SARRERA Bi antzerki lantxo xume baina guztiz adierazkor non egileak, Manuel Maria Fernández Teijeirok, poema honetan gauzatzen du bere nortasuna: Ni Manuel Maria naiz 30garren urtean jaioa, Urriak 6, Terra Cha-ko Outeiro de Rei-n. Laborari askazi gotor batekoa naiz, bere lurrari eta bere Jainkoari leiala. Orain amoratu bat naiz. Ni Manuel Maria naiz, Terra Cha-ren kantaria, zenbaitek dionez. Erraietan iltzatua daramadan lurraren kantaria, nik uste. Ni Manuel Maria naiz, poetatik zer edo zer duen laboraria. Horregatik gordetzen ditut begietan egunsentiak eta neure bidea urratzen nabil eta diet eskatzen gauzei beren eztitasuna eta gizonei eskatzen egia. Ez dut beste lanik: hasperen dagien hosto humil bat naiz haizeak astindua gau ilunean. Ni Manuel Maria naiz, hots bat besterik ez, urruna eta ahula. Frankismoaren lehen urteetan, Manuel Mariak gertakari harrigarri bat bizi du eskolan, galegoz mintzatzea arriskutsua zenean. Maisu batek, aldizka, testu gailegoak eta galegoz gomentatzen zituen. Gertakari honek bide luze eta frutukor bat erakutsiko dio: osoan ematea, gogo-soinez, bere nazioari, Galizia, bere hizkuntzaren hizketaz eta idazketaz. Batxilerra ikasten du Lugon eta Filosofia eta Letratako karrera hasiko du Santiagon, burutzeke, literatur lanak erakartzen bere izate osoa. 1950an argitaratutako «Muñeiro de brétemas» poema liburuarekin, «izkribatzailearen» epe zaila du urratzen, izendatzea atsegin duen bezala, hizkuntza zapaldu batean, marinel eta laborarirena, bizitzan zeharreko peregrinazioan sekulan utziko ez duen hizkuntza. Partaidea da mahai-inguruetan, hitzaldiak ematen ditu, irratian mintzo da eta bere chairego abots zakarrak zarta egiten du Pais Galegoko eta atzerriko emanalditan. 1958an Monforte de Lemosen hartzen du egoitza iraunkorra prokuradore lanbidea eramateko eta hurrengo urtean Saleta Goirekin ezkontzen da, euskaldun jatorrikoa aitaren aldetik, lagun bazterezina kezkatan, pozetan, proiektotan eta atsekabetan. Literatur irakaslea izango da Monforten inprimategietatik liburu berriak sor erazten dituen artean, 1960an A Cruñako Lore Jokoetako lehen saria jasotzen du, antzerki lanak argitaratzen ditu eta bere bizitza kultura galegaren aldeko ahalegin bat da bihurtzen. Adiskide minak egiten ditu beste nazio historikoetako idazleak: Espriu, Raimon, Aresti, Artze, Paisos Catalansetara eta Euzkadira etorririk nazio galegaren asmoak barreiatzeko. 1973ko Eguberritan hitzaldi eta poesialdi bat ematen du Barakaldoko Centro Galegon. Euskadirekiko harremanok berritu egingo dira 1974an, 1978an bere poemen emanaldi bat eskaintzen du EUTGko Paraninfoan, eta 1982an lhauteriari buruzko hitzaldi eder bat emanik eta Euskal Herriarenganako lilura poema honetan lekukotuz: Irundik Somorrostroraino ibili nintzen eta Uztarrozetik Bergendaraino. Gasteiztik eta Donostiatik barrena pasa nintzen. Bilbo edo Babel Handia iragan nuen Gabriel Aresti Segurolaren hitz hilezkor majikoaren ilintia bezain biziko oroimenaz, gizonezko abots, argia eta lanbrotsua, euskal aberri zail, sendo, borrokaria. Itsasoaren murmurioak bazuen musika zakar bat, boteretsua nola antzinako Jainko baten mandatua. Ibarretako argi leunak zeru gris-tristura bat pairatuz Ikurrinaren koloreen garra zuen irazkitzen, inoiz apurtu ezin izango duten herriaren irudia. Ugariak dira bere lanari buruzko ikerketak eta aldizkarietako gomentarioak, itzuliak dituelarik gaztelaniaz, portugesez, frantsesez, ingelesez, flamenkoz, hungaroz, katalanez, bretoinez eta orain, baita euskaraz ere. Manuel Mariaren luma emankorrak, gaur egungo literatura nazional galegoaren poetarik erakusgarriena dudarik gabe, poema liburu maria hau digu eskaini: «Muiñeiro de Brétemas» (1950), «Morrendo a cada intre» (1952), «Advento» (1954), «Terra Cha» (1954), «Documentos Personaes» (1958), «Libro de Pregos» (1962), «Mar Maior »(1963), «Os soños na gaiola» (1968), «Proba documental» (1968), «Versos pra cantar en feiras i romaxes» (1969), «Versos pra un pais de minifundios» (1969), «Remol» (1970), «Canciós do lusco ó fusco» (1970), «Odas nun tempo de paz e ledicia» (1972), «Informe pra axudar a alcender unha cerilla» (1973), «Aldraxe contra a xistra» (1973), «Laio e cramor pola Bretaña» (1973), «Cantos rodados pra alleados e colonizados» (1976), «Poemas ó Outono» (1977), «Poemas pra construir unha patria» (1977), «O libro das Baladas» (1978), «Catavento de negtrós domesticados» (1979), «As ruas do vento ceibe» (1979), «Poemas de laberada estremecida» (1981), «Escolma de poetas de Outeiro de Rei» (1982), «Versos do lume e vagalume» (1982), «Cantigueiro de Orcellón» (1984). Narragintza gutxien landu duen arloa duelarik ere, ez da uzkur egon baratza horretan ereiteko, ikus daitekeenez: «Contos en cuarto crecente e outras prosas» (1962), «As aguas van caudales» (1965), «Os alugados» (1966), «0 xornaleiro e sete testimuñas máis» (1971), «Kricoi, Fanoi e D. Lobonís »(1973). Aipatzekoak ditu honoko saio zoragarriak antzerkigintzan: «Auto do taberneiro» (1957), «Auto do labrego» (1961), «Auto do mariñeiro» (1961), «Barriga verde» (1970), «Auto da costureira» (1974), «Aventuras e desventuras dunha espiña de toxo chamada Berenguela» (1978), «Auto do maio esmaiolado» (1982), eta beste antzerki lan jokatuak, argitaragabeak baina, hala nola: «A farsa de Bolulú» («ou O meu reino non é deste mundo»), «Unha vez foi o trebón, Abril de lume e ferro» («ou Carral 46») eta «Auto trascendental do ensino tradicional.» Ezin ahaztekoak dira bestalde bere kritika lanak literatura galegari buruz, lan galegoen gaztelaniazko itzulpenak, bere poemen grabaketa bere abotsarekin, eta etengabean A NOSA TERRA aldizkari galegoan egiten dituen artikuluak «Andando a terra» sailean, personaia, tipo, nortasun eta ohituren bilduma, zehazki deskribatuak, izpiritu galegoaren aberastasunaren erakusgarri. Manuel Mariaren alor ugarian erraz somatzen ahal da poesiak hartu duela gaina. Terra Cha-ko paisaiagintza neotrovadorista eta neovirgilianistatik, «Advento»-ko poema esistentzialistetara eta Galiziako errealitatearekin bat egindako errealismo borrokariaraino, zeregin larri eta nahitaezko bezala, «Versos pra un pais de minifundios»-en, bere poesia bilaketa neke bat da bizi-oreka aurkitzearren. Azken liburu honekin bide berria hartzen du, hizketa xume batean historia aztertuz, galdutako nortasuna berreskuratzeko, kontzientziak astintzeko, inkontzientziak zirikatzeko, zapalketak salatzeko, grinak eta kezkak harrotzeko nazio galegoaren askatasuna jasotzearren ikuspegi herrikoi batean herri galegoaren zerbitzurako, laborari eta marineletan irudikatua. Manuel Maria da gaur egun Galiziako bertsolari nazionala, Galiziaren egitate epikoak eta maitearen edertasunak kantatzen dituena, eta profeta bezala askatasuna lortu arteko nekeak salatzen dizkiona Aberriari. Kritika lan hau, engaiatua eta jasotzailea, Letra Galegen Egunarekin eta amaginarreba oihartzuarra izaki Gipuzkoari fermuki atxikia egon zen Rosalia de Castroren Ehunurteurrenarekin bat eginik Antzertik argitara dakartzan bi antzerkiotan ere ageri da. «Berengela», atzapar txipi eta zanpatzaileren bidez askatasuna murrizten duen boterearen salira zehatz eta garratza da. «Maiatzaren Pastorala» berriz, dei bat dugu festa herrikoiak jasotzearren, konpromisobide bezala «herriaren odolez». Azkenik nahi nuke, benetan, idazkiaren iraupenez, bi antzerki lanon argitalpen elebidunak lagun diezaiela Euskadi abegi onekoan egoiztutako etorkin galegoei herri-minezko behakoa alaitzen, erakus diezaiela euskaldunei galego nortasuna eta eragin dezala guztion baitan elkarren arteko ezagutza eta atxikimendu galeuzkar handiagoa. Bihoaz Euskaditik Manuel Mariarentzat berak gizonei eskatzen dien esker ona, gorazarrea eta egia, eta noski, geure adiskidego zaharraren sakontze hilezkorra, antzeko grinek egosia. Xosé Estévez Hernani, Maiatza 1985 |