|     74 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


HERIO-DANTZA

 

PERTSONAIAK:

        EDGAR: Kosta-artileriako kapitaina.

        ALIZIA: Beronen emaztea, aktoresa-ohia.

        KURT: Lazaretoko zuzendaria.

        BIGARREN MAILAKO PERTSONAIAK:

                JENNY: neskame bat.

                ATSOA

                ZENTINELA (mutua)

 

 

DEKORATUA

 

        Dorre biribil baten barrukaldea granitozko gazteluan. Atzekaldean, ate handi beiraduna, orribikoa, bertatik kostaldea eta itsasoa ikusten direla, baita kostaldean ezarrita dauden kainoi bateriak ere. Atearen alde banatan, leihoa lorez eta txoriz hornituta. Atearen eskuinaldean, pianoa. Eta la lehen planoan jostundegi bat eta bi siloi. Ezkerretara, albogunearen erdian, idazmahai bat telegrafi aparatu batekin. Lehen planoan, apala bat senideen argazkiekin. Alboan, dibana. Hormaren ondoan, arasa. Sabaitik zintzilik lanpara. Horman, pianoaren ondoan, alde bietara, eszena jantzitan dagoen emakume baten erretratoaren ondoan, bi erramu-koroa handi zinta eta guzti. Ate-ondoan pertxeroa dago eta bertatik zintzilik zenbait militarjantzi, sable eta abar. Alboan, buro bat. Foro-atearen ezkerretara barometroa dago. Udazkeneko arrats epela. Ate beiraduna irekita dago. Kostaldeko bateriaren ondoan SOLDADU BAT dago, artileriakoa da eta goardian dago. Lumadun kaskoa dauka buruan eta noizean behin sartzen ari den eguzkiaren errainu gorriak dir-dir eragiten dio sableari. itsasoa ilun eta bare dago. KAPITAINA eserita dago jostundegiaren ezkerrekaldean dagoen siloian, puru itzalia eskuztatuz. Astegunetako uniformea darabil aldean, oso maiztua, eta zaldiketarako botak ezproinekin. Nekatu eta aspertu-itxura dauka. ALIZIA eskuinaldeko siloian dago eserita, ezer egin gabe. Nekatua dirudi eta zerbaiten zain dagoela.

 

KAPITAINA: Eta zerbait joko bazenu?

ALIZIA: (axolakabe baina zakarkeriarik gabe) Zer nahi duzu jotzea?

KAPITAINA: Nahi duzuna.

ALIZIA: Ez zaizu gustatzen nire errepertorioa.

KAPITAINA: Zuri ere ez nirea!

ALIZIA (iheskor) Zabalik utziko al ditugu ateak?

KAPITAINA: Nahi duzuna.

ALIZIA: Tira, zabalik utziko ditugu... (Pausaldia). Erre nahi al duzu?

KAPITAINA: Kalte egiten hasi zait tabako gogorra.

ALIZIA (ia atsegintasunez) Bigunagoren bat erre orduan... Horretxek bakarrik poz ematen dizula nola esaten duzun...

KAPITAINA: Poza? Eta zer da hori?

ALIZIA: Nori eta niri galdetzen didazu? Zu bezain ezjakina naiz gai horretan... Ez al duzu hartu behar zeure whiskya?

KAPITAINA: Itxaron egingo dut piska batean... Zer daukagu afaltzeko?

ALIZIA: Nola nahi duzu jakitea ba? Galdegiozu Kristinari!

KAPITAINA: Laster hasiko da berdel-arrantza... Sartu gara udazkenean!

ALIZIA: Bai, udazkenean!

KAPITAINA: Barruan eta kanpoan! Baina udazkenak ekartzen digun hotzaz aparte, barruan eta kanpoan, ez genioke musinik egingo berdel bati txapa gainean erreta limoi-txatai batekin eta kopakada bat borgoña zurirekin...

ALIZIA: Hori da etorria!

KAPITAINA: Ba al dugu batere borgoñarik sotoan?

ALIZIA: Ez nekien azken bost urteotan sotorik izan dugunik...

KAPITAINA: Zuk inoiz ez dakizu ezer. Dena dela, piskanaka bete egin beharko dugu geure zilarezteietarako...

ALIZIA: Baina benetan al duzu, gero, ospatzeko asmoa?

KAPITAINA: Jakina baietz!

ALIZIA: Arrazoizkoagoa litzateke gure mixeriak ezkutatzea, hogeitabost urtetako gure mixeriak...

KAPITAINA: Bai, laztana, bizimodu dohakabea izan da. Baina onaldiak ere izan ditugu! Eta geratzen zaigun denbora-apurra probetxatu beharra dago, zeren eta gero... kitto!

ALIZIA: Kitto! Ah, egia balitz!

KAPITAINA: Kitto! Geratzen dena karretila batean atera eta jardinera bota liteke. Eta belarra ongarritu!

ALIZIA: Hainbeste komeria jardin batengatik.

KAPITAINA: Bai, bizitza holaxe da. Eta nik ez daukat zerikusirik guzti horretan! Nik ez dut errurik!

ALIZIA: Hainbeste komeria! (pausaldia) Iritsi al da posta?

KAPITAINA: Bai.

ALIZIA: Eta harakinaren kontua?

KAPITAINA: Bai.

ALIZIA: Zenbat da?

KAPITAINA: (patrikatik paper bat atera eta antiajuak janzten ditu, eta gero berehalaxe kentzen ditu) Zeuk irakurri! Ez dut deus ikusten...

ALIZIA: Zerbait al duzu begietan ala?

KAPITAINA: Ez dakit!

ALIZIA: Urteak.

KAPITAINA: Zaharra ni? Berriketak!

ALIZIA: Bai, zu. Ni ez behintzat!

KAPITAINA: Hummm!

ALIZIA: (kontuari begiratuz) Ordainduko al duzu?

KAPITAINA: Bai, baina orain ez.

ALIZIA: Jakina, geroago! Hemendik urtebetera, pentsiotxo batekin erretiroa hartutakoan eta orduan berandu izango da. Geroago, berriro gaiso jarritakoan...

KAPITAINA: Gaiso ni? Ni ez naiz sekula gaiso egon! Behin, behin bakarrik, izan nuen ondoez-antxa! Baietz beste hogei urte baino gehiago bizi!

ALIZIA: Ez du horrelakorik esan medikuak.

KAPITAINA: Medikuak, medikuak!

ALIZIA: Esaidazu orduan nork eman lezakeen iritzi itxurazkorik gaisotasun bati buruz...

KAPITAINA: Ez nago gaiso, ez naiz sekula egon eta ez naiz egongo ere! Bapatean hilko naiz, tximistak joa bezala, soldadu zaharra bezala!

ALIZIA: Eta medikuaz ari garela... ba al dakizu gaur gauean jai bat ospatuko duela?

KAPITAINA: (haserreturik) Bai, eta zer? Gonbidatu ez bagaituzte, beraiekin harremanik ez dugulako baizik ez da. Eta nahi ez dugulako ez dugu harremanik, garbi esanda, higuina diodalako medikuari eta haren familia osoari. A zer jendaila hori!

ALIZIA: Gauza bera diozu jende guztiaz.

KAPITAINA: Denak dira-ta jendaila!

ALIZIA: Zu izan ezik!

KAPITAINA: Ni izan ezik! Zeren nire portaera, bizitzako gorabehera guztietan, tatxarik gabea izan bait da. Horregatik ez naiz jendaila! (pausaldia)

ALIZIA: Kartetan jokatu nahi al duzu?

KAPITAINA: Zergatik ez?

ALIZIA: (jostundegiaren kakoitik kartak atera eta nahasteari egiten dio) Hau ere ikusteko geunden... Errejimentuaren banda medikuaren jaialdian soinua jotzen!

KAPITAINA: (amorraturik) Koronelarekin zurikeriatan ibiltzea besterik ez duelako egiten! Mihixuria, besterik ez da hori! (pausaldia) Ni ibili ahal izan banintz!

ALIZIA: (kartak banatzen ditu) Ni Gerdaren laguna izan nintzen... baina hain izan zen hipokrita...

KAPITAINA: Denak dira hipokrita! Zer triunfo atera da?

ALIZIA: Jantzi antiajuak!

KAPITAINA: Alfer-alferrik ditut! Bai, bai...

ALIZIA: Triunfoa, pikak.

KAPITAINA: (desliluraturik) Pikak?

ALIZIA: (Jokoari ekinez) Arrazoia izango duzu behar bada. Baina ofizial berrien emazteentzat nazkante batzu gara!

KAPITAINA: (jokatu eta baza jasotzen du) Eta zer inporta dio horrek? Guk ez dugu sekula jairik antolatzen, eta ez da igarriko beraz! Ni oso ondo bizi naiz bakarrik..., moldatzen naiz bakarrik... beti egin dut horrelaxe!

ALIZIA: Eta nik! Baina haurrak? Haurrak adiskiderik gabe ari dira hazten.

KAPITAINA: Bila ditzatela! Hirian ez da gauza zaila! Baza hau nirea da. Ba al duzu triunforik?

ALIZIA: Bakarra. Hau nirea da.

KAPITAINA: Sei eta zortzi, hamabost.

ALIZIA: Hamalau, hamalau!

KAPITAINA: Sei eta zortzi, hamalau... Batuketak egiten ere ahazten ari zait... Eta bi, hamasei... (aharrausi eginez) Zu zara ematen!

ALIZIA: Nekatuta zaude.

KAPITAINA: (banatzen hazten da) Ez, bai zera!

ALIZIA: (kanpo aldera entzunez) Honeraino iristen da musika! (pausaldia) Kurt gonbidatuko zutela uste al duzu?

KAPITAINA: Gaur goizean heldu da, beraz izango zuen bere fraka ateratzeko astia, guri agur egitera etortzeko astirik izan ez badu ere!

ALIZIA: Zuzendari gisa dator lazaretora. Orduan, lazareto bat jarri behar al dute koarentenetarako?

KAPITAINA: Bai.

ALIZIA: Nolanahi ere lehengusua dut. Ezkongaietan haren deitura bera neukan...

KAPITAINA: Ez da ohore handia...

ALIZIA: Aizu!... (zorrotz) Bakean utzi gero nire familia, ni zurearekin sartzerik nahi ez baduzu!

KAPITAINA: Utz dezagun. Ez duzu berriro hasi nahiko ezta?

ALIZIA: Mediku izan beharra al dauka lazareto baten zuzendariak?

KAPITAINA: Ez. Administrari zibil gisako zerbait, kontu-eramale bat. Kurt sekula ez da ezer izatera iritsi!

ALIZIA: Gizajo haundi bat zen...

KAPITAIN: Diruak kosta zitzaidana... Eta bere emaztea eta seme-alabak abandonatzean erabat galdu zuen bere ohorea ere!

ALIZIA: Edgard, ez zaitez izan hain gogorra!!

KAPITAINA: Bai, erabat ohorea galduta geratu zen! Eta auskalo zer egiten arituko zen Ameriketan! Gezurra nioke bera ikusteko amorratzen nagoela esangu banu! Baina ez zen mutil gaiztoa eta pozik aritzen nintzen berarekin berriketan.

ALIZIA: Hain zen esanekoa...

KAPITAINA: (tente) Esanekoa izan ala ez, gutxienez hitzegiteko moduko pertsona zen... Uharte honetan ez dago bat bakarrik ere ulertzen nauenik... Hau inozoz josita dago...

ALIZIA: Handia da gero! Gure zilarrezko ezteietarako aukera-aukeran dator Kurt... ospatu edo ez ospatu...

KAPITAINA: Handia, zergatik? A, bai, ulertzen dut. Berari esker elkar ezagutu genuelako. Zu nirekin ezkontzea lortu zuela esateraino iritsi ziren!

ALIZIA: Ez al zen horrela izan ala?

KAPITAINA: Bai, noski. Burutada bikaina sortu zitzaion... Zeuri dagokizu epaitzea!

ALIZIA: Gutxi pentsaturiko burutada... asmo arin samarra...

KAPITAINA: Eta horren ondorioak denok nozitu behar izan ditugu gero... eta berak ez!

ALIZIA: Bai, bai. Kontu egizu nik teatroan jarraitu izan banu! Nire adiskide guztiak orain aktoresa sonatuak dira!

KAPITAINA: (zutituz) Tira, tira... Ni orain neure whiskya hartzera noa (joan arasara, whisky bat atera eta zutik edaten du) Oina jartzeko barra horietako bat behar genuke hemen. Horrela irudituko litzaidake Kopenhageko, Bar Amerikarrean nagoela

ALIZIA: Ekarriko zaizu barra! Ah. Kopenhage gogorarazteko gauza izango balitz... Gure bizitzako egunik zoriontsuenak izan ziren!

KAPITAINA: (tragu luze bat edanez) Ziur Gogoan al duzu «Nimb»en hartzen genuen navarin aux pommes hura? (mihiari txasta eraginez)

ALIZIA: Ez, baina gogoan ditut Tivoliko kontzertuak.

KAPITAINA: Hain ditu gustu finak andre honek...

ALIZIA: Pozik egon beharko zenuke hain gustu fineko andrea izateagatik!

KAPITAINA: Eta banago!

ALIZIA: Bai, jakina, inoren aurrean itxurak egiteko denean!

KAPITAINA: (edanez) Medikuaren etxean dantzan ari dira, nonbait... Valtz baten doinuak entzuten ditut... tronboiak... bum... bumbum!

ALIZIA: Argi eta garbi entzuten dut Alkazar valtzaren doinua... Bai... bai denbora luzea pasa dela nik valtzak dantzatzen nituenetik...

KAPITAINA:Agoantatuko ote zenituzke valtz pare bat?

ALIZIA: Agoantatu? Ez dizut ulertzen!

KAPITAINA: Ezetz? Ia ez zaudela dantza egiteko. Ni bezala!

ALIZIA: Zu baino hamar urte gazteago naiz.

KAPITAINA: Orduan adin berekoak gara, ze ondo dakizunez, emakumeak gizonezkoak baino hamar urte gutxiago izan behar bait ditu.

ALIZIA: Lotsa eman behar lizuke! Matusalen bat eginik zaude! Ni, berriz bizitzaren lorian nago!

KAPITAINA: Hori bai, egia da. Nahi duzunean badakizu xarmangarria izaten... bestentzat!

ALIZIA: Piztuko al dugu lanpara?

KAPITAINA: Ongi derizkiot.

KAPITAINA: Deitu orduan!

 

(KAPITAINak, astiro-astiro idazmahaira joan
eta txilin bat jotzen du)

 

(JENNY sartzen da eskuinaldetik)

 

KAPITAINA: Jenny, mesedez piztuko al zenuke lanpara?

ALIZIA: (zorrotz) Piztu sabaiko lanpara!

JENNY: Bai, andrea. (KAPITAINA begira geratzen zaio hark lanpara pizteari ekiten dion bitartean)

ALIZIA: (umore txarrean) Ongi garbitu al duzu kristala?

JENNY: Behar adina.

ALIZIA: Zer erantzuteko modu da hori? Horrela ez da erantzuten!

KAPITAINA: Lasai, lasai?...

ALIZIA: (JENNYri) Alde hemendik! Hobe izango da neuk piztea!

JENNY: Hala uste dut (Badoa)

ALIZIA: Alde! Alde!

JENNY: (atean atzera geratuz) Jakin nahi nuke zer esango lukeen andreak alde egingo banu...

 

(ALIZIA isilik geratzen da)

 

(JENNY kanpora doa)

 

(KAPITAINA lanpara piztera doa)

 

ALIZIA: (artega) Alde egingo duela uste al duzu?

KAPITAINA: Ez nintzateke batere harrituko. Orduan bai sartuko ginatekeela estuasun ederrean!

ALIZIA: Zure erruz. Jakina, beti esku-puntetan erabiltzen dituzu-ta!

KAPITAINA: Bai zera! Ikusten duzu, niri beti kunplimentu osoz erantzuten didate!

ALIZIA: Beraien aurrean arrastaka ibiltzen zarelako! Zeure menpeko guztien aurrean bezalaxe! Despota onari dagokionez, esklabu-mentalitatea daukazu!

KAPITAINA: Kontxo, kontxo!

ALIZIA: Bai, halaxe da. Zeure soldadu eta subofizialen aurrean arrastaka ibiltzen zara, baina sekula ez duzu lortu harreman onik izaterik zeure kidekoekin eta nagusiekin.

KAPITAINA: Uf!

ALIZIA: Horrela portatzen dira tiranoak!... Alde egingo duela uste al duzu?

KAPITAINA: Zerbait modu onean esaten ez badiozu... bai!

ALIZIA: Nik?

KAPITAINA: Nik egingo banu neskamea seduzitzeko asmoa dudala esango zenuke.

ALIZIA: Pentsa alde egiten badu! Izan ere, Jennyk alde egiten badu, Kristinak ere alde egingo du eta ezin izango dugu ekarri beste neskamerik uharte malapartatu honetara! Baporearen pilotoak uxatu egiten ditu lan-bila datozen guztiak... Eta txiripaz norbaitek ihes egiten badio, nire sarjentoek uxatzen dituzte!

ALIZIA: Ah, bai! Zure sarjentoek, nik neure sukaldean jaten eman behar izaten diedanek, jaun honek kale gorrira bidaltzeko kemenik ez duelako...

KAPITAINA: Hori egingo banu, berrengantxatuko ez liratekeelako... Eta orduan agur ez zuhur eta ez maitzur!

ALIZIA: Hondamenera eramango gaitu!

KAPITAINA: Horregatik erabaki du Ofizialen Gorputzak Gobernura joizea janaritarako diru-laguntza eskatuz...

ALIZIA: Diru-laguntza, norentzat?

KAPITAINA: Sarjentoentzat!

ALIZIA: (barreari emanez) Erabat burutik egina zaude!

KAPITAINA: Barre piskat egizu, Alizia! Premia galanta daukagu-ta!

ALIZIA: Barre egiten ere ia ahazturik nengoen...

KAPITAINA: (purua pizten du) Ba ez da sekula ahaztu behar.. Nahikoa aspergarria da guztia!

ALIZIA: Dibertitua ez da behintzat!... Segiko al dugu kartetan?

KAPITAINA: Ez. Aspertu egiten nau. (pausaldia)

ALIZIA: Ba al dakizu zer esaten dizudan? Ez didala batere graziarik egiten nire lehengusua, lazaretoko zuzendari berria, ongi begiratzen ez digun jendearengana aurrena joateak.

KAPITAINA: Ez du merezi horretaz hitzegiteak.

ALIZIA: Ados nago. Baina irakurri al duzu egunkarian «errentadun» gisara aurkeztu zutela «bidaiarien helduerako» zerrendan? Diruak egingo zituen horrek, ezta?

KAPITAINA: Errentadun! Alajaina, tarteriako aberats bat! Gure familian dugun lehendabizikoa!

ALIZIA: Zurean, bai! Baina nirean jende aberats ugari izan da!

KAPITAINA: Diruak egin baditu, goian ekarriko du bere burua eta oilarra baino tenteago etorriko da... Baina nik kenduko dizkiot harropuzkeriak! Eta ez diot utziko muturra nire arazoetan sartzen!

 

(Telegrafoaren hotsa entzuten da)

 

ALIZIA: Nor ote da?

KAPITAINA: (zutitu, baina bere lekuan geratzen da) Mesedez, isil zaitez piska batean.

ALIZIA: Baina zoaz zer den ikustera!

KAPITAINA: Ongi entzuten dut hemendik! Mutilak dira!

 

(Aparaturaino joan eta erantzun bat teklaztatzen du. Gero berriz ere aparatuak funtzionatzen segitzen du eta KAPITAINak erantzun egiten du)

 

ALIZIA: Zerbait gertatzen al da?

KAPITAINA: Zaude piska batean!... (komunikazioaren amaia seinalatzen du). Mutilak ziren. Koartelera joan dira telegrafiatzera. Judit berriz ere makalik dago eta ez doa eskolara.

ALIZIA: Berriz! Beste zerbait gehiago ere esango zuten...

KAPITAINA: Dirua, jakina.

ALIZIA: Zergatik du Juditek hainbesteko presa? Nahikoa luke datorren urtean azterketa gainditzearekin!

KAPITAINA: Esaiozu! Jaramon handia egingo dizu, bai!

ALIZIA: Zeuk esan beharko zenioke!

KAPITAINA: Behin bakarrik esan diot ba! Baina baduzu ordua jakiteko haurrek nahi dutena egiten dutela beti!

ALIZIA: Hemen, zure etxean, bai behintzat!

 

(KAPITAINAK aharrausi egiten du)

 

ALIZIA: Horrela zabaldu behar al duzu ahoa zeure emaztearen aurrean?

KAPITAINA: Zer nahi duzu egitea ba?... Ez al zara konturatu bizitza osoa daramagula elkarri gauza bera esaten ala? Zuk betiko esaldi hori bota duzunean: «Hemen, zure etxean, bai behintzat!», nik ere neure betiko hori erantzun beharko nizukeen: «Ez da nirea bakarrik». Baina nola bostehun aldiz horrela erantzun dizudan, ahoa zabaltzea nahiago izan dut. Honela interpreta dezakezu nire aharrausia: erantzuteko nekerik ez nuela hartu nahi. Eta baitare: «arrazoi duzu, laztana». Edo: «tira, nahikoa da».

ALIZIA: Gaur ohi ez bezalako atsegina zaude!

KAPITAINA: Ez al da dagoeneko afaltzeko ordua?

ALIZIA: Ba al dakizu medikuak Grand Hotelera enkargatu duela afaria?

KAPITAINA: A, bai? Orduan faisana jango dute! (mihiari txasta eraginez) Ba al dakizu faisana dela hegaztirik goxoena? Baina txerri-gantzetan erretzea astakeria da...

ALIZIA: Uf! Utziozu jatekoaz hitzegiteari!

KAPITAINA: Ardoez hitzegitea nahiago al duzu? Pozik jakingo nuke zer edan behar duten basati horiek faisanarekin!

ALIZIA: Nahi al duzu zerbait jo dezadan?

KAPITAINA: (idazmahaira esertzen da) Azken erremedioa! Bai, jo ezazu. Baina utzi alde batera zeure hileta-martxak eta eresi negartiak... esan liteke halako aldarte berezi bat sorterazi nahi izaten duzula entzulearengan. Gutxienez nik imajinatzen dut beti esan nahi izaten duzula; «Begira zein dohakabea naizen ni! Miau, miau! Begira zein senar ikaragarria dudan nik! Grr, grr, grrf! Ah, laster hilko balitz! Danbor-hots alaia! Tronpeta-soinu pozkariotsua! Azken Haundia! Alkazar valtza! Txanpanjarioa! Eta txanpainaz ari garela, botila-pare bat geratzen zaigu, ezta? Nahi al duzu bila joan nadin? Jai batean bageunde bezala egin genezake...

ALIZIA: Ez, ez dut nahi. Ez nago jolasetarako. Gainera nireak dira. Niri erregalatu zizkidaten.

KAPITAINA: Beti bezain xur segitzen duzu...

ALIZIA: Eta zuk beti bezain ziztrin... zeure emaztearekin behintzat!

KAPITAINA: Ba ez dakit orduan... ez zait ezer bururatzen! Nahi baduzu dantza egingo dut zuretzat...

ALIZIA: Ez, eskerrikasko. Ez zaude ia dantzatarako.

KAPITAINA: Ez al zinateke egongo entretenituago adiskide bat etxean duzula?

ALIZIA: Ez, eskerrikasko. Eta zu ez al zinateke egongo entretenituago adiskide bat etxean duzula?

KAPITAINA: Ez, eskerrikasko. Frogatu genuen. Eta frakasoa erabatekoa izan zen. Baina esperimentuaren alderdi interesgarria izan zen konturatzea nola kanpokoren bat sartzean hasten ziren guretzat zorion-egun batzu..., hasieran behintzat...

ALIZIA: Baina... eta gero?

KAPITAINA: Ez zaidazu gogorarazi!

 

(Ezkerrekaldeko atea jotzen dute)

 

ALIZIA: Nor ote da ordu hauetan?

KAPITAINA: Jennyk ez du deitu ohi.

ALIZIA: Zoaz irekitzera. Eta ez oihu egin «aurrera», tailer bat dela ematen bait du honek!

KAPITAINA: (ezkerrekaldeko aterantz doa) Eta andreari ez zaizkio gustatzen tailerrak!

 

(Berriro jotzen dute atea)

 

ALIZIA: Ireki behingoan!

KAPITAINA: (ireki eta norbaitek emandako bisita-txartela hartzen du) Kristina da! Joan egin al da Jenny? (ikusleek erantzuna entzuten ez dutenez gero, ALIZIAri esaten dio). Jenny joan egin da!

ALIZIA: Berriz ere neskame-lanetan!

KAPITAINA: Eta ni morroi-lanetan!

ALIZIA: Ezin al liteke zure soldaduetakoren bat etorri niri sukaldean laguntzera?

KAPITAINA: Ez daude garaiak horretarako!

ALIZIA: Eta noiztik hasi zaizu Jenny bere txartela pasatzen?

KAPITAINA: (antiajuak jantzi, txartelari begiratu eta ALIZIAri ematen dio) Irakur ezazu, nik ezin dut!

ALIZIA: (txartela irakurriz) Kurt! Kurt da! Zoaz barrera egitera! Zoaz eta pasarazi! KAPITAINA (ezkerreko aldetik irtenez) Kaixo, Kurt! Ez genuen asko uste! (ALIZIAk ilea apaintzen du eta bizira esnatu dela ematen du)

KAPITAINA: (KURTekin ezkerretik sartuz) Hara, hemen daukagu traidorea! Ongietorri, Mutil! Besarkada bat!

ALIZIA: (KURTI) Ongietorri nire etxera, Kurt!

KURT: Eskerrikasko... Zenbat denbora elkar ikusi gabe!

KAPITAINA: Bai, denbora luzea... Hamabost urte! Dagoeneko zaharturik gaude...

ALIZIA: O, Kurt berdin-berdin dagoela esango nuke nik!

KAPITAINA: Eseri, eseri! Eta ezer baino lehenago... zure programa! Libre al zaude gaur gauean?

KURT: Medikuak bere jaira gonbidatu nau, baino ez diot agindu joango naizenik.

ALIZIA: Orduan gurekin geratuko zara, familian!

KURT: Baliteke normalena hori izatea! Baina, bestaldetik berriz, medikua nagusi dut eta ez joateak buruhausteren bat ekar liezadake...

KAPITAINA: Leloleriak! Nik sekula ez diet izan beldurrik neure nagusiei...

KURT: Beldurrik ez izateak ez ditu buruhausteak kentzen.

KAPITAINA: Hemen, uhartean, neu naiz jaun eta jabe. Nire babespean jartzen bazara, inor ez da sartuko zurekin!

ALIZIA: Isil zaitez, Edgard! Utz ditzagun alde batera nagusiak eta jabeak! Gaur gauean gurekin geratuko zara! Hori da zuzena! Inork ez dio gaizki iritziko!

KURT: Tira, geratuko naiz. Batez ere oso harrera beroa egin didazuelako.

KAPITAINA: Eta zergatik ez genizun egin behar harrera beroa ba? Ez gaude haserretuta... (KURTek ezin du disimulatu halako ondoez bat)

KAPITAINA: Ez dago arrazoirik! Zabar samarra izan zinen, egia da baina gaztea zinen... eta dena ahazturik dago! Ez naiz erratsua!

 

(ALIZIA, nahigabeturik)

 

(Hirurak jostundegiaren ondoan eserita daude)

 

ALIZIA: Eta... bazter asko ikusiko zenuen, ezta?

KURT: Bai, dexente. Eta orain nora etorriko eta zuenera nator.

KAPITAINA: Eta bertan nor aurkituko eta zuk orain hogeitabost urte ezkonerazitako bikotea aurkitzen duzu!

KURT: Ez zen xuxen-xuxen horrela izan, baina berdin dio. Pozten nau hogeitabost urtez elkarrekin iraun duzuela ikusteak...

KAPITAINA: Bai, bai, tirrika-tarraka iraun egin dugu... gorabeherekin, noski..., baina, diozun bezala, ezkontzak iraun egiten du. Eta Aliziak ez du kexabiderik. Ezeren beharrik ez du izan eta dirua barra-barra ibili da. Agian ez dakizu idazle ospetsua naizela, testuliburuen egilea...

KURT: Bai, gizona, ondotxo gogoratzen dut nik aldegin nuenerako nola argitaratua zenuen «Tirorako Eskuliburu» bat, erruz saltzen zena. Oraindik ere erabiltzen al dute Akademia Militarrean?

KAPITAINA: Oraindik lehen postuan dago, nahiz eta beste eskasago batek lekua kendu nahi izan dion... egia esan, hauxe erabiltzen dute orain... baina putzik ere ez du balio!

 

(Isilune ezerosoa)

 

KURT: Atzerritik ibili zaretela esan didate...

ALIZIA: Bai, bost aldiz izan gara Kopenhagen. Pentsa!

KAPITAINA: Hala da. Hara, Aliziari teatro utzerazi nionean...

ALIZIA: Utzerazi egin al zenidan?

KAPITAINA: Bai, utzerazi egin nizun..., hamaika gauza egin behar izaten du senarrak emaztearengatik...

ALIZIA: Bai ausarta bihurtu zarela!

KAPITAINA: Baina gero nola atergabe aurpegira botatzen zidan bere artista-karrera distirantea eten niola..., hum..., konpentsatzeko... zera agindu behar izan nion..., Kopenhagera eramango nuela... Eta bete egin dut... eta eskuzabalki gainera! Bost aldiz izan gara bertan! Bost! (ezkerreko eskua jasotzen du, hatzak hedatuz). Izan al zara Kopenhagen?

KURT: (irribarrez) Ez. Ia beti Estatu Batuetan egon naiz...

KAPITAINA: Estatu Batuak? Herrialde beldurgarria dirudi... gizatxarrez betea...

KURT: (ezeroso) Jakina, ez da Kopenhage, noski!

ALIZIA: Ba al duzu... zeure seme-alaben... berririk?

KURT: Ez!

ALIZIA: Barkatu, Kurt, baina oso begiramen gutxirekin portatu zinen modu hartan bertan behera uztean...

KURT: Nik ez nituen bertan behera utzi! Auzimahaiak amaren eskutan jarri zuen haien ardura...

KAPITAINA: Uztagun alde batera arazo hori! Nik uste suertea izan zenuela nahaste-borraste hartatik irtetean.

KURT: (ALIZIAri) Zer moduz zure seme-alabak?

ALIZIA: Oso ongi, eskerrikasko! Hiriko eskolara doaz. Ia-ia nagusi eginda daude!

KAPITAINA: Oso argiak dira! Mutikoak buru aparta du. Aparta! Estatu Nagusiko izatera iritsiko da...

ALIZIA: Onartzen badute!

KAPITAINA: Onartu? Bera? Defentsako Ministro izateko ezpala du-eta!

KURT: Gaia aldatuz... Badakizue hemen lazareto bat jartzekotan dabiltzala..., izurria, kolera eta beste pitxikeria batzu. Medikua, lehen ere esan dizuet, nagusi izango du... Zer gizon-mota da mediku hori?

KAPITAINA: Gizona? Hori ez da gizona! Lotsagabe galantza! Eta inozoa gainera!

KURT: (ALIZIAri) Benetan albiste txarra eman didazuena!

ALIZIA: Tira, behar bada ez da Edgardek jartzen duen bezain beltza gauza, baina ezin dizut ukatu niri ez zaidala batere begiko gertatzen!

KAPITAINA: Lotsagabea, besterik ez da hori! Beste guztiak bezala... Postetxeko Zuzendaria, Aduanakoa, telefonista, farmazeutikoa, praktikoa..., «Nestor» deitzen duten hori... denak dira lotsagabeak. Horregatik ez daukat traturik beraiekin!

KURT: Denekin haserreturik al zaude?

KAPITAINA: Denekin.

ALIZIA: Hala da. Egia esan ezin liteke traturik izan jende honekin.

KAPITAINA: Herrialde honetako tirano guztiak uharte honetara ekarri dituztela esan liteke!

ALIZIA: (ironiaz) Hala da. Ez da falta bat ere!

KAPITAINA: (umore onean) Hum! Nitaz ari bazara... Ni ez naiz tiranoa... neure etxean ez behintzat!

ALIZIA: Hobe duzu ez izatea!

KAPITAINA: (KURTi) Ez egin kasurik! Senar eredugarria naiz eta nire atsoa munduko emazterik hoberena da.

ALIZIA: Kurt, zerbait hartu nahi al duzu?

KURT: Orain ez, eskerrikasko.

KAPITAINA: Ez zinen bihurtuko...?

KURT: Edaten segitzen dut baina neurriz...

KAPITAINA: Amerikarren erara?

KURT: Bai.

KAPITAINA: Nik batere neurririk gabe edaten dut..., bestela nahiago dut abstemio izan! Gizonak gai izan behar du kopa banaka batzu agoantatzeko!

KURT: Berriro uharte honetako bizilagunetara etorriz! Nire lanak denekin harremanetan jarriko nau... eta uste dut ez dela erraza izango arazo guztiak gainditzea... Izan ere, norberak nahi ez badu ere intrigatan nahastu, jendea bizkor ibiltzen da inor bere istiluetan sarrerazteko.

ALIZIA: Zoaz horiekin, zoaz! Beti izango duzu hona itzultzeko aukera, benetako adiskideongana!

KURT: Ez al da izugarria bakarrik bizitzea, etsaiz inguraturik, zuen modura?

ALIZIA: Atsegina ez da behintzat, hori ez!

KAPITAINA: Ez da batere izugarria! Neure bizitza osoan etsaiak besterik ez ditut izan eta kalte egin beharrean aitortu behar dut aurrera jotzen lagundu didatela eta hil nadin egunean inori ez diodala ezer zor esan ahal izango dut eta inoiz ez didatela ezertxo ere eman doan! Daukadan guztia neure lanaren podorioz lortu dut! Burruka eginez!

ALIZIA: Egia da. Edgarden bizitza ez da izan larrosabidea...

KAPITAINA: Gardulatz eta harrizkoa baizik... sukarriz jositako bidea! Baina norbere indarra... zuk sentitzen al duzu? Konprenitzen al didazu zer esan nahi dudan?

KURT: (xalotasunez) Bai. Orain hamar bat une konturatu nintzen ez zela nahikoa.

KAPITAINA: Orduan gizajo haundi bat zinen!

ALIZIA: (KAPITAINAri) Edgard!

KAPITAINA: Halaxe da. Bere indar propioaz fidatzen ez bada gizajo haundi bat besterik ez da! Egia da makineria gelditzean geratzen dena karretilara bota eta jardinean barreiatu litekeela. Baina makineria ibili dabilen artean mutur joka ekin behar zaio, esku-zangoez egurra astindu, gorputzak eusten dion bitartean. Horixe da nire filosofia!

KURT: (barrezka) Gustua ematen du zuri entzuteak...

KAPITAINA: Baina ez al duzu uste zuzen nagoela?

KURT: Ez, ez dut uste.

KAPITAINA: Ba honelaxe da... zuk uste izan edo ez!

 

(Azken eszena honetan zehar haize gogor batek ekin dio jotzeari, eta foroko ate bat bapatean ixten du danbateko batekin)

 

KAPITAINA: (zutituz) Hau da haizea! Ekaitzaren susmoa hartuta nengoen ni! (Foroko atera joan eta itxi egiten du. Kolpetxo bat ematen dio barometroari).

ALIZIA: (KURTi) Hemen geratuko zara afaritan, ezta?

KURT: Bai, eskerrikasko.

ALIZIA: Oso afari arina izango da, neskameak alde egin bait digu.

KURT: Ziur nago bapo afalduko dugula!

ALIZIA: Gutxirekin duzu zuk nahikoa, Kurt!

KAPITAINA: (barometroaren ondoan) Ikusiko bazenute nola ari den jaisten barometroa! Banuen susmoa nik, bai!

ALIZIA: (KURTi, ahapean) Urduri dago.

KAPITAINA: Baina oraindik ez al da afaltzeko ordua?

ALIZIA: (zutituz) Oraintxe nindoan zerbait prestatzera! Geratu zuek hemen filosofiaketan... (KURTi, ahapean)... Baina ez egin kontrarik, bestela su ta gar jarriko da-eta! Eta ez galdetu zergatik ez zuten komandantetzara altxarazi!

 

(KURTek baietz esaten dio buruaz)

 

(ALIZIAk eskuinaldera jotzen du)

 

KAPITAINA: (jostundegiaren ondoan esertzen da, KURTen alboan) Ea zerbait ona prestaten diguzun, neska!

ALIZIA: Emaidazu dirua eta ikusiko duzu zer den ongi jatea!

KAPITAINA: Dirua, beti dirua!

 

(ALIZIA badoa)

 

KAPITAINA: (KURTi) Dirua, dirua, dirua! Egun osoa dirupoltsa hatzapar artean dudala pasatzen dut! Batzutan dirupoltsa bihurtu naizelako inpresioak hartzen nau! Inoiz izan al duzu sentsazio hori...?

KURT: Izan al dudan? Noski izan dudala. Baina alde batekin: nik kartera bihurtu nintzela uste izaten nuen.

KAPITAINA: Ha, ha! Orduan badakizu lelo horren berri, eh? Emakumeak! Ha, ha! Eta a zer nolako marisorginarekin topo egin zenuen zuk!

KURT: (pazientzia handiarekin) Txintik ere ez gehiago horretaz!

KAPITAINA: Pitxi ederra!... Niri behintzat —guztiarekin ere!— emakume on suertatu zait. Zera... guztiarekin ere!... behar bezalako emakumea da, prestua, zintzoa!

KURT: (atsegintasunez irribarre eginez) Guztiarekin ere!

KAPITAINA: Ez egin barrerik!

KURT: (lehen bezala) Guztiarekin ere!

KAPITAINA: Bai. Beti izan da emazte leiala, ama ezinobea, bai, aparta..., baina (eskuinaldeko atera begiratzen du) oso jenio bizia du, arraioak ez paituk! Ba al dakizu batzutan neure burua madarikatu egin izan dudala erretxin honekin ezkondu naizelako?

KURT: (patxadaz) Baina nik ez nuen egin! Entzuidazu, gizona...

KAPITAINA: Zaude isilik eta ez esan lelokeriarik! Zera gertatzen zaizu, gauza batzu ahaztu nahian zabiltzala... eta ez zaizu gustatzen gogorarazterik! Eta, mesedez, ez haserretu! Agintzen ohitutako gizona naiz eta oihu egiten ere bai, baina zuk ongi ezagutzen nauzu eta ez zarela haserretuko espero dut.

KURT: Bai zera! Baina berriz esaten dizut nik ez zintudala ezkondu zeure emaztearekin. Alderantziz baizik.

KAPITAINA: (bere berriketa etetea onartzen ez duelarik) Ez alderizkiozu, nolanahi ere, bizitza ondo gauza bitxia dela?

KURT: Horixe dela!

KAPITAINA: Eta zahartzea... ez da gustokoa, baina oso interesgarria da! Tira, ni ez naiz oso zaharra, baina urteei igarri egiten zaie! Adiskide guztiak piskanaka hiltzen ari dira eta norbera bakarrik geratzen da...

KURT: Zorionekoa bere emaztearen ondoan zahartzeko aukera duena!

KAPITAINA: Zorionekoa? Bai, suerte bat da, umeak ere joan egiten dira eta... Ez zenituen abandonatu behar senideak!

KURT: Baina nik ez nituen abandonatu! Kendu egin zizkidaten...

KAPITAINA: Ez haserretu esaten dizudanarengatik...

KURT: Baina ez zen horrela izan...

KAPITAINA: Zena zela ere berdin dio. Orain dena ahazturik dago. Gauza da bakarrik geratu zarela!

KURT: Edgard adiskidea, denera ohitzen da bat!

KAPITAINA: Baina baliteke... bakar-barrik bizitzera ere... ohitzea bat?

KURT: Hemen naukazu ni!

KAPITAINA: Zer egin duzu hamabost urte honetan?

KURT: A zer galdera! Hamabost urte honetan?

KAPITAINA: Dirua egin duzula ematen du... Aberatsa zara nonbait, ezta?

KURT: Aberatsa ez naiz...

KAPITAINA: Ez dizut ezer eskatuko...

KURT: Behar baduzu, nirekin kontatu...

KAPITAINA: Milesker baina ez dut behar kreditu ona daukat. Entzuidazu... (eskuinaldeko atera begiratzen du)... etxe honetan ez da onartzen ezerren faltarik. Eta nik dirurik ez dudan egunean... alde egingo du!

KURT: Ez, gizona, ez!

KAPITAINA: Ezetz? Ziur nago! Kontu egizu beti ataizean dagoela ea noiz geratzen naizen dirurik gabe neure familia mantentzeko ez naizela gauza agerian jartzeak ematen dion gustuarengatik bakar-bakarrik.

KURT: Orduan ez dira handiak izango..., normalean handiak esaten diren horietakoak...

KAPITAINA: Eta izaten ditut... baina ez dira nahikoa!

KURT: Orduan ez dira izango hain handiak... normalean handiak esaten diren horietakoak...

KAPITAINA: Bizitza estrainioa da. Eta gu ere bai!

 

(Telegrafoak seinale bat ematen du)

 

KURT: Zer da hori? Zer gertatzen da?

KAPITAINA: Ezer ez da. Ordua jotzen du.

KURT: Ez al duzue telefonorik?

KAPITAINA: Sukaldean. Baina telegrafoa bakarrik erabiltzen dugu, bestela telefonistak hor ibiltzen dira hitzegiten dugun guztia barra-barra zabaltzen.

KURT: Dirudienez bizitza gogorra da uharte honetan!

KAPITAINA: Gogorra ez, ikaragarria! Toki guztietan bizitza ikaragarria da! Eta uste al duzu haren ondoren, esan al diezadakezu bakerik izango den hil eta gero?

KURT: Han ere izango da burrukarik eta ekaitzik aski...

KAPITAINA: Han ere bai..., haraindi bat baldin badago! Orduan nahiago dut ezereztea!

KURT: Ba al dakizu ezereztea minazerik gabe gertatzen den?

KAPITAINA: Ni bapatean hilko naiz, oinazerik gabe.

KURT: Ah bai? Ba al dakizu?

KAPITAINA: Bai. Ba dakit!

KURT: Ez dirudi oso pozik zaudenik zeure bizimoduarekin...

KAPITAINA: (hasperenka) Pozik? Hil nadin egunean, orduantxe egongo naiz pozik.

KURT: Asko dakizu zuk!... Baina esaidazu: zertan aritzen zarete etxe honetan? zer gertatzen da hemen? Pozoinez etxea papereztatu bazenute bezalako usaina hartzen dut! Sartu orduko gaisorik jartzen da bat. Aliziari agindu ez banio geratuko nintzela, alde egingo nuen. Hildakoak daude lurperaturik harlauza hauen azpietan. Eta ia ezina da arnasa hartzea gorrotoz hain betea dagoen eguratsean!

 

(KAPITAINA bere aulkian erortzen da eta begiak tinkaturik dituela geratzen da begira-begira)

 

KURT: Edgar! Zer gertatzen zaizu, Edgar? Edgar!

 

(KAPITAINAK zirkinik egiteke jarraitzen du)

 

KURT: (eskuaz kolpe batzu ematen dizkio KAPITAINARI, sorbaldan) Edgar!

KAPITAINA: (senera etorriz) Zerbait al diozu? (Ingurura begiratzen du) Alizia zela uste nuen... Zu al zara, eh?.. Aizu... (Berriro apatian murgiltzen da)

KURT: Ikaragarria da hau (eskuinaldeko atera joan eta zabaldu egiten du) Alizia!

ALIZIA (sukaldeko mantala jantzita duela sartzen da) —Baina, zer gertatzen da?

KURT: Ez dakit! Begiraiozu!

ALIZIA: (lasai) Batzutan horrela geratzen da... beste nonbait balego bezala... Pianoa jotzen hasiko naiz eta ikusiko duzu nola esnatuko den.

KURT: Ez, horrela ez! Hori ez... Utzi niri! Ba al dakizu entzuten duen... edo ikusten duen?

ALIZIA: Orain ez du ez entzuten, ez ikusten.

KURT: Eta horrela diozu, hain lasai! Alizia, zer gertatzen da etxe honetan?

ALIZIA: Galdetu horri!

KURT: Horri, diozu? Baina zure senarra da-eta!

ALIZIA: Niretzat ezezagun bat da, orain hogeitabost urte bezain ezezaguna! Nik ez dakit ezer gizon horretaz..., zera izan ezik...

KURT: Ixo! Entzun egingo dizu-ta!

ALIZIA: Orain ez du ezer entzuten!

 

(Kanpoan, tronpeta-hots bat entzuten da)

 

KAPITAINA: (saito batez zutitu, sablea eta uniformearen txanoa hartzen ditu) Zentinelei errebista pasatzera joan beharra daukat!

 

(Foroko atetik ateratzen da)

 

KURT: Gaisorik al dago?

ALIZIA: Ez dakit.

KURT: Zentzua galdu al du?

ALIZIA: Ez dakit.

KURT: Edan egiten al du?

ALIZIA: Ez asko, hotsa gehiago ateratzen du edan baino...

KURT: Eseri eta hitzegin behar dugu! Lasai eta benetan!

ALIZIA: (eseri egiten da) Zer nahi duzu esatea? Bizitza osoa dorre honetan pasa dudala, sartuta, beti gorrotoa izan diodan eta oraindik ere gorrotoa diodan gizon baten zelatapean eta hilko den egunean nire barrealgarak ilargitik bertatik ere entzungo dituzte!

KURT: Zergatik ez zarete banatu?

ALIZIA: A ze galdera! Ezkongaietan, bi aldiz banatu ginen. Harrez gero saiatu gara banatzen..., baina bata besteari soldaturik gaude eta ezin gara apartatu. Behin banaturik egon ginen, hemen, dorrean, bost urtez! Orain heriotzak bakarririk bana gaitzake. Badakigu hori-eta horregatik itxaroten diogu askatzaile bati-bezala!

KURT: Zergatik bizi zarete hain bakarrik?

ALIZIA: Isolatu nauelako! Nire ahizpak etxetik bidaltzetik hasi zen. «Exterminatu» egin zituen, berak esan ohi duenez!... Gero nire adiskideak eta gainerakoak...

KURT: Eta bere ahaideak? Zuk «exterminatuko» zenituen...

ALIZIA: Bai. Izan ere ohore eta izen ona kentzeaz nahikoa ez bazuten, nirekikoak egin nahi zituzten. Azkenean telegrafo honen bitartez jendearekin komunikatzera beharturik aurkitu nuen neure burua... zeren telefonistek kontrolaturik bait zeukaten gure telefonoa. Neure kasa ikasi nuen telegrafiatzen eta berak oraindik ez daki hori. Ez zaiozu esan bestela hil egingo ninduke-eta!

KURT: Izugarria, izugarria da hau! Ikaratzekoa! Baina zergatik leporatzen dit zuen ezkontzaren errua? Utzidazu esaten zer gertatu zen! Dakizunez, Edgard izan zen gaztetako nire lagunik handiena. Egun baten ezagutu zintuen eta hezurretaraino maitemindu zen zutzaz. Bitarteko izateko eskatu zidan baina nik ezezkoa eman nion. Nik ezagutzen zintudan, Alizia, eta banekien oso nagusikoia eta krudela zinela. Eta jakinaren gainean jarri nuen... Bera oso gogaikarri jarri zen eta zure anaiarengana joan zedila kontseilatu nion bitartekotza egin ziezaion.

ALIZIA: Sinesten dizut, baina ez pentsa iritziz aldaraziko duzunik... Azken urte hauetan erabat komentziturik egon da horretaz... eta orain beranduegi da...

KURT: Zer egingo diogu ba orduan! Errua bota diezadala, horrek lasaitzen badu!

ALIZIA: Baina gehiegi da...

KURT: Hain nago ohitua.... baina benetan onetik ateratzen nauena zera da, seme-alabak abandonatu omen ditudalako salakuntza bidegabeko hori...

ALIZIA: Hori horrelakoxea duzu. Derizkiona esaten du eta gero sinetsi egiten du! Baina begi onetik hartu zaituela uste dut, batez ere kontrarik ez bait diozu egiten... Ez zaitez gurekin gogaitu, arren!... Oso egokiera onean iritsi zarelakoan nago... Probidentzialean, zerak bidalita bezala... Kurt! Eraman egin behar diguzu! Ez zaitez nekatu gutzaz ze, zalantzarik gabe, munduko izakirik dohakabeenak bait gara!

 

(Negarrari ematen dio)

 

KURT: Ezkondu batzu ikusiak ditut hurbiletik... eta beldurgarria zen haien egoera! Baina hauena oraindik okerragoa dela esango nuke!

ALIZIA: Hala uste al duzu?

KURT: Bai!

ALIZIA: Nork du errua?

KURT: Mesedez, Alizia! Utzi galdezka aritzeari «nork duen errua» eta ikusiko duzu nolako lasaitua hartuko duzun. Emandako zerbait balitz bezala, gertatu den zerbait bezala onartzen ahalegindu zaitez, bizkarrean eraman beharreko gurutze gisa...

ALIZIA: Ezin dut! Gehiegi da! (Zutitu egiten da). Ez dago erremediorik!

KURT: Dohakabeak halakoak! Ba al dakizue gutxienez zergatik diozuen gorrotoa elkarri?

ALIZIA: Ez! Erabat gorroto arrazoigabea da! Zergatikorik eta helbururik ez duen gorrotoa.... inoiz amaituko ez dena! Ba al dakizu zergatik dion beldur handiagoa heriotzari? Berriz ezkonduko ote naizen beldur delako.

KURT: Orduan malte zaitu!

ALIZIA: Baliteke. Baina horrek ez dio traba egiten gorrotoa izateari!

KURT: (bere buruarekin hitzegiten ari balitz bezala) «Maitasun-gorrotoa» deitzen duten hori da. Maitasun eta gorrotozko nahaste bat da, infernuaren sorkari bat... Atsegin al du beretzat pianoa jo dezazun?

ALIZIA: Bai, pieza negargarri banaka batzu bakarrik..., adibidez, Boiardoen Sarrera petral honi. Entzuten duenean zoratuta balego bezala jartzen da eta dantzan hasten da.

KURT: Dantzan?

ALIZIA: Bai, noizean behin oso umore onean jartzen da!

KURT: Beste gauza bat... eta barkatu galdera... Non dira zure seme-alabak?

ALIZIA: Agian ez dakizu bi hil egin zirela...

KURT: Eta beste biak?

ALIZIA: Hirian. Ezin dira bizi etxean. Atergabe nire kontra xaxatzen aritzen zen...

KURT: Eta zu beraren kontra...

ALIZIA: Jakina! Eta bi bando sortzen ziren eta pentsa dezakezu, aldekoak egiteko sobornoa, ustelkeria... edozer erabiltzen zen. Umeak ez desegiteko, geuregandik banatzea erabaki genuen. Batugarri izan beharko zukeena banagarri gertatu zen. Etxe baten bendizio izan ohi dena, gure kasuan, madarikazio bihurtu zen... Arraza madarikatu baten kideak ez ote garen egoten naiz batzutan!

KURT: Erorikoaren ondoren, bai, hala da!

ALIZIA: (begirada pozoitsu eta ahots sarkor batekin) Zer eroriko?

KURT: Adan eta Ebarena!

ALIZIA: A, bai! Beste zerbaitetaz ari zinelakoan nengoen!

 

(Isilune ezerosoa)

 

ALIZIA: (eskuak bilduta, gibiztatuta) Kurt! Lehengusua zaitut, gaztetako laguna! Ez naiz beti beharko nukeen bezala portatu zurekin! Baina dagoeneko izan dut neure zigorra eta mendekaturik zaude!

KURT: Mendekaturik? Ez aipatu mendekurik! Nik ez dut nahi mendekurik!

ALIZIA: Gogoan al duzu igande hura..., andregala zenuela... eta nik bazkaltzera gonbidatu zintuztedala?

KURT: Zaude isilik!

ALIZIA: Ez! Hitzegin beharra daukat... erregutu egiten dizut..., errukitu nitzaz... Etxeratu zinetenean, gu ordurako joanak ginen eta jan gabe itzuli behar izan zenuten!

KURT: Zuek ere gonbidatu zintuzteten egun horretan! Ez zaio hainbeste buelta eman behar horri!

ALIZIA: Kurt! Arestian afaltzera gonbidatu zaitudanean, despentsan zerbait geneukalakoan nengoen. (aurpegia estaltzen du eskuez). Eta ez dago ezer, ogi-koskor bat ere ez!

 

(Negarrari ematen dio)

 

KURT: Alizia gajoa!

ALIZIA: Baina bera jatera etorri eta ezer ez badago... su ta gar jartzen da! Zuk ez duzu inoiz ikusi haserreturik! Jainko maitea, a ze lotsa!

KURT: Kanpora joan eta berehalaxe konponduko dut nik hau.

ALIZIA: Uhartean ez duzu ezer aurkituko!

KURT: Ez da niregatik, bera eta zuregatik baizik... Utzi pentsatzen ea zerbait bururatzen zaidan... Itzulitakoan dena txantxetan hartuko dugu... Hirurok eseri eta kopa bana hartzea proposatuko diot eta bitartean bururatuko zait zerbait... Umore onean jarri behar da... Jo ezazu hain gustokoak dituen txatxukeria horietakoren bat... Eseri pianora eta prest egon!

ALIZIA: Begira zer eskuak! Uste al duzu pianoa jotzeko gauza naizela esku hauekin? Ontziak garbitu, urredurei distira atera, estufak piztu, gelak txukundu... dena egin behar izaten dut.

KURT: Baina ez al dituzue bi neskame?

ALIZIA: Hori da esan behar dena... kapitaina bait da... Baina egia esateko etengabe alde egiten digute neskameek..., horrela ba, batzutan neskame gabe egoten gara..., tira, ia beti... Nola soluzionatu behar dut hau..., afariaren kontu hau? Zergatik ez ote du su hartzen etxeak!

KURT: Ixo, Alizia, zaude isilik!

ALIZIA: Zergatik ez ote gaitu itsasoak igo eta irensten!

KURT: Zaude isilik, Alizia! Ezin dut eraman zuri horrelakoak entzutea!

ALIZIA: Zer esango ote dit? Zer esango ote dit itzulitakoan?. Ez alde egin, Kurt! Ez utzi bakarrik!

KURT: Ez, Alizia..., ez dut alde egingo!

ALIZIA: Baina zuk alde egindakoan...

KURT: Inoiz jo al zaitu?

ALIZIA: Ni? Bai zera! Badaki alde egingo niokeela! Oraindik ez dut galdu erabat neure dintasuna!

 

(Kanpoan oihu batzu entzuten dira: «Alto! Nor da? Adiskide on bat!»)

 

KURT: (zutituz) Bera al da?

ALIZIA: (ikaraturik) Bai, bera da!

KURT: Eta orain ze arraio egin behar dugu?

ALIZIA: Ez dakit! Nik ez dakit!

KAPITAINA: (forotik sartzen da, alai) Bukatu da. Orain libre nago! Ederki, ederki..., honez gero kontatuko zizkizun bere koita guztiak! Gajoa halakoa... ez al duzu uste?

KURT: Zer eguraidi egiten du hor kanpoan?

KAPITAINA: Ia ekaitz-giroa. (atea erdireki eta txantxetan bezala dio). Bizar Urdin bere gazteluan dontzeilarekin. Zentinela, bere sable biluziarekin, zelatari. Dontzeila ederraren anaiak hurbiltzen dira, baina zentinela bere postuan dago..., begiraiozue!..., paseatzen..., bat, bi; bat, bi! Zentinela aparta! Begiraiozue! Tarantantan, tarantantan, tarara! Zergatik ez egin ezpata-dantza? Kurtek ikusi egin behar du!

KURT: Nahiago nuke Boiardoen Sarrera dantzatzea.

KAPITAINA: Kontxo, ezagutzen al duzu... zuk!? Alizia, zatoz hona, sukaldeko mantalarekin, eta jo Boiardoen Sarrera. Etortzeko esan dizut!

 

(ALIZIA, gogoz kontra, piano aldera doa)

 

KAPITAINA: (Besoan zimiko eginez) Txakurrenak esango zenizkion nitaz, ezta?

ALIZIA: Nik?

 

(KURTek birerdi eman eta beste leku batera begiratzen du)

 

(ALIZIAk «Boiardoen sarrera» jotzen du)

 

(KAPITAINAK dantzari ekiten dio, idazmahaiaren atzean, dantza hungariar gisako bat, ezproinei hotsa ateraz. Bapatean lurrera erortzen da zerraldo. Ez KURT eta ez ALIZIA ez dira ohartzen honetaz. ALIZIAk jotzen segitzen du pieza amaitu arte)

 

ALIZIA: (itzuli gabe) Joko al dut berriro?

 

(Isilaldia)

 

ALIZIA: (bira eman eta KAPITAINA lurrean etzanda ikusten du korderik gabe, nahiz eta ikuslearentzat idazmahaiak esaltzen duen) Jainko maitea!

 

(Emaztea zutik geratzen da, besoak bular gainean tolestaturik, eta hasperen bati jaregiten dio, eta eskerron eta lasaitasunezkoa dirudi)

 

KURT: (bira eman eta presaka KAPITAINArengana doa) Baina... zer gertatu da? Zer gertatzen da?

ALIZIA: (nerbio-tentsio nabarmeneko egoeran) Hilik al dago?

KURT: Ez dakit! Lagunidazu!

ALIZIA: (ez da mugitzen) Ezin dut ukitu ere egin... Hilik al dago?

KURT: Ez! Bizirik dago!

 

(ALIZIAk hasperen egiten du)

 

(KURTek aulkian esertzen laguntzen dio zutik jarri den KAPITAINARI)

 

KAPITAINA: Zer gertatu da? (Isilunea) Zer gertatu da?

KURT: Erori egin zarela.

KAPITAINA: Besterik gertatu al da...?

KURT: Lurrera erori zara. Besterik ez da izan. Nola zaude orain?

KAPITAINA: Ni? Primeran! Nola egon behar dut bada? Ez dut batere gogoratzen zer gertatu den. Zertan zaudete hor biok papau batzuren modura begira?

KURT: Gaisorik zaude!

KAPITAINA: A zer lelokeria! Zuk, Alizia, segi jotzen!... Ai! Hemen dator berriz ere!

 

(Burura eramaten ditu eskuak, mina arintzeko bezala)

 

ALIZIA: Ikusten nola zauden gaisorik!

KAPITAINA: Ez egin oihurik! Zorabio bat besterik ez da izan eta!

KURT: Medikuak ikusi behar zaitu! Telefonoz deitzera noa...

KAPITAINA: Ez dut nahi inolako medikuk ikusterik!

KURT: Ba ikusi egingo zaitu! Gure interesez baizik ez bada ere. Zerbait gertatuko balitzaizu, gu izango ginateke erantzuleak!

KAPITAINA: Baldin badator etxetik kanpora botako dut!... Tiroa emango diot!... Ai! Hemen da berriz ere!

 

(Eskuak burura eramanez)

 

KURT: (eskuinaldeko atera doa) Oraintxe bai banoala telefonoz deitzera! (Badoa)

 

(ALIZIAk mantala eranzten du)

 

KAPITAINA: Baso bete ur eman nahi al didazu?

ALIZIA: Ez dut beste erremediorik!

KAPITAINA: Beti bezain atsegina zu!

 

(Baso bete ur ematen dio)

 

ALIZIA: Gaisorik al zaude?

KAPITAINA: Agian barkatuko didazu makalik egotea...

ALIZIA: Eta orain, prest egongo al zara zeure osasuna zaintzeko?

KAPITAINA: Ez dirudi zu oso prest zaudenik behintzat!

ALIZIA: Horretaz ziur baino ziurrago egon zintezke.

KAPITAINA: Iritsi da hainbeste nahi izan duzun momentua!

ALIZIA: Eta inoiz ez zela iritsiko zuk uste zenuena...

KAPITAINA: Ez egon haserre nirekin!

KURT: (eskuinaldetik sartuz) Izugarria da... negargarria...

ALIZIA: Zer esan dizu?

KURT: Zer esan dizu?

KURT: Telefonoa eseki dit. Besterik gabei

ALIZIA: (KAPITAINAri) Hauek dira zure harropuzkeria guzti horren ondorenak!

KAPITAINA: Okerrago sentitzen naiz... Datorrela mediku bat hiritik!

ALIZIA: (telegrafora doa) Orduan telegrafiatu egin beharko dut.

KAPITAINA: (jaiki nahian bezala, txunditurik) Zuk... telegrafiatzen... dakizula!

ALIZIA: (telegrafiatuz) Bai. Ikusten duzu!

KAPITAINA: Ah, bai?.. Ba egin orduan!... Zirauna halakoa! Nola engainatu nauen! (KURT!). Kurt, eseri hemen, nire ondoan.

 

(KURT KAPITAINAren ondoan esertzen da)

 

KAPITAINA: Heldu eskutik! Eserita nago eta erortzen ari naizen sentsazioa daukat... Ulertzen al didazu? Aldapan behera erortzearena bezalakoa... Oso estrainioa da!

KURT: Inoiz izan al duzu honen moduko atakerik?

KAPITAINA: Inoiz ez!

KURT: Hiritiko erantzunaren zain zaudeten bitartean, medikuarekin hitzegitera noa. Lehen bisitatzen al zintuen?

KAPITAINA: Bisitatzen ninduen.

KURT: Orduan badaki zure egoera fisikoaren berri.

 

(Ezkerraldera doa)

 

ALIZIA: Erantzuna ez da berandutuko. Oso atsegina zara, Kurt! Eta bizkor etorri!

KURT: Albait lasterren (Badoa)

KAPITAINA: Kurt oso jatorra da! Horrek egin du aldea!

ALIZIA: Bai. Eta hoberako. Baina egundoko pena ematen dit infernu honetan erori delako.

KAPITAINA: Zorionak ere emateko moduan zaude! Pozik jakingo nuke zein den bere benetako egoera! Konturatu al zara nola uko egiten zion bere arazoei buruz hitzegiteari?

ALIZIA: Konturatu naiz. Baina zuzeneko galderarik ere ez diogu egin!

KAPITAINA: Pentsa... horren bizimodua! Eta gurea! Uste al duzu mundu guztiaren bizitza gurea bezalakoa dela?

ALIZIA: Ziurrenik bai. Nahiz eta guk adina ez hitzegin horretaz!

KAPITAINA: Batzutan ematen dit buruak ezbeharrak ezbeharra dakarrela, eta jende zoriontsuak haizatu egiten dituztela zorigaitzak! Horregatik ez gara irtengo gu mixeria-zulo honetatik!

ALIZIA: Inor ezagutu al duzu zoriontsu denik?

KAPITAINA: Ez dakit... utzi pentsatzen! Ba... ez!... Bai, bai! Ekmarkarrak!

ALIZIA: Baina zer ari zara esaten! Andrea iaz operatu zuten-eta...

KAPITAINA: Egia da! Ba orduan... ez dakit!... Ah, bai!... von Kraftarrak!

ALIZIA: Bai, familia horren bizitza xoramen hutsa da. Dirua sendo, begiratuak, seme-alaba eredugarriak eta ongi ezkondu zaizkienak, honelaxe berrogeitamar urte arte. Orduan lehengusu hark krimen bat egin eta gartzelara joan behar izan zuen, horrek dakarren guztiarekin. Kitto xoramena! Egunkari guztietan lurraren pare agertzen zen haien deitura... Hura desohorea! Kraftarren krimena, jendeak esaten zuenez, aski izan zen familia horretako senideak, hain estimatuak izanak, izurridun bihurturik uzteko. Kaiera irteten ere ez ziren ausartzen eta neskamutikoak eskolatik ere atera egin behar izan zituzten... Jainko maitea!

KAPITAINA: Zer gaitz dudan jakin nahi nuke...

ALIZIA: Zuk zer uste duzu?

KAPITAINA: Bihotza, edo burua! Badirudi arimak irten egin nahi didala gorputzetik eta ke-laino baten modura desegin.

ALIZIA: Goseak al zaude?

KAPITAINA: Bai! Zer gertatzen da afariarekin?

ALIZIA: (gelan barrera urduri paseatuz) Banoa Jennyri galdetzera!

KAPITAINA: Jennyk alde egin du!

ALIZIA: Ah, bai, bai!

KAPITAINA: Deitu Kristinari eta basokada bat ur fresko ekartzeko esaiozu.

ALIZIA: (deika) Adi egon ea... (Berriz deitzen du). Ez du entzuten!

KAPITAINA: Zoaz ikustera... ea horrek ere alde egin duen!

ALIZIA: (ezkerraldeko atera joan eta zabaldu egiten du) Zer da hau? Kutxa oraindik pasiluan dauka!

KAPITAINA: Orduan alde egin izango du.

ALIZIA: Hau infernua da!

 

(Negarrari ematen dio, belauniko erortzen da eta burua aulki baten jarlekuan ezartzen du, zotinka)

 

KAPITAINA: Eta dena batera!... Eta gainera Kurt etortzen zaigu gure istilu guztiak ikustera! Beste umilizio bat gehiago sufritu behar badugu, datorrela atzera orain, baina oraintxe bertan!

ALIZIA: Ah, ba al dakizu zer bururatu zaidan? Kurt ez dela itzuliko!

KAPITAINA: Larri ibili!

ALIZIA: Bai, izurridun batzu gara!

KAPITAINA: Zer arraio esan nahi duzu horrenbestez?

ALIZIA: Baina ez al duzu ikusten nola mundu guztiak ihes egiten digun?

KAPITAINA: Berdin zait! Mesprexua diet! (telegrafoaren hotsa entzuten da). Zaude isilik! Hemen dago erantzuna! Isilik, entzuten ari naiz-eta... Inork ez du astirik! Aitzakiak! Hori jendaila!

ALIZIA: Ongi merezia daukazu! Beti zeure medikuak mesprexatu izan dituzulako gertatzen zaizu hori... eta zorrak ordaindu ez dizkiezulako!

KAPITAINA: Ez da egia...

ALIZIA: Baina ahal zenuenean ere ez zenien ordaintzen eta... Ba al dakizu zergatik? Mesprexua zeniolako haien lanari, nireari eta mundu guztiarenari bezalaxe...! Ez dute etorri nahi! Eta telefonoa etenda dago, horrek ere ez zuela ezertarako balio uste bait zenuen! Zure fusilak eta kainoiak izan ezik, gainerako guztiak ez du putzik balio!

KAPITAINA: Isildu erretolika horiekin!

ALIZIA: Eginaren ordaina!

KAPITAINA: Baina zer txepelkeria ari zara esaten... Sineskeriak dira horiek... atso zahar-kontuak!

ALIZIA: Ikusiko duzu!... Ez al dakizu Kristinari sei hilabeteko soldata zor diogula?

KAPITAINA: Tira, gutxi gorabehera lapurtu duenarekin...

ALIZIA: Baina gainera dirua mailegatu behar izan nion...

KAPITAINA: Batere ez nintzateke harrituko!

ALIZIA: Eskergabe halakoa! Ondotxo dakizu haurrek hirira bidaia egiteko eskatu nuela diru hori!

KAPITAINA: Eta Kurt? Hori itzuliko omen zen! Besteak bezalako lotsagabea hori ere! Eta koldarra gainera! Ez zen ausartu esaten gutaz gogaiturik zegoela eta hobeto pasako zuela medikuaren dantzaldian. Agian afari txarren bat esperoko zuen... Doilorkume bat izan da bere bizitza osoan, doilorkume bat!

KURT: (ezkerraldetik lasterka sartuz) Hara, Edgar maitea, honela daude gauzak... Medikuak buruz daki zure bihotzaren berri...

KAPITAINA: Bihotza?

KURT: Bai, aspalditik daukazu bihotz esklerotikoa...

KAPITAINA: Harrizko bihotza, esaten dena?

KURT: Eta...

KAPITAINA: Grabea al da?

KURT: Bai!

KAPITAINA: Hilgarria?

KURT: Asko zaindu beharrean zaude! Aurrena: utikan purua!

 

(KAPITAINAk bota egiten du purua)

 

KURT: Gero: utikan whiskya!... Eta ondoren... ohera!

KAPITAINA: (izuturik) Ez, hori ez! Ohera, ez! Hori akabua da! Ez naiz jaikiko gehiago! Gaur gauean dibanean etzango naiz! Zer gehiago esan dizu?

KURT: Oso atsegin egon da. Eta deitu bezain lester etorriko zitzaizula esan dit.

KAPITAINA: Atsegin egon da orduan? Hori hipokrita! Ez dut ikusi nahi!... Eta jan al dezaket?

KURT: Gaur gauean, ez! Eta datozen egunetan esnea bakarrik!

KAPITAINA: Esnea? Ezin dut irentsi!

KURT: Ikasi egin beharko duzu ba!

KAPITAINA: Ez, zaharregia naiz ikasteko!

 

(Eskuak burura eramaten ditu). Ai, hemen da berriz ere!

 

(Eserita geratzen da begirada galduarekin)

 

ALIZIA: (KURTi) Zer esan du medikuak?

KURT: Hil egin litekeela!

ALIZIA: Bedeinkatua bedi Jainkoa!

KURT: Kontuz, Alizia, kontuz! Eta orain ekarrizkidazu burukoa eta manta! Sofan eratzango dut! Eta ni aulkian geratuko naiz gau osoan beila egiten!

ALIZIA: Eta ni?

KURT: Zu zoaz lotara. Zu hemen egoteak okerragotu besterik ez du egiten honen egoera!

ALIZIA: Agindu eta obedituko dizut! Izan ere, zu gu bioi nondik on egingo bait zabiltza!

 

(ALIZIA ezkerraldera doa)

 

KURT: Bioi bai. Ez ahaztu hori! Ez naiz zuetako inoren alde jarriko!

 

(Ur-botila hartu eta eskuinaldetik ireteten da)

 

(Ekaitz-hotsa entzuten da. Halako batean foroko atea zabaltzen du haizeak eta ATSO ZAHAR bat agertzen da bertan, itxura errukarri eta desatseginarekin)

 

KAPITAINA: (esnatu, jaiki eta ingurura begiratzen hasten da) Dirudienez lotsagabe horiek bakarrik utzi naute! (Ikusten du ATSOA eta ikaratu egiten da). Nor zara zu? Zer nahi duzu?

ATSOA: Nik, jauna, atea itxi besterik ez nuen nahi...

KAPITAINA: Zergatik? Zergatik?

ATSOA: Haizeak ireki duelako ni parean pasatzean.

KAPITAINA: Lapurreta... hori egin nahi zenuen zuk!

ATSOA: Kristinak dioenez, ez dago zer eraman handirik!

KAPITAINA: Kristina!

ATSOA: Gabon, jauna. Ondo lo egin!

 

(Atea itxi eta badoa)

 

(ALIZIA ezkerraldetik sartzen da buruko batzu eta mantarekin)

 

KAPITAINA: Nor zen ateko hori?.. Ala inor ez zen?

ALIZIA: Bai, Maia zaharra zen, asilokoa, parean suertatu da...

KAPITAINA: Ziur al zaude?

ALIZIA: Beldurrez al zaude?

KAPITAINA: Beldurrez ni? Bai zera!

ALIZIA: Nola ohean sartu nahi ez duzun, etzan zaitez hemen.

KAPITAINA: (joan sofara eta bertan etzaten da) Hemen etzango naiz! (ALIZIAren eskua hartu nahi du, baina honek alboratu egiten du)

 

(KURT ur-botilarekin sartzen da)

 

KAPITAINA: Kurt, ez alde egin! Ez nazazu utz bakarrik!

KURT: Hementxe egongo naiz gau osoan zurekin! Alizia lotara doa oraintxe!

KAPITAINA: Gabon, Alizia!

ALIZIA: (KURTi) Gabon, Kurt!

KURT: Gabon!

KURT: (hartu aulkia eta KAPITAINAren ondoan esertzen da) Botak ez al dituzu erantzi behar?

KAPITAINA: Ez! Gerrariak beti prest egon behar du!

KURT: Baina burrukaren baten zain al zaude ala?

KAPITAINA: Agian bai!.. (Ohe gainean agonduz). Kurt! Zu zara neure bihotza ireki diodan pertsona bakarra... Entzuidazu... Gaur gauean hiltzen banaiz... ez ahaztu nire seme-alabak!

KURT: Agintzen dizut!

KAPITAINA: Eskerrikasko! Fidatzen naiz zure hitzean!

KURT: Azalduko al didazu zergatik daukazun hainbesteko fidantza nigan?

KAPITAINA: Sekula ez gara izan adiskideak, ze nik ez bait dut sinesten adiskidetasuna. Gainera gure familiak betidanik etsaiak ziren eta atergabeko gerran ari ziren elkarren artean...

KURT: Eta hala eta guzti ere fidatzen al zara nigan?

KAPITAINA: Bai! Eta ez dakit zergatik! (isilunea) Hilko naizela uste al duzu?

KURT: Mundu guztia bezalaxe. Zu ez zara izango salbuespen!

KAPITAINA: Gogorra zara...

KURT: Bai!... Beldurra al diozu heriotzari? Karretila eta jardinari!

KAPITAINA: Eta hori azkena izango ez balitz?

KURT: Asko daude ezezkoan.

KAPITAINA: Eta gero?

KURT: Dena sorpresa, nik uste.

KAPITAINA: Baina inork ez daki ezer ziurrik...

KURT: Ez. Eta horregatik egon behar da denerako prest.

KAPITAINA: Baina ez zara hasiko orain esaten infernuan sinesten duzula umekondo bat bazina bezala!

KURT: Eta zuk ez duzu sinesten, bertan bizi zara-eta?

KAPITAINA: Metafora bat besterik ez da izan!

KURT: Hain benetasun handiarekin deskribatu duzu zeurea ze metaforatan pentsatzerik ez dagoen, ez poetikotan ez bestelakotan!

 

(Isilunea)

 

KAPITAINA: Bazeneki nola nozitzen dudan!

KURT: Gorputza?

KAPITAINA: Ez, ez da gorputza!

KURT: Orduan arima izan behar Ez dago beste aukerarik!

 

(Pausaldia)

 

KAPITAINA: (ohean agondurik) Ez dut hil nahi!

KURT: Oraintxe puntuan ezereztea nahi zenuen!

KAPITAINA: Bai, oinazetsua izango ez balitz!

KURT: Baina bada!

KAPITAINA: Orduan... hau al da ezereztea?

KURT: Hasiera!

KAPITAINA: Gabon!

KURT: Gabon!

 

        (Dekoratu bera. Lanpara itzaltzeko zorian dago. Goiz lainotua ikusten da leiho eta ateetako kristaletatik. Itsasoa asaldatua. Bateriako ZENTINELAk bere postuan segitzen du. KAPITAINA lotan dago dibanean. Haren alboan, KURT aulkian eserita dago, zurbil eta nekaturik esnai egon delako).

 

ALIZIA: (ezkerraldetik sartzen da) Lo al dago?

KURT: Bai, eguzkiak irten beharko zuen garaitik.

ALIZIA: Nola pasa du gaua?

KURT: Tarteka lo eginez eta erretolika batean.

ALIZIA: Zer zioen?

KURT: Erlijioaz aritu da hizketan, eskolaume baten pare, baina unibertsoaren misterioa argitu duenaren pantasiarekin. Azkenean, goizaldera, arimaren hilezkortasuna aurkitu du!

ALIZIA: Bere aintza handiagorako!

KURT: Hola izan da... holaxe juxtu juxtu! Nire begiean aurrean jarri den gizonik harroputzena da. «Ni banaiz, beraz Jainkoa ez da existitzen».

ALIZIA: Zu ere konturatu zara!... Begira bota horiei! Beroriekin lurra zapalduko zuen, erabat lau-lau utzi arte... utzi izan baliote! Beroriekin zapaldu ditu inoren zelai eta jardinak! Beroriekin zapaldu ditu asko eta asko oinetan eta ni buruan! Otso odolzalea... zu ere harrapatu zaitu azkenean balak!

KURT: Komikoa izango litzateke hori, trajikoa ez balitz. Eta bere ziztrinkeria guztien erdian baditu handitasun-kolpe batzu ere! Ezin al duzu esan zerbait onik beronetaz?

ALIZIA: (eseri egiten da) Bai, baina ez dezala entzun! Aski du animozko hitz bakar bat harropuzkeriaz burua galtzeko!

KURT: Orain ez du entzuten, Morfina hartu du.

ALIZIA: Edgar etxe pobrean jaioa da, familia ugarian. Gazte-gaztetatik klase partikularrak emateari ekin behar izan zion familia mantentzeko, ze aita gastatzaile purrukatua bait zuen edo okerrago dena. Ulertzekoa da oso gogorra dela mutil gazte batentzat bere adinekoen gozamen guztiei uko egin eta beltz baten pare lanean aritu behar izatea eskergabeko ume-mordo batentzat, gainera berak mundura ekarriak ez zirelarik. Ni artean neska koskor bat besterik ez nintzela, han ikusten nuen mutil eginik, abrigurik gabe negu minean, hogeitabost gradurekin zeroz azpitik... beraren anai-arrebak oihal onezko abriguez jantzita zebiltzan bitartean... Handitasun aparteko baten jabe zen! Eta nik miretsi egiten nuen, nahiz eta beraren itsusitasunak ikaratzen baninduen ere! Ez al duzu aurkitzen erabat itsusi?

KURT: Bai! Eta beronen itsusitasunak badu munstrozko zerbait! Haserretzen ginen bakoitzean gero eta gehiago ohartzen nintzen honetaz. Eta bistan ez neukanean, beronen irudia hazi egiten zen, forma eta tamaiana ikaragarriak hartzeraino... Fantasma baten agerpena bezalako zera bat zen!

ALIZIA: Ba jar mitez nire lekuan!... Nolanahi ere, ofizial bezala eman zituen lehendabiziko urteak martirio bat izan beharzuten, nonbait, berarentzat. Noizean behin, aberatsen batzuk laguntza eskuratu zioten. Ez du inondik ere ezagutu nahi. Eman dioten guztia eskerrik eman gabe hartu izan du beti... denak zerga hori berari ordaintzera beharturik egongo balira bezala!

KURT: Baina ez al ginen berari buruz ongi hitzegitekotan?

ALIZIA: Hil ondoren! Orduan bai!... Besterik ez dut ezertxo ere gogoratzen!

KURT: Gizatxarra al derizkiozu?

ALIZIA: Bai! Eta hala ere izan liteke ona, sentibera ere... Baina etsai bezala zeharo beldurgarria da!

KURT: Zergatik ez dute altxarazi komandantetzara?

ALIZIA: Pentsa zenezake! Nola nahiko dute komandante izateko kapitan gisa ere despota hutsa den gizona! Baina ez aipatu ere egin aszentsuaren kontu hori... Komandante ez duela izan nahi esaten du beti... Hitzegin al dizu haurrei buruz?

KURT: Bai. Judit ikusteko gogo handia zuen.

ALIZIA: Ez naiz harritzen! Ba al dakizu nor den Judit? Bere antz eta irudira egindako pertsona bat. Nire etsairik handiena izateko eran hezi du! Kontuak atera... neure alabak... eskua altxa dit!

KURT: Ezina da! Hori gehiegizkoa da!

ALIZIA: Ixo! Mugitzen ari da!... Pentsa entzuten egon izan balitzaigu!... Axeri hutsa da!

KURT: Esnatzen ari da!

ALIZIA: Ez al diozu hartzen ogro-antza? Beldurra ematen dit!

 

(Isilunea)

 

KAPITAINA: (mugitu, esnatu, agondu ohean eta ingurura begiratzen du) Eguna argitu du! Azkenean ere!

KURT: Nola zaude orain?

KAPITAINA: Gaizki!

KURT: Nahi al duzu medikuak ikus zaitzan?

KAPITAINA: Ez!... Judit ikusi nahi dut. Neure alaba!

KURT: Horretaz ari zarela..., ez al duzu uste egokia litzatekeela zeure arazoak konpontzea... zera esan nahi dut... agian zerbait gertatuko balitz?

KAPITAINA: Zer esan nahi duzu horrekin? Zer gerta liteke ba?

KURT: Edonori gerta lekiokeena!

KAPITAINA: Lelokeriak! Ez uste izan gero hori eta horrenbestez hilko naizenik! Eta zuk, Alizia, ez jo kukurruku aldez aurretik.

KURT: Pentsa zeure seme-alabengan! Testamentua egizu zure emaztea, gutxienez, altzariekin gera dadin!

KAPITAINA: Bizirik nagoela heredentzia hartzea nahi al duzu ala?

KURT: Ez! Baina ez dut nahi kale gorrian geratzerik zuri zerbait gertatuz gero! Hogeitabost urtez altzari hauen artean garbitzen, hautsa kentzen eta distira ateratzen jardun duenak izan behar du eskubideren bat berauekin geratzeko. Notariari deitzea nahi al duzu?

KAPITAINA: Ez!

KURT: Bai krudela zarela, Edgar! Buruak eman ziezadakeena baino askoz gehiago!

KAPITAINA: (korderik gabe erortzen da ohe gainera) Hemen da berriz ere oinaze hori!

ALIZIA: (eskuinaldera bihurtuz) Jende-hotsa entzuten dela esango nuke sukaldean. Banoa ikustera!

KURT: Zoaz lasai! Hemen ezin duzu ezer egin!

 

(ALIZIA badoa)

 

KAPITAINA: (esnatu egiten da) Tira, Kurt, nola pentsatzen duzu antolatzea koarentena?

KURT: Moldatuko gara nola-hala!

KAPITAINA: Baina ez ahaztu plaza honen buruzagia naizela eta nirekin ados jarri beharko duzula.

KURT: Ikusi al duzu lazaretorik?

KAPITAINA: Ikusi al dudan? Zu jaio baino lehenago! Eta kontseilu bat emango dizut: ez itzazu ezar desinfekzio-ganbarak kostaldetik hurbil.

KURT: Ba uretatik hurbil egon behar zutelakoan nengoen ni...

KAPITAINA: Hor ageri da zeinen gutxi dakizun arazo honetaz! Uretan bere gogara aurkitzen da baziloa! Urak bizia ematen dio!

KURT: Baina itsasoko ura derriorrezkoa da zikinkeriak garbitu ahal izateko!

KAPITAINA: Inozo hori!... Tira, etxebizitza ematen dizutenean, seme-alabak zeurekin bizitzera ekarriko dituzu, seguraski...

KURT: Haiek ekartzeko baimena emango didatela uste al duzu?

KAPITAINA: Jakina beietz... babalastoa ez bazara behintzat! Uharteko jendeak oso begi onez ikusiko luke puntu honetan zuk zeure eginbeharrak betetzea...

KURT: Beti bete izan ditut neure eginbeharrak puntu honetan!

KAPITAINA: (ahotsa ozenduz) Izan ere hori ez bait da seme-alabak abandonatzeko modua...

KURT: Segi, segi!

KAPITAINA: Ahaidea zaitudan eta adin gehiago pertsona naizen aldetik, egia esateko eskubidea dudalakoan nago, nahiz eta gogorra izan... Eta ez duzu haserretu behar horregatik?..

KURT: Goseak al zaude?

KAPITAINA: Horixe nagoela goseak!

KURT: Zerbait arina nahi al duzu?

KAPITAINA: Ez, zerbait sendoa nahi dut.

KURT: Akabukoa litzateke hori!

KAPITAINA: Ez da nahikoa gaiso egotea, gosez hil behar du batek gainera!

KURT: Halaxe da!

KAPITAINA: Eta ez edan eta ez erre! Horrela bizitzekotan ez du merezi...

KURT: Heriok sakrifizioak eskatzen ditu. Eskaini ezean, berehalaxe etortzen da!

ALIZIA: (Lore-sorta, telegrama eta gutun batzurekin sartzen da) Hau zuretzat da! (idazmahaiaren gainera botatzen ditu loreak)

KAPITAINA: (puztu-puztu egiten da) Niretzat!?..Ikusagun, ikusagun!

ALIZIA: Subofizial, errejimentuko musika-banda eta sarjentoenak bakarrik dira!

KAPITAINA: Inbidiatan zaude, ezta?

ALIZIA: Bai zera! Erramu-koroak balira... isiltzen naiz! Baina zerak emango dizkizu... zuri!

KAPITAINA: Hum!... Telegrama hau koronelarena da... Irakurridazu, Kurt! Aitortu beharra dago koronela jaun bat dela..., nahiz eta inozo samarra izan! Eta beste honako hau... zer dio hemen? Juditena da!... Mesedez, telegrafia zaiozu lehendabiziko ontzian etortzeko esanez!... Eta hau... Tira, ez dago adiskide faltarik! Ederra da gaiso batez nola oroitzen diren ikustea, portaerarengatik bere klasekoen artean nabarmendu den gizonaz, beldurrik eta tatxarik gabeko gizonaz!

ALIZIA: Gauza bat ez dut ulertzen... Gaiso zaudelako zorionak ematen al dizkizute?

KAPITAINA: Urdanga hori!

ALIZIA: (KURTi) Behinola izan zen hemen mediku bat, hain gorrotatua ezen uhartetik aldegitean otoruntza bat ospatu bait zen... baina ez haren ohoretan baizik eta haren joaira ospatzeko!

KAPITAINA: Ipini loreak txarroetan... Ni ez naiz batere sineskorra eta gainera uste dut mundu guztia jendaila dela, baina jokatuko nuke omenaldi apal hau benetakoa dela... derrior izan behar du benetakoa!

ALIZIA: Inozoa, gizajoa halakoa!

KURT: (telegrama irakurriz) Juditek dio ezin dela etorri ekaitzak itsasontziari ibiatzen uzten ez diolako.

KAPITAINA: Hori al da dena?

KURT: Ez! Bada besterik!

KAPITAINA: Irakurri orduan!

KURT: Gehiegi ez edateko erregutzen dio aitari!

KAPITAINA: Hori kopeta!... Horixe dira seme-alabak! Nire alaba bakarra, nire kuttuna..., nire Judit. Nire eguzkia!

ALIZIA: Eta zure irudi bizia!

KAPITAINA: Hauxe da bizitza! Eta pozaren poza! Kakazaharra!

ALIZIA: Haize ereile, ekaitz biltzaile. Hor ibili zara amaren kontra burua berotzen eta orain aitari tente jartzen hasi zaio! Eta gero ez dagoela Jainkorik esango duzu!

KAPITAINA: (KURTi)Zer dio koronelak?

KURT: Ematen dizula baimena. Besterik ez, inolako tramiterik gabe.

KAPITAINA: Baimena? Baina zer baimen, nik ez bait diot eskatu...

ALIZIA: Zuk ez, baina nik bai.

KAPITAINA: Ez dut onartuko!

ALIZIA: Dagoneneko izendatu dute zure ordekoa!

KAPITAINA: Niri bost axola!

ALIZIA: Ikusten duzu, Kurt, gizon honentzat ez dago legerik, ez araurik, ez giza ordenu aurrez ezarritakorik... Denaren eta denen gainetik dago. Bere gogara erabil dezan egina dago Unibertsoa. Eguzkiak eta ilargiak izateko arrazoirik baldin badute, beronek izarrei kantatzen dizkien goraltzak haiei eramatea besterik ez dute!. Horixe da nire senarra! Nolanahiko kapitain bat, komandante izateko ere gauza izan ez dena, harropuzkeriarengatik denen irrigai bihurtu dena, nahiz eta bera sinesturik egon beldurra diotela. Eta dohakabe honek izularria dio ilunpeari eta sinetsi egiten du barometroetan! Eta ez da ahaztu behar komeriaren amaieran erdipurdiko kalitatea izango duen karretilakada simaurra baizik ez dela izango!

KAPITAINA: (Lore-sorta batez bere burua abanikatuz, asebeterik, ALIZIA, esandakoari jaramonik egin gabe) Gonbidatu al duzu Kurt bazkaltzera?

ALIZIA: Ez!

KAPITAINA: Prestatu orduan berehalaxe bi «Chateaubriand».

ALIZIA: Bi?

KAPITAINA: Nik ere nahi dut bat.

ALIZIA: Baina hiru gara!

KAPITAINA: Ah! Zuk ere bazkaldu behar al duzu? Orduan egin hiru!

ALIZIA: Eta nondik nahi duzu ateratzea? Atzo afaritara gonbidatu zenuen Kurt eta ogi-koskor bat ere ez geneukan etxean. Kurtek gau osoa esnai eman du barau gorritan! Eta gosaldu ere ez du egin etxe honetan kaferik ez dagoelako eta jadanik inork ez digu ezer fidatzen!

KAPITAINA: Nirekin haserreturik dago, atzo hil ez nintzelako!

ALIZIA: Ez, bai zera! Orain hogeitabost urte hil ez zinelako, ni jaio baino lehen hil ez zinelako!

KAPITAINA: (KURTi) Entzun al diozu? Hara zer nolako bizimodua duten zuk moldatutako ezkontzek, Kurt! Gauza batez nago ziur baino ziurrago gure hau ez dela behintzat zeruan moldatua!

 

(ALIZIAk eta KURTek elkarri begiratzen diote esanguratsu)

 

KAPITAINA: (jaiki eta ate aldera jotzen du) Tira, ni orain, zuek nahi duzuena esan, zerbitzuan noa! (Aintzinako artileri kasko bat jantzi, gerrian sablea ezarri eta kapotea jartzen du soinean).

 

(ALIZIA eta KURTek ez diote utzi nahi irteten, baina alferrik),

 

KAPITAINA: Alde! Kendu paretik!

ALIZIA: Zoaz, alde, zoaz! Beti berdin! Zeure burua galduta ikusten duzunean, bizkarra eman eta hanka egiten duzu, retirada babeste-lana zeure emazteari utzirik! Moskorra! Harroputza! Gezurtia! Eoskor alena!

KURT: Hau akabua da!

ALIZIA: Eta oraindik ez dakizu guztiaren berri!

KURT: Gehiago oraindik?

ALIZIA: Lotsa ematen dit ordea...

KURT: Nora doa orain? Eta nondik ateratzen ditu indarrak?

ALIZIA: Neuk ere galdera berdina egiten dut! Ba orain subofizialengana joango da bidali dizkioten loreak eskertzera... eta beraien artean geratuko da jaten eta edaten. Eta han goi-agintariak larrutzen eta jorratzen arituko da! Bazeneki zenbat aldiz egin dioten armadatik bidaliko duten mehatxua! Familiari errukia diotelako bakar-bakarrik jarraitzen du bere postuan! Eta bera sinetsita dago bere nagusitasunari dioten beldurrarengatik dela! Eta ez dakizu nolako gorrotoa dien eta nolako gaizkiesanak botatzen dizkien ofizialen emazte gajoei, gure alde hainbeste egin zutenei!

KURT: Aitortu behar dizut bake eta lasaitasun bila eskatu nuela itsasaldeko postu hau... ezertxo ere ez nekiela zuen egoeraz...

ALIZIA: Kurt gaisoa!... Nola konponduko ote naiz zuri zerbait jaten emateko?

KURT: Nitaz ez daukazu kezkatu beharrik. Medikuaren etxera joango naiz bazkaltzera, baina zu? Utzidazu hau konpontzen.

ALIZIA: Baina berak ez dezala jakin, bestela garbituko ninduke-eta!

KURT: (leihora begiratuz) Hara, hor daukazu ekaitzari desafioka harresiaren gainean.

ALIZIA: Pena ematen dit... horrela izan beharra duelako!

KURT: Niri biok ematen didazue pena! Ba al dago soluziorik?

ALIZIA: Ez dakit... Gainera berak ikusi ez duen faktura-mordo bat iritsi da!...

KURT: Batzutan suertea izaten da gauzak ikusi beharrik ez izatea!

ALIZIA: (leihoaren ondoan) Kapotea zabaldu du haizeak bularretan jo dezan. Hil egin nahi du!

KURT: Ez dut uste, ze oraintxe puntuan, biziak ihes egiten ziola sentitzean, bere indar guztiaz nireari heldu dio, nire arazoez interesatzen hasi da, nire barruan sartu izan nahi balu bezala eta nire bizitza bizi.

ALIZIA: Egiazko vanpiroa da... Besteen destinoan tarteko izan beharra dauka, besteen bizitzaren muina xurgatu, inoren arazoak erabaki eta konpondu, ze bere bizitza ez bait zaio inola ere interesatzen. Eta ez ahaztu, Kurt, esango dizudana: ez utzi zeure famili bizitzan sartzen! Ezta zeure adiskiderik inoiz aurkeztu ere, zeren kendu eta bere adiskide hoberen bihurtuko bait lituzke... honetan azti hutsa da! Zure seme-alabekin topo egingo balu, berehalaxe ikusiko zenituzke adikiderik mamien bihurturik... Beraien kontseilari izango litzateke eta bere ideen arabera heziko lituzke, eta batez ere, zureen kontra!

KURT: Alizia, esaidazu gauza bat! Ez al zizkidan kendu berak seme-alabak niri, dibortziatu nintzenean?

ALIZIA: Aspaldiko kontuak denez gero, esan egingo dizut: bai, berak!

KURT: Banuen susmoa, baina ez nengoen ziur. Berak orduan!

ALIZIA: Zuk fede itsua zenuen nire senarrarengan eta zeure emaztearekin bakeak egitera bidali zenuenean, bera errondan hasi zitzaion eta seme-alabak bereganatzeko behar zituen trikimailuen berri eman zion!

KURT: O, Jainko maitea! Egundo holakorik!

ALIZIA: Hor daukazu bere izaeraren beste ezaugarri bat gehiago! (isilunea)

KURT: Badakizu gaur gauean... hilko zela uste izan duenean... bere seme-alaben kargu egingo naizela aginduerazi dit!

ALIZIA: Baina ez al zara orain mendekatuko nire seme-alabengan?

KURT: Neure hitzari eutsiz? Zaude lasai, arduratuko naiz zuen seme-alabez!

ALIZIA: Egia esan, horixe da mendekatzeko erarik onena, izan ere ezeri baino gorroto handiagoa bait dio eskuzabaltasunari, arimako prestutasunari.

KURT: Orduan mendekua egindakotzat eman nezake... mendekatu gabe!

ALIZIA: Justizia egiten duen mendekua maite dut nik! Eta atsegin dut gaiztakeria zigorturik ikustea!

KURT: Oraindik horretan segitzen duzu!

ALIZIA: Baita segiko ere! Etsaia barka edo maita dezadan egunean, hipokrita hutsa izango naiz egun horretan!

KURT: Alizia! Baliteke dena esatera, dena ikustera beharturik ez egotea! Tolerantzia deitzen diogu horri... eta denok behar dugu!

ALIZIA: Nik, ez! Nire bizitza argia eta garbia da, ez daukat ezer ezkutatu beharrik! Eta sekula ez dut jokatu karta markatuekin!

KURT: Hori asko esatea da!

ALIZIA: Ez, bai zera, gutxiegi da! Zeren inork ez bait daki zenbat sufrierazi didan gizon honek, nik batere errurik izan gabe, nik sekula maite izan ez dudan gizon honek...

KURT: Zergatik ezkondu zinen berarekin?

ALIZIA: Neuk ere galdetzen diot hori neure buruari!... Agian konkistatu ninduelako! Seduzitu ninduelako! Nik al dakit ba! Eta gainera gizartearen gailur goienetaraino igo nahi nuen nik!

KURT: Eta bertan behera utzi zenuen zeure artea!

ALIZIA: Mundu guztiak mesprexua ziona!... Baina, ba al dakizu? Engainatu egin ninduen berak! Hitz goxoekin, bizimodu erosoa agindu zidan... etxebizitza ederra... Eta zorra besterik ez dut ikusi! Uniformearen botoietakoa beste urrerik ez da izan hemen... eta latoia zen! Engainatu egin ninduen! Gezur hutsa dena!

KURT: Zaude, zaude! Gazteak maitemintzen denean, arrosa kolorez ikusten du etorkizuna.... normala da ametsak egia ez bihurtzea eta barkatu beharra dago! Ni ere errudun naiz horren antzeko beste engainu batekiko, baina ez naiz sentitzen iruzurti horregatik!... Zeri begiratzen diozu hain arreta handiz harresian?

ALIZIA: Erori ote den begiratzen dut!

KURT: Eta... erori al da?

ALIZIA: Ez, zoritxarrez, ez! Etsita nauka oraindik ere!

KURT: Orduan medikua eta jueza ikustera noa!

ALIZIA: (leihoaren ondoan esertzen da) Zoaz, Kurt! Ni hemen egongo naiz itxaroten eserita. Dagoeneko ikasita nago itxaroten!

 

 

EKITALDI BITARTEA

 

        Dekorazio bera, baina egun argitan. ZENTINELAk paseatzen segitzen du baterian, lehen bezala.

 

(ALIZIA eskuinaldeko siloian eserita dago.
Ilea urdindurik dauka)

 

KURT: (ezkerraldetik sartzen da, deitu ondoren) Egunon, Alizia!

ALIZIA: Kurt maitea, egunon! Eseri!

KURT: (ezkerraldeko siloian esertzen da) Itsasontzia iristear dago.

ALIZIA: Orduan, bertan baldin badator badakit zer gertatuko den!

KURT: Badator, kaskoaren distira ikusi diot... Zertara joan da hirira?

ALIZIA: Alde-alde igarriko nioke. Galako joan denez, koronela ikustera joan da, nonbait, eta goante zuriak jantzi dituenez gero bisitak egiten dabil, seguraski.

KURT: Konturatu al zinen zeinen lasai egon zen atzo? Edateari utzi eta abstemio dirauen bitartean beste gizon bat da: lasai, prestu, begiratu...

ALIZIA: Bai, bai, badakit. Gizon hau beti edan gabe egon izan balitz izurrite bat izango zatekeen gizateriarentzat. Behar bada suerte bat da whiskyak pertsonaia barregarri eta kaltegabe bihurtu izana!

KURT: Botilako espirituak bezatu egin du... baina ez al zara konturatu heriotzak markatu duenetik prestuagotzen duen dintasun bat lortu duela, eta agian arimaren hilezkortasunean zuen fedea berreskuratzeak behar bada bizitza beste era batera ikuserazten diola?

ALIZIA: Oker zaude! Azpikeriaren bat asmatzen ari da. Eta batez ere, ez sinestu esaten duenik ezertxo ere, hitza baino ere gezurra ugariago erabiltzen du-eta. Gainera maisu bat duzu hori azpijokoan...

KURT: (ALIZIAri begira) Baina, Alizia... zer gertatu zaizu? Ile zuri guzti horiek... bi gauetan?

ALIZIA: Ez, gizona! Aspalditxotik ditut ile zuriak! Zera gertatzen da, alegia, utzi egin diodala tindatzeari senarra hilik bezala geratu zenetik! Hogeitabost urte dorre honetan... Ez al dakizu hau lehen gartzela bat izan zela?

KURT: Gartzela? Ba bai... Horma hauek holako zerbaiten itxura dute...

ALIZIA: Eta nire kutisa! Haurrek berek ere azkenerako presoen aurpegi zurbilak zituzten!

KURT: Neke egiten zait haurren ahots alaiak imajinatzea hormatarte goibel honetan!

ALIZIA: Noizean behin bakarrik entzuten ziren! Eta hildako biak argi faltaz hil ziren!

KURT: Zeren atzetik dabilelakoan zaude orain?

ALIZIA: Gu bion kontrako bataila erabakitzailearen atzetik! Juditen telegrama irakurri zenuenean ongi ezaguna dudan tximista bat ikusi nion begietan. Haren kontra bota beharko zukeen baina, jakina, neskatila ukiezina denez gero, orduan bere gorroto guztia nire gain eraitsi zuen.

KURT: Zer egin nahi duela nirekin uste duzu?

ALIZIA: Ez da samurra jakiten... Baina gauza bat esan diezazuket, egundoko trebetasuna duela edo suerte hutsa inoren sekretuak igartzen... Konturatuko zinen atzo ia egun osoa nolabait esateko zure lazaretoan pasa zuela, bizirik irauteko beharrezkoak dituen bizikaiak piskanaka zurrupatu zizkizula, zure seme-alabak bizirik jan zituela... Kanibala da, neuk esaten dizut, ondotxo ezagutzen dut-eta! Bere bizitza dagoeneko ihes egiten ari zaio... edota ihes egina dauka.

KURT: Neu ere inpresio berekoa naiz. Dagoeneko beste munduan dagoela ematen du. Aurpegi fosforeszentea duela dirudi, usteltzen ari balitz bezala... eta begiek berriz hilobietako edo zingiralurretako argitxakurrek bezala dir-dir egiten diote... Badator! Aizu, inoiz bururatu al zaizu zelatia izan litekeenik?

ALIZIA: Ez, harroputzegia da horretarako. «Erakutsidazu zelati jarri behar nauen gizon hori». Berak esandako hitzak dituzu.

KURT: Hainbat hobeto. Berorren akatsek ere badute beren alde ona!... Tira, dena dela ere, harrera egitera irten behar diodala uste al duzu?

ALIZIA: Zakar hartu, bestela hipokrita zarela esango bait du! Eta gezurretan hasitakoan, sinetsiko bazenio bezalako itxurak egin... Nik dagoneko badakit horren gezurrak itzultzen... Egia argitzeko hiztegi batekin arituko banintz bezalaxe da!... Zerbait ikaragarria susmatzen dut! Baina zuk, Kurt, batez ere, ez galdu zeure odol hotza! Gure burruka luzean nire nagusitasuna beti erne egon eta burua ez galtzeari zor izan zaio beti! Whiskyak menderatzen zuen bera!... Orain ikusiko dugu!

KAPITAINA: (ezkerraldetik sartzen da, galako uniformez jantzirik, kaskoa, kapa eta goante zuriekin. Zalantzakor aurrera egin eta eseri egiten da, Kapa eta kaskoa erantzi gabe, KURT eta ALIZIArengandik urrun, eszenategiaren eskuinaldean. Ondorengo elkarrizketan zehar belaun gainean jarrita dauka sablea) Egunon! Barkatu honela esertzea baina nekatu samarturik nago!

ALIZIA/KURT: Egunon! Eta ongietorri!

ALIZIA: Zer moduz zaude?

KAPITAINA: Primeran! Nekatu samarturik, besterik ez!

ALIZIA: Zer berri dakarzu hiritik?

KAPITAINA: Gutxi baina onak! Medikuarekin egon naiz eta ezer ez zela esan dit eta zainduz gero beste hogei urte biziko naizela!

ALIZIA: (KURTi) Gezurretan ari da! (KAPITAINAri). Bai ongi, laztana, ez dakizu zenbat pozten naizen!

KAPITAINA: Oso ongi, bai!

 

(Isilunea, bitartean KAPITAINAk)

 

(ALIZIA eta KURTi begiratzen die, hitzegin dezatela eskatuz bezala).

 

ALIZIA: (KURTi) Ez ireki ahorik! Aurrena utzi berari hitzegiten eta agerian jartzen bere jokoa!

KAPITAINA: (ALIZIAri) Zerbait al zenioen?

ALIZIA: Ez! Ez dut ezer esan!

KAPITAINA: (astiro) Aizu, Kurt.

ALIZIA: (KURTI) Ikusten? Hasi da gauzak agerian jartzen!

KAPITAINA: Dakizunez, hirian izan naiz.

 

(KURTek baietz esaten dio buruaz)

 

KAPITAINA: Eta... eta bertan pertsona interesgarriak ezagutu ditut... beraien artean... kadete gazte bat... (luzatuz)... artileriakoa! (pausaldia, bitartean KURT artega agertzen da). Nola... nola hemen kadeteak falta ditugun, hona bidal dezan geratu naiz koronelarekin... Honek bereziki alaitu behar zaitu... batez ere esaten badizut... zeure semea duzula!

ALIZIA: (KURTi) Vanpiroa! Ikusten?

KURT: Egoera normal batean, zalantzarik gabe, poz handia izango litzateke edozein gurasorentzat, baina nire kasuan nahikoa gogorra da.

KAPITAINA: Hauxe bai ez dudala ulertzen!

KURT: Ezta beharrik ere! Nahikoa da nik ez nahi izatearekin!

KAPITAINA: Orduan kontu horiekin...? Ba, jakin ezazu mutila destinatu dutela uharte honetara eta une honetan nire agindupean dagoela jadanik!

KURT: Beste errejimentu baterako aldaera eskatzera behartuko dut!

KAPITAINA: Ezin duzu! Ez duzu inolako eskubiderik zeure seme-alabengan!

KURT: Ezetz?

KAPITAINA: Ez! Tribunalak amari eman zion guraso-eskubidea!

KURT: Orduan amarekin hitzegitera joango naiz!

KAPITAINA: Ez duzu beharrik!

KURT: Ez dudala beharrik?

KAPITAINA: Ez, neuk egin dudalako!... Hori da.

 

(KURT jaiki egiten da, eta berriro jarleku gainera erortzen uzten dio bere buruari)

 

ALIZIA (KURTi) Oraintxe bai daukala hil beharra!

KURT: Kanibal huts-hutsa da!

KAPITAINA: Eta horra kitto! (ALIZIA eta KURTengana jotzen du zuzenean). Zerbait al zenioten?

ALIZIA: Ez, Gaizki entzuten al duzu?

KAPITAINA: Hola-hola. Baina zatoz alboraxeago gauza bat esan nahi bait dizut belarrira!

ALIZIA: Ez dago beharrik! Agian ondo etorriko zaigu bioi testigu bat bertan izatea!

KAPITAINA: Arrazoi duzu. Beti da ona testiguren bat izatea... Baina aurrenetik hasiko gara..., honez gero prest al dago testamentua?

ALIZIA: (dokumentu bat luzatuz) Notariak berak idatzi du!

KAPITAINA: Zure faboretan!... Oso ederki!... (Dokumentua irakurri eta ardura handiz zerrenda luzetan urratzen du, zatiei lurrera erartzen utziz). Eta horra kitto!

ALIZIA: (KURTi) Inoiz ezagutu al duzu modu honetako gizonik?

KURT: Baina hau ez da gizasemea!

KAPITAINA: Tira, nik zeratxo bat esan nahi nioke Aliziari belarrira... ALIZIA (urduri) Hitzegizu!

KAPITAINA: (lasaitasun handi batekin, lehen bezala) Kontutan harturik, ezkontza dohakabe honetan daramazun bizimodu errukarriari bukaera emateko gogoa aspaldidanik adierazi duzula; kontutan harturik zeure senarra eta seme-alabekiko harremanetan agertu duzun maitasun falta; kontutan harturik zeinen zabarkeria handiz egin dituzun etxekoandre-lanak, gaur aurkeztu dut, hirirako bidaia probetxatuz, dagokion tribunalaren aurrean neure dibortzio-eskaria!

ALIZIA: Ah bai? Jakin al liteke motiboa?

KAPITAINA: (Lehengo lasaitasun berarekin) Aipatutakoez gainera, baditut beste batzu zeharo pertsonalak ere... Nola medikuak esan didan, aztertu ondoren, oraindik beste hogeitabost urte bizi nintekeela, ezkontza dohakabe hau beste komenigarriago batez trukatzea erabaki dut. Beste hitz batzutan esateko: neure destinoa emakume batenarekin elkartzera noa, senarrarenganako eraspenaz gainera, etxera gaztetasuna eta, zergatik ez esan, edertasuna ere ekarriko dituen batekin.

ALIZIA: (ezkon-eraztuna kendu eta KAPITAINAri botatzen dio) Hor daukazu!

KAPITAINA: (eraztuna jaso eta jakearen patrikara sartzen du) Bota egin du eraztuna! Testiguak ikusiko zuelakoan nago...!

ALIZIA: (haserreturik zutitzen da) Orduan kale gorrian utzi nahi nauzu beste emakume bat nire etxean sartzeko?

KAPITAINA: Halaxe da.

ALIZIA: Ederki, orduan argi eta garbi hitzegingo dugu!... Kurt, nire lehengusu maitea, gizon hau errudun da bere emaztea asasinatzeko ahalegin bat egin duelako!

KURT: Asasinatzeko ahalegina?

ALIZIA: Bai, bultzada batez itsasora bota ninduen!

KAPITAINA: Testigurik gabe!

ALIZIA: Gezurra! Juditek ikusi zuen!

KAPITAINA: Eta zer ardura dio horrek?

ALIZIA: Testigantza egin dezakeela!

KAPITAINA: Ez, ezin dezake, berak ez zuela ezer ikusi esaten du-eta!

ALIZIA: Gezurra esaten irakatsi diozu!

KAPITAINA: Ez dut premiarik izan! Aurretik zeuk irakatsita zegoen!

ALIZIA: Juditekin egon al zara?

KAPITAINA: Ba... bai...

ALIZIA: Jainko maitea! Jainko maitea!

KAPITAINA: Gaztelua errendatu da! Hamar minutuko menia ematen zaio etsaiari bertatik alde egin dezan! (bere erlojua mahaiaren gainean ipintzen du). Hamar minutu! Eta hemen dago erlojua! (mugitzeke geratzen da, zutik, eta eskua bihotzera eramaten du).

ALIZIA: (KAPITAINArengana hurbildu eta besotik heltzen dio). Zer gertatzen zaizu?

KAPITAINA: Ez dakit!

ALIZIA: Zerbait nahi al duzu? Ekarriko al dizut zerbait edateko?

KAPITAINA: Whiskya? Ez, ez dut nahi! Zuk!... (tente-tente jartzen da) Ez ukitu ni!... Hamar minutu edo bestela goarnizioa kutxiloz pasatua izango da! (sablea biluzten du). Hamar minutu! (forotik ateratzen da),

KURT: Baina... zer gizon-mota da hau?

ALIZIA: Ez da gizona, deabrua da!

KURT: Zer nahi ote du nire semeagandik?

ALIZIA: Bahitura gisa eduki, besterik ez, zu menperatzeko... Uharteko agintariengandik apartatu egin nahi zaitu... Ez al dakizu uharte honetako bizilagunek «infernutxo» deitzen diotela?

KURT: Ez nekien!... Alizia, zu zara nire gupida esnarazi duen lehendabiziko emakumea. Orain arte pentsatu izan nuen ezagutu nituenek merezi zutela pasatzen zitzaiena!

ALIZIA: Ez joan orain! Ez nazazu abandonatu, jo egingo ninduke-ta! Hogeitabost urte daramatza jotzen... Haurren begibistan... itsasora bota ninduen!

KURT: Esan didazun honekin zeure alboan naukazu. Zeharo berorren kontra nago! Begira, Alizia, munduko asmorik onenarekin etorri naiz ni hona eta ezertarako gogoan izan gabe garai bateko berorren umilazioak eta kalumniak! Dena barkatu nion, baita bera izan dela neure semealabengandik banatu ninduela esan didazun hori ere... Gaiso bati, hil zorian zegoen bati barkatu nion... Baina orain neure semea kendu nahi dit... eta orain hil beharra dauka! Berak... edo nik!

ALIZIA: Oso ongi! Gaztelua ez da errendatuko! Hobe da bera barruan dela leher eragitea, nahiz eta gu ere lagun izango gaituen! Ni arduratuko naiz polboraz!

KURT: Hona iritsi nintzenean ni pertsona ona nintzen. Zuen gorrotoaz kutsatzen hastera nindoala konturatzean alde egitea bururatu zitzaidan. Baina orain ezinbesteko grina sentitzen dut gizon hori, txarkeria bera bezalaxe gorrotatzeko. Zer egin dezakegu?

ALIZIA: Berak irakatsi dit taktika! Bere etsai guztiak bilduko ditugu eta beraien artean aliatuak aurkituko ditugu!

KURT: Eta nire emaztearekin topo egitea lortu duela pentsatzea ere! Zergatik ez ote ziren topatu orain hogeitamar urte!? Bien gataskek dardar eragingo zioketen lurrari!

ALIZIA: Baina arima biki horiek orain elkartu direlarik... apartatu beharra dago! Uste dut badakidala non dagoen debilunea... Aspaldidanik izan dut susmoa...

KURT: Zein du etsairik gogorrena uharte honetan?

ALIZIA: Artsenaleko intendentea!

KURT: Gizon jatorra al da?

ALIZIA: Bai, bada! Eta badaki... nik neuk ere dakidana!... Ezagutzen ditu kapitainaren eta artsenaleko artileri sarjentoaren arteko amarrukeriak...

KURT: Amarrukeriak ... ? Ez duzu esan nahiko...

ALIZIA: Desfalkoa!

KURT: Ikaragarria da! Orduan nik ez dut ezer jakin nahi arazo honetaz!

ALIZIA: Ah! Ez al zara gauza zeure etsaiari kolpe bat emateko?

KURT: Garai batean izan nintzen. Baina orain ez.

ALIZIA: Eta zergatik ez?

KURT: Aurkitu dudalako... azkenean beti justizia egiten dela!

ALIZIA: Orduan eserita itxaroteko moduan zaude!... Eta bitartean semea kenduko dizu! Begira nire ile zuriei..., ukitu zein gogorra dudan oraindik ilea!... Berriz ezkontzeko asmoa du eta orduan ni libre izango naiz... libre gauza bera egiteko... Libre izango naiz! Eta hamar minutu barru hor egongo da ziegan sartuta... hor behean (oinez behea jotzen du)... hor behean... eta nik dantza egingo dut berorren buru gainean... Dantza egingo dut Boiardoen Sarrera... (Eskuak gerrian dituela, dantza-pauso batzu egiten ditu). Ha, ha, ha! Eta pianoa joko dut, belarriak zulatu arte! (teklatua jotzen du zakarkeria handiz). O, irekitzera doaz dorrearen ateak eta sable biluziarekiko zentinelak aurrerantzean ez nau zainduko ni, bera baizik... Tararatantan, tararantantan, tarara! Bera zainduko du, bera, bera, bera!

KURT: (aluzinaturik bezala begiratzen dio) Alizia, zu ere deabru bat al zara?

ALIZIA: (salto batez aulkira igo eta zintzilik dauden erramu-koroak eraisten ditu) Alde egitean neurekin eramango ditut... Garaitzapenaren erramuak! Eta zintak airean zafraka! Hautseztatu samartuak daude, baina oraindik betiko berdetasunaren jabe dira! Nire gaztetasuna bezala! Oraindik ez naiz zaharra, ezta Kurt?

KURT: (begi disdiratsuekin) Deabrua berbera zara!

ALIZIA: Infernutxoan!... Entzun orain: piska bat apaintzera noa... (ilea askatzen du)... bi minutu nahikoa ditut janzteko..., beste bi minutu nahikoa ditut artsenaleko intendentearekin hitzegiteko... eta gero... eztanda egingo du gazteluak!

KURT: (lehen bezala) Deabrua zara!

ALIZIA: Atergabe horixe esaten zenidan txikiak ginenean! Gogoan al duzu nola izan ginen ezkongai umetan? Ha, ha! Zu oso lotsatia zinen, jakina...

KURT: (serio) Alizia!

ALIZIA: Bai, bazinen! Eta oso ondo ematen zizun! Begira, badira emakume lotsagabeak gizon lotsatien zaleak direnak eta... dirudienez badira gizon lotsatiak emakume irtenak atsegin dituztenak!... Ni orduan gustukoa ninduzun piskatxo bat, ez al da egia?

KURT: Non nagoen ere ez dakit ia!

ALIZIA: Manera libre samarrak dituen aktoresa batekin zaude, baina halere ez pentsa emakume jatorra izateari utzi dionik. Hala da! Baina orain libre naiz, libre, libre!... Bira eman, brusa aldatzera noa-ta!

 

(Brusa askatzen du)

 

(KURT lasterka doa berarengana, bere besoetan hartzen du, besoetan altxatu eta lepoan hozka egiten dio. ALIZIAk garraisi egiten du. Gero sofa gainera botatzen du eta presa ateratzen da, ezkerraldetik)

 

        Dekoratu bera, arratsaldez. Foroko ateetan barrena bateriako ZENTINELA bera ikusten da. Erramu-koroak aulki-bizkar batetik zintzilik daude. Sabaiko lanpara piztuta dago. Musika leuna. KAPITAINA, zurbil, betzuloekin, ile zuri, astegunetako uniforme oso maiztuarekin eta zaldi-botekin, eserita dago, bakar jokoan ari da, idazmahaian. Antiajuak jantzita dauzka.

        Oihala jaso eta gero ere entzun egiten da ekitaldibitarteko musika eta ez da atertuko pertsonaia berri bat sartu arte.

        KAPITAINAk bere bakar jokoari jarraitzen zaio, baina noizean behin ikaratu egiten da, ingurura begiratu eta artega eta adi jartzen da.

        Agi denez bakar jokoa ez zaio ongi ateratzen eta horrek jartzen du urduri. Bapatean kartak biltzen ditu, jaikitzen da eta badoa ezkerraldeko leihora, irekitzen du eta kartasorta kanpora botatzen du. Leihoa zabalik geratzen da, orpoetan zalantzan, markoari danbatekoak ematen.

        Arasa aldera jotzen du, leihoaren zaratak ikaratu egiten du eta urduri itzultzen da zer gertatzen den ikusteko. Hiru whisky-botila ateratzen ditu arasatik, ilunak eta koadratuak dira, arreta handiarekin begiratu ondoren leihotik behera botatzen ditu. Purukaxa batzu ere ateratzen ditu, bertako bat usnatu eta leihotik behera botatzen ditu.

        Gero antiajuak eranzten ditu, garbitu, berriz jantzi eta nola ikusten duen froga egiten du. Gero leihotik behera botatzen ditu. Badoa burora, altzariekin oztopoka, ongi ikusten ez balu bezala, eta buro gainean dagoen ganderailuaren sei kandelak pizten ditu. Erramukoroak ikustean, haiengana doa, hartu eta leiho aldera doa, baina supituki bira ematen du asmoz aldatu balitz bezala. Hartzen du pianoa apaintzen duen oihala eta ardura handiarekin erramu-koroak biltzen ditu berarekin. Badoa jostundegira eta orratz batzu hartzen ditu eta berauekin tinkatzen ditu koroabildumaren ertzak. Aulki baten gainean jartzen du bilduma. Badoa pianoraino, zartada bat ematen du teklen gainean, teklatuaren tapa beheratzen du, giltzaz isten du eta leihotik behera botatzen du giltza. Gero pianoaren kandelak pizten ditu. Apala aldera joaten da, hartzen du emaztearen argazkia, begiratzen dio eta puskatu egiten du. Zatiak behe gainera botatzen ditu. Leihoak danbatekoak ateratzen ditu orpo gainean eta berriz ere ikaratu egiten da.

        Gero berriz ere baretu egiten da, hartzen ditu bere alabaren eta semearen argazkiak, musu eman eta patrikan sartzen ditu. Ukalondoaz garbitzen du apala, gainerako argazkiak behe gainera botatzen dituelarik, eta bertan pilo bat egiten du oinaz lagundurik.

        Gero idazmahaiaren aurrean esertzen da, neke-zantzuekin, eta bihotzera eramaten du eskua. Idazmahaiko lanpara piztu eta hasperen egiten du. Halako batean hutsera begira gelditzen da ikuskari desatseginei begira balego bezala... Zutitzen da, joaten da burora, zabaltzen du, zeta urdinezko zintaz loturrko gutun-sorta bat ateratzen du, eta estufara botatzen du. Ixten du buroa. Telegrafoak seinale bat ematen du eta isilik geratzen da. KAPITAINA dardarka hasten da, herio-larridurak jota bezala, eta zutik geratzen da, zirkinik egin gabe, mugitzeke, eskua bihotzean duela, eta belarria telegrafora adi. Baina seinale gehiagorik ematen ez duenez gero, ezkerreko atera zuzentzen du bere arreta. Joaten da bertara, irekitzen du eta irteten da. Berehalaxe sartzen da berriro katu bat besoetan duela eta bizkar gaina laztantzen dio. Gero eskuinaldetik ateratzen da. Musika atertu egiten da.

 

(ALIZIA forotik sartzen da. Kale-trajea, kapela eta goanteak ditu soinean. Ile beltza du. Harriturik begiratzen du aldamenera hainbeste argi pizturik ikustean).

 

(KURT ezkerraldetik, urduri, sartzen da)

 

ALIZIA: Zenbat argi! Gabon gaua dirudi!

KURT: Eta...? Zer moduz hortik?

ALIZIA: (musu emateko eskua eskainiz) Eskerrak emaizkidazu! (KURTek eskuan mun egiten dio berotasun handirik gabe)

ALIZIA: Sei testigu, lau harkaitzak bezain sendoak. Dagoeneko aurkeztua dut salakuntza. Hona bidaliko dute erantzuna telegrafoz... hona, gazteluaren bihotzera!

KURT: Ah, bai?

ALIZIA: Eskerrak eman «ah, bai?» esan ordez!

KURT: Zergatik piztu ote ditu hainbeste argi?

ALIZIA: Ilunpeari beldurra diolako, noski!... Hara telegrafoa!... Ez al duzu uste manibela... kafeerrota baten modukoa duela? Bira eta bira ematen diot eta ehotzen ari naiz eta kafe-aleak hagina ateratzen dizutenean bezalako hotsa egiten du...

KURT: Baina zertan ibili ote da hemen?

ALIZIA: Badirudi etxe-aldaketa prestatzen ari dela! Izan ere, berehala aldatu beharko bait du... Baina horra behera! Ziegara!

KURT: Alizia, ez hitzegin horrela! Hau dena nahiko tristea da!... Adiskide izan nuen gaztetan, eta sarritan, une larrietan, oso ongi portatu zen nirekin. Pena handia ematen dit!

ALIZIA: Eta nik? Nik ez dut ezer txarrik egin eta ez al dizut ematen penarik? Nik, munstro horregatik neure karrera alferrik galdu dudan honek!

KURT: Zure karrera... Baina hain distirantea al zen ba zure karrera?

ALIZIA: (amorraturik) Baina... zer demontre ari zara esaten? Nola ausartzen zara?! Baina ez al dakizu nor naizen, ezta nor izan nintzen ere?

KURT: Tira, tira!

ALIZIA: Hasi al zara dagoeneko zu ere?

KURT:Zer esan nahi duzu dagoeneko horrekin?

 

(ALIZIA KURTen besoetara amiltzen da, besarkatu eta musuz betetzen du).

 

(KURTek besoetan hartzen du eta lepoan hozka egiten dio. Emakumeak garraisi egiten du).

 

ALIZIA: Ez hozka egin!

KURT: (bere senetik irtenda) Bai, hozka egingo dizut! Eztarrian hozka egin nahi dizut eta lintzea banintz bezala odola xurgatu! Nire barruan lotan zegoen piztia esnatu didazu, une luzeetan lazeria eta hildurekin akabatu nahi izan dudan basapiztia. Hona etortzean zuek baino dexente hobea nintzelakoan nengoen, baina orain badakit denetan malapartatuena naizela! Ikusi zintudanetik... zure biluztasun ikaragarrian, grinak burua nahastu zidanetik, gaitzaren indar guztia sentitzen dut neure baitan! Itsusia eder bihurtzen zait; ontasuna itsuzi eta ahul...! Zatoz..., ito egin nahi zaitut musu batekin. (besarkatu egiten du).

ALIZIA: (ezkerreko eskua erakutsiz) Hemen duzu hautsi duzun katearen marka. Mirabe bat nintzen eta orain libre naiz!

KURT: Baina atzera katepean jarriko zaitut...

ALIZIA: Zuk?

KURT: Nik!

ALIZIA: Ba al dakizu une batez zera pentsatu dudala...?

KURT: Fededuna naizela?

ALIZIA: Bai, erorikoaz, jatorrizko bekatuaz eta abarrez besterik ez duzu hitzegin...

KURT: Ah, bai? Ba ez naiz konturatu! Ez naiz gogoratzen!

ALIZIA: Eta predikatzera etorri zinelakoan nengoen...

KURT: Hori uste izan al duzu? Ordu bete barru hirian izango gara. Orduan ikusiko duzu nor naizen ni!

ALIZIA: Eta gaur gauean teatrora joango gara denek ikus gaitzaten! Abandonatuko dudanean berari eroriko zaio lotsaizun guztia! Ulertzen duzu, ezta?

KURT: Bai, hasi naiz ulertzen ez duzula aski gartzelara bidalizearekin...

ALIZIA: Ez, ez dut aski! Mundu guztiaren aurrean lotsagarri geratzea nahi dut!

KURT: Hau mundu estrainioa! Zuk egin lotsagarrikeria eta bera geratu izen txarrarekin!

ALIZIA: Zer erru dut nik mundua hain inozoa izateaz!

KURT: Gaizkileen txarkeriaz blai eginda daudela horma hauek esan liteke eta aski dela emen arnasa hartzea haiek bezalako egina geratzeko! Nik uste zuk afarian eta teatroan besterik ez duzula pentsatu. Nik neure semearengan pentsatu dut!

ALIZIA: (goanteaz aurpegian jotzen du) Zarkilun hori! Inozo halakoa!

 

(KURTek eskua jasotzen du betondoko bat emateko)

 

ALIZIA (atzera eginez) Oso ederki!

KURT: Barkaidazu!

ALIZIA: Belauniko!

 

(KURT belauniko jartzen da)

 

ALIZIA: Bekokia lurreraino!

 

(KURT makurtu egiten da bekokiaz lurra ukitu arte)

 

ALIZIA: Oinetan mun emaidazu!

 

(KURTek mun ematen dio oinean)

 

ALIZIA: Eta ez egin sekula gehiago!... Zutik!

KURT: (zutituz) Zertaraino iritsi naiz azkenean? Non nago ni?

ALIZIA: Ondotxo dakizu!

KURT: (ikaraturik bere aldamenera begira) Ematen dit sinesteak...

KAPITAINA: (eskuinaldetik sartzen da, itxura penagarriarekin, bastoi batekin) Kurt! Hitzegin al nezake zurekin? Bakarrean!

ALIZIA: Gaztelutik noiz irten behar dugun argitzeko al da?

KAPITAINA: (jostundegiaren alboan esertzen da) Mesedez, Kurt, eseri nahi al duzu piska batean nirekin hitzegiteko? Eta, mesedez, Alizia, emango al diguzu mesedez... barealditxo bat?

ALIZIA: Baina... zer gertatzen da orain? Taktika-aldaketa bat! (KURTi) Egizu eskatzen dizuna, eser zaitez!

 

(KURT gogo txarrez esertzen da)

 

ALIZIA: Eta entzun arretaz agure baten jakituriaz beteriko hitzak... Eta telegrama bat iristen bada... aditzera emaidazu!

 

(Ezkerraldetik irteten da)

 

KAPITAINA: (dintasunarekin, pausaldi baten ondoren) Ulertzeko gai al zara zu nirea bezalako, gurea bezalako giza destino bat?

KURT: Ez! Neurea ere ez dut ulertzen!

KAPITAINA: Esaidazu... zer da nahaste-borraste guzti honen zentzua?

KURT: Neure argialdietan pentsatu izan dut zentzua horixe zela hain zuzen, zentzua ulertzera ezin iritsi ahal izatea eta hala eta guzti ere etsipenez onartu behar izatea...

KAPITAINA: Etsi? Neure buruaz kanpo puntu irmerik gabe ni ez naiz gauza etsitzeko.

KURT: Begibistakoa, baina zuk, matematikari zarelarik, ebatz dezakezu ekuazio bat datu ezagunen bidez... Ezezaguna, ikognita da puntu irmea...

KAPITAINA: Ibili naiz bila... baina ez dut aurkitu!

KURT: Huts egin duzu, nonbait, eragiketaren batean... Ekin berriro!

KAPITAINA: Ekingo diot berriro!... Baina nondik ateratzen duzu zuk etsipena?

KURT: Dagoeneko ahitu zait guztia! Ez puntu nire bertuteak)

KAPITAINA: Honez gero konturatu zarenez, seguraski, niretzat bizitzaren artea hitz bakar batera mugatu da: eliminatzera! Hau da, jo ta garbitu eta hutsetik hasi! Artean oso gaztea nintzela, zaku bat egin nuen neuretzat eta bertan sartzen nituen besteek egiten zizkidaten umilazio guztiak. Eta beterik zegoenean itsasora botatzen nuen! Ez dut uste munduan beste bat dagoenik nik adina umilazio nozituta! Baina ezabatu eta neure bideari jarraitzen nintzaion ez gero, izateari utzi egiten zioten, desagertu egiten ziren!

KURT: Igarri diot dagoeneko. Zure fantasiaren sorkari direla zure bizitza eta zure ingurunea.

KAPITAINA: Nola bizi ahal izango nuen bestela? Ezin izango nuen agoantatu! (eskua bihotzera eramaten du)

KURT: Zer moduz zaude?

KAPITAINA: Gaizki! (pausaldia). Baina iristen da une bat fantasiak bere asmamema, amesmena galtzen duena... eta orduan errealitatea bere biluzitasun osoan agertzen da! Ikaragarria da! (orain agurearen ahots kexatiz mintzatzen da eta beheko matraila zintzilik dauka, kontrolatzeko gauza ez balitz bezala). Kurt adiskidea, entzuidazu... (bere burua menperatu eta ohizko bere ahotsera itzultzen da) Barkatu! Orain dela gutxi hiria bisitatu nuenean medikuarekin hizketan egon nintzen... (zotinka hasten da)... eta bukaturik nengoela esan zidan... (bere ohizko ahotsaz)... eta bizitzeko denbora gutxi geratzen zaidala!

KURT: Hori... esan al dizu?

KAPITAINA: Bai, horixe esan zidan!

KURT: Orduan... ez zen egia...?

KAPITAINA: Zer? Ah, bai... Ez, ez zen egia!

 

(Pausaldia)

 

KURT: Orduan bestea ere... hura ere ez zen egia?

KAPITAINA: Zer diozu, anaia? Bestea...?

KURT: Nire semea hona destinatu zutela!

KAPITAINA: Lehendabiziko albistea!

KURT: Ba al dakizu zeure zitalkeriak ahazteko zeharo erraztasun apartekoa duzula?

KAPITAINA: Kurt maitea, ez zaitut ulertzen!

KURT: Orduan... akabera da hau...

KAPITAINA: Bai, ez zait askorik geratzen!

KURT: Aizu... agian ez duzu dibortzio-eskaria aurkeztu ere egin..., zure emaztearentzat hain lardagarria izan behar zuen dibortzioa?...

KAPITAINA: Dibortzioa! Baina zertaz ari zara hitzegiten? Aurreneko aldiz entzuten dut!

KURT: (zutituz) Aitor ezazu zeure gezurra!

KAPITAINA: Adiskide maitea, zergatik darabilzu horren hitz gogorra? Denok dugu tolerantzia handi baten premia...

KURT: Azkenean konturatu zara... Ulertu duzu orduan...

KAPITAINA: (erabakitsu, ahots garbiz) Bai, konturatu naiz azkenean. Ulertu dut dagoeneko!... Eta horregatik eskatzen dizut barkatzeko, Kurt! Barkaidazu dena!

KURT: Horrela hitzegiten du gizona denak!... Baina nik ez daukat ezer barkatzeko zuri! Eta ni ez naiz zuk uste duzun gizona... orain ez naiz! Eta batez ere, ez naiz zure aitorkizunak entzuteko duin... ezta hurrik eman ere!

KAPITAINA: (ahots garbiz) Hain estrainioa izan da nire bizitza. Umetatik izan da hain gogorra, hain errukabea... eta gizonak hain makurrak... azkenerako neu ere gaiztotu egin naiz...

 

(KURT urduri paseatzen da gelan barrena, telegrafoa bistatik galdu gabe)

 

KAPITAINA: Zeri begira zaude?

KURT: Deskonekta al daiteke telegrafoa?

KAPITAINA: Ez, zaila da.

KURT: (gero eta urduriago) Nor da Ostberg sarjentoa?

KAPITAINA: Mutil on bat. Jakina, tratante samarra...

KURT: Eta artsenaleko intendentea?

KAPITAINA: Etsaia dut, bai, ezin nezake esan ezer txarrik hartzaz.

KURT: (mugitzen ari den farol baten aldera begiratzen du leihoan zehar) Zertan ari dira farol batekin baterian?

KAPITAINA: Ziur al zaude farola dela?

KURT: Bai. Jende-joanetorri piska bat ere badabil!

KAPITAINA: Orduan patruila bat antolatzen ari dira, nonbait.

KURT: Patruila bat? Eta zertarako?

KAPITAINA: Bai, patruila bat. Kabo bat eta soldadu batzu! Gizajoren bat detenitzera joango dira!

KURT: Ene!

 

(Pausaldia)

 

KAPITAINA: Orain ezagutzen duzu Alizia, zer derizkiozu?

KURT: Zail da horrela beste gabe iritzia ematen... Ez naiz giza arimaren ezagutzaile handi horietakoa! Zu edo neure burua bezain ezin konprenituzko gertatzen zait! Esango nuke giza jakiturai «Ezer ez dakit!» «Ezer ez dut ulertzen!» esatera iristen den adin horretara iristen ari naizela. Baina norbaitek zerbait egin duela esaten didatenean zergatikoa jakitea gurtatzen zait. Orain esaidazu, zergatik bota zenuen itsasora?

KAPITAINA: Ez dakit! Han nasan ikustean, zeharo normala iruditu zitzardan uretara botatzea!

KURT: Eta inoiz ez al duzu izan barne-zimikorik?

KAPITAINA: Sekula ez!

KURT: Harritzekoa da!

KAPITAINA: Halaxe da! Hain harrigarria neroni ere ez bait zait iruditzen kirtenkeria horren egilea naizenik!

KURT: Sekula ez al zaizu burutik pasa mendekua hartuko zuenik?

KAPITAINA: Hartu du eta sobera! Eto zeharo normala derizkiot gainera!

KURT: Nola iritsi zara hain bizkor etsipen ziniko honetara?

KAPITAINA: Heriotzetik hain hurbil egon ondoren beste ikuspuntu batetik hasi naiz ikusten bizitza... Aizu, esaidazu..., Alizia eta biok epaitu behar bagintuzu, nori emango zenioke arrazoia?

KURT: Biotatik inori ere ez! Baina neurrigabeko errukia izango nizueke... Agian zuri zertxobait gehiago!

KAPITAINA: Emaidazu eskua, Kurt!

KURT: (ematen dio eskua eta bestea KAPITAINAren sorbalda gainean ezartzen du) Nire adiskide zaharra!

ALIZIA: (ezkerraldetik sartzen da, goardasol batekin) O, hauxe ikuskizun samurra! O, aspaldiko lagun zaharrak!... Ez al da iritsi telegrama?

KURT: (hotz) Ez!

ALIZIA: Atzerapen honek neure onetik ateratzen nau eta neure onetik irtenda nagoenean gertaerak aurrerarazi egiten ditut!... Hara, Kurt, orain graziako tiroa ematera noakio! Eta erori egingo da!... Aurrena fusila kargatu behar dut.... eta ezagutzen dut nik teoria, ondotxo ezagutzen dut tiroko eskuliburu sonatua, bost mila aletan saldu ez zena... eta gero apuntatu eta tiro! (Goardasolaz apuntatzen du). Nola dago zure emaztegaia? Edertasun gazte eta ezezagun hori! Ah, ez dakizu! Baina bai badakit nola dagoen nire amorantea! (Oldartzen da KURTen lepora eta musu ematen dio. KURTek arbuiatu egiten du). Oso ongi dago, ikusten duzunez, lotsati samarra bada ere! Eta zuk, errukarri horrek, inoiz maite izan ez zaitudan horrek, zelatia izateko beti harroputzegia izan zaren horrek... nola konturatu behar zenuen zuk engainatu egiten zintudala!

 

(KAPITAINAk sablea biluzten du eta, mandobleka, berarengana oldartzen da, baina altzariei baizik ez die ematen kolperik).

 

ALIZIA: Lagundu! Lagundu!

 

(KURT mugitu gabe geratzen da)

 

KAPITAINA: (sablea eskuan duela erortzen da) Judit! Mendeka nazazu!

ALIZIA: Biba! Hil da azkenean!

 

(KURT foroko ate aldera baztertzen da)

 

KAPITAINA: (zutituz) Ez! Oraindik ez! (sablea maginaratu eta jostundegiaren alboan dagoen siloietako batera doa esertzera). Judit! Judit!

ALIZIA: (KURTengana doala) Ni orain banoa... zurekin!

KURT: (egundoko zakarkeriaz ergiten dio albora eta belauniko erortzen da) Infernura! Zoaz berriro infenura, handik etorria zara-ta! Agur! Agur betirako! (Badoa)

KAPITAINA: Ez nazazu utz bakarrik, Kurt, hilko ninduke-eta!

ALIZIA: (tonua erabat aldatuz) Doilorra halakoa! Eta hori al zenuen adiskide zuk? Adiskide ederra hori!

KAPITAINA: (samurtasunez) Barkaidazu, Alizia, eta zatoz! Zatoz bizkor!

ALIZIA: (KAPITAINAri) Neure bizitza osoan ezagutu dudan pertsonarik zitalena eta hipokritarena da! Zu, ba al dakizu? Zu gizona zara gutxienez!

KAPITAINA: Alizia, entzuidazu... Ni ez naiz luzarorako! Nire egunak kontatuak daude!

ALIZIA: Nola...?

KAPITAINA: Medikuak esan zidan!

ALIZIA: Orduan... beste hura ere gezurra den?

KAPITAINA: Bai!

ALIZIA: (bere senetik irtenda) O, Jainko maitea! Zer egin dut nik?

KAPITAINA: Denak du bere erremedioa!

ALIZIA: Ez! Honek ez du erremediorik!

KAPITAINA: Ez dago ezer erremedio gabekorik! Aski da nire formula: jo eta garbitu eta hutsetik hasi!

ALIZIA: Eta telegrama! Telegrama!

KAPITAINA: Zer telegrama?

ALIZIA: (KAPITAINAren ondoan belaunikatuz) Izaki madarikatuak al gara agian? Zergatik gertatu behar zuen guzti honek? Denari leher-eztanda eragin eta airean barrena bidali dut... baina neure burua eta gu ere! Zergatik esan didazu gezurra? Zergatik etorri behar izan zait gizon hori tentatzera?.. Galduak gara! Jakina, zure bihotzabaltasunarekin... dena konpon liteke... Baina ez, hau ez dago barkatzerik...

KAPITAINA: Zer da barkatzerik ez dagoen hori? Ba ote dago agian barkatu ez dizudan zerbait ala?

ALIZIA: Arrazoia duzu... Baina honek ia ez du erremediorik!

KAPITAINA: Nahiz eta txarkeriak asmatzeko duzun ahulezia harrigarria ezaguna dudan ez zait bururatzen ezer...

ALIZIA: Ah, kinka honetatik irtetea lortuko banu! Estuasun honetatik onez aterako banintz!... nola zainduko zintuzkedan! Nola maitatuko zintuzkedan, Edgar!

KAPITAINA: Baina... zer da hau? Ongi entzuten al dut? Non nago ni gero?

ALIZIA: Zuk ez duzu uste inork lagunduko digunik, ezta?.. Ez, ez dago gizakirik lagunduko digunik!

KAPITAINA: Orduan, nork lagundu behar digu ba?

ALIZIA: (KAPITAINAri begietara so eginez) Ez dakit...! Jainko maitea, zer egingo dute gure haurrek beren izena laidotuta!

KAPITAINA: Gure izena laidotu al duzu?

ALIZIA: Ez, nik ez! Nik ez!... Utzi egin beharko dute eskola! Eta bizitzari ekin diezaiotenean bakarrik aurkituko dira, gu bezala, eta gu bezain gaizto bihurtuko dira! Eta non buruak ematen didan orain... Juditekin egon zarelakoa ere gezurra da!

KAPITAINA: Hala da! Gezurra da! Baina... jo ta garbitu eta hutsetik hasi!

 

(Telegrafoak jotzen du. ALIZIA salto batez zutik jartzen da)

 

ALIZIA: (garraisika) Gureak egin du! (KAPITAINAri). Ez entzun!

KAPITAINA: (lasai) Ez dut entzungo, laztana! Zaude lasai!

ALIZIA: (telegrafoaren ondoan dago, oin-puntetan leihotik begiratzeko) Ez entzun! Ez entzun!

KAPITAINA: (belarriak estaliz) Begira, maitea, estali ditut belarriak!

ALIZIA: (belauniko, besoak zabalik) Jainko maitea! Salba gaitzazu! Badator patruila... (negar bizian) Zeruetako Jainko Jauna! (bere golkorako errezatzen ari balitz bezala eragiten die ezpainei. Telegrafoak seinaleak ematen jarraitzen du eta paper-zerrenda luze bat sortzen du. Berriro isilaldia).

ALIZIA: (zutitzen da, erauzten du paperezko zinta eta isilean irakurtzen du. Gero begirada gorantz jasotzen du, joaten da KAPITAINArengana eta musu bat ematen dio bekokian) Pasa da!... Ez da ezer izan! (esertzen da beste siloian eta egundoko negarrak egiten ditu bere mukizapian)

KAPITAINA: Sekretuekin al zabiltza?

ALIZIA: Ez galdetu ezer! Dena pasa da-eta!

KAPITAINA: Nahi duzun bezala, maitea!

ALIZIA: Orain hiru egun ez zenidan erantzungo horrela. Zer delaeta aldaketa hau?

KAPITAINA: Hara, maitea, lehen atakea izan nuenean, une batez beste munduan nengoela iruditu zitzaidan. Ez naiz oroitzen ikusi nuenaz, baina ezin kenduzko inpresioa geratu zitzaidan!

ALIZIA: Inpresioa, zerena?

KAPITAINA: Esperantza... zerbait hobearena!

ALIZIA: Zerbait hobea?

KAPITAINA: Bai! Egia esan nik inoiz ez dut sinetsi izan hau bizitza bera izan zitekeenik... Hau heriotza da! Edo zerbait okerragoa...

ALIZIA: Eta guk...

KAPITAINA: ...seguraski elkar samintzeko eginbeharra geneukan izendaturik... Hala dirudi behintzat!

ALIZIA: Eta oraindik ez al dugu samindu elkar nahikoa?

KAPITAINA: Nik baietz uste dut! Eta a ze nolako sarraskia! (Ingurura begiratuz). Txukunduko al dugu piska bat hau dena? Ea ongi garbitzen dugun...

ALIZIA: (zutituz) Ahal balitz...

KAPITAINA: (gela osoan barrena begiratuz) Agian ez egun batean! Egun batean ezinezkoa da!

ALIZIA: Bitan orduan! Egun askotan!

KAPITAINA: Espero dezagun!

 

(Pausaldia)

 

KAPITAINA: (berriro eseriz) Orduan oraingo honetan ez duzu eskuratu zeure askatasuna! Eta ni giltzapean sartzerik ere ez duzu lortu!

 

(ALIZIA harritu egiten da)

 

KAPITAINA: Bai, banekien gartzelan ikusi nahi ninduzula, baina... jo ta garbitu eta hutsetik hasi!... Okerragorik ere egingo zenidan honez gero...

 

(ALIZIA mutu, erantzunik ezin aurkituta)

 

KAPITAINA: Eta ni berriz errugabe izan desfalko horrekiko!

ALIZIA: Eta orain zure erizain bihur nadin nahiko duzu ezta?

KAPITAINA: Nahi baduzu...

ALIZIA: Ba al dut beste aukerarik?

KAPITAINA: Ez dakit!

ALIZIA: (bere buruari siloira erortzen uzten dio nakar eta etsita) Segi egingo du, beraz, betiko tormentuak! Ez al du amaitu behar inoiz ala?

KAPITAINA: Bai, baina pazientzia behar dugu! Behar bada heriotza iristean hasiko da bizitza.

ALIZIA: Hala balitz!

 

(Pausaldia)

 

KAPITAINA: Benetan uste al duzu zuk, Kurt hipokrita dela?

ALIZIA: Jakina baietz!

KAPITAINA: Ba nik ez! Baina guregana hurbiltzen diren guztiak gaizto bihurtzen dira eta alde egiten dute... Kurt oso ahula da eta gaizkia oso indartsua! (pausaldia) Begira zeinen geza den orain bizitza! Lehen haserreak kolpeka izaten ziren, orain mehatxu besterik ez dira!... Ia ziur nago hiru hilabete barru geure zilarrezko ezteiak ospatuko ditugula... Kurten onespenarekin!... Eta medikua eta Gerda gonbidatu ditugula... Artsenaleko intendenteak egingo du hitzaldia eta artsenaleko sarjentoak jaregingo ditu usadiozko «Hurra»k! Eta gaizki ezagutzen ez badut koronela, ikusiko duzu nola gonbidatuko nauen jaialdira!... Barre egiten al duzu, eh? Ba gogoan izan Adolforen zilar-ezteiak... mendiko ehiztarien batailoi batean zegoenarenak. Emaztegaia, emaztegairik baldin badago behintzat zilar-ezteietan, eskuinean zeraman eraztuna senargaiak, aparteko gozoaldi batean, ezker eskuko eraztun-hatza moztu ziolako matxeteaz.

 

(ALIZIAk mukizapia ahora eramaten du barreak itoerazteko)

 

KAPITAINA: Negarrez ari al zara? Ez, barrezka ari zarela esango nuke, Bai, hala da, alabatxo, batzutan negarrez eta bestetan barrez! Baina... baina zer da bidezkoa, egokia? Niri ez galdetu!... Aurreko batean irakurri nuen egunkarian zazpi aldiz dibortziatutako gizon baten historia... beraz, beste hainbestetan ezkondu zen... eta azkenean, larogeitahemezortzi urte zituela ihes egin omen zuen berriro bere lehen emaztearekin ezkontzeko! Hori da maitasuna!... Nik ez dut oraindik lortu igartzerik bizitza zerbait serioa den ala txantxa bat bakarrik! Txantxa bat denean orduan sortzen du inoiz baino nahigabe handiagoa. Benetan dabilenean orduantxe ematen du egiaz inoiz baino atsegin eta patxada handiagoa... Baina azkenean bat pertsona serio baten modura portatzen hasten denean, orduan etortzen zaio bat eta adarra jotzen hasten zaio! Esate baterako, Kurt!... Nahi al duzu zilar-ezteiak ospa ditzagun?

 

(ALIZIAk mutu dirau)

 

KAPITAINA: Esazu baietz, emakumea!... Barre egingo dute gure lepotik bai, baina guri bost axola! Geuk ere egingo dugu barre! Edota serio-serio jarriko gara! Gogoak ematen diguna!

ALIZIA: Bai. Ospa ditzagun!

KAPITAINA: (serio) Izango dira, beraz, zilarrezko ezteiak!... (Zutitu egiten da) Jo ta garbitu eta hutsetik hasi! Eta gakizkion geure bideari!

 

LEHEN PARTEAREN AMAIERA

 

aurrekoa | hurrengoa