ahal horiek oraino ere ekar diezoketen laguntza, Calvo jaunak eskaturik, heldu nitzaizu antolamendu baten eskaintzerat. MATALAS: (Hortzen artetik) Antolamendu! Ikusten haut heldu! GOBERNADORE: Ikusiz bestalde zure baitan daukazun kargu sakratua: Apeztasuna eta errege jaunak Elizari dion atxikimendua... MATALAS: (Solasa moztuz eta goratik) Bakea, jaun gobernadorea, bakea! Otoi! Zure tetelekeriekin. Errazu bi hitzez, erran gogo duzuna eta bakea niri! GOBERNADORE: (Idorki) Horra beraz; hauxe duzu hautua: Edo aizkoraz sarri hil, edo barkamendua galdatuz zure burua salbatu. MATALAS: Zure nagusi handiari ihardetsiko diozu ene partez: Matalasekin nahi balin badu antolamendu bat egin, itzul ditzala lehenik beren jaberi, ebatsi diozkaten lurrak. Bigarrenekorik, bere basakeriez barkamendu eska diezotela xuberotarreri eta hitzeman ordainduko dituela, ahalaz, egin diozkaten kalte ikaragarriak. Hirugarrenekorik, zu, Calvo eta beste Paristar manatariak joan zaiteztela manatzerat zuen lekuetarat, xuberotarrak utziz beren buruen jaun eta jabe... Horiek onart ditzala zure Calvok, bere gizon eginbidea beteko du; Matalasek barkatuko dio eta bakea emanen. GOBERNADORE: Aski argitua naiz engoitik zure barneko berriez: Zure amets ederrekin uzten zaitut. Banoa Calvori... ZAINDARI: (Asaldaturik) Jaun gobernadorea, apezpiku jauna hemen da; Matalasekin nahi luke solas egin! GOBERNADORE: Ontsa da... Nihaurek sar araziko dut. (Maltzurki) Pentsu dut ongi etorri hobea eginen diola apezak Jainkoaren gizonari, ezenez-eta erregeren ordainari. MATALAS: Egiaren atea zabalik dago hemen deneri. (Jalitzen dira herabe, gobernadorea eta zaindaria, Matalas bakarrik utziz) Judas, Burregoa, Pilatus eta orai, nor ote? Kaifas ote? Ez agian! ZAINDARI: Aintzina, jaun apezpikua! APEZPIKU: Agur, jaun erretora! MATALAS: Nere errespetuak, jaun apezpikua! APEZPIKU: Eginahalak egiten ari naiz zure bizia salbatzeko, bainan deus ez dezaket zure laguntza gabe. MATALAS: Ta zer laguntza igurikatzen duzu niganik? APEZPIKU: Frantziako erregeari behar zinuke amor eman. MATALAS: Badakizu nik bezain ontsa Xuberoa josia izan dela Frantziari duela berrogoita hamar bat urte, ezkontza bidez. Orduan Frantziako erregeak zin egin zuen Xuberoa utziko zuela, aintzinean bezala, bere gain gobernatzerat. Geroztik hainitz aldiz bere hitza jan du Frantziako erregeak. Azkenik oraino, bere zorren tapatzeko, Xuberoko herri lurren saltzen hasi da, bereak balitu bezala. Galdatzen dautzut, jaun apezpikua, nork du behar amor eman? Nork hutsak ordaindu? Ohointza jasan duenak, ala ohointza egin duenak? APEZPIKU: Elizako gorabeheretan, apezpikua da bere eskualdean manatzale eta gaurko egunean hemengo apezpikua ni bainaiz, neri dagokit fededunen gidatzea. Ez edozein apezi. MATALAS: Duela ehun urte, jauna, hemengo apezpikuak izena zuen Gérard Roussel. Nafarroako bere erreginari kausitzeko, protestant bilakatu zen eta Xubero guzia protestant egin nahi izan zuen. Apezpiku horri oldartu ziren apezek gaizki egin ote zuten? Horietarik zenbaitek bizia galdu zuten, bainan sakrifizio horri esker zuen menturaz Xuberoak katoliko fedea begiratu. APEZPIKU: Badira Xuberoan ideia guzietako fededunak. Elizak behar du ororen libertatea errespetatu; ez du eskualde baten alderdia hartu behar. MATALAS: Libertatea zor zaigunaz orori, zergatik ez diote xuberotarreri libertate horren hautua emaiten? Ni bai libertate horren alde altxatu naiz. Eta zu? APEZPIKU: Apezpiku batek behar du artaldea zuhurki gidatu eta batzutan landako bihi onarengatik iraka gaiztoa jasan. Xuberoaren makurbidean ixilik egon naiz ez alderdikeriaz, bainan kalte handiagoen beldurrez. Ez ote duzu uste gaurko egunean hobeki izanen zela herri hau, erregeren salmentak onartu balitu? MATALAS: Ez dakit, jauna, zenbat eztabaidatu duzun zure baitan egina duzun hautua. Ikusten dudana da errege bidea duzula hartu, ez kurutze bide nekea; ez jende xeheari laguntzen diona, bainan bai jende handieri jende xeheak sakrifikatzen dizkiona. Besterik ziren naski, Jesusen solasak eta urratsak. APEZPIKU: Denen aita den Jainkoak, denak jujatuko gaitu. Zuretzat otoitz eginen dut, jaun erretora! MATALAS: Nere odolaz azkar bedi eta garbi Xuberoan, zeruko erresuma! APEZPIKU: (Jalitzen da ilun) Herrarik gabe, jaun erretora! MATALAS: Zeruan bezala lurrean ere, jaun apezpikua! (Zaindari agertzen da eta ixilik eramaiten du Matalas) HEGOBÜRÜ: (Zaintsu) Eup! Non zira, Zaindari? ZAINDARI: (Agertzen) Heldu, jauna, heldu! HEGOBÜRÜ: Zure beharretan gira: Calvo jaunak eman daut Matalas hiltzeko kargua. ZAINDARI: (Beldurti) Eta noiz eginen duzu hori? HEGOBÜRÜ: O! Lehenbailehen... Pentsatzen dut onartuko duzula mandil horri lepoa mozteko kargua. ZAINDARI: (Buruari hazka) Badakizu, jauna, adina hor da... ta... ez dut besoa lehen bezain fermu... ta... HEGOBÜRÜ: Errege jaunaren nahia da, zu bezalako euskaldun egiazko batek, lepoa motz diezon euskaldun izaitea zer den erakutsi behar omen zaukun apostolu horri. Ukanen duzu nahi duzuna edaterat eta behar dena pagatuko zaitut. ZAINDARI: Ez da hortan, jauna, bainan nik ez dut ene burua lan horri lotzeko on kausitzen... Hor dituzu erregeren soldadoak. Hor aurkituko duzu behar duzun gizona. HEGOBÜRÜ: (Umore txarrean) Ontsa da! Joanen naiz horietarat. (Jalitzen da) ZAINDARI: (Apur bat bakarrik, gogoetatua) Norbait bada?... Aintzina! PONPIDA: (Agertzean) Agur, Zaindari! ZAINDARI: (Kexu) Emazteak hemen? Tenore hontan? Zer da holakorik? PONPIDA: Andere Ponpida naiz: Hona Calvo ministroaren baimena hemen sartzeko eta Matalasekin mintzatzeko. ZAINDARI: (Papera ikertuz) A! Hola! Zu zira beraz andere hura! Barka! Barka! Matalas ekartzen dautzut berehala. (Jalitzen da eta Matalas ekartzen) PONPIDA: Agur, jaun erretora! Ez nauzu beharbada ezagutzen: Andere Ponpida naiz. MATALAS: Zerk ekartzen zaitu hona, anderea? PONPIDA: Betidanik, halako latz bat eman daut heriotzeari pentsatzeak, deneri bezala, nik uste. Jakin nahi nuen zertan zen zure gogoa, oren ilun hontan. MATALAS: Zer naiz ni zuretzat, Anderea? Zirketako kabala ikusgarri bat? PONPIDA: Barka, otoi, jaun apeza! Ez naiz jakin gose ergelez etorria, bainan bihotza urrikalmenduz beterik. MATALAS: Urrikalmenduaren harria orok botatzen diotela, guduka galdu duenari bai badakit. Bainan zuri ere, anderea, larru eder hori zimurtuko zaizu noizbait. Orduan bazterrerat aurtikia izanen zira haur jostagailu hautsi bat bezala. Zure guduka galdurik geldituko zira, ni orai bezala, bakarrik, ororen urrikalgarri. PONPIDA: Jauna, ez naiz zuk uste duzuna. Eskualde hontara etorria nintzen zenbait egun goxo iragaiteko xedearekin. Ez dut hemen aurkitu gerla eta odol ixurtze baizik. Eginahalak egin ditut joak diren guzien laguntzeko. Zu ere nahi zintuzket lagundu. Calvo jaunari galdatu diot zure biziaren grazia. Barkatuko dautzula hitzeman daut, zuk barkamendu eskatzekotan. Horra, jauna... Hitz bat aski dut zureganik... Calvo gizon ona da. MATALAS: Calvo gizon ona!... Bai gizon ona, deitzen duzu, bere emaztea Parisen, nigarrez urtua utzi duen gizona! PONPIDA: Gure ahuleziak baditugu orok, jauna! Aldaxka zenbait eihartuak dituen arbolak oso-osoa surat botatzea merezi ote du? MATALAS: Egia duzu, anderea, Calvoren zuzenkontrako amodio hori ez da bekatuxka bat baizik, bizpahiru presunentzat bakarrik baita kaltekor. Bainan miletan hobendunago da Calvo, kargudun bezala hemen egin dituen abrekeriez: Ehunka dira gaur, Xuberoan, haren faltaz, alargunts eta umezurtzak, ehunka etxalde erre eta hondatuak. PONPIDA: Otoi, ixil zaite! Oro begietan ditut: Horien aipatzeak berak bihotza lazten daut. Nahi nuke sarraski hau burura dadin behin betikotz! HEGOBÜRÜ: (Bapatean sartuz) Non zira, Zaindari? (Ponpidari ohartzearekin) A! Barkatu, anderea! Solasean zinauden! MATALAS: Erraitekoak errantxe ditugu. HEGOBÜRÜ: (Moztuz) Ez dautzut zuri deus galdatzen. ZAINDARI: (Hegobürüri buruz) Jauna, badira atean bi emazte eta haur bat, Matalasekin mintzatu nahiz. HEGOBÜRÜ: Errozuete ezetz. Badugula beste egitekorik. Sar-azu Matalas bere presogelan. MATALAS: (Ponpidari) Galdatzen ahal dautzut fagore bat? PONPIDA: (Hunkitua) Zer, jauna? MATALAS: Ate hortan den mutikoa nere iloba da, segur naiz. Hor diren bi emaztekiak hobe ditut ez ikusi, bainan mutiko horri nahi nioke egin azken agur bat. (Ponpida jalitzen da. Zaindari kezkatua. Ponpida agertzen da, Benat eskutik eta baztertzen ixilik) Milesker, anderea! Bihotz ona izan baituzu, Jainkoak hainitz barkatuko dautzu. Azken aldikotz, Benat, diagu lur hontan elgar ikusten. Badakik nola den gure etxe gibelean gaztain ondo zahar bat eroria. Haren inguruan landare berri andana bat ari duk muskiltzen. Ni nauk gaztain ondo zaharra. Hi eta hire heinekoak zirezte muskil gazteak. Har-azue nere lekua. Baten orde, hamar altxa zaitezte!... Zuek, gazteak, ez egin so gaurko lanoari, bainan bai biharko izarrari! HEGOBÜRÜ: (Sartzen da herratsu) Zer duzue hola egoiteko? Ala Matalasen itzala hemen geldituko dela uste duzue? (Orroaz) Zaindari, eraman-azu gizon hori!... MATALAS: (Jalitzen, emeki mintzatuz) Bai Hegobürü, Matalasen itzala hemen geldituko da... betikotz. (Jalitzen dira, Zaindari, Matalas eta Hegobürü. Ponpida bere xokoan dago. Benatek so egiten dio preso etxolaren burdin ziriari loturik gelditu den katenari. Berak eskutan hartzen du eta taulagain aintzinerat jinik, lurrerat aurtikitzen, hitzik erran gabe) OIHALA |