|
«BEHIN BATEAN... JU, JU, JU...» I ESZENA (Eszenategia iluna dago eta musika dago. Musika aldaketa batez argia emeki emeki pizten da eta Maganderearen makila ikusten da. Argia Maganderearen lekunean bakarrik dago eta indar guztia hartzen duenean Maganderea agertzen da. Kutxa majikoarena abiatzen da eta argia gune honetara aldatzen da. Rito bat bete ondoren kutxa itxi egiten du eta argia emendatzen da). II ESZENA (Musikarekin batera eszenategi guztiko argiak pizten dira. Herriko dekoratua dago eta 2 pertsonaia figura estatikoan: eskale bat eta zapi saltzaile bat. Mugimendua hartzen dute eta herriko azoka hasten da. Beste pertsonai batzuk azaltzen dira: emakumeak, ardozalea, itsua. Musika aldaketaz Akaron Zaldun Beltza agertzen da. Eszenategira iristen denean itsua bakarrik gelditu da). ITSUA: Nor dabil hor? Itsua naiz. Zer dira zarata horiek? Lagundu... arren, lagun iezaidazue. AKARON: Zer gertatzen den jakitea nahi duzu? Neuk esango dizut. Akaron Zaldun Beltza iritsi da, eta hau da eskaintzen dizuena (Ezpata sartzen dio eta itsua hilda jausten da). Ez zara gehiago itsu izango, ja, ja, ja. (Itsua hil ondoren barrura sartzen da. III ESZENA (Herritar bat Maganderearen lekunean azaltzen da). HERRITARRA: Lagundu, Magandere, lagundu. (Maganderea agertzen da) MAGANDEREA: Zutitu zaitez, o herritar gizarajoa, eta esan iezaidazu: zer gertatzen da? HERRITARRA: Beldurgarria izan da. MAGANDEREA: Beldurgarria? Zer izan da beldurgarria? HERRITARRA: Begira Akaron Zaldun Beltzak egin duena. MAGANDEREA: Ezin dut sinetsi. Eta hau gertatzen ari zenean ni ilargiarekin hitzegiten ari nintzen. Zeruko izar guztiengatik, ez da posible. Goazen azkar (Maganderea joan egiten da. Musika hasten da eta bi herritar itsuari hurbiltzen zaizkio. Herritarraren nigarra farre bilakatzen da. Disfraza kentzen du eta orduan ikusten da bere nortasuna: Akaron. Kutxa majikoa bereganatzen du. Maganderea herrian azalduz itsuari eta bi herritarrei hurbiltzen zaie. Herritarrak laguntza eskatzen diote) AKARON: E, Magandere, non dituzu orain zure botere majikoak? Ja, ja, ja. Ni Akaron Zaldun Beltza naiz. Mugitzen diren eta geldirik dauden gauza guztien jaun eta jabe. Nire indarrak kutxa majikoaren indarrari elkarturik munduaren jabe egingo nau. Zuen jaun naiz eta betirako nire menpean egongo zarete, ...denok! (Akaron joan egiten da eta Maganderea ere bai) (2 herritarrek itsuaren gorpua eramaten dute. Eszenario hutsik eta argirik gabe gelditzen da) IV ESZENA (Musikarekin 2 herritar azaltzen dira. Mezulari bat ere bai, eta azkenik ABELARDO RAMIREZ) MEZULARIA: Kontseilu Nagusiak, Gaueko Mozoloa ostatuan elkarturik, erabaki hauek hartu ditu: BAT Akaron Zaldun Beltzaren ekintza basatiak gogorki salatzea. BI Era honetan ezin dugula jarraitu. HIRU (Bereganako) Hau bai dela ona, hau. Maganderearen eskuetan dauden profezia zaharrak diotenez: egoera larri hau konponduko dutenak herri honetako bi lagun izango dira (ABELARDOri begiratzen dio). Gaitz guztietatik babesten gaituen kutxa majikoa errekuperatuz eta Akaron Zaldun Beltza deseginduz. Denok dakizue kutxa majiko haundirik gabe galduak garela. Beraz, badakite bi horiek: azal daitezela eta... ala... borrokatzera (Berriro ere ABERLARDOri begira eta keinuak egiten dizkio). (Herritarrak eta mezularia joan egiten dira. TXOMINTXU MENDIGORRIA azaltzen da. Ezpataz guda eginez zauritu planta egiten du eta ABERLARDOren ondoan erori egiten da. Jaiki egiten da). TXOMIN: Zer, Abelardo? ABELARDO: Kaixo, Txomintxu. TXOMIN: Arraro xamarra ikusten haut. ABELARDO: Hemen nago mezulariak eman didan sustotik errekuperatzen. TXOMIN: Mezulariak? Zer gertatzen duk, bada? ABELARDO: Ez al duk entzun? Akaron Zaldun Beltza akabatzeko bi pertsona behar direla esanaz etorri duk. Eta, ez zait batere gustatu nola begiratu didan. TXOMIN: Zer diok? Hau duk gure oportunitatea. ABELARDO: Gure oportunitatea? Heurea izango duk. Nik, aitaren eskuetatik ihes eta zuhaitz baten gerizpea bilatzearekin nahikoa diat. TXOMIN: Baina, hi... (Ahots bat entzuten da eta AITA: Abelardooooooo! ABELARDO: (Bereganako) Ai, ene, arranoa. Zer nahi duzu orain? AITA: Hau al duk hire aitari hitzegiteko era? Itxi ezak aho zikin hori, gazte petral bat besterik ez haiz eta. Lotsagabekeriak utzi eta aitari errespetoa eta obedientzia eskaini behar dizkiok. Ez ezak ahaztu hau dela garrantzizkoena: Errespetoa! Obedientzia! ABELARDO: (Jendeari begira eta ahots bajuz) Hasi da hau betiko ipuinekin! TXOMIN: (Bere kontura) Errespetoa eta obedientzia, hori ilea zuritu arte etxean gelditu nahi dutenentzat. Ausartasuna eta ohorea famatuak izan nahi dugunontzat. Hemen, hemen dut neure aukera. Europako herri guztietan abestuko dira nire benturen bertsoak. AITA: Mezulariaren albistea entzun ondoren hi patxara hortan gelditzea ezin diat onartu. Ramirezen izen ospetsua hik jarraitu behar duk. Joan eta Zaldun Beltzaren indarra apur ezak. ABELARDO: Eta nik ez badut nahi, zer? AITA: Zer esan duk? Oraintxe bertan jaitsi eta belarriak aterako dizkiat. ABELARDO: Glub! Beno, beno... ez zaitez horrela jarri. (Bere kontura) Zer nolako nahasketetan sartzen nauen honek! (AITA desagertu egiten da). TXOMIN: Oraingoan bai beteko direla nire nahiak. Famaren bide guztiak berehala zabalduko ditut. Inguru guztietako printzesa ederrenek nirekin egingo dute amets. Gudaririk famatuena izango naiz eta toki guztietako jendeak zera esango du aho zabalik: «Hemen, hemen dator Txomintxu, Mendigorrikoa, gure bizitzak salbatu zituen gudaria». Egun hau heltzen denean, orduan... ABELARDO: (TXOMIN moztuz) Hi, ez al hoa azkarregi? Oraindik ez haiz herritik atera eta itzulera garaile batez ametsetan ari haiz. TXOMIN: Abelardo, ez al haiz konturatzen gu garela aukeratuak? ABELARDO: Baiz zera, hi behar bada bai Txomintxu. Baina ni, nire aitak aukeratua izan nauk. TXOMIN: Ez, ez, Abelardo, destinoak aukeratu gaitu geure herria askatzeko. ABELARDO: Bai, bai... baina... TXOMIN: Ez dezagun berriketa gehiago egin. Etxera joan gaitezen eta bihar, egunsentian abiatuko gara. Gizonek inoiz egin duten benturarik harrigarriena izango duk. ABELARDO: Ez duk hainbesteraino izango, baina... bihar arte Txomintxu (Joaten da). TXOMIN: (Ahots solemneaz) Agur Abelardo, gure egunik haundiena heldu da (Etsaiak hiltzen ari deneko plantak eginez joaten da). (Argiak emendatu egiten dira. ABELARDO: Ai Bartolome gaixoa, non sartu gaituk? (Barruan TXOMINen ahotsa entzuten da). TXOMIN: Akaron, Zaldun Beltza, presta hadi! Hire bila goaz! (TXOMIN zeharo dotore azaltzen da. ABELARDO: Je, je, je, je, je. Txomintxu, ez nekien gaur ezkontzen hintzenik, je, je, je. TXOMIN: Ixo, utzi txorakeriak. Oso misio arriskutsua diagu eta ez diat uste aurkituko ditugun oztopoek hainbeste farregura emango dizuetenik. ABELARDO: Hortan arrazoia duk, arrazoi osoa. TXOMIN: Abiatu aurrenez, jaso ezpata eta nirekin batera errepikatu ezak. ABELARDO: E? TXOMIN: Nire herriaren eta nire izenaren ohorea defendatuko dut. ABELARDO: Nire herriaren eta nire izenaren ohorea defendatuko dut. TXOMIN: Ezpata honegatik zin egiten dut. ABELARDO: (Ezpaten neurri desberdinez ohartzen da eta, txokatua, burua mugitzen du. Hala ere, gogotxarrez errepikatu egiten du) Ezpata honegatik zin egiten dut. TXOMIN: Behar izanez gero, neure gorputz eta anima galduko ditut. ABELARDO: (Txistua irentsiz, gogotxarragoaz eta tonu zeharo desberdinez) Behar izanez gero, gorputz eta anima galduko ditut. TXOMIN: Beno, atera gaitezen. ABELARDO: Ez diat izurratzeagatik esaten, baina... noruntz? TXOMIN: Jarrai nazak, bide egokia hartzen asmatuko diat eta. ABELARDO: Beno, goazen bada. (Martxa musikaz hasten da eta desagertu egiten dira). V ESZENA (Herriko ikurrinak kendu egiten dira. ABELARDO eta TXOMIN bidai luzea egin dutela eta neketsuak azaltzen dira). ABELARDO: Hi, geldi hadi apur bat. TXOMIN: Zer gertatzen zaik orain? ABELARDO: Txomintxu, galdurik gaudela onartu behar duk! TXOMIN: Galdurik? Zer esaten ari haiz? ABELARDO: Zaldun Beltzaren gaztelua non dagoen arrastorik ere ez daukakela. TXOMIN: Ziur, ziur, ez zekiat. Baina, bentura hasi besterik ez da egin. Aurrera! ABELARDO: So, so... Noruntz goazen jakin gabe ni ez nauk hemendik mugituko. TXOMIN: Zer uste huan? Zelaira pitxilorak hartzera etorriak ginela, ala? (Musika berezi batez, MAMU HEGALARIA azaltzen da. Pertsonaia honeri dialogoa bere hizkuntza berezian da eta ez dago transkribitua, TXOMIN eta ABELARDO ez dira azalera honetaz konturatzen). ABELARDO: Ipuin beldurgarriekin ez hadi niregana etorri. Nire heroe lanak hementxe bertan bukatu dizkiat eta etxera itzultzera nitxiak. TXOMIN: Etxera!... Kakati bat besterik ez haiz. Itzul hadi etxera, bai. Aintza eta ohore guztiak niretzat izango dituk eta herritar guztien farrea hiretzat. ABELARDO: Beno, beno, itzultzen haizenean ikusiko gaituk. Itzultzen ba haiz... TXOMIN: Agur bada, orduan. (Bakoitza eszenategiko alde batera abiatzen da. ABELARDO: Txomintxu, Txomintxu! Ikusi al duk hori? TXOMIN: (Biratu eta MAMU HEGALARIA ikusten du). Bai, ikusi diat, eta ez zegok horrelako zaratarik atera beharrik. Nire ondoren etor hadi eta zer den ikertuko diagu. (Deskonfiantzaz beterik MAMU HEGALARIArengana hurbiltzen dira) Kaxio, nor zara eta zer egiten duzu hemen? MAMU HEGALARIA: (Bere hizkuntzan hitzegiten die) TXOMIN: Nor zaren galdetu dizut? ABELARDO: (Ahots bajuz) Behar bada gorra izango da. TXOMIN: A, bai (Oihuka). Gorra al zara? MAMU HEGALARIA: (Berriz ere, bere hizkuntzan hitzegiten die, tono normal bat erabiliz) ABELARDO: Beno, zer ez den bazekiagu, baina ala ere ez diagu asko aurreratu. TXOMIN: Zaldun Beltzaren gaztelua non dagoen ba al dakizu? MAMU HEGALARIA: (Berriz ere, era berdinean hitzegiten die) TXOMIN: A! Bai. (Txoriak esan duena katxondeo tonoz errepikatzen dute. Bai TXOMIN eta bai ABELARDO txoriaren imintzioak egiten hasten dira, bere eran hitzeginez. Bapatean, MAMU HEGALARIAk oihu gogor bat botatzen du eta haserre itxurako esaldi luze bat esaten du. TXOMIN eta ABELARDO izuturik gelditzen dira. Mementu berean Maganderea agertzen da eta MAMU HEGALARIArengana hurbiltzen da. Beste biei kasorik egin gabe MAMU HEGALARIArekin hitzegiten hasten da). ABELARDO: O! Magandere ospetsua, lagun gaitzazu! TXOMIN: Ezin dugu ulertu zomorro honek esaten diguna. (MAMU HEGALARIA eta MAGANDEREA hizkuntza berezian ari dira eta jaramonik ez diete egiten). ABELARDO: Nik ikusten dudana ikusten al duk? Lagun zaharrak dira barren! Eta dirudienez gauza asko dituzte elkarri esateko. TXOMIN: O! Magandere ospetsua, barka molestiagatik, baina, norekin hitzegiten ari zara? (MAGANDEREAK ez die kasorik ere egiten. TXOMINTXU, harrituta, ABELARDOri begira ondoren oihuka hasten da). Zertan ari zarete? Gure herria arrisku izugarrian dago eta zuek hor jo ta sua mingainari. (Han daudela momentu horretan konturatu diren itxuran begiratzen diete MAGANDEREAK eta MAMU HEGALARIAk). MAGANDEREA: Kaixo! Barka nazazue baina urte asko dira nire lagun Kikiri ikusi ez dudala eta... ABELARDO: (MAGANDEREA moztuz) Kiri-Kiri? TXOMIN: Ez, Kikiriki. MAGANDEREA: Bai, Kikiriki, basoen zaindari. Lur guztian gertatzen dena ikusten du. (TXOMIN eta ABELARDO harridura aurpegiaz begiratzen dira) Aldetik bide guztiak zaintzen ditu, eta lurralde ilun hauetan ausartzen diren guztiak ere bai. (TXOMINek ukondokada bat ematen dio ABELARDOri). TXOMIN: Hau duk behar duguna, hau! ABELARDO: Zer?... A, bai. TXOMIN: (MAMU HEGALARIAri zuzenduz) O, Kikiriki, barka ezazu gure ausartkeria. Zuk adinako haunditasuna duen txori batekin topatzeko aukerarik ez dugu inoiz izan. ABELARDO: Zu bezain abere jakintsurik ez da gure aitonen ipuin zaharrenetan ere azaltzen. TXOMIN: O, Magandere, mesedez, gure misioa azal iezaiozu. Bere laguntzarik gabe baso ezezagunetan galduak ibiliko gara. Gure bentura bukatzea zaila egingo zaigu. MAGANDEREA: Ongi da! Baina ezin dizuet ezer ziurtatu. Oso isila izan da beti, ez da premiagabeko berriketen zalea. ABELARDO: Baina aldi honetan... MAGANDEREA: (ABELARDO mostuz) Isilik egon zaitezte, mesedez! (MAMU HEGALARIArengana zuzentzen da laguntza eskatuz) MAMU HEGALARIA: (Erantzun parsimoniosoa) MAGANDEREA: Bidea zaila dela esan dit, bere hitzak aztertuz eta bere mezua garbituz bakarrik aurkituko duzuela. TXOMIN: Edozertarako prest gaude. Irtenbidea aurkitzea lortuko dugu. MAGANDEREA: (MAMU HEGALARIAren hizkuntzan hitzegiten du) MAMU HEGALARIA: (Erantzuna) MAGANDEREA: Hemen bada bere mezua: «Nahiz eta harrien azpian, zuhaitzen atzean, mendirik haundienetan bilatu, ez duzue inoiz han aurkituko. Nahiz eta zuen burua hainbat eta hainbat egunetan pentsatzen puskatu, ez duzue horrela ere aurkituko. Erantzuna haizean dago». Hau da mezua eta hau da agurra. Agur lagunak eta zorte ona! ABELARDO: Agur, Kiri-Kiri! TXOMIN: Agur, Magandere! (MAMU HEGALARIA eta Maganderea joan egiten dira) TXOMIN: Ez ziguk arazoa batere erraza jarri txoritxo horrek! ABELARDO: Erantzuna haizean dagoela esatea ere! TXOMIN: Harrien azpian ezta mendietan ez badago. Non egon daiteke? ABELARDO: Ez hadi burugogorra izan! Ez al dik esan haizean dagoela? TXOMIN: Hain azkarra bahaiz, begira ezak haizean eta ikusten dukena konta iezaidak. ABELARDO: (Alde batera eta bestera korrika eta alde guztietan begiratzen hasten da. Arnasa gogorki hartzen du) Ikusi, ez duk ezer ikusten, baina haizetxo zoragarria dago. (Usain gogor bat aurkitu arte korrika jarraitzen du) Puaf! Hemen ez da hain zoragarria. Haizea nondik datorren ez zekiat, baina hats nazkagarria zekarrek. TXOMIN: Ahaztu ezak hori! Hats nazkagarri batekin zer egin behar duk? ABELARDO: Jarraitu! (Esaten duenaren esanahiaz konturatu gabe). TXOMIN: Jarraitu! Hori duk! Hor dago erantzuna. Haizean dago. Hats nazkagarri horrek eramango gaitu Akaronen erresumaraino. ABELARDO: Ejem, ejem, gutxienez eskerrak emango dizkidak. TXOMIN: Egia duk. Abelardo, hi gabe ez ginen inoiz hemendik mugituko. Hire sudurrak eramango gaitu Akaronen lurraldera. ABELARDO: Zer, aurrera jarraituko diagu? TXOMIN: Noski, Aurrera! (TXOMIN eta ABELARDO hatsaren ondoren doaz). VI ESZENA (Dekoratua aldatu egiten da haitzulo bat azalduz) (Musikarekin batera Tartalo haitzulo gainean azaltzen da. Alde batera joan ondoren desagertu egiten da. Haitzulo erdian azaltzen da eta eszenariora sartuz lo egiteko etzan egiten da). (TXOMIN eta ABELARDO azaltzen dira). (Akaron dagoela ez dira konturatzen). ABELARDO: Hemen bukatzen da usaina. Zaldun Beltzaren erresumaren sarrera hau izango al da? TXOMIN: Bai, baina iruditzen zaidak hor dagoen horrek gure edertasunagatik bakarrik ez gaituela sartzen utziko. ABELARDO: Hiri ez behintzat! TXOMIN: Hara, nork zabaldu duen ahoa. Zer uste duk bada? Sir Lancelot du Lac haizela, ala? ABELARDO: Beno, beno... TXOMIN: Ustekabean arrapatzen saiatuko gaituk. Hi geldi hadi hemen. Nik, bitartean, buelta eman eta bestaldetik erasoko zioat. Ados hago? ABELARDO: Ez ezak pentsa hemen bakarrik gelditzeko gogo haundirik daukadanik, baina... beste biderik ez bazegok... TXOMIN: Gero arte orduan, eta ixil-ixilik egon hadi. (TXOMINTXU atzera joaten da). (ABELARDO, zaldia utzi ondoren, Tartalori hurbiltzen zaio. Gertu dagoenean Tartalo esnatuz frente egiten dio). ABELARDO: Hauxe bakarrik behar nuen! (Buruan kolpe izugarria emanaz Tartalok konorterik gabe uzten du. Gero haitzulora sartzen da). (TXOMIN azaltzen da). TXOMIN: Garaiko erregearen izenean! Zer gertatu da hemen? (ABELARDOri begiratzera makurtu egiten da). Abelardo gizarajoa, nolako kaskarrekoa jaso duzun. Ia..., ia..., ez da kezkatzekoa, hire aitak bezain buru gogorra duk. Esnatzen haizen bitartean madarikatu hori bilatzera noa. Horrek ikusiko dik Txomintxu nor den! (Tartalo haitzuloan azaltzen da) Berdin zait nor zaren, nire kaskarrekoa hartzeko presta zaitez! (Momentu horretan Tartalok buruan jotzen du) (Jausiz) Ixil-ixilik askoz hobeto nengoen. (Tartalok biak elkarren kontra jartzen ditu eta sare batez lotzen ditu. Ondoren berriz ere lotara doa albo batera). (ABELARDO eta TXOMIN esnatu ondoren askatu egiten dira) ABELARDO: Nolako gaizki egin dudan lo! Buruko min izugarria daukat, amets zikin hauek! (Egoerataz ohartzen da) Baina..., orain gogoratzen naiz... astakilo hark... Dirudienez, Txomintxuri ere errazio berdina eman dio. E! E! Txomintxu, esna hadi! TXOMIN: Ummmmmm ABELARDO: Shhhhh... ixilik. esnatu egingo duk eta. Badakik haserre dagoenean nola jartzen den. TXOMIN: (Bere onera etorriz) Soka hauetatik askatu behar gaituk. ABELARDO: Begiak zabaldu besterik ez duk egin eta hasi haiz beti bezala. TXOMIN: Geldi egon hadi eta heu askatzen saiatuko nauk. (Eskatzea lortzen du eta TXOMIN: Utzi txorakeriak eta aska nazak! ABELARDO: Zure aginpean, jaun eta jabe! TXOMIN: Ia, ia... (Askatzen ari denean Ai, ai, kontuz ibili hadi. (Zaratarekin Tartalo esnatu egiten da) ABELARDO: Ai, ene, beste hori esnatu egin duk. TXOMIN: Azkar, azkar, bestela makila salda diagu berriz ere. (Tartalok eraso egiten die. Lehenengo TXOMIN lurreratzen du. ABELARDOk gainera salto egiten dio eta Tartalok albo batera jaurtitzen du. TXOMIN jaiki egin da eta Tartalo ezpataz hiltzea lortzen du). (ABELARDO haitzuloan sartzen da eta oihuka eta korrika ateratzen da. Atzetik dragoi bat azaltzen da. Dragoiak biei erasotzen die eta albo baten baztertzen ditu). ABELARDO: Magandere! Magandere! (Maganderea azaltzen da) MAGANDEREA: O, Iluntasuneko zomorroa, lurraren sabeletik zatozena! Morganaren madarikazioa bidaltzen dizut! Hil zaitez tripako min haundi batez! (Dragoiak inoiz izan duen tripako minik haundiena jasatzen du. Maganderearen madarikazio hitzak esaterakoan dragoia bihurtzen eta oihuak botatzen hasten da. Izugarrizko mina duela aprobetxatuz TXOMIN eta ABELARDO ezpataz hiltzen dute). ABELARDO: (Magandereari zuzenduz) Zergatik ez gaituzu bentura bukaera arte laguntzen? TXOMIN: Ez, hemendik aurrera bakarrik konpondu beharko zarete. Zuen trebetasuna, zuen indarra eta zuen inteligentziaz bakarrik baliatuz lortuko duzue kutxa majikoa berreskuratzea. Eta kutxarekin batera gure herriarentzako bakea eta poztasuna. TXOMIN: Zutik gauden tartean geure helburua lortzeko borroka jarraituko dugu. Agur! ABELARDO: Gero arte! (Maganderea desagertu egiten da) Hi, zutik egoteaz hitzegiten ari haizenez, ez al duk pentsatzen Akaronen erresuman sartu aurretik indarrak hartzeko zerbait jateko garaia dela? TXOMIN: Arrazoia duk, baina egia esan ahora sartzeko ezertxo ere ez diat ikusten. (Ikusleei gose aurpegiz begiratzen die) ABELARDO: Behar bada... TXOMIN: (Beldurtuta) Zer pentsatzen ari haiz, Abelardo? ABELARDO: Jira eta bira, Tartalo horrek behar bada zerbait... TXOMIN: Bai, behar bada bai. ABELARDO: Haitzulo barruan begiratuko diat. (Sartu eta oihu alaiak). ABELARDO: Zer duk hau! Demasa, hi! (Janariarekin ateratzen da) Oraintxe bertan jango diagu. TXOMIN: Itxaron... ABELARDO: Zer duk orain? TXOMIN: Akanpatzeko toki ederra duk hau. Lasai jar gaitezen, jan dezagun eta gaua igarotzeko presta gaitezen. (Horrela egin eta ondoren) ABELARDO: Txorizo hau ederra zeok. TXOMIN: Haurra nintzenean horrelako gauza bat jan nian. Gudari ospetsua izan zen osaba batek ekarri zian urrutiko lurralde batetik. Galizia deritzon lurraldetik. ABELARDO: Gazta Urbiako mendietakoa duk, bada. Garbi zeok Tartalok errege batek bezala jaten zuela. TXOMIN: Ondo zaintzen huan bai... gurekin topo egin arte, je, je, je. ABELARDO: (Ahoa zabalduz) Zaldi zuria bidean datorkidala uste diat. Zer iruditzen zaik lo apur bat egitea? TXOMIN: Oso ondo, baina hemen kanpoan hotz izango diagu. Sar gaitezen haitzulora lo egitera. (Barrura sartzen dira) (Barrutik) Bihar arte, Abelardo. ABELARDO: (Barrutik) Gabon, Txomintxu. VII ESZENA (Dekoratua berriro aldatzen da, Akaronen gaztelua azalduz. Almenan Akaron farrez dago eta 2 zakur zerbitzarik ikurrin beltzak jartzen dituzte. Akaronek kutxa bere inguruan du). (Hirurak desagertu egiten dira). (ABELARDO eta TXOMIN agertzen dira) TXOMIN: Hemen bukatzen da gure bidaia. ABELARDO: Bai, eta hemen hasten da onena. (Gaztelu aurrera iritsi eta TXOMINek desafioa egiten du) TXOMIN: Akaron, itsuen erahile, geurea dena eramatera etorri gara: kutxa majikoa bere tokira itzultzera. ABELARDO: Zaldun Beltza, iluntasun osoa laister ezagutu behar duzu eta eguzkiaren argia azken aldiz ikustera atera zaitez. Ez duzu gehiago farrerik egingo eta zure heriotzagatik ez du inor negarrik egingo. (Akaron farrezka azaltzen da) AKARON: Ni hiltzea lortuko duzue, bai, baina farrez eta ez ezpataz, ja, ja, ja. Oso trebeak izan zarete honaino iritsiz, baina gaztelu hau izango da zuen hilobia. Hemendik jasoko duzuen bakarra ezpata zulo bat gorputzean izango da, ja, ja, ja. Beraiengana nire zerbitzariak, ja, ja, ja. (Atean bi zerbitzariak azaltzen dira. Bakoitzak ezpata bat duelarik, ABELARDO eta TXOMINTXUri frente egiten diete. TXOMINek zerbitzari bat hiltzen du eta gaztelura sartzen da. Akaron almenan dago. ABELAROk beste zerbitzaria hiltzen du. TXOMIN almenan azaltzen da eta Akaron desafiatzen du. Borroka hasi eta ABELARDO azaltzen da kutxa hartuz. Akaron, azpijokoak erabiliz, TXOMIN baztertzera doa). ABELARDO: Magandere, Magandere! (MAGANDEREA agertzen da) MAGANDEREA: Akaron, Zaldun Beltza, zure azken ordua heldu da! (MAGANDEREAk madarikazioa botatzen dio (TXOMIN eta ABELARDO elkartu egiten dira. MAGANDEREA: Begira! Hemen Zaldun Beltza. Kapa hau izango da bere gaiztakerien oroitgarri bakarra. Akaron hil da, kutxa geurea da berriz. Poztasuna eta zoriona gure artean izango ditugu berriz ere. Lehen bezalako egun baketsuak datozkigu. Zuek, zuek lortu duzue, zuen trebetasunaz oztopo guztiak gainditu dituzue eta Zaldun Beltzari irabazi. Zuen izenek hitzetik-hortzera ibiliko dira eta kondairan sartuak izango zarete. Heroeak bezala tratatuak izango zarete eta mendez mende horrela gogoratuko zaituzte zuen herriak. Belaunika zaitezte. Mendigorriko Txomintxu, Abelardo Ramirez esan ezazue nirekin batera: «Nire herriaren bakea defendatzea zin egiten dut» ABELARDO/TXOMIN: «Nire herriaren bakea defendatzea zin egiten dut». MAGANDEREA: Neure biziaz beharrezkoa izango balitz. ABELARDO/TXOMIN: Neure biziaz beharrezkoa izango balitz. MAGANDEREA: Heriotza eta desegintzaren kontra borrokatzea zin egiten dut. ABELARDO/TXOMIN: Heriotza eta desegintzaren kontra borrokatzea zin egiten dut. MAGANDEREA: Neure bizitza osoan. ABELARDO/TXOMIN: Neure bizitza osoan. MAGANDEREA: Txomin Mendigorria eta Abelardo Ramirez: Nik, Magandere Nagusiak, Fantasiaren Andereak, Kutxa majikoaren zaindari, Zaldun eta Heroe izendatzen zaituztet. Zaldun eta Heroe! BUKAERA |