MAIATZA ZORABIATUAREN PASTORALA Egun horretako beste ohitura bat herriko plazan zutitzea da, Laza-n egiten den bezala, luzeena eta tenteena daukan auzoari ebatsitako ebasketa rituala-arbola. Lazakoak, neuk neurtua 1953an, 20 metro zuen luzean. Maiatzaren bian joaten ohi dira bila, gaueko hamabietan. Negar egin dezan, galgak estutzen dizkiote idi gurdiari eta gaita doinuan sartzen dira herrian, zantzo-irrintzika. Lazako Gurutze Santuaren festak... bost osagarri ditu: plazan zutitzen den Maiatza, Adan eta Eba, lsaaken Holokaustoa, Mairua eta Kristauaren arteko dantza eta borroka. Maiatz-arbola deskribatua dago; Adan eta Eba gizonezko adin xamartu bat eta neska eder bat dira, festako maiordomoek hautatuak sekretupean gordetzeko baldintzarekin. Hirugarren egunean musika eta dantzariak Adan, Eba, Isaak, Abraham, eta Aingeruaren bila doaz, prozesioan datozelarik. Eba-k, kapa zuri lorez edertuarekin, gorua darama liho matazarekin eta saski bat laranja; Adan-ek zaku bat bizkarrean. Honek, prozesioan, farre era gin nahiko dio Eba-ri; dantzariak jauzika doaz Kristoren aitzinean. Plazan Isaaken Holokaustoa ospatzen da, eta elizaurrean, mairuaren eta kristauaren gatazka. ...Maiatza eta Adan eta Eba kristau zeremonialari erantsitako osagarriak dira, nekazari ritoren hondakin garbiak. Adan eta Eba, Maiatzeko erregeerreginak, loratzera datorren naturaren izpirituaren irudiak dira... lsaaken Holokaustoa erdiaroko jatorria duen irudikatze bat dugu... Xesús Taboada Chivite Etnografía Galega. Vigo, 1972 Páxs. 67-68-69. (Jokalekuak gaur egungo Ourenseko auzo baten kaleak irudikatzen ditu. Etxe-irudizkoen aurrean aulki edo eserleku txipi batzuk izango dira, zuzendariak irizten dionean erabili ahal izango dituenak. Dekoratzailea ahaleginak saiatuko da irudikatze zehatz edo «realista» bat ez egiten. Aski da dekoratua auzo bat izatea. Ikusleagandik eskuin oholtza txipi bat egongo da, behar denean, esango den PANTOMIMA jokatzeko. Jokaldia hastean jokalekuak hainbestean egon behar du argitua. Argia ezin gehiagoan zaindu behar da pieza honetan. Zuzendariaren zuhurtasunak jakingo du noiz eta nola jokatu behar den argiekin. Musika entzuten da urrun. Musikak alai eta arina behar du. Musika somatuta laister, jokalekurainoko igankai bat izango duen butakategian NESKA-MUTIL talde bat ageri da, jokalekuari buruz etorki. JOKALARIEK erabiliko duten jazkera konbentzionala izatea komeni da, koloreduna, eta zenbait JOKALARIK eskalaproinak eramatea, ballagarri honetaz soberasko profitatzea komeni ez bada ere. JOKALARIAK dantzari eta kantari sartuko dira eta keinuak eginez ikusleei. Gero jokalekura igan eta kopla hauek kantatuko dituzte, herri musika sinple bat gainera dakiekeelarik). Heldu da Maiatza Maiatza udaberri Heldu da Maiatza kantu eta irri. Heldu da Maiatza hilabeteko Heldu da Maiatza burugabeko. Heldu da Maiatza Maiatz maiatzeko limosna guztiak pozik eskertzeko. Heldu da Maiatza Heldu da lorea Utikan tristura eta dolorea! (JOKALARI batzuk, jokalekura igandakoan, alboetatik irten eta berriro sar litezke dekoratuan ageri diren etxeen ateetatik. JOKALARIEK etxeetako ateetan jotzen dute. AUZOAK zer ote den ageri dira leihoetan. JOKALARIEK kantari dihardute ate joka) Maiatzak dakar orria jaiki herritar noblia goazen Maiatzaren bila denok dadila ongi etorria. Maiatzak dakar hostoa bertako ta auzokoa hostoz egina dauka jantzia lorez egina koroa. LEHEN AUZO EMAKUMEZKOA: (Bere etxeko atan ageri). Ze iskanbila da hau? LEHEN AUZO GIZONEZKOA: (Atearen goialdean ageri). Ez duzue bat pakean uzten! Nire aurrezkiak zenbatzen ari nintzen! Ze Maiatza eta ze panderu larru! LEHEN AUZO EMAKUMEZKOA: Niri utz iezadazue lo egiten! Egun osoan lanean arituta gero gogo ederra daukat nik erromeritarako! BIGARREN AUZO EMAKUMEZKOA: Goazen bertara! Goazen bertara denok! Goazen Maiatzaren bila! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: ltxaron apur bat! Gorde ditzadan ongi gordeak neure aurrezkiak! Eta har dezadan jaka bat bizkarrean, gaueko ihintzak mankatu egiten nau eta. Gaua alferrik galdu eta ez ahal dut kostipatu eder bat harrapatuko! JOKALARI BAT: Goazen Maiatzaren bila! BESTE JOKALARI BAT: Pinu eder bat bilatu behar dugu. Badiat bat begiz jota! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Nire Bouza Bellako pinuaren bila baldin bozoazte, tiroka erasoko dizuet. Alferrontziok! Abraham Marzan naizen bezalaxe egingo dudala! Beraiekin joango naiz neure pinuetara joan ez daitezen. Denari erne egon beharra dago. Ezin liteke bat ajolagabetu ezertan ere. Harraparia besterik ez dago. JOKALARI BAT: Zekena! BESTE JOKALARI BAT: Esku-eutsia! Lukurreroa! Labanaria! BESTE JOKALARI BAT: Satanas gosetua! ZENBAIT JOKALARI: Goazen Maiatzaren bila! Isil dadila goseti hori! (Zenbait AUZO ageri dira ateetatik eta jokalekuan dauden JOKALARIEKIN biltzen dira. Kantari doaz): Goazen Maiatzari agur egitera Maiatzari denok irtenik bidera. (Jokalekua hutsik gelditzen da une batean. JOKALARIAK irten diren beste aldetik ageri dira berriro. Beraiekin jokalekuaren erdian gelditzen den MAIATZA dator. MAIATZArena prestatua egon behar duen jokalari batek egiten du. Lorez koroatua dator. Tunika luze bat du soinean, eta hari itsatsiak pikondo hostoak, mirubelarrak, erramu adaskak, ezpata-belarrak. Beharrezkoa da jantziak bizitasuna eta ikusgarritasuna izatea eta mugimenduak ez trabatzea. MAIATZA jokalekuaren erdian gelditzen da ikusleei begira, geldirik. JOKALARIEK eskutik helduta dantza egiten dute eta MAIATZAren inguruan eraztuna egiten dute, kantari): Hemen da Maiatza Maiatza zoroa herria du plazan bildua osoa. Hemen da Maiatza libra gaitzala Jauntxo ta markesak jipoi ditzala. Hemen da Maiatza gu libratzeko zanpatzaileari hautsa astintzeko. Hemen da Maiatza denok alaitzeko zergak eta petxak betiko kentzeko. Hemen da Maiatza alaitzailea zu zaigutu gure salbatzailea. Hemen da Maiatza gure laguna zu zaitugu orain zuzentasuna. Gaiztoa jipoitu badaki nola Goratu Maiatza Gora, gora, gora! (MAIATZA dantzari hasten da eraztunaren inguruan eta itzulia burutzen du kantatuz): Ez dut nik ezer nahi ezertxo ere nik libratzeko nator gaizto jendetik! (JOKALARI guztiek dute erantzuten): Gaiztoa jipoitu badaki nola Goratu Maiatza Gora, gora, gora! (MAIATZAK mutis egiten du. Jokalekuan gelditzen diren jokalariak etxez etxe abiatzen dira opari bila (Mayak). Jokaldi hau mimika hutsez egiten ahal da. JOKALARIEK, etxeak bisitatuz doazela, herri kanta hauek dituzte kantatzen): Jostorratza ta haria Etxekoandre Maria limosna eske hemen daukazu herri hontako gazteria. Ezpata zuzen liraina Etxekojaun kapitaina Pozikan hartuko genizuke txantxilako esnegaina. Horra hor goian xagua Haren guardian katua Koronel jaunaren urdaiekin bete behar dugu zakua. Kanpai ustela isilik Hemen ez dago dirurik Bizkar gaineko zakua ere zorriz daukagu beterik. (Kanta burutzean, JOKALARIAK gelditzen dira jokalekuan, dekoratuen kontra. Batek opariak bildu dituzten zakua utziko du ongi agerian, baina oztopagarria gerta ez dadila. MAIATZA ageriko da EBA eta ADAN eskutik dakartzala. EBAk tunika zuri bat du soinean, oinetarainoko luzea. Ilea libre eta kizkurtua darama -perruka darama- demasa kizkurtua, laran-lorez lotutako hiru perla ileratako diademak bildua. Goru bat eramango du, eta ezker besoan saskitxo bat bete sagar, edo bestela, laranja. ADAN belaunez beharago iristen zaion tunika zuriz dago jantzia eta manketan pikondo hostoak eramango ditu itsatsiak. Buruan txapela bat, konikoa, aurrerantz tolestua, bekokian eroriko zaion borlarekin. Bizkarrean aitzur bat ekarriko du. MAIATZA, jokalekuaren erdian, JOKALARI eta IKUSLEEI mintzo zaie honoko solasean): Hona Eba, hona Adan zuen lehen gurasoak Heldu dira poztu nahian agure eta atsoak. (EBA dekoratuko etxe baten ate aitzinera doa. Saskitxoa lurrean utzi eta goruan harilkatzen ekiten dio, seria oso, langile eta erdeinuz. Ez du hitzik aterako. ADAN imintzioak egiten hasiko da, keinuak, jauzika EBAren interesa erakartzeko, ahapaldi hau esaten duelarik): Eba zoragarria distiragarria itsugarria ene otalorea ene bihotzeko dolorea: bidal iezadazu haizez, xarmagarria, zure krabelin-irria, harek nauka zororik maiteminez. Eba, Eba, Eba, ene usategiko usoa hausten dit bihotza nola kristalik mehena. Eba arkaitz gogorraren irudiko andere eder haundinahiko zergatik ari niri muzinez zure eztitasunaren eztia eror bekit guztia bihotzari eginik gainez etenezinez. Zu zara ilargia zu eguzkia zu zara artizarra zu errekaldeko lizarra. Ez izan niganako hotza sutan daukat bihotza dena txinparta eta garra dirudiela labea zu zaituelako jabea. Ni ez nauzu batere nagia legez dut irabazten neure ogia! Famatzen naute langilez eta neure izerdiaren perlez egingo dizut lepoko bat inbirigarria erabat. Eta aitzur honi emanta ene uso xarmanta lur osoa dut landuko Ez zaizu ezertxo ere faltako! Esaidazu baietz ba, Eba, Eba, Eba. Nik nahi zintuzket neure emaztea Esaidazu bai, ene prenda maitea! Burua botako dut esaten badidazu ez, eta hilko naiz etsipenez... zakur gaixo baten antzean langaren baten atzean! (EBAk sagar bat hartzen du saskitik, edo laranja izugarri haundi bat, eta ADANi sartzen dio ahoan. ADAN zorabiaturik erortzen da, diolarik): Ai, hau zorionaren ederra, sagar honek dirudi eperra! (EBA makurtu egiten da ADANganantz eta lanturazko keinuak egiten ditu, eta farregarriki hasten da dolutzen, gehiegiz ez baina. ADAN pizkortzen hasi da. Jokalekuaren hondoan bazterretan zeuden JOKALARIAK inguratu egiten zaizkio eta harriduraz begiratzen diote. EBA eta gero ADAN bildu egiten dira JOKALARIEKIN eta ritozko dantza moduko bat! ekiten diote kantari): Heldu da Maiatza nork ez du maite Hau lurraren poza udazkena arte. Heldu da Maiatza Maiatza da heldu Eguzkitan dira loreak lehertu. Heldu da Maiatza denok alaitu haize berri batek laztantzen gaitu. Odol berritzeko irriz ta farrez heldu da Maiatza bizi-indarrez. (JOKALARIEK eskutik heltzen diote elkarri eta dantzari jarraitzen dute honokoa kantatuz): Maiatza dezagun ospa kantuan Maiatzari kanta eskuak eskuan! (MAIATZA sartzen da AINGERU bat garraiatuz, herrisketako prozesioetan ageri direnen gisan jantzia. Soinekoa apur bat karikaturazkoa izango da. Hegaletako bat goikoz behera behar du, ongi etortzeko). MAIATZA: Mugi hadi tripazakua! AINGERUA: Banoa! Banoa! MAIATZA: Heure papera ongi esaten baduk, egoki, abots ederrez eta ezertan hutsegin gabe, emango dizkiat gaztain iharrak, Ribadabiako erroskilak, Allarizko almendratuak, Villalbako kapoi bat, Limiako idi bat... AINGERUA: Ez dut holakorik nahi batere! MAIATZA: Eta orduan zer nahi duk? AINGERUA: Txiklea nahi dut! MAIATZA: Hago piska batean! Txiklea! AINGERUA: Ba txiklea nahi dut, txiklea nahi dut! MAIATZA: Txiklea zerrikeria hutsa da! AINGERUA: (Tematsu) Ba nik txiklea nahi dut! MAIATZA: Ez hadila kargantea jarri. Izango duk heure txiklea AINGERUA: Ona izan dadila. Amerikanoa behar du izan. Eta benetakoa. Hik niri ez didak ziria sartuko, ez nauk hankagorri bat eta. MAIATZA: Kalitaterik onenetakoa izango duk heure txikle amerikanoa, nahi duan dastarekin. Neure kontu. Baina ongi behar duk esan papera. Eta... AINGERUA: Berriz! Emaidak orain bertan txiklea! Bestela ez diat lanik egingo!... MAIATZA: Begira mukitzu hau. Holakorik...? AINGERUA: (Tematsu) Txiklea nahi dut, txiklea nahi dut! MAIATZA: (Sakeletan miatu eta AINGERUAri txiklea emanez). Hartzak eta pakea emantzak! AINGERUA: Gehiago nahi dut, gehiago nahi dut! MAIATZA: Matraileko bat emango diat nik hiri, edo ostiko eder batzuk! Nazkatuta naukak! Lanera! (MAIATZA harat-hunat hasten da jokalekuan, dekoratuaren kontra dauden JOKALARI guztiei banan bana begiratuz. Zalantza egiten du behin-bitan ausartu baino lehen. Azkenik LEHEN AUZO GIZONEZKOA seinalatuz dio). MAIATZA: (Lehen auzo gizonezkoa seinalatuz) Zuk! Zuk izan behar duzu! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Nik zer...? Zer izan behar dut nik? MAIATZA: Zuk Abrahamena egin behar duzu! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Lotu mokoa! Ezta pentsatu ere! MAIATZA: Ba zuk izan behar duzu! (JOKALARIAK LEHEN AUZO GIZONEZKOAri zuzentzen zaizkio): Abraham jauna, zuk izan behar duzu! Abraham jauna, ez zaitezela erregutu-beharra! Abraham jauna, zuk ezagutzen duzu papera! Zuk oso ongi egiten duzu, Abraham jauna! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Ezetz, arraioa, ezetz! (JOKALARIAK) Baietz Abraham jauna. Abraham jauna, baietz. Zeu zara ta, Abraham jauna, ateka honetatik atera gaitzakeen bakarra. Ez zaitezela halakoa izan Abraham jauna. Zu oso ona zara Abraham jauna. Zu oso gizon ona zara Abraham jauna. Zu oso azkarra zara Abraham jauna. LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Ados orduan. Aharia niretzat izango delako baldintzarekin! (JOKALARI abotsak) Lukurreroa! Auzo gaizto! Gizatxarra! Alferra! Doilorra! Gosetia! Gibelaundi! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Edo aharia edo ez dago ezertxo ere esandakoaz! Eta gainera, horrela jartzen zaretenez gero, panazko praka berriak Isaakentzako. (JOKALARI abotsak) Ez dago eskubiderik! Diruzalea! Lotsagabea! Auzo gaizto! Labanaria! Nazkagarria! Esteluze! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Hain analfabetoak zaretenez eta hain gaizki haziak, ez dago inolako traturik. Lotu mokoa. Agur! (Irtetekoa eginez). (JOKALARI abotsak) Ez zaitezela joan! Irabazi duzu! Zer egingo diogu! Zurekin ezin baita! Berdina egiten duzu beti! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Ongi da. Ados tratuan. (Oihuka) lsaak! Isaak!... Non sartu ote da umetzar hori? (Oso UME zarpatsua ageri da) ISAAK: Hemen nago aita, zure aginduetara! LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Presta zaitez oholtzara igateko ihaz bezala. ISAAK: Eta zer emango didazu? LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Nik badakit zer emango dizudan... Aguro! ISAAK: Ez gehiegi estutu lotzen nauzunean eh?.. Hemen dauzkat ihazko arrastoak oraindik (Eskumuturrak erakutsiz). LEHEN AUZO GIZONEZKOA: Lasai. Ihaz izan ere eskuak ihes egin zidan eta banizkian zor batzuk hiri kobratzeko. Orain, hanka egur bila. ISAAK: Bai jauna. (JOKALARIren batek eman diezaioke perruka bat LEHENAUZO GIZONEZKOARI, zuria, zarpaila eta gaizki josia, adats zuri luzerekin eta bizar zurirekin ere, luzeak oso, eta tunika gorri bat, eta zurezko labana bat izugarria lodi-luzean. Jazkera hau guztia, LEHEN AUZO GIZONEZKOA ABRAHAM MARZANez irudikatzea alegia, karikaturazkoa izango da doi batean. LEHEN AUZO GIZONEZKOA osorik edertutakoan bere ABRAHAM MARZAN paperean, ISAAK heldu da tunika zuritan, oihal mairu bat buruan eta egur sortaño bat bizkarrean. ABRAHAM MARZAN eta ISAAK oholtza txipi batera igaten dira -aski da txipia izanik ere- ikusleagandik eskuin dagoena. Jokalekuan dauden JO- KALARIAK lurrean eseritzen dira jokalekuan egon litezkeen eserleku edo aulkiren batzuetan. AINGERUA oholtzaren bazterrean dago, jokatuko den jokaldia ikusten, bere joka-beharra arte. Ondoren farsa txipi bat jokatuko da MIMOZ. Oholtzan ISAAKek egur sorta uzten du. ABRAHAM MARZANek, gaitzeko soka batez, gerrian lotzen dizkio eskuak ISAAKi protesta egiten badu ere, ez baitu onez onean harrapatzen uzten. ISAAK lotua dagoenean, ABRAHAM MARZANek begiak estaltzen dizkio, ISAAKek, belauniko, begiak estalita, ahaleginak egiten dituelarik libratzearren, ezin lorturik. MIMO hau jokatzen den bitartean, MAIATZAK honela errezitatzen du abots lodiz eta solemnez): MAIATZA: Hizketan zekitenean gauzek eta abereek eta hitzegiten zutenean arraiek, hegaztiek eta zakurrek, zerriek, astoek, konejuek eta igelek, honoko abotsa entzun zuen-Abrahamek: «Egunsentian har ezak heure seme Isaak leunki eta eztiki, eta eraman mendirik bakartienera eta han, legearen arabera, eskain iezadak semearen Holokaustoa». Abraham Marzan gizarajoak biharamonez goizean goiz hartu zuen Isaak haurra ozta zekiena oinez eta hornitu zen ogiz eta ardoz zer esanik ez. Bidean doaz eta hona Isaak mintza: «Nora ote goaz» «Hara goaz Abrahamen hitza leku urrun hartara holokausto bat egitera ezezaguna gure alderako erruki dadin» Erantzuten dio semeak samin: «Ez dut nik animaliarik ikusten inun horretarako balia dakigun». «Ez zaitezela ardura biktimaren bat helduko zaigu eskura». Eta bidean aurrera egin zuten isilik ilunik eta tristerik. Heldu zirenean hautatu lekura Isaak berehala zen dena lotura bera izan behar zuela holokausto krudela. Hontan entzun zen abots bat xamurra eztia eta leuna munduaz goragokoa: AINGERUA: (Oholtzan, Abraham Marzani helduz eta labana botatzen diolarik:) Abraham Marzan jauna: geldi jokoa Isaak ez baita zakurra! Bizitza humanoa da misteriorik sakonena da munduan baliosena. Izan nahi baduk harakina hona ahari hau biktima! (Edozein JOKALARIk edo AINGERUAk berak ahari bat eskaintzen dio ABRAHAM MARZANi. ABRAHAM MARZANek ISAAK utzi eta labanarekin ematen dio ahariari adarren artean. ISAAK askatu eta txistu batean izkutatzen da ikusleen artean oihukatuz): ISAAK: Alajainkoa! Ederra hutsegin diat! MAIATZA: (Bere errezitatua burutuz): Abraham Marzan gelditu zen bakarrik lagunik gabe eta tristerik Isaakek burua ikusirik salbo atzerrira zuen egin salto. (ABRAHAM MARZAN oholtzatik jaisten da. JOKALARIEK oihu egiten diote salaturik): Ze ongi! Zeure semea hil nahi izatea! Inuzente bat erahil nahi izatea! Haur bat! Arima garbi bat! Barrenak agindu egin behar! Animaliak baino ankerrago behar du! Gizatxarra! Piztia ustela! Odoledalea! Erahilea! Barrabas! Lerdejario! Soliman! Suge pozointsua! (ABRAHAM MARZAN jokalekutik irteten da burumakur. JOKALARIEK salaketan dihardute ukabilak estututa. MAIATZAk, JOKALARIEK ABRAHAM MARZAN salatzen duten artean, JOKALEKUAN DAGOEN ZAKUA JOTZEN DU BEGIZ, haztatzen du, hartzen du eta bizkarrean jasotzen, bere harekin ihesari eman nahi diolarik. JOKALARI bat ohartzen da jukutriaz eta oihu dagio MAIATZAri): JOKALARIA: Eh hi, demoniozko Maiatza, nora hoa zaku horrekin? MAIATZA: (Isiltzekoa eginez). Zaku hau neurea diat. Niri dagozkidan opariak dituk. Hau da nire tributoa. Neuri dagokidan tributoa. (Beste JOKALARIEK MAIATZA inguratzen dute -ukitu gabetanik- albo guztietatik eta ez diote ihes egiten uzten. Oihu egiten diote): Opariak denonak dituk! Opariak amankomunak dituk! Zaku horretan dagoena guztiona duk! Hik tronpatu egin nahi gintuan! Lapurreta egin nahi higun! Gurea dena eraman nahi huen! MAIATZA: Entzun: MAIATZA nauzue ni, udaberria dakarkizuena, bizia, alaitasuna, maitasuna, kantuak, loreak, urteroko uzta berriak. Ni nauzue zeuen babesa, zaintzen zaituena... JOKALARI ABOTSAK: Hi lapur bat haiz! Faltso hutsa! Gure bizkarretik bizi nahi duk! Geure alaitasunak egiten du udaberria! Bizia geugandik sortzen duk! Maitasuna geure bihotzean da loratzen! Kantuak herri osoaren lana dituk! Loreak geure izerdiz errekaitzeko sortuak dituk! Uztak geuk ereiten dizkiagu! OSO ABOTS OZEN BAT: Egin dezagun justizia! Erre dezagun babalasto hau! ABOTSAK: Egin dezagun justizia! Justizia! Juztizia! Erre dezagun babalasto hori! Utikan gezurrezko salbatzaileak! Hil bedi lapurra! Erre dezagun babalasto hori! MAIATZA: Nik badiat ahalmena zuek guztiak errauts bihurtzeko! Guztiok baino gehiago ahal dut! Ukitzen banauzue damutuko zaizue! (JOKALARIEK atxilotu egiten dute MAIATZA soka handirekin. MAIATZAk oihu egiten du, ostikoka, mehatxuka, indarka. JOKALARIEK egurra garraiatzen dute, pilatu egiten dute, txondor gainera jaurtitzen dute MAIATZA eta sua damaiote, hiru bider kantatzen dutela): Bisita egin digu Maiatza berriak Bizia eman dio odolez herriak. OIHALA ERORI ETA PIEZA AMAITU |