|     74 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        Johan August Strindberg Estokolmon jaio zen 1849ko urtarrilaren 22an eta Carl Oscar Strindberg, merkataria eta itsasontziak fletatzeko bulego baten jabe zenaren eta Ulrika Eleanora Norling, ezkondu aurretik neskametzan ibilia zenaren semea zen.

        Haurtzaroa, autoreak hartzaz aipamen ilun samarrak egiten baditu ere, erosoa izan zuen. Klase ertaineko familiakoa izaki, ezer falta ez zuen etxe eroso batean bizi izan zen. Aita zorrotz samarra zuen eta ama guztiz erlijiozalea eta honek sakon eragin zion. 1867an amaitu zituen Batxilergo-ikasketak eta Medikuntza eta Letretako karrerei ekin zien, baina bat bakarrik ere ez zuen bukatu sortu zitzaizkion eragozpen ekonomikoengatik, eta prezeptore eta maisu gisa bizimodua irabazi beharrean aurkitu zelako. Estokolmoko Errege-Teatroan sartzeko ahaieginak porrot egitean, kazetaritza-lanetan aritu zen eta bohemio-bizitza alderrai bati ekin zion, lana sarritan aldatzen zuelarik. Goiz samar eta arrakastarekin hasten da literaturgintzan. 1870ean, «Erromara» estreinatzen du Teatro Dramatikoan eta erregek beka bat ematen dio ikasketak jarrai ditzan. Handik bi urtera, «Maese Olof» ontzen du, bere maisulanetariko bat.

        1875ean dagoeneko Teatro Dramatikoan estreinaketa bat izan duen autorea eta kazetari ezaguna da, eta Estokolmoko Liburutegi Nazionalean bibliotekariaren laguntzaile gisa lanean ari dena. Urte berean Wrangel senar-emazteak ezagutzen ditu. Gizona baroia eta armada-kapitaina da eta andrea, Siri von Essen, teatrorako bokazioa duen goi-mailako gizarteko finlandiar bat. Beronen gizarte-mailak sortzen dion errespeto gelgarria gainditu ondoren, eta kezka handiarekin, konturatzen da Siriz maitemindurik dagoela eta ondorioz maitasunezko joko nahasi bat sortzen da. Triangulua zabaidu egiten da baroiak hemeretzi urteko neska gazte bat ezagutzean eta beronekin maite-harremanetan sartu eta idazlea eta bere emaztearen arteko harremanei ez ikusiarena egiten die. Azkenean, dibortzio-akordiora iritsi ondoren, Strindberg eta Siri ezkondu egiten dira 1877an.

        Honek bere gutun sutsuetan agindua zion emazteari teatro-bokazioa asetzeko moduko bizimodu bat, batere arazo ekonomikorik gabea, baina promesa hauek betetzeke geratu ziren hasiera-hasieratik.

        Ezkondu eta handik bi urtera, «Areto Gorria» argitaratzean, suediar mugimendu eraberritzaileko idazlerik garrantzizkoentzat aitorturik dago. 1882an, «Maese Olof» estreinatu eta handik gutxira, teatroak sortzen dion liluraren eta beroni dion mesprexuaren berri ematen du, «neure emaztearen karrera errazteko idazten dut teatroa» dio, baina hark bere talentu ezagatik zeukan arrakasta urriak, Strindbergen hipersentiberatasunak eta estura ekonomikoek berehala hondatzen dute ezkon-harremana.

        Presaka batean dirua irabazteko asmoz «Erresuma berria» argitaratzen du, herrialdeko «stablishment» politiko eta literarioa kritikatzen duen lan historikozko bilduma eta sortzen duen polemikaren ondorioz Suediatik irten beharrean aurkitzen da 1883an, sei urtez iraungo duen borondatezko erbestaldiari hasiera emanez. Bizimodu behartsua izango dute Strinberg senar-emazteek Frantzia, Suitza, Alemania eta Italian barrena.

 

 

        1884ean «Ezkonduak» liburua argitaratzen du, suediar burgesia eskandalizatuz eta gizarte-talde honen ezkon-harremanak hipokrita eta moralgabetzat salatzen dituelarik, eta horregatik auzitara eraman zuten autorea. Auzi hau irabazteak egundoko sona ekarri zion zenbait zirkulutan baina betirako markaturik geratu zen burgesiaren aurrean.

        Strinbergek bere buruari sinetseraziko dio, arrazoi handirik gabe, mugimendu feministengandik zetozkiola jopuntutzat hartua zeukaten atergabeko erasoak eta berak ere era berean su eta gar erraiei erasotzeari ekin zion. 1886an, «Neskamearen semea» argitaratu eta handik gutxira, «Ezkonduak» obraren bigarren atala argitaratzen du, suediar literatura guztiko panfleto antifeminista ertzeratuena.

        «Hemsöko Jendea» idatzi ondoren psikiatriaz arduratzen hasten da, sugestioaz eta hipnotismoaz batipat eta hemendik sortzen zaio «zerebruen burruka» eta «asasinatze psikikoaren» idea eta honek materiala eskuratzen dio garai hartako literaturan «Ni» ari buruzko azterketarik sakonena egiteko. Siri bere senarraren osasun mentala zalantzan jartzen hasten da eta beronen ezgaitasun mentala ziurtatuko zuen agiri bat lortu nahian hasten da. Strindberg obsesionaturik dago bere emazteak duen Marie David daniarrarekiko harreman lesbiarraz, zeina ezagutu zuen 1885ean. Bere sen ona erakutsi beharrak bultzaturik frantsesez idazten hasten da «Zoro baten alegatua», gezurra badirudi ere beraren arazo psikiko balizkoa aztertzeko oinarrizko testu bihurtu dena hain zuzen.

        1887 eta 1888 bitartean bere hiru obra hoberenetakoak idazten ditu: «Aita», «Julia andereñoa» eta «Hartzekodunak», Frankenan andereñoa, errumestutako aristokrata batena zen Skolyst jauregian igaro zuen «uda zoragarrian» bere emaztea eta seme-alabekin. «Ranöko lagun erromantikoa», bere nobelarik hoberenetakoa ere idatzi zuen.

        1888 urtearen azken aldera, Strindberg bere teatrorako lan egiten hasten da, Parisko de Antoineren arabera. Kopenhagenen Teatro Esperimentala zabaltzen du baina porrot egin zuen zentsuraren debekuarengatik, «Julia andereñoa» estreinatzen utzi ez ziolako betiko arazo ekonomikoak eta erabateko hausketaren bezperatan zegoen ezkon-bizitzako tirandurak ere tarteko zirela.

        1981ean Strindberg dibortziatu egiten da eta bizimodu bohemioa egiteari egiten dio Alemanian, non ezagutzen duen Frida Uhl, kazetari alemaniarra eta beronekin ezkontzen da 1893an. Ezkonaldi hau laburra izan zen eta 1894ean banatu egiten dira.

        Urte bereko udazkenean Parisa iristen da literaturari zegokionean hiria konkistatzeko asmotan. Mixeria eta bakartadeko gorrieneko aldi bat jasan behar izan zuen. Bere bizitzako krisialdirik handiena jasan zuen, «infernuko krisia» deitu zuena. Hain zen gogorra Strindbergen pobrezia non idazie eskandinaviarrek diru-bilketa bat antolatu zuten baina berak ez zuen hartu nahi izan bere independentzi zentzuagatik eta inori ezer eskertu beharrik ez izatearren. Krisiaren zioak hauek izan ziren: ezkonbizitzako porrotak, bere pertsekuzio-mania eta erlijio-krisia, hau dena izakera hipersentiberak areagotua, eta larriagotua, estimulanteak edari alkoholdunak eta drogak hartzen zituelako.

 

 

        1896an bere krisialdiaren kinka larrienean dagoela iristen zaio arrakasta «Aita» eta «Julia andereñoa» Parisen antzeztean. Etsaiek, feministen ligak eta Berlingo bere aspaldiko adiskideek hil nahi omen zutelakoak obsesionaturik, hotelez hotel ihesi hasten da, bidaia ikaragarri bat egin eta Lunden, Suediaren hegoaldean, gelditu arte.

        Krisialdi honetan Swedenborg, XVIII mendeko zientzi-gizon eta mistiko suediarra aurkitzen du eta beronen idatzietan bere bizipenen argibide bat ikusten du. Aro espiritual honetan katolizismora eta budismora hurbiltzen da azkenean Arduratasunean eta beraren ustez, hura badela erakusten duten zeinuetan sinesteko azkenean.

        1899an «Inferno» deritzan obra autobiografikoan mamitzen ditu bere bizipenak.

        Behin betirako Estokolmon finkaturik, eta 1900.urtean, Harriet Bosse aktoresa norvegiarra ezagutzen du eta berarekin ezkontzen da. Ezkontza honek ere, aurrekoak bezaiaxe, porrot egin zuen eta hain zuzen ere garai honetan idazten du «Herio-dantza».

        1910ean, errege Karlos XII, autorearentzat beste piztia beltzetako bat eta monumentu nazionala beste zenbait sektorerentzat herrialdean zenaren aurka artikulu gupidagabe bat idatzi zuen eta polemikarik gogorrenetako bat sorterazi zuen.

        Handik bi urtera, 1912an, minbiziaz hiltzen da. 60.000 pertsona biltzen dira hiletetara. Hilobian zurezko gurutze bat ezartzen dute latinezko idazkune honekin: «O crux, ave spes unica» (Oi gurutzea, agur esperantza bakarra).

        «Herio-dantza» obrarik ilun eta goibeienetako bat da eta bizi direneko uharte txikiko gizarteak bazterturik daukan eta porrot egin duten senar-emazte batzuren drama eskaintzen du. Hogeitabost urtez elkarrekin bizi ondoren ez dute ezer elkarri esateko eta heriotzerainoko gorrotoa diote bata besteari, nork bere amets betegabeak edo zapuztuak besteari aurpegiratuz: Kapitaina alde batera utzia dago aszentsuetan eta Alizia, emazteak, ezin ditu ahaztu aktoresa zela izan zituen arrakasta pasakorrak, garrantzi handi gabeak seguraski.

        Kurten etorrerak, urte askotan ikusi ez duten adiskidearenak, solaskide ulerkor bat izatearen aukera eskaintzen die bakoitzak bere bizitzaren infernuaren berri emateko, baina honek ihes egin beharko du beraiekin batera hondamenean lur jo baino lehenago. Kurtek, adiskideak alde egitean, bizitza betiko bideari lotuko zaio bizi diren dorre-etxean.

 

aurrekoa | hurrengoa