|     77 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

AZPEITIKO ANTZERKI TOPAKETAK

 

        Gerraondoan Azpeitia izan zen 1949.urtean «Nekazari Alkartasuna»ren medioz eratu zuena lehen antzerki idazteko norgehiagoka, bertan M.D. Agirre «Aukeraren maukera azkenean okerra» bakarrizketarekin irabazle gelditu zelarik. Orduz gero ur ugari iragana da zubipetatik eta egun teatroaren higidura ez da txantxetakoa, hala Europan nola Euskalerrian, gero eta ugariagoak baitira antzeztaldeak eta beren emanaldiak. Halere, hemen beste zenbait kultur gertakariren antzera urriak ditugu euskaraz egiten diren antzerkien biltzarrak. Iparraldeko Hazparnen antolatzen diren Galarrotsak eta Azpeitiko Topaketak soilik; eta hauetatik at urtean barrena eratzen diren «semana», edo «jornadas», edo «Festival del teatro vasco» delakoetan euskal antzeztaldeen presentzia oso ahula da, ia ezezaguna, eta agertzen denean talde bat edo beste sinbolikoki izaten ohi da batipat. Beraz, egoera honetan pozkarri da beti euskal antzerki topaketa bat aurkitzea, bere birtute eta akats, alde on eta txarrak denak direlarik.

        Lot gakizkion, bada, oraingoan zehazki Azpeitiko ihardunaldiari.

        Bi sail izan zituen Topaketak, bata umeentzat helduentzat bestea, lehen urtean ikusi baitzen norlehenka batetan ezin zitezkeela biak nahas.

        Haurrei zuzenduak hiru antzerki aurkeztu ziren: KULUSKAKA Donostiako Orain antzeztaldeak egina Maribel Belastegiren zuzendaritzapean; BAI, BAINAN NON? Hernaniko Tanttaka taldeak antzeztua talde lan bezala, eta BEHIN BATEAN... JU, JU, JU Elgoibarko Taupadak aurkeztua, irabazle azken hau gertatu zelarik (100.000 pezeta eta plaka); eta aipamen berezi bat KULUSKAKA antzerkian «Arlekino»ren lana egin zuenarentzat eman zelarik. Maria Asun Landa idazlea, Juan Amenabar euskarazko irakaslea eta Alberto Gorritiberea antzezlari eta irratiko lokutorea izan ziren epai mahaiko. Hauen eritziz gidoiak lirateke lehenik gehiago landu beharko liratekeenak, batzuetan pertsonaiak oraindik gordin xamarrak baitaude, linealak eta behar bezala bilakagabeak. Bestetik dituzten ahalmenak ez dituzte behar adina landu, eta zenbaitek oraindik euskararen erabilera oso urria eta ahula du moztasun handiegia nabari zaiolarik. Juratuen eritziz, gorputz espresioa ongi landua badute ere euskararen arloa eta bere ahoskatzea beharko luteke landu gehixeago antzeztaldeok.

        Helduen antzezemanaldietara sei taldeok agertu ziren:

        1. Donostiako Bederen bat antzezlari laborategia GURE HERRIA bi ekitalditako antzezlanarekin, Thornton Wilder-ek idatzitako lan bat, Juan Pastor-en zuzendaritzapean.

        2. Baionako Xirrixti Mirrixti taldea, Daniel Landarten zuzendaritzapean eta berak idatzitako bi ekitalditako NOLA JIN HALA JOAN antzezlanarekin. Honi eman zitzaron dekorazio eta jazkera egokienaren saria (30.000 pezeta).

        3. Zarautzeko Lizardi antzeztaldea, Michel V. Gazzo-k idatzitako TXAPELA BETE EURI bi ekitalditako antzezlana aurkeztu zuen Joxe Alberdi eta Usoa Ortiz de Zarateren zuzendaritzapean.

        4. Zarautzeko Branka taldeak BETELUKO BALNEARIOKO MIRAKULUA irudikatu zuten, Mikel Antzak eta Iñaki Uriak idatzi eta taldean zuzendutako lana.

        5. Hazparneko Bordaxuri antzeztaldeak A.M. Labayenen BASAJAUNA aurkeztu zuen. Hiru ekitalditan banaturiko antzerkia, Francis Basterotek zuzendua. Honetxek eraman zituen ere sari gehienak, adibidez: gizonezko antzezlaririk onenari, Txomin Hegui jaunari Paulo pertsonaiagatik (30.000 pezeta eta plaka); zuzendari egokienari, Francis Basterot jaunari (30.000 pezeta eta plaka); antzerki onenari (30.000 pezeta eta plaka); eta euskeraz sortutako antzerki egokienari, bere egitura borobil eta ederragatik (50.000 pezeta eta plaka).

        6. Azpeitiko Antxieta antzeztaldeak Imanol Elias jaunaren LAPURRETA URTSUA bi ekitalditako antzezlana aurkeztu zuten, Imanol Elias beraren eta Jose Aranbururen zuzendaritzapean, bertako Pilar Aizpitarte andereari eman zitzaiolarik emakumezko antzezlari onenaren saria, Kaxilda pertsonaiagatik (30.000 pezeta eta plaka).

        Patxi Altuna euskaltzaindikoak, Eujenio Arozena Euskadiko Antzerti Zerbitzuaren zuzendariak eta Patri Urkizu Euskal ldazleen Elkartekoak osatzen zuten epaimahaia.

        Umeentzat aurkeztutako antzezlanak irri antzerkiak izan ziren, bertan ongi lantzen zutelarik gorputz espresioa eta kreatibitatea. Hazparnekoek eta Azpeitiarrek eskainitakoak, berriz, euskal antzerti klasikoaren barruan sar genitzake, egunoroko bizitzan oinarrituz irri eta negarrezko antzerki arrunta lantzen baitzuten. Zarautzeko Lizardikoek gaur egungo arazorik larrienetako bat, drogarena hain zuzen aurkeztu zuten, kasu lan ausartegia beren ahalmenetako. Baionako taldeak irudimenez beteriko antzerki bat ipini zuten antzeztokian berau ongi hornituz elementu gutxiren konbinazioz eta aide berri batez apaindurik. Bestetik, Donostiako Bederen 1 taldeak eta Zarautzko Brankakoek erakutsi ziguten nola Antzerti eskolatik irtetzen ari diren belaunaldi berriek kreatibitate lanak ongi urratzen dakizkitela eta egungo joeretan jantzirik daudela. Pena era eta neurri berean ez lantzea euskara eta euskal ahoskera.

        Oro har esan dezakegu txit interesgarria gertatu zela Azpeitiko II. Euskal Antzerki Topaketa, eta jendearen aldetik ere erantzun ezin hobea izan zuen. Zerbait hobetzekotan uste dugu apalkiro, antzezemanaldiak ilabete batetan zehar eman ordez egokiago litzatekeela aste buru luze batetan antzezkizunak aurkeztea, horrela antzeztaldeen harremanak ere handi daitezkelarik. Sariak ere diruz hobeto hornituak daitezen eskatuko nieke antolatzaileei, eta bidenabar euskal telebisioaren bidez antzerki lan guztien zatitxorik egokienak plazaratzea litzatekeela zabalbiderik egokienetakoa, ikuslegoa oraindik zabalagoa dadin.

        Ea, bada, aurrera eta aurtengo saiorarte. Hobeago dadila eta oro haboro liberti gaitezela.

 

Patri Urkizu

 

aurrekoa | hurrengoa